Aurkibidea
Aurkibidea
Spanish Diary:
1960/03/23-1960/04/14
1960/03/23
Euria goian-behean hartu nau Madrilek. Dibertigarria da, halere. Jet laga izango da agian baina atsegin sentipen biziaz iritsi naiz Espainiara. Ez dit euriak axola, gozagarria izan daiteke batzuetan, ezta? Gene Kelly bezala sentitzen naizelako izango da, Castellanako hiribidean barrena.
Edo parean ditudan lan egun amaiezinei itzuri egin nahia?
4:30 a.m.-etan iritsi da hegazkina aireportura. 5:30 a.m.-etarako hoteleko nire logelan nengoen, baina Oscarren deia izan dut 9:00 a.m.-etan. Jaiki egin behar izan dut, agenda osatu behar genuela-eta.
New Yorken 3:00 a.m. izango ziren. Eta ordu bakarra lo eginda. Ez dakit nola egon naitekeen oraindik esna.
Oscarrekin hitz egin beharrekoa hitz egin beharko dugu momenturen batean baina gaur ezin zuhurrago jokatu du nirekin. Profesional ona da. Datozen egunetarako agenda zehaztu dugu. Estudioz estudio ibili beharko gara.
Halere, atsegina da Oscar nirekin. Elkarrekin bazkaldu dugu gaur, hotel inguruko jatetxe-zulo batean. Gustatzen zaizkit jatetxe horiek. Ez nuen goserik baina goraino bete naiz. Eta izugarrizko laguntza da Oscar. Ea espainiera zertxobait ikasten dudan egun hauetan: cinco, cómo estás, buenas noches, hola, cuadro.
Arratsaldeko estudio bisitetan ez dakit zerbait argi geratu zaidan. Burua lauso nuen. Berriro joan beharko naiz beste egunen batean. Hamar egun ditut aurretik oraindik, izan ere!
Hilton hoteleko emanaldi-aretora eraman nau Oscarrek gero. Castellanan dago. Zementu gogorreko eraikina da. Hemen denak ematen du horrelakoa. Baina gozamena ere aurkitu daiteke.
Bi kantari zeuden. Bat blonda, amerikarra, Doris Day zirudiena. Bestea beltzarana, espainiarra, Brigitte Bardot zirudiena, oso ederra. Abesti amerikar, frantses eta espainiarrak kantatu dituzte. Baina dibertigarriena gerokoa izan da. Doris Day ezagutu dugu eta barrara joan gara. Luis izeneko gizon bat zegoen han, Oscarren laguna, eta Doris Dayrekin endredatua dabilena. Flamenko sekzioa atera da agertokira, The Firefly-ko konpainia deslai bat izango balitz bezala. Ene, zeinen argalak ziren dantzariak. Dibertigarria izan da. Batez ere emakumezko dantzariengatik, Eleanor Steber bezala aritu dira. Lehenengo Carmen-a egin zuenean bezala.
Oso merkea da hemen dena. New Yorkekin konparatuta, noski. Martini batek bi xentimo balio ditu.
Zerbait jan dugu gero baina nekatuta nengoen azkenerako eta etxera bidea hartu dugu laster.
Oscar eta nire bideak banatzen ziren puntura (nire hotela, Oscarren etxea) iritsi bitarteko paseoan elkarrizketa ilun samarra izan dugu.
Edonola ere, ea datozen egunek pixka bat argitzen gaituzten.
Diotenez, euriak jarraitu egingo du.
1960/03/24
Nolako poza John hotelean ikusi dudanean. Parisera joan zenetik elkar ikusten ez genuela, ia bost urte. Zeinen ondo iritsi dela. Oscar laguntza handia dut hemen, baina Johnek seguru beste giro bat ekarriko duela. Señor John Ashbery, bienvenido, esan diot hoteleko atarian ikusi dudanean (hitz berriak ikasi ditut), bere irribarre erdi ironiko erdi herabeti horrek berdin jarraitzen du.
Ez zuen jet lagik, noski, eta berehala batu zaigu. Ondo moldatu dira Oscar eta bera.
Pena da museotik ezin izan diotela ezer ordaindu, zeren seguru lan ona egingo duela. Gaurko bi estudioetara lagundu gaitu eta beti egiten ditu ohar jakingarriak. Baina Porterrek aurrekontu estua genuela esan zigun, ezingo geniola ordaindu. Barnean dituen arazoekin zerikusia du, nik uste.
Eta halere John etorri egin da. Hain da jatorra.
Canogar ikusi dugu lehenik. Argi nuen sartuko nuela, baina zoragarriak iruditu zaizkit erakutsi dizkidan gauzak. Egingo nuke espainiar onenetarikoa dela. San Cristóbal izenekoa erakutsi digu, bukatu berria. Ez da Matisse galeriako erakusketan egongo, ezta Guggenheimekoan ere. Ia pentsatu gabe hautatu dut. Margo aski handia da, inpresionantea. Beste batekin ari da lanean orain. Itxura bikaina du horrek ere. Bertikalean doa berria. Esan digu Toledo deituko diola ziur aski, eta hor hasi gara Toledora joateko aprobetxatu beharko genukeela. Johnek behin eta berriz esan digu. Eta ez dut baztertzen, baina ea denborarik dugun.
Estudio bisitak pilatzen ari zaizkit. Denek erakutsi nahi dizute inork ezagutzen ez duen artista bat. Ziur aski ez du piperrik balioko.
Baina inoiz ez dakizu, eta badaezpada joan egin behar zara, ea Picasso berri ezkutu bat den.
Momentuz ez zait halakorik tokatu.
Canogarrena ikusi ondoren, Velaren estudiora joan gara. Gustatu zaizkidanak Veneziara eramango ditu eta ezingo ditugu hartu. Obra berria egiten ari omen da. Baina presa dugu. Ezingo dugu sartu, ziur aski.
Baina Johni gustatu egin zaio gizona eta horrelakoetan ez dago zereginik. Tabernaz taberna eraman gaitu Velak. Tipo atsegina, bestetik. Kontua galdu dut, ez dakit zenbat ardo atera dizkiguten. Eta bakoitzeko janaria ekartzen dizute, gainera. Saltxitxak direla, txanpiñoiak direla, antxoak, olibak, arkume broxetak. Trago bakoitzeko ezberdin bat. Ikaragarria. Xentimo batzuen truke, gainera. Afaltzea bezala da, baina edan bitartean. Alderantziz, alegia. Gogoko dut formula hau.
Pentsaezina New Yorken.
Askotariko girotan egon gara, batetik bestera, beti zutik.
Jan-berriketa-edan-eta-martxa-estiloan.
Johnek eta Velak elkar ondo kausitu dute. Batere disimulurik gabe aritu da nire Ashes maitea. Ia lotsarazi egin nau uneren batean. Oso dibertigarri dago. Baina ordu baterako seko logaletuta nengoen, neure buruaren eta espainiarren harridurarako. Baina haiek ordu bietatik lauetarako siesta egin dute, eta nik ez!
Hotelera itzuli naiz. Gaur behintzat ez dut Oscarrekin hizketaldi arrarorik eduki.
Poema baten lehen zirriborroa idatzi dut: Orain Iberiak Madrilen lurreratu nauelarik eta pentsatu dezakedalarik, zugan pentsatzen dut.
