Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

New York City,
1960/09/29

 

 

33 West 47th Street: 1:03 p.m.

 

Luzetsirik, ondoko eraikineko marmol beltza laztandu du Frankek. Aire geometriko-modernoa ematen dio marmolak berez nahiko arrunta den eraikinari; aratz dago, hauts arrastorik gabe, marmolaren kalitate irristakorrak hondakinak berez eragotziko balitu bezala. Beira ilunkarek eraikinaren eite modernoa areagotzen dute, eta etxepeko bitxi-dendak oraindik dotorezia handiagoa ematen dio osotasun guztiari, berez mereziko lukeena baino dotorezia handiagoa, ziur aski. Garajetik auto bat atera delarik, apartatu behar izan da, eta oin batzuk ezkerrera egin du, ur-ahotik urrats batzuk harago. Ez dago ohituta inori itxoitera, eta Helenekin bazkaltzeko geratzen denetan bera iristen denerako hantxe izaten da Helen bere ile izurtu, ezpain bete eta irribarre oparoarekin. Ezustekoren bat gertatuko zitzaion gaur, inondik ere. Betaurrekoak goratu ditu eskuineko eskuarekin apur bat, eta erlojua begiratu du; ordu laurden pasa dagoeneko. Jatetxea dagoen eraikina bost solairukoa da, eta barrualdera sartuta dago pixka bat, hamar bat oin, inguruko eraikinek espaloiari terrenoa jan diotela irudi. Hirian aurkitu daitezkeen eraikin askotariko bat gehiago da, erdialdeko leiho terrazaduna nabarmentzen zaiona, zeinaren gainaldean ornamentu-marrazki bat ageri baita harrian zizelkatua. Bi obalo erdi, bien arteko loturan triangelu kurbo bat osatzen dutenak. Hura da eraikineko detaile ia bakarra, lehen solairu gaineko lerroarte zabal eta soila kenduta, hura ere xaloki zizelkatua, xehetasuna egin zuena haren lanarekin oso konbentzituta egongo ez balitz bezala. Egiazki, haren erdialdetik irteten da fatxadako elementu deigarriena, jatetxearen izena daraman afixa, masta irmo batek eusten diona: “Del Pezzo Restaurant Bar”.

      Seigarren abenidaren aldetik etortzen ikusi du azkenik, hits, baina bere ibilera lirainak presarik adierazten ez duela. Irribarrez itxaron dio, Helenengana hurbildu gabe.

      — Frankenthaler anderea!

      — O, Franky, a ze goiza eduki dudan. Ez sinestekoa.

      Bi musu eman dizkiote elkarri. Helenen begi handi borobilek betiko sosegua adierazten dute.

      — Estudioan lan egin nahian baina ezin. Bata dela eta bestea dela.

      — Zigarro bat nahi?

      Duda egin du, jatetxearen barnealdera begiratu du.

      — Lekua gordeko digute?

      — Lasai, ez kezkatu, etxekoak gaitun.

      Zigarroa luzatu eta gustuz hartu dio Helenek, eskumutur-joko sotil batez. Ahora eraman ostean, aurpegia gerturatu dio Franki. Jakaren sakelatik atera du metxeroa eta zigarroaren muturrean piztu; zupada luze batez, begitarte hitsa plazerezkoa bihurtu zaio Heleni. Ezkerreko besoaz eskuineko ukondoari heltzen diola, atzeraka eusten dio zigarroari eskuineko eskuaz, errautsa bizkarraren atzetik eror dakion.

      Ene jainkotasuna, benetan. Lehenaz gain, metroan ez atzera ez aurrera geratu gaituk Penn Stationen. Zer moduz hago hi?

      — Badakin, atzo bukatu zunan erakusketa, eta gaur desmuntatze kontuak ditinagu.

      — Bazakiat, bai.

      — Eta ni hemen, hiri itxaroten!

      Ezetz egin du buruarekin Helenek, partez irribarrez, partez beltzuri.

      — Bob zer moduz dabil?

      — Kanpoan ibili duk, bihar itzuliko duk hirira.

      Zigarroa bukatuta, lurrera bota eta zolaz zapaldu du Frankek. Gauza bera egin du Helenek, zigarroa erdizka zuela oraindik.

      — Ez zagon presarik, maitea.

      — Nahikoa nian pare bat atxikirekin.

      Eskailera maila batzuk jaitsi eta jatetxera sartu dira, sarrerako olan gorriaren babespean. Berehala ezagutu ditu zerbitzariak eta, betiko adeitasunez, hormaren kontra jarritako mahai batean ezarri ditu.

      — Edateko zerbait nahi duzue erabaki bitartean?

      — Erabakia diagu, Jeff, badakik. Xerra patatekin eta entsalada, kopa bete ardo banarekin. Betiko prezioan duzue oraindik?

      — Bai, jauna, bazkalorduko eskaintza da. 99 zentabotan.

      Barrarantz abiatu da zerbitzaria, maratz, eta berehala ekarri dizkie ura eta ardoa.

