XX
Ez nuen airearen kutsadura mendratu, Baiona eta Atharratze arteko bidea autoan bakarrik egin nuenean. Biharamunean lagunek halaber. Anartean, uzten nuen apartamentutik pasatu nintzen azken pakete batzuk hartzeko, baina giltza atxikiz, hondar bidaia bat egingo nuelako etxea garbitzeko. Halako bozkario muskil bat ernatzen ari zitzaidan bihotzean, Maddiren amaren alaba atzeman nuelako, diru parrasta baten trukean, egia erran. Diruak ez gintuen zoriontsu egiten, baina gabe ere ezin bizi, ezta? Ikerketa ez zen erraza izan eta adiskide apurren esku ukaldiari esker lortu nuen: indibidualista hutsa nintzen, nahiz eta kolektiboaren indarra hobesten nuen batzuetan. Ene beharren arabera bistan dena. Egoera mental baikor horretan irentsi nituen ekialderako kilometroak, Joana Garraldaren 4x4ko irratiko disko konpaktua aldatu gabe. Ezekielen betiko profezia neukan beraz entzungai:
Desafinatzeke nahasirik habil
Jadanik agure lehoi itxura eutsirik
Gauaren pareta sprayatu duzu
Hamazazpi urteak
Hamazazpi zuri dira Ezekiel
Mingotsaren “merkromina” Ezekiel
Ibar labur bat zara
Hari single bat zara
Betiko
Joseba Alkalderen hitzak ziren. Antzinako mundukoak. Prehistoriakoak, laburki erranik. Betiko, betiko hunkitzen ninduten. Azken kopla orroaz eman nuen, Juan Carlos Perezen ahotsa sustatzaile eta Phoisis jaunaren flauta sinetsezina akuilatzaile. Gaua zen jadanik eta ilunpean zeharkatu nituen tenore horietan desertu uhergarriak ziren Donapaleu eta Maule. Ikara hotzak inarrosi ninduen, beltzaren minean, ardura mamuak ikusten nituelako, apokalipsikoak eta nire baitakoak, gutxi ere ez zirenak. Joana, betiko, betiko.
Erratzü baserrira heldu nintzenean, maite nuen andrea ez zegoen ohean. Etxe aitzineko egurrezko jargian zen, beroki jantzirik, inguruak alaitzen zituzten hontz eta kahaka oihuak entzuten. Musua pausatu nion ezpainetan, aspaldiko partez, iruditzen zitzaidan kontaktu fisikoaren zirrarak biziarazten ninduela. Ez nion salatu Peioren aho izkinaren hunkikarak behin sortu zidan emozio arraroa, hobe isiltzea, jeloskeriak gatibatzen zuen eta kalituko nindukeen lekuan berean.
— Bihar gure lagunak etorriko ditun bazkaltzera, ardo on botila pare bat ekarri deztenat, elkarrekin goza gaitezen...
— Oilasko bati burua bihurtu zionat nik. Errea dun, behar den bezala doratua, hozkailuan zegon. Entsalada eta gazta puska batekin aski ukanen dinagu? Agian hire ezagun horiek ez ditun mokofinegiak...
— Momentu ona pasatuko dinagu, ez hadila arrangura. Fernand jinen dun Landetatik eta Peio ere hor duken, zerbitzu berezietako ekintzailea. Nolwen ezagutzen dun, ene neska-lagun ohia...
— Zauri minkorra berriz irekiko didan ala?
— Haugi, maitea, minak sendatzeko manera egokia ezagutzen dinat nik, hator, ohantzea aiduru dinagu...
Ohiko samurtasunaren abiadura motelean, amodioa egin eta Joanaren bular artean sabelez behera etzan nintzenean, ohartu nintzen, hamar egunetan, munduko tragediaz eta zakarkeriaz itoa jardun nuela. Maddiren presoaldiko irudiek bete zidaten kasko zokoa, larruari lotzen zitzaidan Piteier etxaldeko gela hartako kaka eta pixa urrina, sei urteko Julien semeari jasanarazi zizkioten sexu-eraso larriak, gerizatu behar zuten nagusien partetik preseski, Jason eta Jose abereak baino pisago ziren, Jasonen ama kontzientziarik gabeko emakume doilorra... eta hori dena, gusturik hoberenean, auzoen susmoak piztu gabe eta igande oroz mezara joanez. Itxurak mustupilka zebilzkidan buruan eta, bat-batean tripa zokoa kulunka nabaritu nuen, punpan altxatu nintzen komunera zuzentzeko sprint labur batez.
