Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Bosgarrena

 

 

 

Tailer horren bila ari gara orain. Sapri ez da horren handia ere eta topatzea ez zaigu asko kostatuko. Tailer horretan ezkutatu omen da Giovanni Vico orain, Vico deabrua, edo handik pasatu da orain dela gutxi, edo han emango digute haren berri…

      Egia esateko, ez dugu hemengo jendearen berba modua lar ondo ulertzen, inoiz ez ditugu hitz guztiak ondo harrapatzen, azaltzen dizkiguten gauzetan beti geratzen da tarteren bat ilun. Baina tailer hori aipatu dute gehienek, Biaggio Pasqualeren tailerra. Giovanni Vico, Vico deabrua, gehienek esan digute, han bilatu behar dugu. Eta badakigu egia esaten digutela, hemengo jendeak ondo dakielako nor naizen ni eta zer daukaten gezurretan hasten badira.

      Orain hiru egun heldu ginen Saprira. Orduan ere galdetu nuen, horretara etorri ginen, gizon hori topatu behar genuen, Giovanni Vico, herriko semea. Momentu hartan baina, orain hiru egun, argi utzi ziguten Vico ez zegoela herrian, hegoaldera joan zela, ez zekiten nora. Gu engainatzen ahalegindu ziren batzuk, baina berehala ulertu zuten erratu egin zirela. Damutu ere egin zirela esango nuke.

      Gauza bera esan ziguten gehienek hala ere: Vico ez zegoela Saprin, hegoaldera joan zela, baina herrira itzuliko zela berandu baino lehen. Hori seguru antzean esan zigun askok, laster behar zuela hemen berriro. Azaldu ziguten Acquafreddako bidetik etorriko zela seguruena eta han itxaron behar geniola, Saprira sartu baino askozaz lehenago.

      Hara abiatu ginen, duela hiru egun gaur. Ez zuen euririk bota, eskerrak. Bide bazter bat aukeratu genuen Vicoren zain egoteko, arbolak zituena alde bietan, muino bat ekialdera. Ez zebilen pertsona asko handik, baina gutxi ere ez, uste genuena baino gehiago inondik ere, gauez ere bai inoiz.

      Hiru gizon ekarri nituen Saprira, astoak hirurak ere, sinpleak, buru lan handia ematen ez zidatenak, baina esanekoak, gogorrak. Txandak egin behar izan genituen bideari adi egoteko, egunez, gauez.

      Hasieran ez genuen ondo egin: pasatzen ziren guztiak geldiarazten genituen, identifikatu, galderak egin. Izan ere, ez genekien nolakoa zen Vico, Vico deabrua, hitzez eta keinuz kontatu zigutenaz aparte. Bagenekien gaztea zela, altua, argala beharbada, jaka luzea janzten zuela, normala baino luzeagoa.

      Orduan berehala ulertu genuen zer ez genuen egin behar: alferrik geldiaraziko genituen emakumeak, umeak, agureak… Gazte jendeari baino ez genion kasu egin momentu batetik aurrera, mozkote eta gizenei ere bai, badaezpada ere. Guztiei galdetzen genien Vicoren berri, baina inork gutxik esan zigun ezer. Batzuek ez ninduten ezagutu eta gezur absurdoak ere asmatu zituzten. Bati baino gehiagori besoa apurtu geniola uste dut.

      Astiro joaten ziren orduak bidean. Zain egon eta jan, ez genuen askozaz gehiago egiten, eta uste baino lehenago amaitu ziren jateko guztiak. Bi gizon bidali nituen herrira biharamun goizean, erostera. Zalantza egin nuen orduan, bi baino ez ginelako bidean geratu… Vico agertzen bazen, kapaz izango ginen harrapatzeko? Nahikoak dira bi gizon Giovanni Vicoren kontra? Deabrua esaten diote, ez alferrik.

      Pentsatu baino denbora gehiago behar izan zuten bi gizonek itzultzeko. Otoitzean eman nituen nik orduak. Vico ezin zen orduan agertu, sinetsita nengoen ordurako bi pertsona baino gehiago behar zela hura harrapatzeko…

      Ardo usaina sumatu nien gizonei heldu zirenean. Hamarna zigorkada eman nizkien adar gazte batez.

      Hiru-lau egunetarako jatekoak ekarri zituzten behintzat, lan hori ondo egin zuten, alde horretatik ez neukan kezkarik. Lau egun baino gehiago eman behar bagenituen han, seinale txarra. Bagenekien luze barik pasatuko zela Vico handik, hainbeste jende ezin zen gezurretan aritu, beldurrez zeudenak batez ere.