      — Zer moduz joan da erakusketa, Frank, pozik hago?

      — Pozik… Egia esan, ez zakinat zer esan, Helen.

      Ura zerbitzatu du bientzat, jarraitu aurretik.

      — Alde batera, nahikoa egin dinagu hainbeste konplikazio tarteko. Batetik espainiarrak eta beren kudeaketa arazoak eta atzerapenak, bestetik Guggenheima aurreratu izana, artista batzuen boikota ere bai. Gauzak ikusita, nahiko ondo joan dun, nik uste Porter pozik geratu dela.

      — Hori esan zidaan Bobek, harekin egon zela duela gutxi eta pozik zegoela erakusketarekin.

      — Hala ematen din, bai. Kritika ere ondo samar portatu dun, bereziki Canaday. Art Newsek eman zigunan bakarrik; badakin, diktaduraren zera, eta frankismoa, eta tartartar.

      — Badakik arrazoi dutela, Franky.

      — Kontxo, hi ere Bob bezala hasiko haiz orain? Ondo gogoan dinat zenbat arazo eman zizkigun Espainiara New American Painting eraman genuenean. Ez zuela diktadura batean bere lanak erakutsi nahi! Bazenekien hori?

      — Espainiaren zeran ondo zekik Bobek zein bandotan dagoen; eta nik ere bai, eta berarekin ezkondu aurretik.

      — Ez dinat kontrakorik esan.

      — Ba hori.

      Kopeta ilundu zaio Franki; eskuak biratu ditu, etsipen puntuaz.

      — Ni non nagoela uste duzue ba? Gogoan dinat nola iristen ziren albisteak hona, Hemingway tarteko…

      — Eta hi errepublikazaleen alde, hura bezala.

      — Nola bestela? Eta badakin nik haren liburuak ezin nituela eraman, bere zera matxo horiek guztiak. Baina hala ere beti paratu nindunan errepublikazaleen alde.

      — Baina orain gauzak aldatu dituk, ezta?

      — Ez ditun gauzak aldatu, laztana, guk lan bat egin dinagu, besterik ez, eta espainiarrek ezer gutxitan lagundu ziguten; traba ez gutxi, eta haien manera zaharkitu eta ozar horiek egonarriz jasan beharra. Beraz, ez jarraitu hortik.

      Zerbitzaria etorri da ardo gehiagorekin.

      — Jeff, hik ere ez duk kopa bat nahi? Espainiako Errepublikaren alde egin behar diagu topa.

      — Lanean ez dut edaten, jauna.

      Zutitu egin da Frank, kopa eskuan, eta Helen eserita geratu da barrez.

      — Hi ere Francoren diktadura zuritzen, Jeff? Hi ere bai?

      — Ez dakit zertaz ari zaren, jauna.

      — Ez egin kasurik, badakizu ze txolina izan daitekeen.

      Korrika txikian egin du hanka berriz ere barrarantz.

      Zatoz gainean, Frank.

      Hanpaduraz hitz egiten hasi da, zutik oraindik eta kopa luzatuta duela.

      — Eta orain topa egingo dugu; topa espainiarren alde, pairatzen duten diktaduraren kontra, topa gerran hildako borrokalari guztien alde, topa nazioarteko justiziaren alde, Espainiara demokrazia ekarriko duten horien guztien alde, eta Franco diktadore krudelaren kontra. Topa nirekin denek, topa, Helen!

      Inguruko mahaietakoak begira hasi dira, batzuk zeharka, beste batzuk, antzerkiaz jabeturik, irribarrez, eta Helen ere zutitu egin da azkenekoz, jakitun halakoetan Franki jarraitzea baino alternatiba hoberik ez dela izaten. Uzkur luzatu dio kopa, hori bat, lotsa-erdiko imintzioa aurpegian duela.

      — O, Helen, askoz ere hobeto sentitzen naun orain.

      — Isil hadi, ziztada halakoa!

      Xerra platerak ekarri dizkie zerbitzariak, eta bizkor baina estilo handiz ezarri ditu mahaian, platereko jatetxearen intsignia erdian eta goialdean geratzen zaiela.

      — Eskerrik asko, Jeff. Barkabera haiz diktadoreekin baina zerbitzari bikaina, inondik ere.

      Apreziatzen dizut, Jeff.

      Lehen mokaduak jateko pausa hartu ostean jarraitu du Helenek.

      — Ea balio dizuen erakusketak laneko kontuak baretu daitezen.

      — Hori zailagoa izango dun, maitea. Gazte horiek gogor zetozan, eta Selz ez zagon errenditzeko. Barr-en konfiantza irabazia diten, eta hori aldatzea ezinezkoa izango dun orain, ezta Porterrek ere. Ikusi behar hituen lehengoan, Selz, Barr, Meyer Schapiro eta Seitz, denak batera Barren bulegotik irteten, a ze nagusikeria beren ibileran, a ze kiratsa. Uste diten haiek asmatu dutela arte modernoa, batez ere Selzek. Behin entzun nionan hitz egiten, lainezaz, arte modernoaz idatzi zuen lehena Barr izan zela, gero bera eta gero Seitz. Entzun egin behar hori. Eta sinetsi egiten diten gainera. Joan daitezela denak Meyer Schapirorekin Columbiako eskoletara, edo Princetonera, edo nahi duten lekura, eta utz gaitzatela bakean.

