Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

IX

 

 

Bordeleko geltokiko ostatuan nengoen. Izkina batean gordea. Ethan Leyris nola etorriko zen zelatatzeko. Sarean atzemana nuen gizonaren kolorezko potreta. Banekien, halatan, gutxi gorabehera zer irudi zuen. Bazter orotara begira sartu zen. Eskua zetxikan aho gainean, tabernako airea hartu nahi ez bailuen. Zutitu eta harengana lehiatu nintzen, nire mahaia erakutsiz. Manerarik egin gabe segitu ninduen:

      — Galdera pare bat badut. Ez da luzatuko.

      — Denbora daukat, ez kezkatu horregatik.

      — Maddi ezagutzen zenuen?

      — Maddi bat baino gehiagorekin egona naiz bizitza honetan!

      Irri sarkastikoa marraztu zuten bere ezpainek. Ethan Leyrisen aurpegian gaiztakeria zitalaren zantzuak irakurri nituen eta izialdura bitxi batek urratu ninduen. Izaki malefikoa zen erabat. Kopeta apaldu zuenean, ausartu nintzen berriz:

      Kilika.eus gune erotikoaren erabiltzailea zinen orduan?

      — Debekatua da?

      — Ez, lasai, eskubide osoa duzu zure desiren arabera ekiteko. Erradazu soilik nola erabiltzen zenuen orrialde kokin hori...

      — Preso nintzenean, harreman ona nuen guardia baten ordenagailutik jartzen nintzen Maddirekin harremanetan. Ez genuen bekatu handirik egiten. Emaztea biluzten zebilen artean, masturbatzen nindoan ni, besterik ez. Aldizkari pornografiko batekin egiten ahalko nuen gauza bera.

      Egia, ez nuen gizonaren bulkatzeko aitzakiarik. Nor ez zen masturbatzen itxura geldoen edo mugikorren aitzinean. Nitarik haste: andregairik gabe nengoenetan The L Word telesaila ematen nuen dvd irakurgailuan eta, Shane harrigarriak Carmenekin larrua jotzen zuen bitartean, nik ere eskua neukan maitale itsu! Izerdi eta hatsanka bukatzen nuen. Joana berriz aurkituz geroztik ordea, adinarengatik ere agian, klitoria eztikiago balakatzen nuen. Madalena maldako Erratzü baserria ez zen lupanar izeneko otso-habia entzutetsua. Ez horixe... Anartean, Ethan Leyris beha geratu zitzaidan, ene hausnarrak irakurtzen bailituen. Elementu praktikoetara itzultzea erabaki nuen:

      — Nola ordaintzen zenuen?

      — Zaindariak diruz kargatu txartel bat uzten zidan. Kanpoan neukan lagun batek sos idorra ematen zion gero. Antolaketa perfektua zen. Gizona naiz badakizu, beharrak baditut, sexualak, ulertzen duzu?

      — Dulert! Ez naiz inozentea... nondik zenuen dirua?

      — Dirua maitasuna baino errazago harrapatzen dela jakin ezazu. Lagun hori trafikoetan jostatzen zen eta horrela pasatu ditut hamar urte presondegian. Otzana nintzen, ongi ikasia eta lau hormaren artean handitu naiz, hamazazpi urte nituen gatibu hartu nindutenean...

      — Zure gurasoak kalitzeagatik?

      — Bai, hamalau labankadaz akabatu nuen aita eta amari beste hainbeste kolpe eman nizkion. Arrebari hogeita zortzi, banaka eta ahots goraz zenbatu nituenak. Jendarmeek karrikan atzeman ninduten odolez estalia...

      — Zergatik salbaikeria hori?

      Ethan Leyrisen begiak erotu zirela iruditu zitzaidan. Bizi-bizia zeukan bere krimenaren oroitzapena. Isiltasun bulta beldurgarri baten ondotik, presak oro gainditu zituen hitz jarioak:

      — Haurra nintzenean, aitak bortxatzen ninduen, etxera zetorren aldietan, gorrotatzen nuen, “hau gure sekretua da” erraten zidan belarrira, amak ez du jakin behar, horrela izan zen, hiltzea erabaki nuen arte...

      — Eta ama zergatik?

      — Amak bazekielako aitak egiten zidana arrebari ere egiten ziola, biak erasotzen gintuen... aitaren sarraskia, amaren traizioa eta arrebaren ahulezia gaztigatzeko hil nuen... damurik gabe.

      — Poliziarengana joaten ahal zinen, salaketa egitera...

      — Pentsa! Nitaz irri egingo zuten! Norberak berea egin beza eta ardiak ontsa zainduak dirateke...

