I
Erraza zen.
Lehen urrats bat egin zuen, harritua. Gelako atea bultzatu eta sukaldean aurkitu zen. Sua piztua zegoen. Etengabean zaunkaz entzuten zituen zakurrak ez ziren ageri, are gutxiago ohiko biztanlerik: nora joan ziren bada? Giltza ikusi zuen sarrerako ateko zerrailuan...
“Ez da posible” erran zuen berekiko. Hala ere, higitzeko partez, malgortua bezala geratu zen sukaldearen erdian bermaturiko mahai kantoian. Siderazio sentimendu zerbait nabaritzen zuen, zertan ari zen, bere gelara itzultzeko gutizia piztu zitzaion erraietan, baina ez zuen oinik mugitzen ahal. Lurrari josia bailitzan.
Kanpoan zitezkeen.
Leihotik, Etxea gatibatzen zuen laino trinko eta grisaz jabetu zen. Pinu gorakoien enborrak ilunago ageri ziren, bidea azpatzen eta oihana urratzen. Sukaldearen eremura bueltatu zuen soa: kedar usainak biltzen zituen gauzak eta sutondoan metatzen ziren paperak eta buxkaz bete saskiak. Erortzear, burtzoro olde latza jasan eta aulki bat atzeman zuen jartzeko. Eskua kopetara eraman zuen. Izerdi hotza zerion eta beldurrez hormatu zen:
— Ez zara arauz, trenpu txarrez hemen bertan hilko? Arren, arren mugi zaitez! Zer dela eta odol berotze une hau? Salba ezazu zeure burua...
Solilokioan ari zen, ohikoan bezala, ahots goraz. Berak egiten zituen galderak eta erantzunak. Bazuen hainbeste urte ez zela egiazko bizidun batekin bekoz beko mintzatu. Murruan zintzilik zegoen egutegian pausatu zituen begiak: urtarrilaren 13a, ostirala, egun zorteduna. Egokia, bizitza salbatzeko. Edo erabat ahitzeko. Kutx ala pilean jostatzen ari zen, gorria libertate, urdina herio, beste hauturik ez zeukan.
Armairuko apalen batean, zuri-beltzeko argazki bat zehaztu zuen: aspaldikoa zirudien, gizona eta emaztea biak ederki jantziak ziren, lore sorta erraldoiak zituzten oinetan, guraso adinduak aldamenean, auzoak eta lagunak gibelean. Nor zen bikote hori? Nor ziren jende horiek oro? Ohartu zen koadroaren izkina batean xingola ilun bat bazegoela: zeren doluz? Hila nor zen?
Misterioa berean utziko zuen. Egoeraz baliatu behar zuen. Etxea hutsik zegoen, lekuak hustu behar zituen, agudo. Oihalezko zaku bat aurkitu zuen egongelarako harmailetan eta mahaian zabal-zabalik zeuden janari idorrez bete: ogia, gazta xerrak, sagar bi eta ontzitxo batean ziren intxaur ahurtara zenbait.
Jantzi beroak ere behar zituen. Ganbera bateko ohearen zabaleran hedaturiko aterki lodia saiatu eta neurrian ongi zihoakiola ikusirik, soinean eman zuen. Ibiltzeko zapatak ere atzeman zituen. Halaber oihal lodiko galtzak. Zanpantzar baten antza zeukan. Munstro bat zirudien. Izutu zen bere itxura ispiluan ikusi zuenean. Ez zitekeen sekulan gorputz edertasunaren zamaz kezkatu, gaurkoan are gutxiago. Itsusia zen eta kito. Ez zegoen besterik. Horrekin konformatzekoa zen.
Bizkarra eman zion mirailari. Hezurdi osoan hotzikara eragiten zion piztia trakako irudi horrek. Ahalke zirrizta bat jasan zuen. Banpez ilki zen logela zital hartatik. led telebista handiaren aldean zegoen ordulariari begira geratu zen: urtarrilaren 13a zen beraz, ostirala, hamaikak eta laurden ziren. Denbora gutxi zuen, ez zen bihozkatzeko momentua: mugi zaitez, mugi zaitez!
Astun beztiturik eta anoa besapean ate nagusiraino hurbildu zen. Eskua giltzaren gainean pausatu zuen. Inguratu eta konturatu zen berehala borta ixtera zihoala. Beste aldera bulkatu zuen. Atea, mirakuluz, ireki zen. Kanpoan zegoen. Nora jo ez jakin. Mila bider imajinatua zuen unea bizitzen eta aldi berean dudatzen.