Euria egiten jarraitzen du.
1960/03/25
Gaur ateri esnatu da eguna. Gelako leihotik ikusi dut argitzen, hodei trinkoen artetik ezkutuka pasatzen ziren argi izpi laranjek ikusmira zoragarria zabaldu dute Madrilen gainean. Velazquez kalean dago hotela, eta primeran ikus dezaket nire gelatik Retiro parkea. Iragaitzaz dabiltzan gizonak, zakurrarekin ateratzen direnak, korrika zihoan kirol talde bat-edo, jende deslaia oro har.
Bi estudio bisitatu ditugu goizean. John ez da etorri. Gustatzen zaizkion gizonak hautatu ditzadan nahi du beti, eta bisitatu dugun bigarrena, Feito, Espainiako artista ederrena da zalantzarik gabe. Zorionez, kasu honetan edertasun fisikoak eta artistikoak bat egiten dute, eta ez zegokeen gatazkarik. Ordea, bezperan Velarekin txoratu samar ikusi nuen eta, nago, ezingo dugula sartu. Ez dut uste sartuko dudanik. John sartzeko setatuko den arren. Ez izan setatia, Ashes, esan diot.
Bi aldiz bazkaldu dut gaur. Lehenengoan Oscarrekin, estudioak bisitatu ondoren. Gero, Oscar joan egin da eta John iritsi, eta berriz bazkaldu behar izan dut Johnekin.
Beste bi artista ikusi ditugu arratsaldean, Suarez eta Rivera. Ez dira gaizki egon, baina ez dira hain pikanteak, egia esan.
Trago batzuk hartzera joan gara berriro. Ordurako euria egiten hasita zegoen. Taberna berrietara eraman gaitu Oscarrek. Ez dira sekula amaitzen. Gezurra dirudi, egunero ezagutzen ditugu taberna berriak.
Ardo batzuk edan ondoren Johnek esan digu hotelera itzuli nahi zuela dutxatzera, eta Oscar eta biok bakarrik geratu gara. Eta solasaldi ekidinezina izan dugu.
Gauzak inoiz ez dira lehen izan ziren bezalakoak. Distantziek handitzeko joera izaten dute. Duela bi urtekoak ez digu gehiago balio. Ez dakit ulertu didan. Maitasunaren indar antzaldaezinean sinesten du Oscarrek. Akaso adina izango da, baina eszeptikoa naiz. Badakit gogorra dela. Ni ere ondo sufritutakoa naiz amodioaren aho min-eragilea. Ahal nuen modu gozoenean adierazten saiatu naiz. Baina hitzak ateratzen ez.
Ez dakit ulertu didan.
Hanka egin du bukatu dugunean. Gezurra esango nuke berak sentitutakoa dezepzioa ez dela esango banu.
Dezepzioa. A ze nolako hitza.
Hantxe geratu naiz. Mahaitik barrara mudatu naiz Oscar joan denean eta azken bat hartu dut.
Gero, Johnekin afaldu dut. Hotelera itzultzeko gogoz nengoen baina Johnek anbienteko taberna batera joateko konbentzitu nau azkenean. Ondo etorri zait. El Tres izena zuen, hiru esan nahi du espainieraz. Eskaileretan behera sartzen zara, kobazulo batean barneratuko bazina bezala. Alde batetik, mahaietan, gizon-bikote siniestroak hizketaldi kontrolatuak izaten, dena hotz, espanturik batere gabe. Barran, bestalde, erreginen saldoa, zarata eta zarata ateratzen. Horietako bat amerikarra zen. Zarata handia hark ere. Banan-banan joaten zen jende guztiarengana eta galdetzen zuen: gizonak gustatzen zaizkit, eta zuri? Texas Guinanek polizia iritsi ondoren bezala antzezten zuen. Gure lekua ez zegoen ez mahaietan ez barran. Baina ondo pasatu dut. Brandy bat hartu eta hotelera itzuli gara, beraz.
Gonzalez Roblesen gutuna jaso dut hotelera iristerakoan. Abegikorra. Bere irizpidea ezarri nahi du. Bartzelonara joan behar izan da eta ezin izan du orain nirekin elkartu. Bera ere artista gehiago sartu behar ditugulakoan. Ameriketan ezagutzen ez ditugun on askoak daudela. Ezin garela beti Tapies eta Chillida eta Saurarekin geratu. Betiko lau izenekin bueltaka ezin garela ibili, berak Parisen askoz gehiago sartu zituela eta arrakasta itzela izan zela. Porterrekin hitz egiteko, han egon zela eta ikusi zituela. Tira. Nik bidali nion zerrendatik aparte derrigor sartu behar omen ditudanak seinalatu dizkit: eskulturan Ferrant eta Oteiza, pinturan Vela eta Suarez. Ez daki Suarez eta Vela dagoeneko ikusi ditudala. Badut nire iritzia.
1960/03/28
Estudio bisita gehiago gaur.
Uste dut hona iritsi nintzenetik lehenengo aldiz deskantsatu ahal izan dudala ondo. Gaurko artistak ez nituen ezagutzen. Intereseko ezer gutxi ikusi dut. Ez dirudi hor zehar Picasso galdurik dagoenik.
Maria Droc eta Juana Frances goizean. Frances Guggenheimeko erakusketan sartuko dutela esan didate. Ez zait interesatu. Aukeran, Droc nahiago. Brotxakada espresiboak erabiltzen ditu. Tantakadak ere bai batzuetan. Berritasun gutxi agian, badu indarra, halere. Baina ez dakit. Zerrenda luzatzen hasia zait.
Bildumagile frantziar eta italiar batzuekin bazkaldu dut. Apuntatu ditut beraiek esandako izen gehiago, baina ez dakit, iruditzen zait oso gustu ezberdinak ditugula. Ez dugu zertan lotsatu. Entzuten ditut, kasu egiten diet, baina gero, estudioetara joaten naizenean, aurreko susmoak berretsi baino ez dira egiten. Haiek gehiegi estimatzen dute faza, estilo garbia. Guk indarra, espresioa da bilatzen duguna.
Arratsaldean Zobel, Farreras eta Rueda. Farrerasek bukatu berri duen bat erakutsi dit baina ez zait interesatu. Gehiago interesatu zait katalogo batean erakutsi didana. Beste obra batzuez ere mintzatu zait. Argazkiak bidaltzeko eskatu diot. Orduan erabakiko dut zer egin, baina barruan momentuz. Zobel ahula iruditu zait, Vieira da Silvaren antzekoa baina oinarririk gabe. Ruedak harritu egin nau hasieran. Oso aristokratikoa gustuari dagokionez, informatua. Luze hitz egin dezakezu harekin arteaz, ondo ezagutzen ditu mundu zabaleko artistak. Ikusi ditut egunotan koadro okerragoak, baina oihartzunak nabariegiak dira: Morandi, Tomlin.
Gaur ez naiz tragoak hartzera atera. Porter estutzen ari zait, zerrenda aurkezteko eta zerrenda aurkezteko. Espainiarrak gainean ditu dena prestatzen joateko: bidalketak, aseguruak, eta abar. Baina iritsi berria naiz-eta!
