Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

XI

 

 

Landetako oihanean nintzen. Pinu gorakoien erdian. Xendra hertsi batean. Ezker eta eskuin, iratze zainartak. Berde-berdeak, udaberriko saparen indarraz balia. Txori kanta bitxiak entzuten nituen eta segundo batzuetan burua altxaturik egoten nintzen, beha, ttattit, beldur, zerbait larri gertatuko zitzaidala. Pinuek hegats iluna osatzen zuten eta zerua ez nuen ikusten. Antsiaren sua pizten zihoakidan eta eman nuen denbora erabat galdua nintzela neure buruari aitortzeko. Mapa bat neukan sakelan, baina ez zuen deusetarako balio. Ez nekien iparra non zegoen, hegoa eta ekialdea are gutxiago, sortaldea ez aipatzeko. Emakumeok, ezaguna omen zen, zailtasunak genituen orientabideak finkatzeko.

      Jasonen baserriaren bila abiatua nintzen, Sabresko bidea utzi bezain laster. Estrigon ibaiaren ertzetik nindoan. Lurralde ezezagunean. Kartak ez ninduen biziki laguntzen, errepikatzen nindoan, Labrit herriaz haraindiko aintzira edo putzu batera jauzten baitzen errekastoa. Ez nuen etxalde hatz izpirik aurkitzen. Gelditu nintzen, bizkar zakua pausatu eta ur xorta baten edateko. Zintzurra busti nuen. Lakar atera zitzaidan ahotsa erraietatik:

      — Nola aurkituko dut Jasonen etxalde puta hori baldintza hauetan? Ez dakit non naizen ere. Mapa zikin honek ez dit zehaztasunik eskaintzen. Arren, Amaia, lasaitu hadi, hatsa har ezan... ez palpita, bihotz...

      Mapa zekarren papera zinpurtu nuen, haserrez, ur botilarekin batera, bizkar zakura botatzeko. Telefonoa hartu nuen, Nolwen deitzeko. Ez zegoen sarerik. Betikoa, mugikorra beharrezkoena zelarik, orduan zuen ez funtzionatzen. Zerura altxatzen nuen arren, makinatxoaren entzefalograma lauetan lauena zen. Pinu batean berme, lurrean jarri nintzen, hausnar tzarrean: begiak alde orotara bihurtzen ahal nituen, ez nuen baserririk ikusten. Beharbada, agudoegi sartu nintzen oihanean; Herriko Etxetik pasatu banintz hango langileari xehetasunak eskatuz hobe zatekeen menturaz. Baina ez nuen deus egin, burua zapal abiatu nintzen, artalde minera zihoan marro kuzkari baten antzera, ez nintzelarik alta andere orojakilea.

      Goizeko hamaikak ziren. Negar zorian nengoen. Bat-batean damu nuen, damu, Baionatik goizeko lehen argi zirriztan partiturik, Joana Garralda maitearen 4x4 ezinbestekoaren bolantean. Andregaiak, espero nuen, nire itzulera igurikatuko zuen gure Maubeceko apartamentuan, eta afera arras argitu baiko, Atharratze gaineko Erratzü etxaldera zuzenduko ginen, sekula gehiago menditik ez jaisteko. Landetako Eskualde Parkearen muinean, on egin zidan Zuberoako bazter mineralak irudikatzeak Kemenez hantu nintzen, akuilu zizta mental horren ondorioz. Zanpa-zanpa iritsi nintzen ibaiaren hegira eta, handik gutxira, mapan ikusia nuen putzu hartara. Ur azala beltza zuen. Iratzeak eta pinu erro meharrak usteltzen zebiltzan ezpondetan. Pika-bele buztanzuriaren kanta fanfarroia hauteman nuen, nitaz trufatzen. Arrazoiekin.