Lainopean marrazten zihoan lurrezko xendra bidean lasterka hasi zen, atzera begiratu gabe, hatsa gal artio. Pinu altuen artetik aitzinatzen zen, oinak oinei akuilatuz. Burua desertu zeukan, Etxeko borta pisuari ekiteak pentsatzeko ahalmena ezabatu bailiron. Ohartzen zen, urratsean, urteak eraman zituela garunak hitzez eta mitzez itorik, bakar-solas antzuetan, nehoiz errealizatzen ez ziren ihes proiektuetan bilbaturik. Debaldetan.
Baina hor, egia zen, kanpoan zebilen, korrika, ahultasun fisiko batek mehatxatzen zuela. Bideak eman ahala ari zen aurrera. Bihotz taupadak eta birikak zartatzear. Ez zen bukatzen. Bat-batean, urrunean, auto zarata bat entzun zuen, gero eta hurbilago. Urez emokatu arroila batera jauzi egin zuen: besuinaren maldatik 4x4 berde bat begietsi zuen, abandonatu berri zuen Etxera zuzentzen, burrunbaz.
Ez zituen gidariak ezagutu. Baina lanjera susmatu zuen, bertan. Etxean ez zegoelakoaz jabetuko zirenean, rottweiler hamikatu eta mehatxulariak laxatuko zituzten. Ziur zegoen. Eta, orduan, bere haragi-hezurrek ez zuten balio askorik ukanen. Horretarako hezi zakurrek lepora saltatuko zioten, karotida zulatuko eta lurrean hedailo odolustuko zen, denbora labur barne.
Bidera igo zen. Mendiko oskiak urez mukuru zituen eta belaunetaraino trenpatua zetzan. Korrikari eman zitzaion berriz ere. Zenbat urte ez zuela ariketa fisikorik egin? Bazekien ez zuela ihardukiko, ez zen prest, ez zuen Etxea utzi behar, han ongi zen, preso baina ongi. Egunean behin sartzen zioten janariarekiko katilua gelan, astean bietan dutxa bat bazuen eta filmak ikusiz ausatzeko tauleta txikia zeukan eskumenean. Ez zen pleinitzekoa.
Noizbehinka Etxetik jalgitzea baimendu bazioten bederen, ez zen eskapatuko, ez zukeen bere bizi txepela jokoan emango. Zertan ari zen? Gelako borta zabalik kausitu zuelako baizik ez zen menturatu, bestela, oraindik ere han zegokeen, bere destinoa jasaten eta destino horri onurak aurkitzen. Aukerak egin zuen ausart, ondorioak zein ziratekeen jakin gabe. Anartean, zanpa-zanpa ari zen, xendra lohitsuan, belaunetaraino zipatua eta hotza zeriola zainetan behera.
Saihetseko iratze gorri erorien artetik zaratatxoa hauteman zuen. Zer zen hori? Erbi bat? Apo bat, urmaelaren ezpondetan ibilki? Edo Etxeko zakur haietatik bat? Zarata arinegia zen, zakurra izateko. Goseak hil txori papo gorria hegaldatu zen eta bide bazterreko arte zuhaitz abar apalean pausatu. Kanturik ez zeukan. Baina sosegatu zen eta lasterrari berrekin zion, are kemen biderkatuagoarekin.
Bidegurutze batera iritsi zen. Lainoa hor zegoen beti. Ezker ala eskuin? Zalantzak zituen. Atseden hartzea deliberatu zuen, sorbaldan zeraman zakutik ogi zati bat ateraz. Ogia esku batean eta bestean gazta zeuzkala, bidetik bost metrorako argiune hertsian jarri zen. Hortik dena ikusten ahal zuen, eta ez bakarrik abere salbaiak, horrelakorik baldin bazen oraindik inguruetan. Naka-naka ari zitzaion ogiari tiraka, hiperestesia betean, usaimena, dastamena, entzumena, hunkimena eta ikusmena alertan.
Behiala begietsi 4x4 berdaila iragan zen, punpaka. Ziztuan. Zakurrak ageri zitzaizkion gibeleko partean. Muturretakoak zeuzkaten begi bistan. Ehiza hasia ote zen? Autoak ezker hartu zuen. Ogi papurrak papoan barreiatuz, eskuinera egingo zuela erabaki zuen. Baina funtsean ez zekien nora jo. Ez zekien non zegoen ere. Kotxearen azantza urrutian urtu zen, arras isiltzeraino.