Behin-behineko zerrenda: ikusitakoak
Canogar Rivera
Millares Feito
Farreras Viola
Suarez
Ikusteke:
Serrano Muñoz
Chirino Oteiza
Tapies Subirachs
Cuixart Saura
Chillida
Ea behin-behinekoak konfirmatuta dauden galdetu dit Porterrek. Ezetz nik, itxoiteko egun batzuk. Ez da nire errua hain berandu hasi bagara. Ez naiz Bartzelonara abiatu ere egin-eta.
Gonzalez Roblesi erantzun diot. Erakusketa ezinbestez selektiboa izan behar dela. Leku jakina dugula museoan eta ezin ditugula hainbeste sartu. Erakusketa mugituko den beste espazioetan ere pentsatu behar dugu eta oreka mantendu. Hitz batean, ezin ditugu berak sartu nahi dituen adina sartu. Esan diot, aukeraketa nahiko probableak, Madrileko eremuan, honakoak direla: Canogar, Chirino, Feito, Millares, Rivera, Saura, Viola. Oraindik bisitatu gabe, baina Bartzelonako probableak: Chillida, Cuixart eta Tapies. Berak aipatzen dizkidanak aztertuko ditut. Subirachs ere ikusi nahi dut. Inolako konpromisorik gabe.
Tragorik gabe lotara gaur. Bihar egun luzea izango da.
1960/03/29
Chirinorekin goizean. Oscar ez da etorri behar izan Chirinok ingelesez badakielako. Ondo dago aldiro Oscar etorri behar ez izatea. Burdinazko bi pieza ikusi ditut eta gustatu zaizkit. Beste bitan ari da lanean. Argazkiak bidaliko dizkit. Nik uste sartuko dudala. Eskultoreen artean ez dago aukera handirik.
Muñozen bisitarekin ere gustura. Bere egurrezko koadroek merezi dute. Ez dira behintzat beste gauza batzuen erreplika hutsak.
Oscarrekin bazkaldu dut eta Pradora joan gara. Azkenik.
Goyaren pintura beltzen aretora joan naiz zuzenean eta gero besteak ikusi ditut pixkanaka. Gaur jakin dut museoko margo originalak bere etxeko horman margotu zituela zuzenean. Geroago pasatu zirela mihisera. Ez nuen ideiarik ere.
Oscar momentu batean nekatu egin da eta etxera egin du martxa.
Nik museoan jarraitu dut. Banuen denbora pixka bat.
Zeinen txundigarriak diren margo beltzak. Liluraturik geratzen zara. Sorginen historia horiei buruz galdetu behar dut iparraldera joaten naizenean.
Meninak ere ikusi ditut. Hobeezina da. Sinisteko zaila.
Pozik Pradorako astia hartu ahal izan dudalako. Egunak geratzen zaizkit hemen, baina lan karga ikusita, pentsatzen hasia nintzen ezin izango nintzela joan.
Hoteletik pasatzeko astia izan dut, pixka bat deskantsatu dut. Vincenti eskutitz bat idazten hasi naiz baina ez nuen denbora nahikoa bukatzeko. Ea datozen egunetan. Hemen gertatzen ari den guztia kontatu nahiko nioke.
Hainbeste dut faltan.
Gelatik atera naiz eta behean John nuen zain. Millares eta Canogarrekin tablao batera joan gara. Horrela deitzen diote.
Aulki txikietan esertzen dira eta dantzan egiten dute txandaka.
Rosa Duran izeneko dantzaria zen izarra. Zoragarria izan da. Carmen Amaya moduko bat baina sutsuagoa eta teatralki ez hain ebidentea. Soineko luze argia, parpaila amaiezinak, ile ezin beltzaranagoa.
Sekulako proiekzio psikologikoa zuen, pieza bakoitzak halako narrazio ezkutu bat zuela zirudien. Konturatu gabe hunkitzen zintuen.
Kantariak bikainak ziren baita ere. Eta kantuetako batzuk Lorcaren ijito baladetatik atereak ziren. Hain indartsuak dira dantzariak! Besoak gora altxatzen dituzte, zirkulu-erdi forman, eta oin bat goratzen direla irudi, toreroa zezenari estokea sartzera doanean bezala. Susana y Jose horretatik ezin urrutiago.
Gehien harritu nauena: ez dute modako mugimendu ikusgarririk egiteko interesik. Beren dohainak gordean mantentzea nahiago dute, nahiz eta estonagarriak diren.
Hamaiketan iritsi gara eta goizeko hiruretan, atera garenean, oraindik amaitu gabe zen.
1960/03/30
Madril hiri zoragarria da. Bukatu gabea (eraikin berri eta berritu gabe mordoa ikusten da) eta interesgarria. Zerua ikaragarria da. Herenegun, azkeneko estudiotik atera ginenean, zerua more eta urdin nahasketa modukoa zen, Grekoaren estilokoa, oso argitsua. Eraikin guztiek argi beix, arrosa eta urre eztiz eginak dirudite.
Beste batzuetan mirariz purua eta garbia eta antsikabea dirudi, eta parkeek itxura bera dute, baita plaza eta iturridun enparantzek ere. Berdin zaie nor dabilen haiek zeharkatzen, hori irudi. Beren buruaz ziur dira, eta ez dira saiatzen lorpen estetiko bat adierazten, Parisko lekuek edo Erroma eta Veneziako piazzek egiten duten moduan.
Ez dakit zergatik sentitzen dudan hori guztia hain gozagarri, baina halaxe sentitzen dut.
Palazuelorekin elkartu naiz goizean. Ondo moldatu gara frantsesez. Bere material gehienak Parisen ditu eta, beraz, bildumagile batengana eraman nau lan batzuk ikustera. Madrileko eraikitzaile handiena omen da, eta oso apartamentu elegantean bizi da, estilo moderno bikainekoa: horma batean harrizko mural purista bat, zuria zuriaren gain, zenbait eskultura idulkietan eta beste zenbait zintzilik, ikuspegi ederrak, eta paradisuko txoriaren lumez egindako edergarriak. Horiexek beixak, grisak edo beltzak ez diren kolore bakarrak.
Onartu beharra dago, ikusi ditudanen artean onenetarikoa da. Baina bere artearen izaera geometriko hori ez da oso ondo bat etorriko erakusketarekin oro har. Pinturan behintzat. Bere azkeneko obrak Parisen ditu. Maeght galerian. Hara iristean begiratuko ditut.
Frantses-euskal eskulturagile batez hitz egin dit.
Jean-Robert Ipousteguy. Claude Bernard galeriarekin egiten du lan. Ea Parisen ikusterik dudan.
Zinemara joan gara iluntzean. Muerte de un ciclista ikusi dugu, Bardemena, Lucia Boserekin. Ez zait gehiegi gustatu. Gidoi naifa. Trukoz beteriko muntaia.
Aspergarria, azken batean.
Harrituta nago zenbat sari jaso dituen. Zine espainiarraren maila orokor txarragatik izango da.
Irteeran Oscarrek kontatu diguna izan da eguneko gauza dibertigarriena. Ava Gardner ikusi izan du Madrilen hainbat aldiz. Asko edaten omen du, bederatzi-hamar martini hartzeko gauza omen da eta seko mozkortzen. Mozkorrik ere, beti mantentzen du duintasuna.
