Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Baionako medikua

 

 

 

Baionako medikua edozein momentutan heldu zitekeela eta haren zain zeuden etxeko guztiak. Azaroaren hasieran idatzi zuen medikuak, hilaren erdialderako helduko zela. Azaroaren 12tik aurrera jarri ziren etxekoak, beraz, hari begira.

      Ezin zuten etxea hutsik utzi, beti zegoen norbait zain. Beste inork ezin bazuen, Juana Josefari agintzen zioten geratzeko, badaezpada, ezin zuelako medikuak etxea inor gabe topatu.

      Don Nicasiok aholkatu zien Baionako medikuari idazteko, hemengo medikuek ezin izango zutela ezer egin Ciriacoren alde. Baionakoak lagunduko zion mutikoari, laguntzeko modurik bazen behintzat. Garestia zen, esan zien, nola ez zen garestia izango… Don Gasparrek eta Eulalia andreak egingo zuten ahalegina hala ere, merezi zuen.

      Parisen ere baziren beste mediku batzuk, merkeagoa baten bat, baina Baionakoa zen behar zutena. Horregatik aritu zitzaien don Nicasio uda aurretik Baionako medikuari idazteko eta idazteko. Udazkenean idatzi zioten azkenean.

      Ordutik zeuden haren zain etxean. Joan ziren, ordea, azaroko egun guztiak eta ez zen handik medikurik agertu, don Nicasioz aparte.

      Abenduaren hasieran beste gutun bat heldu zen Baionatik. Medikuak ez zuela azaroan tarterik topatu horren bide luzea egiteko, baina gabonak baino lehenago etorriko zela seguru.

      San Nicolas egunean hartu zuten gutuna, abenduak 6. Hogei egun baino arinago egon behar zuen Bermeon Baionako medikuak.

      Aurrekoan bezala mugitu zen familia eta ahalegin handia egin zuten etxean norbait egoteko beti, medikua heltzen zenerako. Don Gasparrek eta Eulalia andreak irten behar zutenean, paseora, edo senitartekoren bati bisitan, edo errentak kobratzera, herrian bertan eta auzoetara, Juana Josefa uzten zuten etxean Ciriacorekin.

      Ciriaco bera ere atera behar izaten zuten kalera batzuetan, eta Juana Josefak geratu behar zuen bakarrik orduan. Medikuari harrera egingo zion, etxeko jaun-andreak etorri arte artatu, jan-edana ere eskainiko zion hala eskatzen bazuen.

      Juana Josefari gutxitan ematen zioten kalerako aukera sasoi hartan, mandatu moduren bat egiteko ez bazen. Eta kalera nahi zuen berak. Sumindu egiten zen, pentsatzen zuen ez zela Berrizetik etorri etxe barruan gordeta egoteko.

      Egunero egoten zen kanpoan han, Berrizen, ortuetan baino ez bazen ere, iturrian, kalera ere bajatzen zen inoiz, Durangora ere bai, lagunekin egoteko modua egiten zuen beti, Carmenekin, Sinfo, Domiņa, Isabel…

      Izeko Angeliren etxera ere askotan joaten zen bazkaltzera, ume txikerrekin egotera, nahiko aparte bizi ziren arren, beste auzo batean. Han egoten zen Francesco ere, izeko Angeli eta osaba Enricoren etxean bizi zena, aitita Bautista eta ume biekin. Italiarra bera ere, osaba bezala, harekin egiten zuen lan.

      Grazia egiten zion Juana Josefari Francescoren hitz egiteko moduak, kontatzen zituen gauzek, nola kontatzen zituen, doinua. Lotsa ere ematen zion izeko-osabak gelara erretiratu eta Francescok berari bakarrik esaten zizkionean kontuak. Etxera alde egin behar zuela esaten zion Juana Josefak orduan, baina lagundu egiten zion Francescok hara ere. Penaz gogoratzen zuen hori guztia orain, Bermeoko etxean, Baionako medikuaren zain zegoenean, kanpora irten ezinik, Ciriacori begira.

      Gabonak baino lehenago helduko zela esan zien Baionako medikuaren gutunak abenduaren hasieran, eta ia hogei egun egin zituen Juana Josefak etxetik apenas irten gabe. Amari egin zion bisita domeka batean, eta paseo laburra egin zuten izeko Anselekin, arratsaldeko seiak arte. Sardina dozena batzuen bila ere irten behar izan zuen beste behin, don Gasparren senide baten etxera, kale berean. Bestela etxean eman zuen abendua, garbitzen, atontzen, serbitzen, Eulalia andreak esaten zionari adi.

