Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Zizareena

 

 

 

Zarata behintzat desagertu egin da. Erosoago nago orain, erosoago gaude, Clara ere bai, gauza handia delako zaratarik gabe egotea, orain etxean gauden bezala. Gauza handia da entzuten ari garen zarata bakarra zakur batzuen zaunkak izatea, kalean jaberik gabe dabiltzan batzuenak, gure etxetik aski urrun.

      Kanpora irten behar dut hala ere, Hansekin joan behar dut. Badakit kalean berritu egingo dela zarata, ondo-ondoan edukiko dudala, baina berdin dio. Egia esan behar bada, batzuetan ez dakit zer den niretzat egokiagoa, zarata ala orain daukagun isiltasun hau… Berdin dio, arriskatu egingo naiz, kalera joan behar dut. Zergatik? Lortu egingo dugula esan didalako Hansek, gaur bai, lortuko dugula azkenean beharbada.

      Friedrich ere gurekin etorriko dela uste dut, baina ez nuke seguru esango. Friedrich ez dut hainbeste ezagutzen, ez dakit zertara datorren. Ez dakit lagunek nola esaten dioten ere, Friedrich ala beste izen laburrago batekin. Sagu muturra dauka, listu gehiegi biltzen du ahoan hitz egiten duenean. Musikaria da, Hans bezala, eta pertsona dotorea dela sinesten du.

      Papera eraman behar dut kalera, hori da argi daukadan bakarra. Ez dakit lortuko dugun ala ez, zalantzak dauzkat, beti izan ditut, baina gertatzen dena gertatzen dela, idazteko papera behar dut nik.

      Eskuak, hori bai, libre eraman nahi ditut, badaezpada. Paperak, beraz, ondo tolestuta, praken atzeko partean sartu ditut, gerrialdean. Jaka luzearekin estaliko ditut. Hotza da gaua, otsailak ez digu bakerik eman, daukadan jakarik lodiena hartuko dut.

      Clarak ez du ulertzen zergatik joan behar dudan kalera. Azaltzeko ere ez da erraza. Esan dit:

      — Benetan, Robert?

      — Hansek esan dit.

      — Baina orain?

      — Orain behar du.

      — Berandu da, Robert.

      — Berandu da, bai. Beharbada.

      — Eta komeni zaizu? Komeni zaizula uste duzu, Robert?

      — Hansek esan dit.

      Jaka soinera ekarri, samaraino ondo lotu eta kalera irten naiz. Hotza ez da uste bezain desatsegina.

 

 

Lokartu egin da azken umea, arnasa hartu ahal izan du Clarak azkenean, erosotasun hasperen txiki bat egin du. Egun bereziki zaratatsua izan dute umeek gaur, aztoratuta ibili dira auskalo zergatik. Erabateko isiltasuna dago etxean orain, egongelan, sukaldean, korridoreetan. Clarak ezin du sinetsi ere egin.

      Robertengana joan da, haren estudiora. Imajinatu du lasaiago egongo dela orain, zaratak ez diolako batere onik egiten, umeak bezain aztoratuta ibili da bera ere.

      Estudioko atetik paper batzuk tolesten ikusi du Robert. Pentagrametako marrak dituen aldea barrurantz tolestu du, bi aldiz. Ondoren, praketako atzeko partean sartu ditu paper guztiak, gerrialdea inguratzen diote. Normala baino zurrunago ibiltzera behartzen du horrek, eta grazia egin dio Clarari, zuzendari frantsesa ematen du. Emaztea estudioko atean dagoela konturatu da Robert halako batean, berari begira. Ezustekoa hartu du.

      Kalera doala esan dio gizonak, joan behar duela, ezin dela bestela izan. Clarak ez du ulertzen. Esan dio:

      — Baina nora, Robert?

      — Hansekin. Hansek esaten duen lekura.

      — Benetan, Robert? Seguru zaude?

      — Hansek esan dit.

      — Eta orain behar du?