Lainoak ez ziren desagertzen. Pinuak balantzarazten zituen ipar haize karroinduak. Bakarretan, lasterra mendratzen zuenean, zuhaitz meharraren trunko-harian gora itsasten zituen begiak, abarren eromena miresteko. Zeruaren sabaia erraztatzen zutela zirudien. Baina ez zen poesiaren tenorea. Soa bidera itzultzen zuen eta aitzinatzeaz beste helbururik gabe, oinezka agudoan tematzen zen. Bizi ala hileko oinatzean.
Gaua zetorren. Eskuineko zidorra ezkerrekoaren parekoa zen. Beharbada nonbait juntatzen ziren. Debaldeko galderak baztertu zituen. Praktikoa izatea komeni zitzaion. Noizbait gelditu beharko zuen. Pausatzeko eta ez galtzeko. Baina jarrai zezakeen indarrean zegoeno. Zipatua bezain jelatua zen dagoeneko. Iraunen zuena? Eguerdi aldean jalgi zen Etxetik eta arratsalde luze hartan bazuen jada kilometro parrasta bat eginik. Hala uste zuen bederen.
Bihurgune batean ttattit geratu zen, bi autorentzat aparkalekuak zeuzkan etxe zapal baten parean. Zer zen etxe hori? Egoitza ezezagun bat ala duela gutxi ihesean abiatzeko abandonatu zuena? 4x4 berdailaren hatzik ez ikusteak lasaitu zuen amiñi bat. Pinudiaren haraindian, ustez, merkantzia tren baten pasaia hotsa aditu zuen. Etxe horretan, atariko argia pizturik zegoen, edozein bidaiari bortan jotzera gonbidatzeko bezala. Hurbiltzeko tentazioa eduki zuen, ximixta erredura baten modukoa bere baitan, baina bizitza-zentzua azkarragoa suertatu zitzaion. Zaldi irrintzi batek ebaki zuen ilunabarra. Azeri ehizatu baten moduan, lur zulo abegikor batean aterpetu zen, etxe hartatik segurtasun distantzia larria ezarriz.
Sasitzarrez eta ihaurgi ustelduz osatu estalgunean gerizatzen saiatzen zen. Ez zuen gorputzaren ikara menderatzen ahal. Zangoak, besoak, matelak, denak hormatuak zituen. Iruditzen zitzaion birikak eta bihotza ere paratzen zitzaizkiola, baina ez, odolak bero jarraitzen zuen zainetan, gora eta behera. Gaua zen orain. Gau latza, lainoak areagotzen zuena. Ez zuen deus ikusten. Betazalak apal atxikitzen zituen. Belarriak, itsas haserretuetan ibiliko litzatekeen ontzi ahularen belak bezain zabal. Murmurio batean libratu zen:
— Zertan zabiltza Etxetik urrun? Nehoiz ez zenuen gela hura utzi behar... konturatzen zara egin duzun hutsaz? Madarikatua zara, madarikatuen artean. Erraten zizuten ez zenuela ezertarako balio... zergatik ez dituzu sinetsi? Arrazoia zuten. Badakizu ongi. Hor zaude dardarka, nora jo ez jakin, gauaren erdian, izutua.
Isildu zen. Hontz baten kanta-buhakoa aditu zuen. Ez zen hain urrunetik heldu. Beldurtzeko partez, sosegatu zen, hontzarekin konpainia zerbait partekatzen bailuen. Txori harrapariak gaueko bista bazuela oroitu zen eta harenganako gutiziaz hantu ere. Bere buruarekiko solasari ekin zion, mentalki aldion: “Gaueko bista banu, aizolbe likits honetan tapalakatzeko ordez, ene bidean segitzen ahalko nuke, eta ez nindukete sekula berriz harrapatuko...”.
Gogoan zuen, zenbait hilabete lehenago, komunera eraman zuten batez, zaintzarik gabe zegoen uneaz profitatu zuela, kotxe erraldoiak zeuden garajera ausartzeko. Zakurrak zaunka larriari eman ziren orduan eta gainera erori zitzaizkion: aurpegiak estaliak zituzten, armatuak ziren, larderiatsuak eta bortitzak. Hil egingo zutela pentsatu zuen, baina ez, kolpeka bulkatu zuten bere gelara. Ateko zerrailuan giltza itzulikatzen hauteman zuen eta, hortik hara, ez zuen inoiz gehiago eguzkiaren eta egunaren argitasunik behatu.
