Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Benvinguts a Andorra

 

(Zeruko Argia, 1975-08-03,
Larresoro ezizenez)

 

      25.000 biztanle, 464 kilometro karratu, mendi betean mila metro goratasunez, ikusgarria da Andorra. Eta areago euskaldunontzako. Malkor eta gailur haien artean, euskal bihotza ez bide da zeharo arrotz gertatzen. Are gutxiago —Corominasen izkribuak irakurri baino lehenago ere— leku-izen askoren euskal kutsu nabarmena ohartuz: Larrabasa, Aos, Bixessarri, Lorri, Anyós, Escás, Juberri (nom d’origine basque, azaltzen du erosi dudan liburu gidariak, comme dans la majorité des villages d’Andorre); Andorra bera agian, Andoain, Andosilla eta Andueza ezagutzen ditugularik. Noiz galdu ote zen gure hizkuntza eskualde garai haietan? Ondoko Ribagorzako mendialdeek euskara, gutxi gorabehera, xiv. mendera arte entzun baldin badute, noiz katalandartu ote ziren andorratarrak? Azterketek jakinaraziko digute ondoko urteotan; eta sorpresak izango direla gauza segurua iruditzen zait.

      Utz dezagun hori, dena dela, alde batera, beste zerbaitez lerro batzuk izkiriatzeko.

      Andorra ez da gaur antzinatasunaren gordailu bat. Inondik ere ez. Andorraren ezaugarri nagusia, hain zuzen ere, gaurkotasuna da, bizitasuna, berritasuna. Baserri zahar ilunik oraindik ere ikus badaiteke Bixessarrin edo Canillon, Bartzelona bide da Andorra: dendak ugari, merkatalgoa bizi, etxeak berri eta gora, kezko kutsadura itogarri, berebila uzteko tarterik ezin aurki, eta abar. Eta, hori bai: katalanez.

      Turismoaz bizi da Andorra, ia osoki. Mendietako mazeletan, nekazaritza-lanetarako behinola prestatutako zabalguneak, zabarturik agertzen dira. Andorratarrak aiseago bizi daitezke salerosketaz; eta nekazaritza, tabako apur bat izan ezik, alde batera utzia dute.

      Turismoaz bizi. Hortaz, kanpotarrez bizi. Hortaz, ondoko katalanak kenduz gero bederen, frantsesez eta espainieraz mintzo diren etorleez bizi. Hots, hauxe da harrigarriena: Andorra kanpotarrez bizi den herri txiki bat izanagatik ere, katalana da arrunt, eta katalan agertzen du bere burua. Poble Andorrŕ kazeta katalan hutsez argitaratzen da, turista famatu horietaz jaramonik ez eginik. Ostatuetan, gelako oharrak eta ordainketa-orriak berak katalanez ematen dira soilki. Gauza bera denden izena, denak ulerterrazak ez badira ere: saló de bellesa, basar, cuina selecta, rellotgera, canvi de monedes, viatges. Saltokietan, baita handienetan ere, katalanez irakurtzen dira izkirioak: raspalls, sabons, clarins, frikenz, sortida, defés de fumar. Eta diru-kaxan, ohar hau dago: no se admetrá cap reclamació; baita el nostre magatzem romandrá obert ere. Komunetan dones eta homes irakur daiteke, eta lanetan ari diren denda batean, hau: assabenta als seus clients i amics la propera obertura del nou establiment...

      Areago. Kalea gurutzatzeko argi gorriak daude; eta hauek, nahi izanez gero, eskuz eragin daitezke. Hots, azalpen bakarra hau da: Per a passar pitgen el boto.

      Eta, berebilez nindoalarik, kale batetik kontrara sartu nintzenean, antza, berebiziko predikua bota zidan poliziak; baina ez nion gauza handirik konprenitu, bere “prediku” hori... katalanez egin baitzidan! Horrelakorik gure artean gertatuko balitz, zer ez genuke entzungo “chauvinismoz” eta abarrez? Turistez bizi izanda, nola liteke horren “errealismo” urririk izatea? Nola liteke horren “katalano-mania” eroa izatea? Nola liteke horren “errespetu” gutxi izatea? Geure artean ahapeka hitz egingo genuke euskaraz, eta goratik ari izatean erdaraz. Industriaz bizi garelarik ere lotsaturik, eta erdaldun bakar batek zeharo jota uzten gaituelarik, noraino ez ginateke joango Andorrakoen kasuan bezala turisten irribarreez eta onginahiaz bizi behar izanez gero? Badakigu noraino: aski da Donibane, Maule eta Garazi bisitatzea... Lehenago hil euskaltasun aztarnarik agertu baino. Larraineko oroitarrian bertan, dena frantsesez: une route entre vallées soeurs, eta abar.

      Euskal izeneko kazeten abonamendu-txartelak ez ote dira, bada, frantsesez egiten, eta inor ere harritzen ez delarik? Andorrak, alderantziz, turismoaz elikaturik, bere askatasunari eta bere katalantasunari eusten diela-eta, ez dago batere hiltzeko zorian. Inoiz baino biziago eta inoiz baino aberatsago da, hain zuzen: 30 urte honetan, boskoiztu egin du bere jendeketa. Eta bide beretik jarraitzeko da: L’éveil de la personnalité autochtone, défendant les coutumes, la langue et la culture face aux influences étrangčres, est évident.

      Nolako eredua! Euskarari buruz dagokionez koldar-zulo honetan bizi garenontzako, eta por razones prácticas kolonialista hori modan dagoelarik, nolako zarrastada Andorran!

      Noiz izango dugu, ordea, andorratarren oldarkortasun hori? Noiz izango, hizkuntzaren mailan, beste mailatan erakutsirik daukagun ausardia? Gizon gisa dugun harrotasuna, noiz izango euskaldun gisa? Zenbat mendetan barrena abiatu ote da gainbehera gure Euskal Herria, oraindik ere bere buruaz horren izuti eta horren beldurti egon dadin? Zenbat milaka tragediak sartu ote du gure herriaren muinetan beretan erdaldun agertzeko eta izateko jorana?

      Noiz andorratartuko ote gara, hitz batez, kanpotarren eta arroztuen esamesez futituz?

      Noiz egingo ote dugu eraso, zinez, geure etxea osoki geure egin arte?