IV
Maddiren ama Garazi edo Baigorri kantonamendukoa zitekeen. Mintzaeratik ageri zen. Ze detektibe klase nintzen horretaz ez jabetzeko lehen ziztan berean? Arrazoia zuten ene ikertzaile bidea ez zela batere nobela beltzaren ereduei eratxikitzen ziotenek. Denen gustuko, inkesta eramaile zarpaila nintzen. Alabaina, emazte xifritu eta zaintsu hari ez nion deus galdatu bere biografiari buruz. Ez nintzen segur ere erantzungo zidan ala ez, hain zen trinkoa, muturtua, zekena eta irudiz gaiztoa. Lehen begiradatik beretik ageri zuen ez ninduela maite, ene zerbitzuen kontratatzera behartua zela, besterik ezean. Ez baitzuen poliziaren atzaparretara erori nahi. Eta gainera, argamasak ene telefono erosoa zirtzikatu zidan... Jes!
Kontzientzia ez zuela trankil ondorioztatu nuen, Joana Garralda Garaziko geltokira zihoala zehaztu bitartean. Emaztegaia ederra zen, aitzinetik bezain gibeletik, halako desira xirrizta bat pizten zidala ezin uka: ipurdi oparoa zuen, zango leun luzeak eta sorbalda erakargarria. Gristen zihoazkion ileetan ausatzen bezala zen arrastiri apaleko haize hegoa. Gailurretako elur estalduren usain hotza zekarren bortuetan behera buhatzen zuen aireak. Joana desagertu zenean, ene afera hitsera itzuli nintzen, eskuetan neuzkan autoko giltzekin jostatzeari ekiten niola: kliki eta klaka...
Urteko lehen Santiagorako beilariak herrian sartzen jarraitu nituen. Izuratik edo Larzabaletik etortzen ziren, aterki lodiez gerizatuak eta bizkarrean zaku astunak zeramatzatela. Donejakue karrikatik jaisten ziren, lerroan, buruak apal eta oinak sutan. Gaueko aterpea hartzeko harrera lekuetara hurbiltzen zirenak eskuko hatzekin zenbatu zitezkeen oraindik. Udaberria piztuko zenean, txori eroen moduan biderkatuko ziren, bisitarien uhinetan urtzeraino. Gutiziatsu begiratu nien, nomada izpiritua nuelako nik ere neurri batean, horrela bizi izan bainintzen, duela gutxi Joana Garraldak Atharratze gainean erosi Erratzü baserrira errotzera joatea erabaki arte.
Eguzki arraioak gorritzen zihoazen. Garaziko etxe aberatsen atarietako harri zizelkatu karminak distirarazten zituzten. Postal bat neukan begi bistan, baina ez nuen miresle plantan egoteko astirik. Joanaren 4x4ra zuzendu nintzen. Eskakizun praktiko zerrenda batek inarrosi zidan garuna: “Non eginen dut lo gaur?”, “ez al dut hoteleko gela bat erreserbatu behar?”, “gaua kanpoan pasatzeko adinean ote naiz?”... Bostak pasatuxeak ziren eta, menturaz, beranduago ere erabakitzeko astia ukanen nukeen.
Baigorriko bidean, Iparla mendilerroaren handitasunak gatibatzen zidan soa. Irulegirako juntan gelditu nintzen, naturaren eta paisaiaren ikusgarriaz gozatzeko. Anartean, Pantxoa Hiribarneren izenak izpiritua kilikatu zidan. Maddiren amak ireki pista bat zen. Xehetasun gehiagorik ez zeukan. Eta ez nion ahotik zizare kordelik tiratu. Profesionaltasunaren zentzu izpirik ez nuelako. Baigorriko pilota plazaren aurreko aparkalekuan utzi nuen beribila. Aldameneko ostatura ernatu nintzen, kafea eska eta galdezka:
— Pantxoa Hiribarne ene eskolako lagun ohiaren bila nabil... ba al dakizu non bizi den?
— Tori, euro bat eta erdi kafearentzat... zer nahi diozu?
— Gaizkirik ez, lasai...