      — Badakik, akademikoak! Kontatu nian Selzekin egokitu nintzen hartan ez zidala kasu zipitzik ere egin, Bobi baino ez ziola hitz egiten.

      — Ez naun harritzen, maitea.

      Irrikaz jaten du Frankek, azkar, eta mantsoago, manera zainduz, Helenek.

      — Ea, azkenean, auzia erraz samarra dun, Porter gainetik kendu nahi din Selzek, eta Nazioarteko Erakusketen Programa bere gain gera dadila Pintura eta Eskultura buru gisa. Ez din erraz etsiko. Porterrek bere burua kanpoan ikusten din dagoeneko, eta Waldo jarri nahi din programa salbatzeko. Ikusiko dinagu.

      — Halakotan ez didazue batere inbidiarik ematen, Frank. Gazi-gozo guztiekin, hobeto nagok nire estudioan!

      Ezpainak artez garbitu ditu ahozapiarekin Helenek eta mahai gainean utzi du tentuz atzera. Altxatu egin da, komunera joan behar duela-eta. Jatetxearen goialde guztia, sabaia baino beheragoko horma zatia, ispiluz inguratuta dago, zeinak argitasun handiagoa ematen baitio inguruari lanparetako argi multiplikatuaren bidez. Espazio zabala begietsi du, alderantzikatua; han, zerbitzariak joan-etorrian, han, sakonean, biltegirako atearen ondoan, sei laguneko taldea, ohi baino isil eta diskretuago, han, ate nagusiaren aldamenean, turista itxurako familia, hiriaren mapa mahaian zabaldurik, han, beste aldean eta beraiek dauden parean, hots, atzean, bi lagunentzako hiru mahai segidan, zeinetan, bera bezala, inguruko lantokietatik otordurako joaten direnak ikusten dituen. Zoruko azulejua ere begiztatu du, hor, goian orain, granate kolorea nagusi lerro berde eta urdinekin, zeinak ispilu guztiaren zabaleran L formako mosaiko moduko bat osatzen baitu. Azkenez, bere burua aurkitu du Frankek, ispiluak islatzen duen jatetxeko nahas-mahasaren bazter batean, halako moldez non ezagutu ere ez duen egin ia, inoiz ikusi ez duen moduan ageri baitzaio, ispilu-jokoaren eraginez, bere atzealdea: buru, lepo eta bizkar. Bereziki erreparatu dio lepoari; luze eta irmo ikusi du, ez zuen uste hain erakargarria zuenik; ile ondo moztuarekin sintonian, laztantzeko gogoa ematen duen lepoaldea iruditu zaio, sorbalda tentetzen badu are gustagarriagoa egiten dena. Behin baino gehiagotan egin du aproba, eta, bizkarra mugituz, angelu bat baino gehiago bilatu du emaitza ikusteko. Hartzekoen artean hori; zorraren aldean, ordea, bere burugaina, hori ere aspaldi ikusten ez duela, ez soilik halako ispilu-jokoak dauden bakanetan bakarrik ikusteko aukera duelako, posible duen guztietan ere hura ikusteari iskin egiten diolako baizik. Oraingoan, baina, bere lepoaldeaz liluraturik, ez du, ordainetan, bere burugaina ikustea beste erremediorik izan, eta larritu egin da pixka bat, dagoeneko zeinen soildua duen ohartu delarik. Atzamarrez haztatu du, ilearen dentsitatea sumatu nahian, eta ispiluan dirudiena baino ile-mataza sarriagoa duela iruditu zaio.

      — Oi, Helen; bide batez, Bobek jarraitzen al du Espainiako Errepublikaren aldeko serie horrekin?

      — Bai, bai, bere lerro nagusienetakoa duk orain.

      — Bat edo beste ikusi ninan, eta ikusgarriak ditun!

      — Nik uste luzerako izango duela serie horrekin. Motibo ederrak aurkitu ditik obalo horietan haien gainean lanean jarraitzeko.

      Helen patata frijituak plater bazterrean uzten ari dela ohartu da Frank.

      — Ez ditun jango?

      — Sabela puzten zidatek patata frijituek.

      Lauhortzekoa luzatu du Frankek, eta hiru patata-xerra sastatu ditu.

      — Eta esadan, maitea, hi zertan ari haiz orain?

      Bekoz beko begiratu dio Helenek, begirada segurua du.

      — Badakik? Mihisearen zuriuneek maiteminduta naukatek.

      Mahai-tresnak askatu ditu adierazkortasun handiagoaren seinaletan.