      — Orain.

      — Ulertzen duzu berandu dela, oso berandu?

      — Berandu da, bai. Beharbada.

      — Eta komeni zaizu, Robert? Komeni zaizula uste duzu?

      — Hansek esan dit.

      Jaka jantzi eta eskaileretara irten da Robert. Kaleak arin samar utzi ditu atzean, bata eta hurrengoa. Hasierakoak hutsik zeuden, baina gero eta pertsona gehiagorekin egin du topo. Gazte jendea da gehiena, unibertsitate mutilak asko. Sumatu du zazpitik bat gutxienez mozkortuta egon daitekeela.

      Hans eta Friedrich ikusi ditu handik gutxira urrunetik. Taberna atarian daude, hizketan, beraren zain. Roberti amorrua eman dio horrek: Hans Friedrichekin elkartu da berarekin baino lehenago. Hizketan ari dira, ematen du ondo hartzen dutela elkar. Hotzari aurre egiteko arin bazebilen lehenago ere, pausoa azkartu du Robertek orain, Hansen ondora ahalik eta lasterren heldu nahi du.

      Betiko agur desorekatuak egin eta tabernara sartu dira hirurak.

 

 

Zarata handia dago taberna barruan, nola ez, espero nuen, baina zarata honek ez dit kalterik egiten, etxekoak bezala. Zarata handiagoa egongo da hemen seguru, baina hemengoak ez dit niri hitz egiten, ez dakit nola azaldu, zarata lasaiagoa da. Etxean zarataren zentroa naiz ni, hemen ez. Ez dakit nola esan: hemengo zaratak ez dit minik ematen.

      Hansek atera ditu edariak, likido horixkak, marroixkak, gorriak, berdin dit zer diren, edan egiten ditut, fidatu egiten naiz Hansekin. Batzuk gozoagoak iruditzen zaizkit, baina berdin dio horrek, ez naiz edale txarra. Friedrichek dauka askoz edan gaiztoagoa… Gu baino astoagoa da gainera: nire lehenengo kopa amaitu orduko, hirugarrena hasten ari da Friedrich. Ezegitekoak egiten izan ditu inoiz gero, esan behar ez dituenak ere esaten ditu. Bere sagu musturrari adi egoten naiz ni badaezpada ere.

      Zarata apur bat apaldu denean, Hansi begira geratu naiz. Esan diot:

      — Gaur bai, Hans?

      — Baietz esango nuke. Sinistu, Robert.

      — Sinisten dut.

      — Paradisua irabazita daukazu, Robert.

      Edaten jarraitu dugu, hitz egiten, harik eta tabernako gazte batzuk, unibertsitate mutilak seguruena, oihuka hasi diren arte. Atea seinalatu dute, kanpoan zerbait gertatzen ari dela esan nahi dutela pentsatu dut.

      Bezeroak kalera irteten hasi dira, taberna tantaka husten ikusi dugu. Une jakin batean ohartu gara ez dugula beste aukerarik, geuk ere irten behar dugula kanpora, zer gertatzen ari den ikusi.

      Idi pare bi ikusi ditugu kalean, jende ugariz inguraturik. Gurpildun plataforma bati tiraka datoz idiak, ondo kostata, astiro. Arrain ikaragarri handi bat dator plataforma gainean.

      Ez naiz aditua, arrain gutxi ikusi izan dut bizitzan, eta ez nuke esaten jakingo zein den espeziea. Liburuetan ikusitakoagatik, imajina dezaket. Handiegia da beste ezer izateko.

      Gaueko argitan grisa dela ematen du, baina zurixka izan daitekeela esango nuke. Amesgaizto batetik atera dutela dirudi, hegalak, bizarrak, begien inguruko azal hori. Begira-begira geratu gara gu; kopan zeukan likido apurra bota dio buztanetik behera Friedrichek.

