Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

New York City,
1960/06/23

 

 

Grand Central: 9:40 a.m.

 

Galeria zabalean egin dute aurrera, inguru okrean barna, bestelako egun batean egingo zuketena baino motelago, iristea nahi ez duten momentua geroratu nahiko balute bezala. Ezkerraldean ikusi dute ilara ordenatua, eramateko kafea saltzen duten postuaren parean, eskuko poltsa daramaten gizon trajedunez mukuru, zeinetako batek, txandaka, eskua astindu, aurpegira aurreratu eta ordularia begiratzen duen, aurrez prestatutako koreografia sinkronizatua bailitzan. Luze gabe, habearte nagusi ikusgarrian daude, zeinaren erdian informazio-erakusmahai txiki dotorea dagoen, urrezko ordulari enblematikoarekin. Zoru garbiari erreparatu dio Frankek; marmol gorri-horiaren gainetik igaro du oina, haren labaintasuna konprobatuz.

      — Vince, ez zaik iruditzen leku bikaina litzatekeela hau dantzan egiteko?

      Irribarre egin dio, Frank beti ateraldi arraro horiekin. Oina igurtzi du berak ere.

      — Aukeran labainegia.

      — O, Vincent, hi beti bezain tunkoso.

      Eskua mugitu du goitik behera, hura aldendu nahiko balu bezala.

      — Benetan zioat. Imajinatzen duk hemen dantza-konpainia bat osorik, hirea demagun, habeartearen erdian dantzan? Han goian jar zezakeagu banda bat eta zuek hemen zabalera osoa hartuz. O, Vince, esaiek ez haizela joango hara, etor daitezela haiek hona, plan askoz ere hobea pentsatu duela hire Frankek.

      Barrezka hasi da Vincent, burua alde batetik bestera mugitzen duela.

      — Mesedez, Frank, ez hadi txolina izan.

      — Imajinatu ezak minutu batez. Ez zaik iruditzen arrakasta itzela izan zitekeela? Pentsa, hortik Broadwayra, eta gero akaso filmen batera ere bai. Benetan, Vincent, esaiek hemen geratuko haizela, datozela beraiek!

      — O, ene Jainkoa!

      Vincentengana hurreratu da, eskuari heldu eta alde batera luzatu dio bereaz, beste eskuarekin gerrialdetik heltzen diola. Ingurura begira jarri da Vincent.

      — Frank, mesedez, utz iezaiok txorakeriak egiteari.

      — Egin dantzan nirekin, Vincent. Erakuts iezadak.

      Askatu egin du, ez du haren deserosotasuna mugara eraman nahi.

      — Martxa honetan trena galduko diat.

      — Hainbat hobe. Badakik hori dela bilatzen dudana.

      Arku gaineko oharrei begira ari da Vincent; irudi luke nahiago lukeela Frankek ere horretan lagunduko balio, baina despistatu antzean dago hura, ez da bere kezka zein trenbide zenbaki dagokion jakitea. Urduritzen hasia da hainbeste dantza eta tontakeriarekin; ordu laurden eskas geratzen da trena irten dadin. Zigarreta bat piztu du Frankek eta, geldirik, beso batekin besteari eusten dio zigarreta eskuan zutik gera dadin.

      — Leihatilan galdetu beharko diat azkenean.

      — Baina, motel, lasaitu hadi, ezin dik hain zaila izan.

      — Helmuga geltokia jartzen dik tiketean baina ez zakiat zein den azkeneko geltokia eta hor goian hori bakarrik jartzen dik.

      — Nirekin geratuko haiz, bada, patuak erabaki dik.

      — Frank!

      Alde baterantz apartatu da Frank, jende olatuak ziztuan doazen alderantz.

      — Barkatu, bihotz-goxo, badakizu Valhalla-ra joateko linea zein den?

      Beltzuri begiratu dio andreak, enbarazu egiten ari zaiola irudi. Presaturik da, Frank ematen du dela inguru horretan presaturik ez den bakarra. Albotik igarotzen ari den gizon bat gelditu da. Kapela dotorea, beroki luzea bezala.

      — Valhalla esan duzu?

      — Horixe, jauna.

      — Wassaic-erakoa hartu behar duzu, Harlemgo linea.

      — O, jauna, eskerrik asko.

      — Urteak eman nituen tren hori hartzen, Pattersonera joateko.

      — New Jerseyko Paterson?

      — Ez, jauna, hori ekialdean dago!

      — Izan ere, liburu zoragarri bat…

      Urduri gerturatu zaie Vincent.

      — Argitu duk zerbait, Frank?

      — Wassaicerakoa hartu behar duk, maitea. Gizon adeitsu honek esan zidak.