— Ni mesfidatzen naiz “lasai, lasai” erranka hurbiltzen zaizkidan zure irudiko jende uherrez...
Kafe kikara ezpainetara eraman nuen. Ez nekien nola segitu. Durduzatu nintzen. Gizon zapal horrek zer moldez epaitzen ninduen? Zergatik zen hain lakarra enekin? Dudaren leizea gainditu nuen, nigan konfiantza berriz hartuz eta kikara mahaian pausatuz, bigarrenez jo nuen eleen borrokara:
— Behar dut absolutuki harekin solastatu... Baigorrin ohatzen omen da. Segur naiz ez dakiela gure lagun amankomun bat hil izan dela aberastasun guztiak eskolako adiskideen artean banatzeko erabakia notario aurrean izenpeturik!
— Ostatu honetan dituen zorrak ordaintzen ahalko ditu orduan? Arrazoia duzu, berri ona da.
— Ikusten?
Jabaldu zen tabernaria. Irri maltzurra eskaini zidan. Barraren gibeleko ttotto gorakoi batean jarri zen eta norabideak erakutsi zizkidan behatza luzatuz:
— Baigorriko eliza, badakizu non den? Ba haraino joaten zara, eta hor, Izpegiko errepidea hartzen duzu... Mitxelena auzora helduko zarenean, eskuin aldera, Mendixola etxea daukazu. Bertan bizi da xerkatzen duzuna.
— Ez duzu anitz estimatzen ala tronpatzen naiz?
— Buhame ondoetatik da. Ile hori eta belarri gingila laxokoa. Ez da gu bezalakoa. Mitxelena kartierrean errotzen ziren, lehen, herritarrek baztertzen zituzten agotak. Istorio zaharra da.
— Agotak?
Hitzaren entzuteak eta nire aldian ahoskatzeak barrunbeak inarrosi zizkidan. Ostalariak iraganean kokatzen zituen agotak baina bere mintzatzeko modutik ageri zen orainean ere hedatzen zirela haien adar izugarriak. Halako beldur aire bat sumatu nion gizonari. Mutu geratu nintzen. Sentimenduak aurpegiko keinuetatik irakurtzen nizkion. Beharbada, bera berdin agota zen, eta bestearen herraren azpian berarekikoa ehorzten zuen, askotan gertatzen den legez. Baina ez zen halakoa, belarri kuxkurrak zituelako, haizeek hantu ontzietako belen modukoak.
Bezero batengana urrundu zen. Sud Ouest eskatu zion eguneko berriak ustiatzeko: Baionak Agenen eretzean doietatik galdu zuen errugbian, pilotan Gixandutek eraman zuen trinketeko buruz buruko partida Bixintxo Bilbaoren kontra, Macronen erretreten erreformaren salatzeko manifestazioetan jende gutxiago biltzen zen, mugimendua hatsantzen zihoalako marka, Txinatik mehatxatzen gintuen koronabirus lanjerosak etxeetara kantonatuko omen gintuen etorkizun hurbil batean, hala zioten, behintzat, izu dealerrak ziren jarraiko informazio kateetako aurkezleek. Bezero zohituak eskualdeko ebasketa, bortxaketa, genero bortizkeria aipamen laburretan galdu zuen begia, horiek baitira, funtsean, gehien interesatzen zaizkigun notiziak.
Gaueko seiak ziren. Zerua ilun eta hodei beltzez zamatua zela iruditzen zitzaidan. Banuen astia Pantxoa Hiribarneren etxeraino joateko. Txokearen estrategia erabiliko nuen, abisatu gabe agertuko nintzaion eta, gertatuak gertatu, Maddiri buruzko zertzeladak biltzen saiatuko nintzen. Horrelako burutazioak neuzkan Joana Garraldaren 4x4 berdailera nindoan bitartean. Andregaiaren izena mentalki harilkatu eta ximixta baten erredura nabaritu nuen sabel hondoan: zer ari nintzen ni Baigorriko plazan maite nuen emaztekitik hain urrun, balizko agotez eta agian irentsiko ninduten mamuz setiatua?