      Kale artera sartu dira idiak, gure begien bistatik ezkutatu da arraina. Sakabanatu egin da jendea, tabernara sartu dira gehienak, beste taberna batzuetara. Bertan geratu gara gu, mugitu barik, azkenak. Esan liteke azkenak garela beti, beranduen erreakzionatzen dugunak.

      Zarata bera ere lekuz aldatu da: kalea askotan ez bezala dago, inoizko isilen. Geu ere ez gara hizketan hasi, bakoitza leku batera begira dago.

      Orduan izan da. Minutu batzuk lehenagotik banekien gertatuko zena, aurresentitzen ari nintzen, eta gertatu egin da: betiko soinu txiki hori entzuten hasi naiz, belarrian kolpeka, buruan kolpeka. La nota altu hori hasi naiz belarri barruan entzuten, beti bezain desatsegin, zorrotz.

      Esango nuke ezin duela beste inork entzun, nire buru barruan baino ez dagoela, belarri barruan. Tormentatu egiten nau, ez dit bakerik ematen. Behin eta berriro kolpatzen dit belarri barrua, garuna. Ezin dut nota hori jasan, bakarrik datorrenean, etenik ez duenean, gelditu ezin dudanean.

      Batzuetan orduak irauten du, berrogeita hamar aldiz minutuko, hirurogei aldiz, hirurogeita hamar aldiz, la nota berbera, mailu txikia. Ez diot Hansi ezer esan, are gutxiago Friedrichi. Ez ditut larritu nahi, ez diot nire gaixotasunaz inori hitz egin nahi, ez bada Clarari.

      Badakit gero zer datorren, la nota horren ostean zer datorren… La horrek, kolpeka, hainbat ordu iraun dezake, edo minutu gutxi batzuk, eta ondoren beste zerbait entzuten hasten naiz ia beti: Felixena, Felixen ahotsa eta Felixen pianoa. Eta Felixena eta gero, azkena hasiko naiz aditzen. Ia beti gertatzen da berdin, beti da bide bera: la nota, Felixena eta azkena. Hiru pauso. Eta hirugarren hori da hiruretan gogorrena. Horren beldur bizi naiz orain.

 

 

Friedrich amaierarik gabeko tragoa hartzen ari da, burua atzera botata. Hans tabernariari begira dago, zerbait eskatu nahi dio. Robert begirada galduta dagoela ematen du, baina Hansekin hitz egiten hasi da:

      — Egingo dugu, Hans? Gaur bai?

      — Konfiantza behar duzu, Robert. Sinistu behar duzu.

      — Sinisten dut.

      — Zorionekoa zu, Robert. Irabazita daukazu zerua.

      Leihoetara seinalatzen hasi dira orduan gainerako bezeroak, atera, zerbait gertatzen ari da kanpoan. Taberna apurka hustu da. Hansek ere erabaki du, halako batean, kalera irten behar dutela. Atzetik joan zaizkio beste biak.

      Balea ikusi dute kanpoan, lau idik tiratuta. Ez dakite nora daramaten, zergatik ordu honetan. Ez dute gehiegi ere pentsatu egia esan, burua ez daukate guztiz argi. Friedrichek kopa barrukoa bota dio baleari, modu txarrean. Likido horixka arrainaren azaletik irristatzen ikusi du Robertek.

      Desagertu egin dira balea eta idiak, alde egin du jendeak, bakarrik geratu dira hiru lagunak, isilik. Edadeko gizon bat hurbildu zaie, garesti jantzita, balantzaka. Friedrich besarkatu nahi izan du, musua eman. Bultzaka aldendu du Friedrichek, eskuan zeukan kopa bota dio, mila ispilutan hautsi da harlauzen kontra.

      Roberti erreparatu dio orduan Hansek: eskuak belarrietan dauzka, burura eraman ditu gero, ilea nahastu. Friedrichek kopa bota baino lehenago izan da, ez da kristal zaratagatik izan, beste zerbaitek behar du.

