Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

Sao Paulo 1957,
Venezia 1958

 

Kontu honetaz tonteria asko esan dituk, ez duk sinestekoa, motel. Begira, Francoren heriotzaren ondorenean unibertsitateak ugaritu zituan, autonomia bakoitzak nahi zian berea eta, klaro, ez zegoen tokian topatu behar irakasleak. Unibertsitate irakasletxo horiek arteari azken urteotan eragin dioten kaltea, ezin kontatzeko modukoa duk. Autonomien zera hori, badakik, katxondeo hutsa izan zuan, amaierarik gabeko festa; Trantsizio horren mozkorraldi betean, denek nahi izan ditiztek beren txiringitoak, eta horra txiringito goi-asmoduna: unibertsitatea. Patetikoa izan duk. Bazakiat hori orain esatea ez dela politikoki zuzena, baina niri bost horrek guztiak, nire edadean ez nauk egongo ba politikoki zuzenari begira. Hi euskalduna izanda autonomien zera horren aldekoa izango haiz, noski, jakitun nauk, lasai, ez ditek alferrik egin hamarkadetako lan isila; baina sentitzen diat, gazte, ez nauk aho bizarrekin ibiliko, nire iritzia eskatu didak garai hartaz guztiaz eta eman emango diat. Nola? Ederki ba, pozten nauk, gazte. Bada, horixe, prestakuntza batere gabeko jendea sartu zela unibertsitatean eta gero justifikazioren bat eman behar eta denak hasi zituan, artearen esparruan behintzat, zeren nik horretaz hitz egin zezakeat, bazegok jendea guztiaz dakiena, antza, guztiaz dela iritzi bat emateko kapaza, baina ez, ni ez, nik bi-hiru gauzaz baizik ezin zezakeat iritzirik eman, eta horien artean bat baldin bazagok taxuzkoa, hori artea duk, eta bereziki hamarkada haietakoa. Harrotasunez esan zezakeat jende gutxik egin zuela lan guk bezainbeste artearen alde, jende gutxik esan zezakek garaiko artista onenekin tratutan ibili zela, eta museo zuzendariekin, ez soilik espainiarrak, horiek esan gabe zoazak, baita nazioartekoak ere: De Kooning, Chagall, Rauschenberg, Magritte, horiek denak eta askoz gehiago ezagutu nitian, bertatik bertara. Nork ezagutu zituen horiek denak eta nork famatu zituen Tapies, eta Canogar, eta Chillida eta horiek guztiak? Luis Gonzalez Roblesek. Lau laguntzaile presturekin, bai, baina finean neronek, mutil. Barkatuko didak, baina gorroto diat modestia faltsua, eta gauzak izan ziren bezala kontatu behar dituk. Bazakiat, orain inork ez dik lan hori aitortzen baina halakoa duk gure herrialde zipotz hau, etxekalte dabilena loriatzen dik eta ezkutuko lanean ari dena ahanzturara kondenatzen, baina etsita nagok, jada ez diat asko espero Espainia zera honetatik, askoz gutxiago gobernutik, jakina, zeren, tira, sozialistak, oraingo popular hauek…. Tira, ez nauk luzatuko kontu hauekin gehiegi erretxinduko naiz-eta. Unibertsitateko irakasleak etorri zituan, beraz, gazte eta eskarmentu gabeko, Murtziako unibertsitatekoak edo Teruelekoak edo Cartagenakoak, nik zer zakiat, denek behar ditiztek unibertsitateak eta denek katedradunak, denek itxura emango duten lau irakasletxo, eta hasi zituan zeinek tonteria handiena esango, zeren badakik, mundu horretan auzia duk kontuak idaztea, zein aurrekoa baino estrabaganteagoa, horrek ematen du-eta sona akademiaren mundu absurdo horretan, norbere burua nabarmentzeko metodo behinena, esan ezak handiena eta txalo ozenagoak jasoko dituk. Berdin dik zentzuzkoa den, azterketa enpiriko minimo batekin bat datorren ala ez, igual dik denak, gauza duk zarata ateratzea; fokua zugan jartzea, esango ditek egungo hortera horiek guztiek. Eta gero, bada azken urteotako moda inozo hau, ez soilik gure artekoa, zeinaren arabera dena politikoki neurtu behar den, dena duk lau lentejadun ideia politikora erreduzigarria: halakoak ez zakiat zergatik lortu zuela arrakasta, beste hark ez zakiat noren babesa