Irun, 1960ko iraila
Barkadazu, gazte, akaso aurrekoan gehiegi luzatu nintzen Batlleren omenezko monumentuaren zera horrekin. Bai, bai, eser zaitez hemen lasai. Zerbait nahi duzu? Deituko diot Isabeli bestela. Badakizu, nahi duzun bezala, edozein momentutan moztu nazazu zerbait behar izanez gero. Sentitzen dut, nola zen zure izena? Ai bai, barkatuko didazu, ez dut inoiz ikasiko, buru xahar honetan ez zait jada ezer gehiago kabitzen. Bo, pozten naiz hala bada zeren gero pentsatu nuen gazte hau Estatu Batuetako erakusketa hura zela-eta etorri da ozeanoaren bestaldetik eta ni Batllerenaz aritu natzaio isildu gabe, esango zuen atso zahar honek a galdetu eta b erantzuten du; nire seme-alabek askotan esan didate, Marta, heldu hariari mesedez eta faborez adarretatik ibiltzea gehiegi gustatzen zaizu eta akaberarako galdu egiten gara denok. Hala izango da denek gauza bera esaten badidate, ez dut ukatzen, baina adarretan ibilita bestela aurkituko ez zenituzkeen gauzak topatzen dituzu maiz. Haiek desesperatu egiten dira batzuetan. Benetan uste dudana da ez dela hariari heltzea kontua baizik eta haiek beti dabiltzala presaka alde batetik bestera, lana, seme-alabak, etxeko kontuak, bata eta bestea, eta ez dutela nire txorakeriekin denbora galdu nahi; efizientziaz hitz egingo diete beren enpresetan eta efizientzia hori eraman nahi dute beren bizitzaren eremu guztietara. A ze atarramentua. Nahiago nindukete isilik, edo gehienera, lau esaldi baino gutxiagoko mezuak esaten. Eta esango nuke ez direla oso zoriontsu, ez ditut ikusten inoiz pozik.
Bo, esandakoa, joan nadin harira. Egingo nuke Oteiza jaunak ez zuela arrastorik Estatu Batuetako erakusketaren inguruan; doi-doi jakin zuen Montevideoko egonaldiko bukaeran bere obra batzuk MoMAn erakusten ari zirela. Amorratuta zebilen, erakusten ari ziren obrak ez zirelako egokienak eta seguru gaizki paratuko zituztelako gainera. Baina ez zekien askoz gehiago. Washingtongo galerista madarikatu haren jukutria izango zela dena eta artistaren patua negargarria zela, ez zuen besterik esaten, artistak artea egiten duela baina gero askotariko pelajetako jendearen mende geratzen direla obrak: galeristak ez direnean, agenteak, edo ordezkariak, eta bestela komisarioak, edo obra erosi duen bilduma partikulardun aberats zokor-mazoren bat. Eta berari ere horrelako zerbait gertatzen zitzaiola beti, bereziki Sao Paulokoa irabazi ostean, bere artelanen geroz eta kontrol urriagoa zuela eta eskerrak arte ekoizpena utzia zuela, eta nola ba ez zuen utziko panorama artistikoa zen bezain negargarria izaki. Irunera itzultzen naizenean arduratuko naiz horretaz, esaten zuen, orain badut nahiko lan herrialde ustel honetan. Eta, tira, kostata, baina udaren amaierarako ohartu zen zeregin gutxi zuela Batlleren zerarekin, amore eman behar zuela, ez zietela sekula sari hori emango; ahaleginak ahalegin, eta ez ziren gutxi izan, hobe zuela beste kontu batzuetan jartzea indarrak. Eta itzulerako bidaia prestatzeari ekin zioten. Ez da erraza izan behar, hori orduan pentsatzen nuen eta orain ere bai, ia urtebete eman kausa baten alde eta gero etorri bezala itzuli beharra, edo okerrago, Oteiza jaunaren kasuan, herrialde erdiarekin edo gehiagorekin etsaituta bukatuta gainera. Berezko joera izango zuen baina sinetsita nago bere sakonean morroiak egundoko sufrimenduz eramaten zuela hori guztia, pentsa lezake inork bere burua nabarmentzeko kontuak zirela horiek, bera beste guztien gainetik jartzeko joera moduko bat, eta horretan gozatu egiten zuela, baina zer nahi duzu esatea, ez dut uste gauzak hain sinpleak direnik; nik uste bere barrenean bakardade handia sentitzen zuela, ezulertu benetako bat, frustrazio bat, amorrazio bat, eta nahi dituzun -zio guztiak. Bazuen benetakotasun bat hor, egia bat; agian berea, baina egia bat finean. Badakit jende askorentzat ez dela hala izango eta hemengo beste askori galdetuz gero bestela hitz egingo dizutela Oteiza jaunaren inguruan baina ni nire iritzia emateko nago hemen, ezta?