Erraiak bota nituen, hauteman, ikusi eta pairatu larrikeriak oro aurtikitzen banitu bezala. Joanarekin bizitzen plantatze zorian, barnea garbi nahi nuen, zerotik hasiko nintzen, hori nuen errepikatzen behin eta berriro, betiko, betiko!, Joana neukan aldamenean, urdaila lasaitzeko urez arradatu kikara eskuan, amultsu eta laztan-gose:
— Amaia, zer dun? Jakin ezan maite haudala, edozein baldintzatan...
— Bazekinat. Ez dinat dudarik. Bihartik aitzina, Erratzü etxe hau gure mundua izanen dun, aldi berean barnekoa eta kanpokoa. Habia abegikorra. Maitasun inkondizionalaren geltokia.
— Hauxe hitz potoloak!
Oheraino eraman ninduen besotik helduta. Gibelminez mikatz neukan aho hondoa. Dolore hits hurbildu zitzaidan loaren uhina, mihise kirats baten antzera. Ez zen, baitezpada, ametsak loratzeko lur ona. Baina, igande goiz hartan, berritua esnatu nintzen, Madalena gaineko kapera eguzkitan distira zegoela ohartzeko prest. Joanarekin gosaldu nuen, gure aberetxoak bazkatu nituen eta apairua prestatu genuen elkarrekin.
— Ogia egingo dinat...
— Ideia ona. Hiru ordu badauzkan, hire maitasun ahalmen guztia oratzeko, mamia hartzitzen uzteko eta, labean, orearen azala urrez koloreztatzeko.
Ilsek Akizeko ospitale psikiatrikoko bere gelara eraman zuen Maddi. Bazuen oraino hainbat artamendu jasotzeko. Julien semea, halaber, Muriel Berrondok kudeatzen zuen Haurren Geriza Zentroan zegoen medikalki jarraitua izateko. Beren onera itzuli behar zuten biek, derrigor, oreka mental zerbait erdietsiko bazuten. Murielek ez, baina bezperan, Habasko eiheraren ingurune berdean, gurekin bazkalduko zela hitzeman zigun Ilsek. Behatzak orean sartzen nituen, itzuli eta mintzuli, haserrez, eztitasunez... Gaurtik aurrera eraikiko nuen nire mundua modu berdinean landu nezakeen, labetik jalgiko zen ogia bezain zaporetsua egiteko.
Eki arraioek, dagoeneko, sukaldea eta kanpoan hedatu genuen mahaia balakatzen zituzten. Zorionaren baltsa dantzatzen zutela zirudien. Ate ondoko txilintxa dardarazi zuen lehena Fernand izan zen, urrunenak beti lehenak. Besarkada beroak, pastiza bixkotxa oparitu zion etxeko andere plantako gisa azaldu zen Joanari. Tariquet ardo botila bat utzi zidan eskuetan. Irriz lehertu ginen, parez pare.
— Deabruaren harpea errazago aurkituko nuela uste dut...
— Heldu zara hala ere! Bideak ez dira Landetan bezain zuzenak...
— Bizitza bezala, edo zuhaitzen moduan, batzuk zuzen eta zardai, besteak bihurri eta gordin...
— Pinu-sapa biltzailearen filosofia klorofilatsua!
Irriz lehertu ginen eta berehala, ezkaratz kantoian, Nolwen eta Peio azaldu ziren. Handik gutxira Ilse, hau ere besoak opariz kargaturik. Mahaian gazta zatiak, fruta konfitak, txokolate sortak eta edariak lerrokatzen ziren. Aurreko urteko Herri Urrats saioaren karietara plazaratu taulier aitzinekoz jantzi Joana gonbidatu batetik bestera zihoan, dena esker on eta musu busti. Paradisua zirudien. Aperitifa denbora luzatu zen, zotin, karkara, ahots kantari bezain isiltasun samur. Joanaren bozak burbuila alegeratsua gailendu zuen:
— Mahaira!