zuela, harako hark ez zakiat zer alderditan zuela aita, ama, anaia, edo Espiritu Santua, beste harako hura gizona dela, eta zuria, eta emakumeak gustatzen zaizkiok, benetan, ez zagok sinesterik zelako tonteriak esan daitezkeen eta hemen dena duk festa, iji eta aja, eta aurrera. Buruan lau lenteja, eta horrekin bizitza guztirako; eta gainontzekook, gainera, haiek jan behar derrigorrean. Holaxe hasi zituan, hortaz, zera horrekin, frankismoaren muntaia izan zela hori guztia eta tartartar, erregimenaren bunker batean sartu ginela funtzionario batzuk, eta lau politikarik eta guk estrategia perfektua diseinatu genuela: erabil dezagun arte abstraktua erregimenaren alde, horrela gure irudia hobetu ahal izango diagu kanpoan, Espainia moderno baten itxura eman eta tartartar. Halakorik! Ez zakiat ondo nor hasi zen horrekin baina esan behar diat inoiz ez zutela nirekin halakorik kontrastatu, bai zera, halaxe duk zientzia modernoa, antza denez, teoria ero bat imajinatzen diat, paperean idatzi, kongresu batean bota eta horra egia eztabaidaezin bat, nahiz eta garaiko protagonista bat berarekin ere ez komentatu. Bat hasi zuan eta ziento batek jarrai, eta orain denek errepikatzen ditek gauza bera, etengabe, eta errepikatzen ditek gainera halako moldez non sekulako deskubrimendua egiten ariko balira bezalako itxura ematen duten. Ez zakiat zenbat gazte etorri zaizkidan gerora ipuin berberarekin eta nik denei gauza bera, hori guztia asmakeria hutsa dela, ipuin polit bat, politegia, ondoegi ahokatua egia izateko. Gezur hutsa, hitz bitan esateko. Gainera, ez duk inoiz egon estatu politikarik artearentzat hemen, inoiz ez! Hik uste duk frankismoko politikari horiei artea axola zitzaiela? Batzuetan pentsatzen diat haien aurkari handienek miresten zituztela gehien; izan ere, halako nazioarteko muntaia sortzeko kapazak zirela pentsatzea ere! Ez intentzio batekin ez bestearekin, inork ez ziok garrantzi txikienik ere eman arteari gure herrian, politikariez eta estatu gizonez ari nauk, eta, beraz, absurdoak dituk teoria konspiratzaile horiek guztiak. Politikarientzat inoiz ez duk prioritatea izan kultura, bost axola horiei, eta artearen esparruan zerbait egin bada izan duk funtzionario umil batzuek hamarkadatan egin duten lanagatik, tartean nerau. Baina politika kulturala? Horixe bai entelekia! Eta horretan ez dituk ezberdintzen nire garaikoak eta oraingoak; diktadura eta nahi duan guztia, baina azken urteetako gobernuek gauza bera egiten ditek. Berdin Madrilen edo autonomietan, horretan ere igualak denak, alajaina. Gauza bera egin ditek denek, ezer ez, alegia. Italian, Frantzian, Ingalaterran… hara joan eta politika kultural bat ikusiko duk. Eta, kasu, askotan desados egon nauk, eta nagok, politika horiekin, baina eduki dutenik ezin uka, eta hori ez edukitzea baino puskaz ere hobe duk, duan politika munduko traketsena delarik ere. Bai, bai, barkatu, esan diat lehen ere, gazte, moztu iezadak luzamendutan ibiltzen banaiz. Ba, ez pentsa, ez, ni 1951ko I. Bienal Hispanoamerikarrean beste bat, bat gehiago, izan ninduan, koordinatzailea, lana erruz, beti bezala, baina ez zituan nire esku egon erabaki garrantzitsuenak. Ruiz Gimenez diok? Karkarkar, beti izan duk oso pedagogikoa. Hori idatzi bazuen… Seguru paseoan zebilela, edo terrazetan kafeak hartzen, gu erakusketaren muntaian ari ginen bitartean. Ai, Joaquin, beti bere ideiekin, beti bezain apostoliko. Sanchez Bella, Leopoldo Panero, Lafuente Ferrari, Ainaud de Lasarte, Juan Ramon Masoliver, Santos Torroella… horiek guztiak egon zituan han, ni koordinatzaile hutsa izan ninduan. 57an? Bai, hori jada geroago izan zuan eta hor bai, hor eskuak libre izan nitian gauzak egiteko.

