Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

“Trece pintores españoles actuales”
erakusketari buruzko txostena,
1959ko maiatzaren 21ean inauguratua,
Parisko Musée des Arts Décoratifs-en

 

      [....]

 

      Joan den abenduan, Bartzelonan nintzela aprobetxatuz, konfirmaturik geratu zen Tapiesen parte hartzea erakusketan; Tapiesen martxanteak, Rodolfo Stadler-ek, Pariskoa bera, berretsi zuen. Egun horietan Stadler Bartzelonara etorri zen eta bilerak egin genituen. Tapiesek udaberrian Parisko Stadler galeriako erakusketarako (maiatza baino lehen egingo zena) sortuko zituen bost mihise onenak gordeko zituen guretzat. Hurrengo hilabeteetan, Tapies zenbait beldur adierazten hasi zen, erakusketa honetan bere kontrako zenbait maniobra egingo omen zirela-eta, zeinek bere prestigioa kaltetuko omen zuten. Denek ezagutzen dugu Tapiesen izaera, pertsekuzio-mania dauka. Baina kasu honetan Tapiesek beste arrazoi bat iradoki zuen, hau da, erakusketan beste artista batek ere parte hartuko zuela, garrantzitsua dena baita ere eta haren izter-lehengusua gainera: Cuixart. Seko gorrotatzen dute elkar. Urteak dira beren artean borroka krudelean ari direla. Egun batean Françoise Choay Espainiara iritsi izana izan zen Tapies izutu zuena, Choay Cuixarten lagun mina delako. Tapiesek koadroak erretiratuko zituela mehatxatu zidan L’Oeil aldizkariko artikuluan bere izena erakusketako beste artistena baino gutxiago nabarmentzen bazen. Choayk Tapies behar bezala nabarmendu zezan lortu nuen, eta hala, L’Oeilen ohorez agertu zen. Beste egun batez, eta Arte Dekoratiboetako Museoko data gerturatzen ari zela, Tapiesek parte hartzeko zenbait baldintza jarri zizkidan; onartu egin nizkion, zeren, haria noraino tenkatuko zuen ikuste aldera, amore-emate politika jarraitzea erabaki nuen. Hau da, ukoa beregandik etor zedila. Bada Tapies Parisera joan zen, baina ez zen museoan sartu eta ez zen erakusketaren prestaketan hasi, nahiz eta kontserbatzailearekin geratua zen. Tapiesek, beraz, argi zuen ez zuela erakusketan parte hartuko, nahiz eta ukorik eman gabe jarraitzen zuen. Baina, azkenean inguratuta sentitu zelarik, ez zuen beste erremediorik izan aitzakia bat jartzea baino: Stadlerreko banakako erakusketan obra guztiak saldu zituela. Erabateko kontraesana aurrez gelditu ginenarekin, eta abar, eta abar.

      Oraindik gehiago; bildumazale batzuek, Rene Metrasek kasu, Bartzelonakoa bera, Tapiesen ohar bat jaso zuten, zeinetan eskatzen zien Parisen Espainiak egingo zuen erakusketan bere obrak aurkeztu ez zitzaten.

      Tapiesen psikologia ulertzeko zenbait alderdi hartu behar dira aintzat, adibidez:

a)    Tapies beldur da Parisko kritikak beste artista bat baino beherago aipa dezan, eta bere urguilua zauriturik gera dadin.

b)    Tapiesek uste du erakusketa honen bueltan halako giro hotz bat egongo dela, arrazoi politikoak medio.

c)    Stadlerrentzat interesgarriagoa da Tapiesen obrak soilik bere galerian erakustea, soilik bertan saldu ahal izateko.

d)    Tapiesek ez du argi Pariserako aukeratutako beste zenbait artista baino hobea ote den. Veneziako Bienalean izan ezik, beti egin dio uko beste artista batzuekin batera erakusteari, eta besteek baino askozaz ere obra gehiago eduki zituelako onartu zuen han egotea.

      Baina “13 pintores” erakusketako aukeraketan bere lagun min batzuok zihoazen. Nola justifikatu bere absentzia haien aurrean? Tapiesen uko behin betikoa eduki nuenean, artista guztiekin batzartu nintzen Madrilen, eta prozesu guztia azaldu nien, modu inpartzialean, “baldintza” guztiak erakutsiz. Han bertan aurreratu nien Tapiesek ziur aski bere absentziari buruzko beste bertsio bat emango zuela gero. Baiki, Tapiesek berehala idatzi zion Saurari (bere lagun mina) aditzera emateko, modu aski zeharkakoan, bestelako arrazoiak zeudela, beste mota batzuetakoak, nik eman nizkienekiko.

      Canogarrek, Millaresek eta Saurak, Feitorekin batera, “El Paso” taldea osatzen dute Madrilen. Canogar eta Saura Parisera iritsi zirenean, erakusketaren inaugurazioa baino egun batzuk lehenago, egunean bertan Feitorekin geratu ziren Des Magots tabernan, eta han, Saurak, elkarrizketaren pisua zeramala, Feitori zuzenean galdetu zion zein zen bere posizioa, erakusketa horrek izaera ofizialegia hartu zuela eta horregatik ez zuela Tapiesek parte hartu nahi izan. Feitok, teoria hori ez babesteaz gainera, Tapiesen joko zikina azaleratu zien.

      Horren guztiaren berri izan bezain laster, artista guztiei hots egin nien eta argi asko geratu zen bakoitzaren jarrera zein zen. Saura da Tapiesi babesa eman zion bakarra, hots, ez zuela gehiago parte hartuko Kultur Harremanetarako Zuzendaritzatik antolatutako erakusketetan. Halaxe adierazi die Tapiesek Saurari eta Canogarri duela egun gutxi, Turinen. Saurak, hala, erakusketak Friburgo, Basilea eta abarretik egingo duen biratik kendu nezala eskatu zidan, eta ez dela joango, ezta ere, Sao Pauloko V. Bienalera, zeinerako duela denbora asko aukeratu nuen. Saurak ez du bere obrekin inongo erakusketa ofizialetan parte hartuko.

      Den-denek erakutsi zieten Saurari, Canogarri eta Millaresi zein zen Tapiesen jokoa. Egia bakarra da ez zuela berak “lagun” deitzen dienekin baina benetan gorroto dituen artistekin batera bere obrak erakutsi nahi. Hala ere, Canogarrek, Millaresek eta Saurak ez zuten iritziz aldatu eta jarraitu zuten esaten Tapiesen ukoa arrazoi politikoengatik zela soilik, nahiz eta Millaresek eta Canogarrek ez duten ofizialtasunarekin hautsi, oraindik ez daudelako inolako galeriarekin loturik. Saurak baditu zenbait obra Stadlerren, baina ez du kontraturik sinatu.

Luis Gonzalez Robles