Eskertzen dizut.
Orduan, Estatu Batuetakoa gerora jakin nuela gehiago uste dut; alegia, Oteiza jauna Espainiara… barka, Euskal Herrira; ikusten duzu? oraindik burmuin ximeldu hau bada zerbait ikasteko gai, bada Euskal Herrira itzuli zenean harremanetan jarraitu genuen luzez eta nik uste orduan kontatu zizkidala hango aferak. Pena da zeren laneko kontuetako dokumentu eta enparauak ondo gorde ditudan bezalaxe nonbait galdu nuen garai hartan Oteiza jaunarekin eduki nuen korrespondentzia, eta buruz hitz egin behar dizut, nire buru badaezpadako honetaz fidatu beharko zara.
Behin telefonoz ere hitz egin genuela gogoratzen naiz, ez dakit noiz izango zen, baina urtea bukatu baino lehen seguru, oraindik egunkarian ari nintzelako lanean, entzun Marta, esan zidan, adeitsu, sukaldetik deitzen haugu; eta aldamenean zuen Carreño anderea, harekin ere hitz egin nuen pixka bat, pozik zirudien beraien herrira itzuli zirelako hainbeste denboraren ondoren. Marta estimatua, esaten zidan behin eta berriz Oteiza jaunak, bazirudien paseak zitzaizkiola gure herriko buruhausteak, edo behintzat, atzean utziak zituela, nahiz eta ziur aski ez zituen benetan urte luzetan ahaztuko. Entzun, Marta estimatua, entzun, soinu hau zeukan gure herri antzinakoak, eta gero esplikatu zidanez, zeren nik apenas entzuten nuen ezer, sukaldeko leihora gerturatzen zuen telefonoa, haria ahal bezainbeste tenkatuz, kanpokoa entzungo nuelako esperantzaz, nahiz eta, esan bezala, apenas entzuten zen ezer, zarata urrun identifikaezin bat, txoriren baten kantua. Ez dakizu ondo zeinen pena dudan zuen herria ez ezagutu izanaz, Oteiza jaunak beti esaten zidan joateko, gustuz hartuko nindutela beraien etxean, baina bizitza zaila izan dut eta orduan ez zen orain bezain erraza kontinentez mugitzea. Lana, familia, haurrak… posible izan zaidanerako zahartuegia nengoen eta Oteiza jauna, bestetik, hilik. O, jakin izan nuen eguna! Ez dut gogoan hura bezalako egun triste askorik! Egunak eman nituen lur jota, nahiz eta azkeneko urteetan harreman gutxi eduki genuen; baina mina latza zen, eta are latzagoa ezin izan nuelako beste inorekin partekatu. Baina tira, ez dezagun horretaz hitz egin bestela berriz ere desbideratuko bainaiz, eta alferrik atsekabetuko. Telefonoa leihora hurbiltzen zuen, bada, eta, entzun, zioen, entzun ezan, Marta estimatua, entzun itzan txori hauek, haizearen zirimola, milaka urteko gure herria dun aurrez aurre oraintxe. Eta nik, noski, inpresionatua nengoelako itxurak egiten nituen; egiazki, inpresionatuta inpresionatuta nengoen baina gehiago Oteiza jaunak esaten zizkidanengatik edo imajinatzen nituenengatik benetan entzuten nituenengatik baino, zeren, azken finean, entzuten nuena ez baitzen beste inon entzungo nuenaren oso bestelakoa. Telefonoak eta soinu kalitatea ere halakoak ziren garai hartan, hori ere ez ahaztu, tokitan zeuden egungo sakelako moderno hauek. Begira, Marta estimatua, esaten zidan, ni bertan egongo banintz bezala, leihoaren bestaldetik ikus dezaken mugaren bestaldea, han hasten dun Frantzia, hor dun ibaia, eta harantzago halako mendia, ez dut izena gogoan, noski, ez al da zoragarria? galdetzen zidan, eta nik baietz, bai, bai, Oteiza jauna, zoragarria da zuen herria, halakorik gutxi da mundu osoan.