      Nik uste 56ko bukaeran edo 57ko hasieretan hasi nintzela bienala prestatzen. Komisario-buru gisa, behinik behin. Denbora gutxi, baina garai hartan hala egin behar izaten genian lan, eta gure herriak bienalean parte hartzeko diplomazia lanak luze jo zian; imajinatuko duk zein zen oztopo nagusia. Chillida? Bai, sartu nahi izan zitean, eta nik ez nian arazorik izango hura ere sartzeko, baina Veneziarekin zebilean orduan buru-belarri, Venezia irabazi nahi zian eta irabazi zian, guk egindako lanari esker, noski, besteak beste. Ordurako nahiko argi zegoan gazte horrek zeresana emango zuela, baina 58a arte oraindik ez zian eztanda egin. Nork esaten dik guk egindako lanik gabe gero izan zena izatera iritsiko zela? Talentu mordoa zagok hor zehar, artista bikain ugari, beharrezko plataformarik eduki ez dutelako ahanzturan geratu direnak; eta artista erdipurdiko mordoa babes egokia eduki izateagatik goratua izan dena. Aber, ez gaitezen tronpa, talentua duk inportanteena, artistaren beraren balioa, zeren hori gabe lor dezakek unean uneko arrakasta, lau edo bost laudorio eta hire menera lerde jarioka biziko diren lau edo bost mozolo, hori egiteko prest dagoen jende piloa dago-eta mundu honetan, baina luzera, talenturik gabe jai daukak. Hori bai, horrekin bakarrik ere ez duk nahikoa izango, eta esan bezala, hor sartzen duk gure lana. Gure lana ondo egin ezean ere jai ditek artistek. Batzuei injustua irudituko zaiek, xaloz inguraturik bizi gaituk, zeruetan bizi den jendeaz, eta edozerengatik espantuka bizi direnak, eta niri ere esan izan zidatek maiz nola den posible halako gauzek, leku egokian momentu egokian egoteak edo, bestela esanda, hire artearen promozio eta erakusketa plataforma on bat edukitzeak, nola den posible horrek hainbesterako pisua edukitzea, ez ote den hori injustizia bat, artea bere balioagatik epaitu beharko litzatekeela, eta orduan niri barregura sartzen zaidak eta lanak izaten ditiat algaraka ez hasteko, ze jende desubikatua bizi den mundu honetan, harritzekoa duk, errealitatetik aparte bizi direnak erabat, horiek ere izango ditek babesleren bat beren bizitzan zeren bestela ez duk sinestekoa nola bizi daitekeen bat errealitatetik hain aparte, bizitza errealarekin sekula aurrez aurre egon gabe. Ez zakiat ingeles askorik baina kasu horietan gogoa ematen zidak esateko: welcome to reality.

