Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

New York City,
1961/09/17

 

 

441 East 9th Street: 6:03 p.m.

 

— O, Franky, bukatuko al duk behingoz? Berandu iritsiko gaituk.

      Etxearen bestaldetik entzun du Joeren ahotsa. Eskuaz estali du telefonoaren entzungailua.

      — Oraintxe nagok, Vincentekin ari nauk!

      Keinu etsia egin du Joek, eta bere baitarako esan: “Jakingo ez banu bezala!”. Badira minutu batzuk etxean bueltaka ari dela, denbora-pasa, zer egin ez dakiela. Sukalde narrasa garbitu du, ohea egin du (bakanetan egiten duen zerbait), eta orain hor da, bere logelan, apaletako liburuak ordenatzen. Atzo berean Vincentekin pasatu zuen eguna Frankek, balleta ikustera joan ziren, eta luze gabe, ordu erdi eskas barru, antzokiko atean geratu dira harekin. Haria eten ezin duten bi maitale dira, baina azkenaldian Joe susmatzen hasia da, amodio kontuetan ohi den gisara, ezinezkoa dena gertatuko dela, eta haria eten egin egingo dela. Bizitzaren patua, dena ez-dena bilakatzea. Haien harremanak eragin zion amorrazioa bridatzea ezinezkoa egin zitzaion hasieran; eginahalak eginda ere, ezin zintzoak ez ziren pentsamenduak uxatu, ezin balizko haustura ez desiratu. Denborarekin, ordea, eta Vincentek apartamentuan denbora gehiago igaro ahala, sentiera makurrak marguldu zitzaizkion; ez omen dago egunerokoaren zerak baino gauza hoberik dena bere erdira etortzeko. Liburu ilara baten gainaldean hala moduz jarrita dagoen liburu bat hartu du, Pasternaken Zhivago; Frankena da, dudarik gabe, baina bi liburu-bizkar artean lekua egin eta hortxe egokitu du denak ondo lerrokatuta daudela ziurtatuz. Bere gelara hurbiltzen sentitu du Frank.

      — Joe LeSueur jauna, non utzi duk egonarria?

      — Tira, Franky, abia gaitezen.

      Ate nagusiaren aldamenean dauden kako beteetan bilatu du Joek jaka, eta jantzi gabe eraman du eskaileretan behera.

      — Jainko maitea, Sep, itxoin pixka bat.

      — Zer duk orain?

      Bi eskuak parez pare jarrita keinu adierazkorra egin du.

      — Halakoa!

      Burua mugitu du Joek alde batetik bestera.

      — Sukaldea garbitu berri diat eta ez diat ezer ikusi.

      — Bada, halakoa.

      Berriro egin dio keinu bera, oraingoan, Joeri iruditu zaionez, bi eskuen arteko tartea handituz.

      — Non sartu da?

      Eskuaz seinalatu du, gorputza atzerantz eramaten duela.

      — Harantz.

      Jaka eman dio Franki eta atzera sartu da etxean.

      — Badakik izugarrizko nazka ematen didatela, Joe.

      Kaka saindua, ni zoratzen jartzen nauk, zera. Ezin diagu orain kontu hauekin denbora galdu.

      Sukalderantz egin du Joek, zaborrontzia mugitu du, eta ezer ez. Armairu ertzetan ere begiratu du, nahiz eta hor aski espazio ez dagoela iruditu zaion. Sukaldetik atera eta inguruetan miatu du halaber, alferrik.

      — Ez diat ezer ikusten. Pozoi pixka bat jarriko diat laster batean.

      Harraska azpitik hartu du potoa, eta han-hemen hauts gorrikara zabaldu du arretaz. Hartan, labezomorro bat begiztatu du lauza baten zirrikitutik sartzen.

      Jesukristo.

      Beste poto bat hartu du, eta hauts horizta bat bota du zirrikituan eta inguruko izkina, arrakala eta eremu zokotuetan.

      — Hau duk kuxidadea.

      — Aurkitu duk?

      — Labezomorroak ere bai.

      Sukalde ingurua ikusteko moduko itxura hartzen ari da, kolore askotariko hautsak han-hemenka.

      — Esan nian, ez diat entenditzen nola hartu genuen apartamentu hau.

