Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Dresdeneko txakurrak

 

 

 

Osabaren etxera bidali dute Richard, maleta txiki batekin, Eislebenera, xaboigileen etxera. Arratsaldeko lehen orduetan heldu da. Esan dio amonak:

      — Zopa apur bat nahi duzu, seme? Zopa egin daiteke.

      — Ez, eskerrik asko.

      — Jan ezazu zopa apur bat. Bide luzea egin duzu. Apur bat.

      — Ez, eskerrik asko.

      — Eta familia? Zer moduz aita? Bidali du zerbait niretzat?

      — Ez…

      — Agurrik ere ez? Gogoratu. Pentsatu.

      Katu bat pasatu da Richarden ondotik, hanka biluzia ukitu dio. Hotza izan da ukitua, ez zuen umeak katu baten azala horrela imajinatuko.

      — Izan ere, zuen aita, gizon handi hori, nire semea da. Badakizu hori?

      — Bai, amona.

      — Zuk bidaliko zenioke zerbait amari, urrun egonez gero?

      — Bai…

      — Hori ba… Ez egin negar, laztana… Zatoz. Zopa apur bat nahi duzu? Zopa egin daiteke.

      — …

      — Sagar erreak?

 

 

Bere gela berrira eraman dute Richard. Maleta ireki du, ez daki zer-non jarri. Armairuei begira egon da, hutsik daude gehienak, izarak dituzte batzuek, zapiak.

      Emakume bat sartu da gelara orduan. Maleta barrukoak seinalatu ditu: Hau hemen, hau hor, esan du, ezer ukitu gabe. Richardi begira geratu da gero, ulertu duen jakin nahi du, ziurtatu behar du ez dela berriz negarrez hasiko.

      Altzoan ditu emakumeak eskuak, hankak zabalik. Arropak armairuetan sartzen hasi da Richard, ezer esan gabe. Gelatik irten da emakumea.

      Arropak apaletan ordenatzen ari dela, atean norbait dagoela sentitu du Richardek. Ez da norbait, katua da, berari begira. Begiak ere hotz ditu, azala bezala. Gauez katuarekin kontuz ibili beharko duela pentsatu du, lotan dagoela. Atea giltzaz itxi beharko du, kapaz delako katu hori berari zintzurra egiteko ohean bertan, atzaparrez, letaginez, begiak ateratzeko.

      Koaderno bat bota dio, katua uxatu nahi du. Ez du asmatu, ate-markoan jo du koadernoak, baina alde egin du katuak.

      Leihoa erdi irekita dago eta soinu batzuk hasi dira gelara sartzen, nota batzuk. Biolina afinatzen ari da norbait, eraikinean bertan, bizilagunen baten etxean. Gerria okertu du Richardek orduan, tripako min gogor batek jo izan balu bezala. Zurbil jarri zaio aurpegia, deseroso begiak. Eskuetan dituen prakak lurrera bota eta ohe ondoan uzkurtu da, leihotik ahal denik urrunen. Aurpegia lastairaren kontra zanpatu du. Begiak siku ditu, baina dardarka dago, biolinari adi.

      Afinatzen amaitu du biolin-joleak eta doinu bat jotzen hasi da segundo gutxiren buruan. Melodia ez da guztiz desatsegina ere, baina beldurtuta jarraitzen du Richardek. Minutu luzeak egin ditu horrela, makurtuta, giharrak gogor, harik eta zutitzeko indarra bildu duen arte. Leihoa itxi du, baldar, behar baino kolpe handiagoz, hirugarren saioan. Arnasestuka utzi du operazioak. Oraindik entzun daiteke musika, leunduta baina, motel, jasangarri.

 

 

Bakarrik gosaldu du Richardek biharamunean, ematen du lanean dagoela beti osaba: ez da bazkaltzera etorri, gainerakoek baino beranduago afaldu du. Iluntzean besaulki batean ikusi izan du umeak momentu batean, liburu bati begira, askoz gehiago ez.

      Gosaldu ostean, korridorean aurrera abiatu da Richard tentuz, ez du zaratarik egin nahi. Korridore luzea da, ez du amaiera ikusten. Imajinatu du baso batera eramango duela, edo kobazulo batera.

      Badaki etxearen beste aldean dagoela amonaren gela eta hara nahi du. Ama urrun dauka, ez du egunetan ikusiko, asteetan, batek daki, eta iruditzen zaio amona izango dela etxe honetan amak bezala hitz egingo dion bakarra, antzeko gauzak esango dizkiola, beldurraren kontra.