Zur puska batean zizelkatu Mendixola etxearen izena irakurri nuen. Dudarik ez zegoen. Kotxea hil eta fatxada itxiari eta argia iraizten zitzaion leihoari so gelditu nintzaion. Norbait bazen. Xerkatzen nuena zena? Ageriko. Jaitsi eta bortara lehiatu nintzen. Atearen gorritasuna azpimarratzen zuen urrezko eguzki-lore idorra bazen. Jotzera ausartu baiko zalantzak oro baztertu nituen. Denboraren buruan, urrats herrestak hauteman nitzakeen hurbiltzen. Nagiak ziren, alferrak, aspertuak. Zakur baten zaunka ahula ere entzun nuen. Erasia erauntsi baterako prestatu nintzen.
Baina ez zen ezer gertatu. Borta zabaldu zuena gizon konkor bat zen, oin puntetara begiratzen zuena hitz egiten zuen bitartean:
— Nor zara zu?
— Pantxoa Hiribarnerekin mintzatu nahiko nuke.
— Ni naiz... zer nahi duzu?
— Solastatu.
— Uste duzu orduak direla jendeen bakea nahastera etortzeko?
— Badakit berandu dela, baina ez zaitut gehiegi molestatuko.
Salatu nion bere amaren arabera ongi ezagutzen zuen Maddi unibertsitateko kideaz galdekatzea xede nuela. Kopeta apaldu zuen.
— Aitzina. Aspalditik ez dut ikusi. Bere ezteietara ere ez ninduen gonbidatu. Bordeleko gure ikasle egunak zoriontsuenak izan ziren guztiontzat.
— Zer ikasten zenuten?
— Maddiren amak ez dizu erran ala? Ba, biak Psikologian ginen, ez gintuzten kurtsoetan asko ikusten; lanean genbiltzan ikasketak ordaintzeko, ni ostatu batean, gauez zerbitzari, eta Maddi eskort-neska gisa. Ederra eta pulposa zen. Bistakoa zenez, den-denak zoratzen gintuen...
— Zurekin ibiltzen zen?
Ezezko keinua egin zuen. Etsitua zirudien. Hortz artean “hobeko zuen” marmarra zebilen. Lauzpabost bider errepikatu zidan perpausa. Azken aldian, belarri zulora.
— Jar zaitez! Zerbait hartuko duzu?
Edateko baino elekatzeko gutizia handiago neukan. Mahai apal batean xake joko bat ageri zen, bolizko piezekin. Telebista erraldoia bertan zegoen eta haren gibelean, liburuen zamaz lehertzear zeuden apalategiak. Filosofiako lanak, Pierre Bourdieuren La misère du monde lodikotea, San Antonio saileko nobela pornografikoak. Irakurle amorratuaren gustuen laburpena nekusan. Irri bat marraztu nuen, Pantxoa Hiribarnek huts egin ez zuena.
— Gazteak baikinen ordu haietan!
— Zer kontatzen ahal didazu Maddiri buruz... edozerk lagunduko ninduke...
— Zergatik behar dituzu xehetasun horiek? Ez didazu oraino erran nor zaren... mesfidatzen naiz.
— Amaia Ezpeldoi nauzu, detektibe rurala, desagertu berri omen den bere alaba bilatzea eskatu dit Maddiren amak.
— Ordaindu zaitu?
— Ez...
Gezurrean ari nintzaion, papoko sakelan neukalako billete ubelez mukurutu gutuna.
— Dirua maite du. Ez du moltsa nolanahika irekitzen.
Algara larriaz zartatu zen. Ez nekien non gorde.