      — Berriz hasiko haiz horrekin?

      Bost urte pasa jada elkarrekin bizitzen jarri zirenetik, eta gauza garrantzitsu asko bezalaxe, planifikatu gabea izan zen. Hirira itzultzekoa zen Joe, eta apartamentu bat bilatu bitartean berean gera zitekeela esan zion Frankek; halaxe geratu zen Franken etxean. Gero, Midtowneko apartamentu batera mudatu ziren, Union Square eta Washington Square parkearen bitarteko batera ondoren, eta, halako batez, Larryk eta Howardek East Villageko leku haren berri eman zieten. Logelak alde banatan zituen apartamentua zen, beren erlazio mota sailkaezinerako ezin egokiagoa, eta yarda gutxi batzuetara zuten halaber Tompkins Square Parka. Haatik, ez zuten askorik behar izan lekuaren keriez jabetzeko. Lehenengo solairua izaki, kaleko zarata bertantxe zenuela sentitzen zenuen; Frankek ondo ikasia zuen edozein egokieratan, baita makurrenetan ere, idazteko gaitasuna, baina edonola ere, gehiegia zen hura. Bi lagunak zirikatzeak plazer ematen zion atezain alkoholikoa ere hor zegoen; hasieran kontra egitea deliberatu zuen Joek hura marikoika eta emagizonka etortzen zitzaienean, baina, azkenerako, amore eman eta paso egitea erabaki zuten. Frankek esaten zuen bezala, ez al duk ikusten mozkor gaixo bat besterik ez dela?

      Baina gero Franken eta Vincenten arteko idilioa etorri zen, eta maitasunak gezi guztiak ezti bihurtzeko gaitasuna izaki, ahaztu egin zitzaizkion apartamentu harekikoak. Han ikusten zuen Frank edozein momentutan ohean botata, koadernoa aurrean eta boligrafoa eskuan gelditu gabe lerroak lerroei segika, edo makinari etengabe eraginez klak klak klak, kaletik klaxon oihuak eta lurretik intsektu hilezinak pasieran zirelarik. Hasieran oinazetzen zuen arren, aitortu behar du ordukoak direla Franken poema ederrenak, ez hainbeste apartamentuaren bertute badaezpadakoengatik, baizik eta Vincent agertu zelako eszenan, zeina ororen ezten zen Frankentzat. Etxearekin atzera kexati ibiltzea beste zerbaiten zantzu ote den bere buruari galdezka bukatu ditu pozoiekikoak Joek.

      Kalera irten direnean, bero kolpeak harritu ditu; tenore horretarako hozkirri behar zuen, baina uda giroa da kasik, eta badirudi horrek aldi-ondu egin duela Frank.

      — Begira nolako gaua egingo duen gaur, Joe.

      — Nolakoa?

      Burlaizez bota dio galdera.

      — Beste behin maitemintzekoa.

      — Beste behin diok?

      Algaraka hasi dira biak, azken boladan bakanetan baino egiten ez duten era antzinako horretan, kasik elkar ez ezagutzeraino. Korrika txikian Bederatzigarren kalean mendebaldera egin dute, harik eta, Stuyvesant gurutzatu dutelarik, beherantz egin duten arte. Hitzezkoa ez den paktu bat medio, han bizi direnetik, hiriaren mendebaldera egin behar dutenean handik egiten dute beti, Washington Square Parkeko zalaparta bizitik igarotzeko. Laugarreneraino jaitsi eta, moteldu gabe, estudiante multzoekin gurutzatu dira; sorbaldek talka egin dute ia, eta zumarren gerizpeen freskoa profitatu dute, ezkerraldean geratzen zaizkien eraikinak oraindik ezgai baitira eguzkiaren joa estuan lotzeko. Berehalaxe dira Villagean, Bleecker kalea gurutzatu, pare bat etxadi eta hara kale betokerra, zeinaren alde batean, eraikin xume eta txikiak nagusitzen baitira, bi-hiru solairu besterik ez duten etxeak, adreilu gorri maiztuz eraikiak; lainezaz begiratzen duten etxe-orratz eta eraikin alimalekoen aldamenean, ahanzturan geratutako kalea dirudi hark, ahanzturak eman ohi duen bakea sentiarazten duena. Eraikin horietariko batean dago antzokia, sute-eskailera beltza bistan eta dotorezia transmititu nahi duen sarrerako aterpe obalatua abegikor. “Happy Days” ikusten da nabarmen, leihatilako afixa zuri-beltzezkoan.

