Aurkibidea
Aurkibidea
Giuseppe Verdi
(Roncole, 1813 - Milan, 1901)
Aita ostalaria zuen, Osteria Vecchiako nagusia, eta amak, Luigia Uttinik, ogibidez irulea bazen ere, senide musikari ugari zituen. Litekeena da Luigiak berak ere musikarako joera eta erraztasuna izatea.
Amaren arbasoetako batek, esaterako, Francesco Antonio Uttinik, Suediako Gustav III.a erregearen koroaziorako musika konposatu zuen. Dantzaldi batean erail zuten erregea tiroz urte batzuk geroago, eta Verdik Un ballo in maschera opera sortu zuen 1859an gertaera horretan oinarrituta.
Giuseppe umea zenetik ikusi zuen familiak musikarako gaitasun handia zeukala, baina ezin izan zioten irakasle onik ordaindu. Antonio Barezzi merkatariak izan zuen orduan Verdi txikiaren berri eta, negozioetako ondasunak baliatuta, ate ugari zabaldu zizkion. Euren etxekoa ere bai, 1836ko maiatzean ezkondu baitzen Giuseppe barezzitarren alaba Margheritarekin.
Bi seme-alaba ekarri zituzten, Virginia eta Icilio Romano, baina bi urteren buruan hil ziren denak, umeak eta ama, entzefalitisak jota azkena.
Verdik taularatu zuen lehen operak, Obertok, arrakasta xumea izan zuen estreinaldian, Milango Scalan. Bigarrena, berriz, Un giorno di Regno, erabateko porrota izan zen: entzuleek txistuka hartu zuten eta musikari hasiberria bere onenak emanda zegoela idatzi zuten kritikariek, behea jo zuela eta ez zuela burua altxatuko.
Eta horrela egin zuen Giuseppe Verdik aurrera beti, porroten eta arrakasten artean, Italia okupatuan eta askean, munduan. Operak eurak ere askotan moldatzen zizkioten, mutiltzen, aldrebesten… Ingurukoek esaten zutenaren arabera, amorru handiak sorrarazi zizkion horrek.
Richard Wagnerrekin ere sortu zioten ika-mika moduko bat: bataren eta bestearen zaleek elkarren kontra egiten zuten hainbat plazatan. Jakina da, ordea, Verdik ikaragarri estimatzen zuela alemaniarraren lana eta Wagner italiarraren operak ikustera joaten zela.
Zahartu eta gero ere eutsi zion Verdik sortzaile grinari: 80 urte betetzeko gutxi falta zuela estreinatu zituen bere obrarik berritzaileenetako batzuk, Otello eta Falstaff, besteak beste. 84 urterekin konposatu zituen bere azken piezak.
Milango hotel batean gaixotu eta hil zen Giuseppe Verdi, Margherita Barezzi baino 61 urte geroago. Hotelean gaixorik zegoela, inguruko kaleetako trafikoa zeharo itxi zuten eta tranbia gidariek ez zioten kanpai txikiari ere eragiten.
Bere hiletarako ere isiltasuna eskatu zuen Verdik, ez zuen musikarik nahi, nahiz eta urte batzuk lehenago requiema konposatu zion elizkizunerako Alessandro Manzoni idazleari.
Esan izan da 300.000 lagunek baino gehiagok lagundu ziotela Giuseppe Verdiren segizioari Milango kaleetan, isiltasun guztizkoan. Batzuek esan dute, edonola ere, Arturo Toscaninik gidatutako 800 kantarik baino gehiagok ere lagundu ziola gorpuari eta “Va, pensiero” pieza sonatua kantatu ziotela kriptara sartu orduko. Horrela jarraitu zuten, beraz, Giuseppe Verdiren gogoa aldrebesten hil eta gero ere.