Whiski ttilika bat hustu zuen mahai gainean pausatuak zituen bi basoen hondora. Ez nintzen baitezpada egarri, baina gizonaren amainatzeko, eskaintza onartzea erabaki nuen. Parean jarri zitzaidan. Delikatuki zizelkaturiko godaleta arinki higitzen zuen behatz artean. Elea askatuko ote zitzaion? So egin nion begietara. Hizketara bultzatzeko bezala. Menturatu zen:
— Maddi... norbait zen gure taldean. Neska zolia zen fisikoki, bazuen dagoeneko irudika ezina den edertasun handios bat. Miresten genuen eta aldi berean hartaz mesfidatzen ginen. Gizon-jalea baitzen funtsean, irri bat egiten zien eta handik gutxira Maddiren mihise artean aurkitzen ziren. Larrua jotzen zuten behin, eta bietan baldin bazen, seinale txarra zen gizon gaizoarentzat. Erran nahi zuen maitasun ustearen jokoan jostatzen zela neska, giza hauskin baten moduan abandonatzen zuelarik gero eta gizonak bere buruaz beste egiteko tentazio indartsua nabaritzen zuen bere baitan… Darkway izeneko harreman webgunea sortu zuenean Maialenekin, bizitzak norabide berria hartu zion: plazera sustatzeko materialak saltzen zituzten prezio apalean, plastikozko sexuak, atsegingileak, girgila kilikariak, baliabide numerikoz hornitu sexu-ibilbide proposamenak eta sadomaso ekitaldiak Bordeleko beren ikasle egoitza hertsian… Gonbidatuak etortzen zirenean, erridau beltz astunez estaltzen zituzten estudioko hormak, argi galbahetua pizten zuten giroa are erakargarriagoa egiteko… Maddi ikusten dut oraindik ere plazer-gela apailatzen, Maialenen ipurdi mazelak ferekatzen zituen bitartean… Eta erraten didazu desagertu dela? Ama burutik egina zuela errepikatzen zigun. Segur zara? Zer dira saltsa horiek? Maddik izpiritu baikorra zuen, beti aitzina, irria ezpainetan, sekula deus larririk gertatuko ez zitzaiola sinesten zuenetatik zen, tristura edo pena batek gatibatzen baldin bazuen vodka zurbil hartatik bi kluk eta adio minak, goibelak eta haserre puntuak. Horrelakoa zen gure Maddi, bere energiak eramaten gintuen…
Isildu zenean iruditu zitzaidan negarrez lehertuko zela. Sudur korroka bat askatu zuen. Histura astuna nabari zitzaion bat-batean: edo ez zidan dena zen bezala kontatzen edo beraien gaztaroko furfuria axolagabeaz gogoratzeak urratzen zion garun aldea. Bi hipotesiak egiatzat eman nituen nirekiko.
— Zergatik uste duzu ez zintuela bere ezteietara gonbidatu?
— Aski urrunduak ginen ezkondu zenerako… Nik, Baigorrin, psikologo kabinete bat ireki nuen eta hemen errotzear nengoen. Duela lau urte uteroko minbiziak eraman zidan Elisarekin bizitzen hasia nintzen. Eta agian, Maddiren egunerokoan, ez zen gehiago lekurik enetzat. Guretzat erran nahi dut, Maialen ere hor baitzen, gurekin, salda orotako zalia hura ere, ulertzen duzu?
— Bai, ulertzen dut. Talde bat zineten, hirukoa…
— Bata bestearentzat bizi ginen eta berdin hiltzeko prest.
Haserrea piztu zezakeen galdea egitera ausartu nintzen:
— Hitzorduetara etortzen zitzaizkion gizonetatik bat esposatu zuen?
— Ez dut uste. Soldadu bat zen… egiaz, ez dakit.
Maddiren amak ere hala erran zidan: soldadu bat zen, Landetakoa, gero bere baserrian instalatu zena artogintza industrial sailean. Pantxoa Hiribarneren antzera, neurri batean, Maddi ere sustraitu zen, Akizeko ospitalean psikologo lanetan ari omen zela. Pantxoak zintzoa ematen zuen. Ez neukan basoak whiskiaz berriz bete zituen gizonaren hitzak zalantzan jartzeko arrazoi askorik. Lasai eta etsitu plantan erantzuten zidan, begiak heze eta mihia totel.
— Zerbait gehitu nahiko zenidake?
— Bai, jakizu, Maddi desagertu baldin bada, ez dela etxera itzultzeko. Bere anaiaz mesfidatzen zen. Alde horretatik zulatu beharko zenuke, anderea…
— Ideia ona, notatzen dut... Eta non aurkituko dut Maialen?