Etxe bat erosi omen zuen Madril kanpoaldean, baina ezin izan zuen telefonorik instalatu. Linea ez zen haraino iristen, antza. Orduan, etxea saldu zuen. Telefonorik gabe bizitzerik ez. Erroman erosi du etxe berria.
1960/03/31
Biosca galerian erakusketa bat egin nahi dute MoMAra eramango ditugun obren hautaketa batekin. Interesatzen zaigu, baina data aldetik arazoak ditugu. Zalantzak ditut bidalketekin. Ea espainiarrek ondo eta garaiz egiten duten, haiena baita ardura.
Ez dugu Droque enpresa erabili behar bidalketarako, Minneapolisen atzerapenak daude. Macarron erabiltzeko (onak dira) esan digute. Matisse galeriak erabili izan du.
Bioscan ere estutu naute zerrendaren kontuarekin. Seguru atzean Ruiz Morales eta Gonzalez Robles dabiltzala. Idatzi nion Ruiz Moralesi Madrilen biltzeko baina ez dut erantzunik jaso oraindik.
Millares, Canogar eta Chirinorekin bazkaldu dut jatetxe-zulo batean. Gustatzen zaizkit leku horiek. Gehiegi luzatzen gara, baina.
Morroi atsegina da Millares. Momentu batean espainiar gobernuaz hitz egin dit disimuluan. Sauraren errezeloez eta Tapiesen boikotaz. Bera ere haien aldean dago, baina ez du bere karrera arriskuan jarri nahi. Beldur da. Ulergarria da. Tapies nor da halako zerbait egiteko askorik galdu gabe, baina bera? Artista ona da. Konprenitzen dudala esan diot, baina gu lotuta gaude, ezin gara kontu horietan sartu. Harreman ona dugu, batez ere Gonzalez Roblesekin.
Ziurtatu diot aukeraketa nire esku egongo dela. McCrayk babesten nau. Eta irizpide bakarra artistikoa izango da.
Eskertu dit argi hitz egitea Millaresek. Hori hala bada, ez du uste Saurarekin arazorik izango dugunik.
Astuna da borroka politikoetan oreka bilatu behar hau, zure lana arte komisario izatea denean. Espero dut prozesua ez gehiegi okertzea aurrerantzean. Errazagoa da beste herrialde batzuekin lan egitea.
Edonola ere, maitagarria zait Espainia. Batzuetan amets egiten dut hona natorrela Vincentekin. Gustura biziko nintzateke denboraldi baterako.
Atsegin dut baita ere Canogar. Amerikar batekin ezkondu da eta harako bisita gehiago egingo ditu. Ameriketan bakarkako bat egin nahian dabil. Uste dut Bertha Schaeffer galeriarekin zerbait hitz egin duela honezkero. Elegantea da kromatikoki eta, era berean, indar espresibo handikoa. Eta askatasun handikoa.
Arratsaldean Juan Huarte bildumazalearekin elkartu naiz. Oteiza batzuk erakutsi dizkit. Ez zaizkit gehiegi interesatu. Ez badugu obra hoberik aurkitzen ez dugu sartuko. Kontua da orain Hego Amerikan dela eta ez dagoela harekin biltzerik. Ameriketan dituen obrak ez badira sekulakoak (eta ez dut uste izango direnik) ezingo ditut sartu. Washingtongo Gress galerian haren obra batzuk omen daude.
Reneeri idatziko diot haiekin harremanetan jartzeko eta argazkiak bidal ditzaten. Baina ez dugu asti askorik.
Hoteleko gelatik hiriko argiei begira geratu naiz lo aurretik. Iruditzen zait hilabeteak daramatzadala hemen, eta astebete baino ez daramat. Nekagarria eta dibertigarria da aldi berean.
1960/04/01
Silo galeria berria bisitatu dut. Artista gazte askorekin ari da lanean. Gauza interesgarriak ikusi ditut. Serranoren pieza txiki batzuk erakutsi dizkidate, inpresioa eragin didate. Erakusketarako handiagoak aukeratuko ditut, baina onak dira txikiago hauek ere. Bestelako artistak ere bazeuden, ezezagunak. Gure museora eramatekoak ez oraindik.
Rastrora joan naiz Johnekin. Ametsezko leku bat da, Gau arabiarrak-eko ipuin batean sartuko bazina bezala. Han ibili gara postu guztietan usnan, ia galdu gara momenturen batean.
Gero Sol plaza ingurura mugitu gara. Johnek beste traje bat erosi du, hirugarrena jada. Jaka bat erostera kuraiatu nau. Polita zen eta berak eros nezala eta eros nezala. Baina ez dut ezer erosi.
Uste dut hainbeste arropa erosteagatik sentitzen duen kulpa sentimendua samurtu nahi zuela. Baina ez dut ezer erosi.
Gaurkoa izan da orain arteko egun samurrena. Bihar Toledo bisitatzera joango gara.
1960/04/02
Oso ederra da Toledo. Zenbait Greko bikain ikusi dugu. Orgazko kondearen ehorzketa ere bai.
Katedrala zoragarria da. Jesukristo ageri da biluzik, eta bi aldeetako hormetan (aldarearen gainean), Grekoaren hamabi apostoluak. Autorretratuak dirudite. Bereziki ona da San Pedrorena negarrez. Hain da ona.
Hiria bera pintura kubista handi bat bezalakoa da. Tajo ibaiak inguratzen du erabat, eta ibilaldi bat egin dugu inguruko muino zilarrezko batera hiriaren ikuspegi osoa edukitzeko. Olibondo zuhaiztiak ikusi ditugu, urdin leun.
Bueltakoan Oscar batu zaigu eta baita Vela ere. Johnek esan dio etortzeko, antza. Bere koadroez aritu zait. Veneziara bidaliko dituenez (esan diot berriro ere horiek ezin ditugula hartu) eta egiteko bidean dituenez. Ikusiko genuela esan diot, ezin dugula ezer ziurtatu.
Johni esan diot gero mesedez ez nuela gehiago lan kontuez hitz egin nahi. Moldatu da.
Tabernaz taberna ibili gara beste behin, eta dibertigarria izan da. Oscar ere lasaiago ikusi dut. Aurrekoan jakin nuen berak ere bikotekidea duela, eta zenbait bihotz hautsi utziak dituela hirian zehar. Aurrekoan El Tresen ezagutu genuen gizon gazte bat, esaterako.
Edonola ere, gaur beste taberna marika batean bukatu dugu. Carlos izeneko tipo bat ezagutu dugu. Amerikarrak ginela jakin duenean gerturatu da. Harrigarria izan da.
Ez dugu gehiago jakin nahi izan. Jimmyren lagun ohia dela esan digu.
Barre asko egin dugu, eta Oscarrek eta biok atea jo eta atezainak sartzen uzten zizunean itxita geratzen zinen taberna batean bukatu dugu, speakeasy horietako bat balitz bezala. Azkeneko eguna Madrilen eta Oscarrekin despeditu naiz. Auskalo noiz ikusiko dugun elkar berriro. Gozoa izan da, atsegina. Badirudi dena aldatu dela Madrilen lur hartu nuenetik.
Berriro ohartu naiz ez dakidala non kokatu neure burua. Erreginek gorroto naute eta margolari heteroek gustuko.