      Aitzinean nuenaren karkarak min egin zidan. Familia perfektua zen leyristarrena. Ardo saltzailea zen aita eta ama herriko udaletxeko langile. Haurrak eskola kristauetan zebiltzan, ikasle biziki onak. Erasotzaileak, gehienetan, maitasunaren oihala inarrosten zuten etxekoak berak ziren. Txanponaren distirak beti alde ilun bat zeukan. Perfekzioa ez zen mundu honetakoa. Gizona, hargatik, ene aurrean zegoen, trankil, deus gertatu ez bailitzan. Funtsean, kartzelaz pagatua zuen hilketa hirukoitzarengatik eta bakean uzten ahal nuen.

      — Eta Maddi? Atera zarenean, Maddiren atzetik ibili zara?

      — Ni? Ez! Otoi, ez dut horrelakorik sekula egin! Zergatik? Presondegian, maitemindu naiz eta bizitza normala eramaten dut orain. Uste duzu badudala zerikusirik Maddiren desagertzearekin?

      — Erranen didazu...

      — Ba, ez.

      — Maddiren anaiak zure izena eman dit.

      — Eskuak garbi dituela sinesten duzu? Bere mutur leun eta santuarekin. Mesfida zaitez aitortzarik gabe komuniatzera joaten diren agerroiez...

      Mututu zen bat-batean. Ez nuen gehiago deus erdietsiko. Maddi ezkondu zela jakinarazi nion, zazpi urte lehenago. Bere emaztea orduantxe ezagutu zuela aitortu zidan eta, ordutik, ez zela kilika.eus gunean ibili. Zutitu eta agurtu ninduen. Ostatuko leihotik, gizona urruntzen jarraitu nuen, ile nasai horiak zituen andere baten besoetara erortzeko. Erresilientzia erreusitu zuela zirudien. Pozten nintzen Ethan Leyrisentzat, Bordeleko junta horretatik ezer finkorik gabe jalgi arren. Zintzoa ematen zuen. Ez nuen ikertzenago jarraitzeko baliabiderik. Trenera zuzendu aurretik, Maddiren anaiari telefonatu nion, xehetasun beharrean nintzela erantsiz.

 

 

Bi orduko Bordele eta Miarritze arteko treneko bidaiaren erdia lotan pasatu nuen, beste erdia hausnarrean. Behi euskalduna nintzelako? Txiste errazaren oihartzuna ezabatu nuen berehala, gustu txarrekoa zelako eta, Joana Garraldaren figurak burumuineko pantaila bete zidalako. Bezperagoko gau sutsuaz gozatu ginela ezin uka. Egiaz, fantasmarik fantasma, Maddiren balizko desagertzearen afera argitua ez nuen bitartean, ene pentsamendu hari lizunak bazuen pornografiko zerbait. Baina zer? Bizitza aitzina zihoan, ez? “Balizko desagertzea” erran nuen ahapez, hala baitzen, amaren susmoak baizik ez nituen, eta jakitate-piltzar horretan bermatzen nintzen Akitania Berria eta Baztan hegotik iparrera udalatzeko edo iraultzeko. Gauza gutxi zen, zinez.

      Joanarekiko gaua ere zerbait zen. Logelan sartu nintzenean, eskuz piztu kandelen su mihi okreen itzalak ageri ziren hormetan. Islandiako Sigur Ros talde mitikoaren Agaetis Byrjun albumeko musika elektronikoa emana zuen giroa berotzeko. Bazekien sintetizadore soinuak eta erritmo elektrikoak barneratuz lortzen genituela biok orgasmoak. Eskapurik ez geneukan. Hiru hamarkada lehenago entzun genuen lehentze, eta konpaktu jada higatuak, urte astun hauetan guztietan, gure iraule urratsak arraiki lagundu zituen. Intsentsu usaina ere bazebilen airean. Zainak jabaldu zitzaizkidan eta maitea ikusi nuen, biluz, ohe gainean etzana, ene laztanen aiduru.

      Azken perpausa ez ote zen sobera? Arregia? Maskulinoegia? Gogoeta-tximista ezabatu nuen kasko zokotik eta hain kuttuna zitzaidan gorputzera hurbildu nintzen. Larru eta gerriko gantz mardul beroetan pausatu nituen ahurrak, balaka sentsualen bidea irekiz. Joanaren intziri arin bat aditu nuen:

      — Maitea!

      — Hemen nagon. Etorri naun.

      — Ez nazan xilintxau abandona, segi ezan, esku horiek, musu horiek, ezpain horiek...

      — Susta nazan, sutu nazan, suge nazan...

      — Bikain...