 

 

Cherry Lane Theatre: 7:06 p.m.

 

1. ekitaldia

 

Txirrin hotsa.

      — Beste egun zoragarri bat!

      Ingurune mortu bat, hareazko eta lur idorreko eremu bat, non muinotxo baten gainaldean emakume bat ageri baita, gorputz erdia lurpean, sabelaldetik gorakoa duela soilik agerian. Eguzki-galdatan.

      — Ekin egunari, Winnie, ekin egunari.

      Objektuen zorroa: hortzetako eskuila, pasta, ispilutxoa, betaurrekoak, aterki bat… O, migraina horiek.

      — Osoki garantizatua, erabat purua.

      Beste egun zoragarri bat, esan du.

      — Okerrago ez, hobeto ez, okerrago ez, aldaketarik ez, oinazerik ez.

      Pistola bat, baltsamo botilatxoa, ezpainetakoa. Gizon baten soin erdia agertu da haren atzean, hura ere erdizka lurperaturik.

      — Beste egun zoriontsu bat izango da honakoa.

      Postal bat.

      — O, tira.

      Eskuila, isipua.

      — Haiek edo hori.

      — Hori.

      — Beste egun zoriontsu bat.

      Kapelak buruen gainean.

      — Itzuli zure zulora, Willie.

      Baselina, tapoia.

      — Beldur gehiagorik ez.

      Txindurri bat, bola zuri bat.

      — Arrautzak!

      — Zer?

      — Larru-jotzea!

      Aterkia zabaldu du Winniek; luze gabe, erre egin da.

      — Gaur ez da atzo baino beroago. Bihar ez da gaur baino beroago izango. Nire bularrak estaliko ote ditu inoiz lurrak?

      Musika-kaxa. Willie kantatzen hasi da.

      — Berriro, Willie, berriro, mesedez! Beste bat!

      Karrakailua.

      — Atera ezazu lurpetik, esan zuen.

      Objektu guztiak sartu ditu zorroan Winniek. Berriro atera du soina zulotik Williek.

      — Errezatu zure errezo zaharra, Winnie.

 

 

2. ekitaldia

 

Txirrin hotsa.

      — Argi sakratua!

      Winnie aurreko eremu berean, baina oraingoan leporaino lurperatuta.

      — Norbait niri begira ari da oraindik. Nitaz kezkaturik oraindik. Hori da hain zoragarri sentitzen dudana. Begiak nire begietan.

      Pistola alboan, lur gainean, aterkia itxirik.

      — Willie!

      Zorroa ere hor da.

      — Zorroa hor dago, Willie, beti bezain ongi.

      Willie ez da agertzen.

      — Willie! Willie!

      Ez da agertzen.

      — Gupida da eskatzen dudan guztia.

      Txirrin hotsa.

      — Lurrak atmosfera galdu duela uste duzu, Willie. Hori uste al duzu, Willie?

      Isiltasuna.

      — Ez duzu iritzirik, ados. Ez duzu inoiz ezeren inguruko iritzirik. Ulergarria da.

      Bakarrik jarraitzen du.

      — Ez erabat, ez nire, ez orain.

      Aterkiari begiratzen dio.

      — Egun hartan eman zenidan aterkia. Aintzira, ihiak.

      Txirrin hotsa.

      — Brownierekin gogoratzen, Willie? Hor dago Brownie, nire atzean. Hor dago Brownie, Willie.

      Erantzunik ez.

      — Hau da guztia. Zer egingo dut haiek gabe? Zer egingo dut haiek gabe, hitzek huts egiten dutenean?

      Isiltasuna.

      — Erruki handiak, erruki handiak.

      Hizketan jarraitzen du.

      — Zenbat aldiz esan dut ez kasurik egin, Willie, ez kasurik egin txirrinari. Lo egin eta esnatu, lo egin eta esnatu nahieran, besterik ez. Begiak ireki, begiak itxi. Baina ez, ez; orain ez.