Hontzak bere garrasia errepikatu zuen. Lainoa trinko zebilen beti. Metro eskasera ikus zezakeen. Zutitzen saiatzean, lurrera erori zen, akitua eta ahuldua arras. Alta, ogitarteko bat bazuen klikatua. Ez zuen errekuperatzen. Hortaz jabetzen zen. Ez zukeen iraunen, laster zakurrak aldamenean jauzika nabarituko zituen, odolez eta haragi freskoz gose. Baina oraino ez zen horrelakorik, hontzaren dei kulunkariaz eta bere flakotasunaz aparte. Entseatu zen berriz.
Hotza zeukan oin zoletan. Jasanezina. Behatzak biribilkatzen zituen, baina mina baizik ez zuen sentitzen. Besoak eta ahurrak gorputzaren kontra jo zituen. Hontzaren hegaldatze hotsa hauteman zuen. Edo beste zerbait zen? Bere bila etorriko zen piztia baten ibileraren azantza? Atzetik zituen, atzetik zituela ziur zegoen. Adi-adi, zutik egon zen, aiduru. Ez zen nehor agertu. Hontza zitekeen edo gauaz balia mugitzen zen abere txiki baten higimena. Urrats bat egin zuen.
Iratze artean xendra urratuz lurrezko bidera iritsi zela iruditu zitzaion. Lainoarekin zaila zen norabide egokia hautatzea. Baldintza horietan nola finkatu ezkerra, erdia edo eskuin aldea? Nekezia guztiengatik, beste urrats bat egin zuen aitzinera. Begiak torratzen zituen, ikusmena askatzeko bezala. Haztamuka tematzekoa zen, ageriko zer gurutzatuko zuen, zer gertatuko zen, norekin topatuko zen buruz buru. Etxetik kanpoko bizitza gogor zitzaiola zioen berekiko, “bizitza gogorra da” erranak ibilera neurtzen ziola, izpiritua betetzen halaber, beldurra uxatzeraino.
Jakina zen, bazekien, aski zela pentsamendua desbideratzea eguneroko larritasunetatik libreago jarduteko. Gazteagoa zenean irakurriak zituen kari horretara txinatar zuhurtzia-liburuak. Gose zebilenak adibidez, janari oparo, urintsu eta sukratuak imajinatzeko ordez, nahikoa zuen gogapena beste edozein zeretan finkatzea eta sabel zorriak lasaitzen (omen) zitzaizkion. Etxean, egiaz, ez zuen goserik pasatu egundaino, egunero erdiesten zuen irrisaz, pastez edo lursagarrez osatu plater bat, ur botila batekin. Ohe ondoko armairu apalean zetxizkan gauez lo egiteko pastillak, Biblia horitu baten aldamenean.
Etxeko gozotasunaren nostalgia zeukala konturatu zen. Ongi zen garai haietan, soka latzak lepoa larrutzen zion, baina asearen arabera jaten zuen, tauletan gero film goreak begiratzen zituen eta, bere desioak menderatzen baldin bazituen, dena ederki iragaten zen, zer gehiago eskatu? Bat-batean, bere gatibu egoera onartua zuelakoaz kontzientzia hartu zuen. Ez zen erraza izan, hilabeteak eraman zituen paretei joka, ukabilak bildurik eta kopeta odoletan. Memoria ezabatu zitzaion, denboraren hunkimena, eta amore eman zuen.
Pinuen kaskoetatik, bakarretan, fru-fru arinak entzuten ziren. Saguzarrak zitezkeen ala gauez ibiltzea maite zuten txori txikiak. Asotsak, bere hats hartzearenarekin eta urratsenarekin ezkontzen ziren. Batasun uhergarri batean zihoan. Haize bolada bakunek lainoaren ur ttanttak barreiatzen zituzten, malko grisak bere mateletan pausatzen bezala zirela. Animatzen zuten, haiatzen, sustatzen, sustengatzen. Bihotzaren barnean, pozaren antzeko zerbait piztu zitzaion, are aurrerago joatera behartzen zuena: salbatuko zen? Bai, salbatuko zen.
