Aurkibidea
Aurkibidea
Sapriko urak
‘Esan umeei ez sartzeko uretan.’
Esan dio Francescok Isabeli egongelako leihoaren aurrean eserita. Aulki bat jarri du Isabelek senarraren ondoan apur bat lehenago. Bientzako moduko lekua dago, leihoa ez da txikia. Nahastuta begiratu dio Isabelek senarrari, ez dio ulertu.
‘Umeak ez dira uretan sartu behar gaur.’
Esan dio Francescok berriro. Isabel ez da leiho aurrean eserita egoten normalean, gehiago da hara eta hona ibiltzekoa. Kalera ere asko irteten da, Francesco ez bezala. Gizonak orduak egiten ditu leihoan, egunaren parterik handiena beharbada, gauez ere bai, loa gaiztotzen zaionean.
Isabelek ez dio orain ere ulertu, ez daki zer ari den esaten, zergatik ezin diren umeak uretan sartu. Galdetu egin dio.
‘Saprin esaten zen hori.’
Italieraz esan du. Zalantza egiten du Isabelek batzuetan, ez daki senarrak ez dion ulertzen edo ez dion ulertu nahi. Gero eta maizago egiten du: zerbait galdetu eta beste edozer erantzun. Hizkuntza ere gehiagotan aldatzen du orain. Bestela burua garbi daukala ematen du, zentzuzko, ez du oraindik gauza arrarorik egin. Egoki arrazoitzen du gainera, betiko moduan, bere edadeko askok egiten ez duena.
‘Esan umeei, Petrari, Juanari, Justori, ez sartzeko uretan. Besteei ere bai. Guztiei.’
Isabelek esan dio ez duela ulertzen, berriz galdetu dio zergatik ezin diren umeak uretan sartu. Francescok soseguz erantzun du, Isabelen aurpegiari begiratu gabe, leihoari adi. Esan du Saprin mundu guztiak zeukala hori argi: norbait itotzen zenean, itsasoak norbait itotzen zuenean, ezin zela gero uretan inor sartu. Ugertu egiten dira urak, nahastu, horrela azaldu dio.
Italieraz esan du azken hitz hori, baina Isabelek ez du ulertzeko arazorik izan. Hiru egun, esan du gero, hiru egun itxaron behar direla uretan berriro sartzeko, tre iuórni. Isildu eta musikari adi jarri da orduan.
Gramofono gutxi dago herrian, barkuetako jendea hasi da orain ekartzen, Alemaniatik, Ingalaterratik, Ameriketatik. Auzokoen aitak ekarri du bat, orain bi kanpaina. Trabarik gabe entzun dezake Francescok auzoen musika, batez ere orain, udan, leiho gehienak zabalik daudenean.
Giuseppe Verdiren koruetako bat heltzen ari zaio, Verdi handiarena, Francescok esaten duen bezala. Hitz batzuk errekonozitzen ditu, sopranoen ahotsetan, baritonoenetan, ez guztiak, iparraldeko italiera horretan. Gaztetu egiten da Francesco, begiak ixten ditu, astiro zabaldu gero, musikak agintzen dio.
‘Zer dira hiru egun?’
Esan du musikak etena egin duenean. Hiru egun itxaroten zituzten Saprin baten bat itotzen zenean, baina hiru aste euren kostan barkuren bat galtzen zenetan. Hildako asko egoten zelako barkuak galtzen zirenean… Hondartzetan agertzen ziren gero, Amalfi osoan. Azaldu du asko kostatzen zaiela urei horri buelta ematea, onera etortzea, behar bezala garbitzea. Barkuena azaltzen amaitu duenean, berriro jarri da Francesco musikari adi, Giuseppe Verdiri adi.
Bart ere, ordu txikietan, goizeko hirurak aldera, musika jarri dute auzokoek. Ez da normala, egunez jartzen dute beti, gauez inoiz ez, gaur arte. Itzarrik egon da Francesco ohe gainean momentu horretan, gau askotan bezala. Eta egongelako leihora joan da musika entzun duenean, ireki egin du. Schumann da, auzokoek dauzkaten diskoetatik motelena. Ez dira, antza, ordu horietan gehiagora ausartu.
Kaleak hutsik egongo zirela pentsatu du Francescok, nola ez, goizeko hiruretan… Baina zeharo erratu da: figura bat ikusi du portuan. Emakumezkoa ematen du, gaztea esango luke Francescok, norbaiten zain dago. Pauso txikiak ematen ditu batera eta bestera, beti ere lekutik mugitu gabe.