Orduko hartan gehiago hitz egin zidan Estatu Batuetakoaz gure herrikoaz baino, eta ondo gogoan dut nola aldatu zitzaion derrepente aldartea hartaz solastatzen hasi zenean; Montevideoko Oteiza jaun hura azaleratu zen berriro, oraingoan Washingtongo galeristaren kontra, Estatu Batuetako politika kulturalaren kontra, arte garaikidearen ipar falta erabatekoa deitoratuz. Piezena zegoen alde batetik, bazituela batzuk Washingtongo galeria hark, ez dut gogoan izena… nola? Gress? A, ederki, ikusten dut ondo ari zarela, pozten naiz, hasieratik hartu nizun mutil serioaren itxura. Gress galeriak, bada, bazituen haren pieza batzuk baina haiekin komunikazioa ezin txarragoa omen ozeanoaren beste aldetik, ez dakit egungo gazteak ohartzen zareten zer zen hura, zer zen garai hartan ozeanoaren beste aldearekin komunikatzea; telefonoa garesti, telegramak labur, eskutitzak berandu, ezin atarramentu onik atera horrela, eta galeria hartakoek, ikusten? berriz ahaztu zait haien izena… Gress, hori da, Gress galeriakoek nahieran erabili omen zituzten artelanak, nahi zituzten moduan erakutsi zituztela, berarekin hitz egin gabe, eta tartean, Estatu Batuetako erakusketa hartan. Amorratuta zegoen piezen aukeraketagatik, baina baita piezaren bat ere gaizki izendatua zegoelako, eta erakusketa horren berri prentsaren bidez jakin zuelako. Montevideon zegoen, bai, baina ez zen hain zaila bera lokalizatzea, aurrez emana zien Zaffaroniren helbidea ere, ondo zekiten bera non aurkitu, eta Irunera itzuli zenean hara non topatu zituen hango eta hemengo postal eta eskutitzak. Gress galeriakoenak, batez ere, baina ordurako jada zaharrak ziren, erakusketa martxan zen eta ez zegoen zer eginik. Eta ez bakarrik hori, gero herrialdean zehar ibili zen erakusketa beste hiri batzuetan, Washingtonen bertan ere bai, baina horrek guztiak bost Oteiza jaunari; kaltea jatorriz zegoen egina eta harekin hala izaten zen, hasieran zer edo zer gaizki egitera, geroko guztia zikintzen zuen, eta jada ez zegoen erremediorik, are geroko ondorioak miresgarriak, gorenak eta hobeezinak izan. Argi izaten zuen Oteiza jaunak, printzipioetan orbanen bat egonez gero, hobe ezertan aurreratu baino lehen orban hori zuritzen ahalegindu, eta hala, erakusketa horiek historikoak zirela esanda ere, sekulako arrakasta izan zutela, eta jende mordoak ezagutu ahal izan zuela, non eta Estatu Batuetan, eta obraren bat ere erosi ziotela, eta bere ibilbide artistikoan mugarria izango zela, horiek guztiak esanda ere hari berdin zitzaion, piezak gaizki aukeratuak zeudela eta bat gainera oker izendaturik, eta berak ezer jakin gabe antolatu zela guztia, eta galeria adarra jotzen ari zitzaiola, ez zuen besterik buruan. Zaputzetik zaputzera, halaxe ibili zen Oteiza jauna urte horietan, ez da harritzekoa dena pikutara bidali eta arte produkzioa utzi izana; berak ere halaxe esaten zidan, Marta, ez zekinat zertan harritzen diren eskultura utzi izanaz, ez diten ikusten zaborreria hau guztia, ala?
Eta denak pikutara joan zitezela, obra guztiak ekarri nahi zituela derrepente Estatu Batuetatik, luze gabe bidal ziezazkiotela eskatzen zuen posible zuen denetan. Estatu Batuetatik eta leku guztietatik, aukeran. Utzia zuela eskultura eta huts larria izan zela erakusketa guztiak ere utzi ez izana, azkenean artearen alderdi makurrenera lotuta egotera behartzen zuela horrek guztiak; piezen mugimenduak bateko, salmentak besteko, galerista, komisario, funtzionario eta bestelako adar jotzaile saldoa. Azkenean bazirudien artearen alderdi gaiztoenarekin geratu zela; horra egin zuen negozio kaskarra, horretarako hobe zegoela lehen bezala.