      Estrigon ibaia isuri mehe eta ahula zen, hosto ustelez azpatu bere ohantzearekin. Txorien loriak zoratu ninduen. Haize arin bat altxatu zen. Abere zohar baten moduan, burua bueltatu eta lanjera haztatu nuen. Izuak inarrosten ninduen. Zerbait bazebilen inguruan. Begiak pinu lerro trinkoaren atzealdean iltzatu nituen. Makila pare bat mugitzen nekusan. Sosegatu nintzen. Orein talde bat baizik ez zitekeen. Haiengana hurbiltzen saiatu eta aski laster konturatu nintzen hor ez zegoela oreinik. Sasitzar multzoan gorderik, bi metrora, adineko gizon bat zehaztu nuen, pinu baten enbor luzea laztantzen bezala zuela, keinu lizun eta misterios batean. Denbora eman nuen ezkutalekutik jauzi egiten, harridurak hormatzen ninduelako.

      Gizonak urrako bat irekitzen zuen labanaz pinuaren larruan eta haren azpian hiruki formako ontzitxo bat lotzen. Likido zurbilaren jarioa sumatu nuen urrunetik, zuhaitzaren malkoak bailiran. Langile isilak ere nire presentzia usnatua zuen:

      — Nor dabil hemendik?

      Fusila zetxikan zuzen-zuzen. Laparren atzetik punpa egin nuen. Eskuak airean, bere parean plantatu nintzen.

      — Nor zara?

      — Amaia Ezpeldoi detektibe rurala... ez nauzu ezagutzen... Euskal Herritik nator... apal ezazu zizpa tzar horren muturra, otoi... ez dizut minik egingo, ez naiz gaiztoa...

      — Zertan zabiltza baskoien lurretatik hain urrun?

      Ez nion ihardetsi. Gizonaren traka aztertu nuen. Konkorra zen, adin handikoa baina aurpegi zoriontsua zeukan, larderiaren gibelean, irri gogoa zuela nabari zen.

      — Fernand deitzen naiz. Pinuen sapa biltzen nabil. Krota egiten dut. Trementina ekoizten dugu horrekin. Alkohol mota bat. Tindatzaileentzat. Etxe zolak garbitzeko.

      — Badakit zer den. Haur denboran etxean asko erabiltzen zen eta, jauna, jakin ezazu oraindik ere likido horren usainaz oroitzen naizela...

      — Lan berezia da gurea, ofizio galdua. Erretretan naiz eta denbora pasa, gure aitaren tresna zaharrak aireztatzearen estakuruan, hemen nabil, udaberriko eguzkiaz profitatzeko.

      Pinu enborra pikatzeko hapxot delakoa erakutsi zidan, bai eta kranponatzeko mailua zein barraskatzeko arnesak. Kontatzen zidan otsail erditsutatik aitzina, zuhaitzak besotara neurtzen zebilela, urtean zehar diru apurra irabaziz, erretretaren emendatzeko doia.

      — Eta zu? Zer zara? Galdua?

      — Bai, preseski... Fernand, zuk bazter hauek ezagutzen baitituzu, jakingo duzu Jason eta Marie-Cecile izeneko bikotearen baserria non dagoen...

      — Marie-Cecile? Ez dakit nor den... baina Jason bai, bere amarekin bizi da, Piteier etxaldean... ez zara batere norabide onean... ba al dakizu bide handira eta Labrit herrira nola itzul?

      — Ez, ideiarik ez.

      — Lagunduko zaitut...

 

 

Bideraino gidatu ninduen. Oihanetik ateratzean, hatsa hartu nuen, nire sorbaldetan metatu beldurra uxatuz. Zama bat zen hondarrean, ezintasuna eragiten zuena, ausardia zedarrituz. Joana Garraldaren 4x4a atzeman nuen, eta Fernanden deiari baiezko emanez, Labriteko plazaraino jo nuen. Padoenc izeneko tabernan bildu ginen. Hitzak lur komunala erran nahi zuen, ehun eta berrogeita hamar urte lehenago, eremu hauek orok kudeaketa herrikoia zutelako. Bertako jabea papo zabaleko emazte bat zen, sei hamarkada aise ospatuak zituena, bere bilo horiz tindatuekin eta ahots ozen zorrotzarekin:

      — Zer hartuko duzue?

      — Bi beltz, plazer baduzu!