Nire patua dela dirudi.
Baita Espainian ere.
1960/04/03
Trenez egin dugu Bartzelonarakoa. Ederra da Johnekin bidaiatzea. Eskerrak bera dagoen. Bestela Vincenten hutsunea sakonago sumatuko nuen. Bakardade ernegagarri hori. Baina Johnekin bestela da.
Treneko kafetegian musikari batzuekin batu gara. Everly Brothersen bertsio espainiarra nolabait, beren tupe ondo orraztuekin. Frantsesez moldatu gara haiekin eta luze egon gara hizketan. Larunbatean kontzertu bat emango dute Bartzelona ondoko herri batean. Joango garela esan die Johnek segurantziaz.
Bagoi-jantokian Dietrich eta Erich von Stroheim ziruditen bikote bat ikusi dugu txorizo sandwich bat jaten. Eta Vichy Catalan botila bat.
Bero hartu gaitu Bartzelonak. Gare de France zoragarrira iritsi gara, eta Parisera iristen ari ginela zirudien. Eternala egin zaigu bidaiaren azkeneko zatia, hain poliki zihoan trena. Nahiko lan izan dugu nire liburu tonak eta Johnen arropa guztiak bagoitik ateratzeko. Bibote lineala zuen langile jator batek lagundu digu. Taxi batek eraman gaitu katedral ingurura eta hantxe hartu dugu ostatu, Colon hotelean. Ikusi dugun lehen gauza argiztatutako iturri dotore bat izan da. Jarraian katedrala, hura ere ondo argiztatuta, primeran ikusten ziren beirateak. Kanpotik begiratuta, ez zirudien hor hotel bat zegoenik eta hasieran zalantza egin dugu. Madrilekoa baino xumeagoa da baina ondo dago kokatuta. Harrera-lekuan Vincenten eskutitz bat nuen zain. Hori izan da onena.
Jendetsua da ingurua. Dibertigarria izango da.
Gogoan dut 58ko bidaian ondo gozatu nuela Madrilez. Oraingoa are hobea izan da.
Agian Vincent nirekin dagoela sentitzen dudalako. Esan nahi dut, ez fisikoki nirekin, baizik eta nire BIZITZAN. Ia egunero idazten diot eta nirekin egongo balitz bezala da. Edonola ere, Madril zoragarria izan da. Oxala noizbait denbora luzeagoz etortzerik banu.
Orduan ere harritu ninduen 2:30 p.m.-etan bazkaltzeak eta geroko loaldiak. Eta 10:30 p.m.-etan afaltzeak eta, agian, 2:00 a.m.-ak arte parkeetan zehar ibiltzeak. Gaua distiratsua zen eta distiratsua izaten jarraitzen du, gau-argi piztu horiekin guztiekin.
Madriletik zuzenean Erromara egin genuen, eta gero Venezia, eta Berlin, eta Paris. Bidaia gustagarria izan zen hura ere.
Orain Bartzelonak itxaroten gaitu. Espero ez hutsik ematea.
Zalantzak ditut Mier, Planell, Tharrats eta Subirachsekin. Ea egunotan argitzerik ditudan.
1960/04/04
Tharratsekin geratu naiz. Bere pinturak erakusketa osoarekin ondo etorriko dira. Badu Canogarren zerbait, eta beste ukitu ezusteko batzuk. Arte kritikaria da baita ere eta luze jardun gara Espainiako egoeraz. Oso baliagarria izan zait esan didana, irekitasun osoz mintzatu zait. Alexis Zalstem-Zalessky andereari Tharratsen obra baten argazkiak eskatu beharko dizkiot.
Argia da. Luze jardun gara arteaz. Bartzelonako taldearen kideetako bat izan zen. Buru teorikoa agian. Idatzi ere egiten du, arteaz gehienbat.
Guell parkera eraman gaitu John eta biok gero, haren etxe alboan dago. Fantasiazko mundu bat dirudi parkeak. Maitagarri-ipuinetako leku bat. Jengibre-pastelaren azken garaipena. Forma kiribildu ezinezkoak, azulejuzko mosaiko koloretsu eta distiratsuak, landarediaren oparotasuna, azukre-hautsezko eraikinak… Johnek bidaiarako ekarri duen argazki makina baliatu dugu zenbait argazki ateratzeko.
Paseo luze samarra eman dugu, bide berberetatik behin baino gehiagotan pasatu gara, edo akaso ez, eta ni izan naiz azkenerako orientazioa galdua nuena. Halako joritasun mozkorraldian.
John pozik ikusten dut. Uste dut zerbait idazten hasi dela. Pozik gaude berriz ere elkarrekin gaudelako. Seguru New Yorkeko lagunak inbidiatan ditudala. Aurreko bidaian Barbararekin egon nintzen Parisen, oraingoan han bukatuko dut Johnekin. Nik denbora gutxi dut idazteko, baina ahal dudan guztietan hartzen dut astia. Nahiko izerdi ari naiz botatzen museoko kontuak direla-eta.
Katedralera bueltatu naizenean gizon bat ari zen gitarra jotzen plazan. Deabruek bezala jotzen zuen, sokak afinatu gabe, izugarrizko astinduak emanez. Soken astintzea gehiago entzuten zen haiek ateratzen zuten soinua baino. Mexikar bat ere jo du. Jende asko zegoen inguruan eta koroak egiten zizkioten. Ni ere saiatu naiz. Barregarria izan da.
Hotelean zenbait eskutitz idatzi ditut. Vincententzat lehena. Euskal eskultore bati idatzitakoa bigarrena. Harekin bilduko naiz Irunen, ea Oteizaren obra gehiago ikus ditzakedan. Arazo handia dugu Oteizarekin Hego Amerikara joan delako komisio baterako obra bat exekutatzera. Ea zer erakusten didaten Irunen. Bestela Ameriketakoetatik hartu beharko ditugu. Baina bikainak izan behar dira. Hiru gutxienez.
Informazio teknikoa pasatu didate eta Canogarren eta Millaresen piezak uste baino handiagoak dira. Ez dakit nola konponduko dugun. Reneeri ere idatzi diot. Uste baino korapilatsuagoa egiten ari zait dena.
Normala da agian. Johnek askoz ere baikortasun handiagoz ikusten du dena. Eskerrak John dudan aldean. O, Ashes!
1960/04/05
Laino izpirik ez zen esnatu naizenean. Kolore partikularra du zeruak hemen, badirudi Ameriketan ezagutzen nuena baino handiagoa dela.
Espainiarrek kolore hitsagoak erabiltzen dituzte, gorri-horiak, beixak, tonu ugertuak, grisak, beltzak, lehoi-koloreak. Neure buruari galdetzen diot ea zerikusia izango duen munduak leku honetan hartzen dituen tonalitateekin.
Edo agian Mediterraneoaren kontu bat da. Bartzelona, Erroma, Atenas...
Guinovart eta Alcoyren estudioak bisitatu ditut. Zalantzak argitzeko balio izan didate. Ez dira sartuko.
Tapiesen gaia delikatua da. Ez du erakusketa honetan bere burua nahasi nahi. Ulertzen ditut bere arrazoiak. Baina bere obrak behar ditugu. Ez digu oztoporik jarriko besteren bildumetan topatzen baditugu obrak. Martha Jacksoni deitu diot, harekin egiten du lan aspalditik. Space oparitu zion museoari 56an.