Guardia bat atera da orduan kantoi bateko ilunetik. Emakumearen parera hurbildu da. Francescok esango luke ikaratu egin dela neska: buelta hartu eta alde egiteko ahalegina egin du. Guardiak ez dio utzi baina, besotik heldu dio. Kapa handia dakar gizonak, botak, negurako jantzita datorrela ematen du. Baliteke apur bat mozkortuta ere egotea, mugimenduak ez dira guztiz garbiak.
Beso bietatik helduta, emakumea aurrera eta atzera astintzen hasi da guardia. Ematen du oihuka ari zaiola. Francescok hitz batzuk bereizi ditu Schumannen musikaren gainetik. Loka dauka emakumeak burua, ezin du kontrolatu. Indarrez bultzatu du guardiak momentu batean orduan eta lurrera bota. Francescok ez daki buruak zoruaren kontra jo dion neskari, baina egia da ez duela altxatzeko ahaleginik egin. Ezin du beharbada.
Guardia emakumearengandik oso hurbil jarri da segituan, zutunik, eta ematen du ostiko txikiak ematen ari zaiola, baina leihotik ezin du ziurtatu. Tripak nahastu zaizkio Francescori. Sumatu du kontua ez dela hor amaituko gainera, eta hala izan da.
‘Saprin ere ito zuten zerri bat.’
Esan dio Isabeli leiho aurrean, goizean. Kontatu dio zerri handi bat bota zutela Sapriko putzura behin, plazakora, bera umea zela. Esan zuten orduan gaixorik bota zutela zerria, han behean hil zela, eta ezin zela putzutik edan, harik eta animalia atera arte, urak garbitu arte.
Zerria putzuan usteltzen ari zela jakin baino lehen, ordea, hango urak edan zituzten herriko batzuek, Ruggiero Leonek, Cesare Merolak. Tripak lehertu beharrean egon ziren gero egunetan. Handik edan zuen baten bat hil ere egin zela esaten zen, baina Francescok ez du izena gogoratzen, edo inoiz ez du jakin. Ruggiero eta Cesarerenak ondo gogoratzen ditu, aitaren lagunak bi-biak.
Hiru egun baino gehiago itxaron behar izan zituzten orduan plazako putzutik berriro edateko, baina itsasoan norbait itotzen zenean, hori zen zenbakia: tre iuórni.
‘Zerri modu asko dago.’
Esan du gero italieraz. Isabelek ulertu egiten dio normalean hizkuntza aldatzen duenean, baina esaldi horretan ezin izan du ezer garbirik ikusi. Ez dio galdetu.
Auzokoek Verdi kendu eta Schumann jarri dute orain, Francescok gauez entzun duen piezetako bat. Berriro etorri zaizkio burura gauekoak beraz, nola astindu duen guardiak emakumea, nola bultzatu duen lurrera gero. Ondo-ondoan jarri zaio orduan, zutunik, eta lurreko emakumeak laguntza beharko zuela pentsatu du Francescok leihoan, batez ere ondoren datorrenari aurre egiteko, baina ez duela edukiko, ezinezkoa dela, kalean ez dagoelako arimarik, ezin delako egon, goizeko hiruretan.
Berriro erratu da ordea: andrazko bat atera da portale batetik, portuan bertan. Lurrean dagoena baino zaharragoa ematen du, zabalagoa. Guardiari aldarrika hasi zaio, esku mugimendu handiekin, uzteko bakean neska, imajinatu du Francescok esan diola, ez al dion lotsarik ematen. Mespretxuzko keinuak egin dizkio guardiak, ez du ematen kasu egiteko asmorik duenik.
Beste portale batzuk hasi dira zabaltzen orduan, figura gehiago hurbildu da guardiarengana, emakumezkoak gehienak, ohe-arropatan batzuk. Gizonezkoren bat ere badagoela ematen du, baina Francescok ez luke seguru esango.
Oihuka ari dira figuretako batzuk, guardiari begira, lurrean dagoen emakumeari begira. Espantuka hasi da guardia, asko mugitu ditu besoak, aldentzeko esan dio jendeari, etxera bueltatzeko. Ematen du agindu bakarrak bereak balira bezala jokatzeko asmoa duela. Francescok esango luke guardiak sinistu nahi duela bere inguruan ez dagoela inor, edo daudenak ez direla inor.
Lurreko emakumearengana makurtu da orduan eta beso batetik heldu… Baina ez diote gehiagorako astirik eman: oldartu egin zaizkio ingurukoak, kalera atera diren gehienak. Guardiaren hanka-besoei eutsi diete segituan batzuen artean, ia mugitu ezinik geratu da. Mozkor ostikoak eman ditu hasieran gizonak, askatzeko ahalegina egin du. Momentu batean, baina, geldirik lotu da, nekatuta beharbada, eta andetan eraman dute emakumeek moila bazterrera. Asmoa zein den imajinatu du Francescok, eta orain bai, asmatu egin du: uretara bota dute, moilatik behera. Francescok ez du ur hotsa entzun.