      Irribarre erdiz agurtu ditu gizonak.

      — Plazer bat.

      Argi lauso bat sartu da habearteko beirate handietatik, lainodi zabal bat apartatu da kanpoan, antza, eta ondorioz, arkuetara gerturatu behar izan dira zein trenbide zenbaki hartu behar duten ondo ikusteko.

      — Seigarrena.

      — Lagunduko diat behera.

      Bizkor abiatu dira, Vincentek adoreturik. Frank pixka bat atzerago doa, baina eskaileretara iritsi denean gelditu egin da Vincent; maleta handia jaisten lagundu dio Frankek eta jendea apartatu egin behar izan da, bat edo beste gogo txarrez, bi gizonek eta maletatzarrak mailadian hartzen duten espazioa kari. Behera iritsi direnean, ondo konprobatu du Vincentek trenbidearen hasieran Wassaic jartzen duela. Dotorea da trena, badauka halako liraintasun klasiko bat, eta barrutik ere seguru ondo zaindutako tapizeria eta leihateak dituela. Oraindik badute denbora pixka bat eta lehenengo bagoian sartu beharrean aurrera jo dute, urrutiagokoetan jende gutxiago egongo delakoan. Pare bat bagoi igaro dituztenean, barrura sartzeko prestatu da Vincent.

      — Lagunduko didak maletatzarrarekin?

      — Ez nikek lagundu beharko, hi atxikitzeko azkeneko aukera diat.

      Hator gainean!

      — Ez nauk hain makurra.

      Mutur batetik heldu dio Frankek, eta Vincentek bagoiko eskailera altuetan egin du gora, nekez, beste muturretik tira egiten diola. Hanka eskailera eta nasaren arteko zulo handian ez sartzeko tentuz ibili da.

      — Kontuz, ez hurreratu gehiago, badiat jada.

      Azken tiraldi batez igo du gora maleta eta bekoz beko geratu dira, Vincent goialdean maleta alboan duela eta Frank nasan hari begira. Gora igotzeko imintzioa egin du baina Vincent izan da jaitsi dena. Orain bai, goiz guztian lehendabizikoz, gogobeterik sumatu du Frankek, baina ez daki ondo trena galduko ez duela ziur delako den. Hipotesi arraro batek ilundu dio gogoa: akaso beregandik apartatzeak eragingo dion liberazioa da. Edonola ere, plazer betez hartzen du bisaia eder hori; loraldi betean dagoen gorputz bat, Polikletosen estatua baten haragizko erreplika kasik. Kopetalde zabal eta irmoa ilearen bidez disimulatzen ahalegintzen da, baina Frankek beti azalarazten dio ilea alde batera orraztuz. Nasara jaitsi eta parez pare jarri zaionean hala egin du, baina Vincentek, despedida dela jakitun-edo, ez du erresistentziarik ipini oraingoan. Masailak nabarmenki guritzen zaizkio barre egiten duenean, era ia komikoan, baina Franki munduan dagoen barre egiteko modurik ederrena iruditzen zaio. Ez metaforikoki, literalki baizik. Ezin imajina dezake, nasan zutik dagoen horretan, Vincent baino izaki segailagorik lurbiran. Begiradari eusten dio, soseguz, eta ez, absurdoa da pentsatzea beregandik apartatzeak lasaitzen duela; berak ere pairatuko ditu amodio bananduaren oinazeak, ziur da. Besarkada ahaltsu batean bildu dira, Frankek Vincentek baino enfasi handiagoz estutu du, eta, momentu batez, ez zaio ideia hain zentzugabea iruditu bizitza osorako hor atxikirik geratzea. Elkarri heldurik luze egon ondoren, pixka bat aldendu eta aurpegiak hazbete eskasera geratu dira. Tentazioa hor dago zirika, baina jende gehiegi dute inguruan, eta treneko leihoetatik ere ikusiko lituzkete. Guztiz banatu beharrean, ordea, Vincent izan da oraingoan beste besarkada batean hartu duena.

      — Ez esan gero nire errua denik trena galtzen baduk.

      Zartako bat eman dio ipurdian.

      — Bo, uste diat hilabeteren buruan-edo Ekialdeko Kostara etortzekoak garela. Emankizun bat.

      — Zerena?

      The Pajama Game.

      — O, miresgarria!

      Banandu egin dira, azkenik, eta trenaren mailak igo ditu berriro Vincentek. Trenaren azkenean geltokiko langileak ikusi ditu alde batetik bestera. Nasan bisitariak daude bakarrik jadanik, salbu eta maleta handi bat nekez daraman emakume bat, zeina lehenengo bagoiko atera presaka iritsi den. Trenaren goialdean geratu da zutik Vincent, atea oraindik irekita dagoela eta Frank goitik behera dakusala.