Bakarkako bat prestatzeko asmoa omen dute bere galerian. Baina datorren urtean ziur aski. Gurea aurten denez koadro batzuk mailegatzeko prest dago. Momentuz, interesekoak:
Porta marró, 1959.
Jeroglífico, 1958.
Evening, 1956.
Beste obra batzuk ere baditu Ameriketan: Richard K. Weil, Gress Gallery, Isabel Raphael, Mary galeria, Morton Neumann, Richard Brown Baker. Alemanian ere badago bat Jackson galeriakoaren antzekoa. Bartzelonan Samaranchek hainbat lan ditu.
Ferrant batzuk ere baditu Jacksonek, argazkiak eskatu dizkiot. Baina ez dugu tarte askorik jada artista gehiagorako. Hori da errealitatea.
Madrilekoa baino lasaiagoa izaten ari da Bartzelonako egonaldia. Oscarren falta sumatzen dut. Batez ere tabernaz taberna ibiltzeko, hiriko zuloetara joateko. Hemen gehienek frantsesez dakite eta ondo moldatzen gara. Cuixartekin geratu gara bihar eta leku batzuetara eramango gaitu.
1960/04/06
58ko Erromako egonaldiaz akordatu naiz gaur. Byron egon zen hotel atsegingarri batean geratu ginen. Ez dakit Cary Grant eta Sophia Loren hotel honetan geratu ziren. Seguru asko Palacen geratuko ziren, Primo de Rivera pasealekuan. George Orwell ere hemendik ibili zen, baina ez dakit non hartu zuen ostatu.
Dibertigarria da, zergatik etorriko zitzaidan oroitzapen hori? Treviko iturria nazkagarria egin zitzaidan, askoz ere ederragoak egin zitzaizkidan Espainiako eskailerak. Horregatik beharbada.
Iluntzean Cuixartekin batu gara John eta biok. Jatetxe dotore batera eraman gaitu. Teilatu altuak eta espazio zabalak, zerikusirik ez Madrilen ezagutu genituenekin. Zerbitzari elegante batek hartu gaitu, tximeleta-begizta eta guzti, eta momentu batez Upper West Sideko jatetxe batean geundela zirudien. Janaria espero baino kaskarragoa, motel samarra oro har gure ahosabai erreentzat, eta legatzak sandalia zaporea zuen. Hor jardun gara John eta biok gatz eta piperbeltz eske, ez baitzuten bestelako ongailurik.
Xanpain pindartsua atera digu Cuixartek, zeinen gozagarria zegoen. Ez dakit zenbat botila hustu ditugun mahaitik altxatu garenerako.
Inguruko tabernetan jarraitu dugu, horietako bat Gaudiren estiloko dekorazio kiribiltsuarekin.
Zonalde hartako historia urbanistikoa kontatu digu Cuixartek. Interesgarria izan da. Hiribide zuzen ordenatuak eraiki zituzten aurreko mendearen amaieran, maparen gainean doitasun geometrikoz ezarriak. Manhattango zabalgunean inspiratu ziren hiribide handientsu horiek eraikitzeko. Baina hemen eraikinak tamaina ertainekoak dira. Ez dituzte sei-zazpi solairu baino gehiago normalean. Eta badirudi denborak ez diela New Yorken bezala eragiten, denbora luzeagoz irauteko eraiki direla.
Jatetxetik atera garenean erdi zorabiaturik sentitzen hasi naiz. Heste-mina ere etorri zait, aspaldi ez bezala. Lehenengo brandyekin baretu zait pixka bat. Ez diot buelta eman erabat, ordea.
Okerrena azkeneko tabernatik atera garenean izan da. Cuixartek bere etxera gonbidatu gaitu azkenekoa hartzera. Su bizian nuen sabela eta eusten ahalegindu naiz. Atarira sartzekotan ginenean, baina, atzera egin dut, eta kalean parkinatuak zeuden bi kotxeren artean bota dut dena goitika. Han joan dira ganba, hostopil, legatz eta bestelako guztiak. Eskerrak ez dudan behintzat atarian bota. Cuixart gizajoa.
Hotelera lagundu nau Johnek. Ez zait sabela oneratu, baina behintzat ez dut berriro oka egin. Xanpain gehiegi edan dut konturatzerako. Hainbeste burbuilatarako ohiturarik ez.
O, burbuilak.
1960/04/07
Planellekin egon naiz gaur. Ezingo dut hautaketan sartu.
Johnek portu aldera joatera gonbidatu nau. Baina hotelean geratu naiz.
Vincent geroz eta gehiago dut faltan. Eskutitzekin ez zait nahikoa. Baina bozkarioz jasotzen dut bidaltzen didan eskutitz bakoitza, noski.
1960/04/08
Arte garaikideko museo berri bat irekiko dute Bartzelonan. Gracia pasealekua, 11. Zinema-areto bateko kupulan kokatu dute, atari erdi ezkutu batetik sartzen da. Auriole andereak abegikor hartu nau, Alexander Cirici zuzendariaren bulegora eraman nau. Luze solastatu gara. Urteak daramatzate museoa ireki nahian. Oztopo mordoa eduki dute, baina azkenean lortu dute. Ez omen da zehazki beraiek buruan zutena, baina zerbaitetik hasi behar. Egia esan, kokalekua edozer gauza da egokia baino. Frankismoaren pean arte garaikidearen alde egitea ez da erraza izango, imajinatzen dut. Nahiz eta hor dagoen Gonzalez Robles bezalako norbait. Oro har, Espainian aurrera begiratzeko nahiko lan dutela ematen du. Batez ere instituzioetan.
Baina gero artista gazte belaunaldi hau dago. Eta Cirici bezalako bakarlariak.
Tipo serioa da, baina berehala antzematen diozu kemena. Ezagun zaio Frantzian ikasi zuela artea. Tapiesen espezialistetako bat da. Eta arte katalanarena, oro har.
Luze hitz egin dugu espainiar arteaz. Zuhurra izan da, eta horrela nahiago. Nik ere halaxe jokatzeko erraztasun handiagoa dut horrela.
Ekainean irekiko dute museoa. Lastima ordurako ni bueltan egotea. Moises Villelia izeneko eskultore baten erakusketarekin irekiko dute. Apuntatu dut, ez zuen itxura txarrik.
Sagrada Familiara eraman gaitu John eta biok. Ederra izan da. Ondo ezagutzen du Gaudiren lana eta azalpen ohargarriak eman dizkigu. Bistan da guri baino gehiago gustatzen zaiola. Bisita atsegingarria izan da, hala ere. Gehiago dago eraikitzeko eraikita baino, eta agian horregatik izango da. Polita da orain arte eraikia dagoena osatuko duten formak eta egiturak imajinatzea. Hain da imajinazioaren pizgarri Gaudiren estiloa.
1960/04/09
Subirachs ere alde batera utzi dut.
Gaspar galeria bisitatu dut. Hiriko galeria garrantzitsuena da, belaunaldi gazteko artista gehienek egin dute lan harekin. Gaspar leinuaren galeria da. Oraingo zuzendariaren osabak sortu zuen mendearen hasieran. Picassorekin harreman zuzena dute, baita Mirorekin ere. Benetan da garrantzitsua leku hau.