      Chillida Veneziarako utzi genian, beraz, nahiz eta Tomas Suñer, Rioko enbaxadorea, majo tematu zitzaidan, eginahalak egin nitzala hura sartzeko, eta azkenean Oteizarekin joan gintuan eskulturan. Tira, Jose Planes ere eraman genian, baina figuratibo gisa. Bazakiat Oteiza gerora nitaz gaizki esaka ibili zela gau eta egun, baina adin honekin jada ez naitek gauza hauek asaldatuko; jaso dudan kritika bakoitzagatik aztoratu izan banintz! Bada, bai, jakitun nauk egundokoak bota zituela nire kontra, ez nauk bakarra izan, hori ere ondo zakiat, halako estiloa zian tipoak, baina egundokoak esanda ere esan behar diat Oteizak lana beltz egin zuela, hori aitortu behar diat, hilabete horietan guztietan buru-belarri ibili zuan, eta bere lanaren ordaina jaso zian, ez gehiago eta ez gutxiago; guk lagunduta, noski. Guk, edo zehazkiago, nik; bazakiat orain zera maiestatiko hauek daudela modan. Madrilen jarri zuan estudio batean, Nuevos Ministeriosen, eta nik uste handik atera gabe ibiltzen zela gau eta egun. Garbi zian Sao Pauloko Bienalaren alde egin behar zuela, dena eman han zerbait lortzeko. Ordurako ez zuan gaztetxo bat ere, eta bere momentua zuan hura, halako sariren bat lortu ezean gero nekez lortuko zian nazioarteko sonarik eta betiko geratuko zuan Espainiako eskultoreen artean, eskultore bat gehiago beste hamaikaren artean. Nik uste argi izan zuela hori, eta bereak eta bi egin zitian saria lortzeko. Eta, hasteko, tailerrean lana. Esan diat, ez diat problemarik hori onartzeko. Ez nauk pertsona herratsua; Errege Katolikoentzat Errege Katolikoena dena. Madrilen pare bat bilera-edo egingo genitian eta aurrez aurre suhar baina adeitsu izan zuan nirekin; tira, ia beti izan zuan horrela nirekin, egia esan; maldizioka beste une batzuetan hasten zuan, bereziki publikoa eta komunikabideak zituenean aurrean. Huarteren babesa izan zian, badakik, kontu ezaguna duk, eta hori hala duk, babes hori gabe ezingo zian Propósito experimental delako hura osatu. Hori garbi zagok.

      Eskultura kopuruarena? Bai, motel, lan ederra eman ziguan horrekin; aber, jakingo duk, ez zuan erraza Oteizarekin lan egitea, beti ibiltzen zuan borobilari ertza bilatzen, eta orduan ere ondo zorabiatu gintian hogeita zortzi eskultura aurkeztu zizkigunean. Gero, badakik, hamar familiatan antolatu zitian eta aurrera, abila zuan tipoa gauza horietarako. Eskerrak, hori bai, ez zirela eskultura handiak, bestela joan hadi espazio horretan hogeita zortzi eskultura sartzera. Beste artisten kexak? Ez diat akorduan arazo berezirik. Sao Paulo arrakasta erabatekoa izan zuan, Venezia bezalaxe, eta horrekin geratu gintuan. Askatasuna eman geniean artista guztiei, gainera; guk katalogo orokor bat ez aurkeztea erabaki genian, ez gintuan denboraz halakotan sartzeko, baina artistei aukera eman geniean, nahi izatera, bakoitzak berea egiteko. Katalogoa aurkeztu zuten bakarrak Tapies eta Oteiza izan zituan. Besteetako inork ez zian aurkeztu, haiek jakingo ditek zergatik, eta, beraz, hori bakoitzaren esku egon zuan, ezin kexa batek hau eta besteak hura egin zuelako. Eta hori ere azierto handia izan zuan haren aldetik, ez diat lotsarik hori ere aitortzeko, zeren, badakik, Oteizaren eskulturak asko irabazten zian esplikazioekin, eta Propósito experimental delakoa arrakasta hutsa izan zuan, igual eskulturek beraiek baino sona handiagoa izan zian. Hori ere zetorrenaren zantzutzat har zezakeagu orain. Orain besterik ez zagok, motel, azalpenak, esplikazioak eta testu