      Eta heldu ziren gabonak, baina ez zen Bermeora medikurik agertu. Eguraldia ere ez zen aspaldiko egokiena izan, eta horrela ulertzen zuen don Gasparrek medikuarena, biderako egun eskasak izan zituen.

      Ez zuen Baionako medikuak esandakoa bete beraz, horregatik egin zuten etxekoek gabon gaueko afaria erdi isilik, ilun, ulertu zutelako medikua ez bazen ordurako heldu, ez zela hurrengo egunetan ere etorriko. Halako pesadunbre bat zabaldu zen mahai gainean, arrainen artean, eta don Gasparrek Ciriacori begiratzen zion tarteka, barkamena eskatu nahi balio bezala.

      Zaila iruditzen zitzaien familiakoei medikua ospakizun egunetan etortzea, hain egun seinalatuetan Baionako etxea eta etxekoak utzi eta Bermeora hurbiltzea. Logikoa ere bazen, Ciriacok berak ere uler zezakeen hori. Hala ere, etxetik irten gabe utzi zuten Juana Josefa jai egun guztietan eta urtarrileko zati handi batean ere, badaezpada, edozein momentutan ager zitekeelako medikua, bistan zen gizon berezia zela. Ezin zuen, inolaz ere, etxea hutsik topatu, argi zeukan don Gasparrek.

      Baina alferrik egin zituen Juana Josefak hainbeste egun etxetik irten gabe, hain egun seinalatuak gainera, lehenengo gabonak Berrizetik kanpora. Aurretik barrundatu zuten moduan, ez zen medikua agertu jai egunetan ere.

      Leihoan ematen zituen Juana Josefak orduak zain zegoen bitartean, begi bat Ciriacori eta bestea kaleko haizeari. Ez zen mugimendu handiko kalea ere, baina paseoak ikusten zituen lantzean behin, umeak mandatutan, txakurrak. Bizitasun apur bat Ciriacoren motelaren aldean. Eta atzera gogoratzen zituen orduan Berrizeko egunak, hango gabonak, Carmen, Isabel, lehengusuak, lehengusina txikia, izeko Angeli, etxea bera. Trentzak egin eta desegin egoten zen leihoan.

      Otsailean idatzi zien Baionako medikuak berriro. Gutun luze samarra, Bermeoko familia horri zerbait zor balio bezala, denbora apur bat behintzat. Barkamena eskatzen zien, hainbat arrazoi aletzen zituen, pisuzkoak guztiak itxuraz, zergatik ezin izan zuen etorri, zergatik atzerapen hau. Martxorako etorriko zela ere agintzen zion don Gasparri. Bien bitartean, Ciriacoren sintomak ahalik eta zehatzen azaltzeko eskatzen zion: jokamoldeak, hitz egiteko modua, ibiltzekoa, dena, ahal zena, don Gasparri deigarri egiten zitzaiona.

      Gutuneko frantsesa ulertzeko gauza bazen ere, don Gasparrek ez zuen bere burua gai ikusten hizkuntza horretan hainbeste idazteko, hain zehatz, horren gauza delikatuak. Don Nicasiori eskatu behar izan zion laguntza beste behin… Bazkari ederra eman zioten etxera laguntzera etorri zenean, eskularru gris batzuk oparitu.

      Otsailean bertan erantzun zion don Gasparrek, Ciriacoren ohiturak ia egunez egun deskribatuta. Baionako medikuak informazio guztia izango zuen etortzen zenerako, baina ia hilabete falta zen martxorako. Arnasa eman zion horrek Juana Josefari otsailean, libreago ibili zen, askozaz sarriago irten zen kalera, zenbaitetan nora eta zertara esan gabe. Eulalia andreak ez ikusiarena egiten zuen; neskatoa estuegi lotu zutela ulertu zuen, egun lar egin zituela etxe barruetan.

      Juana Josefak ez zuen gauza berezirik ere egiten kalera irteten zenean hala ere. Jende gutxi ezagutzen zuen Bermeon: ama, izeko-osabak, Petra lehengusina, saltzaileren bat, inor gutxi gehiago. Kale artean ibiltzen zen, portura ere bajatzen zen lantzean behin, Talara joaten zen denbora gehiago zeukanean.