Oso denbora gutxi behar izan dute kalekoek gero nor bere portalera sartzeko. Francescok Schumannen pianoaren azken notak entzun ditu.
‘Baina hemen ez da inor ito.’
Esan dio Isabelek Francescori leihoan. Astiro begiratu dio gizonak emazteari, goiz osoan lehen aldiz beharbada, eguerdirako hain gutxi falta denean. Pentsa liteke zalantza egin duela Francescok, gauekoa kontatu ez kontatu… Baina inondik inora ere: hasieratik eduki du argi Isabeli bai, guztia kontatu behar diola, guardiarena, nola bota duten uretara, kapa, botak, apur bat mozkortuta zegoela, detaile guztiak eman dizkio, bata bestearen atzetik. Ez du italieraz ezer ere esan.
Aurrera begiratu du Isabelek, moilara, leihotik ikusten den itsaso zatira. ‘Han?’ galdetu dio Francescori. ‘Han’, zuzendu dio gizonak, apur bat eskumarago seinalatuz. Baiezko keinua egin du Isabelek buruaz, ematen du ontzat ematen duela.
Ez dute gehiago esateko modurik izan, Hipolito semea sartu zaielako kaletik etxera, zarataka, aitari deika. Korrika txikian egin du korridorea, inoiz gutxitan ikusi dute aldarte horretan. Presaz sartu da egongelara eta gurasoak eserita dauden lekuraino hurbildu da. Aurpegira begiratu dio aitak, baina ez du ezer txarren seinalerik igarri, kontrakoa ere bai.
‘Sapriko gizon bat dago Talan.’
Esan du Hipolitok. Isildu gabe jarraitu du hitz egiten gero: esan du Sapriko gizon hori ez dela edonor, aitaren bila etorri dela, “Francesco Pasqualeren osaba” dela esan omen duela eta ikustera etorri dela honaino. Doroteo Renteriak eman dio abisua Hipolitori.
Atezuan jarri da Francesco, apur bat nahastuta ere badagoela ematen du. Izan ere, Sapriko gizon hori ezin da bere osaba izan, erratu egin da baten bat… Osabarik gazteenak berak baino hogeita hamar urte gehiago zeuzkan, 115-120 urteren bueltan beharko luke gaur. Ez da posible beraz, txarto ulertu dio baten batek.
Sapriko gizonak zenbat urte dauzkan galdetu dio orduan Hipolitori, ikusi duen. Semeak baietz erantzun dio, ikusi egin duela gizona, Talara joan dela. Francescoren adinekoa izan daitekeela esan dio, apur bat gazteagoa beharbada, 80-82, baina laurogeitik behera ez duela uste, hor inguruan.
‘Zure edadekoa.’
Lehengusua izan daitekeela pentsatu du Francescok orduan. Anaia ez, hori ere ezinezkoa: hilda daude guztiak, ondo daki, gutunak jaso ditu. Lagunen bat ere izan daiteke, segituan bururatu zaio, Sapriko lagunen bat: Enrico, Tullio, Seppe… Enrico ikusi nahiko luke batez ere.
‘Eta?’
Esan du Francescok. Semeari galdetu dio non dagoen orain Sapriko gizona, zergatik ez duen etxera ekarri, haren izenik dakien. Hipolitok erantzun dio ez duela gizonak izenik esan, ez diola aditu behintzat, haren hitz egiteko modua ere ez dela erraz ulertzekoa.
Bazkalostea baino zati bat geroago etortzeko esan dio Saprikoari Hipolitok, etxean abisua eman behar zuela lehenago. Arratsaldean edo iluntzean etortzeko esan dio, iluntzean hobeto, bazkalostean lo egoten dela askotan Francesco. Hipolitok badaki lo emango duela aitak arratsaldearen parterik handiena, besaulkian, leiho aurrean, itzarrik sentitu duelako gauez, alde batetik bestera, ohetik egongelara.
Aulkitik sukaldera altxatu da Isabel orduan, zerbait gogoratu izan balu bezala. Eguerdia da, laster bazkaldu beharko dute, goizetik dago bazkaria eginda, berotu baino ez du egin behar.