      Orduak luze joaten ziren hala ere, astun, lehen ere esan dut, denbora asko egiten genuen inor ikusi gabe. Ez gaude horretara ohituta, beste erritmo batetik gatoz gu, mugimendua diferentea da hirian. Gizonak urduri sumatzen nituen, itxurak egiten saiatzen nintzen ni. Iluntzean, esaterako, isildu egiten zen bidea ordu batetik aurrera, baina begira jarraitu behar genuela sentitzen genuen, inoiz baino adiago beharbada.

      Asperdura ordu luze horietako batean hasi ziren gizonak apustuak egiten. Guztiari ikusten zioten apustua: bideko harriei, zuhaitzei, txoriei, handiei, txikiei… Txanponak jokatzen zituzten, ohitura zeukaten, ikusten zen ez zela lehenengo aldia. Debekatuta dago apustua gure artean, baina ez ikusiarena egin nuen nik. Hori ere aitortu behar dut, nahiz eta dagoeneko berdin dion.

      Eta “diruak dantza dakar” esaten zuen gure osaba batek… Zoroen moduan jarri ziren gizonetako bi halako batean: apustua egin eta ezin ados jarri. Builaka hasi ziren, bultzada ere eman zion batak besteari une batean.

      Ez nien ezer esan, zer esan behar nuen, konponduko zuten konpondu behar bazuten, edadea ere bazeukaten. Handik apartatu nintzen gainera, oihuka utzi nituen, zarataka. Libratu behar nuen, leku gordea bilatzen hasi nintzen aldapako sastraketan.

      Itzultzen nintzenerako lasaituta topatuko nituela pentsatu nuen, baina kontrakoa ere bai: elkarri orroka jarraitzen zuten, paparretik heldu zion batak besteari, lurrera bultzatu gero. Urrun nengoen oraindik eta, euren parera heldu baino askoz lehenago, labana atera zuen bietako batek. Korrika hasi nintzen, apur bat ezagutzen nituen gizon haiek ordurako, gelditu egin behar nuen…

      Ni baino biziagoa izan zen ordea, labanaz mugimendu luzea egin eta bestearen eskua zartatu zuen. Eskua besapera eraman zuen besteak, minak belauniko jartzera behartu zuen, antsika hasi zen. Jakaren ezkerreko aldea guztiz gorrituta ikusi nion. Labana eskuan zuena apur bat urrutiratu, zuhaitz baten azpian eseri eta hosto batez garbitu zuen.

      Belauniko zegoen gizonarengana hurbildu nintzen, eskua erakusteko eskatu nion. Hasieran ez zidan kasurik egin, ematen zuen ezin zuela eskua besapetik atera, hara iltzatuta zeukala. Lerdea zuen aho bazterrean, haren mina ulertu nuela uste dut.

      Besoa mugitzen hasi zen halako batean, oso astiro hasieran, min keinuak aurpegian. Eskua guztiz agerian utzi zuenean ohartu ginen uste baino larriagoa zela: atzamar lodia azal-hari fin batetik zintzilik zegoen. Ematen zuen beste eskuaz eusten ez bazion, askatu egingo zitzaiola, lurrera jausi. Begirada apartatu nuen segituan. Gizona ere beldurtu egin zen, berriro gorde zuen eskua besapean.

      Baten batek josi behar zion atzamarra, odola tantaka ikusten hasi nintzen handik gutxira, jakatik lurrera. Hirugarren gizonari esan nion gizajo hari herrira laguntzeko, medikua bilatzeko, atzamarra galduko zuela bestela.

      Bi gizonek alde egin orduko konturatu nintzen berriro ginela gutxiegi bidean Giovanni Vico harrapatzeko. Orduan agertzen bazen, ezin izango genuen ezer egin. Baina ez zegoen beste erremediorik, nola bidaliko nuen bakarrik herrira, bidean zorabiatzen bazen ere, konortea galtzen bazuen ere, odolustu.

      Hurrengo orduak estu eman nituen, leku guztietara heldu ezinda. Gazte jendea ugari zebilen bidean goiz hartan, eta ezin izan genien guztiei behar bezala erreparatu. Gure musturren aurretik pasatu zen Giovanni Vico eta ez genuen ezagutu? Konturatu ere ez ginen egin? Begi faltan geunden?

