Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Hollywooden barrena
(Punto y Hora de Euskal Herria, 1982-01-22/29)
Los Angeles mugagabe honetara heltzean, aitor dut, eta lagundu ninduen Andolin Eguzkitza ere lekuko, Hollywoodera abiatu nintzen. Nor ez? Etorri aurretik, jakina, Hollywood famatu hori bertan edo urruti ote zegoenez ere ez nekien. “Han nonbait”, esan nezakeen, irakurle askok esan lezakeen bezala.
Eta hor dago, gaur Antigua Donostian edo Santutxu Bilbon dauden bezala: hiri nagusiko auzo bihurturik. Lehenengo mendi kaxkoetako bati deritzo Hollywood. Letra handitan ere irakur daiteke Los Angelesko kaleetatik, halako muino batean. Eta Griffith Park delakoaren gailurrean, hain zuzen, Hollywood Observatory ezaguna dago, Donostian dugun Igeldokoaren kide. (Nahiz handiagoa, jakina, planetario batez hornitua: baita herriak bere buruz erabil dezakeen teleskopioaz ere).
Nik, ordea, ez nuen Parkea bilatzen, ezta Behatokia ere. Nik, beste edonork bezala, hainbestetan amets eragin digun zinema-hiriburua bilatzen nuen; munduak ezagutu duen “amets-lantegirik handiena”, maiz esan ohi denez.
Amets-mundu hori, ordea, suntsitu egin da Hollywooden. Artistarik famatuenek Malibun dituzte gaur beren egoitzak (itsasertzean, beraz, Los Angelesen erdigunetik 40 bat kilometrora); edota, hurbilenik bizi direnek, Beverly Hillsen, Sunset Bulebarreko mendebaldean eta Bel-Aireko muinoetan.
Eta Hollywooden zer, beraz?
Gu guztiok liluratzen gintuen mundu hartaz, ezer gutxi. Ilunduz gero, fama txarrik ere ez du eskas, Today, you’ll find more pimpus and prostitutes than stars, irakur daiteke Frommer’sen gidaliburu famatuan...
Eta Txinatar Antzokia (Chinese Theatre) eta inguruko Walk of Fame delakoa (Hollywood Bulebarraren parterik interesgarriena) han ez baleude, 30eko eta 40ko hamarkadetako eta ondoko urteetako Hollywood hura, erabat itzalia dela pentsatzeko eskubidea genuke.
Badaude, ordea, Lourdesen Amabirjina, edo Niagara Fallsen bertako ur-jauziak bezala, Hollywoodi bere loria eman zioten artistak salgai bakartzat dauzkaten ehun denda; baita Pasealekua eta Gaumanen Teatroa ere.
Hots, oso harrigarria da artista-mito horiek, hemen ere, nor diren ikustea. Orain dela hilabete batzuk Donostian Casablanca eman zutenean, nahiz ikusle asko eta asko zeharo hunkiturik egon, hori aitortzea gaizki hartzen zela erreparatu nuen. Donostiar jendea, askotan, lotsatu egiten zen filma hunkigarria dela aitortzeko. Bada, mutilak! Hollywood Bulebarreko dendetan (eta dendariak ez dira sentimenduaz elikatzen!), gehien agertzen den artista-bikotea, gaur, 1981ean beraz, Casablanca-ko Humphrey Bogart eta Ingrid Bergman dira. Hauxe da egia!
Besterik nor? Halako estatistika apur bat egin ondoren, artista hauek aipatuko nituzke, eta hurrenkera honetan: Charles Chaplin, Marilyn Monroe, Clark Gable, James Dean eta Marx Brothers. Horra hor, fotoen salmenta seinale izan daitekeen neurrian, nor dagoen hemen mito, eta nor ez. Harrigarria da, honi buruz, Casablanca-ren ondoren, fotoen maiztasunari begiratuta, Lo que el viento se llevó aurkitzea... Badago horretan guztian zer pentsaturik. Zer zuten film horiek? Zer ukitzen zuten gugan? Zein barne-ametsi dagozkio urteetan barrena horren zinki iltzaturik egoteko? Artista horiek, bestalde, ez dira gaurkoak... Zer gertatu zaio zinemari? Ni naizen arloteak ez daki; baina agian bestek zerbait azal lezake. Telebistak zinez ordaindu al du “amets-lantegi” hura?