      — Laster ikusiko haut.

      Baina ez da trenaren barrualdera joan, azken unera arte itxarongo du.

      — Idatziko diat datozen egunetan.

      — Telefonoa ere hor zagok.

      — Ez bahago maldizioka hire amarekin!

      Txartel-zulatzaile bat agertu da trenaren barrenetik atea ixtera, baina, justu orduantxe, ziztuan jaitsi da Vincent eta Frankengana jo. Zer egin ez dakiela geratu da langilea.

      — Trena galduko duzu, jauna. Abiatzear da.

      — Nirekin geratzea erabaki du, jauna!

      Azken besarkada azkar baten ondoren itzuli da Vincent trenera eta atea itxi du langileak. Txilibitu soinuak entzuten hasi dira geltokian eta trena, motelgailu-soinu txistukari luze bat atera ondotik, martxan jarri da, modu ia antzemanezinean lehenengo, baina, pixkanaka, abiada geroz eta handiagoan. Ateko leihoa txikia denez, barrualderantz egin du Vincentek eta bere eserlekuko leihoan bermatu du burua. Parez pare segitu dio, kanpotik, Frankek, urrats geroz eta luzeagotan, harik eta bukaeran korrika txikian hasi behar izan den arte. Deiadarka, alarauka eta besoekin keinu hanpatuak eginez. Kanpotik entzuten ez zaion arren (ordurako handia da trenak sortzen duen karranka) Vincent ere oihuka ari da barrutik eta kax-kax jotzen du kristalean agur eginez.

      Galduko haut!

      Geltokiaren gangak hotsak ozenagotzen ditu, eta agurra dunbots bihurtzen.

      Galduko haut hainbeste!

      Nasaren ertzeraino ailegatu da kasik, ordurako Vincenten bagoiaren parean segitzeko ezgai izan arren, eta are trenaren atzeak ere pasatu badu ere. Aldamenetik igaro zaio emakume bat, ordea, hura ere deiadarka, bere kasuan seme nerabeari. Elkarri begiratu diote, barrez, nabarmenkerian aldi berean aritzeak sortzen duen konplizitatea lagun. Emakumearen atzetik begiztatu du trenaren buztana geroz eta laburrago, geroz eta txikiago, harik eta, amore emanda jadanik, buelta eman eta geltokiaren atondorantz jo duen arte. Espero baino samurragoa izan da despedida, uste baino alaiagoa, atsegin konpartituak eman dion gozoak iluna estali dio, baina kanporanzkoa egin duelarik, berriro etorri zaizkio, trumilka, aurreko beldur, ikara, kezkabide eta larritasunak oro. Hozkirrizko zimiko bat tenkatu zaio barrenean, hanka puntetatik buru-hezurreraino hedatu zaiona deblauki.

 

 

Museum of Modern Art: 11:12 a.m.

 

Idazmahai desordenatuari egiten dio so, aulkian kieto, begirada mahai gaineko objektu ugarietan jarrita duela, batetik bestera doi igaroz, baina zinez behatzen ez dituela; soa lausotua du, parean ditu irudiak, baina burura bestelakoak iristen zaizkio. Minutu gutxi da bulegoan sartu dela, eta badaki inork ez duela molestatuko, ezta museoko gazte jarriek ere; eraikinean ezustez sartu denean guztiek ikusi diote begitarte abaildua. Espainiarren erakusketaren ingurukoetan aurrera jo nahiko luke, premia larrian da, baina ez daki gai izango ote den. Edonola ere, ez zen hobea hiribideetan zehar ibilgailuen kea irensten noragabe ibiltzea, edo bere apartamentuan adoregabetua geratzea eta, azkenik, bulegora joatea erabaki du. Ezin askorik egin, baina, eta idazmakinatik aurreko egunetik zuen orri erdi idatzia atera eta orri zuri bat jarri du.