      Inpresio hori izan genuen denbora osoan, urduri nengoelako ni eta galduta nirekin geratu zen gizona. Izan ere, ondo zekien ezegiteko bat egin zuela, delitua ere bazena, ezin zaiolako gure artean kide bati odola egin. Sumatzen zuen ez zela zigorrik gabe libratuko.

      Egia esateko, neuk zigortu behar nuen, baina ez nekien nola. Zerbait esaten banion, mehatxatzen banuen, zigorkadekin, kartzelarekin, nire kontra egingo zuen beharbada, zaurituta utziko ninduen, hilda ere bai agian, nire halako bi zelako gizona. Saprirako bidetik alde egingo zuen kasurik onenean, ni bakarrik utzita. Ezin nuen arrisku hori hartu, ez nion ezer esan.

      Handik hiru bat ordura etorri ziren beste biak. Arnasa libreago hartu ahal izan nuen… Astiro zetozen, elkarrengandik hiru-lau metrora, minik gabekoa aurretik. Jaka odolez zikin zekarren besteak, berdin antzean, baina eskua oihal zabal batzuetan bilduta. Oihalek zahar eta zikin itxura zeukaten, guztiz garbi zeuden arren. Mediku baten laguntzaileak josi omen zion atzamarra. Ez nion besterik galdetu, ez nuen beste ezer jakin nahi. Bidean lanean jarri nituen berriro denborarik galdu gabe, Vicori begira.

      Gau hartan lo egiten utzi nion eskua josita zeukanari, ez genion txandarik eman, sosegua behar zuela iruditu zitzaidan. Baina lasai utzi arren, ez zuen lo handirik egin, zarata txikiak entzuten genizkion etengabe, ahoaz egindakoak, arnasa ere estu, alde batera eta bestera mugitu zen. Biharamunean zurbil esnatu zen, hotzak, eskuan inoizko minik handiena zeukala esan zuen.

      Oihalak erretiratzen lagundu genion, gehiegi behartu gabe. Oso itxura eskasa zeukan atzamarrak, josturak, zauria gaiztotuta zegoela ematen zuen, koloreagatik, formagatik, handituta zeukan beheko aldea.

      Bere gauza guztiak biltzeko agindu nion, Saprira joan behar zuen, moduren bat topatuko zuen han hirira bueltatzeko. Hirian jakingo zuten esku harekin zer egin, moztu behar ez bazioten. Diru apur bat ere eman nion. Hiru geratu ginen bidean handik aurrera.

      Ia beste egun oso bat eman behar izan genuen han, beste hamabost ordu behintzat bai. Eta orduan agertu zen: han zen Giovanni Vico, urrun, Vico deabrua, altua, ohikoa baino altuagoa, jaka luzea… Baina esango nuke berak ikusi gintuela lehenago gu. Jakinaren gainean etorriko zen seguruena, baten batek emango zion abisua Acquafreddan, bere zain geundela bidean.

      Oso azkar mugitu zen, zuhaitz artera sartu, mendi alderantz. Haren atzetik abiatu ginen segituan, muinoan gora, sastraka artetik, baina berehala konturatu ginen alferrik ari ginela, ez zegoela bide markaturik. Laster galduko ginen sasi arte horretan, eta patxadaz helduko zen Vico Saprira gu han denbora galtzen ari ginen bitartean. Bide bazterrera itzuli ginen beraz, gauza guztiak bildu eta herrirantz egin genuen, bide normaletik.

      Horregatik gaude orain berriro Saprin, horregatik ari gara berriz galdetzen non topa dezakegun gizon hori, Giovanni Vico, Vico deabrua. Eta Biaggio Pasqualeren tailerra aipatu digu bertako askok… Atzamar josiaren kontua zabaldu da herrian antza denez, istorioak ere asmatuko zituzten, batek daki zer pentsatuko duten, zelako munstroak garen eurentzat. Kontua da beldurrez daudela, kikilduta begiratzen digutela galdetzen diegunean eta Biaggio Pasqualeren tailerra seinalatu digutela.

      Pasquale hori nor den jakin nahi izan dut, galdetu egin diet. Galdarak egiten omen ditu Biaggio Pasqualek, lapikoak, ontziak, zartaginak… Trecchinan erosten du materiala, edo handik hurbil dagoen lekuren batetik ekartzen du, ez dugu ondo ulertu. Hemendik hara omen dabil askotan, herri batetik bestera, saldu eta erosi, eta haren tailerra ez da leku sanoa. Infernu txiki bat ematen duela esaten dute, denek, langileek ezin dutela bertan egunero eta luzaro egon, arnasa hartzera irten behar dutela askotan. Salvatore da tailerretik irten gabe ordu gehien egiten dituena, Pasqualeren laguntzailea. Nagusiaren semeek ere umetatik egiten dute lan bertan.