— Baztanen dago, denbora batez bederen Azpilkuetan zuen etxea eta yoga irakasle zen Elizondon. Ez zituen Medikuntza ikasketak bukatu. Indiara joan zen guru bizardun baten hatzetatik, zoratua, ashram batera, hango zuhurtzia xendretan trebatzera. Itzuli zelarik, Baigorritik pasatu zen.
— Haren kontakturik baduzu?
— Hauxe kopeta! Bila ezazu Interneten! Zergatik ordaintzen zaitu Maddiren amak, ordaintzen bazaitu? Lana besteek egiteko ala zuhaurk egiteko?
Gizona berotzen zihoakidan. Whiski botila erdiraino hustua zuen, eleketa egon ginen oren luzean. Laster, gutxietsiko eta gaitzetsiko ninduen. Solasaldia bukatutzat eman nuen. Zutitu nintzen, sofan oraino jarria zegoenari bostekoa luzatuz. Besoa dilinda geratu zitzaidan. Pantxoa Hiribarnek ez zidan begiratu ere egin. Bizkarra eman nion eta agur bat ozenaraziz, etxetik atera nintzen. Borta zerratzera nindoala, Pantxoa atzetik nuela ohartu nintzen, hatsanka eta balantzaka.
— Jakinean atxikiko nauzu? Zer edo zer atzematen duzunean, ez nazazula ahantz… hona ene zenbakia. Denbora bahitu didazu eta trukean zurearen puska bat gatibatuko dut. Zuzen den bezala…
Gaueko hamarrak ziren. Hiribarneren etxean minutuak ziztuan ahitu zitzaizkidan. Ez zuten gorputzik. Immaterialak zirela iruditzen zitzaidan, Joana Garraldaren 4x4an sartu nintzenean. Ninikak zerura altxatzean, ilargi erdia miretsi nuen eta aldamenean zeukan artizarraren zilarra. Haize hego airea usnatzen nuen, neguaren eta udaberriaren arteko leizearen ezinbesteko perfumea. Maite nuen andereari usain berdina lotzen nion, oroz bat haize, elur, euri eta argitasun bolada batena.
Izpiritua huts, autoaren gibelaldera bihurtu nintzen eta lo egiteko toki egokia zitekeela iritzi nuen: zoko batean zegoen zakua, Everesteko pentoketan ere beroki atxikiko ninduena. Baina goseak hila nintzen. Izpegiko bidean nintzenez gero, gaineko jatetxeraino lehiatzea erabaki nuen, bertan zer edo zer klikatzeko. Baso ardo batez lagundurik? Ametsetan urtu nintzen, errepideko bihurguneak bata bestearen ondotik harilkatuz.
Autoko musikagailuan Joanak entzuten zuen azken cdak gogapena ebatsi zidan: Itoiz taldearen lehen albuma zen, eta kontaktuari ekin nionean, eta euri zitalari esker… perpausa hauteman nuen, bihotza punpaka eta arima galdua, ilargi eta artizar artean. Soinuak ez ninduen gaztetzen. Joana ezagutu aitzineko melodia zen, errotik eta erotik gustatzen zitzaidana. Lau hamarkada iragan ziren, bizitza eraman nuen, dudaz hantua eta erabaki ulertezinez azpatua. Ezekiel nintzen ni neu ere, euri zitalari esker bizi nintzelako. Motorraren zurrungak baizik hausten ez zuen isiltasunean xuxurlatzeari ekin nion:
Eremuko dunen atzetik dabil
Zulo urdin guztiak miatu ezinik
Eta euri zitalari esker bizi da...
Neure burua klosko batera erortzen irudikatu nuen. Hari single bat ez ote nintzen? Hamazazpi urte nituen Itoiz, lehen aldiz, Aiherrako trinketeko taula gain batean entzun eta ikusi nuenean Ezekielen prophezia lau haizetara eskaintzen. Banekien, gaurkoan, seinale txarra zela nostalgia eta, gainera, inongo euskal hiztegitan azaltzen ez zen “klosko” hitza erabiltzen nuen. Etxeko eta haurtzaroko elea zen. Aitak baliatzen zuen baserri zolako errekan hondorik ez zuen zulo baten izendatzeko: ez genuen hara hurbiltzeko eskubiderik eta kontatzen zigun idi-pareak bezain zamari zainartak bertara lerratu eta ur zurrunbiloak irensten zituela: mingotsaren merkromina zaurietan hedatzeko mendea egokitu zitzaidan...