      Larrituta begiratu dio Hansek Roberti, hurbildu egin zaio. Ez da horrela edo antzera ikusten duen lehen aldia. Badaki zerbait duela, zerbait pizten zaiola buru barruan… Robertek ez dio behin ere ezer esan ordea, ez dio horri buruz hitz egin, normaltasun plantak egiten ditu.

      Tabernara sartu beharko luketela esan du Hansek halako batean, baina Robertek ez du nahi, petril batean eseri da. Friedrich harrizko horma baten kontra ari da ostiko txikiak jotzen, eurengandik hamar bat metrora, sistematikoki eta oso kontzentratuta.

 

 

Ondo nagoela esan diot Hansi, ez duela zertan arduratu, ez dela larria. Ez diot esan, noski, la nota honek burua lehertuko didala, belarria dardarka dudala.

      Begira-begira daukat aurrean Hans, zutunik, ez baita inozoa, inoiz ez da izan. Friedrich apur bat aparte dago, horma baten kontra. Ez daukat oso argi zer ari den egiten.

      La nota nazkagarri hau buru barrutik desagertu arte petril honetan jesarrita egongo naizela erabaki dut momentu batean. Baina neu naiz inozoa orain, batzuetan minutuak irauten duelako, eta orduak beste batzuetan. Noiz arte egongo naiz hemen orduan? Egunsentira arte? Bihar eguerdira arte? Inozoa da, badakit, baina notak ez dit argi pentsatzen uzten.

      Ondo dakit, gainera, la notaren ostean zer datorren: Felix. Eta kale atsegin honetan itxaron behar diodala pentsatu dut, isiltasun perfektu honetan. Izan ere, Felixen ahotsa entzuten hasten naizenean, isiltasuna behar dut, isiltasun perfektu hau.

      La notaren kolpeak apur bat apaldu zaizkidanean, Hansekin hitz egiten hasi naiz. Batzuetan hizketan hasten naizenean desagertzen da nota guztiz, ez beti.

      Kolerari buruz hitz egin dugu, nola hiltzen ari den jendea, sintomak, nola hartzen ari den Europa osoa. Betiko komentarioak, betiko kezkak, esaldi berberak, egunero eta edonori esaten dizkiogunak. Asaldatuta daude egunkariak, hilabeteak dira kontu berari begira. Larrituta nago ni, onartu behar dut, inoizko larrien, gero eta hurbilago ikusten dudalako gaixotasun zikin hori.

      Orain. Amaitu egin da. Hans hitz egiten ari den bitartean. Ez dago gehiago, oraingoz, la notarik nire belarrietan, buru barruan. Sorbaldak erlaxatu zaizkit, lepoa bigunago daukat, arnasaldietan ere igartzen dut sosegua.

      Felixen zain geratu behar dut orain, laster hasiko naiz haren ahotsa entzuten, haren pianoa. Hansek hitz egiten jarraitu du, baina ez diot erantzun, hormei begira jarri naiz, harago dagoen ibaiari begira.

 

 

Petrilean jesarrita dago Robert, zutunik Hans. Hitz egiten hasi dira:

      — Zenbat hil dira? Zenbat hiltzen ari dira?

      — Asko. Hori esaten da.

      — Asko ez: denak. Mundua. Mundua ari da hiltzen, Hans. Europa.

      — Tira, Robert…

      — Eta zer da zikina… Zer da nazkagarria.

      — Gaixotasun guztiak dira…

      — Infernuan bizi dira, Hans. Bizi dira, baina infernuan. Infernuan gaude gu ere, egongo gara. Hemen. Orain.

      Hitz egiten jarraitu du Hansek, baina ez dio gehiago aditu lagunak. Begirada galduta dago Robert, buruan beste kezka batzuk balitu bezala orain, koleratik haratago doazenak. Isiltzea erabaki du Hansek, petrilean eseri da bera ere.

      Hogei bat minutu eman dituzte horrela, isilik, aurrera begira, zerbaiten zain. Friedrich tabernara sartu da berriro, bakarrik. Robertek paper batzuk atera ditu orduan galtzen atzeko partetik, gerrialdetik, eta petril gainean jarri ditu destolestu ondoren.