Montevideotik itzuli zenean bere testuak antolatu eta argitaratzea beste helbururik ez zuen, esaten zidan, Marta, mundu honek astindu bat behar din, garai motelak bizi ditinagu, astindu bat behar din honek guztiak, esaten zidan, arteak ez bagaitu inarrosten zertarako jarraitu antzerki honetan? Zertarako jarraitu engainua elikatzen? Eta hitza zen, beraz, bere borroka eremua orduan. Ondo jabetu ginen ikusi genuenean bere hitzaldi, elkarrizketa eta abarretan, hitza arma bat zen beretzat, are burdina edo aluminioa baino indartsuagoa, haiek baino zorrotzagoa, eta hori zuen buruan, testu anabasa hori guztia argitaratu behar dinat, ahalik eta gehien zabaldu, ezin gaitun egunero prentsan eta zirkulu ofizialetan ematen digutenarekin konformatu, bestela herri honen akabera izango dun behin betiko, hilzorian gaitun, nekez ailegatu gaitun hona, baina ez badugu astinaldi bat gure akabua dun. Hemen egongo balitz bezala akordatzen naiz, entzuten dun, Marta? entzuten dun? horrela egiten din soinu gure herri antzinakoak. Badakit denbora gutxiren buruan argitaratu zuela bere liburua eta arrakasta handia izan zuela, esango nuke gutxitan entzun nuela orduan bezain zoriontsu, liburua atera dun, esaten zidan ume baten ilusio osoz, eta gero, herriak liburua ulertu din, are alaiago, herriak liburu hau behar zinan. Gazteak hurbildu zaizkidan, elkar ezagutzen ez genuen jendea, elkar ezagutzen ez genuen belaunaldiak, inkomunikaturik zeuden gazteak hurbildu zaizkidan, Marta, nire herria espiritualki altxatzeko egindako lanak zerbaitetarako balio izan din, esaten zidan. Gutxitan ikusi nuen hain baikor. Gure herria hiltzeko trantzean dun, baina ezin dun hiltzera jolastu; halakoak esaten zizkidan. Hilabeteak eman zituen testuak antolatzen hau jartzen hura kentzen, hori gerora kontatu zidan, kasik gaixotzeraino erotu zela liburua idazten, bere hitzaldiak antolatzen moldatzen birkokatzen, eta, azkenean, lortu zuen bere proiektuetako bat aurrera eramaten. Egiazki, agian jende gutxik ulertuko zuen liburu hura, baina konprenitua izatearen sentipena izan zuela esango nuke, ia estreinakoz.
Barkatu, uste dut berriz ari naizela luzamendutan eta nazkatzen hasia izango zara beste behin ere, eskerrak pazientzia handiko mutila zaren, santu bat dirudizu hor zirkinik egin gabe atso zahar honek alamena eman bitartean, ez duzu ez meritu makala. Nola? Ikusten? Esaten nizun ba, santu bat zara.
Ea ba, arestian esan dizudana, alegia, pieza guztiak erretiratzen ahalegindu zela, Estatu Batuetako erakusketak bertan behera utziko zituela beregatik balitz, baina azkenean ez bata eta ez bestea, artista gauza gutxi izaten da halakoetan. Jendeak pentsatzen du artistaren esku dagoela bere obren patua baina bai zera, artistak ez du deus pintatzen gehienetan, ondo ikasi dut hori urte hauetan guztietan, nire lagunei esaten nielarik ez zidaten sinetsi ere egiten, pentsatzen zuten begira artista hau nik ezagutzen badut, eta nik ez baitakit deus arteaz, seinale arrakastatsua dela, diruduna izango dela, eta aparretan biziko dela dudarik gabe. Esaten nien, oker zaudete, honek ez du horrela funtzionatzen, harrituko zinatekete distirant agertzen zaizkigun hainbeste artistaren egoera nolakoa den jakingo bazenute. Beti begiratzen ninduten, ordea, aski sinesgogor, esango balute bezala, tira, Marta maite dugu baina badakigu nolakoa den, seguru artearen mundutxo horretan konpontxoa eginda dabiltzala irudi hori emateko baina bai zera, nola izango da posible egunkarietan agertzen diren horiek guztiak, beren soineko, beren traje eder horiekin, miseria gorrian bizitzea benetan? Oraindik Montevideon zela gogoan dut Basterretxeari idazten ziola esanez itzultzen zenean ahal