Etxeko guztiak daude mahai bueltan jesarrita hogei minuturen buruan. Sapriko gizonaz hitz egin dute batez ere, nor izan daitekeen, zertara datorren orain… Bere burua konbentzitu nahi du Francescok, Enrico izan daitekeela esan die, Enricok izan behar duela, Enrico izatea nahiko lukeela berak. Enricori buruz hitz egin die gero, nor zen umetan, nolakoa, orduko hizkeraz esan ditu gauza ugari. Enricok berak lagundu zion Genovaraino honako barkua hartu zuenean ere.
Inoizko gehien ari da Francesco hitz egiten mahaian, eta normala ere bada: Sapriko gizon bat dago herrian, bera ikustera etorri da. Lehengusu bat ere izan daitekeela esan die, baina ez duela uste, Sapritik kanpora bizi zirelako gehienak orduan ere, Acquafreddan batzuk, Salernon ere baten bat. Gutxi geratzen ziren Saprin alde egin zuenerako, Francesco bera baino zaharragoak denak.
Bazkaria amaitu arte aritu da Sapriko jendeaz, Sapriz, boz gora hausnartu du, nor izan daitekeen bera ikustera etorri dena, zergatik orain. Lasaitzeko esan dio Isabelek, arratsaldean ikusiko duela, iluntzean, etxera etorriko zaiola. Ez du emakumeak ulertzen zer den antsia hau orain, sosegu apur bat hartzeko esan dio.
‘Jesus, gizona.’
Etxekoak mahaitik altxatzen hasi direnean, egongelako leihora erretiratu da Francesco. Handik ikusiko du Sapriko gizona beharbada, portalera heldu baino lehen, nor den jakingo du etxera sartu orduko, baldin eta egun argitan badator, bista ere ez daukalako lehengoa. Bere burua prestatu behar du Francescok Saprikoa etxe barrura heldu baino lehen, ondo jakin behar du nor den, zer esango dion.
Besaulkian eseri denean, leiho aurrean, ez dago musikarik, baina handik gutxira abiatu dute auzokoek gramofonoa. Wagner heldu zaio Francescori segituan. Hiru disko horiek baino ez dauzkate auzokoek, aitak ez du gehiago ekarri, hango alabetako batek esan dio Isabeli. Eskatu eta eskatu ari direla, ekartzeko besteren bat, edozein, Alemaniatik, Ingalaterratik, baina aitak ez diela orain arte jaramonik egin.
Verdirena da Francescok gehien estimatzen duena. Italiarra da Verdi, asko egin zuen Italiaren alde, hori esaten izan da… Italiar guztiek estimatzen dute Giuseppe Verdi, estimatu behar dute. Eta hori bera esaten du Francescok, auzokoen diskoen artean Verdirena dela onena, ederrena, baina ez du guztiz sinesten, ez da benetan pentsatzen duena. Gustura entzuten du, haren koruak, haren musika handia, baina askozaz gehiago da Wagner berarentzat, aitortuko ez duen arren, inoren aurrean esango ez lukeen arren. Schumann iruditzen zaio hiruretan maskalena.
Hasieran ez zekien nor zen nor, ez zituen musikak bereizten, harik eta auzokoen etxean egon zen arte, azaldu zioten arte. Wagner entzuten ari da orain, begiak oso zabalik, Verdirekin ez bezala. Ezin ditu begiak orain itxi, Sapriko gizona etortzen ikusi nahi du leihotik. Arratsalde osoa emango du horretan, Saprikoaren zain, ez du beste egitekorik hartuko.
Inoizko ozenen jarri dute auzokoek musika gaur, diskoaren parterik sendoenetako bat gainera. Gustura ari da Francesco entzuten, melodiak darama, baina leihoari adi egon nahi du aldi berean, Saprikoak heltzeko behar du. Ezin die begiei eutsi ordea, musika ozena gorabehera, Wagner gorabehera, itxi egiten zaizkio, ezin ditu kontrolatu, lokartu egin da.
Denbora luzez egin du Francescok lo, ez diote enbarazurik egin etxeko mugimenduak, zaratek, musikak, bistan da itzarrik egin duela gauaren zatirik handiena. Besaulkian dago, bazter batera joan zaio burua, eta loaren amaiera aldera, amets baten irudiak ere ikusten hasi da.
Labe handi bat ikusi du, gaztetan erabiltzen zituenak baino askozaz handiagoa, aitarena baino handiagoa. Eta egiteko bat dauka Francescok labe horretan: bost txori sartu behar ditu bertara, labearen tripetara, bizirik txoriak.
Sartu egin ditu, baina ez dira txoriak erre, arima bihurtuta atera dira handik. Francescok ez luke azaltzen jakingo zergatik diren arimak, zergatik dakien berak arimak direla.