      Gosaria eman dion emakumea ez daki oso ondo nor den. Hau hemen, hau hor, esan dio, Jan apur bat gehiago, esan dio. Ez du aurpegia gehiegi mugitzen, platerak ipintzen ditu, platerak kentzen ditu. Richardi iruditzen zaio emakume horrek ez diola beldurra kenduko, ez diola amak bezala hitz egingo. Horregatik hasi da amonaren bila.

      Barruko geletako batean egiten du lo amonak, azkenengoan, azken-aurrekoan beharbada, patiora ematen duenetako batean. Ez du ulertzen zergatik aukeratu duen amonak gela hori: iluna da, kanpokoak baino askozaz ilunagoa. Eta gela asko daude libre etxean, edozein aukera zezakeen.

      Aurrera jarraitu du Richardek, gela guztietan begiratu du, astiro, mugimendu guztiak neurtuz, eta azkenekoan topatu du amona, beretik aski urrun.

      Atean adi geratu da umea: jesarrita dago amona, leihotik begira, patiora, eta haren bizkarrezur okertua, sorbaldak eta ilea ikusten ditu atzetik. Amonak ezin du bera ikusi, leihoari guztiz emana dago, patioari begira. Ez du ematen lo dagoenik, tente dauka burua. Richardek erreparoa sentitu du, gelara sartu nahi du baina ez daki nola, ez daki zer esan behar duen.

      — Gaztaina erreak daude mahai gainean. Orain ekarri dituzte.

      Esan du amonak, atzera begiratu gabe, leihoarekin arituko balitz bezala.

      — Ekarri gaztainak eta eseri nire ondoan.

      Esan du amonak.

      — Gustatzen zaizkizu gaztaina erreak? Nahiago duzu zopa? Zopa egin daiteke.

 

 

Amarekin doa gaur Richard Dresdeneko kaleetan. Oraindik ez da Eislebenera joan, oraindik ez du amona ezagutzen. Bakarrik doa amarekin, ez daki zergatik ez den Ottilie etorri, normalean elkarrekin eramaten ditu amak leku guztietara.

      Botika erosi behar dute aitarentzat, botika berezia, eta ez dute betiko lekuan hartuko, etxetik nahiko aparte joan behar dute gaur.

      Txakur bat topatu dute bidean, deslai, begira geratu zaiena. Euren atzetik hasi da, etxekoa balitz bezala. Eskertu egin dio animaliari Richardek, badauka zeri begiratu, gutxiago nekatuko da bidean.

      Une batean, baina, hurbilago jarri zaie txakurra eta zaunka hasi. Ematen du haginka egin nahi diela ama-semeei: hortzak erakutsi dizkie, saltoak egin ditu eskuin-ezker. Richardek ez daki zer egin, hotza sentitu du arnasbidean.

      Txakurrari harrika hasi zaizkio orduan kaleko ume batzuk. Apur bat atzera egin du animaliak, zaunka oraindik. Umeetako batek harri handi samarra bota eta atzeko hankan aparatu dio. Kexua jaulki du txakurrak, herrenka alde egin du.

      Botikatik urrun daude oraindik eta apur bat lasaitu dira ibili ahala. Amak zerbait esan dio semeari Ottilieri buruz, piano eskolei buruz, baina Richardek ez du gogoratzen zer.

      Egin duten ibilaldi luzearen ostean, hain nekatuta ere ez dagoela sentitu du umeak, pentsatuko zukeena baino askozaz gutxiago. Kontrakoa ere bai: adiago dago, ikusten duen guztiari adi. Hiriko parte hori berria da berarentzat.

      Ostallee amaierara heldu dira horrela, Anton printzearen jauregi parera. Orduan izan da: soinu bizi batzuk heldu zaizkie jauregitik, biolinak afinatzen ari dira. Jauregiari begiratu dio Richardek, hormei. Harrizko figurak daude han eta musika-tresnak dauzkate eskuetan. Richardek sinetsi du harrizko figurak eurak ari direla biolinak afinatzen, harrizko aurpegi horiekin, begiak itsu. Espektroek afinatzen dituzte biolinak beraz, hildakoek, hilda baino gehiago daudenek…

      Amaren gerriaren kontra estutu da Richard momentu horretan. Aurpegia amaren sabelean zanpatu du gero, Eislebenen bezala.