Jada, historia linguistikoaren zakarrontzietan mutxitzen ari ziren hitzez eta aditzez osatzen zen ene mintzaira. Apezek eta kleriko berriek ez zuten euskaldun arrunten hiztegia biziki maite. Ez zen euskara jantzia, biluzia baizik, biluztua segurago. Aitak, semeak eta anaiak goresten zituen jendartearen sasietan uhertzen zihoan Joana Garraldarekiko nire amodioaren sintaxia bera. Zer erran gehiago? Bai, gutiz gehienak feministak ginela, baina hasta cierto punto: borroka aldarrikatzen genuen, nahiz eta gizonak zoratzeko, gauetan, ohe ertzetan, joko sexualetan aritzeko, jantzi erromantikoak eta Satisfyer tresna kitzikagarriak eskura geneuzkan. Eremuko dunak urdin itxuratu nituen, izarrek takatzen zuten ortzi zelestiarra begiestean. Bihotzaren kloskoan, negargura ezti bat sentitu nuen. Jauzi egin nezakeen kantuko Ezekiel haren antzera:
Ikusi zituen gurpil sutsuak
Arranotu zaizkio, amoratu
Eta bazter batean aurkitzen da...
...Eta lehertuko nintzen, eleek nortasunak eta definizioak galtzen dituzten tupinen minean, maitasunak errentagarria izatea eskatzen zuen ez-gunean, kristalezko eta beirazko paldo zorrotzek lardaskatua. Abestia bukatu zen eta, bitxiki, ustezko ene bizitza normalera bueltatu nintzen. Maddiren atzetik nenbilen. Pantxoa Hiribarne solastatu berri nuen. Itoiz saldoaren pieza mitikoak nire baitan sorturiko nahasmenduak ezabatu nituen berehala. Hala ere, ez nintzen afera honen zulo urdin guztiak miatu ezinik egongo.
Handik gutxira, zehar bateko ipularrean gelditu nuen autoa, artzain etxola erdi markestu baten aldamenean. Goseak eta Izpegiko bentan asetzeko ametsak abandonatu nituen. Gauak distirarazten zuen negu bukaerako zeruari begiz loturik geratu nintzen luzaz, izarren eta lurraren inguruan, beilari bezala, biribilketan susmatzen nituen planeten trenpuak eta mineraltasunak gutiziatuz. Behiala, aitak mehatxatzen gintuen kloskoan amiltzeko nire beldurra ezeztatzeko, aurora borealak, piltzar orlegi, sutzen irudika nitzakeen Baigorriko gailurretan, Izpegitik Buztanzelairako buztinezko gandor gorritsuetan.
Non zegoen Maddi?
Zertan nenbilen ni?
Loak ez zidan azken galdera baten formulatzeko betarik utzi. Uste nuen lurra bere ardatzean higitzen deneko zarata elkorra eta metalikoa aditzen nuela, mila urteetako sehaska-kanta, izaki belaunaldiak atseden hartzen laguntzen zituena. Kate horren begi bat baizik ez nintzen, gurpil sutsu soila.
Ametsik gabeko atsedenak eraman ninduen eta argi zirrintan iratzarri nintzenean oihal arin zuri batek troxatzen zituen Izpegiko bazterrak. Joana Garraldaren 4x4 berdea ez nuen ikusten. Zirraragarria zen, gauzak eta inguruak zehatzezinak ziren, kotoizko mundu batean bezala nirauen, bezperan egin, pentsatu eta hitz egin nuenaz oroitzen ez nintzela. Banuen entzutea lainoa zurbil eta trinko zenean, hilak eleketa hautematen zirela. Hala zitekeen, erdi lotatik adi nengoela, harlauzez osatu sukalde zola bere urrats herrestaz karrakatuz eta eztul idorka zetorkidan ama zenaren ahotsa ezagutu nuelako. Ez nintzen nitaz sobera harro:
— Galdua nuxu...