Grezia zaharreko bankete baten itxura zeukan gureak, Erratzü baserriko kanpoaldean, hegora ireki ezkaratz partean. Eguzkiak eztiki berotzen zituen larruak, gorputzak, eskuak, solasak. Hamar eguneko estresaren ondotik, guztion egitarauak lasaitu ziren, gose eta egarri baino ez izateko eta hitzen elkartasun alaiaren zamaz lehertzeko gertu: mundua ez zen likitsa, ez zen lanjerosa, iluntasun dorpearen maskorra ere ez zen esperantzarik gabea. Elea harilka genezakeen, isil gintezkeen, ez gintuen nehork epaitzen. Joana Garraldarekiko maitasun-gau samurreko sentsazio gozoek hantu zidaten burua eta, bistakoa zenez, ardoz arradatu basoa altxatzean, harro nintzen andregaia eta lagunak oro mahai inguruan edukitzeaz:
— Eskerrik hanitx!
— Gure betebeharra baizik ez dugu egin, Amaia, erantzun zidan Nolwenek, begi keinu bat helaraziz.
— Modestia gutxiago, maitea, dark webean egin dituzun bilaketarik gabe ez genituen Jasonen ama, Jason eta Jose beraien azken sasietara bulkatuko!
— Egia da giltzatuak diren gune sekretuetako kodeak krakatzea gustatzen zaidala izugarri, ezezagunen intimitate debekatuetan sartzen banintz bezala...
— Hauxe bai dugula lau izarretako voyeur bikaina...
Peio Elizalderen oharra zen. Oilasko azpi hezurra murtxatzen zuen bitartean, aditzak bihikatzen zituen, plazer eta zalantza artean. Behatz punta gurintsuak ahora eramaten zituen. Obserbatzen nuen: egia zen Peio pistola eta metrailadoreekin trebeagoa zela, baina ez ziokeen ulu bati minik egingo. Fernand zeukan aldamenean. Adineko gizonak lorios zirudien, ilar lekak eta haragi puska zuriak aldizka milikatuz. Ilserekin ari zen solasean:
— Ez dut oraino sinesten ahal Piteier etxalde hartako itsuskeria haiek nola ez ditudan lehenago susmatu... ez gara sekula aski mesfidatzen, auzoak beti gu baino hobeagoak direla pentsatzen dugu eta itxurakeria hormaren aitzinean belaunikatzen gara, bereziki gu, nekazariok, deus ez bagina legez. Eman diguten heziketarengatik bide da, errientak erasiatzen gintuen, ez genuen ezer erraten, apezak fereka desegokiak egiten zizkigun, ez genuen ezer erraten, soldadugoan gaizki tratatzen gintuzten, ez genuen deus erraten, sehi joan arrebak bortxatzen zituzten nagusiek, zer erran genezakeen, boterea zuten, botere kulturala, sentimentala, ekonomikoa, sinbolikoa...
— Fernand, arrazoia duzu, eragin malefiko guztien oinarrian datza boterea eta inor ez dago prest hari buru egiteko, ez baita ikusten, seduzitzeko apaintzen delako eta brast, gutxien uste denean, xedera ixten da, harrapatua zara, oharkabean...
— Ene itsutasuna barkaezina da...
Fernanden ondora hurbildu nintzen. Bere errua ez zela errepikatzen nion belarri zulora eta irria ikusten nuen perlatzen haren ezpain kantoietan. Horrelakoxeak ginen, guztiz gehienak: berandu baizik ez ginen gauzez konturatzen, damuak erretzen gintuen gero, geure buruei barkatzen ere ez genekiela. Hausnarra ahitzean, platerari begiratu eta hezur garbituak metan ikusi nituen. Algaraz askatu nintzen, pentsamendu arinagoen xendra urratzea hobe nuelakoan. Joanaren soa gurutzatu zuen eneak eta indarberritu nintzen, berehala.
— Bakeari!
Etxeko andereak xanpain txistua altxatu zuen. “Bakeari!” errepikatu genuen ahots bakar batez. Elkarren besoetara erori ginen, esker onez eta elkarrenganako begirunez. Momentu hartan Erratzü baserriko ezkaratz zoko hartan zin mutua egiten genion bata besteari batera tinko geratuko ginela betiko. Erantsi zuen:
— Bakeari eta gainera Euskal Herri baketu batean!