      Trenean, eskerrak parean neukan andereak ez zituela ene buru barneko irudiak ikusten. Le Figaro irakurtzen ari zen eta, eskuetako behatz bakoitzean, milaka euro balio zituzten urrezko eta zilarrezko eraztunak zeuzkan agerian. Baten batek esmeraldazko perla bat ere zekarren. Begitarte larderiatsua zuen eta, aldi oroz, beso keinu berdina egiten zuen ileak hozkan emateko. Tik nazkagarri bat zeukan. Baina nire izpirituak agudo egin zuen andere mozkotearen eta bezperagoan amultsuki tinkatu nuen Joanaren arteko ibilbide iniziatikoa. Ez nuen pentsatzen adinak zimurtu eta denborak astindu gorputz bat horrela maita nezakeenik. Funtsean, nire punk filosofo garaietan, ez zitzaidan iruditzen ere berrogei udaberriz harago biziko nintzenik eta hara, hirurogeietara ari nintzela, musu baten emateko segundorik ahitu gabe.

      Larru has jarri nintzen. Une horretan, beste orduz ahalketzen ninduen arren, ez nuen nire gorputz makalaz lotsarik. Uste dut maite nuela, Joanarena maite nuen modu itsuan, atsegin eta harreman iturri zegokidalako. Aspaldiko atxikimendua zen, gure bizitzek hainbat norabide ezberdin hartuagatik. Egunerokotasuna ez zen Bibliako ibai luze eta lasaia, nehondik ez. Staralfur puska ozendu zenean, gure ahotsak, hobekiago erranik abere ase harramantzak, bildu eta hautsi ziren 66° paralelo aldean elurrez zuritu plazeraren harkaitz gorakoien aurka. Milesker Sigur Ros, milesker Björk, milesker Islandia zahartzaroaren atariko emakumeon ardorak akuilatu eta epeltzeagatik, Australiako lurrak kiskaltzen zituen suteen mehatxuak kontrakarratuz.

      Loak eraman ninduen. Trenaren ibilera kulunkariak sehaska kanta ederra eskaintzen zidan. Betazalak astun sentitzen nituen. Berriz ere Joanaren besoetan nenbilen, kantari, zuberotar abeslarien moduan, ahaideak neuronak bulkatzen zituela. Bortuetan gora. Soka bokalak hunki gabe. Belatza nintzen, gorputz minerala, arima hutsala. Herrialde malguko haranak, ibaiak eta mendi mazela leunak ikusten nituen begien pean. Haizea neukan belarrietan. Zoriontsu nintzen, nehoiz ez bezala. Are irusago nintzatekeen, Maddiren amaren arrangura minbera arinduko banu. Baina ez nuen ziurtasun izpirik alor horretan.

 

 

Trena gelditu zen. Miarritze. Geltokiko ostatuan emana nion hitzordua Xabiri. Espero nuen erran tenoreko agertuko zitzaidala. Funtsean ez nuen dudarik, hitzeko gizona baitzen. Han zegoen, kafe ketsu baten aitzinean. Bidaian zeharreko ameskeriak ezabatu zitzaizkidan berehala. Ez nintzen sobera fier baina pataska piztu nuen:

      — Ethan Leyris solastatu dut eta zuregana igorri nau. Baduzu, agian, zerbait gehiago kontatzeko, ez?

      — Ez dakit zer erran nahi duzun...

      — Maddik salatu omen zion, distantziako harreman sexual intimo baten karietara, ez zinela beti hain gisakoa zure arrebarekin. Egia da?

      — Arazo bat ukan genuen. Kilika.eus gunea sortu zutenean, ez nintzen batere ados. Gainera, momentu hartan, euskal mugimenduaren bihotzetik alde egin zuen. Ordura arte, badakizu, militante suharrak ginen biak. Hala ginela sinesten nuen behintzat...

      — Zerk eragin zuen aldaketa hori?

      Eskua biloetan pasatu zuen. Kezkatua zirudien. Ez zekien nondik has. Zintzur karraka bat hauteman nuen. Kikara ezpainetara hupatu eta hitzaren urmael likitsera jauzi egin zuen:

      — Lizeoko hondar urteetan, Maialen eta Pantxoaren ezagutza egin zuen. Hortik hara, lizunkerien bidean limurtzen joan zen. Zeinek zein baino gehiago, handiago, larriago. Arreba ez zen azkena eskalada horretan. Dirua bazuen, burrustan, ama ere ilusitu zuen erranez Bordelen ikasketak ordaintzeko arazorik ez zuela edukiko. Pentsa! Gorputza salduz irabazten zituen sosak. Anaia gehiena izanez, nola ihardukiko nuela uste duzu?

      — Gaizki...

      — Horixe ba!

      — Zer egin diozu?