— Lagun ezan Maddiren ama gaixo hura... ez denat besterik galdetzen. Eta hitaz axola hadi, trastu bat ematen dun. Noiz moztuko ditun bilo lakar horiek?
— Ama!
— Utz nazan orain. Bakea emadan...
— Ama!
Ahotsa desagertu zen eta patarrean gora zetorren auto baten burrunba aditu nuen. Amak ez ninduen biziki maite bizirik zenean, are gutxiago hil ondoan. Hodei gotor goizetan konturatzen nintzen zein debalde zen enetako amaren maitasunaren eske bihurdikatzea lurra zula ez zezakeen zizare malats baten antzera. Ximixta baten moduan zeharkatu ninduen pentsuak: nire barne-min horren berri ez nion sekula eman Joana Garraldari. Hark maite ninduelako ote? Ez nuelako haren baitan dudarik sortu nahi? Ordezko haurra nintzen, ama baten dolorea jabaltzen nehoiz jakin ez zuena. Ez nekien erraten mateletan behera zetorkidan ur tanta, malkoa ala lainotik iradoki xorta likido bat zen. Beso aitzina zimikatu nuen, erabat esnatua nintzela frogatzeko.
Lasto, iratze eta ardi usain artean gau betea pasatu nuela nioen nirekiko kotxera igotzean. Neandertal perfumea neraman larruari josirik. Laket zitzaidan. Hargatik, Azpilkuetan edo, bisitatzekoa nuen Maialenen aitzinean agertzeko, nonbait dutxatu beharko nukeen. Gosaldu ere bai. Muga iragan nuen, bidea nondik zebilen doi-doia asmatuz. Bihurgunez bihurgune, errepidearen uherrak askotan hatsa gatibatzen zidala, jaitsi nintzen Erratzu herriraino. Hemen lainoa arinagoa zen. Laxoa plaza ohian utzi nuen beribila eta eskuinean zetzan iturriko ur hotzarekin garbitu nuen begitartea. Zakur zaunka oihartzunek hantzen zuten herriaren gorputz akitua. Joanaren atorra karratua jantzi nuen, orraztatu nintzen behatzekin, arrunki, Zubi Punta ostatura zuzendu eta bertan gosaltzeko. Zabalik zen, suertez. Lertxundiren Oi Zuberoa hautematen nuen, kantaren samurtasun malenkoniatsuak barne ilunaren lakarra gozatzen zuela.
Zerbitzaria hurreratu zitzaidanean, hunkidura larriak urratzen ninduen parez pare. Herioaren eta bizitzaren frontera immateriala trebesatu nuela banekien, nolabait nire bizi-ahalmena salbatu, amesgaiztotik errealitate hutsalerako punpa egiteko gai izanez, lainoaren trinkotasunaren atzamarretatik ihesean. Berriz ere zirrara uhin batek eraman ninduen, Erratzutik, Joana Garraldak eta biok, laster batean, partekatuko genuen Atharratze gaineko Erratzü baserriaren magalera. Han, biok zoriontsu egongo ginen, bakoitzak bere xokoa edukiko zuela, ezkaratzean, sukaldean eta ohe malguetan bilduko ginela gainerakoan, amodioa egiteko.
— Kafe bikoitza hartuko dut...
— Eta ogi xerrak, gurinarekin? Gerezi konfitura ere badugu nahi baduzu...
— Otso grisa bezain gose nago. Ekarri duzun guztia. Konponduko naiz. Ez kezkatu.
Mutiko xarmanta urrundu zenean, papo aldea harrotu nuen mugikor kiskilaren bila. Baina autoan ahantzia nuen eta falanga handiegia, gosariari uko egiteko. Banuen denbora apur bat. Benito Lertxundiren boza zen egokiena, azkorri lainotsu batez Baztango atea zitekeen Erratzun entzuteko: etxean sentitu nintzen, etxea non nuen hain argi ez neukan arren. Euskal Herrian bertan apatrida ez ote nintzen egin nion galde bukatzear zegoen Oi Zuberoa kantaren oiharrari. Neurri batean maite nuen, haurrideen artean ere, arrotz eta atzerritar gisa kontsideratua izatea. Orbaizetako arma olaren piano soinua dildilkatu zenean, zerbitzaria etorri zitzaidan eskuak janari gozoz mukuru:
— On dagizula!