Hala zen, soak ihes zihoazkigun Atharratze haranean behera Lexantzümendu genuela begi bistan. Udaberriko orlegitasun biderkatua miresgarria zen. Agian, bakeak kolore berdinak zeuzkan: politika aitzakiengatik esku-hartze mental garaiak ahituak ziren gure herrian ere eta libre ginen etorkizuna nahieran irudikatzeko, orain pindartsuaz gozatzeko bezain iraganarekiko iritziak zizelkatzeko aske. Ez genuen nora jo, zer pentsa eta zer egin erranen zigun nehoren premiarik. Bortizkeria politikoaren burdinazko atzaparrak laxatu zirenean, abertzaleak berak aztoramendu ulertezinetan galdurik zebiltzan eta eramaten zituzten urrats publikoek agerian uzten zuten funtsean boterea baizik ez zutela desiratzen. Gaizki plazatuak ziren, komunzki generran moduan, guri egokitasun ideologiko irakaspenak egiteko.
— Bakea eta bi sos...
— Sustut bi sos, ezta?
Airea bezain diafanoak ziren karkarak hegaldatu ziren eta zeruan zirurikan ari ziren belatxetaraino heldu bide zen gure alegeratasun uhina. Ez zuten hautsi. Gurekin ziren argiki. Gaztaren ondotik, Nolwenek Garazitik pasatzean erosi chou-monté pastel ospetsuaren ordua etorri zen: amesten genuen munduaren antzera eraikia zen, astuna eta arina nahastuz, leuna eta kraskakorra, mikatza eta sukratua. Xanpainaren burbuilekin handizki ezkontzen zen. Betazalak apaldu nituen, ongi sentitzen nintzen, eguzkia begitartean, adiskidez inguratua, hemen eta bertan eternitatez higatzeko lehiaz.
Azken denbora hauetan, “kabana sindromea” jorratzen zuten bi arditeko psikologia aldizkarietan. Beren kuskuetatik edo etxola sinbolikoetatik jalgitzeko gogo izpirik ez zeukaten jendeak ziren aipatzen, hauen beldurrak, hauen sufrimenduak, hauen trauma entzutetsuak. Basabürüaren zabaltasun berdean itorik, lagunengana makurtzen nuen soa eta ez zitzaidan irudi kobazulo batean entzerratzera nindoala, alderantziz, behialako Jean-Claude Van Damme antzezle bodibildatuak zioen bezala, aware sentitzen nintzen, esnatua, iratzarria, ene lau metro karratuko espazio bitalaren erdian. Nolwenen ezpainetan chou-monté papurrak dilindatzen ziren eta, ahoratzeko, mihia lizunki mugitzen zuela ohartzen nintzen. Mintzatzera zihoan:
— Xanpaina burrustan isurtzen zaigun igande ederrean, erran dezaket nik ere Amaia Ezpeldoi anderearen azken ikerketa erreusitzearen zati baten oinarrian naizela. Zorionak, Amaia, eskerrak Joana, Erratzü baserrian hartzen gaituzulako, ez dut inoiz antzeko tokirik ezagutu, uste dut hemengo bake bermatuak lur osoa esker onez toles emango lukeela. Enez Eusako nire egoitzatik halaber, aulkitik kantitu gabe, munduarekin konektatzen dut, etengabe, ordenagailuaren pantailatik, dark webean barna ibiltzen naizen bitartean: krimenak argitzen ditut, indizeak biltzen, susmagarriak pertsegitzen, pedofilia sareak desegiten baina, ororen gainetik, begiak pixeletan lurruntzen. Leihoa zabaltzen dudanean, ilunpetik jazartzen naiz eta Eusa uharteko harkaitz hautsiak hor ditut, mirakulu antzera, itsas argiak, txori kantariak, galerna iragarriak, ene garuneko bihurguneen garbitzeko, egun oroz birjintasun berri bat berreskuratzen banu bezala. Eta horrek ez du kabanaren sindromearekiko lotura izpirik.
Txaloak hegaldatu ziren. Irriak ozendu. Birla batean geunden, zorionak batzuetan irun zezakeen armiarma harien artean gatibu. Joana utzi nuen mahaian eta kafea prestatzeko zuzendu nintzen sukaldera. Algaren oihartzunak zetozkidan zohar eta zilar. Emozio olde batek irentsi eta kafearen usain azkarrak hantu ninduen. Bost kikaratara bete eta taldera ernatu nintzen:
— Bakoitzari berea...