      — Margotzen hasten haizenean gehitzen eta gehitzen ibiltzen haiz, geruza geruzaren gainean, hire lana ondo justifikatu beharko bahu bezala. Emaitza ona edo txarra izango duk, baina behintzat ikus dezatela lana egin duala, materia jarri duala mihisearen gainean. Gero konturatzen haiz pintura ez dela hori.

      Soina jaso du pixka bat eta besoak mugitzen ditu hitzei esangura eman nahian.

      — Baina duela bi urteko margo batean goiko zatia ukitu gabe utzi nian, gogoratzen haiz?

      — Bai, maitea, nola zen, neguaren zera hori, ala?

      — Horixe, Neguko ehiza. Bada hortik tiraka jarraitu nian, geroz eta espazio libre gehiago gordez margoetan. Pozik nagok emaitzarekin.

      — O, maitea, zoragarria haiz, noiz utziko didan margo berri horiek ikusten?

      Begiak ireki ditu parez pare Helenek.

      — Ezin diat sinetsi, hik hori esatea ere!

      Eskuak zabaldu ditu Frankek, ahurrak gora begira dituela.

      — Badakik zain naukaala eta nahi duanean etor haitekeela, baina hi beti hago okupatuta. Bilera bat ez denean koktel bat.

      — Hi ere horrekin hasiko haiz?

      — Horrekin? Hi ere?

      Hasperen egin du Frankek, arrazoia kendu diotenaren etsiaz.

      — Lasai, maitea, laster joango naiz bisitan-eta. Gaurtik aurrera lasaitasun pixka bat edukiko ahal dinat!

      Patata-xerra batzuk tinkatu dizkio.

      — Ez dakin zeinen nekagarria izan daitekeen museoko lan hau.

      — Esan diat lehen ere, ez didak inbidiarik ematen!

      — Begira, datorren astean bertan. Deituko dinat eta geratuko gaitun. Ados, bihotz-goxo?

      Irribarre egin dio Helenek, esplizitutasun maila hori gabe ere konforme egongo zela adierazi nahian. Ordulariari erreparatu dio Frankek.

      — Joan baino lehen... Ez diat galdetu, zer moduz hago?

      Franken eskuari heldu dio emeki Helenek.

      — Zer moduz?

      — Bai, Vincent joan egin dela entzun diat.

      — Kanada madarikatua!

      — Oi, Frank.

      — Zeinek erabaki zuen Kanada izeneko lurralde bat existitzea? Zergatik egon behar da Kanada izeneko leku bat?

      Matela bihurritu du Helenek eskuari irmoago heldu bitartean.

      — Kanada!

      — Ez ezak hire burua zigortu.

      — Kanadaren kontra nagon, besterik ez. Eta Kanadarekin zerikusia duen denaren kontra.

      — Pasatuko duk; Frank, beti pasatzen duk.

      — Kanada madarikatua!

      — Itzuliko duk, lasai.

      — Itzultzen ez den arte.

      Irribarre egin dio Frankek, gustura dagoelako bainoago hitz beste egin nahi duelako. Eskuak askatu ditu, Helenen plateretik azkeneko patata-xerrak kentzeko aitzakiarekin. Azkar mastekatu ditu, isilik geratu zaio Helen.

      — Eta orain, martxa egin behar dinat. Azkeneko kontu administratiboak ditinat desmuntatzearekin hasi aurretik. Kafe bat nahi dun eramateko?

      Ezezkoa egin dio buruaz Helenek.

      Larrua jotzen Kanada!

      Sinkronizaturik altxatu dira mahaitik eta, zutik orain, azkenekoz erreparatu dio Frankek goialdeko ispilu zabalari. Are soilduago ikusi du bere burugaina; burua beheitituz, burugaina haztatu du jatetxetik irten baino lehen. Ile mataza balekoa sentitu du atzamarretan.

 

 

 

 

Museum of Modern Art: 2:37 p.m.

 

Bulegora sartu da eta, lehen begi kolpean, Renee ikusi du, hari zeharka begira. Ezagun zaio zerbait diola esateko, baina zuhurra izan nahi duela aldi berean. Frankek bista apartatu du, eta bulegoaren ezkerreko paretan zintzilik duen Hartiganen koadroari beha jarri da, hari begiratu gabe. Adi geratu zaio so Renee, ezer esateke, baina abagunearen zain, antza. Bere idazmahairantz egin du Frankek, eta bidean berriz begiratu dio Reneeri; berehala konturatu da ez duela etsi eta hor jarraitzen duela, zerbait esateko puntuan. Jaka mahai atzeko kakoan utzi du, eta alkandoraren mahukak biltzen hasi da.

      — Tira, Renee, esadazu.

      — Eskerrik asko, jauna. Salmenten zerrenda behin betikoa jarri dizut mahai gainean. Hori alde batetik, dena konproba dezazun. Porterren eskutitz bat ere utzi dizut, eta Gress galeriatik datorren beste bat. Azkenik, antza, arazoren bat omen dago Sauraren margo batekin eta Jessicak ohar bat bidali dizu.