      Gehiegi pentsatu gabe hasi da pentagrametan idazten, astiro batzuetan, halako antsietate batek hartuta gero. Ematen du notaren bat ahaztuko duela arin idatzi ezean. Hansek ez dio ezer esan, pentagramei begira dago, notak irakurtzeko ahalegina egiten ari da.

 

 

Isildu egin da Hans azkenean, horixe da behar nuena. Nire ondoan eseri da petrilean, baina badaki ez didala hitz egin behar. Halako gauzak ondo errespetatzen daki Hansek. Friedrich tabernara sartu da berriz.

      Esango nuke hamabost bat minutu joan direla, baina baliteke gehiago ere izatea. La nota entzuteari utzi eta hamabost minutura entzun dut Felixen ahotsa.

      Gehiago ez edateko esan dit Felixek, Friedrichekin kontuz ibiltzeko eta Clarari gehiago begiratzeko, umeak ez direla kontu erraza.

      Felixen pianoa entzun dut gero. Niretzat ari da jotzen, neuk baino ezin dut entzun. Ez da bere betiko musika, melodia berriak dira, konposizio berriak, niretzat jotzen dituenak talentu handiz.

      Paperak atera ditut, petril gainean jarri. Orain harrapatu behar dut Felixen musika, orain idatzi behar dut, galdu egingo da bestela, ez dut gogoratuko gero. Ezin da Felixen jenioa galtzen utzi. Horren ardura daukadala iruditzen zait.

      Ez du asko irauten, Felixenak, pianoak, bost minutu, hamar minutu. Baina gezurra ematen badu ere, orduetako piezak atera izan ditut nik inoiz gero. Horretarako ematen dizkidala iruditzen zait; Felixek badaki zer egiten ari den.

      Inoizko laburrenetakoa izan da gaurko hau. Esango nuke ez direla hiru minutu ere izan. Pianoa jotzeari utzi dio Felixek, desagertu egin da.

      Galduta geratu naiz ni, betiko moduan. Pianoaren zain nago tarte batez, baina badakit, behin amaituta, ez dela berriro agertuko, inoiz ez dela agertu izan. Partiturak bildu eta galtzetan sartu ditut berriro, gerri partean. Jakarekin estali ditut, epela sentitu dut.

      Konturatu egin da Hans, ez da batere inozoa. Tabernara sartu behar dugula esan dit, hotza ere aipatu duela uste dut, hezetasuna. Baietz esan diot, sartu egingo garela, badakidalako orain zer datorren, Felixen pianoaren ostean zer datorren. Eta ez zait isiltasun hau komeni, nahiago dut inguruan jendea egotea, zarata, iskanbila, ahal denik eta handiena.

      Friedrich txoko batean topatu dugu taberna barruan, eskuan duen likido horixka bati hizketan.

 

 

Edariak eskatzera joan da Hans, mahai gainean jausi zaiolako Friedrichi edaten ari zena. Edo apropos etzan du edalontzia, apropos barreiatu du likidoa mahai gainean beharbada. Bere keinuak ikusita, ematen du ez daukala oso argi zer ari den egiten.

      Robertek esan du ez duela ezer hartuko, ez duela edaten jarraituko. Hansekin hitz egiten hasi da segituan eta, esaten hasi denagatik, ematen du oso presente duela orain Felix, duela bost minutu besarkatu izan balu bezala. Hartaz hitz egin nahi du, hitz egin behar du. Esan dio Hansi:

      — Egoten zara Felixekin, Hans? Egoten zara harekin orain, batzuetan?

      — Hari adi egoten naiz, bai. Batzuetan. Askotan.

      — Haren musikari adi?

      — Musikari batez ere.

      — Pianoari.

      — Pianoari.