zuen guztia erretiratuko zuela, kito, gogaiturik zegoela denarekin. Asko maite zuen Basterretxea, hori esan diezazuket segurtasun osoz; sekula ez nuen ikusi jende asko baldintza gabe maitatzen, Oteiza jauna mesfidatia zen oro har, eta ez zen lehen begiratuan edonorekin maitemintzen zen horietakoa. Edo hobeki, maitemindu maitemindu zitekeen, baina berehala ikusiko zizkion zimurrak, desliluratuko zen derrepente, eta jasangaitza egingo hurkoaren traizioa; ezer gutxi behar zuen traizioa senti zezan, hori ere egia da. Maitasuna denboran luzatzeko ezgauza zen gizajoa, ez baitzen erraz konformatzekoa. Salbuespena zen, aldiz, Basterretxea, hura bai maitatu zuela betiko. Bera eta Carreño andereñoa, uste dut ez dudala beste inor ezagutu Oteiza jaunak barne-barnetik maitatu duenik. A, ez, ez, ez esan hori, esajeratzen ari zara… Bai zera! Isildu, lotsagorrituko nauzu-eta. Ahal zituen obra guztiak sal zitzala eskatu zion Oteiza jaunak hemendik Basterretxeari, haren esku utzi zuen obren kudeaketa, eta zegokien prezioan saltzeko, besterik ez, jada ez zuen haiekiko atxikimendurik, eskultura atzean utzia zuen eta hitzetan zuen burua; esan dizut lehen, liburua argitaratzea beste kezkabiderik ez zuen orduan. Susmoa dut Basterretxeak ez zuela gauza handirik egin, eta ez naiz harritzen, zeren Oteiza jauna kapaza zen zenbait asteren buruan hartutako erabakia itzulikatzeko eta obrak atzera eskuratzeko eskatzen hasteko, eta luze gabe Oteiza jauna Montevideo uztekoa zenez, Basterretxea jaunak haren esku utziko zituen, zuhurtziaz, hartu beharreko erabakiak oro. Estatu Batuekikoak, bestetik, urtetan luzatu zitzaizkiola uste dut, ez zizkioten berehalakoan itzuli erakusketaz erakusketa ibili ziren artelanak. Baina horretaz ezin dizut informaziorik gehiegi eman; itzuli zenetik kontaktua galdu ez bagenuen ere, pixkanaka bakantzen joan zen gure harremana, eta 65etik aurrerako kontuez ezagutzeko hobe zenuke beste batzuengana joan.
Tira, estimatzen zuen beste bat, orain akordatu naiz, Negret zen. Lagun zaharrak ziren Oteiza jauna Kolonbian egon zenetik. Ni? Ez, ez, orduan umemoko bat baino ez nintzen, Oteiza jauna Hego Amerikan egon zen aurreko aldiaz ari naiz. Bai, hori da. Kontua da harekin harremana izaten jarraitu zuela, eta Estatu Batuekikoan lagundu ziola, Negretek han kontaktuak zituelako eta ingelesa ondo hitz egiten zuelako. Nola miresten zuen hark Oteiza jauna, inoiz izan dudan maisu handiena, balakatzen omen zuen, baina Oteiza jauna gorritu ez, noski, hura ez zen errazki lotsatuko lausenguengatik. Hori bai, ez zitzaion isilduko, eta jo eta ke aritu zitzaion estatubatuarren kontra, bereziki New Yorkekoen berririk ez, eta galeriak, ez dut izena gogoratzen jada, harengandik paso. Schaeffer horrekin hitz egin ezak, faborez, eskatzen zion, itzuli ditzala lehenbailehen obra guztiak. Galeria hori ez zela batere profesionala izan, dena informalitate hutsa izan zela, horretaz kexu zen, gezurra zirudiela bere burua munduko abangoardiatzat zuen herri batean halako portaerak edukitzea. Negret saiatzen zen esplikatzen kasu puntuala izango zela, ez zezala etsi, saiatuko zela bitarteko lanak egiten, seguru gaizki-ulertu bat besterik ez zela izango dena, aukera bakana zela non eta New Yorken, non eta MoMAn erakustekoa. Oteiza jaunari, ordea, bost axola horrek guztiak, ez zuen besterik behar, Estatu Batuak bere osotasunean ergelkeria informal hutsa besterik ez duk, badakit asko maite duala herrialde hori, esaten zion; izan ere, Negret, oso gazterik zela, oso ondo hartu omen zuten haren hastapeneko zenbait lanekin; bazakiat asko maite duala herrialdea, esaten zion, bada, nik gorroto diat; barkatuko didak, nire ikuspuntua hori duk.