      Pausa.

      — Willie? Batzuetan zure jarrera pixka bat arraroa iruditzen zait, Willie.

      Isiltasuna.

      — Negarrak entzuten ditut. Nire buruan egongo dira agian.

      Deiadarka, intzirika hasi da.

      — Esaten nuen, ez dago ezberdintasunik segundo baten zatikiaren eta hurrengoaren artean.

      Burua mugitzen hasi da emeki.

      — Lepoak min ematen dit.

      Hunkiturik, begiak bete.

      — Ezin dut ezer gehiagorik egin, gehiagorik esan, baina gehiago esan behar dut.

      Isiltasuna.

      — Kantatu zure abesti zaharra, Winnie.

      Willie agertu da, eta lau hankatan hurbiltzen ari da, Winnie lurperatua dagoen lekurantz. Kapela kendu du.

      — Tira, hau plazer ustekabea! Non zeunden denbora honetan guztian? Zer ari zinen egiten? Aldatzen? Ez al zenidan entzun zugatik garrasika? Zure zuloan atrapatuta geratu zinen?

      Burua jaso du Williek.

      — Irauten al du ezerk? Ez?

      Kostata mugitzen da Willie.

      — Alde honetan bizitzera etortzea pentsatzen ari zara? Denbora baterako agian? Ez?

      Erantzunik ez.

      — Hori da beti esaten dudana, egun zoriontsua izango da; azken batean, beste egun zoriontsu bat.

      Pausa.

      — Negarrak entzuten ditut. Entzuten al dituzu negarrak inoiz, Willie? Ez?

      Willieri begiratu dio.

      — Begira nazazu berriro, Willie. Beste behin, Willie.

      Begiratu egin dio.

      — Zerk atsekabetzen zaitu, Willie, ez dut sekula halako aurpegierarik ikusi! Jarri kapela, maitea, eguzkia da.

      Pixkana hurbildu da Willie.

      — Nire aurpegia ukitu nahi al duzu berriro? Musu baten bila zabiltza, Willie? Edo beste zerbaiten bila?

      Willie muinotxoan behera irristatu da pixka bat, eta hantxe geratu da burua lurrean. Burua mugitu du gorantz berriz.

      — Ez begiratu niri horrela!

      Emeki entzun zaio Willieri.

      — Irabazi.

      Winnieri aurpegia alaitu zaio pixkanaka.

      — Irabazi.

      Geroz eta alaiago.

      — O, zeinen egun zoriontsua, beste egun zoriontsu bat izango da hau. Azken batean. Gutxi gorabehera.

      Kantuan hasi da Winnie.

 

 

Greenwich Village: 8:48 p.m.

 

Txalo zaparradak eztanda egin eta antzokiko argiak piztu direnean, begi-ukituak sumatu dizkio Joek Franki. Hain ederra eta hain garratza aldi berean, imajinatzen du pentsatzen. Dagoeneko barne-barnetik ezagutzen duela sentitzen du, ez dituzte alferrik igaro hainbeste urte elkarren aldamenean, azkenaldian elkar topatu ezinda dabiltzan arren. Hilabeteak dira Vincentek eta hirurok elkarrekin plana egiten ez zutela, eta halabeharrak egin zuen duela egun gutxi apartamentuan ohi baino denbora luzeagoz kointziditu izana, eta berriketa luzeagorako parada edukitzea. Ordukoan aipatu zion Frankek Becketten obra berriarena, hirian izango zela mundu-estreinaldia, eta Vincentekin joatekoa zela, ea etortzerik nahi zuen. Badaki haien artekoa ez dagoela gozoenean, eta beste norbait izatera, pentsatuko zukeen haren presentzia baliatu nahiko zuela, lagun zahar gisara, Vincentekikoa samurtzen ahalegintzeko; baina ondo daki ez zela hori Franken estiloa. Ez da izartu-zale, eta etortzeko esan bazion hala nahi zuelako zen, ez besterik. Ez du zalantzarik Winnie eta Willieren artekoak oihartzun egingo ziola, baina nori ez? Obrak zein egokieratan harrapatuko, horrek eramango zaitu zirrararen barrunbeetara; areago Frank, berezko jaidurari bridarik ez jartzekoa denez.

