Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Antigua amets
(Zeruko Argia, 1973-03-18,
Larresoro ezizenez)
Egun-argia argiago bide da gaur eguerdian. Bazterrak baretu dira. Eta euri-jasen ondoren, oraindik lurra blai eginda dagoelarik, hortentsia adarretan erreparatu ditut ninika hezeak sortzen ari; eta, han-hemenka, mendi-mazeletan eta bide-ertzetan, kilinkondoen lore horiak. Zantzuok ez dute sekula huts egiten: udaberria heldu! Hurbil dugu udaberri miresgarria:
Bedatsian dirade
zühaińak loratzen...
Aurten, ordea, kanpotik-edo datorkit bedatse-aire fina, itsas-haizea kanpotik etorri ohi zaigun bezalatsu. Udaberria odolean nabariturik ere, etsipen eta kezka gehiegitan nahasirik sumatu uste dut. Landareen altsuma xamur guriok bestela begiratzen ninduten aspaldian; hori uste dut gaur bederen. Esperantza zen lehen udaberria, barne-tiraina; urteotan barrena, berriz, histu egin da nigan, loratu gabe zimeldu, barne-tiraina kanpoko haize bala epel bilakatu; eta gaur kanpotikako apaingarri aparta gisa datorkit.
Egiazko udaberriak antzinako urteetan bilatu uste dut horrela. Udaberria lehen izan baitzen, lehenago, askoz ere lehenago, gaztaroa baino ere lehenago, oso urrungo urte urrun haietan... Picassok xuxen esana duen bezala, urteetan barrena oso nekez irauten baitu gugan haurtzaroan izan ginen poeta harrigarri hark. Liluraren sakona haurtzaroan! Gero, ondikotz, ezari-ezarian kamustua eta iraungia.
Gero eta maizago gertatzen da bizian atzera-behar hori; eta zeren seinale den badakit. Zerorrek ere bai irakurle horrek.
Ninika berriok, horretara, Txokolatene hartara eraman naute gaur; eta masusten garratza sentitu dut ahoan, eta orban moreak esku ahurretan erreparatu. “Haiek bai udaberriak!”, esango nuke bihotzez; gure aurrekoek esan izan duten bezala, eta gure ondokoek ere, gaur zernahi pentsatuagatik ere, esango duten bezala...
Txokolateneko aska hura gogoratzen zait, horrela, ezinbestean bezala; eta hain gogoz hurrupatzen genuen gaineko iturria. Eta Altunaren etxea bururatzen zait, bihurgunean; eta aurrez aurre Marbil Berriko zuhaiztia; eta aldapa itzaltsuan gora arratsetan, isil-isilik eta elkarri gerritik heldurik, haren ondotik ezkutatzen ziren maitale-bikoteak (geure haurtzaro-begiez ikusirik, sekula ere iritsiko ez ziren adin eta mentura harrigarriak).
Konporta Berriko bidea datorkit burura (nahiz konportaren azken burdinak dexente herdoildurik izan!); eta Lizarriturriko usain sarkorra sentitzen bide dut berriro, oraindik ere, gudu-garaian bezala, koipe eta koko urrinez oratua; eta Konporta errekako kiratsaz eta arratoiez berriro nardatzen bide naiz...
Miramar Jauregiaren ondoko murrua sumatzen dut neure barruan. Itxuraz aldapan behereko ezkerraldetik azkenik gabea. Eta frontoia. Eta Txillardegi hitza irakurtzen bide dut berriz Matia kaleko harresi-atari hartan...
Ezen Antiguan ezagutu baitut nik udaberria, kiratsez eta kresalez batera osatua, langile-soineko urdinez eta baserri-kutsuz ere mamitua; eta geroztik udaberririk ezagutu ez dudala iruditzen baitzait.
Antiguara narama horregatik oroimenak; eta lehenengo ahuntzostoen urrin ederrak betiko suntsitua omen den euskal Antigua herrixka hartara narama bereziki.
Danieltxo ikazkin gizarajoa ikusten ari bide naiz, beti zarpail jantzita, eta askotan gure irainen biktima. Eta Igarako bideko indiano harrigarri hura ikusten dut berriro, bizikletatik hamaika aldiz bezalaxe, beti ere bide ondoan aulki batean eserita, norarik gabe beti so... Eta Errota Berrl hartako sagardotegi iluna berrikusten ari naiz hortentsia-ninikez bestaldera, baserritarrez askotan betea; eta etxe ondoko xirripa; eta Errota Berriko Kandido mutiko jator hura, gurekin erdaraz fitsik ere ezin mintzatua!