Eraman ezin zuena beste eskultore bat zen, ez dakit nola ez naizen orain arte gogoratu! Bai, New Yorkeko horretan parte hartu zuenetako bat. Nola? Chillida? Ez, ez, Chillida gogoan dut, noski; ez, ez, errespetu handia zion Chillidari. Gerora entzun nuen beren artekoa mikaztu zela, baina garai hartan behinik behin, begirune handia zion. Ez dakit zer gertatuko zen gero, esan dizut lehen, Oteiza jauna ez zen bizi osorako maitemintzekoa. Bai, erakutsi zerrenda, horrela agian gogoratuko naiz. Chirino… ez dut uste, ez. Hara, hori da, Serrano! Bai, bai, morroia ezin zuen ikusi ere egin. Montevideoko egonaldiaren azkenetan zela jakin zuen Estatu Batuetako erakusketarena, kontua jada martxan zela. Erretxindu egin zen, ez soilik herrialde ergel harekin tratuan aritzeagatik baizik eta Serranorekin batera erakutsi beharragatik. Erakusketa hori burugabekeria bat zela esan zidan, ea nolatan aukeratu zituzten hainbeste artista, elkarren artean hain diferenteak gainera. Zenbat hautatu… hamasei? Ba hori, artista gehiegi dudarik gabe, ikusleek ez zituzten bata bestearengandik bereiziko, eta bakoitzetik lagin hain txikia edukita, ezin bakoitzaren aiurri artistikoa taxuz ezagutu. Ea nork aukeratu zituen artista horiek. Anabasa hutsa, azken batean, eta denboraz jakitera, ziur naiz bertan behera utziko zuela erakusketa hori. Ez da hitzontzikeria, ez; egia da apur bat hitzontzia ere suerta zitekeela batzuetan, baina halakoak esaten zituenean bazenekien, ahal bazuen, bete beteko zituela; aditu bat zen bere burua immolatzen. Orduan, ez nindukeen harrituko baldintza horietan dena pikutara bota izan balu, MoMA eta New York eta nahi duzun guztia, harentzat horiek guztiak txikikeriak baizik ez ziren, kontu irrelebanteak artearen zerizan funtsezkoari zegokionez. Eskerrak berandu enteratu zen. Erakusketa horretan Espainiako komisario gorenaren eskua ikusten zuen atzean, oraintxe ez dut gogoan haren izena… bai, hori da, Gonzalez Robles, bada, esaten zidan seguru tipejo hori dagoela honen guztiaren atzean, ezin bestela izan, beti denekin ondo geratu nahi, beti inguruan dituen losintxariei plazer eman nahian. Halaxe deitzen zion: Gonzalez Robles, tentel gorena, kapare iberiar ale gorena; eta bereziki jasangaitza zitzaion bere kutsu ofiziala, gobernuaren adar artistikoa nolabait, eta nola artista guztiek haren arrimura jarri nahi izaten zuten, zuri hutsak denak, batez ere Madrilen, eta horregatik, pozik zen handik aparte ibiltzeagatik; ez soilik Montevideon egon zen denboran, bestela ere, Irunen bizita. Serrano tartean egote horretan ere Gonzalez Roblesen eskua ikusten zuen, ezin zuen sinetsi bestela nola zen posible estatubatuarrek harengatiko interesa edukitzea, auskalo zer fabore zor zion Gonzalez Roblesek. Serrano, kopiatzaile profesionala, bere hitzetan, Oteiza jaunaren beraren obra plagiatu izana leporatzen zion, eta horregatik eragiten zion berebiziko amorrua harekin erakutsi beharrak.
Sentitzen dut informazio zehatz gehiagorik ezin ematea, urte mordoa igaro da ordutik eta, esan nizun aurrekoan ere, Estatu Batuetako erakusketa hartaz ezin askorik esan. Akaso harrituko zaitu baina Oteiza jaunak ez zion jaramon handirik egiten hari, buru-belarri baitzegoen Batlleren zeran, eta hitz egin zidan bakanetan hura menosteko, hura mespretxatzeko izan zen; Estatu Batuak arbuiatzen zituen, haien bizi-estiloa, haien artea… Errotik europarra zen Oteiza jauna, zerikusirik ez egungo gazteekin, zeinek handik etorritako guztia irensten duzuen natural-natural; ez gaizki hartu, ez naiz ezer kritikatzen ari, soilik errealitatea seinalatzen, orduan mesfidatiagoak ginen Estatu Batuekiko, ez genuen haiekiko lilurarik batere; batzuok behintzat. Eta Oteiza jaunak halaxe.