Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Iruritik itzultzean

 

(Egin, 1979-10-09)

 

      Urriaren 3an Iruriko ehortzetan izan ginenok nekez ahantziko dugu Etxahunen azken agur hura. Zinez. Xiberuak berez duen malenkonia kutsu nabarmenari, xiberutarrik famatuenaren oroitzapena gaineratu baitzitzaion. Jendetza gaitza hara bildua, nahiz asteazken arratsalde hura joateko aukerarik onena ez izan. Iruri, bestalde, Atharratzetik hiru kilometrora, ez baita biltokirik errazena.

      Jendetza gaitza, halere; eta berebil ilara luzea kaminoaren ertzean. Lau jendarmeren ohorea ere eskaini zigun Paueko prefetak: eskerrik hanitx!

      Iruriko elizara ezin denok sar, eta atariaren ondoan eta elizaren inguruan jende askotxo. Bozgorailuei esker, dena dela, xiberera hutsez egin den zeremonia ongi entzun ahal izan dugu. Eta elizkizuna amaitzerakoan hasi da hunkigarriena.

      Hasteko, bertso bana eskaini diote hara joandako bertsolariek, bertsolari guztiek alegia. Mattinek ireki du saila, Ahetzeko airez oratua; eta gero, ilara entzungarrian, hantxe aditu ditugu, bertso doinu honetan eta hartan Azpillaga, eta Mendiburu, eta Lopategi, eta Enbeita, eta Lizaso, eta Etxeberria, eta Lazkao Txiki, eta abar, eta abar Euskal Herriko Euskadi eta sentiera guztiak Xiberuko isiltasunean barrena zabaltzen zirelarik; eta Mixel Airek, Xalbadorren semeak, itxi du kantu saila.

      Munitibarko Erramun Gerrikagoitia bizkaitar-xiberutarrari heldu zaio txanda, horretara: “Ez naiz ni bertsolaria, eta etorri ahala azalduko dizuet bizkaitarren sentimendua...”. Isilune luze bat, ondoren zotin batzuk, beranduago... Ezin segi: “Etxahun!... Eskerrik hanitx!…!”. Gertakari hartan neur zitekeen denen sentimendua.

      Orduan, eta Etxahunen azken nahia bete beharrez, Ximena, azken pastoralaren heriotza-kantua eskaini dute hura eman zuten emakumeek (Ximena pastoralean Etxahunek ez baitzuen gizasemerik sartu). Eta Xiberuko kanta herrikoia arrapiztu eta moldatu ere egin duen herri-artistaren melodia entzun dugu, hunkiturik: bere apalean, bere herrikoian, artista gaitza Etxahun, xiberutar asko bezala.

 

 

AGUR XIBERUA...

 

      “Eta orai, Etxahunen ühüretan, Agur Xiberua khantoria emanen dügü”, esan du Roger Idiartek. Ahotsak han eta hemen eteten zirela, berriro entzun da, baina bere egiazko giroan:

 

            Agur Xiberua,

            bazter guztietako xokhorik eijerrena.

            Agur sorlekhia,

            zuri ditit ene ametsik goxuenak...

 

      Zerraldoa lurperatzeko tenorea heldu da horretara. Elizaren ondoko kanposantu txiki hartan, zabalik, Etxahunen hilobia prest zegoen. “Etxahunek ez zuen nahi bere ehortzeta egunean tristura girorik izan dadin; eta haren aireak entzuten direlarik aterako dugu gorputza”.

      Eta txirulak entzun dira. Aurretik bertako erretorea (xiberutar hiztun aparta) Roger Idiart azkaindar zalgiztartua, eta Santa Graziko pastoralgile berria, Junes Casenave, negarrari nekez nagusitzen ari.

      Eta azken agurrak izan dira orduan, arratsaldeko eguzki ederrak Xiberuko bazter miresgarri haiek are miresgarriago egiten zituelarik. Entzule isil Etxahunen semea, eta pastoraletan parte hartu izan duten artistak, Xiberua guztitik hara helduak; eta Xiberuko herri xehea; nekazari zailduen aurpegietan sentimendua zinez ageri. Hegiaphal errienta mintzatu da aurrenik, Lagünt eta Maitha elkarteko lehendakaria ondoren eta Haritxelhar azkenekorik, Euskaltzaindiaren izenean. Hirurak ongi.

      Eta zeremonia bukatu da. Eta jendea sakabanatzen eta eztarriko korapiloak askatzen hasi.

      Eta ikusitako aurpegiak kontatzen hasi gara: Ager Garat, jakina, Etxahunen atabalaria, eta Udoi Miroir de la Soule-ko zuzendaria, eta Lafitte kalonjea, eta Aita Lartzabal bere gose-oporretik irten berria, eta Ximun Haran, eta Lekuona apaiza, eta Sabin Irizar idazlea, Iñaki Beobide, eta Larrondo, eta Iaben iruindarra, eta M. Azkarate eta F. Ormazabal irakasleak eta... beste pertsona ezagun batzuk, baina ez asko. Eta herria, ausarki, Xiberuko herri xehea, aldraka, dena utzita hara joana.