      — Ene, eta hori guztia kanpoan egon naizen ordubete eskasean?

      — Ez, jauna, horietako batzuk atzo jaso genituen baina dagoeneko bazenuela nahikoa egiteko pentsatu nuen, eta gorde egin dizkizut orain arte.

      — O, Renee, ez dakit zer egingo nukeen zu gabe.

      Buruhauste dezente sortu dizkio salmenten kontu horrek Franki. Erakusketaren inaugurazioaren egunetik beretik erosle-gai ugari agertu ziren, baina ezin izan zioten auziari azkar eta malgu heldu. Kontua bideratzen hastekotan zen Frank, baina berehala geldiarazi zuen Porterrek. Izan ere, ezin zuten urratsik egin Espainiako Gobernuak ametorik eman ezean; artistekin zerikusia zuen salerosketa orok gobernuaren baimena eduki behar zuen. Frank halakorik sekula ikusi gabea zen, merkatu librearen paradisuan hezi zelarik, eta bere iraganeko jaidura komunistak gorabehera, konprenigaitza zitzaion obra baten artista edo jabearen borondateaz harago estamentu politiko batek zeresanik edukitzea artelan baten salmentan. Halaxe konplikatu zen auzia burokraten amaraunean trabaturik: Frankek Enrique Suarez de Puga Washingtongo Espainiaren enbaxadako bigarren idazkariari; Enrique Suarez de Puga Washingtongo Espainiaren enbaxadako bigarren idazkariak Antonio Espinosa Washingtongo Espainiaren enbaxadako Kultura kontseilariari; Antonio Espinosa Washingtongo Espainiaren enbaxadako Kultura kontseilariak Jose Luis Litago Kultura Harremanetarako Erakusketa Saileko buruari; Jose Luis Litago Kultura Harremanetarako Erakusketa Saileko buruak Jose Miguel Ruiz Morales Kultura Harremanetarako zuzendari nagusiari; Jose Miguel Ruiz Morales Kultura Harremanetarako zuzendari nagusiak Jaime Alba ministro kontseilariari; Jaime Alba ministro kontseilariak Fernando Maria Castiella Atzerriko Gaietarako ministroari. Katearen amaierara iristerako Frankek kirioak dantzan zituen, baina, gutxienez, baiezkoarekin erantzun zien ministroak, ez zutela salmenta horiekin arazorik; alderantziz, espainiar artistentzat eta Espainiarentzat berarentzat aukera ezin hobea zela.

      Zerrendari begiratu dio orria eskuarekin apur bat goratzen duela. Martin Chirino, El viento. Francisco Farreras, Nº 24. Francisco Farreras, Nº 61. Lucio (Muñoz), Tabla Nº 6. Oteiza, Caja metafísica, Nº 1. Antonio Suarez, Pintura Nº 2. Antonio Suarez, Las parcas Nº 1. Francisco Farreras, Nº 59. Francisco Farreras, Nº 58. Lucio (Muñoz), Tabla Nº 7. Obren prezioen zerrenda begiratzea deliberatu du, baina ez daki zehazki non gorde zuen. Egiazki, gorde hitza lizentziatzat hartu beharko luke, eta halaxe jardun da inguruko paperetan miatzen, harik eta, minutu batzuen ondoren, topatu duen arte. Azkenean, beti aurkitzen dituk gauzak, dio bere kolkorako, desordena ordenatu bat da berea. Bistan da, bada zerbait, baina artista garrantzitsuenen obrak, garestienak, saltzeke geratu dira. Bigarren mailako artistek saldu dituzte obrak, prezio merkeagoan. Gonzalez Robles eta konpainia pozik egongo direla irudikatu du, haien ekina orain arte ezezagunagoak diren artisten izenak zabaltzea baita, areago Tapiesek jarritako oztopoen ostean, baina Frankek ondo daki ez dela albiste ona; bildumagileengan artistok interes berezirik piztu ez duten seinale, pentsatu du. Guztietan garestiena Oteizarena izan da, 1500 $etan eraman du San Antoniora Robert Lynn Batts Tobin gazteak. Baina ez Tapiesik, ez Saurarik, ez Canogarrik, ez Chillidarik. Horietakoren batzuk, Tapiesen zenbait pieza kasu, ez zeuden salgai ere, baina artista horien piezen arteko bat edo beste saldu izana erakusketaren aldeko azken bultzada zatekeen. Auzi horiek zuhurki jazotzen dira, publizitaterik eman gabe, baina ondo daki erakusketa baten arrakastaren lurpeko korronte direla, domaia da bildumagileak uzkur ibili izana. Selz eta konpainiaren kontrako aizto zorrotza litzatekeelako, batik bat.

      Gress galeriako eskutitza irakurri du.