Pausu batean zegoen. Lainoz troxatua. Artzain etxola hutsa. Borda edo ola erdi-eroria. Arbelezko teilatua zeukan. Hezea. Begiak zabalik, saiatzen zen ikusten nola jostatzen zen hegats haren belztasuna gristasun lanjeros harekin. Arraposki sartu zen. Sute zahar baten usainak sudur zuloa eraso zion. Itxindiak oin puntaz nahastu zituen. Norbait egona zen hemen duela gutxi. Bera bezalako iheslari bat ote? Ez zuen beste aztarnarik utzi, eta ameskerietan galdu baino, bertan errotzea erabaki zuen. “Pausatuko naiz, agian lo eginen dut eta biharkoak biharko, espero dut laino zikin hau noizbait altxatuko dela, baina momentuan naturaren apaindura hitsa ene bizi-segurtasunik hoberena da!”.
Lasto meta batean jarri zen, bizkarra hegoaldeko murruari. Suaren egiteko modurik ez zeukan. Eskuak sakeletan, kuzkurtu zen eta betazalak apaldu zituen, loari bidea irekitzeko. Kantoi hartan, ez zuten ikusiko, lasto edo belar pulo soil bat zela usteko zuten eta bilatzaileak saihetsetik pasatuko zitzaizkion oharkabean. Baina zakurrek ez zuten jende urrina huts eginen eta hatsanka isilez zirtzikatuko zuketen, arraiki. Oroitu zen, haurra zenean, auzoko zakurrek zelan haizatzen eta sarraskitzen zituzten bere anaiaren ardi saldoak. Erremediorik ez zen, zakur biziatuak preseski lanean atzeman artean. Bildots unatu bat baizik ez zela irudikatu zuen. Otsoz inguratua.
Atseden hartu behar zuen, baina ez lokartu. Zakuan zeraman anoa atera zuen: gazta xerra bat irentsi zuen, ogi zatiarekin batera. Ur kuluxka batez lagundua. Haize bafadak harrien arteketatik sartzen ziren borda zapal haren barnera. Are trinkoago tinkatzen zen bere kontra. Etxeko ohe estali astunaz amets egin zuen, berotasun beratz hura, negu minean ere izerditan esnarazten zuena! Buruan mila hausnar eta itxura bazebilzkion dantzan. Iraganaren eta orainaldi biluzi honen ezpalak nahasten zitzaizkion, garunak inarrosteko.
Irudi batek hantu zion kasko zokoa. Odol putzu batean zetzan. Erdi kontziente. Ume garrasiak aditzen zituen. Emazte eta gizon baten oihuak, burdina zurizko tupina bat zeukatela ondoan ketan. Emazteak oihal bustia pausatzen zion kopetan eta bere hanka artetik zerbait ateratzen ari zen gizona. Zitzi puska gorritsua gero zerura altxatzen zuen, gora eta behera, irri zakarrez karkailaz, deabrua bailitzan. Konortea galdu zuen orduan. Auhen luze bat hedatu zen gelaren muinean. Hila zela sinetsi zuen, borrokari uko egin ziola eta erabat suntsitua zela: lurpean hirotuko zen, zizareen konpainian eta harri lauza astuna gainean...
Amesgaiztotik iratzartu zen banpez. Argitasun zurbil batek borda umilaren eremua distirarazten zuen. Beso aitzina zimikatu eta bizirik zegoela baimendu zezakeen. Egun berria hor zetzan, eskale, beldurgarri eta hondorik gabeko zepo. Nonbait bazitekeen hiri batera eramaten zuen bide handiren bat, autoekin eta jendeekin. Ideia hori garatu orduko entzun zituen, urrutian oraindik, zakurrak, saldoan, zaunkaz eta hamikatuak. Kamioi burrunbak. 4x4 lehergarrien motorrak. Giza haserretuak. Bila zebilzkionak?
Ernatu beharra zeukan. Zakua bizkarrera altxatu eta bordatik jalgi zen astiro, alde orotara begira, ehiza enul baten pare. Baina bezperan bezala, laino lodiak bista ebakitzen zion eta, hotsak zetozen eskualdeari muzin eginez, kontrako norabidera ekitea erabaki zuen. Izuagatik, kemena zeukan erraietan kilikari: gau bat pasatu zuen jadanik Etxetik kanpo, beraz iharduki zezakeen, ahula eta ihardukitze zereginetan ezjakina izan arren. Janari eta indar apurra geratuko zitzaizkion bitartean, irauten saiatuko zen, irautea harriari zegokion, ez jendeari. Jende izaerak, alabaina, irauteaz beste eskatzen zuen, minberaki bizitzea hots.