hanpatuak. Baina bai, Oteizak ondo egiten zian hori, eta katalogorik gabe geratu gintuan derrepente, jendea txundituta geratu zuan haren teoriekin. Ikusgarri geratu zuan erakusketa, argazkiak aurkitzen badituk ikusiko duk, zeinen lan ona egin genuen urte horietan, alajaina. Eta Oteizak ere lan ona egin zian Sao Paulorako, esan diat, bereziki hain denbora gutxian eskultura multzo hori aurkeztuta eta katalogo hori. Nik uste eskultura denak edo ia denak izango zirela berriak, berariaz sortuak; tira, ez nauk ondo akordatzen, konprobatu ahal izango duk hik artxiboren batean-edo, ezta? Obren erosketa? Bada, gauza bera. Gogoan diat interesa egon zela, eta ez soilik Brasilen bertan, hortik kanpo ere bai. Amerikanoek zerbait nahi izan zitean, ingelesek edo alemanek, orain ez nauk ondo akordatzen, baita ere, baina ezin diat askoz gehiago esan, ez zakiat interes horiek gero burura eraman ziren. Ameriketako galeria batek obra batzuk eraman zituela uste diat. Nola? Gress Gallery diok? Washington? Izan litekek, bai. Esan diat, onena gauza horiek artxiboetan begiratzea, zerbait egongo duk hortik.

      Egun frenetikoak izan zituan Brasilgoak, bai. Esan diat, denboraz oso larri ibili gintuan eta hara iritsi bezain pronto ere berdin: muntaiak, antolatzaileekin bilerak, artisten koordinazioa, ekitaldi sozialak… Erotzekoa zuan. Eta hor ere Oteiza izan zuan langileenetarik. Berea azkar samar izan genian prest, beste batzuen aretoak oraindik hastapenetan zeuden bitartean, eta inaugurazioaren bezperan oraindik iritsiko ez ginela uste genuela. Gero iritsi iritsi gintuan. Beti iristen haiz azkenean, modu batera edo bestera. Egia esan ez diat egundik ondo ulertzen nola jasaten genuen erritmo hori. Gazteak gintuan, hori izango duk. Edo gazteagoak, behinik behin. Holandako delegazioak eskainitako koktel batera Oteizarekin joan nintzela gogoratzen nauk. Esan diat lehenago ere bai, ezta? Garai hartan ondo moldatzen gintuan; hura zen bezalakoa zuan, baina harreman adeitsua genian, geroago etorri zituan purrustadak, maldizioak eta bestelakoak. Ziur zegoan irabaziko zuela, hori esan diezaaket; tira, tipo xaloa ere ez zuan, eta pentsatuko zian gauza hauek zailak direla aldez aurretik erabat ziur edukitzea, eta pentsatuko zian akaso gero ez zuela irabaziko, baina konbentzimendu osoa zian bera zela bienaleko arkitektorik onena, arkitekto bakarra, hala esaten zian, ni nauk hemengo arkitekto bakarra, gainontzekoak nik zer zakiat, arotzak, artisauak edo halakoren bat izango balira bezala, baina ez artistak. Eta bai, arrazoi zian horretan, ez duk nahikoa artista handia izatearekin, eta lehen esan diadan moduan hor sartzen zuan nire lana, Oteizak mespretxuz intriga politikoak deitzen zuen horretan; baina hor ere jakin egin behar lan egiten, zeren gu iritsi arte Espainiako artea, gerraz geroztik, basamortu bat izan zuan nazioartean, hori azkar ahazten zaiguk, azkar ahazten zaiguk berrogeita hamabosta arte, gutxi gorabehera, zein zen egoera; gero etorri zituan bienalak eta hori guztia eta dena aldatu zuan, baina hor lan bat egin zelako, artistak egon baziren, baina horri guztiari bilgarri polit bat jarri behar zaiok eta horretarako zegoan aurrean duan jaun hau. Gero unibertsitateko irakasle gazte horiek jasan behar gainera, beren teoria estrafalario horiekin, ez duk sinestekoa, gazte. Iraultza bat izan zuan, bere erara, egoera irauli genian, eta hortik etorri zituan Tapiesak eta Chillidak eta abarrak, gaur eguneraino luzatu den lerro hori.