 

 

Amonaren gelan dago Richard, askotan joaten da orain. Leihotik begira daude biak, besaulki banatan, patioari begira, patioko txoriei. Hiru txori daude, hiru dira beti. Richardek pentsatu nahi du txori berberak direla egunero, amona ezagutzen dutelako etortzen direla, ogi papurrak ipintzen dizkielako. Txorientzako haziak ekartzeko ere eskatu izan dio osabari inoiz. Hiruretako batek berehala alde egiten du batzuetan, arin asetzen da.

      — Zuen aita ere horrela egoten zen.

      — Nola, amona?

      — Txoriei begira.

      — Ni ere bai. Batzuetan.

      — Oraindik ere ibiltzen da horrela, zuen aita?

      — Ez dakit orain.

      Txorietako bat leihotik inoizko hurbilen jarri da, amonak ukitzeko moduan ia. Burua alde guztietara mugitu du, txio labur bat egin, bi, salto batez aldendu da gero, hegoak zabaldu gabe, patioko zorura. Richardek erabat ulertu ez duen zerbait esan du amonak orduan:

      — Nire semeak ikusten ditut hor.

      Amonak bi seme ditu, pentsatu du Richardek, aita eta osaba, eta txoriak hiru dira beti. Kontu matematiko horrek nahastu du umea batez ere. Bestela normala iruditzen zaio amonak txoriak eta semeak parekatzea, animaliak pertsonak dira Richardentzat ere. Errepikatu du amonak:

      — Nire semeak, txori hauek…

      Txorien kantua ez den soinu bat sartu da orduan amonaren gelara, motel, Richarden gelakoa baino askozaz motelagoa, etxearen beste aldean egongo balitz bezala. Musika-tresna desberdinak nahasten dituela ematen du, pianoa, txeloa, ahots bat ere egon daiteke, baxu, oso baxu.

      Airea seinalatu du amonak atzamarrez, musikaren presentzia erakutsi nahi dio Richardi. Biolina sartu da une batean beste soinuen artean, indartsu, argi. Amonari begiratu behar izan dio Richardek, haren begi erdi itxiei, likidoz betetakoei. Lasai dago oraingoz umea, ez da beldurtu, amonaren ondoan. Ez du aurpegia ezeren kontra zanpatu behar izan.

 

 

Richardek badaki xaboigileak patiora ateratzen direla batzuetan, zorua garbitzera, zakuak hartzera, uztera, belar txarrak kentzera, baina ez daki nola egiten duten. Patiorako atea eskaileretan dago, portaleko izkina batean, itxita beti, giltza emanda. Richard behin baino gehiagotan ahalegindu da atea zabaltzen, baina alferrik. Zelatan egon da gaur beraz, eta bigarreneko xaboigilea ikusi du atarian: portalean dagoen armairu altu bateko goiko partetik giltza hartu eta patiora atera da.

      Arratsaldera arte itxaron du Richardek, amona leihotik erretiratu arte. Kontu handiz hartu du giltza armairu gainetik, atea astiro zabaldu eta patiora atera da. Ez dago txoririk, edo bera agertu denean alde egin dute. Patioa ez da beste munduko ezer, amonaren gelatik ikusita baino askozaz tristeagoa.

      Hotzikara sentitu du hanketan orduan: katua ari da bere ondotik pasatzen. Patioaren beste aldera joan da animalia eta pilatutako zaku batzuen gainera igo da salto batez; bistan da ez duela lehenengo aldia. Richardek begiak zorroztu, atzerantz pauso arin batzuk eman, patiotik irten eta giltzaz itxi du atea.

 

 

Osaba eta amonarekin irten da gaur Richard etxetik, aurrenekoz, elizara, mezatara. Elizaren ondoko parkera heldu eta miraz geratu da Richard, zenbat txori dagoen han, harlauzetan, zuhaitzetan, iturrian…

      Amonari begiratu dio orduan, jakin nahi du berak ere ikusi dituen, miraz dagoen. Patioko txorien antzekoak dira hangoak, arreak goitik behera, kolore apur bat buruan. Ezagutu behar ditu amonak, txoriei begira ematen du eguna, patioan egoten direnen berdin-berdinak dira haiek, amonaren semeak dira.

      Elizako ateari begira dago amona ordea, ematen du ez diola beste ezeri erreparatzen, txoriak ez direla han inportanteak berarentzat. Dezepzio txikia hartu du Richardek.