      Hara bidean, itsasoa ikusten hasten zenean, Berrizeko kontuak berritzen zitzaizkion, auskalo zergatik, aita gogoratzen zuen batez ere. Ez zuen ulertzen, aitak inoiz ez zion itsasoaz hitz egin, sekula ez ziren itsaso ondoan elkarrekin egon… Aita gogoratzen zuen han ordea, aitaren azken egunak: nola etorri zen goiz hartan Pedroandi haren bila etxera, goiz, oso goiz, nola eraman behar izan zuten golde uger hura Durangora bien artean, kalera. Arraroa egin zitzaion Juana Josefari goldearen kontua, amari ere bai. Zertarako goldea kalean? Zer zen ideia hori? Nork eskatu zien?

      Pedro bakarrik itzuli zela gogoratzen zuen gero, iluntzean, gizon handi hura. Aita Durangon geratu zela esan zien behera begira, elizako harri batzuen kontra, arnasa hartu ezinda, belauniko jartzeko ahalegina egin zuela gero, etzun behar izan zutela lurrean, ez zela berriro zutundu.

      Beste gauza asko ere esan zituen Pedroandik, medikuarenak, ospitalekoak beharbada, baina Juana Josefak ez zuen gehiago aditu, amari begiratu zion, arropa iluna ateratzen ari zen armairutik.

      Berrogeita lau urte zituen Juana Josefaren aitak, eta orduan ulertu zuen alabak zelako gauza gutxi zeukan gizon hark, eskuak baino ez, hankak, indarra, hori baino askozaz gehiago ez. Etxea ere ez zen eurena, are gutxiago soroak, basoak. Horregatik ibiltzen zen askotan aita Durangora edo Elorriora, Eibarrera, gauzak saldu eta erosi, txikikeriak beti, erreal bat, bi, ia eskean. Izeko Ansel eta osaba Antonen etxean bizi behar zuen amak orain, hemen, Bermeon. Serbitzen jarri zen Juana Josefa Eulalia andrearen etxean.

      Martxoan etxetik irten gabe egotera itzuli zen Juana Josefa, Baionako medikuari itxaron behar zion berriz. Fede gutxi zion gizon hari ordurako baina, ez zen existitzen, hori ematen zuen, mamua zen, don Gasparrek asmatu zuen, edo don Nicasiok, Ciriacori esperantza apur bat emateko, Eulalia andrea kontsolatu beharrez. Eta pentsatu zuen bezala, martxoan ere ez zen Baionako medikua agertu, Baionako mamua.

      Familiakoak, Eulalia andrea batez ere, guztiz galduta zeuden apirilaren hasieran, ez zekiten zer pentsatu. Gutunetan hain zintzoa ematen zuen medikuak, hain benetakoa, esango zuketen zeharo arduratuta zegoela Ciriacorekin. Baina etorri, ez zen euren etxera inor etorri, hitz labainetatik harago.

      Idatzi ere dotore egiten zuen medikuak, sentimendu handiz, “Espiritu Santuaren bozaz” esaten zuen Eulalia andreak. Apirilaren erdirako, edonola ere, harrezkero idatzi ere ez ziela gehiago egingo pentsatu zuten, beste kontu batzuetan arituko zela Baionako medikua, euren Ciriacorena baino askozaz premiazkoagoak guztiak seguruena.

      Oker zeuden: apirila amaitzeko hamabi egun falta zirela hartu zuten gutuna, beti bezain estilo finari emana. Etorri ez izana zuritzeko aitzakia ematen zuen lehen zatian, apirila amaitu baino lehen etorriko zela agintzen zien amaieran.

      Eguraldia ez zen hain petrala ordurako, eta Juana Josefari iruditu zitzaion familia ere argitu zela harekin batera, Eulalia andrea, Ciriaco bera ere bai beharbada, hitzak euskarara ekarri zituztenean don Nicasiok eta don Gasparrek.

      Maiatzerako falta ziren egunak etxean eman zituen Juana Josefak berriz beraz, don Gasparrek konpromiso asko zituelako kanpoan sasoi hartan, eta lagundu egiten ziolako Eulalia andreak. Baionako medikua senar-emazteak kanpoan zeudela heltzen bazen, norbait bidali behar zuen Juana Josefak euren bila: auzokoaren seme nagusia ahal izanez gero, Hilario. Mutikoa aurkitu ezean, Genitxuri esan behar zion, lehenengo pisukoen alabari.