— Milesker... bidenabar, paper eta arkatz bana bazenituzke eni prestatzeko?
— Baiki.
Kafe ketsuz arradatu kikara ezpainetara eman nuenean, ikara hormatua sumatu nuen bizkarrezurrean behera. Piztu nintzen, behialako lainoaren masa informaletik jalgi, humanizatu, jendetu. Harreman mutuen magma inarrosten nenbilen, kikararen hegietan, alta ez nion sukrerik bota, koilara ozenarazi bitartean. Tabernaren ilunpean, ardi saldo bat sartzen zela zirudien, dena marraka, jauzi eta eromen. Eta basoilarrak kantatzen zuen Iratiko basoan... Imajinazioaren indarra zein azkarra zen ari nintzen marmarraz, tabernaria papera eskuan etorri zitzaidanean:
— Orizu...
Ogi xerrak gurineztatu eta ahoratzen nituen artean, bide bazterreko behiaren antzera hausnarrean nenbilen. Oinak lurrean neuzkan, Lertxundiren ahotsak eta melodiek airea biribilka bulkatzen zutela. Laino zuri, ama zendu eta euri zitaletatik askatua bezala nintzen bat-batean. Maddiren amak eman xehetasunak zutabe batean izkiriatu nituen, Pantxoa Hiribarneren ahotik entzunak beste batean eta hirugarrenean nire burutazioen ondorioak etzaten nindoan. Gauza askorik ez nekiela aitortzekoa nuen. Hala ere, tematzekoa nintzela nioen, Maddiren amak luzatu diruz hanturiko gutuna ahurraz ferekatzen nuela. Lizunkeria ahalketsuaren urmaeletan itotzen ari nintzen, kopeta apal eta ogi puskak goloski irentsiz.
Barraren atzetik zerbitzariak “dena ongi?” zihoakidanez galdatu zidan. Ohartua zen orroaz bazebilela ene kasko zokoko galerna, Australiako bush zabalak ikaztu zituen sutearen antzeko buhakoa, baina ez nion deus erraten ahal. Apoa bezain itsusi eta satorra bezain mutu egotekoa nintzen:
— Bai, dena ongi...
— Kafe gehiago nahi duzu?
— Zergatik ez?
Makinaren xirri-xarra elkorra zehaztu nuen. Edari beltza ekarri zidan, hilketa bat. Kontuarraren gibelera joan zen eta musika aldatzeko imintzioa egin zuenean aulkitik altxatu nintzen:
— Ez, otoi, utzi Lertxundi, goiz lainotsu honetan erraietaraino hunkitzen nau disko zahar horrek, aldi berean gaztetzen nauelako eta hain maite dudan lur honetan ehorzten...
— Ez zait hagitz gustatzen bezeroak poetiko jartzen zaizkidanean, erran nahi duelako zerbaitetan huts egin dudala.
Irri gordinez lehertu zen. Banekien Erramun Martikorena ematen bazuen, ahotsek eta soinuek nigan eragin berdina edukiko zutela. Elokadiko Mendian edo Irrintzina adituko banitu, negar hegian egongo nintzen denbora labur barne. Inparablea zen.
Zorrak ordaintzeko zutitu nintzen. Nire ikerketa berria argitzen zuen papera plegatu eta sakelan sakatu nuen.
— Barkatu, baina ez zenuke ezagutuko, hasartean, Maialen izeneko yoga irakasle bat, hemen, Baztanen?
— Maialen Barrenetxea?
— Bai... preseski.
— Elizondon aurkituko duzu, Xalbador karrikako bere yoga gelan.
Ez nuen beste beharrik. Burbutzika atera nintzen Zubi Puntatik.
Laino zurizko lurraren buxkandoa urtzen ari zen.