Aurkibidea
Aurkibidea
Francesco Pasquale
(Sapri, 1825 - Bermeo, 1910)
Aitaren tailerrean metalgintzan hainbat urte eman eta gero, erbestera alde egin behar izan zuen Francescok. Orduko monarkiaren jarrerak behartu zuen alde egitera itxura denez, pozoituta zeukaten giro politikoa. Zeozertan nahastuko zuten gaztea, nahastuko zuen bere burua. Salernon, Napolesen edo, seguruenik, Genovan ontziratu zen Mediterraneo mendebaldera abiatzeko.
Bartzelonan porturatu zen handik egun batzuetara, urteetan Salernoko beste hainbat bizilagunek egin zuten bezala, baina ez zuen bertan geratu nahi izan, penintsula erdia zeharkatu zuen iparralderantz. Bizkaiko burdinari begira bizi zen orduan Europako zati handi bat; han sumatu zuen Francescok ere bizimodua.
Bidean, Kataluniatik irten berri, zapatak lapurtu zizkioten ostatu batean, eta ortozik egin behar izan zuen bidearen erdia baino gehiago. Gau batez, oinak zurrun, ametsa egin zuen: Ferdinando II.a Bi Sizilietakoak, erregeak, eskutik heldu eta Zaragozako zapataririk garestienaren etxera eraman zuen. Han, eskutik helduta beti, nahi zuen zapata parea aukeratzeko esan zion, gogokoena, garestiena, ez ziola diruak ardura.
Larru ezin hobez egindako zapatak aukeratu zituen Francescok, zilarrezko apaingarriak, urrezkoak, baina erregearen eskua baino ez zuen berak sentitzen, izerditzen hasita ordurako. Askatzen ahalegindu zen, indar handia egin zuen… Larritzen ere hasi zen momentu batean, ezinezkoa iruditzen zitzaion esku hartatik libratzea. Lortu egin zuen azkenean eta korrika alde egin zuen zapatariaren etxetik, zapatarik gabe. Arnasestuka esnatu zen. Oinak izerditan zeuzkan, sukarra jaisten hasita.
Durangaldean bizi izan zen hasieran Francesco Pasquale, Berrizen, Enrico Ponzoloren etxean. Galdaragilea zen Enrico bera ere, Francescoren aitaren laguna, Campaniatik urte batzuk lehenago etorria, Trecchinatik seguruena. Etxean hartu zuen lagunaren semea, elkarrekin egin zuten lan.
Bilbon ere bizi izan zen Francesco aldikada batez, Zazpi Kaleetako txoko batean, baina berehala ezkondu zen Bermeora, Berrizen ezagutu zuen Juana Josefa Amezuarekin. 1856an ezkondu eta lau seme ekarri zituzten hurrengo zortzi urteetan.
Francesco Pasquale Robert Schumannen garaikidea izan zen hogeita hamar urte baino gehiagoz.