      Lorez takatu estali gurintsuarekiko mahai baten inguruan jarri ginen. Fernand ezin isildua zen. Landen istorioak harilkatzen zizkidan bata bestearen ondotik, 1850etik hona pinuak nola landatu ziren adibidez, egur puntetan zebiltzan artzain hamikatuentzat egiazki egokiagoa zen zelai heze honetan. Maite zuen bere oihana, ezin uka. Perpaus bakoitzaren ondotik, ardo kluka bat hurrupatzen zuen eta ezpainak esku gibelaz garbitzen. Zintzur karraka bat.

      — Aspertzen zaitut ene agerpen txarpoilekin, ezta? Hemen zara, nire aitzinean, beste zerbaitetarako...

      — Bai, gustura nago zure konpainian. Jason Moreau ezagutzen duzunez... Xehetasun gehiago bazenuke enekin partekatzeko?

      — Mutiko koxkor bat badute etxaldean, eri daitekeena, ez baitut askotan ikusten eskolako jostalekuan...

      — Zertan zabiltza eskola atarietan? Zelatan?

      — Lasai, anderea, ez naiz gizon zital eta lizun horietatik... bilobaren bila igortzen nau alabak eta orduan gauza batzuk ikusten ditut...

      — Seme bat baluke orduan Jasonek?

      — Segurtasun izpirik ez daukat. Erran-merranak dira agian. Besterik ez. Senarra eta seme sortu berria abandonatuz alde egin omen zuen emazteak. Hori da hemen kontatzen den ipuina…

      Basoa biribilka zebilkion eskuetan. Soa lurrean iltzatzen zuen. Zintzur hezurra gora eta behera ikusten nion. Bihikatzen zidan istorioak bazuen halako tepu aire astun bat, zokokeria aieru bat, errangabekeria zantzu bat. Gizona hunkiduraren mugetan sentitzen nuen, haustear, erortzear.

      — Lasai, Fernand, ez da zure errua.

      — Badakit, baina lehen aldia da Jason Moreau eta bere familiaz dakidana ezezagun bati azaltzen diodala. Ez dakit hain mihi luzea izateko eskubiderik badudanez.

      — Ez da nitaz harago joango.

      Banekien ez zela egia. Fernanden erranak Nolwenekin partekatuko nituen, Maialen eta Pantxoarekin, ikerketa handizki manatu eta ordaindu zidan Maddiren amarekin halaber.      Ene ardo itzulia pagatu nuen eta solasean gelditu ginen Padoenc ostatuaren aizolbean, ilunpeko eleak trukatuz. Jabea Sud Ouest egunkaria irakurtzen ari zen, kasko gainean A vos amours emankizuneko arraileria lizunak ozen zebiltzala. Pinu-ur biltzaileak, musu-truk bezala, Jasonen baserriraino eramatea proposatu zidan. Ezezkorik ematera ez nintzen atrebitu.

      — Autoan itxarongo zaitut...

      — Ados, Fernand!

      Ez bat, ez bi, mugimenduan geunden. Roqueforteko norabidean, aldi honetan. Lurrezko xendra zabal batetik sartu ginen berriz oihanean. Arroiletan ur beltza, aldamenetan egur puskak metan, eta haizeetan, txori errabiatuen kantak. Argiune baten sarreran utzi ninduen.

      — Ehun metro eta Piteier kausituko duzu. Oihu bat egizu problema bat baldin baduzu... zozoak ehotzeko eskopeta autoko kofrean daukat.

      — Ez dut ahantziko ene aingeru zaindaria zarela, Fernand!