      — Felix? Felix?! —sartu da Friedrich, esnatu egin da—. Baina zer diozue, umeak? Zuek badakizu zer den zizare bat? Euli berde baten moduko zizare bat? Zizare nazkagarri bat, bustia…

      — Isildu zaitez, Friedrich —Hansek.

      — Hori da zuen Felix hori orain. Okerragoa ere bai… Musika? Ze musika? Zizareena.

      Robertek ezin izan dio eutsi, aulkitik altxatu eta paparretik heldu dio Friedrichi. Atzeraka bultzatu du, tabernako zoruan etzanda utzi arte. Ahal izan duen moduan altxatu eta Roberten kontra egin du Friedrichek. Borroka arraroa hasi dute, zutunik ia denbora osoan: hainbat edalontzi apurtu dituzte, okertuta utzi dute aulki bat.

      Hansek ez daki zer egin, ez da gorpuzkera handikoa, ezin da tartean sartu. Tabernaria eta haren lagun batzuk hurbildu dira berehala ordea, borrokan daudenak banatu eta kalera bota dituzte.

      Behin kanpoan, kale artean desagertu da Friedrich, beste biei begiratu ere egin gabe. Bakarrik geratu dira Hans eta Robert. Besterik ezean, ibiltzen hasi eta inguruko kale nagusienera heldu dira. Hango taberna batera sartu nahi du Hansek.

 

 

Inoiz ez naute, gaur arte, taberna batetik bota. Gaztetan ere ez. Baina berriro lehertuko nioke ahoa Friedrichi, orain ere. Ez dauka edan onik, lehendik ere jakin dugu hori. Esaten ditu halako gauzak, okerragoak ere bai, hasieratik espero nuen. Ez nion kasurik egin behar.

      — Ez zenion kasurik egin behar —esan dit Hansek.

      — Felix hil du, Hans. Zer da hori?

      — Ez du gezurrik esan.

      — Eta zizareak, Hans? Hori ere esan behar zuen? Zertarako egin du? Nolako mina eman nahi zigun, Hans?

      — Ez zenion kasurik egin behar.

      Kale txiki artetik eraman nau Hansek, kale nagusira bidean goazela esango nuke. Orduan hasi da berriro, zarata hori, nire buru barruan baino ez dagoena, ez Hansek ez beste inork entzuten ez duena, Felixena entzun eta gero espero nuena.

      Berdina izaten da gehienetan, antzekoa: la nota gogor hori hasteko, Felixena gero eta azken hau. Hiru pauso. Baina honi diot nik beldurrik handiena, azken honi. Ez dakidalako zer den, nor den, nork egiten duen musika kirrinkari hau, nork esaten dizkidan gauza mingarri hauek, zergatik esaten didan bekataria naizela, eternitate osorako sufrimenduak prestatu dituztela niretzat.

      Deabruak imajinatzen ditut nik, buru barruan, hainbat deabru txiki, Friedrichen sagu aurpegiarekin batzuk, hara eta hona, garunean, belarrietan. Musika egiten ere ahalegintzen dira, ahalik eta musikarik zakarrena, hozkia ere ematen duena. Momentu batetik aurrera ezin dut jasan, sabela ere nahasten dit.

      Nire aurretik doa Hans, nigandik bi edo hiru metrora. Kale nagusira ari gara heltzen. Hango taberna batera sartu nahi duela uste dut.

 

 

Robert baino apur bat lehenago heldu da Hans kale nagusira, hango taberna batera sartzeko gogo handiz dago. Ez da ohartu bi metro atzerago daukala laguna, gelditu egin dela bidean, makurtuta, sabelari minez eusten diola. Atzera begiratu eta horrela ikusi du Robert, errukarri, sufrimendu aurpegiz.

      Harengana hurbildu da, ez daki zer egin. Makurtu egin da azkenean, haren begien parera jaitsi da, artez begiratzen hasi. Ondo dagoen galdetu dio, baina Robertek ez du berehala erantzun, ematen du beste leku batean dagoela, beste lagun batzuekin.