      — Zeinen dohakabeak, ala?

      Haiek edo gu, galdetzekotan egon da Joe, baina nahiago ardo minduari ozpinik ez bota. Vincentek hartu du hitza.

      — Agian, azken buruan, ez dituk hain zorigaiztokoak.

      Vincent ere ohartu da Franken hunkiduraz, eta pentsatu du hizketa eztitzea ideia ona izan litekeela, iruditzen baitzaio, nondik begiratzen zaion, obrak baduela gozotik ere. Vincent azken boladan kezkatuegi dago, akaso, Frank atsekabeturik ez ikusteko, eta sarri nahi gabe bada ere, haren komentario hitsak adoretzen saiatzen da automatikoki. Beren ilarako ikusle batzuk zutik dira jada, beraiek noiz altxatuko diren disimuluz zain, eta halaxe egin du berak, Frankek eta Joek ere jarraituko diotelako esperantzaz. Ez da hala izan, ordea. Zutik daudenen aurpegiera iharrei erreparatu die, eta keinu errukior bat egiten entseatu da; eskas samar, esango luke.

      — Uste diat martxa egin beharko genukeela, hemengo hauek…

      — O, bai, bai, barkatu.

      Adeitsu mintzatu zaie Frank.

      Ilun da atera direnerako eta Frankek Larryk eta Claricek antolatu duten koktel baten berri eman die, baina Joek pentsatu du Vincentek ez duela batere gogorik izango, eta haren partez aurreratu da.

      — Nik nahiago nikek gau eder hau aprobetxatu eta trago bat hartzera joan.

      Egia hori.

      Frank beste egokiera batean edonor konbentzitu eta bere arrimura eramateko gauza litzateke, baina gaur apalago dago, eta oniritzia eman du, akaso koktel horretara geroago joan daitekeelakoan.

      Harritzekoa ez, Frank ezagun batzuekin batu da antzokiaren atarian eta apartean geratu dira Joe eta Vincent.

      — Luzaroan geratuko haiz hirian, Vincent?

      Beti dabil atzera eta aurrera, orain denboraldi bat hirian, orain Mendebaldeko Kostara, orain Kanadara, eta Frankekin geroz eta harreman meheagoa duenez, Joek oraintxe ez daki zein tenoretan egongo den. Badaki aste batzuk daramatzala, horrela denean errazki ondorioztatzen du Franken ibili eta aldartearengatik; garai batean bozkarioz ikusiko zuen, baina, azkenaldian, larri ikusten duenean, ilundura partikular batekin, aski zantzu zaio jakiteko Vincent ez dabilela urruti.

      — Ez, astelehenean abiatuko nauk Montrealera.

      Ez da ausartu galdetzera zenbaterako izango den, errezeloa baitu luzerako izango dela, akaso baita betirako ere, eta laztasunez jasoko luke berri hori, ez zuzenean beragatik, Frankengatik sentituko lukeen urrikalmenduagatik baizik. Hark ere ez dio zehaztu, ziur aski arrazoi beragatik.

      — Ez zenituzten ezagutzen?

      Ondo daki Vincentek Franken adiskide zerrendari jarraitzea ezinezkoa dela, eta ez du esfortzurik egin gogoratzen saiatzeko edo aurretik ikusiak ote zituen pentsatzeko. Zalantza egin du ea lehen Joeren galdera Montrealera joango dela benetan ez zekielako egin duen, asko harritzen du Frankek horren berri eman ez izana, edo, besterik gabe, hurbiltasuna adierazteko modu zeharkako bat izan den; alegia, Joek badakienez zeinen gatazkatsuak diren bere joan-etorrien zerak Frankekin duen erlazioan, horixe bera galdetu izana bere agentzia aitortzeko modu bat izan zitekeela, eta nolabait, bere posizioa ulertzeko era bat. Duda egin du han geratzekotan dela esan ala ez, baina azkenean ez esatea deliberatu du, Frank derrepente agertu eta hizketa gaia hori izatea ekidin nahi duelako. Bistan da erabaki zuhurra eta egokia izan dela.