— Nik are beltzago maite dut —erran zuen Peio Elizaldek—. Baina gaur ezberdina da, eskaintzen didazuna hartuko dut, Amaia.
— Destimat.
Gogoan neuzkan Aturriko gaineko autobideko zubiaren maldan iragan bi gauak. Desertuaren erdian geunden, sablearen ordez lur puskak genituela oinpean, salbaiki bota eraikuntza enpresetako zaborrak aldamenean eta kotxeen zarata burrunbatsua buru gainean. Mundu mailako operazio militar baten minean nengoela iruditzen zitzaidan, etsaiez inguratua eta neronen ausartziak izutzen ninduela. Peioren zigarreta eta kafe bortitzaren lurrinek pizten ninduten eta prest nintzen nire nortasun arruntaz harago lehiatzeko.
— Amaia, ekintza beti azken puntan dator. Aiduru-denbora hil asko gastatzen dugu bizkitartean. Zure mitologia zalantzan emate aldera, jakizu ez dudala nehoiz nehor kalitu; atxilotu, inarrosi, plegatu, hori bai, baina hil ez. Egia da lana beste batek egiteko utzi dudala... ez naiz zuk uste duzun bihozgabea.
— Uste dudana baino hobea zara, Peio, Piteier baserrian ederki lagundu eta sustengatu nauzu, Fernandekin batera. Bakarrik ez nuen deus egiten ahalko. Ate hidraulikoarekiko gela zikin hartan bizpahiru oren iragan nituen, ilunpean, preso, zedarri eta seinalerik gabe. Ene bizitzako esperientziarik gogorrena izan zen, tortura bat, hitz handiak erabiltzeko.
— Mamu larrien atzamarretatik salbatu zaitugu...
Maddiren amaren plazer izutua irudikatu nuen, bere alaba besoetan tinkatu zuenean. Egiazko mamu bat tinkatzen bailuen. Mamutik mamura nenbilen, baina beldurrik gabe, erabat hustua, ene inkestak bukatzen nituen aldi orotan bezala. Erditzeak ziren, erditze dolorosoak baina ezinbestekoak. Sentsazio horrek hurrengoa deitzen zuen, beste bat eta beste bat oraino. Adrenalina jauzien premia nuen zainetan, eta horretan Peioren antzekoa nintzen nolabait, ekintzak behar nituen, abenturak, garuna itxeskatzeko zereginak... baina Erratzü baserrian plantatuko nintzen, Joana Garraldarekin bizitzen, eta pizgarri mental horiek gabe jarduten ikasiko nuen.
— Joana, maite zaitut!
Taldearen aitzinean, ene amodio intersekzionalaren sakona frogatzeko, musu hezea pausatu nuen Joanaren aho kantoian, txalo artean. Begiak bustitzen nabaritu nituen: ederra zen andregaia, bere ile gris eta erortzen zitzaion papoalde oparoarekin. Zahartzen ari ginen biak eta Erratzün, egunerokotasun jabal eta hunkigarriaren neurrian, are gehiago zahartuko ginen, beti nioen moduan, munduan, mundutik urrun. Atharratzeko eskualdea, alde horretatik, egokia zen, egoera sozioekonomikoa latza izanagatik, hemen jendeak, benetan, adinean hara erretzen zihoazelako. Inguruko bortü, ühaitz eta hegats ilunetatik isurtzen ziren poz mineral ur ttantta zurbilengatik zitekeen. Poz mineral horren errateko baliatzen zen zuberotar euskalkiari esker ere agian, zergatik ez.