      Ez dakit nola, agian solasaren eta Padoenceko ardo epelaren botereaz, adiskidetuak ginen. Beste belaunaldi bateko gizona zen, emazteak errespetatzen ikasia zuena, alargundua ez hain aspaldi. Ez nion alta bere egikerak amainatzen ninduelako keinu izpirik helarazi, zer gerta ere. Beharbada ez zuen deus ikustekorik, laguntasun soila zen, esku ukaldi baten emateko xede biluzia. Burutazio memeloak urrundu nituen kasko zokotik eta aitzina egin nuen Jason Moreauren baserrirantz. Aireal batean zetzan, arbolaz setiatua, bizpahiru bastimendutan banatua. Erdian zegoen bizi-egoitza, ezkerrean arditegia eta eskuinean zalditegia, oilategiarekin batera. Sukaldeko borta zabalik zen, baina ez zirudien norbait bazenik. Katua jalgi zen miauka, haren atzetik bi oilo eta bospasei txitxa. Atean jo nuen:

      — Bada norbait?

      Arraposturik ez. Deia bigarrenez errepikatu nuen eta ezkaratz apalean sartzera ausartu nintzen. Laborantzako tresnak lurrean zeuden barreiatuak, bizkar hautsiarekiko aulki pare bat ere bazen, hor borroka bat gertatu bailitzan. Sukaldera iritsi nintzen. Irratia pizturik zen. Ganberetara ez nintzen zuzendu. Kanpoan, etxaldearen buelta egitera nindoan, zuhaitz baten itzaletik, Fernand ez zen traka luzeko gizon baten presentzia zehaztu nuenean. Bisean bis. Fusila zeraman eskuetan, sabelean sakatu zidan bortitz:

      — Zer ari zara gure etxean, miazka?

      — Galdu naiz.

      — Uste duzu sinetsiko zaitudala? Ez da nehor ibiltzen plazerez Labriteko inguru salbai eta huts hauetan. Zer nahi duzu?

      — Galdua naizela!

      — Ez da horrela pasatuko. Sabresko jendarmeei deituko diet... tripa zorroan daukazuna agertu beharko duzu!

      Telefonoan zegoen bitartean, fusilaren mende atxikitzen ninduen, eskapatuko nintzelako beldurrez. Sasietatik, aurpegi zakarreko emakume adindu bat ikusi nuen jazartzen. Jasonen ama zitekeen. Eskutik zetxikan sei bat urteko mutil koskorra, dena irri eta jauzi ari zena.

      — Bakea emadak, Julien, zer duk horrela mugitzeko?

      — Ama!! Ama! Aitak etsaia hilen du! Hilen du!

      — Hago isilik, aitak ez ziok inori minik egingo...

      Bere aterkirik gabeko Jeepera aurtiki ninduen Jasonek. Lursagar zaku baten pare higitzen nintzen, hara, hona, erraiak botatzear. Xendra zabalera heltzean, Fernand ez zen gutxi harritu Jasonek zeraman pakete astuna ni nintzela konturatu zenean. Gidaria agurtu zuen eta berehala ekin zion bideari, Sabreseraino, bi autoen arteko segurtasun distantzia atxikiz. Erran gabe doa Labriteko plaza trabeskatzean Joana maitearen 4x4a begietsi nuela. Gaizki nintzen, egiazki gaizki. Eskerrak nortasun agiria neukala sakelan, bai eta Nolwen Kergelen Enez Eusako poliziaburuaren zenbakia. Goi mailako harremanak edukitzea baliatuko zitzaidan behingoz.

 

 

Arrats apalean atera nintzen hedexurien egoitzatik. Gose eta egarri. Labritera joan beharra nuen 4x4 ibilgailuaren bila, eta atean Fernand neukan aiduru. Bost oren pasatu nituen galdekatua eta pixa urrina zeukan gela tepu batean entzerratua. Hormetan labana puntaz zizelkatu datak eta bihotz apurtuak ageri ziren letra txirikordatuen azpian. Jasonek jendarmeriara bulkatu ninduenean, harrerako zaindariak izen-deiturak, nirekin neramatzan paperak eta telefonoa iradoki zizkidan. Oinetakoetako sokak eta gerrikoa halaber. Ene buruaz beste egin nazan beldur ziren. Ez nien deus erran, baina ez zen arriskurik. Itzalpean aurkitu nintzen berehala, hausnartzeko denboraz lepo.