      Izan ere, behin eta berriro errepikatu zioten, Juana Josefak ezin zuen Ciriaco bakarrik utzi. Ciriaco ez zen, esan ziotenez, jaio zenetik bakarrik egon. Juana Josefak ez zuen ulertzen zergatik: mutilak apenas egiten zuen ezer, ez onerako ez txarrerako, oso gutxi mugitzen zen, ahotsa ozta-ozta erakusten zuen, betiko oihu horietaz aparte.

      Bere buruari kalte egiten ziola esaten zuten, baina Juana Josefak ez zuen halakorik ikusi etxean zegoenetik. Egia zen bere buruarekin haserretzen zela batzuetan, gorri-gorri jarri eta gelan batetik bestera hasten zela, zentzu handirik gabe, besoak gorputzari pega-pega eginda, edo esku batek kontrako besoari atximurka, bere betiko herren horrekin, artea hartu ezinda. Ohituta ez zegoen jendeak, etxekoa ez zen jendeak, harrituta begiratzen zion, baina ez zen besterik. Juana Josefa segituan ohitu zen.

      Jesarrita zegoenean, balantzaka hasten zen, gero eta arinago, gero eta zakarrago, buruko ileari tiratzen zion. Inguruko gauzak ere botatzen zituen batzuetan, mahai gainetakoak batez ere, koilarak, edalontziak, kristalak barreiatzen ziren zorutik. Zauri itsusia eragin zioten kristalek Juana Josefari behin, orkatilan. Odola ikusi zuenean, zarataka hasi zen Ciriaco, zuri jarri zitzaizkion begiak une batean. Gelara eraman behar izan zuten, ohean sartu.

      Heldu ziren maiatzeko lehenengo egunak eta beste behin gertatu zen: ez zen Baionako medikua agertu. Gutuna berriro, sentitzen zuela, aitzakiak, hitz gozoak, lausenguren bat, maiatza amaitu baino lehen etorriko zela seguru.

      Madarikatu egin zuen Juana Josefak orduan, ia hilabete osoko beste kondena bat, eguraldia nabarmen hobera egiten ari zenean…

      Maiatzean bertan heldu zen Juana Josefa Bermeora aurreko urtean, urtebete egingo zuen laster Eulalia andrearen etxean. Izeko Angelirekin egin zituen egun batzuk etorri aurretik, ama gauzak konpontzen aritu zen artean. Umeak jagoten egoten zen luzaro, izeko Angeli soroan zegoenean, osaba Enrico kanpoan. Isabel txikiarekin egoten zen batez ere, Juan Domingok ez zion kasurik egiten.

      Eta orduan izan zen, Isabel umea behar baino zoroago hasi zela korrika, estropezu egin eta harri zorrotz baten kontra zanpatu zuela aurpegia. Odoletan hasi zen segituan, ahotik, sudurretik, bekokian ere zauria zeukan, handia itxuraz. Odola tantaka zuen berehala okotzetik behera, paparrera, gonetara. Apenas egin zuen negarrik koitaduak, begiek gorantz egin zioten, konortea galdu zuen.

      Juana Josefak ez zuen zer egin behar zuen asmatu. Juan Domingo bera ere arrebari begira zegoen ortutik, zurtuta, aitzurra eskuan. Francesco atera zen etxetik orduan, zerbait zela entzun zuen etxe barrutik. Umea ikusi eta gehiegi ere pentsatu gabe lepoan hartu eta karraderan hasi zen aldats behera. Atzetik joan zitzaion Juana Josefa.

      Bilbetuko Andresaren etxera eraman zuen Francescok Isabel txikia. Etxean topatu zuten Andresa, hori ere eskertu zion Juana Josefak Jaungoikoari.

      Kontu handiz artatu zuen umea Bilbetuko Andresak, eta Juana Josefa mugitu ere ez zen egin euren ondotik. Francesco, inork agindu gabe, Durangora abiatu zen segituan, korrika, atsedenik hartu gabe, zegoen moduan. Apur bat garbitzeko betarik ere ez zuen hartu: Isabelen odola zeukan leku guztietan, eskuetan, aurpegian, arropetan. Medikuarekin itzuli zenean, bere senera etorrita zegoen umea.

      Isabel txikiari egin beharreko probak egin eta etxera eramateko esan zien medikuak, egun batzuk egin beharko zituela ohean.