Adiskideak eleketa hauteman bitartean, oroitu nintzen, behin, Atharratzeko merkatu astelehen batez, ametsa egia bihurtu zitzaidan azkorriaz. Belusezko ahotsarekiko Jünes Xübürü kantariaz pentsatzen ari nintzen Atharratzera jaistean, haren gurutzatzeko esperantza handirik gabe. Baina egun hartan, preseski, Piellenian zegoen, arrautza eta xingar plateraz gozatzen, lagun eli batekin solasean. Ez nintzen irusago izaten ahalko Madonna pinpirinaren parean aurkitu banintz. Xübürüren begietako bizitasun pindartsuak gatibatu ninduen eta oraindik ere, istant hartaz gogoratzen naizenean, emozio erraldoi batek eramaten nau birundaka. Segur aski, Ezekielen propheziaren bertsio edo cover handia eskainiko zuen berak, lerro muturrak txirikordatuz eta abestia arintasun hunkigarriz apainduz:
Eremuko dunen atzetik dabil
Zulo urdin guztiak miatu ezinik
Eta euri zitalari esker bizi da...
Xanpain txistua bete zidan Peiok. Txin-txin. Eleak bezala isurtzen ziren edariak. Itomen izugarria eraginez mahaiaren inguruan zeudenen buruetan. Solasak nahasten ziren, iragan hurbileko zauriak astiro sendatzen, etorkizun hobeagoa amesten. Funtsean, ez zen xanpain beharrik horretarako. Gurbilean ere, irudimenaren makina martxan zebilkigun, mugarik gabe. Joanak koilara txikiaz jo zuen basoa kuxkako uhargiz:
— Adiskideak, hala deitzen ahal baldin bazaituztet, nahiz eta gehienak arrotzak zareten niretzat! Plazer dut zuek hemen ikustea, aireaz, giroaz eta denboraz gozatzen. Urruneko habia hau zuena ere izan daiteke, nahi baldin baduzue, izpiritua jabaltzeko edo husteko beharra sentituko duzuenean. Deitu eta moldatuko gara...
— Hori, bai —artekatu nuen, pixka bat balantzaka.
— Begira, Amaia Ezpeldoi anderea ados da... Maddi bilatzeko zereginetan lagundu dudala uste dut, ene 4x4 erosoa maite dudan emaztearen eskuetan utziz. Konfiantza egin diot eta ez da beti erraza. Iragarrezina delako, gehienetan. Badu hiru hamarkada elkar ezagutzen dugula, bikotean egon gara, bereizi gara, berriz lotu, gorrotatu eta ororen gainetik maitatu. Ezpeldoiren azken ikerketa dugu ospatzen, omen, bizitza berri baten hasiera, baratzea, ogia eta amodioa eginez, berak aski maiz errepikatzen duen legez...
— Ez duzue egitarau makala...
Nolwenen ebazpena zen. Ninikak distira zeuzkan. Joana Garraldari begiratzen zion amultsuki. Ez nekien behako luze horrek zer erran nahi zuen, oilar bi ematen zuten, desafioan, ezproietan bermatuak. Begiak apaldu zituzten eta Joanak jarraitu zuen:
— Amaiak sinetsi du beti, bere ikerketen ondorioz, mundua hobeago egiten zuela. Krimenak oreka bat hausten duela dio eta bere lana zauriaren ezpainak urre hariz jostean datza. Inkesta baten ixteak pertsona, familia edo talde kolpatuak pixkolatzen ditu. Askotan, alta, eztiarekin uluak harrapatzen bezala ibili da, zaldi eta ardi galduen atzetik. Baina onartzekoa dut Maddiren amaren eskakizunari erantzun galanta eman diola, zuen guztien sustenguarekin bistan dena...
Txaloak ozendu ziren. Uluak ezti ttanttetan borrokatzen irudikatzen nituen eta arrazoi zuen Joana Garraldak, anitzetan horrela ereuntsi nintzen, tunelen ilunpean argirantz zulatu ezinik. Harrotasun izpirik ez neukan. Behatz muturrak murtxatu nituen eta azukrearen gozoa kilikari zebilkidan aho sabaian. Joanarekiko biharko bizitzan, argi neukan ene urguilu kongenitalaren ordez umiltasuna lantzen ikasi beharko nuela. Eta hori arras berria zitekeen enetako.
— Patxaran ttilika bat?