 

 

NON ZIREN BESTEAK?

 

      Eta ene galdera, eta askorena, hau da: Non ziren besteak? Non ziren Garaikoetxea, Arzallus, Marcos Vizcaya, Bandres, Cuerda, Labeguerie, Marie eta abar, eta abar, eta abar? Gero eta garbiago agertzen ari den etendura ezkutatu ezina da jadanik? Gure instituzioen alde ari diren politika-gizonak Euskal Herritik at, euskal mundutik at, eta Euskal kulturatik zeharo at mugitzen dira. Arrotz zaizkigu jadanik!

      O Caddhain Dublingo politikoei zeharo arrotz zitzaien bezala, eta alderantziz. Pixkanaka-pixkanaka Euskal Herria eta Euzkadi bi gauza dira, elkarrekiko arrotz. Eta hau, zer gerta ere, salatu beharra dago. Irlandako deskalabrua gure begien aurrean ari baita mamitzen.

      Zuberotarrik famatuena hiltzeak ez ditu gure politikariak hunkitu. Jakina: Xiberua txikia da, pobrea da; eta Etxahun bere mailan jenio bat izanik ere, ez zen inor, ez zen “De Etxahun”, eta ez zituen langileak bere lepora esplotatzen. Baina Etxahun poeta zen, musikaria zen, abertzalea zen (zenbat abertzale, bere adinkide, Iparralde alienatu horretan?), eta, ahal zuen bezala, bere bizi osoa eskaini zion Euskal Herriari. Baina hau guztia berdin zaie gure politikariei.

      Oraingo vascongadismoa, jakina, taktika omen da. Baina taktika balitz, gure politiko horiek ez zuten aukera hau galduko: denak batera, ehunka, milaka joango ziren Irurira; eta “Iparraldea Euskadi da” esaera galeriarentzako oihu oportunista bat ez zela erakutsiko ziguten garbi. Baina Irurin ez zegoen politikaririk batere. Ezta oportunismoz ere. Etxahun nor zen ez baitakite; eta Xiberuko herriak zinez eta bihotzean sentitu zuen galera gaitz hau bost axola baitzaie berei. Oportunismoz joango ziren, bai; baina ez dira konturatu ere egin!

      “Muga ken” esaten dugu. Baina Irurin garbi ikusi dute xiberutarrek beren poeta ez dela inor Hegoaldeko puntuzkoentzat. Nola nahi duzue muga gesal dadin?

      Euskararen beharrezkotasuna planteatu orduko, euskeromano eta lastre deitzen gaituzte politikariok. Baina Euskai Herriaren lastre, beroiek dira. Argi eta garbi.

      Eman dezagun euskara gaur gure buruzagiei eskatzea borondatekeria dela (nahiz ingelesez ongi jakin horietako askok!). Borondatekeria al da, ordea, politikari horietatik ehuneko bost bederen Etxahunen ehortzetara azaltzea? Ezta hori ere!

      Eta ez da bereizkuntza bat: Iruñeko Udako Unibertsitatetik, era berean, Patxi Zabaletaz beste inor ez zen hara itxura egitera ere agertu; eta Mikel Zarateren elizkizunetan oso gauza antzekoa gertatu zen.

 

 

IRLANDAREN FANTASMA BELDURGARRIA

 

      Irlandaren fantasma beldurgarria behin eta berriz agertzen baita, beldurgarri, politika gizonek Euskadi eraiki nahi dutela eta abertzaleok Euskal Herria berreraiki.

      Hots, eta gauzak garbi uzteko: Euskadi munstro bat izango litzateke Euskal Herria babesteko eta zerbitzatzeko ez balitz. Areago: Euskadi horren muina eta bihotza Euskal Herria izango ez bada, ez dut nik lotsarik batere kontra nagoela esateko, eta Euskadi horren beharrik ez duela Europak, ez munduak, eta ez abertzale garenok ere.

      Baina ni oso beldur naiz: hitzek beren mamia galtzen dute egunetik egunera. Gaur Euskadi, abertzalismo, sozialismo eta beste mila hitzek, fetitxe bihurtu ahala, beren mamia galdu dute. Eta oportunismo hutsez erabiltzen dira. Irlandan Sinn Fein eta gainerako gaelikozko hitzak hor, fantasmak bezala, airean gelditu diren bezalaxe. Irlandakuntza hasia da mamitzen. Eta hauxe izan daiteke inperialismoaren garaitzapen postumoa: hitz batzuk erregalatu eta arimarik gabe eta odolik gabe Euskal Herria estatuto vascongado-ak hornitzen duen katabut dotorean ehortzi. Encore une ruse de l’Histoire...

      Iruritik, beraz, oso kezkatuta etorri naiz, oso! Eta neure indar guztiez galdetzen diet abertzale guztiei, aurrera pausoa emateko tenorea ez den etorri. Zein urrats? Azken orduko oportunista aberchale guztien kontra, Euskadi Askatuaren dei bakarra eta euskalduna jaurtitzeko.