Bidea alde batera utzi zuen. Oihanaren muinetik segitu zuen, jauzi eta punpaka. Abere sentitzen zen, bat-batean hegalak bazituen, hiru behatzetako oinak, belaun malguak eta izpiritu bizia bere burua salbatzeko gisa. Ez zekien zer gertatzen zitzaion. Lainoa mozten zuen, ziztuan, hatsak zintzurra larrutu eta odolaren berotasunak gorputz osoa sutan jartzen zion. Zakurren harramantzak aditzen zituen beti, distantzia berdinean eta laster gainean edukiko zituzkeen.
Zuhaitz arte zilarrean gelditu zen. Pinuak ala urki zuriak ziren? Zurezko adar luzeekiko orkatza ikusi zuenean, galderaren debaldeaz jabetu zen. Zer zen hori? Errealitatea ala agerinde hutsa? Orkatzak muturra mugitzen zuen eta adarretatik ur ttanttolak lerratzen zitzaizkion, lur karroinduan hedatzeko. Oihaneko abereak urrats bat egin zuen argiunetik at. Zertan ari zen? Zergatik ez zuen ihes egiten, berak bezala, zakurrak gibeletik zeuzkalarik? Ez zuen ulertzen.
Orkatzaren graziak zoratu zuen. Laino grisean, distira zebilen bere azal beilegia. Eguzki hits baten antzera. Urrats bat eta geratzen zen, ttattit, jarraitzailea atzetik zuela baimentzen bailuan. Ikusgarria zen. Iheslariak ez zuen bitan pentsatu, orkatzari segituko zion, hilen zen, biziko zen, baina saiatu behar zuen balekibale. Zakur errabiatuak bertan zituzten, zaunkaz eta hatsanka ozenez. Edo irudimenaren joko soila zen? Garunak, batzuetan, maite zuen kideren baten sinesmen finkoen ildoa ezabatzea, hatzak nahastea, gaztiguaren eta sariaren artean dantzatzea, helburu zehatzik gabe.
Bere izaera, kasik berehala emekiño aberetzen ari zena, hondarra abere izatera heldu zen. Elastikotasun uhergarriak hartu zion gorputza, orkatzaren bidea egiten zuen berak ere, lauzpabost metro atzetik. Gidari bat zeukan, behingoz, aberea eta pertsona biak lanjer beraren gatibu zirelako. Ehiztariak hor zeuzkaten biek, haginetaraino armatuak, jantzi ilunez gotortuak, taldean, banaka zebiltzanen aurka. Oihuak entzuten zituzten, elkar haiatzeko balio zutenak, elkar sustatzeko bezain. Gizakia tropelean beti indartsuagoa zen, ausartagoa, itsuagoa, ardura gutxiagokoa. Ez zituen otso bakartiak maite. Alderantziz, gehiago gustatzen zitzaion saldoarekin orroaz aritzea.
Belardi baten biluztasun hotza nabaritu zuen mendiko zapaten azpian. Lainoa altxatzen ari zen. Seinale txarra zitekeen, gibeletik zeuzkan odolzaleentzat aldiz egokia, ikusia izateko arriskua biderkatzen zihoakiolako. Orkatzak ezker aldera egin zuen, oihanaren gerizpean sartzeko berriz. Ez zekien nora jo. Jarraitu ala bere bidetik ekin, etxe bat edo lagunduko zion norbait bilatu eta, ahalaz, aurkitu. Anartean, eguzki ahul batek lainoa zulatzen zuen: ordua zuen gogapenak abandonatu eta aterpe batera lehiatzeko. Lasterka hasi zen, zuzen-zuzena, burua lepoan erroturik, anoaren zakua bizkarrean eta arima lur gaina bezain huts.
Orkatza arbola artean desagertu zen. Ikusi zuen azken gauza zitekeen adarrak abarrekin nahasten zirela. Eskuinera zihoan, ments baten antzera, begi niniketan ihesean zebilen abere graziosaren irudia gatibatzen zuen bitartean: misterio bat zen, jendearen aberetasunaren kontzientzia zeukan, eta alderantziz agian, aberetasunak ere zerbait jendetasun zuelako munduaren oreka ziurtatzeko. Hosto lehorrezko lurreko tapizean zebilen, oinak oinari, zulokak ekidinez. Ez zen erortzeko momentua. Arraposki zebilen.