 

Vincent maitea:

      Suposatzen diat inozoa dela, baina bestetik nire partetik tipikoa, hiri idazten aritzea soilik duela ordu eta laurden denean alde egin duala, baina ezin diat beste zereginen batean pentsatu eta, beraz, hemen nagok. Ikusten duanez, ez diat goiza libre hartu, esan nuenaren kontra, eta denak, Waldo salbu, aski harriturik geratu dituk; batetik, bertan ikusi nautelako eta, bigarrenik, nire uzkurduragatik. Egiatan, despedida ederra izan duk, hain haiz gozoa! Eta ez espero nian bezain deprimentea, salbu eta trena abiatu denean eta nik sarrerarantz egin dudanean, ama hura, agur esaten ari zena gu bezala, ondotik pasatu zaidala eta marruka entzun dudala nahiko ozen, eta pattal sentiarazi naik. Oso arraroa duk tren geltoki batean bakarrik egotea goizeko 10:00etan. Gero, deslai ibili nauk zenbait dendatako erakusleihoetako oinetakoak ikusten, hik esan bezala, Waterloo Bridgeko amaierako eszenan bezalaxe. Baina halakoa duk artistaren bizitza eta bere ingurukoena eta, honenbestez, ez pentsa kexatzen ari naizenik, zeren bestetik, nik ere gozatzen diat, noski, hire bokazioaren glamourrarekin; hi maitatzeaz gainera.

      Orain Zalstem-Zalessky printzesari deitu beharko niokek berriz ere eta galdetu Ekialderako bidaiaren inguruan, eta eskertu artelan espainiar bat uzteagatik, eta azaldu zergatik ez ditugun erabiliko berak eskainitako beste biak, baina ez diat deia egiteko batere gogorik. Geroago egingo diat.

      Renee telefonoz hitz egiten ari duk Italian Lines-ekoekin, ea uzten diguten beraien luxuzko Leonardo da Vinci ontzi berria (Andrea Doria ordezkatu duena) bere inaugurazio bidaiatik iristen denean, artista moderno italiar askoren artelanak ditu-eta; oso dibertigarria izango duk azkenean hona agertzen badira.

      Idazmakinako zinta aldatu berri diat, ikus dezakean bezala.

      Uste diat ez niala kontatu gauzak aldatu egin direla gau hartan Grace eta biok afaltzera eraman gintuen indiarrari dagokionean. Bere asmoetako bat zenbait artista gonbidatzea zuan, bera eta bere emaztea Indiara bueltan laguntzeko, eta turismo egitera eramateko eta hori guztia, elkartruke kultural baten akordio moduan (berak bere kasa finantzatua). Tira, Walt eta biok bidaia hartara joatekotan geundean (Walt Silver bere argazki zoragarriengatik) eta Grace ere gonbidaturik zegoan, eta Waltek pentsatu zian hi ere etor hintekeela; alde batetik, Gracek pentsatu zian dibertigarriagoa litzatekeela denok batera joanda, eta, bestetik, dantzari moduan interesaturik egongo hintzelako eta bidaiaren asmoetan bete-betean sartuko litzatekeelako (artista mota bakoitzeko bana; ez zakiat zer egin behar zuten eskulturarekin, zalantza diat ea Giorgio Spaventa nahi zuten haiekin). Nolanahi den, hau guztia antolatu zuen indiarrak Graceri esan zioan berak asmatutako prozesu metaliko kimiko bat salduko ziola eskaintza onenari, zeina, azkenik, 8.000.000 dolarren truke saldu zuen, alemaniarrei. Akordioa lortu ondoren, Grace patriotiko jarri zuan eta dena bertan behera utzi, eta indiarra aski haserretu zuan, zeren gurekin diru mordoa xahutu nahi izateaz aparte, itxuraz, beste zenbait ideia kurios zitian, ziur aski, pentsatzen dugunez, amerikar mordoa berarekin hor zehar bueltaka edukitzeak Mendebaldeko Alemania berrarmatzen laguntzeagatiko estigma erauziko ziolako (behintzat, imajinatzen diat Mendebaldeko Alemaniari salduko ziola, jainkoarren!). Nolanahi den, bazirudik denbora asko igaroko dela fatxada guztia eskultura pornografikoz beteriko tenplu famatua bisitatu aurretik. Eta, noski, gu ez gintuzkek gonbidatuak izango, Gracek zerbait benetan drastikoa egin ezean behinik behin, indiarrarekin maitemindu edo nik zer zakiat.

      Bob Cornellek bere burua gainditu zian atzo jatortasunean. Renee eta Waldo eraman zitian Kabukiren azkeneko emanaldira, zeina ez zuten ikusia eta izugarri gustatu zitzaien.

      Tira, hobe diat orain printzesari dei hori egiten badiot eta koskak berdintzen baditut. Ezer ahaztu baldin baduk hemen eta behar izango bahu esadak eta bidaliko diat, behingoz nire ohiko geroratzerik gabe. Eta eginahalak egingo ditiat landareak zaintzeko, baita bitamina pastillak eman behar badizkiet ere.

      Dagoeneko aitor dezakedana baino gehiago haut faltan, eta espero diat hik ere faltan izatea ni, baina pozik egotea halaber.

Maitasunez,

Frank