Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Robert Schumann

 

(Zwickau, 1810 - Endenich, 1856)

 

 

 

Sortzaile askori bezala, gazterik hil zitzaion aita, August Schumann, idazlea eta editorea. Beharbada horregatik egin zuen zalantza Robert nerabeak literatura eta musikaren artean, azkenean pianoa aukeratu bazuen ere.

      Friedrich Wieck maisu handiak onartu zuen bere ikasleen artean, Europako piano-jotzaile handienetako bat izan zitekeela iruditu zitzaiolako. Ohitura inozo batek eten zion bidea ordea: piano ariketak egiten zituenean, hirugarren atzamarra, indartsuena, ondokoarekin lotzen zuen. Sistema horren bidez, gainontzeko atzamarrak indartu nahi zituen. Espero ez zuen ondorioa ekarri zion, haatik, burutazio horrek: erdiko atzamarra zurrun geratu zitzaion, pianoa jotzeko baliorik gabe. Interpretatzeari utzi, beraz, eta konposatzeari ekin zion.

      Piano-eskola haietan, edonola ere, bizitza arteztu zion beste gertaera bat bizi izan zuen Robertek: maisuaren alaba ezagutu zuen, Clara Wieck, piano-jotzaile ezaguna ordurako, oso gaztea izan arren. Aitak kontra egin bazien ere, ezkontzea lortu zuten azkenean eta Roberten heriotzara arte izan ziren bata bestearentzat, zortzi seme-alabaren guraso. Esaten da Clarak sustatu zuela senarraren konposiziorako grina eta inork baino hobeto interpretatzen zituela haren piezak.

      Adinkideak ziren arren, Felix Mendelssohn miresten zuen Robert Schumannek beste askoren gainetik. Leipzigen ezagutu zuten elkar urte batzuk geroago, 1835ean, Friedrich Wiecken etxean, eta lagun handiak izan ziren ordutik, harik eta Felix hogeita hamazortzi urterekin hil zen arte.

      Gaztetarik pairatu zituen Robertek sufrimendu psikikoak, adinarekin areagotu zirenak. Ez dago argi gaixotasunaren berezko garapenagatik joan ote ziren okerrera ala sifilisa artatzeko erabiltzen zen merkurioaren ondorioz. Dena dela, garuna nabarmen endekatu zitzaion azken urteetan: entzumen-haluzinazioek, esate baterako, ez zioten bakerik ematen.

      Urte batzuk lehenago arrebak egin zuen bezala, Rhin ibaira egin zuen salto Robert Schumannek 1854ko otsailaren 27an, inauteri egunean. Barku bateko arrantzaleek ikusi eta uretatik atera zuten. Franz Richarz doktorearen sendategian ingresatu zuten handik bost egunera, bere borondatez, Endenich herrian.

      Han egin zituen urteetan, ez zioten Clarari senarrari bisita egiten utzi. Robert hil hurren zegoela eman zioten emakumeari baimena azkenean Endenicheko sendategira sartzeko, ingresatu eta  bi urte eta ia erdigarrenera. Esaten da asko kostata ezagutu zuela emaztea konpositoreak, baina ahalegina egin bazuen ere, ezin izan ziola hitz bakar bat ere esan.