      Gizon bat ikusi du orduan, zuhaitz baten ondoan makurtuta. Berehala ulertu du zer egiten ari den: txorientzako haziak zabaltzen ari da lurrean, zaku batetik. Gurutze txikiak osatzen ditu haziez, eta hiru-lau egin ditu dagoeneko. Beste handiago bat egiten ari da orain.

      Txoriak hurreratu, jaten hasi eta bizia ematen diete gurutzeei, buruak gora eta behera. Jauzi ere egiten dute gurutze batetik bestera. Berrogei txori izango dira, berrogeita hamar, gehiago. Richardek ez du horrelakorik egundo ikusi, miretsi egin du gizona une batez.

      Hazien zakua eskuan, alde batera eta bestera mugitzen jarraitu du gizonak eta iturri aldera joan da momentu batean, baina Richardek ezin izan du gehiago ikusi; elizara sartu behar izan du.

      Kanpoan baino hotz handiagoa dago barruan. Bankuan esertzean nabaritu du hotza Richardek, metalezkoa iruditu zaio egurra. Meza hasteko zain daude, egin dituzte minutu batzuk aldare hutsari begira.

      — Berandu.

      Esan du osabak. Handik gutxira sartu da apaiza. Txorien gizon bera da, haziez gurutzeak egin dituena. Beste arropa batzuk dakartza, hazien zakua nonbait utzi du.

 

 

Richard Possendorfera bidali dute, erretore baten etxera, lehen ikasketak egitera. Oraindik ez da Eislebenera joan, oraindik ez du amona ezagutzen.

      Aitak gaixorik jarraitzen du, lehengo botikek ez diote lehengo onik egiten. Lasaitasuna behar da etxean, eta Ottilie ere beste norabait eramango dutela ulertu du Richardek. Ez daki zer gertatuko den Klara eta Luiserekin.

      Ikasleak hartzeko prestatuta dago erretorearen etxea. Gelara berehala egokitu da Richard, ohea ere etxean daukanaren antzekoa da. Goizetan eskolako kontuak egiten ditu erretorearekin, letrak, zenbakiak, Historia. Arratsaldean Robinson Crusoe kontatzen dio gizonak, koadroen kopiak erakusten dizkio, grabatuak batez ere, Mozarten biografia irakurtzen dio.

      Gaur arratsaldean paseoa egin behar dutela erabaki du erretoreak. Eguraldia ona da, sargori ere bai, aprobetxatu behar dute etxetik kanpora. Belar artean egin dute gehiena, eta kilkerren eta antzekoen iskanbila gehiegizkoa iruditu zaio Richardi. Txoriak ere entzuten dira, baina ez dituzte ikusi.

      Izerditan dago Richard, erretorea ere arnasbehartuta doa, aurpegia gorri. Petril batean eseri dira, baina berehala aldatu da haizea: hodeiak sartu dira, ilunak asko, astun, euri tanta lodiak lehertzen hasi dira euren oinetan. Etxea urrun samar dago eta trumoi ezin hurbilagoekin batera zabaldu dute handik minutu batzuetara atea, goitik behera bustita.

      Arropa sikuak jantzi eta ikasketa-gelan elkartu dira ostera ere. Goiz da oraindik, etxea erabat ilun dagoen arren. Euriaren zalaparta kristaletan, teilatuan. Kandela batzuk piztu behar izan dituzte.

      Erretoreak hiru grabatu atera ditu tiradera batetik. Bart ekarri ditu elizatik, Richardi erakutsi nahi dizkio. Umeak lehenengo grabatua hartu, xehetasun guztiei adi begiratu eta ezin izan die beste biei kasurik egin. Buruan bueltaka dauzka hango irudiak, arnasa lekutik aldatu zaio, ezin du beste ezertan pentsatu.

      Beste biei ere begiratu die, errespetuz, uste duelako erretoreak borondate onez erakutsi nahi dizkiola, ezin ditu gutxietsi, baina lehenengo grabatua dauka burutik kendu ezinda. Baimena eskatu dio lehenengora bueltatzeko, berriz ikusteko, beldurra ematen dion arren, ikusi nahi ez duen arren. Atzera hartu du eskuetan.