      Jason Moreau hori gizon bitxia zela onartzekoa nuen. Ama zaharrak sorgin gaizto begitartea zeukan eta ageri zen haurra ez zela etxetik jalgitzen. Mutur lokaztua zuen, ileak nahas eta jantzi zatarrak soinean. Piteier baserriko biztanleez Fernandek errana baizik ez nekien. Labrit eta Sabres arteko bidaian ez zuen hitzik erran. Bere haserrea, hargatik, sumendi sumatzen nuen. Bidegurutzeetan, ezker-eskuin so egin baiko, fusilaren mazela ferekatzeko ohitura zuela ohartu nintzen. Mekanikoki. Ulu zirtzil baten destinoa neukan une hartan eta Fernandek agian hilotz eramango ninduen Mont-de-Marsaneko hiltegira.

      Zeldako lurrean, errautsa harrotuz, borobil batean, puntuak marraztu nituen ene afera laburbiltzeko: hiru lehen takak Piteier etxaldeko kideak ziren, non jarriko nuen Maddi? Zergatik ez nuen baserrian aurkitu? Egia zen, Fernandek jakinarazi zidan moduan, ezkondu eta kasik berehala alde egin zuela? Hala gertatu baldin bazen, non zegoen orain Marie-Cecile Kardaberatz anderea? Telebista kate komertzialean berrikitan ikusia nuen Kronika kriminalak emankizunaren atal batek astindu zidan burumuina: bikote malefiko horrek Maddi kalitu eta baratzean ehortzi balu? Ez nuen miaketa xeheagoen egiteko astirik ukan. Hotzikara latzak inarrosi ninduen. Zeldako burdinazko borta mugitu zen orduan.

      Jendarmeetatik batek salbaiki gidatu ninduen galdekatze gelara. Berina itsuaren gibelean irudikatzen nituen Jason eta hedexuri zenbait, irriz karkaraz, nitaz trufatzen. Ahalketu nintzen. Landetako brigadaren blasoia sorbaldan zekarren emakume batek egin zizkidan aurreneko galderak:

      — Mintza gaitezen argiki... zer ari zinen Jason Moreauren etxaldean kutzukan?

      — Detektibe rural soil bat naiz... Lanean nintzen. Ez dizut deus erraten ahal. Sekretu profesionala.

            — Hitz egingo duzu, hitz egingo duzula!

      Zainak karruska zebilzkion. 4235 zenbakiko agentea ez zen geldirik egoteko gai. Eskumuturrak elkarren kontra torratzen zituen, ukabilkadak banatzeko berotzen bailituen. Paperak nahasten eta berriz ordenan ematen bezala zituen.

      — Nolwen Kergelen deitu dezakezu, Enez Eusa uharteko jendarmeriako zuzendaria da...

      — Hemen nik dut elea bideratzen!

      Pistola arautua ikusten nion gerrialdean. Lankide bat etorri zitzaion, ordezkatzeko. Emakumeak lekuak hustu zituen. Nora zihoan? Zer eginen zuten nitaz? Etorkizuna ilun nekusan. Zena zelakoa, Jason ongi gerizatua zen, eskualdeko indar armatuak bere alde zituelako.

      — Suertea duzu, Ezpeldoi anderea...

      — Zuk erran!

      — Zure laguna dela dioen Nolwen Kergelen ukan dugu linearen beste aldean, eta bai, baieztatu digu detektibea zarela eta Garaziko emazte gazte baten desagertzea ikertzen duzula! Hori da, ezta?

      — Zuzen da.

      — Jason gizon hautsia da, utz ezazu bakean!

      — Eta Maddi?

      — Bere andre ohia... badakit zer kontatzen den bazterretan... zurrumurruak dira... haurra abandonatu omen zuen... ez dakigu nora joan zen ihesi...

      — Libre naiz?

      — Utikan!

      Puskak bildu nituen eta, atzerako sorik gabe, Fernanden konpainian aurkitu nintzen. Arrastiri distiratsuak estaltzen zituen Sabresko herria, ortzi-muga barratzen zuten pinuak eta bide ertzeko belardi basatiak. Haize arin batek zafratu ninduen eta bizirik sentitu nintzen.