 

Frank agurgarria:

      Dakizun bezala, Oteizaren piezetako bat, Caja metafísica Nº 1, San Antonioko “zaldun” batek erosi du. Beraz, hori hari bidali behar diozue, ez guri. Besteak hona etor daitezke; izan ere, Oteiza jaunaren isiltasunak (ez die gure mezuei erantzuten) ez du erraza jartzen ezer Espainiara bidaltzea, eta nahiago genuke Estatu Batuetan geratzea momentuz.

Adeitasunez, Beati

 

      Koaderno batean apuntatu du egitekoa. Burua jaso du.

      — Renee, hasi dira erakusketako piezak paketatzen?

      — Bai, jauna, lanean dira aretoetan dagoeneko; pentsatu dut zuk ere joan nahiko zenukeela.

      — Gero pasatuko naiz, baina esaiezu mesedez ez dezatela ezer bidali nik dena ikuskatu gabe.

      Telefonoa hartzen entzun du Renee, eta berak paper lanean jarraitu du.

 

Frank agurgarria:

      Erakusketan saldutako pieza guztiak gure herrian gordetzeko baimen osoa dugula ziurtatu behar dugu. Espainiako Gobernuak esportazioetarako murrizketa zorrotzenak aplikatzen ditu, baita artistek atzerrian saltzeko ere, eta batzuetan isun galgarri zoragarriak jarri izan dizkie alde bati edo biei. Pentsatu nahi dut Espainiako Kultur Harremanetarako Zuzendaritzak eskuak libre utzi dizkigula, baina museoak ezin du bere burua arriskuan jarri, artisten, gobernu espainiarraren edo erosleen aurrean erabateko ziurtasuna izan arte. Erosketa horiek baimendurik daudela, alegia. Dakizun bezala, Espainiako aduanak Guggenheim museoa mila dolarreko isunarekin mehatxatu du beren erakusketako piezak haien baimenik gabe saltzeagatik.

Adeitasunez, Porter

 

      Burua goratu du berriro.

      — Renee, salmenten inguruko ministroaren eskutitzaren kopia gorde zenuen, ezta?

      — Bai, jauna, ez izan kuidadorik.

      — Originala hemen egongo da, baina badaezpada.

      Hasperen egin du, eta mahai gainetik irristatuz gerturatu du azkeneko eskutitza, Jessica lankidearena. Kontserbazio departamentuan lan egiten du, eta badaki kontu delikatuena izango dela. Gainbegiratu egin du lehenik, ea diru zifrarik agertzen den inon, eta halakorik topatu ez duenean ekin dio irakurtzeari.

 

O’Hara jaun agurgarria:

      Gaur goizean, Espainiako erakusketako piezak ikuskatzean, Marjoriek eta biok honako piezan zenbait urradura-eremu serio topatu ditugu:

      60.924 Saura: Crucifixión, #12, olio-pintura.

      Halaber, honako hauek nabarmenki okertuta daude (gehienek ez dute markorik):

      60.904 Canogar: Pintura #56

      60.915 Feito: Pintura #147 (beheko eskuineko izkina)

      60.914        Pintura #141 (beheko eskuineko izkina)

      60.923 Saura: Las Tres Gracias

      60.870 Cuixart: Pintura 1959

      60.989 Tharrats: Homage to Frank Lloyd Wright (beheko eskuineko izkina)

      60.918              Signo (beheko ezkerreko izkina)

      60.931 Lucio: Tabla 6 (beheko ezkerreko izkina)

      Santinira bidali aurretik zerbait egitea nahiko bazenu, esaguzu, arren.

Jessica

 

      Orria apartatu du, aurreko eskutitzak utzi dituen multzoaren gainean. Burua altxatu du.

      — Renee, esaiozu Jessicari aretoetara noala eta jaitsi dadila, mesedez.

      — Konforme, jauna.

      Mahai atzeko armairutxoan gordea duen koñak botila hartu eta trago bat zerbitzatu du oin lodiko edalontzian. Apurtxo bat besterik ez du utzi lehen tragoaren ondotik. Renee entzun du, aditu gabe, telefonoz hitz egiten. Segundoak pasatu dira, hantxe jarraitu du, zirkinik egin gabe. Segundo gehiago. Ez daki erakusketaren bukaera den ala zer, baina hustasun sakon bat da sentitzen duena, histura bizi bat, ez dakiena ondo nondik datorkion. Graftoneko txikitako irudiak igarotzen zaizkio aurretik bat-batean, ikusten ditu gurasoak, ikusten ditu bere anai-arrebak, eta ikusten ditu baita ere, ausazko irudi zatikatuetan, mosaiko bat nola, Harvardeko urteak; eta Edward, eta John, eta New Yorkera mudatu zenekoa, Larry, Helen, eta Joe, noski. Geldirik geratu da, aurrera begira, betileak mugitu gabe, eta pixkanaka begiak lehortu beharrean hezetzen ari zaizkiola nabari; sobera hezetu baino lehen altxatu da, isil eta beltzuri, jaka jantzi eta segurtasun antzeztuaz atera da bulegotik, Reneeri ezer esan gabe.