Ezezkoa zinominokatu eta Ilsek abandonatu gintuen. Aski isilik egona zen, baina bere atsegina agerian utzi zuen. Besarkadak eta agurrak ezkaratz atarian. Mahaira itzuli ginen eta karkara zirimola batean altxatu ziren godaletak, eta bai, eta bai, guk patxaranari bai eta bai... Eguzkia sartaldera zihoan ortzi-mugan. Arraio urreek belaze samurrak balakatzen zituzten eta saiak zeruan gora zebiltzan, ingurukari. Erratzü behereko sasietatik bele eta pika harramantzak hautematen nituen. Lakarriko xareetan bildu basaranez egin edaria hurrupatu ondoan, Peio eta Fernand ezkaratzeko sofa handian etzan ziren, telebistan variété emankizun txepel bati begira, erdi-zurrungaz, iparralderako bideari lotu aitzin pausatzeko. Nolwenek, Joanak eta hirurok, aldiz, funtsen itzulia egiteari ekin genion. Madalenako kapera begitan geneukan, behe-lainoz troxatu herriak eta mendiak, zaldiak eta behiak alhari aldameneko lautadan, hegazti harrapariak buru gainean. Naturaren minean urtu izakiak ginen, isilik eta mutu noizbehinka elkarrenganako soak partekatzen genituela.
Gure bizitzen buruan, lurrak, aireak eta urak hartuko gintuzten. Eskuz esku genbiltzan, eskoletako pausa-eremuetako neska txiki soka-dantzari jauzilarien gisa. Pentokan gora ari ginen, hatsa trenka hurran, hitzik eta etsipen zeinurik gabe. Nolwen belardian jarri zen, Joanak eta biok berdin egin genuen, lerroan. Uhin modulatuz hanpatu zen espazioa, eztitasun unea irekiz. Betazalak apaldu genituenean, uste dut hiruron bihotzek batera jotzeari eta ametsaren bidea urratzeari ekin ziotela. Joanaren zainetako odol kolpeak nabaritzen nituen behatz punta bilduetan, Nolwenen hatsa lepo gibelean eta nire garunen kulunkak kasko hezurraren azpian. Nire azken ikerketaren ondotik, bat ginen eta menturaz geroan ere hala ginatekeen.
Luze iraun zuen Madalena tontorrerako xendrako lautadako gure egonaldiak. Ordu bat edo. Peio eta Fernand hurbiltzen ikusi genituen. Konkor eta hats hantuak. Ardo zuriak, xanpainak eta patxaranak eragin lo astunetik belhitu zirela zirudien. Arraileria nagusi zen beren artean, zirtoka, elkar zirikatzen eta sutzen ari zirela. Peiok besoa goratu zuen:
— Epa neskak, ongi?
— Bai, eta zuek, kuluxka ona eginik? Beharrezkoa zenuten, ez?
Txantxa kutsuko galdera Nolwenek egin zuen. Mutikoak gure artean jarri ziren eta 360 gradutako ingurunea miresten egon ginen, ahoak zerraturik. Noizbait bere erraietara gonbidatuko gintuen lurraren azala ikusgarria zen, eskuzabala, amultsua, beroa, askotarikoa. Ez ginen jende perfektuak, ez horixe, itzal-argi ugari genituen, nortasun nahasiak, baina bakarretan distiratzen genuen, zergatik ulertzen ere ez genuela. Euskal poeta batek atomo hutsak edo zerbait horrelako ginela izkiriatu zuen eta bizitza pasatzen genuen elkar jotzen, kuzkatzen eta itsura bazterresten. Etengabe. Hamar mila hitzekiko mintzairak genituen ezpainetan eta lau milarekin, gehienez, konformatzen ginen, amodioa, herra, zauri intimoak, lehia, galtzea, beldurra errateko. Norberak bere herioa ez zuen ahoskatzen, beti besterena zen aipatzen genuena, hurbilekoa, urrunekoa. Hasperen uherra askatu nuenean, lagunak so zegozkidala ohartu nintzen. Harrituak, baina irribarrez.
Belardi eta oihanen artetik, Ühaitzaren naba ageri zen, teilatu grisekiko etxaldeak eta, han-hemen, artaldeak alha. Horizontean hodeiak metatzen ziren, muga errealak eta metaforikoak ezkutatuz. Bereterretxen Khantoria koplarik kopla bihikatzen zen lurralde hori geneukan begipean eta xv. mendeko mendeku odoltsuaren irudiek kasko zokoak bete zizkiguten. Trenpu txarra eta ezinegona nabaritu nituen nigan, hitz egiteko beharra.
