Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
HITZAURREA
Turismoa Txillardegi turistarekin
Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Euskaltzaindiaren Hiztegiak dioenez, “atsegin hartzeko bidaiatzea” da turismoa; “atsegin hartzeko bidaien inguruko jardunen multzoa” gehitzen du ondorengo azalpen laburrak. Turismoa, turista izatea, ez dago Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasoa, baina gaur eta hemen giza eskubidetzat onartua dugu kasik de facto. Eta aldarrikapen unibertsal ofizialeko batzuk baino eskubide eskuragarriagoa eta eskuratuagoa dugu.
Txillardegiren lehen kroniken garaian —1960ko eta 1970eko hamarkadetan— bestelakoak ziren kontuak, eta gutxi batzuen esku zegoen batetik bestera “atsegin hartzeko” libre samar ibiltze hori, lanaren eta madarikazio are okerragoen ondoriozko premiarik eta loturarik gabe.
Turistatzat jo ote dezakegu, ordea, liburu honetan jasotako Txillardegi bidaiari eta kronikaria? Bada zalantzarako motiborik. Batetik, haren bidaietako batzuk ez zirelako “atsegin hartzeko” eginak, jazarpen politikoaren ondorioz erbesteratu beharraren ondorio baizik; bestetik, haren begirada turista hitzari eskuarki lotu ohi diogunaren oso bestelakoa delako.
Gaur egun neurri beldurgarrietaraino hazia dugun turismoaren industrian, denetarik erakutsi, balioetsi, ustiatu, saldu eta zukutu nahi dute herrialdeek, eskualdeek, hiriek, herriek eta auzoek, baina interes turistikoa duten gai nagusien artean gutxitan aurkitzen dira Txillardegi bidaiariaren interesa kitzikatzen dutenak: gizarte antolaketa, erlijioak, klaseen arteko tentsioak, migrazio mugimenduak, munduan sortzen ari diren joera berriak…; eta, ororen buru, bistan da, tokian tokiko hizkuntzen erabilera eta egoera, arreta berezia emanez eremu ofizialik gabeko hizkuntza gutxiagotuei, euskara beti gogo-bihotzetan.
GIZAKIA ULERTU BEHARRA
Norvegiako leku zoragarrienetan delarik “Nork ukatuko fiordoez gain badagoela Norvegian zer miretsirik?”. Los Angelesko amets fabrika ospetsuan dagoelarik “Monasterio zaharrek baino gehiago pentsarazten du Hollywood Bulebarrak”.
Gizakia ulertu beharra, gizartea esplikatu nahia: Txillardegi ibiltariak jakin-minez hartzen ditu lekuak eta gizarteak, herriak eta herritarrek eraikitakoak. Kosmopolitismoaz harago, etenik gabeko ikasketa horrek badu loturarik bere jatorriarekin. Edonon dela, barruan darama Txillardegik euskal herria, batetik bestera dabilen exiliatua da, ikusten dituen moldeak eta politikak euskaldun multzoaren onerako izan ote litezkeen hausnartzen.
Hurkoarenganako kezka horrek badu eraginik kronika hauen egituran: deskripzioa, analisia, iritzia. Genero gisa, kronika topikoz osaturiko axalkeria izan ohi da maiz. Txillardegiren topikorik gabeko deskripzioak analisia dakar, analisiaren zorrotzak kalitatezko iritzira garamatza. Baina iritzia ez da beti erabatekoa. Bere zorroztasunari halako nostalgia zalantzati bat gehitzen zaio.
Bere malenkonia hori, hain zuzen, nazionalismoaren malenkonia apurtzeko saioa izan zen, Euskal Herri idealizatuaren salaketa: hizkuntzak ordezkatzen du aberria, eta etorkizunera proiektatzen gaitu… amildegia ezkutatu gabe.
Exilioa gehi jakin-mina Txillardegi, mundua gehi Euskal Herria Txillardegi.
Lehen pertsonan emana izanik, idazlearen ikuspuntua erakusten du kronikak maiz. Txillardegik ere hala dihardu. Baina ikuspuntu partikularra ez ezik, bere garaikideen ikuspuntua ere azaltzen digu: Lovainako ikasleen oihuak, sarakolez mintzo direnen iritziak, siux esaten diegun indioen kultura politikoa, galestarren diskurtsoa… Ikusi eta entzun egin zuen Txillardegik, ez ordea adeitasun hutsez, gogoan hartzeko baizik.
IRAKURLE KRITIKO ETA AKTIBOA
Txillardegiren kroniken helburua irakurle kritiko eta aktibo bat sortzea da, oroz gain. Horrela, bere garaiko memoria politiko-kulturala osatzen du, bizi izan zuen munduaren biografia.
“Lekutan geratzen zaigu Txillardegi turista”, pentsa dezakegu horrenbestez.
Baina, ondo aztertuz gero, turista ageri da, hala eta guztiz ere, Txillardegi bere kroniketan, eta horixe dute merituetako bat. “Atsegin hartzeko” bidaiatu zuen ala ez alde batera utzita, testuek “atsegin hartuz” bederen bidaiatu zuela erakusten baitute, balio erantsi batekin: badaki atsegin hori transmititzen, badaki irakurlea —irakurle kritiko eta aktiboa— turista bilakatzen —turista kritiko eta aktiboa, jakina—. Hain daude kronika hauek gardentasunez ehunduak, hain galbahe ideologikorik zein nartzisistarik gabe idatziak, non, testura bestelako asmoz hurreratuagatik ere, gozatu egiten baitugu kronistarekin batera, harengandik gertu sentitzen garela.
Kronikak gaur egun irakurtzen ditugunon kasuan bikoitza da gainera horien balio turistikoa, espazioan egindako bidaiari denboran egindakoa gaineratzen baitzaio. Bidaia horretan sakontzeko, aski duke irakurleak kroniketako leku batzuk bisitatzea —Antigua auzoko inguruak eta Igantziko Berrizaun auzoa gertuenekoak aipatzearren— liburuko aipamenen garaitik hona izandako aldaketez ohartuz irudimena dantzan jartzeko.
Bidaia bi, beraz, bata bestea bezain gozagarri, Txillardegi turistarekin turismoa eginez atsegin hartzeko.