Zuhaitzak irekitzen bezala ziren bere aitzinatze tematsuaren eretzean. Lainoa arintzen zihoan, altxatzen, barreiatzen. Laster argitasun uhargiak estaliko zuen oihana eta berriz lanjerean aurkituko zen, zakurrak eta ehiztariak atzetik. Ez zuen gelditu behar. Ez zuen gelditu behar. Ez zuen gelditu behar. Errepikan zerraikan, urratsa neurkatzen, hatsa neurkatzen, bihotz taupadak neurkatzen. Ez zeukan beste helbururik. Orkatzaren gidaritzarik gabe ere aurrera joan behar zuen, tai gabe.
Autoak entzuten zituen jadanik. Bide bat bazegoen hurbilean. Bidea baldin bazen, bizidunak ere kausituko zituen, laguntzeko. Espero zuen. Iluna zetorren berriz. Bazterrak hertsatzen ari ziren, xendrak urritzen eta espazioak murrizten. Laster egiteari utzi zion, astiroago ibiltzeko. Ematen zuen zakurrak eta ehiztariak atzean geratzen zirela. Zaunka eta oihu hotsik ez zetorkion gehiago. Hustasun giro bitxi batean zebilen dagoeneko. Erraietan, izua hazten zitzaiola susmatzen zuen. Tripa zorriak erotzen zihoazkion. Lasaitzea zaila zen, egiazki.
Arbolen aterpetik atera zen. Berrogei metrora zeukan errepidea. Besuinaren gibelean kuzkurtu eta inguruak aztertu zituen. Nehor ez zen ageri. Ez zuen bere bihotz kolpeen salbaikeria ulertzen. Leize hegian bezala aurkitzen zen, oreka neketsuan eta Etxetik atera zenean baino askoz ere galduago. Iruditzen zitzaion bigarren gauaren atarian, mendea higatu zela bere entzierroa utzi zuenetik, den-dena aldatu zen, aberea bilakatua zen, ihesean, jendetasun zerbaiten bila.
Etxean, zenbat urtez?, preso bezala egon zen garaiko oroitzapenak urtzen zihoazkion. Burumuina desertu baten pare irudikatzen zuen jadanik. Lur erre bat baino ez zen. Zertaz gogoratzen zen? Zerrailuko giltzaren azantzaz? Etxeko kideen urratsen asotsaz? Katiluek eta godaletek elkarri kuzkaz egiten zuten karruska ozenaz? Arrats apaletan, atearen bestaldetik hautematen zituen solasaldi murmur elkorrez? Memoria ezabatzen zihoakion. Ez zezakeen erran gainera Etxea non kokatzen zen kitatzear zegoen oihanaren eremuan. Zuzen ibili zen? Borobilean? Eta orkatz gidaria, zer izan zen? Agerindea ala errealitatea? Galdera antzuek erantzunik ez zuten.
Ileak inarrosi zituen, amesgaiztotik jalgitzeko moduan. Arroilatik atera zen. Errepiderako metro eskasak egin zituen zinkili-zankala. Begiak bustitzen zihoazkion, emozioz, akiduraz eta bizitza-kalbarioaren azkena nabaritzen zuelako. Kuraia eskatu zion bere arimari, bere gorputzari, bere urratsari, ez baitzen durduzatzeko ordua. Autoak iragaten ziren abiadura handian eta ipularretan gertatzen zenaz axolarik ez zuten. Egoera alde ukan arren, oraino errain ukaldi bat egin eta “norbaitek hartuko nau, hiri batera eramateko” xuxurlatu zion bere buruari.
Zer eginen zuen han? Noizdanik ez zen hiri batean egon? Jakingo zuen karriketan ibiltzen? Zarpailki jantziriko pertsonaren larruan hartza gordetzen zela usteko zuten gurutzatzen zutenek. Beldurtuko ziren. Berehala salatuko zuketen eta poliziategira lehiatuko ziren, aspaldian iragarritako piztia bazetorrela orroaz. Egia zen liburu sainduek suntsipenaren mamuen etorrera aipatzen zutela, eta hor zegoen, bertan, eskura, eta urrin zizkolatsua zuen, lur hilarena, goroldio ustelarena eta gorotz epelarena batera.