      Francescok umea besoetan atzera hartu eta aldats gora hasi ziren, Juana Josefa ondoan, izeko Angeliren etxerantz. Iluntzerako ordubete edo faltako zen, ez zen hotzik, beroa ere apalduta zegoen, giro egokia paseorako. Hizketan zihoazen Juana Josefa eta Francesco, suabe, apal, mutilak gauzak esaten zizkion lantzean behin Isabel txikiari, lasaitzeko, konpainia onean zegoela, amarekin egongo zela laster.

      Umea zizpuruka hasi zen batean, kantuan ere hasi zitzaion Francesco, bere hizkuntzan, lo-kanta moduko bat, laburra, etengabe errepikatzen zena, doinu sinplekoa. Isildu egin zen Isabel, Francescori begira-begira. Kantatzeari utzi zion mutilak orduan, lotsak bat-batean hartu izan balu bezala. Juana Josefa zegoen aldera jiratu zuen burua.

      Francescoren izerdi usaina nabaritzen ari zen Juana Josefa bide osoan. Normala ere bazen: korrika eraman zuen umea lepoan Andresarenera, medikuaren bila joan zen gero Durangoraino, handik etorri, besoetan zeraman neskatoa orain aldats gora… Eta berotik joan zen eguna. Izerdi usaina min samarra zen, sakona, baina Juana Josefari ez zion ardura, ez zion atzeraka eragiten, beste pertsona batzuen izerdiek bezala. Izerdi usain hura odolarenarekin nahastuta egon zitekeela pentsatzen zuen orain, Bermeon, Berrizetik hain urrun.

      Joan ziren maiatzeko egun guztiak, Baionako medikua agertu gabe jakina, baina ekainaren 2an gutun definitiboa hartu zuten Bermeoko etxean. Data zehatza ematen zien orain medikuak: ekainak 9. Ostatua ere hartuta zeukala esaten zien, Bermeon bertan, Tomasa Zuluetaren etxean, eta “zeruko santu guztien aurrean” egiten zuen zin, egun horretan joko zuela “euren etxeko aldaba”, bide osoa “oinez edo belauniko egin behar bazuen ere”.

      Egun konkretua aipatzen zien aurreneko aldia zen, benetako nobedadea iruditu zitzaion familiari, baina Tomasa Zuluetaren etxera bisita egin zuen don Gasparrek badaezpada, galdetzera. Eta baietz Tomasak, han egingo zuela lo medikuak, bost egunez gutxienez, diruaren zati handi bat ere ordaindu ziola postaz.

      Orain bai, egia zela ematen zuen orain hortaz, medikuak ez zeukala beste erremediorik, ekainaren 9rako etorriko zela azkenean. Eguna, hala ere, zitekeenik eta desegokiena zen don Gaspar eta Eulalia andrearentzat, paper batzuk sinatu behar zituztelako Bilbon egun horretan bertan, notarioaren aurrean, etxe txiki baten salmenta. Bilbon egun batzuk egitea zeukan don Gasparrek pentsatuta, baina gutuna irakurri eta gero, joan-etorria egunean bertan egitea erabaki zuten. Juana Josefak egin beharko zion harrera Baionako medikuari beraz, senar-emazteak Bilbotik itzuli arteko denbora zelan edo halan eman.

 

 

Ekainaren 9an goizetik abiatu ziren don Gaspar eta Eulalia andrea Bilborantz, urduri, etxean agindu guztiak ondo esanda, betebehar guztiak behar bezala zehaztuta, nola tratatu behar zuen Juana Josefak medikua, nola hitz egin behar zion, frantsesez ere irakatsi zizkioten hitz batzuk.

      Etxean giro berezia sumatzen zen eguna argitu baino lehenago ere, Ciriaco bera nahiko asaldatuta zegoen gurasoak etxetik irten orduko. Egunak aurrera egin ahala, bakarrik geratu zirenean, Ciriaco inoizko balantzarik handienak egiten hasi zela ikusi zuen Juana Josefak, lantzean behin kolpea ere hartzen zuela garondoan atzeko hormaren kontra.