Zabalgunean kokatua dago, Gracia pasealekutik gertu. Ciricirekin ere harreman ona dute, arte klub bat sortu dute haiekin ere.
Arte mugimendu bizia dago hemen. Madrilekoa bezain bizia, gutxienez, nahiz eta ez den hain ezaguna. Bien artean disputak dituzte, Ameriketan New Yorkeko Eskolaren eta l’Ecole du Pacifiqueren artean dituzten bezala-edo. Dagoeneko ohartu naiz, hobe gai batzuk mahaigaineratzen ez baditut. Bartzelonako taldea, gainera, lehenagokoa da.
Cirlot ezagutu nahi nuen baina ez dago hirian orain. Denek hitz egiten dute hari buruz hemen. Surrealistak itzuli ditu, eta Kleeren idazkiak ere bai. Ea bere testu batzuk lortzen ditudan egunotan, denek esaten didate oso lagungarriak izango zaizkidala. Aurretik bere Arte Contemporáneo bidali zidan Gonzalez Roblesek. Goi-mailako intelektuala dirudi. Poesia ere idazten du, eta pianoa jotzen. Hainbeste gauza konpartitzen ditugu! Lastima hirian ez dagoela.
Gaur bai, portu aldera joan naiz Johnekin. Aurretik, kale ezin estu eta bihurriagoetatik ibili gara, tabernaz taberna. Beren vermouth famatua dastatu dugu, eta itsasaldera jaitsi garenean, itsas armadako militar andana ikusi dugu fragata batetik ateratzen. Hasieran scoutak zirela pentsatu dugu eta barrez lehertu beharrean egon gara.
Haietako batzuen aldamenean afaldu dugu portu ondoko auzoan. Gazte eder askoak denak, uniforme tenk horiekin guztiekin. Arrautzez betetako platerak jan dituzte, elkarri etengabe adarra jotzen zioten bitartean. Kantuan bukatu dute denek. Johnek ezin zion barreari eutsi eta ni ere kontagiatu nau azkenerako.
1960/04/10
Azkeneko eguna Bartzelonan. Gauzak nahiko itxita daramatzadala esango nuke. Zalantza handienak Oteizarekin eta Palazuelorekin.
Gauean Donostiarako trena hartuko dut.
Goiza idazteke nituen eskutitzak idazten eman dut. Porter, Renee, Gonzalez Robles. Hemendik aurrera Parisera idazteko gaztigatu diet. Hotel Particulier.
Egun lainotsua gaurkoa, eguerdian euri pizar bat egin du.
Arratsaldeko ordu libreak aprobetxatu ditut Montjuiceko museoa bisitatzeko. Itzelezkoa da, pintura katalanaren bilduma bikaina gordetzen du. Eta hiri osoa ikusten da handik. Nazioarteko Erakusketarako eraiki zituzten pabiloiak hiriaren bebarrua izango balira bezala. Bi dorre gorrikarek bisitariari ongietorria egiten.
Gozagarria izan da Bartzelonako egonaldia. Baina ez dakit. Gehiago goza nezakeelako irudipena dut. Lan pilaketak sobera zamatu nau agian. Edo agian Vincentekin egon nahi dudalako. Edo tripako oinaze hauek. Oraindik erabat joan ez zaizkidala dirudi.
Shanghai Expressaren moduko tren bat ailegatu da geltokira. John Marlene Dietrich eta ni Clive Brook, hori erabaki dugu. Ohe-bagoi bat da gurea, bi ohatzeduna. John eta biok beheko oheetan jarri gara. Ez da erraza hemen deskantsatzea. Trenaren zarata gorgarria.
Eskerrak taberna gau osoan dagoen irekita.
Hara joan naiz gauerdian brandy bat hartzera. Cirloten artikuluak irakurri ditut. Ona da. Eskutitz bat idatziko diot. Tapiesi buruz idatzi duen liburua falta zait. Zuzenean New Yorkera bidaltzeko eskatuko diot.
Langarturik hartu gaitu goizean Donostiak, martiri izena duen Espainia iparraldeko hiri honek.
1960/04/11
Zeinen hiri ederra den hau. Zirkulu erdia den hondartza mehe bat du, eta badiaren erdian irla bat dago, pintore klasiko batek bere koadroan azken momentuan jarritako edergarri gisara. Gure hotelak badiara ematen du eta, langarra gorabehera, bista zoragarriak ageri dira. Lastima da gau bakarra geratuko garela hemen.
Donostia bisitatzea gerraurreko Europara itzultzea bezala da. Gure hotela estilo ingelesekoa da, baina hiriak, oro har, ukitu frantsesagoa du. Hemen ere Tout-Parisak ikusten dira badiara ematen duen pasealekuan bueltaka. Jostundegi onenetan erositako soineko eta janzkiak.
Hiri-altzariak, pasealekuak, kasinoa, ibaiaren inguruan altxatu zituzten eraikinak. Parisera eramango gaituen bidaiaren preludiotzat har dezakegu hau dena.
Irailean zinema jaialdi bat ere antolatzen dutela esan digute. Oxala noizbait etortzerik banu. Melvyn Douglas egon zen iaz. Côte d'Azurreko hiri batean gaudela dirudi.
Johnek Madrilen erositako janzkietako bat estreinatu du.
Taxian joan gara Chillidarenera. Frantziarako bidean gora dago bere etxea. Aldamenean berdina den beste etxe bat dago eraikia, beste jabe batzuena. Inguruan etxeak binaka eraikitzea ohikoa dela esan digu Chillidak, adeitsuki hiriaren eta bere auzoaren zenbait xehetasun eman dizkigunean. Pixka bat gorago arkitekto bat bizi da. Errepidean behera aurreko mendeko pintore espainiar bat bizi izan zen urte luzetan. Ez dut izena apuntatu.
Etxearen atzealdean utzi gaitu taxiak, eta handik irten garenerako Chillida zain genuen atarian bere emaztearekin. Barkamena eskatu digute, hilabete gutxi dira etxe honetara aldatu zirela, eta oraindik txukuntze lanetan ari dira.
Ondo moldatu gara frantsesez, eta berehala eraman gaitu behealdean duen estudiora.
Pariseko urteez aritu da batez ere Johnekin. Hango leku eta jendea izan dute hizpide. Zenbait ohar hartu ditut Parisera iristen garenerako.
Ez da hainbeste urte lehen erakusketak egin zituela baina garbi dago jada artista osoa dela. Ondo hartu gaitu; hala ere, bistan da ez diola gure erakusketak hainbeste ardura. Artista askori ez diot besterik nabaritu, kosta ahala kosta sartu nahi dute gure erakusketan, baina ez da hori Chillidaren kasua. Ondo kokatua dago nazioartean, eta bakarkako erakusketak prestatzen dihardu.
Ez da harritzekoa.
Guk sartu nahi dugu, noski, eta obrak lortzeko aukerez jardun gara. Zertan ari den erakutsi digu, pieza ikusgarrietan ari da lanean, baina ez dira erakusketara iritsiko. Ez du premiarik ere.