Gu baino gazteago direnek, jakina, ez lukete hori guztia guk bezala sentituko. Gure gazte-denboretan, eta negu-arratsalde euritsuetan, Miramar edo Bellas Artes-era joateak, dudarik gabe, besterik adierazten zuen. Ia-ia dena debekaturik zegoen urte hits haietan, telebistarik ere ez zegoen urte haietan, zinema zen zirrikitu bakarra; “Mundua” ezagutzeko eta “amets” egiteko genuen ataka bakarra. Badakit. Ez da gauza bera. Eta ametsez hornitutako Hollywood hura, geuk sortu genuen hein batean; eta gurekin suntsituko da: garai hartako tituluak eta artistak, dena dela, hemen ere gainditu ezinak bide dira. Horra hor harrigarriena.
Baina The Walk of Fame delakoan barrena, harlauzetako izarretan idatzirik, aurkitzen diren izenak gogoratzea izan daiteke harrigarriago. Behinola guztiz modan egondako jendea erabat ahaztuta agertzen zaigu; eta jadanik arrastorik utzi gabe joan bide zirenek, astindu egiten gaituzte: Gloria Swanson, Stan Laurel, Nelson Eddy, Andre Kostelanetz, Franchot Tone, Ricardo Montalban... Eta beste mila. Nor oroitzen gaur haietaz? Monasterio zaharrek baino gehiago pentsarazten du Hollywood Bulebarrak...
Baina hunkigarriena, agian, beti bisitari isilez betea, Chinese Theatre-eko aurrealdea da. Urteetan barrena, harlauza bana eskaini zaie artistarik sonatuenei; eta hauek, nork bere txandan, esku-ahurren eta zapaten aztarnak utzi dituzte zimenduan betiko; beren eskuzko hitz labur batzuk eta sinadura erantsiz. Nola uka batzuek eragiten duten zirrara? Mickey Rooney (1938), Norma Shearer (1927), Richard Widmark (1949), Clark Gable (1937)... Eta, ia patioaren erdian, gaurko gazteek ezagutzen ez duten Shirley Temple neskatila famatua (1935); Love to you all (= Maitasuna zuei guztioi). Eta beste mila. Eta ikusleak isilik gelditzen dira, luzaz, lurrera begira; nor bere amets-eragilearen bilaketa ezkutuan... Greta Garbo ez dut aipatu; baina handienen artean jarri behar dela esango nuke. Gehienak hilak: Clark Gable, Charles Chaplin, Marilyn Monroe, Robert Taylor, eta beste mila.
Denak ez. Egun hauetantxe agertu dira, esate baterako, Los Angelesko prentsan, Esther Williams eta Gregory Peck... Berak dira, izan, bai; baina... ez dira berak! Urteen joana ez baita menturaz beste inon mingarriago, Kalifornia oparo eta Hollywood distirant honetan baino.
Zinema ez da amaitu, eta zinemari dagokion mito-iturria ez da agortu. Endless Love (Amairik gabeko maitasuna), eta honen bi pertsonaia nagusiak (Diana Ross eta Lionel Richie) hor daude, pareta guztietan iragarririk. Biharko mitogintza ez da gelditu, noski.
Baina petrolioaren mendea berriz gertatuko ez den bezala, Lacq bukatu zen bezala, Hollywood dirdaitsu hura ere betiko joan dela dirudi.
Eta hau, amets-iturri hartan uste baino gehiago edan genuenontzat, mingarri gertatzen da.