      Hildako batzuk agertzen ditu irudiak, lurrean etzanda. Mozorrotuta daudela ematen du, arlekinak daude, bufoiak, katamaloak aurpegietan, baina hilda daude guztiak, mozorro barregarriak gorabehera, jarrera arraroenetan.

      Ez da hori grabatuak daukan gauzarik bereziena ordea: beste hildako bat dago gainerakoen erdian, zutunik, bizirik balego bezala, kapa luze batez, erdizka baino estaltzen ez duena. Ez da besteak bezalako hildakoa, ez baitauka azalik, begirik edo ilerik. Hezurra baino ez da: burezurra, saihetsak, falangeak, tibiak… Dantzan dagoela esango luke Richardek. Biolina jotzen ari da.

 

 

Bi txori baino ez dira gaur etorri amonaren leihora. Arraroa iruditu zaio Richardi, asteak dira hiru etortzen direla, egunero.

      Haziak ari da amona banatzen gaur, eta arin etortzen dira txoriak hartzera, berehala alde egiteko gero goiko leihoetara. Hori ere ez da normala, luzaroago egoten dira beste egun batzuetan, leihoan bertan edo patioko zoruan.

      Richardek aprobetxatu behar duela pentsatu du, txoriena argitu behar duela iruditu zaio. Esan du:

      — Bi txori gaur, amona, zure semeak bezala…

      — Hiru dauzkat nik.

      Galduta dago Richard. Hala ere, ulertu du aurreko egunekoa ez zela amonaren akatsa izan, ez zela pentsatu gabe esandako zerbait. Oso seguru ari da amona, begiak kristaletan. Hansek lau urte dituela esan du, beti izango dituela Hansek lau urte. Richardek ez du zeharo ulertu, baina argi dauka ez duela gehiago esan behar. Patiotik ikusten den zeru apurrari begiratu dio.

      Aitari buruz galdetu dio amonak orduan, askotan egiten du: zer gustatzen zaion orain, zertan ari den lanean… Urte eta erdi da azkenekoz ikusi zuenetik, hori ere esan du. Musika, esan du Richardek, hori da aitak gehien disfrutatu izan duena beti… Piano eskolak hartzen ari da Ottilie, Klarak eta Luisek aspaldi jotzen dute ondo, Klarak biolina ere bai.

      — Eta zuk? —galdetu dio amonak.

      Richardek ez du piano eskolarik hartzen, amak ez du nahi, baina badaki zerbait jotzen, “Üb’ immer Treu’ und Redlichkeit” adibidez, beste batzuk ere bai. Ia egunero daukate musika etxean, baina gutxiago orain…

      Brastakoan isildu da Richard. Konturatu egin da amona, atezuan jarri da.

      — Zergatik gutxiago orain?

      — …

      — Zergatik gutxiago orain?

      Arrebak kanpoan daudelako, esan du Richardek, lanean, antzokian, antzokietan. Richard bera ere hemen dago, osabaren etxean. Amak aspaldi ez du pianoa jo.

      — Eta aitak? —galdetu du amonak—. Aitak ez du jotzen?

      — Aitak bai. Beti.

      Isildu egin da amona. Besaulkitik altxatu eta komuneko ateraino laguntzeko eskatu dio Richardi.

 

 

Patiora irten da Richard gaur berriz. Amonak ezin izango du leihotik ikusi, lo dago, ez du gau ona izan.

      Patiora irteten denean, amonaren gelatik ikusi ezin diren izkinak miatzea gustatzen zaio Richardi. Ezkerretara joaten da batez ere, zakuak pilatzen dituzten lekura, teilatu hegalaren azpira. Amonaren leihotik ez da zakurik ikusten, batik ere ez, ematen du patioan ez dutela zakurik biltzen.

      Zaku baten oinetan, aurrekoetan ikusi ez duen zerbait dagoela iruditu zaio Richardi. Hara hurreratu, makurtu eta arnasa eten zaio segundo batez. Txori baten burua da: ez dauka gorputzik, hegorik, hankarik… Buruaren atzeko partetik bizkarrezur moduko bat ateratzen zaio, hezur txiki batzuk han-hemen, besterik ez, ez da inguruan lumarik ageri. Begiak zabal-zabalik ditu, baina ez balitu bezala.

      — Jainkoa zurekin.