      Ea, erakuts iezadak… karkarkar nire letra duk dudarik gabe, ez ninduan gogoratzen horrela jakinarazi nionik, ez zakiat, momentuko beroaldia izango zuan. Eres el Gran Premio de IV Bienal. Estoy donde los ingleses. Un abrazo, Luis. Karkarkar. Gaizki-ulertua? Ez zakiat hori. Hara, ez nian horren berri. Ohar horregatik? Ziur hago horregatik izan zela eta ez Oteizaren ameskeriengatik? Bai, gogoratzen nauk polemikarekin, baina ez diat uste nire oharrak zerikusirik izan zuenik. Ikusten duk, eskuz idatzitako presazko ohartxo bat duk, teknikoki ez zuela sari nagusia jaso baizik eta nazioarteko eskultura saria? Ados, baina momentu horretan hori gutxienekoa zuan, ezin zehaztasun guztiak jarri horrelako ohartxo batean. Nik behintzat garbi izan nian sari nagusia Morandiri eman geniola epaimahaikideek eta pintura eta arkitektura sariak Nicholsoni eta Oteizari, hurrenez hurren. Ea, kasu hauetan sari nagusia artista zahar eta kontsakratu batentzat izaten duk, haren ibilbideari emandako saria, nolabait, eta besteak izaten dituk momentuan, ikuspuntu garaikide batetik lanean ari diren artista bizientzat. Eta Oteizak ulertu zian, edo ulertu nahi izan zian, Morandik Nicholsoni kendu ziola saria, eta Nicholson gabe geratu zela, eta beretzat Morandiren artea arte zaharra zuan eta Nicholsonena arte bizia, baina ez zuan horrela izan, ikusten duk, Nicholsonek ere jaso zian bere saria, Oteizarena bezalaxe, baina pinturan. Morandiri eman genioan, bai, baina eztabaida luzea izan genian, batzuen ustez Chagallek jaso behar zuen-eta sari nagusia, eta hor ibili zituan bando batekoak eta bestekoak borrokan, nik Morandiren alde egin nian baina ez zuan hori nire buruhausterik handiena, kategoria horretarako ez genuelako espainiarrik, eta hala, nire tratua italiarrekin izan zuan, nik Morandiri emango zioat boza baina zuek Oteizari eta halaxe egin genian txama. Egia esan, uste baino errazagoa izan zuan Oteizarena, gozo joan zuan bozketa. Epaimahaikide brasildarren babesa segurtatua genian, eta horrek asko lagundu zian. Gero amerikanoek-eta gutxi pintatzen zitean han, Alfred Barr batek, adibidez, izen handia bihurtu ditek, baina nik esaten diat bozketa haietan, eta ez bakarrik Sao Paulokoan, ezer gutxi eragiten zutela haren iritzi zein irizpideek. Mito asko zagok eraisteko. Beti izan dituk onak amerikanoak marketinean, baina hori besterik ez.