 

 

Paper lodiaren soinu kirrinkaria entzun du aretora sartu arau. Soinu uniforme eta luze samarrak, koadro askoren luze-zabalaren seinale. Are ilunago dago, argi guztiak ez baitaude pizturik, eta langile bat begiztatu du, esku-eskailera baten gainean, sarrerako hormako hizkiak kentzen. Zoruan ikusi du lehen hizki horien azpian kokatua zegoen sarrera-testuaren afixa. Langilea agurtu gabe hartu du afixa lurretik; plastifikazioaren ertz zorrotzak laztandu ditu, eta berarekin eraman du aretoetako itzulia egin bitartean. Canogarren Toledo ezkerrean da, baina horman zintzilik egon beharrean lurrean bermatuta. Hondoko Serranoren eskultura bilduta dago dagoeneko. Erakusketen muntaia eta desmuntatzeetan bereizgarri zaion usaina identifikatu du, lankideek ekartzen dituzten materialen eta berak izaten dituen sentimen larrien nahasketa moduko bat. Alde batera apartatu behar izan du lurrean dagoen atoi bati itzuri egiteko eta hurrengo aretoan behaztopa egin gabe sartzeko. Bi langile daude zutik, eta solasa eten dute Frank sartzen ikusi dutenean. Agurra itzuli die Frankek, automatikoki, burua dantza arinean duela. Margo iluneko hormetan marka batzuk jo ditu begiz, koadro beheratu berrien zantzu txikiak, eta orduan egin zaio presente benetan zertarako dagoen hor. Burua munduratzen ahalegindu da, eta urratsa biziagotu du areto guztietatik osteratxo azkarragoa egiteko. Ez du Jessica ikusi.

      — Jessica hemendik al da?

      Deigarria egin zaio bere ahotsaren oihartzuna. Ezezkoa egin diote buruaz.

      — Goizean ikusi dugu.

      Eskuak poltsikoetan, oinez jarraitu du, jitoan, soina apur bat beherantz makurtuta. Helmuga gabeko ibileraren konpasaz moteldu du urratsa eta, konturatzeke, bere areto gustukoenean topatu du bere burua. Chirinoren eskulturak paketatuak dituzte dagoeneko, baina Saurak margotutako Goyaren erretratua hor da oraindik, bere tokian zintzilik, naufragioaren erdian ur gainean jarraitzen duen oholaren gisara. Bekoz beko jarri zaio, eta Goyaren zakur aurpegiari egin dio so. Haren beraren koadroaren ifrentzua dirudi, giza figura oraingoan goialdean dagoela, eta, hortik behera, koadroaren hiru laurdenak hartzen dituen beltza; beltz, areto horien argia bezain, bere buru barneko eguratsa bezain. Bere onera etorri da pixka bat, lausotasun hori apur bat uxaturik, eta soina biratuz, Sauraren Crucifixión obrara bideratu du begirada. Egiazki, Velazquezen izen bereko obraren erreplikaz osaturiko serieko pieza bat da hori, eta hala, agerikoa ez bada ere, lerro zuzen bat ikusten du Frankek Espainiako klasiko handien (Zurbaran, Velazquez, Goya) eta margolari gazte horien artean, eta halaxe nabarmendu zuen katalogoko testuan. Esango luke aipamen hori eskertu egin zutela Gonzalez Robles, Ruiz Morales eta gainontzekoek. Ia sudurrak mihisea ukitzeraino gerturatu da, eta ezker-eskuin ikuskatu du koadroaren azala, Jessicak oharrean aipatzen zituen urraduren bila. Berehala identifikatu ditu, ezkerreko partean gehienbat, eta kopeta ilundu du, Jessicak esan bezala, kaltearen tamaina nolanahikoa ez dela jabetu delarik. Emeki haztatu du koadroaren azal urratua, eta margo txirbil ia ikusezinak itsatsi zaizkio behatzean. Bistan da zaharberritu egin beharko dela. Ez du entenditzen nola arraio gertatu den, eta Porterri txosten bat idatziko diola erabaki du. Aseguruaren kostuak-eta kontuan hartuta, pieza museoak erostea mereziko lukeela pentsatu du, eta museoak berak zaharberritzea. Pieza ederra da, eta harreman ona dute Saurarekin, seguru operazio emankorra litzatekeela. Museo barneko auziak bare baleude erraza litzateke ideia gauzatzea, baina kontuak daudenetan, zailago ikusten du. Waldorekin hitz egingo duela erabaki du, halaber, ea zer irizten dion.

      Urrats bizkorrak entzun ditu, oihartzun eginez, aretora gerturatzen. Sarrerarantz begiratu du, eta oraindik segundo batzuk itxaron behar izan ditu Renee ikusi duen arte.

      — Sentitzen dut, jauna, Jessica joana da dagoeneko. Abisua pasatu diot bihar goizean zurekin batzartu dadin.