      — Arren, Fernand, Labritera eraman nazazu...

 

 

Lepoa luzatuz gidatzen zuen lagun zardaiak. Eleka egin genituen bi herrien arteko hamasei kilometroak. Arraileriaz ari zela zirudien, baina egin zidan proposamenak, aldi berean, harritu eta poztu ninduen.

      — Gau honetan, ehiztari gisa, Piteier etxaldea miatzen ahal dut, sasien artetik xendra urratuz. Leku horiek xeheki ezagutzen ditut. Zure aferak kitzikatzen nauela aitor dut eta jokoan sartzeko prest nago...

      — Barkatu, baina ez da joko bat... Lanjerosa da Jason santu-mutur hori... baina, zuhur eta gordeka ibiltzen bazara, zergatik ez.

      — Hitzematen dizut kasu eginen dudala.

      — Bihar? Gosalorduan Padoenc ostatuan?

      Kopeta mugituz baiezkoa ulertarazi zidan. Joana Garraldaren 4x4 miresgarriaren giltzekin jostatuz agurtu nuen. Algara batez askatu zen adishatz ozena ahoskatuz. Sabresera ernatu nintzen han neukalako gauerako egoitza erreserbatua, Manciet izeneko bi izarretako hotel umil batean. Logela eman zidan jabeak, eta afaria zerbitzatuko zidala iragarri. Monasterio budista baten antzera hornitua zen: ohe zahar, mahai eta aulki bana. Duela gutxi kendu gurutze kristau baten hatza ageri zen murruan. Zoko urrin bat bazuen, baina aski laster, ongi sentitu nintzen ganbera hertsiaren eremuan. Bizkar zakua hustu nuen ohe gainera, Landetako Eskualde Parkearen mapa hedatzeko. Geldotasun mistikoan malgortu nintzen, paltoa jantzi eta jantokira ernatu aurretik.

      Hormetan, han eta hemen, pinuen erresuma bilakatu aitzineko Landen zuri-beltzezko argazkiak ageri ziren, enkoadratuak. Manciet familiako ondasunak zitezkeen. Nagusia hurbildu zitzaidan:

      — Zuretzat, gaurko menua: garbura salda, eta hautuan, Landetako entsalada edo ahate magreta doiez errea, desertako krema katalana edo hemengo ardien esnetik egin gazta!

      — Garbura hartuko dut hasteko...

      — Eta gero?

      — Entsalada eta bukatzeko gazta puska bat.

      — Ederki... Telebista pizten dizut?

      — Ez, lasaitasuna nahiago nuke.

      Sabresko ehortzeta poemaren oihartzunek kasko zokoa nahasi zidaten. Zerbitzariak salda, ketan, ekarri zidan. Koilaratara bat, eta lekuko ahots berezia zen Mancieten olerkiaren zatiak igotzen zitzaizkidan zintzurrean gora, jatorrizko hizkuntzan:

      “Tends-moi cette main, que j’en lise les lignes. Le pouce, vois, c’est la côte Cantabre, et jusqu’à l’index la côte landaise. Ici, regarde, tu as la Garonne, et l’Adour. Entre les deux, rien, sauf de la lande, de la forêt, désertes. Sur ce rien, je vaticine. Là subsiste, sache-le, une peuplade bafouée par l’Histoire. Moi, je lui donnerai mieux : de la légende. Elle parle, dit-on, un langage de brutes, inadmissible. J’ai voulu le faire chanter. On l’a considérée comme perdue, morte, avec sa langue, ses coutumes, sa foi. Je l’enterre, mais je l’enterre vivante. Rien. Mais toutefois assez de couleurs, celle des incendies, des nuages violents, des péchés truculents ; et assez d’ombres, celle des pluies interminables, des impénitentes superstitions, des secrets obstinés, pour que j’en gâche le mortier d’un cérémonial exagéré et absurde, puisqu’il va disparaitre avec un peuple, avec son fatras magnifique, Prends garde : n’en sois pas trop sûr”.