      Ados, bai. Nahi duan bezala, ni hemen laguntzeko nagok. Gauza asko ahaztuak ditiat, baina funtsezkoa gordetzen dik buru zahar honek, nik uste. Hala duk, bai, Veneziakoa horren guztiaren gailurra izan zuan nolabait, zeren, bai, Sao Paulo garrantzitsua zuan eta eginahalak egin zitiztean, eta dirua majo sartu Veneziaren mailara iristeko, eta lau ediziotan sekulako aurrerapausoa egin zitean, baina Venezia Venezia zuan, aparteko itzala zian, eta ez ahaztu berrogeita hamaseikoa hogeita bederatzigarren edizioa izan zela. Hogeita bederatzigarrena, erraz esaten duk. Handik paseak zituan erraldoi guztiak edo haien obrak, Klimt, eta Courbet, eta Picasso, eta Braque, eta Magritte, eta abar. Orduan, gure artea haienaren pare jartzea izugarria izan zuan, eta neurri handi batean gure lanari esker, esan gabe zoak. Zeren artistak bagenituen, asko gazteak gainera, talentua ere bai, baina leihoa falta zuan, txikia izanik ere egokia izango zen leiho bat. Eta hori Gonzalez Roblesek jarri zian, ez gaituk itzulinguruka ibiliko. Hitz egiten ari zaian gizon xahar honek. Zeren aurreko bienaletan sekulako anabasa bidali genian, artisten nahaste-borrastea, zentzu eta irizpiderik gabea; artista gehiegi, azken batean, eta denak mordoiloan, eta horrela ezin genian ezer irabazi, ez zegoan artistari behar duen tokia emateko modurik. Orduan, artista kopurua jaistea izan zuan nik hartu nuen lehenengo erabakia, gutxiago eramatea baina mimoz lantzea, eta bi urte geroago eramango genitian beste batzuk, edo beste bienaletara, edo nik zer zakiat, baina ezin genian joan Veneziara lagun kuadrilla bat izango bagina bezala, denak multzoan, aliritzira, ez genian itxurarik ematen horrela. Eta gero beste zerbait zegoan. Abstraktuak oso gutxi eramaten genitian, hor jarraitzen genian figuratiboekin tematurik, eta kasu, ez diat esaten figuratibo onik ez genuenik, hor zeudean Cossio, Ortega Muñoz, Guinovart… neronek horiexek eraman nitian berrogeita hemezortzian, baina bat duk hori eta bestea duk garaiko korronte artistiko aurreratuenei, garaiko arte bizienari, entzungor egitea. Eta orduan abstraktua zegoan indartsu, ez zegoan beste hizpiderik ni joaten nintzen nazioarteko bilkura guztietan, arte abstraktua gora eta arte abstraktua behera, eta haren bueltako teoria guztiak, eta beti bezala amerikanoak beraien Pollock eta abarrekin; baina bueno, kontua duk, testuinguru horretan nola ez genituen ba eramango artista abstraktuak, are gehiago Tapies bat, eta Saura bat, edo Chillida bat bezalakoak genituenean gure artean, berrogei urte bete gabeak oraindik eta beren karreren indar betean? Eta, bai, politika aldaketa hori erabakigarria izan zuan, bistan denez, eta nik egin nian politika aldaketa hori, ez Francok, ez Garcia-Minak, ez beste inork, ez genian besterik behar. Halako aldaketa bat egiteko arte panorama ezagutu behar duk eta usaimena eduki, eta hori ezin dik edonork egin, ez duk lau politikari edo burokrataren artean egin dezaketen zerbait. Hau esan beharra ere. Eta halaxe iritsi zituan Veneziako lau sariak, Tapies, Chillida, Aguilera Cerni, eta gure pabiloiari eman zioten UNESCO saria. Horrela esaten diat, lau sariak segidan botata bata bestearen atzetik, eta hunkitu egiten nauk oraindik, alajaina. Chillida? Bai, berea izan zuan sari nagusia, noski, baina besteak ere hor egon zituan: Tapiesen aurretik soilik Tobey geratu zuan eta Aguilera Cernirenean ez nian zerikusi zuzenik eduki, aitortu behar diat, kritiken zerak beste bide batetik joaten ziren-eta, baina herri gisa sekulakoa izan zuan. Gure Espainia mapan jarri genian, mapan berriro ere. Lan beltz egin ondoren jasotako fruituak inondik ere. Leihotxo bat, lehen ere esan diat, baina ez nolanahikoa.

