Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
2024, nobela
216 orrialde
978-84-19570-27-7
Azaleko irudia: Alex Orbe
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
2014, nobela
 

 

Richard Wagner

 

(Leipzig, 1813 - Venezia, 1883)

 

 

 

Konpositoreak sei hilabete zituela hil zitzaion aita, 1813ko azaroan. Harrezkero Ludwig Geyer (Eisleben, 1779 - Dresden, 1821) izan zuen aitaorde. Arte eszenikoetan aditua izanik, eragin handia izan zuen Geyerrek Wagnerren geroagoko ibilbidean, baina Richardek zortzi urte zituela hil zitzaion bigarren aita ere. Umea Eislebenera bidali zuten orduan, xaboigileen etxera, osaba eta amonarekin bizitzera.

      Richard Wagnerrek ez zuen umetan musika eskolarik hartu, familiak ez zuen nahi izan, amak batez ere. Antzokietan ari ziren neba-arreba gehienak, aldikada luzeak egiten zituzten etxetik kanpora, eta ume txikiena ere ez zuen amak arterako utzi nahi. Musika konposatzen ikasi nahi zuen Richardek hala ere, eta Logier izeneko metodoa erosi zuen, etxean ezer esan gabe, epeka ordaindu behar izan zuena. Wagnerrek berak onartu zuen handik urte batzuetara ezin izan zuela metodoa ordaintzen amaitu eta, okerragoa zena, ez zuela konposatzen ikasi.

      Ludwig van Beethoven ezagutu zuen gaztetan Richard Wagnerrek, maisua hil baino apur bat lehenago. Handik aurrera, Beethoven bera eta Shakespeare agertzen zitzaizkion ametsetan… Hizketan aritzen ziren hirurak gau osoan eta negarrez esnatzen zen Richard.

      Behin ezkonduta, gazte oraindik, Rigan kontratatu zuten musikari lanetarako. Parisera nahi zuen Wagnerrek ordea, hango aretoetan estreinatu nahi zuen, baina zorrek gainezka egin zioten Rigan eta, guztiak ordainduz gero, akabo Parisera aldatzeko asmoa. Baltikoak ito egingo zuela sentitu zuen beraz momentu batean, ezin izango zuela handik sekula irten.

      Erabakia hartu zuen orduan: Rigatik ihes egin zuten emazteak eta biek, ordaindu beharrekoa ordaindu gabe. Oinez pasatu zuten muga, gauez. Mugalari batzuen etxean egin zuten lo, “jende zikinaren artean”. Diligentzian eraman zituzten biharamunean Pillauko portura, eta Tetis belaontzian itsasoratu ziren. Ekaitzek behin eta berriro erabili zuten barkua hankaz gora, Norvegian ere hartu behar izan zuten babes, Sandgivenen, Wulff kapitainak aginduta. Ez zuten apenas sosegurik izan bide osoan, eta zortzi egunekoa izan behar zuen bidaiak hogeita lau iraun zuen. Esperientzia hori baliatu zuen gero Holandar alderraia opera idazteko. Esaten da ekaitza bera musikatzeko gai izan zela bertan.

      Izen ona eta erosotasuna eman zizkioten beste obra batzuk idatzi zituen gero: Nibelungen eraztuna, Tristan eta Isolde, Parsifal… Europako hiri askotan bizi izan zen, baina Italia aukeratu zuen maiz egonaldi luzeak egiteko. Ravello esate baterako, Amalfiko kostaldean, Campanian.

      Venezian hil zen urte batzuk geroago, Italian bertan. Aitaginarrebak, Franz Lisztek, piano-agur bat idatzi zion. Urteak ziren ordurako Francesco Pasqualek Amalfiko Sapritik alde egin zuenetik.