      Aurrea hartu du Frankek eta Zazpigarren abenidarantz jo, Joe eta Vincenti itxaron gabe kasik. Begiak itxita egingo lukete apustu Cedarren bukatuko dutela. Gertu dira, eta bizpahiru kantoitara begiztatu dituzte “Tavern, Cedar St.” jartzen duten oihalezko estalkiak, zeinak, gauzak egunetik egunera arrapalada betean aldatzen diren hiri honetan ohikoa den gisara, ez dauden jada Cedar kalean kokatuta, University Placen baizik. Eraikin gotor eta luzeen artean geratzen den eraikin ñimiñoa, adreilu ilunez eraikia; gau bizietan kez eta jendez mukuru egoten da, baina gaur, igande iluntzea izaki, lasai antzean dago. Arrakasta edukitzen jarraitzen badu ere, 50etako erdialdean bizitakoa atzean geratu dela iruditzen zaie, eta leku-garai haren mitoa puztearekin batera piztu da halako gainbehera hautemanezin baten sentsazioa. Haiek denak urte batzuk zaharragoak direla, alegia, eta lekuari egozten diote, ziur aski, beren buruei egotzi beharko lieketena.

      — Bi garagardo eta brandy bat, John.

      Mahai txiki baten bueltan eseri dira, egurrezko bereizlez banandurik; larunbat iluntzea balitz Frank zutik egongo zen, segurki, badakite biek, eta benetan harritzekoa da tabernan gutxi izanda ere inor agurtzera joan ez izana.

      — Badakik, Joe? Kanadara joatekoa duk.

      Begira geratu zaio segundo batzuez, eta zalantza egin du berari dagokion erantzutea, edo galdera, finean, Vincenti zuzendua dagoen. Itxoin egin du lipar batez, zerbitzaria edariekin etorri izanak lagundu die.

      Mahaira begira geratu da Vincent, espero du Joe solasaldia bideratzeko gauza izatea. Intziri txiki bat egin du, ia ohartzeke, eta baietz, dantza konpainia batek kontratatu duela eta aukera bakana dela esatera zihoanean jarri dizkiete tragoak mahai gainean.

      Frank ez ezagutzea litzateke haren galderan malezia topatzea. Alabaina, neurritasuna ere ez da bere dohainetarik, eta ez da ezohikoa kontrako eztarriko galderak jaulkitzea tarteka; egokieraz kanpokoak, eulien hegada entzuten hasten zaren horietakoak, edo, suertez, zerbitzaria etortzen denekoa tenkada laxatzera. Lehenengo tragoak eman arte luzatu da isiltasuna.

      — Konpainia batek gonbidatu naik, aukera izugarria duk.

      Baietz egin du buruaz Joek, eta susmoa du hortik aurrerakoak hitz egin gabeak direla Frank eta Vincent; hots, ez dutela zehaztu denboraldi baterako egonaldia izango den, azken boladan ugaritzen ari zaizkion horietako beste bat, edo mugagabe bertan geratzekoa ote den. Izan ere, bigarren aukera izatera, Frankekikoa behin betiko haustea suposatuko luke, eta, ziur aski, Frank ez da ausartu ere egingo galdetzera.

      — Hain haiz zoragarria, bihotz-goxo.

      Fereka gozo batekin lagundu ditu hitzak. Espazio estua osatzen dute bereizleek eta erdian kokatutako mahai txikiak, eta bertaratutakoen arteko distantzia maitasunaren eta etsaitasunaren arteko eremu lauso horretan mugitzen da. Laztanerako beso bateko tartea eta mespretxurako buru-keinu batekoa, gutxi gorabehera.