      Nork esan dik hori? Portabellak? Bon, bon, bon, ez egidak mingainetik tira. Burdinazko egitura sortu nuela? Inor ezin zela sartu? Aizak, nire lana zuan, zer nahi duk, aurreko anabasa hori? Hala jarraitu izan bagenu sari bakar bat ere ez genikean eskuratuko. Gauza gutxi zeuzkaat argi mundu honetan, baina hori garbi diat, baiki. Nire lan egiteko modua ezarri nian, hori onartzen diat, baina denok egiten diagu hori, ala? Bo, ez, egia duk, lan egiten ez dutenek izan ezik, eta zoritxarrez, horrelako mordoa ditiagu herri honetan. Inportantea zuan dena loturik joatea, dena ondo pentsatuta, lerro editorial argi batekin lan egitea, nahiz eta orduan ez genian oraindik terminologia hori erabiltzen; eta horretarako kontrola ezinbestekoa zuan. Burdinazko egitura? Entzun behar direnak. Ai, Portabella, horrek ere hobe likek isilik.

      Nola izan zen aukeraketa? Ez diat esan dagoeneko, ala? Nire irizpide propioz aukeratu nitian horiek guztiak, ez nian gobernutik inolako presiorik jaso, ezta iradokizunik ere, eskuak suelto izan nitian, hori hala izan zuan; nahi dutena esango ditek unibertsitateko irakasle txepel horiek, baina inorant hutsak besterik ez dituk. Madrilgo Arte Garaikideko Museoan ibili ninduan, kanpoan ibiltzen ninduan asko, bienaletan, erakusketetan, artistei bisitak, nazioarteko zirkuluetan enkontruak, beste komisarioekin bilerak, eta hala, gustua eraikitzen joaten duk bat. Ezinbestekoa duk hori, garaian garaiko artea ezagutzea, usaintzea, zeren komisario mordoa ikusi diat, eta unibertsitate irakasleak ere bai, nola ez, iraganeko artean eta haren kanonetan katramilatuta, momentuan egiten ari den arte biziarekiko itsu; nik ez nian meritu handirik izan, ni herri honetako langile xume bat besterik ez ninduan, azken batean, zerbitzari publiko bat, baina nire lana ondo egin nian, eta ezagutu ezagutzen nian zertan zen nazioarteko artea, eta hor, esan diadan bezala, klabea izan zuan urte horietan arte abstraktuari eta informalismoari eman genion bultzada; ondo zakiat, beste norbait egon izan balitz nire tokian, oraindik arte figuratiboa besterik ez genian eramango bienal horietara guztietara, eta, gero demostratuta geratu zen bezala, erabateko okerra izango zukean.

      Jendea nekaturik zegoan gerrako kontuekin, gerra trauma latza izan zuan denontzat, eta jendeak normala izan nahi, eta beste herrialdeetan goi-mailako artistak zeuden bezala, zergatik ez gure herrian? Herri normal bat, puntako artistekin, ez zuan hainbeste eskatzea. Hor aurreiritzi asko izan zuan, diktadura batean geundela eta arteak libre behar duela eta halako diskurtso hanpatuak entzuten genitian orduan, amerikarrek ez zitean besterik esaten, baina guk demostratu genian horiek hitz politak zirela, hitz harrotuak, baina arteak behar duela politika kultural on bat, gauzak ondo egitea, lana beltz, eta gero fruituak etorri etorriko direla. Eta, esan diat, hor sartzen ninduan ni, Luis Gonzalez Robles jauna.