      Hemengo jendearen hizkera ez dugu lar ondo ulertzen, lehen ere esan dudala uste dut. Hitz eta esaldi batzuk desitxuratuta daudela iruditzen zaigu, eta asmatzen ibili behar izaten dugu. Biaggio Pasqualeri buruz hitz egiten dutenean, adibidez, hitz bat errepikatzen dute askotan: seigarrena. Hori ulertzen diegu guk behintzat, eta ez dakigu haren ezizena den ala beste esanahiren bat daukan hitz horrek hemen inguruan.

      Ez gara erantzunekin konforme geratu eta galdetzen jarraitu dugu, zergatik seigarrena, zer esan nahi duen. Baina aurretik beste batzuek esan digutena baino ez dute errepikatu: seigarrena erre zuela Biaggio Pasqualek labeetan, seigarrena. Berriro ere geratu gara sentsazio berarekin, esaldia ulertu ote dugun, esan nahi digutena harrapatzeko gai garen…

      Uste baino denbora gehiago behar izan dugu tailerra topatzeko. Kale bazter batean dago, ate sendoa du, aurrean daukagu. Prest egoteko agindu diet bi gizonei, atean jo dut. Hasieran ez du inork zabaldu, hiru-lau joaldi behar izan ditut. Zalantza ere egin dut momenturen batean: hutsik egon daiteke tailerra honezkero, abisua eman dio Pasqualeri baten batek beharbada.

      Gizon zurrun batek zabaldu du azkenean. Aire bafada handia irten da tailer barrutik, ur irakinarena baino beroagoa, itogarria, pauso bat atzera egin behar izan dut.

      — Biaggio Pasquale?

      Burua behera mugitu du, behin. Errespetatu behar den pertsona modua ematen du, itzala izango duena herrian seguruena, harroa, gizon handia ez den arren, ni baino baxuagoa ziurrenik, estua. Ez nintzateke zigorkada bat bera ere ematera ausartuko, inori ez nioke aginduko paparretik heltzeko edo besoa apurtzeko. Hori da inpresioa: nire gainetik dagoela. Hala ere, ez diot beldurrari kasu egin, horretara etorri naiz Saprira, handiki itxurak egin ditut:

      — Hemen da Giovanni Vico?

      Gizonak ez du ezer esan, modu trinkoagoan begiratu dit, albora okertu du burua. Oihukatu egin du:

      — Francesco!

      Inor ere ez da agertu. Ozenago esan du:

      — Francesco!

      Mutiko bat agertu da, umea oraindik. Pasqualeren aurrean jarri da, antza daukate.

      — Begiratu gizonik sartu zaigun tailerrera… —esan dio.

      Ate txiki batetik desagertu da mutikoa, Pasqualek agindu diona logikoa balitz bezala. Isilik geratu gara gu, elkarri begira, baina begirada apartatu behar izan dut nik halako batean, ezin izan diot eutsi. Bigun sentitu ditut hankak, hitz beste egin dut:

      — Semea?

      — Bai.

      — Zenbat dauzkazu?

      — Bost. Hau bosgarrena.

      Kolpe moduko bat sentitu dut orduan bularrean, izerdi hotza. Bosgarrena. Orain ulertu dut jendeak esan didana, bost seme, seme-alaba, bosgarrena Francesco hau. Beste pauso txiki bat egin dut atzerantz. Nire gizonak ere mugitu dira, inertziaz beharbada. Biaggio Pasqualek niri begira jarraitu du, baina burla keinua ikusi uste izan diot ahoan orain. Mutikoa hurbildu zaigu berriz:

      — Ez da inor, aita.

      — Entzun duzu —esan dit Pasqualek niri.

      Ez dakit nola jarraitu, baina badakit ezin dudala kontua horrela utzi. Ia seguru dakit tailer hau dela bidea, ezin dudala horren erraz alde egin. Ezin da aurreko guztia alferrekoa izan, aurreko urte guztiak, hainbeste denbora ikasten egon eta gero… Ahalegindu egin naiz:

      — Baina egon izan da Vico hemen…

      — Egon izan da, bai.

      — Eta?

      — Erre egin dut.

      Zalantza egin dut orduan, ahoa zabaldu bai, baina ez naiz hitz bakar bat ere esateko gai izan. Biaggio Pasqualek nire gainetik dagoela ulertu du, atea itxi digu begien aurrean. Fusilatu egingo naute.