      Esku batez sabelari eusten dio gogor, baina bestea belarrira eraman eta estutu egin du, barrura sartu nahiko balu bezala, edo erauzi. Begiak itxi egiten ditu tarteka, indarrez.

      Larritzen hasi da Hans. Taberna seinalatu dio Roberti, hara sartuko direla, mahai batean eseri, han lasaituko dela, han osatu, kalean baino askozaz hobeto egongo direla han barruan. Ezetz esan du Robertek, segituan orain, ez duela hara nahi, ezin duela.

      Gutxien espero duenean, laguna suspertzen ikusi du Hansek: zutundu egin da Robert, zuzen jarri. Inoizko arinen hasi da ibiltzen gero, korrika txikian ia. Kale estu batera sartu da.

      Bakarrik utzi du Hans, alde egin dio. Zalantza egin du Hansek orduan, ez daki tabernara sartu ala etxera erretiratu.

 

 

Alde egin diot. Ez dut Hansek ni horrela ikustea nahi, nire larritasuna, nola hasiko naizen sekula esango ez nituzkeen gauzak esaten, nola ez naizen gehiago ni. Ez ditut buru barruko hauek jasaten, kirrinka hauek, eta oihuka ere hasten naiz batzuetan, ez dakit askotan zer esaten dudan ere, nor minduko dudan. Burua kontrolik gabe astintzen dut batzuetan gainera, bi eskuez heltzen diot, estutu, hanken artean sartu. Eta Hansek ez du ikusi behar, ez dut nahi.

      Kale estuenetara sartu naiz, ibaira bidean. Esango nuke Hansek joaten utzi didala, badakiela ez dudala nirekin etortzea nahi. Bi-hiru aldiz begiratu dut atzera: bakarrik nago. Baina buru barrukoek nirekin jarraitzen dute, belarrietan, barrurago. Esaten dizkidaten gauzetara ohituta nago, baina modu diferentean esaten dizkidate gaur, tonua aldatu dute, oihuka hasten dira, orroka, edo xuxurlaka bestela. La nota desatsegin horretatik gero eta gertuago daude.

      Aurrekoetan entzun izan ditudanean, isildu izan dira momenturen batean, lasai utzi naute, baina ematen du desberdina dela gaur, ez dela inoiz amaituko, nirekin jarraituko dutela betiko. Korrika hasi naiz.

      Ibaira heldu naiz halako batean, zubi parera. Burua lehertu beharrean daukat. Makurtu egin naiz ibaiaren aurrean, sabela ere guztiz nahastu zait. Buruari oratu diot, ileari, ez dakit zer gehiago egin dezakedan barruko zaratari eusteko.

      Zutundu egin naiz berriro eta bi segundo geroago arnasa eten didan hotza sentitu dut. Galtzetan sartuta neuzkan paperak atera zaizkidala konturatu naiz orduan. Berreskuratzen ahalegindu naiz, baina ezin izan dut. Arropak pisu handia dauka orain.

 

 

Ibai ondora heldu da Robert. Bakarrik dago orain, kale nagusian utzi du Hans. Uretara begira jarri da, harago dauden barku txikiak ikusi ditu, batelak. Gerria makurtu du halako batean, kokoriko jarri da, esku bat sabelean eta bestea buruan, iletik tiraka ia. Oihu labur batzuk jaulki ditu jarrera horretan, kexutik hurbil daudenak. Begiak min hartzerainoko indarraz ixten ditu batzuetan.

      Zutundu egin da berriro, ibaira bidean bi pauso eman eta salto egin du. Zarata handiarekin sartu da uretara, arropa asko eta astuna dakar. Galtzetan dauzkan paperak ur-azalean barreiatu dira berehala. Berreskuratzen ahalegindu da Robert, baina ezin izan du, ur-altzoak erakarri egiten du, gero eta ur gehiago irensten ari da. Petrilean jesarrita idatzi dituen notetako batzuk ezabatzen hasi dira.