      Bihotza punpaz nabaritu nuen. Hitzak, erdaraz, euskaraz bezala, mailuka zebilzkidan, erantzunik ez zuten egunean zeharreko galderen ildotik. Garburaren beroak eta zaporeak sosegatzen ninduten. Ni ere, Landetako biztanleen pare, jendarte oso baten leherketaren karietara, hondamendian urtua nintzen, elerik, amodiorik eta etorkizunik gabe. Negarra begian neukan, mutur azpian ahate heraz aberastu entsalada mamitsua ikusi nuenean.

      — Dena ongi, madame ?

      — Bai, bikain... Bernard Manciet poeta ezagutu duzu?

      — Eta nola? Igande oroz etortzen zen hona bazkaltzera. Badakit ospetsua zela bazter horietan, baina enetzat, beti, herriko egur enpresako burua izan da...

      — Ulertzen dut.

      — Kaferik?

      Ez nuen kaferik hartuko. Xauxuntzen ari nintzen, behialako olerkariaren moduan. Xehetasunetan dilindatzen zitzaidan izpiritua: sumendiak amesten genituen gure hizkuntza apaletsietan, egia zen, eta gu ginen erreak, erraustuak, suntsituak, leize sakonean amilduak, ustez betirako. Baina, hori nioen nirekiko, jabea agurtu eta logelara zuzentzean, hautsetatik jalgitzen ginen, erlats, minetan, baina bizirik. Amesgaiztoa zen, hiltzen zirenean baizik ez baitzen onartzen gure herrietako poeten balioa. Ohean luzatu nintzen, nirekin neraman minimalismoari buruzko liburua eskuetan. Baina neke zitzaidan kontzentratzea. Handik berehala, uhin batek ito ninduen, oihuz eta korrika nenbilen Landetako oihanaren muinean, ahurrak odoletan, bizirik ehortzia, Sabres eta Labrit artean. Non zegoen Maddi? Eta haize salbai hori? Bat-batean, begi tristeekiko erregina zutitu zen haritz maldako bere eserlekutik, beltzez apaindu jendetza handi bati begira, soinurik ez zeukaten eleak ahoskatzen. Oinetan, kate herdoilez astundu burdinkiak zehaztu nizkion. Banekien nor zen:

      — Labriteko Joana, zu zara?

      Herriaren isiltasuna zirtzikatu zuen zakur baten zaunka erlatsak. Izerditan eta hatsanka iratzartu nintzen. Bernard Mancietekin mintzo zen Joana Labritekoa, mendeak iragan ez bailiran, biak dolore beraren ezinbesteko ikurrak. Maddiren inguma zoharra gainean zeukaten, Jesusen aurpegiaren aztarna Turineko mihisean bezala. Argitasun izpiak ikusi nituen leiho-oihalen gibeletik. Goiza zen. Betazalak torratu nituen: esnatzeko ordua genuen egiazki. Amets fragmentuak nituen gogoan, elkar joka, elkar hilka. Dutxa hotz baten premia nuen, alabaina, izpiritua zero gradura bihurtzeko.

 

 

Ez neukan gosaltzeko gogorik. Manciet hoteleko jabeak hargatik belea bezain beltza zen kafea ekarri zidan. Sudur mazelak ikara nabaritu nituen. Ehizatzen zuten abere baten larruan sartu nintzen. Adi eta dardaraz. Gauean, mila bider zehaztu nuen Maddiren begitartea, ametsaren zurbilean, irudi nahasiak, izugarriak. Interpretazio baten beharra nuen, baina, maleruski, Sigmund Freud handia ez nuen telefono dei sinpleaz linearen puntan aurkituko, ene fantasma uherrak esplikatzeko. Sorbaldak altxatu nituen, ezintasunez eta neure buruari burlaz.

      — Fernandek mezu bat utzi dizu.

      — Baia?

      — Zure aiduru dago Labriteko kiroldegiaren aparkalekuan...