      Inpresio handia egin dio ahotsak Richardi, atzera begiratu du. Bigarreneko xaboigilea sartu da patiora, gizon atsegina, beti portatu izan da ondo Richardekin. Hurbildu egin zaio gizona, umea zeri begira dagoen ikusi nahi du. Txoriaren burua ikusi duenean, begirada argitu zaio, ulertu egin du: Katua, esan du. Arnas etena sentitu du Richardek bigarrenez.

      Xaboigileari zaku bat eramaten lagundu dio, bigarren pisura. Geroago etorriko da txoriaren buruaren bila. Kutxa txiki batean sartuko du, Dresdenetik ekarri duen batean. Ez dio amonari erakutsiko.

 

 

Richardek ez du txoriaren gorputza gehiegi estutu nahi. Ezkerreko eskuan darama eta iruditzen zaio ito egin dezakeela behar baino indar handiagoa egiten badu.

      Asko mugitzen ari da txoria, burua batez ere, hegoak ere zabaltzeko ahalegina egiten du noizik behin. Richardek zirkin txikiak sentitzen ditu atzamarretan bularra ukitzen dionean eta ez daki taupadak diren ala txoriaren arnasestua. Beharbada halatsu hartzen du arnasa, abiadura horretan, lasai dagoenean ere, iturrian, adarretan… Ez zaio iruditzen baina, bere esku barruan urduri dagoela sumatzen du, mokoa ere itxuragabe zabaltzen ari da.

      Eliza ondoko parkean harrapatu du. Etxetik bakarrik atera den lehenengo aldia da eta pentsatzen ari da amonak ez lukeela begi onez ikusiko, osabak ere ez. Ez da urrunegi joan hala ere, etxera bidean doa orain gainera, itzultzen ari da, txoria eskuan.

      Etxeko patiora eraman nahi du, han utziko du. Amonaren hirugarren txoria izatea nahiko luke.

 

 

Erretorearen etxe atzeko ortuan dago Richard, Possendorfen. Oraindik ez da Eislebenera joan, oraindik ez du amona ezagutzen. Sagarrondotik jausitako sagarrei begira ari da, txiki bat nahi du bere goserako, perfektua, mailaturik gabekoa.

      Erretorea atera da orduan atzeko atetik, korrika txikian Richardengana. Umearen amak idatzi du, oso gaixorik dutela aita, inoizko gaixoen. Richard etxera itzultzeko eskatu du.

      Ez daukate bidaiatzeko beste modurik, esan du erretoreak, oinez joan beharko dute, Dresdeneraino, etxeraino. Hiru ordu dira, gehiago ere bai. Zortzi urteko ume batek imajinatu ere ezin du egin halako distantzia.

      Poltsa txiki bat prestatu dute Richardentzat, gainerakoa erretoreak bidaliko dio datozen egunetan, Possendorfera itzultzen ez bada.

      Hankak lehertuta heldu da Richard Dresdenera, hustuta, baina on egin dio etxe barruko freskurak, ama berriro ikusteak. Ottilie ez da inondik ageri. Erabat sendotu da gero eskuak eta aurpegia garbitu ostean, ematen du ez duela hiru orduko biderik egin.

      Aitaren gelara eraman dute berehala. Ohean dago, tapaki asko dauzka hotz larregirik ez dagoen arren, gela barruan batez ere. Begira dauka aita, begiak ez oso zabalik.

      — Ondo, Richard?

      Baietz erantzun dio, baina ez da ezer galdetzera ausartu. Min ziztada ikusi du orduan aitaren aurpegian, bizia. Burua jiratu du gizonak, ematen du ez duela umeak bere mina ikusterik nahi. Amari begiratu dio Richardek, hitzik gabe galdezka. Eskua luzatu dio amak, gelatik atera du, ondokora eraman.

      Aitarenak baino askozaz argitasun handiagoa dauka piano gelak. Aitari gustatuko zaiola pentsatu du Richardek, mina arinduko diola beharbada, eta piano aurrean eseri da. Aitaren atea zabalik dago, garbi entzungo du: “Üb’ immer Treu’ und Redlichkeit” jo du ahal izan duen zehaztasun handienaz. Ez du atzamar bakar bat ere nahastu.

 

 

Aitaren gorpua egongela handian jarri dute. Familiako jendea etorri da, hurrekoak. Zaharrenak aulkietan eserita daude, batzuk inguruko geletatik sakabanatu dira.

      Pianoa ere ekarri dute egongela handira, Luisek joko du, eta Klarak biolina, ministro lagun baten hitzen ondoren.