      Beraien artekoak ez du zera formalik izan inoiz, eta Vincentek orain ez du bere burua behartuta ikusten emandako informazioa baino gehiago ematera. Frankek galdegingo balio esango lioke, baina hura etorkizunekoei itzuri egitekoa da. Frankek harremana koska bat gehiago estutu nahi izan duen guztietan lubakia eraiki izan du berak beti tartean, zeharka zuzenean bainoago, baina lubakia azken batean. Adin tartearen zera da alde batetik, bai, baina horrekin batera doan beste zerbait orobat; Frankek dagoeneko eskarmentua duela erlazioetan, eta, batez ere, beraiena bezalakoetan; Vincententzat, ordea, aski berria izan da guztia, areago hiri handi horretan, mundu berri horretan, eta izu da, izu izan da, Frankek irekitako bidean burutik oinetaraino sartzeko. Behin baino gehiagotan iradoki izan dio Frankek elkarrekin bizitzera joatearena, batez ere duela urtebete edo, Joe harekiko hainbeste urrutiratu zelarik (orain ere urruti jarraitzen du, baina behintzat, Vincent onartzera ailegatu da), baina beti moldatu izan da hura saihesteko. Azken hilabeteetako bere martxak, bestetik, berez baztertu du aukera hori, bestelako aitzakiatan ibili beharrik gabe.

      — Cohasseten egon hintzen konpainia bera al da?

      Ez zaio kontua zertxobait bada ere desbideratzeko beste galdera hoberik bururatu Joeri.

      — Ez, ez, hura estatubatuarra zuan.

      — Leku guztietan nahi ditek nire maitea!

      Keinu herabea egin du Vincentek.

      — Oi, garagardo madarikatu hau.

      Altxatu egin da komunerako, hitz beste egiteko baliagarria izango delakoan.

      Joek duda egin du kontuan sakontzeko aprobetxatu edo ez, orain Frankekin bakarrik geratu delarik. Azken boladako distantziak distantzia, eta harekin aski amorraturik ibili izan den arren, laguntasun minak gordetzen duen muineko hurkoarekiko ardura izaten jarraitzen du; eta dute, esango luke, nahiz eta Frank hori ezkutatzen are abilagoa den. Eta badira zenbait aste Frank aldizka sartu ohi den ilunaldi horietako batean sumatzen duela, Harvardeko garaitik datozkion ilunaldiak, edanak artez areagotuak. Frank aurreratu zaio, baina.

      — Asteak dituk elkarrekin lo egiterik nahi ez duela.

      — Bon, gorabehera hauekin, ez zakiat, akaso deseroso egiten zaizkiok astinaldi emozional hauek.

      — Nola ba?

      — Patxada behar duela.

      — Nik ere behar diat; zein motatakoa, baina, hori duk auzia.

      Trago luze bat eman du Frankek.

      — Beste bat behar duk?

      Keinu anbiguo samar bat egin dio Joek.

      — John, brandy bat eta… gauza bera, Joe?

      Ezaxolaz mugitu du eskua.

      — Eta garagardo bat.

      Beren harremanak inplizitua denaren eremuan mugitzen direlarik, zentzugabea litzateke orain Joek gomendatuko balio Vincentekin hitz egin dezan, eta, bestelako aukerarik ezean, eustea, egonarria, gauzek beren bidea egitea opatzea beste aukerarik ez zaio geratzen; onenera, kontsolamendua.

      — Konponduko zarete.

      Esker oneko zinezko imintzio bat atera zaio Franki.

      — Hain haiz maitagarria batzuetan, Joe.

      Edalontzi zabala luzatu dio, beirak talkatzera gonbidatuz. Atseginez itzuli dio keinua.

      Topa egiten ari zirela itzuli da Vincent mahaira, non erdizka duen garagardo botila dagoen. Inork ez dio galdetu ea beste bat nahi duen.

      — Zer ari zarete ospatzen, bada?

      — Amodioa!

      — A, ikusten dut, eta nik hanka egitera itxoiten duzue amodioari gorazarre egiteko.

      — Izan ere, badakik, amodioa absentzian duk benetan amodio.

      Hiruren barreak entzun dira inguruko mahaietan. Berak ere altxatu du, azkenerako, garagardoa, eta bigarren topatze bat egin behar izan dute. Vincentena izan da gutxien goratu den beira zatia.

      Luze gabe izan da. Joek, sarrerari begira den bakarra izaki, Bill Berkson ikusi du tabernan sartzen. Une batez, pentsatu du agian Frankek abisatuko ziola, baina ez du horretarako betarik eduki eta, gainera, Joe eta Vincent han egonda ezinezkoa da Frankek gonbidatu izana. Agian Frankek berak izango du estualdia besteek baino gehiago. Betiko manera laineza horiekin ikusi du sartzen, segail, hori ere ez da egun batetik bestera aldatzen, eta hasieran ikusi ez dituela iruditu zaion arren, berehala jo du haiengana. Gaitz erdi, pentsatu du bere artean Joek, hari hots egin beharra saihestu du horrela.