      Isilik geratu nintzen. Ezpainak sutan. Gaua eta goizeko askaria ordaindu nituen eta hoteleko nagusiari eskerrak eman nizkion. Sabresko herriko etxe aurrean abandonatua nuen Joana kuttunaren 4x4 autoa piztu eta Labriteko norabidean nengoen. Eguzki arraio arinek bidea balakatzen zuten. Pinuen itzalak luzatzen zihoazen. Gustatzen zitzaidan usain berde eta fresko hori. Jendea bazen Labriteko plazan. Fernand zegoen haien artean. Ez nekien zer pasatzen zen. Hurbildu eta ohartu nintzen asteko merkatua zela, neguko mozkinekin, azak, porruak, espinakak, gazta puskak...

      — Amaia!

      — Egun on, jauna! Baduzu berririk?

      — Goazen Padoenc-era... kontatuko dizut.

      Ostatua betea zen. Haro ozena. Basoak eta ardo botilen klaskak hautematen nituen. Giro ederra. Mahai batean jarri ginen, buruz buru, konspiratzaileak bagina bezala:

      — Orduan?

      — Barranda ibili naiz, Piteier baserriaren inguruetan, gauerdi irian. Etxeko leiho pare bat argituak egon dira ilunean. Eta sasietan, oilategiaren saihetsean, aldizkari pornografiko zaharrak baziren, metan. Bitxia da... goizeko bietan, ama zaharra atera da, katilu bat esku artean. Katuentzat esnea?

      — Ez ziren beraz denak lo?

      — Aperentziarik ere ez... eta arditegiaren sarrerako lurrak berrikitan higitua ematen zuen. Uste duzu badela norbait bertan ehortzia?

      — Fernand, ez gara Criminal Minds edo Miamiko espertoen telesailetan, Horaciorekin. Irudipenari kraxturuak jarri behar dizkiogu. Lasai gaitezen...

      Sakelatik denborak zuritu gauza bitxi bat atera zuen. Desafioz zegokidan begira:

      — Hau ere atzeman dut. Giza matelezurra dirudi.

      — Segur zara hala dela?

      — Kasik.

      Plastikozko poltsa batean zeramatzan aldizkari gordin tolestuak eman zizkidan olde berean. Azalean, larrua beltzarana zeukaten emakume biluziak ageri ziren, bular eta ipurdi mazela oparoekin. Orrialdeen artetik isuri uherrak nabaritzen nituen eta, behatz puntak sudurreratzean, urrina mikatza zela iruditzen zitzaidan: ez ote zen esperma? Nolwen Kergelen maitale ohiari igorriko nizkion, azter zitzan, dna molekula zizkolatsu horiek norenak ziren ikusteko. Mezua bidali nion, Fernanden soa lagun. Gizona harro zen ene ondoan ikerketan parte hartzen zuelako. Anitzetan, bere haroa hoztu beharra neukan, bestela odol aztarnak argira ekartzeko luminol tindua hedatuko zuela ostatuko hormetan bertan!

      Hortzik gabeko ahoa zabalik zetxikan irriz lehertzen zenean. Fernanden pozak itotzen ninduen ni neu ere. Maddi ez nuen oraindik aurkitua, baina bide onean nengoela senti nezakeen. Baionara itzuli eta Nolwenekin harreman kriptatuan jarriko nintzen, azken egunetako xehetasunak eta indizeak elkarrekin aztertzeko. Gizonak, esku gibelaz garbitu zuen ardo lodi garratzak gorritu ezpain aldea:

      — Eta nik zer eginen dut?

      — Zuk?

      Ideia bat jauki zitzaidan, burumuinaren lurrutsetik. Fernandek bihotz ona zuen eta gibel asmorik gabe lagunduko ninduela banekien. Telefono zenbakiak trukatu genituen:

      — Piteier baserria zelatatuko duzu... ikusten, entzuten eta iragartzen dituzun mugimenduak oro notatu eta mezu bidez igortzen dizkidazu. Zerbait arraro baldin bada, bi orenen buruan agertuko naiz, Sabresen edo Labriten, niri bost...

      — Ez dakit zergatik, baina nik ere, orain, nahi dut jakin Jason Moreauren emazteari zer gertatu zitzaion.