Ameriketan dauden pieza batzuez hitz egin digu. Zadoktarrek duten bat, Otto Gerson galeria. Argazkiak erakutsi dizkigu. Parisera iristean Maeght galeriara joan behar gara han dituztenak ikuskatzera. Palazueloren gauzak ere badituzte. Adiskide dira eta atseginez hitz egin digu hartaz.
Ez dizkiot aitortu Palazueloren inguruan ditudan zalantzak, erakusketa honetan enkaje zaila ikusten diodala. Esan izan banio ere ez ninduke estutuko seguru asko. Gizon patxadatsua da, inoren kontuetan sartzen ez den horietakoa. Euskaldunak halakoak direla esan ziguten Katalunian.
Tabernaz taberna ibiltzeko Vela eta Cuixart hobeto, hori bai. John aspertzen ikusi dut momenturen batean.
Lorategira atera gara, brandy batzuk ekarri dizkigute. John pixka bat animatu da. Zein hoteletan gauden galdetu digu. Hiriko onenetakoa dela aitortu digu, baina bere familiak baduela hotel bat handik gertu, eta jakin izan balu han egingo zigutela lekua. Eskertu diogu detailea, baina gau bakarra pasatu behar dugula azaldu diogu. Parisen egon behar gara bi egun barru.
Ondoko etxetik ume-ahotsak entzuten ziren. Barkamena eskatu digu, nekaezinak direla bizilagunen umeak. Etxeen izenez jardun gara. Villa Paz, Villa Maitena...
Joan baino lehen momentu bat itxoiteko eskatu digu. Etxera sartu da eta lorategian geratu gara gu, inguruetara beha. Litografia eta marrazki banarekin etorri zaigu. 43/120, 76/100. Eder askoak dira.
Txunditurik eta esker onez beterik agurtu du Johnek. Bisita aparta izan da, azken batean. Honek MoMAk ordaindu behar zidan soldata baino gehiago balio dik, esan dit Johnek txantxetan. Oinez itzuli gara hotelera. Ateri zen behingoz.
1960/04/12
Goiza libre genuen eta kai aldera joan gara. Minutu eskasera genuen oinez. Chillidak inguru horretatik paseo bat emateko gomendatu zigun.
Oskarbi zen baina itsasoa harro.
Parte Zaharrean dagoen elizan ikusi dugu San Sebastian gezikatua. Soina biluz, ezkerreko besoa lepoaldera eramana, keinu etsia. Vincentekin akordatu naiz kamiseta laranjarekin, espero dut bere eskutitzak Parisen zain edukitzea.
Donostia gainean dagoen mendiaren azpitik joan gara badiarantz.
Kai txikia da hemengoa. Txalupa txikiak gehienak, arrainez betetako itsasontzi bat sartu da. Zerbait ikusi dugu txalupa artean flotatzen. Inguruan begira zeuden gizon batzuek esan digute “Pero! Pero!”, txakur bat zela alegia.
Kanpoaldean emakume batzuk itsaskiak saltzen, eta beste bat atari batetik ume talde bati oihuka, izen guztiak bata bestearen atzetik zerrendatzen. Gertu ikusi dugu ume saldoa, neska eta mutil. Ez zirela espainieraz ari konturatu gara, hemen hitz egiten duten beste hizkuntza horretan ari ziren, eta John hurbildu zaie bere espainiera eskasean.
Berehala hasi dira espainieraz haiek ere. Turistak ote garen galdetu digu mutiko ausartenak. Guk ezetz esan diogu, lanera etorritakoak garela. Neskato ilehori batek bere amak hotel batean egiten duela lan esan digu, baina ez zen gurea. Chillidak aipatu zigun beste horretan egingo ote duen lan galdetu diot neure buruari.
Barkamena eskatuz etorri zaigu deika ari zitzaien emakumea eta moilan dagoen etxe baten ataritik sartu dira denak. Harriturik begiratu gaituzte, estralurtarrak bagina bezala-edo.
Ez genuen denbora askorik eta kaia zeharkatu dugu beste muturreraino. Mendiari buelta ematen dion pasealeku bat dago, eta handik jarraitu dugu. Labarraren bazterretik egiten du, itsasoan zintzilik geundela ematen zuen momenturen batean. 40 oineko olatuak ikusi ditugu. Korrika egin behar izan dugu momenturen batean olatuek ez gintzaten busti. Eta, hala ere, batek harrapatu egin gaitu. Ikustekoa zen Johnen aurpegia janzki berriarekin blai eginda.
Korrika joan behar izan dugu hotelera aldatzera, arratsaldean Baionarako trena hartu behar genuelako. Azkenerako, barregarria izan da.
Azkarregi despeditu dugu hiri hau, baina ez dugu hemen lan kontu gehiagorik. Parisera bidean jarri gara orain. Faltan ditut Vincenten berriak.
Derangé Sur un Pont de L’Adour
Non da John bagajea erregistratzen tira
eta zergatik dago lokatz hau guztia Baiona ederra gainezkatzen
apirilaren 12a da eta inozoa naiz oraindik
aurora borealaren argiak Hotel Farnie-n barruratzen ari
1960/04/13
Oteizaren laguna den eskultore gazte batekin elkartzekoa nintzen Frantziako mugan baina ezinezkoa egin zaigu azkenean. Bart Baionan geratu gara lotan eta gaur arratsaldean Parisera. Ez dugu denborarik bidean bestelako geldialdietarako.
Estatu Batuetan dauden obrekin sartu beharko dugu Oteiza. Ez dakit nola geratuko den. Sao Paulotik pasatu ziren batzuk dira, behintzat. Argazkiak eskatu ditut berriro.
Miarritze bisitatu dugu goizean, Johnek ez zuen besterik buruan.
Kostalde liluragarritik paseatu dugu harik eta Chaslon-Roussel villaraino iritsi garen arte. Hantxe eman zituen denboraldiak Raymond Rousselek mende hasieran, eta hura bisitatu nahi zuen Johnek kosta ahala kosta. Locus Solus-en zati asko han idatzi zituen eta, diotenez, nobelako etxea hartan dago inspiratua baita ere. Labarraren ertzean kokatua dago, arrokak etxean barneratzen direla dirudi ia, edozein momentutan oreka galdu eta erortzeko puntuan balego bezala.
Rasant le Nil, je vois fuir deux rives couvertes
De fleurs, d’ailes, d’éclairs, de riches plantes vertes
Hain dira garaiak olatuak hemen.
Musikaz hitz egin dugu portu zaharreko kafetegi batean, eta absolutuki moderno izateaz. Arte plastikoa poemetara ekartzeko moduez. Lengoaien testura ezberdinez. Dibertigarria izan da. Parisek nola astindu dion idazkera azaldu dit Johnek. Bere itzulpenek ere bai.
Reverdy ari da itzultzen orain eta liburu-denda batean sartu gara haren liburuen bila. Ez du ezer berririk topatu baina Johnek gomendatu didana erosi dut nik.
Ederra izan da ibilaldia baina bidaia luzatzen ari da dagoeneko.
1960/04/14 (Paris)
Ez zegoen Vincenten eskutitzik hotelean.
Maeght galerian Chillidaren bi lan lotu ditut. Palazuelo baztertu egingo dut azkenean. Stadler, Claude Bernard eta Daniel Cordier galeriei ere bisita egin diet.
Poema bat idatzi dut.