Horrezaz gainera, badaki bost arimetatik lau hemengoak direla, baina bosgarrena italiarra dela esango luke. Berriz ere ez daki Francescok nola dakien hori, zergatik dakien… Arimek ez dute hitz egin, ez diote ezer esan. Argi dauka, ordea, Sapritik etorri dela bosgarren arima, bera ikustera. Izan ere, bere ondoan eseri da, leiho aurrean, Isabelek goizean ipini duen aulkian.
Kolpera esnatu da halako batean, ate joka ari da baten bat. Ez daki bera esnatu eta gero hasi diren atea jotzen ala ate-kolpeek esnatu duten. Etxekoren batek zabalduko du atea, Hipolitok, Isabelek, zain dago Francesco. Sapriko gizona da, ez dauka zalantzarik. Arrangura bakarra dauka: ezin izan duela kaletik etortzen ikusi, ez duela etxera heldu baino lehen identifikatu.
Atea jotzeari utzi diotenean, isilik geratu da etxea, inor ez da zabaltzera joan, Francescok ez du korridorean pauso hotsik entzun. Berriro hasi da kanpokoa deika handik gutxira. Francescok pentsatu du berak ireki beharko lukeela beharbada, baina baldartuta utzi du loaldiak, indarrik gabe sentitzen ditu besoak, hankak, altxatzeko ahaleginik ere ez du egin.
‘Isabel!’
Esan du ahotsak eman dionarekin. Semearen izena ere oihukatu du. Horrela berretsi du etxean ez dagoela inor. Ate-joka dabilenari hitz egin dio orduan, Sapriko hizkeraz, noski. Seguru daki Sapriko gizona dela eskaileretan dagoena, atea jotzeko modu hori ere antzinakoa egin zaio. Sartzeko esan dio, beldurrik gabe, zabalik dagoela atea, zabalik uzten dutela, konfiantzakoak direla bizilagunak hemen, Saprin bezala. Lasai sartzeko esan dio berriro ozenago, egongelan dagoela bere zain, korridore amaieran.
Atea astiro zabaltzen entzun du Francescok, pauso lotsor batzuk sentitu ditu gero korridorean. Gizon altu bat sartu da luze gabe egongelan. Jaka berezia dakar, atzetik aurretik baino apur bat luzeagoa, onddo-kapela, eskularruak. Dotore itxura eman nahi duela esango luke Francescok, baina ez dela zeharo dotorea: arropa apur bat maiztuta daukala ematen du, jostura inguruetan batez ere. Eskularruak berehala kendu ditu, kapela ez.
Francescok ez du ezagutu. Gizonaren hazpegi guztiei erreparatu die banan-banan, baina ez du asmatzen, ez daki nor den, agurra eta lehenengo hitzak umetako hizkuntzan esan badizkio ere.
Hurbildu egin zaio gizona. Francescok ez du besaulkitik altxatzeko keinurik egin, ezin du, indarrik gabe sentitzen ditu hankak. Jarrera horretan ezin diote elkarri besarkadarik eman, eta bostekoa luzatu dio Saprikoak. Oso hotz sentitu du Francescok eskua, inoiz ez du inoren azala horren hotz sentitu.
Umetako kontuak aipatzen ari da gizona orain, Saprikoak, Enricorenak, Tullio, Tarata esaten zioten neskarenak, Francescoren ama, aita, anaiak, aitaren tailerra, labea, hango mendiak, etxeko patioa, portua. Luze jarraitu du gizonak, kontatzeko modu bizia dauka. Haren eskuko hotza gorputz osora zabaltzen ari zaio Francescori.
Begiak itxi ditu Francescok hala ere momentu batean, Sapriko irudiak hobeto ikusi nahi ditu. Eta irudiak ikusten hasi denean desagertu zaio hotza, epel dauka orain gorputza, soseguan. Irudi berezi bat ikusi du batez ere, bertakoa, Saprikoa: uretara ari dira salto egiten Enrico eta biak, betiko harkaitz beretik, aldi berean, segundo berean. Aspaldi ez da herrian inor ito.
Une horretan bertan, Bermeon, ume bi atera dira uretatik portura, Renteria txikerra eta Justo Zulueta. Zorabiatzen hasi dela sentitu du lehenengoak eta botaka hasi da bestea moilako bazter batean.
Auzokoek Verdiren koruetako bat daukate jarrita, eta ondo iruditu zaio Francescori. Pentsatu du egokia dela momentu honetan, egokiena beharbada, baina berak nahiago lukeela Wagner, inoren aurrean aitortuko ez duen arren.