      Goizaren erdialdera edo, aulkitik altxatu eta egongelatik bueltaka hasi zen Ciriaco, gero eta arinago, gero eta deskontrolatuago, baina leihora hurbildu gabe. Eguerdirako gorri-gorri zeukan aurpegia, izerditan, begiak irten beharrez ikusi zizkion Juana Josefak, berari begira. Noizik behin soinu desatsegin bat egiten zuen, eztarri barruko paretetatik ateratzen zitzaiona eta, harekin batera, listua ere botatzen zuen ezpainen ertzetatik, inoiz tantaka jausi eta egurrezko zorutik barreiatzen zena. Juana Josefari begira egiten zuen hori guztia, neskaren kontra zerbait zeukala ematen zuen. Indarrez estutzen zituen hortzak.

      Beldurtu egin zen Juana Josefa momentu batean, ez zekien zer egin, nori deitu, medikuaren ate-kolpea entzun nahi zuen ahalik eta arinen. Ezin zuen alde egin, Ciriaco bakarrik utzi, baina egongelako bazter batean jarri zen badaezpada, atearen ondoan, atea zabalik. Korridoretik berehala helduko zen eskaileretara, mutilak ez zuen harrapatuko, herrenak ez zion utziko.

      Ordua zen arren, ez zuten bazkaltzen hasteko zirkinik ere egin. Atezuan zeuden gazte biak, bata gelan bueltaka eta bestea hari begira, atetik hurbil, zer gerta ere, medikua noiz helduko. Arratsaldeko lehenengo orduetan, baina, nabarmen lasaitu zen Ciriaco. Atzera jesarri zen aulkian, balantzaka hasi zen, baina balantza sosegatuagoan.

      Beste bi-hiru aldiz altxatu zen arratsaldean zehar, eta bueltaka hasi, baina normalago, bere betiko ohiturekin, bere betiko pausoan. Juana Josefari ere desagertu egin zitzaion tentsioaren zati handi bat. Ciriacorengana hurreratu ahal izan zuen, gose zen galdetu zion, bazkaltzeko zerbait hartu nahi zuen. Mutilak ez zion erantzun, begiratu ere ez zion egin. Harengandik bi metrora eseri zen Juana Josefa, aulki txiki batean, bera ere gose barik.

      Lasai joan zen arratsaldea beraz, aspergarri, ateari begira. Aurretik hainbeste desengainu izan bazituzten ere, Juana Josefa konbentzituta zegoen gaur zela eguna, gaur etorri behar zuela medikuak, ezin zela bestela izan. Ciriaco ia geldirik zegoen, trankil, erdi lo orain.

      Kolpe batzuk entzun zituen Juana Josefak atean orduan, suabeak, konbentzimendu handirik gabekoak. Oker zegoela pentsatu zuen, ez zuela atea inork jo, kaleko zarataren bat izango zela, mediku batek ezin zuela horrela jo, hain apal, bederatzi hilabetez itxaroten egon eta gero.

      Handik segundo gutxira beste kolpe batzuk entzun zituzten ordea, etxeko atean zalantzarik gabe, askoz gogorragoak orain, tinkoagoak. Halako kolpe serioak bai, izan zitezkeen mediku batenak, Baionako medikuarenak. Ciriaco bera ere adiago jarri zen, balantzen arteko tarteek espazio zabalagoa hartu zuten.

      Arin zutundu zen Juana Josefa, arropak atondu zituen, gonak, alkandora, lepoa ondo jarri zuen, lekutik aterata zeuzkan ileak belarri atzera ekarri zituen. Korridorean, atearen aurrean, frantsesezko hitzak gogoratu zituen, arnasa behar bezala hartzeko ahalegina egin zuen.

      Atea apurka zabaldu eta ezin izan zuen berehala ulertu: Francesco zegoen atari aurrean, eskaileretan, berari begira, bekainak erdizka altxatuta. Inoiz ez zuen horren dotore ikusi, jaka beltza, kapelua, zapata marroixkak, ondo garbiak. Ez zuen esango mediku itxura zeukanik, baina ez zen betiko Francesco.

      Arnasestua sentitu zuen Juana Josefak, ez zuen espero lehengo munduko pertsona bat mundu berri honetan, Bermeon, nor eta Francesco gainera. Arropei erreparatu zien berriz, begietara begiratu zion gero, apur bat bustita zituela iruditu zitzaion. Zerbait esan nahi zion baina ezin izan zuen ahoa zabaldu.

      Atea brastakoan itxi zuen orduan, ezer esan gabe. Kolpeak tripak lehertu zizkiola ulertu zuen. Ate itxiaren ondoan geratu zen. Francescoren pausoak sentitu zituen handik gutxira eskaileretan behera, astiro, bizirik gabe.