      Istant labur bat baino ez da izan, baina Vincentek Joeren aurpegieran sumatu uste izan du ustekabean jazotakoa. Gerturatu zaienean, eskuaz sorbalda laztandu dio Billek, adeitsu, Frank pasabidetik urrutiago geratzen zaiolako. Harritu du bakarrik agertu delako eta ez Alicerekin, edo Le Roirekin, edo are, Kennethekin, baina segituan kalkulatu du, hain justu, aurkitu duenaren bila joan dela tabernara bakarrik, hots, Frank bertan topatuko zuelakoan. Ez zuen itxaron izango, ordea, Joe eta biak harekin egongo zirenik.

      — Southamptonerako treneko bagoira igo Jap eta Vincentekin…

      Berehala biratu du bere arreta, ohi legez, Frankengana. Ez baitu beste interesik, hori iruditu izan zaio beti Vincenti, Frank xurgatzea baino. Ordurako poeta estimatua zen bere inguruan Frank, eta Kenneth Kochen bueltako ikasleak haiengana hurbildu zirenean, Bill izan zen setatiena. Franken beraren errua ere bada, behin baino gehiagotan esan izan dio, bere mingostasuna disimulatu ezinean, eta hark aitortu, gatazka saihesteagatik gehiago, ziur aski, benetan berak ere hori pentsatzen duelako baino. Baina denek dute gazte liluragarriekiko Franken jaiduraren berri; eta are, Vincent bera ere horietako bat izan zen; baina justu aurrekoa, hori da diferentzia. Ezarian, Vincenten distantziamendua areagotu ahala, Billek hartu du haren lekua, nolabait, Franken mundu afektibo-poetikoan, eta lurrikaratxo bat eragin du haren inguruan, Vincent bera ere agertu zenean gertatu zen antzera, bestetik. Billen umekeriak ezin eraman ditu Vincentek, haren sena galtzeko joera gorako klasekoa den edozeren aurrean. Frankek Marlene Dietrichekin egon zirenekoa kontatu zionean Vincenti, eta zeinen dibertigarri egon zen Bill gau hartan, ezin pairatu izan zuen, eta haien harremanean eszenifikatutako sumindura latzenetako bat azaleratu zuen; ordutik, askoz ere zuhurrago jokatzen du Frankek, eta ezinbestekoetan baino ez du hizpide hartzen Bill.

      Ez zaio inoiz gustatu izan morroi hori, pentsatu du bere artean Joek. Gayak limurtzen dibertitzen den hetero tipikoa; eta okerrena, seguru asko ez duela nahita ere egiten, ez dio buru-argitasun hori ere aitortu nahi. Nolanahi den, bistakoa da nola baliatzen duen bere lerdentasun loratu berria Franken aurrean. Suertez, Bill agertu zenerako, Frankekiko nahiko apartatua zebilen eta, beraz, ez du Vincentek bezainbeste tormentatu behar izan bere burua; baina hain justu horregatik iruditzen zaio Billekiko sentitzen duen arbuioa zinezkoagoa, Frankekiko loturarekin zuzenki erlazionaturik ez dagoen zerbait delako. Bere gordinean gogaitzen du Billek, Frank tartean egonda ala ez.

      — Bill, hator, har ezak bat gurekin.

      Bere ondora begiratu du Joek, hor geratzen da esertzeko leku bakarra.

      — Bon, agurtzera gerturatu nahi nian, besterik ez.

      Denek dakite Joek eta Vincentek nahiago luketela Bill batuko ez balitz, baina inork ez du indarrik egin hori gerta dadin. Joe ernegatu egiten du egokiera horietan Franken gauzei aurrez aurre begiratzeko ezgaitasunak.

      — Zer nahi duk? Eskatuko diat nik.

      Isilik begiratu die Vincentek, ikusle.

      — Tira, garagardo bat eskatuko diat orduan.

      Seguru.

      Aldi berean biek. Elkar zapaldu dute Joek eta Vincentek. Zigarro bat piztu du Billek.