      — Eskerrik asko, Renee. Oraintxe igoko naiz bulegora. Txosten bat idatziko dut kalamitate honetaz.

      Koadroa seinalatu dio, baina Renee ez da gai izan kalamitate delakoa identifikatzeko. Halere, ez dio galderarik egin.

 

 

441 East 9th Street: 10:20 p.m.

 

Apartamentura sartu aurretik, oraindik eraikineko eskaileran dela, musika entzun du Joek, bozgorailuak ekin betean, eta Satieren pieza bat ezagutu du. Atea ireki duenean itsaso kolpe bat balitz bezala iritsi zaizkio uhinak eta, inkontzienteki, gorputza atzerantz tolestu du pixka bat. Jaka kendu eta sarrerako kakoetako batean ezarri du, aurrez zintzilik zegoen beste jaka baten gainean. Poliki joan da Franken gelarantz. Erdi irekia du atea, eta zigarro-kea usaindu du tartetik irteten. Ezti jo du heldulekuaren aldamenean, halako moldez non, Satieren burrunbaren erdian, ia berak ere ez baititu entzun kolpekatzeak. Aurrera bultzatu du pixka bat, Frankek ikusiko duen esperantzaz, eta hala, bere presentziaren jabe egingo delakoan. Atearen bandak ateratzen duen soinu kirrinkaria ere ez da entzuteko gai izan, osorik sartu du gorputza Franken gelan. Hormaren kontra duen mahaitxoan idazmakina ikusi du, hainbat folio inguruan, eta zenbait liburu bata bestearen gainean. Parez pare, zintzilik, Jean Dubuffeten marrazkia. A, Jean Dubuffet, badakizu XX. mendea zeinen zoragarria izan daitekeen. Ohe gainean dakusa Frank etzanda, izarapean sartu gabe, buruz behera. Mesanotxean zigarro paketea. Frank, deitu dio, baina ezagun du ezinezkoa izango zaiola bere ahotsa musikaren gainetik nabarmentzea. Zalantza egin du gehiago hurbildu eta haren gorputza astinduz bere ailegatzeaz ohartarazi beharko liokeen, baina ez du asaldatu nahi. Musikaren pausa bat aprobetxatu du, azkenik, berriz ere deitzeko Frank. Astiro ikusi du mugitzen haren soin-enborra, eta aurpegia ikusi bezain pronto konturatu da berriz ere ilunaldi horietako batean murgildua dela: azala puztuta, betazpiak markaturik, begiak motz, zimurrak izur. Urruma txiki bat atera zaio.

      Dena ok, Frank?

      — O, Joe, zu zara?

      Ahots erlatsaz esan dio. Ohe ertzera gerturatu zaio Joe. Eztarria garbitu du.

      — Ez al da ederra, Joe?

      Musikaren kadentzia atseginari egin dio erreferentzia. Buruaz erritmoa segitzen hasi da, baina berehala etsi du eta berriro bermatu du lastairan, Joeren begiradatik apartatuz. Ez zaio ezezaguna Franken aldarte hori; ikusiak dizkio lehenago ere bere plazako izaera bizi eta alegeraren gibeleko joaldi ilunak, baina bada denbora tarte luze bat, Vincent ezagutu zuenetik, gutxienez, kalkulatu du, hala ikusi ez duela. Badaki errukia behar den bezala disimulatzen, eta badaki halakoetan hitzak ez direla sendabide. Alferrik hau eta bestea esaten ibiltzea; hitzek hondoratu ez dutena nekez tentetuko du mintzoak.

      Nokturnoen azkenekoari ekin dio Satiek, eta Joe ertzean eseri da, Franken gorputza ez zapaltzeko tentuz. Bizkarra laztandu dio lehenik, pixka bat gehiago mugitu du gorputza harengana gero, bere soinarekin ere babesa eman nahiko balio bezala. Ene laguna, esan dio, eta orain bai, musika gorabehera, hain da gertu ezen Joek esandakoa ederki entzun duen Frankek. Onespen keinu bat egin du, begiak itxita dituela. Besoak Franken bizkarrean zabal dituela egon da tarte batez, harik eta jarreraren ezerosotasunak gorputza tentetzera eraman duen arte. Altxatu denean, hortxe begiztatu ditu bere gorputzak utzi dituen tolesak ohearen tapakiaren gainean, eta horrek adoretu izan balu bezala, tapakiaren ertzetik tira egin du pixka bat hura irekitzeko, Franken gorputza mugitu du gero ohegainekoak haren azpitik pasatzeko, eta hori egin duelarik, Franken gainetik ezarri ditu, amultsu, lepondoraino luzatzen dizkiola. Azken fereka leuna egin dio bizkarraldean igurtziz eta, atseden hartu, Frank, esango balio bezala, muin eman dio buruan, Nokturnoa bukatzen ari. Besoa luzatu eta mesanotxeko lanpararen etengailuari eman dio argia itzaltzeko, disko-jogailuko orratzak beltxarga-kanta egin duen une berean.