Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Francesco Pasquale

 

(Sapri, 1825 - Bermeo, 1910)

 

 

 

Sapriko galdaragileen seme eta biloba, gazterik hasi zen Francesco aitaren tailerrean metala bihurritzen, umetan ia. Berehala erakutsi zituen dohain handiak lanean, baina ez zegoen gustura, pisu egiten zitzaion ofizioa, beroagatik, izerdiagatik, itolarriagatik… Ia hasieratik erabaki zuen tailerra ez zela berarentzat, ahal bezain laster alde egingo zuela.

      Bere lehenengo hogei urteak Saprin eta inguruko herrietan eman zituen, Policastroko golkoan, Campanian. Sorrento eta Amalfira ere hurbildu izan zen noiz edo noiz eta Napolesera behin. Campaniako hiriburu horretan harrapatu zuen hain zuzen apezpikuaren kabrioletak, lurrera ahuspez bota eta ezpainak eta ezkerreko begia handituta izan zituen lau egunez. Handik aurrera apezpikua bera eta erregea, Ferdinando II.a Bi Sizilietakoa, agertzen zitzaizkion ametsetan, hizketa isilean euren artean. Francescok ere eurekin hitz egiteko ahalegina egiten zuen, baina ez zioten jaramonik egiten, harrizko arku batzuetatik desagertzen zitzaizkion.

      Orduko giro politiko nahasian parte hartu zuen Francesco gazteak, baina ez dago argi bi fakzioen arteko zeinen alde egin zuen, klandestinitatean aritu baitzen. Bere ofizioagatik eta logikari begira, calderari izeneko logian sartuta behar zuen, talde erabat kontserbadorean, erregearen aldekoan. Hala ere, geroagoko hainbat gertakari kontuan hartuta, litekeena da Francescok ikazkinen logiaren alde egin izana, carbonari izenekoaren alde. Galdaragileen arerioak ziren ikazkinak, erregearen kontrakoak beraz. Itxura guztien arabera, bigarren talde horretan aritu zen Francesco.

      Seguruenik horregatik egin behar izan zuen Sapritik ihes, 1848a baino lehen, itsasontziz, Mediterraneo itsasoa zeharkatu eta mendebaldera.

      Francesco Pasquale Richard Wagner konpositorearen garaikidea izan zen ia hirurogei urtez.