— Ikusten duzue graziarik gabeko zuhaitz hura hantxe? Ba haren pareko sentitzen naiz, aldi berean ahul eta premiazko, debalde eta balios, garbi eta zikin, gazte eta zahar, berde eta biluz. Sasoien eta urteko gertakarien arabera. Batzuetan nahiagoko nuke arbola izan, erroak lurrean barna landaturik eta abarrak aire eta berotasun bila zerura luzatuak. Baina ezin dut, oinutsik nabil, soziopata baten moduan, ez dut beti erraten dudana kontrolatzen, eta egundainokoan lanjer batetik bestera pasatu naiz, salbatu baiko, hurrengo putzu ilunera erortzeko. Sekula ez naiz gorde. Egia latzak kopeta gora hartu ditut eta nireak halaber bota. Askotan geriza gabea sentitu naiz, baina, gaur, hor zaituztet inguruan, adiskideak, eta hor dut Erratzü baserriko etxeko anderea, eta, duela hiru hamarkada imajinatzen ez genuen arren, elkarrekin zahartuko gara.
Nolwen eta Joana nigandik are hurbilago ikusten nituen. Maite nuen haien gorputzekiko kontaktu fisikoa, hainbeste denboraz gabetua izan banintz bezala. Peio Elizaldek eta Fernandek, aldiz, musu bana pausatu zidaten mateletan. Atentzioaren erdian egotea ez zitzaidan sobera gustatzen. Beherean sugetzen zihoan bide bat jarraitu nuen begiz. Ez nekien nora eramaten zuen. Niri bost, Bilboko Pedro aspaldiko lagunak zioen eran. Xendra hura segitzen nuen bizitzaren ibaia bailitzan, bihurguneak eta bidegurutzeak zenbatuz. Destinoaren birikak itxuratzen zituzten, kaosetik kaosera hedatzen zirenak, haragiak urratuz, itsutasun izugarrian.
Lerro berdinean geunden eskuak elkarri emanez, kate bakar, multzo bakun, humanitatearen lagin. Urteak joan ziren guretako ere, ile zuriak genituen, hatsa luzatzen zitzaigun mendien gailurretara lehiatzen ginenean, eta kilo gehigarriak metatzen zihoazkigun gerrietan, gizon izan ala emazte. Laster batean, jendarte ekintzaile, borrokalari eta gutiziatsuaren eredu sozial nagusiak debaldetasunaren mugetara bulkatuko gintuen. Gazteek ez gintuzten gehiago agurtuko eta gure mugimenduen urritasuna gaitzetsiko zuten. Herioaren gelaurrerik izugarrienean sartzen ari ginen, baina ez genuen horregatik etsitzeko arrazoirik.
Fernanden irri karkara kristalinoak inarrosi zituen partekatzen ari ginen malenkonia unearen hegiak:
— Landetako oihanean, Labrit aldean, goiz oroz ateratzen naiz pinuen sapa biltzeko, ontzia eta pikotxa ahurrean, hamar urte nitueneko zoriontasun bat pizten zait gorputzean, neuronen abaroan, bihotzean. Heriotzak, Piteier baserriko sarraskiak bezalako itsuskeriak eta gertakari larriak ezagutu ditut, baina gogoaren izkina batean, zuhaitzen arteko argitasun izpiaren urre hori bizirik daukat, sustagarri, soleigarri... Denbora pasatzen da agudo, eta gure memorietan pasatu baino, metatu egiten dela iruditzen zait... Maddi bezalakoak gara guztiok, arrakastaren, diruaren, boterearen distirak ilusitzen gaitu, eta zorigaitz latzaren holtzean behera lerratzen gara, gure borondate soila etsai.
— Zer erran nahi duzu horrekin Fernand?
Ez zidan erantzunik eman. Asmatzekoa nuen, bakoitzak berea urrats oroz asmatzekoa zuen maneran. Harrigarria zen bizitza osoa hormak kuzkatzen eta ateak bilatzen iragatea hirurogeita hamar urteak ospatzeko bezperan den-dena berriz hasteko zela ohartzeko. Onartzeko antzara jokoan bezala, dadoaren erruz, putzura heldu eta hasierako karratura itzultzera behartuak ginela....
Euri ttantta bat lehertu zen ene larruazalean. Ni ere euri zitalari esker bizi nintzen, profezia egilea eta profeta ez izan arren.
Betiko.
Betiko...