      Besokoa jarri diote Richardi hiletarako, beilarako, beltza, handi samarra. Datozen egunetan ere eraman beharko du, baina amonaren etxera doanean kendu behar duela esan dio amak. Amonak ezin du ikusi, amonak ezin du jakin, esan dio amak. Amonaren etxera sartu baino apur bat lehenago kendu beharko du. Ottilieri ere antzeko besokoa jarri diote, estuagoa. Richardek ez du oraindik amona ezagutzen, ez daki nola hitz egin beharko dion.

      Ministroak uste baino luzeago hitz egin du, aitaz, familiaz. Atzean ditu Klara eta Luise, pianoan eserita. Ematen du gizonari adi daudela, baina aldi berean musika barruan egongo balira bezala daude pianoari begira, aitarentzat joko duten musikari begira. Richardek badaki luze pentsatu dutela zer joko duten.

      Amaitu du ministroak halako batean. Luisek piano gainean jarri ditu eskuak, Klarak sorbaldara altxatu du biolina. Segituan hasi da Klara arkua mugitzen, nota doi batzuk eman ditu. Lehenengo mugimenduen ostean gelditu da ordea. Bere ahizpari begiratu dio, pianoari: Luise ez da jotzen hasi, eskuak izterretan dauzka orain, dardarka, negarrez dagoela ematen du. Klarak ez du ulertzen, batera hasi behar zuten pianoak eta biolinak. Negar betean hasi da Luise orduan, nabarmena da orain, dardara ere agerikoagoa. Piano aurretik altxatu eta egongelatik irten da.

      Zalantza txiki bat egin du Klarak, baina berehala osatu eta erabaki du: bakarrik joko du, biolina, besterik ez. Alboz jarri eta indarrez hasi da jotzen.

      Richardek arrebari begiratu dio, aitaren gorpuari gero, Klararen eskuari berriz. Besoko beltza ukitu du orduan, amarengana gehiago hurreratu da, baina iruditu zaio ez dela aurpegia amaren sabelean zanpatzeko momentua.

 

 

Osabaren etxera heldu da Richard, Eislebenera, oraindik ez du amona ezagutzen. Sukaldera eraman dute aurrena. Emakume bat baino ez dago bertan, Richardek ez daki nor den. Ez da amona, ezin da izan, gazteegia da… Osaba eta amona egongela txikian daudela esan dio, bere zain, baina eskuak eta aurpegia garbitu behar dituela lehenago, arrasto grisak dauzkala begien azpian, ezin dela egongelara horrela sartu.

      Sukaldeko harraskan garbitu ditu eskuak, aurpegia busti, igurtzi. Ez du jaka kendu ere egin, ez du behar bezala kontrolatzen zer egiten ari den. Emakumeak ilea arteztu dio atzamarrez eta sukaldeko atea zabaldu du gero.

      Sukaldetik irten eta segituan ohartu da Richard ez duela besoko beltza kendu. Etxera sartu baino lehenago kentzeko agindu dio amak, amonak ezin du ikusi. Oihalari tira egin dio beherantz, presaz, urgentziaz, egongelara sartu aurretik kendu behar du. Ukondoan trabatu da besokoa baina, nekez ari da behera egiten. Larritu egin da Richard, eskerrak korridoreak luzea ematen duen.

      Ate baten aurrean gelditu da emakumea orduan. Atzerago dator Richard, besokoarekin borrokan. Besaurrean dauka orain. Atea zabaltzen hasi da emakumea, indarrez tiratu du Richardek, larri. Josturak apurtu dizkio besokoari, baina besotik askatu da azkenean. Egongelako atetik pasatu eta batera sartu du oihal beltza jakako poltsiko handian.

      Osabak egin dio harrera, baina ez du ematen umeekin tratatzeko ohitura handirik daukanik. Amonak jarraitu du:

      — Zopa apur bat nahi duzu, seme? Zopa egin daiteke…

      Ezetz esan dio Richardek eta besoko beltza daukan poltsikoan sartu du eskua. Ez daki amonak ikusi duen, baietz esango luke. Estutu egin da, amonaren begiei begira dago denbora guztian.

      — Zopa apur bat hartuko duzu, ezta, seme? Zopa egin daiteke…

      Ezetz esan dio Richardek, baina ez daki zergatik, gustura hartuko lukeelako zopa apur bat orain. Iruditzen zaio esan duen lehen gezurra dela. Ez daki gezurra den ere.