Antiguako euskalduntasun harrigarri hura ez dut geroztik ia inon kausitu. Lourdes-Txiki ondoan gertatu zait niri egundokoak euskara hutsez entzutea (beharbada Rekondoren izebaren batek boteak!); eta Arratzainen oinean, Igarako bide-muturrean beraz, Lesakako adiskide batek makilaldi gogor batetik salbatu izana, errabian zegoen baserritar hark ez baitzekien txintik erdaraz... Mila oroitzapenetan, eta parrokiaren ondoko eskolan bertan, ziplo isurtzen zen euskara hutsa Antiguako auzoan! Hazparne, Urketa eta Donapaleu berak Erdal Herri huts zaizkit, udaberria ezagutu nuen garaiko Antigua jator haren ondoan. Hantxe hozitu zen ene euskaltzaletasuna. Aldakuntza geroko hogeita-hamar urtek ekarri dute.
Eta oroitzapenen ildotik abiatuz gero, Igeldoko funikularraren aldera narama ni baino sakonago dirudien zerbaitek. Tranbia zuriak sumatzen bide ditut oraindik, palmondo luze bakar haren ondotik kirrinka eta jiraka ari; eta etxe luze haren barruan txanpon batez pelikula labur bat eskaintzen zuen tresna hura dakusat, aspertu ere arte lagun guztiok begiratua eta birbegiratua. Gauza bera nesake musika-zilindroa zerabilkien tramankulu hartaz, egunero entzuna.
Udaberriaren etorrerak, ordea, harago ere narama, gorago, Igeldo ez baina Txubillo deritzan tontorrera. Huraxe izan baita, uste dut, udaberriari dagokion gertalekua. Zubitxoen azpitik isuriz, hementxe dut, aurre-aurrean, Río Misterioso hartako krokodilo argitsua; eta kaioletako tximu zalapartariak, “Bartolo” itsusia buru; eta 1936ko guduan mendian harrapatutako “Ursula” hartzemea, urtetan barrena preso zahartua eta hila omen; eta karrusel beldurgarria, anitz garrasiren eragile; eta astotxo haiek, haurren eramaile otzan… Eta aldean etengabe nahasirik, beti ari eta ari… Guztiz oroitzapen xinpleak horiek oro, zeharo enetzako ahaztu-ezinak, arras ere ene bizi-udaberriari atxikiak…
Gauza bat nuen, eta dut, Igeldon maiteenik: udaberrian bakarti zeuden atzealdeko pinudia eta pinuen arteko bidezidorrak, behin eta berriz bisitatuak. Hantxe entzun ditut nik isiltasun oso hartan Lizardiren “bizion oińok”; eta hantxe ere, halako batez, Debussyren La Mer bikaina... Bakardade momentu haiexek izan dira agian neure bizian ezagutuko ditudan osoenak.
Aspaldiko kontuak! Badakit.
Ene hankek, ordea, ez dute hamabi urte honetan Txubillo maitatua zapaldu. Urte gehiegi: nik baino hobeki inork ez daki. Eta aurtengo lehenengo ninikek, altsumek eta muskilek, aurtengo udaberriko lehen aitzindariek, atzera naramate, Leku Ederrera, Txubillora, Igeldora; neure udaberri urruneraino naramate hain zuzen; Naturaren udaberriak ene biziera-udaberriari dei egingo bailio...
Txubillo bakartiko udaberri hura enea baitzen. Oraingoa, berriz, zuhaitzena zait, txoriena, itsasoarena... Besteena ere bai. Udaberria gaztaroari baitatxekio osoki; irribarre oparoa ezkutuko neska maiteminduari datxekion bezala.
Gaur, horrela, hortentsia-ninika horiek ikusi ondoren, Txubilloko Itsasalde isilera narama neure barruak, bidexka itzaltsu haietara, pinu-usaina darien eskualde adoratu haietara; eta, etxera beharrak eraginik, badantzut berriro, funikular-orroa urrunean gailen, egun hartan liluraturik entzun nuen Debussyren poema huraxe. Gaur badakit orduan nigan piztu zen esperantza-uhin harroa udaberri-uhin bortitza zenez, ez dela nigan inoiz mamurtuko. Baina besterentzako izanik ere, inoiz obratuko ez diren ametsen iturri izanik ere, ederra da udaberria; gizonak ezagut eta dasta dezakean olerkirik ederrena baita.
Horregatik gaur, inoiz Txubilloko itsasaldera bihurtzeko “esperantza desesperatu” honek, orduan hainbatez, orduan baino ere areago agian, biziarazten nau; eta lilura zorotan kulunkatzen.