Katastrofe ikaragarriak imajinatzen zituen, bidera aurreratzen ari zen artean. Orkatz onaren itxurak garunak lasaitu zizkion. Formarik gabeko zerua iluntzen ikus zezakeen oihana behiala estaltzen zuen laino zamak. Autoek argiak piztuak zituzten. Bideko marra zurien gainean zegoen, bazter-bazterrean, haize kontra, burua apal eta bizkarra konkor. Ez zien autoei geratzeko keinu berezirik egiten. Delibero soil batez eskuinera bihurtu zen, ortzi-muga sutan zegoen aldera preseski. Ez zezakeen esplika zergatik, intuizioa agian, edo inkontzientzia zerbait.
Gorputzaren dorpea joan zen eta plazer zuen bere desio bakanei ihardesten ziela sentitzea. Ihesari eman zitzaionean ez zuen horrelakorik uste. Sorpresa bat zen, erabat. Etxe hartan ohitua zen, lau metro karratuko gela hartan, ohantzetik mahaira eta mahaitik sofara eta sofatik komunera ibiltzen, urrats txikiak eginez eta soina makurtuz, premia bitalen betetzeko. Denborarekin ez zuen kemenik zainetan eta doi-doia ohetik altxatzen zen janaria ekartzen ziotenean.
“...ziotenean...” nortsu ziren haiek? Ez zituen inoiz begiztatu parez pare, etsaiak ziren argiki, baina ez zuten hiltzen, uzten zuten bizitzera, zer zela eta? Ez zen gogoratzen noiz sartu zen, sartu zuten?, ganbera itxi hartan, bakarrik iratzartu zelako, azkorri lanbrotsu batez. Hori bai, euria entzuten zuen teilatuan samurkiro joka eta haizeak teilak ferekatzen. Bizkitartean nehork ez zion hitzik edo solasik iruten. Maneiatzen zutenean ogi zaku astun baten erara erabiltzen zuten. Janaria ekartzen zionaren beso muturra baino ez zuen ikusten: nor ziren bada preso zetxikaten haiek?
Zirkulazio askorik ez zegoen errepide desolatuan. Autoak pasatzen ziren trumilka. Ordura arte oinez jarraitu bazuen, hiri bat aurkitzeraino segi zezakeen inori laguntzarik galdatu gabe. Oroitu zen bere gaztaroa nahasi zuen perpaus batez: Menturaldia lanjerosa da, errutina saia ezazu, are hilkorragoa dela ohartuko zara... Frasea etengabe errepikatzen zion Pinar izeneko adiskide baten aurpegiak bete zion garunaren basamortua. Gozoa eta bizia zen, noranahi abiatzeko beti prest, errepide honen ipularretan izan balitz ederki sosegatuko zuten elkar. Baina ez, bakarrik zebilen, parpaila baten moduan jantzia, memoria usteldu batekin, noraezean.
Bat-batean, kotxe bat geratu zitzaion, hiruzpalau metro bere aitzinean. Ateak klaskaraziz bi gizon uniformedun atera ziren, larderiatsu, bortitz, pistolak eskuetan. Hor zeukan azkena, erailen zuten, “balio izan du orain arte egin dudan eskapada honek?”. Burumuineko terrenta idorra isilarazten entseatzen zen. Barne-ahots desesperatua zapaltzen. Besoak altxatu zituen. Armaren muturra sentitu zuen bizkarrezurrean. Haietatik baten boza bermatu zen, haizeak eta bere hatsaren zurrunak azpatzen zuen bide ertzean:
— Ez zaitez mugitu... paperak!
— Ez daukat... ezer. Etxean preso egon naiz herenegun arte.
— Hau ez da burutik sano —erran zion batak besteari, irri maltzurra ezpainetan—. Eraman dezagun komisariara. Han mintzatuko da segurki. Arren, Trapuzotz, luza besomuturrak...
Burdinez lotu zizkioten eskuak, trinko eta tinko. Mina zeukan eta odola zainetan trabatzen zitzaion, burbuilaka. Autoaren barnera bultzatu zuten unean entzun zituen berriz zakurrak, giza garrasi lodiak eta bonba zartaketa bat irudi zuen tiro erraldoi hura, sangratuko zuten abere orro sakonarekin batera, emazte aho batetik jazarri deiadar desesperatuak.
Orkatza emazte bat ote zen?
Bizirik zegoen, kinka larrian izan arren.