      — Minik ez, zin degizut! Inarrosi nuen, doi-doia. Eta erasiatu, anaia gerizatzaile gisara. Aski ozenki. Lekukoak baziren, nahiz jada hamalau bat urteko istorioa den... Orizu, hementxe Mikel Altzamendiren telefono zenbakia, deitzeko. Erranen dizu hark zer eta nola iragan zen orduan!

      Ez nion ihardetsi baina ebazpena atxiki nuen nirekiko: pista faltsu batera igorri ninduen jadanik, eta Mikel Altzamendirena beste denbora galtze bat izan zitekeen. Hala ere, urrutizkin numeroak notatu nituen ene azal beltzarekiko kaier txikian. Xabik irri maltzurra marraztu zuen. Hozka batez igo zen ene mesfidantza naturala. Berotzen nenbilen. Ostatuko mahaian pausaturiko bizkar zakuan neukan Sig Sauer P226 pistola baliosa ferekatzeari ekin nion. etako militante ohi baten oparia zen, bere andregaia lokalizatzen lagundu niolako, nihaur ere klandestinoki ibiliz. Izenik ezin dut eman, euskal erakunde armatuaren garaia bukatua delako. Ziur aski deitura faltsua erabiliko zuen...

      — Erradazu egia, Xabi, eta bakean utziko zaitut!

      — Hitzeman diot.

      — Zure mintzarazteko baliabideak ditut...

      Mahai petik, bat-batean, pistola distiratsua atera eta erakutsi nion. Halako hotzikara baten uhina sumatu nuen gizonaren baitan. Ez zen txantxetakoa. Asaldatu zitzaidan, ahotsa mendratuz:

      — Zer zara zuzen? Polizia ala detektibea?

      — Amaia Ezpeldoi naiz, detektibe rurala eta zure amak ederki pagatu nau zure arrebari zer gertatu zaion ikertzeko. Momentuan, denbora galarazten baizik ez didazu.

      — Ahal dudana egiten dut. Promesa bat egin nion, azken urteetan akomeatu ginelako. Ardura gurutzatzen ginen Baionan, Bordelen edo Miarritzen bertan. Bereziki etaren azpiegiturako partaide izateagatik presondegian egon eta handik jalgi nintzenean. Ondoko hilabetean ezkonduko zen eta geroztik amak baizik ez du haren berririk ukan, hilabete oroz gutun bat, makinaz idatzia.

      — Remington zahar batekin?

      — Justo...

      Sig Sauer beltza zakuan sakatu nuen. Iruditzen zitzaidan Xabi, dagoeneko, nahikoa mardo zela eta zekiena zen bezala azalduko zidala. Dudak bazituen oraino. Bulkatu nuen:

      — Xabi, zerbait larri agitu baldin bada, on eginen dizu libratzeak...

      — Ez diodala deusik egin, salbu...

      — Salbu?

      — Amari gezurra erran niola... Maddiren ezteietan nintzen. Capbretongo jatetxe panpox batean, zoriontsu zirudien, bere senarrak ere bai. Duela zazpi urte. Irailaren 20an. Giro berezia zen. Egiazki...

      — Nola berezia?

      — Zaila da esplikatzea... menderatua ematen zuen, gizon gazte eder haren menpeko sumitua. Soak, irriak, musuak, besarkadak, kokinkeriak oro mutiko lerden harentzat ziren. Ez dut uste, serioski, arrebarekin mintzatzeko aukerarik eduki nuenik ere.

      — Senarraren izenik bai?

      — Jason deitzen zela badakit, ari zelako beti, Jason hemendik eta Jason handik. Ez zeukan besterik ahoan...

      — Eta deitura?

      — Atx, hori haatik, ez baitakit gaixoa!

      Zintzoki ari zitzaidan. Zizareak sudurretik tiratuz, hondarrean, elementu berri bat erdietsi nuen. Hits sentitzen nintzen, nik ez-biolento amorratuak, Sig Sauer arma baliatu nuelako Xabi mehatxatzeko. Baina ez zen kargatua, ondorioz eta funtsean, arrisku gutxi zegoen.

      — Eta Jasonen familia? Xehetasunik baduzu?

      — Ez, bikotearen gurasorik ez zen eztei haietan, adiskideak baizik. Berrogei bat jende ginen orotara itsasertzeko jatetxe hartan, xanpaina burrustan eta musika elektronikoa ozen.

      — Elizatik pasatu ziren?

      — Nola nekike? Herriko etxeko ekitaldia bezperan konplitua omen zuten. Talde argazkirik ez zen egin eta horrek harritu ninduen, bikoteak hatzik edo aztarnarik utzi nahi ez balu bezala.

      — Zuen amak nola hartu zuen gonbidatua ez izatea?

      — Lehertu zen. Hiru hilabete lehenago alargundu eta ez zitzaion gozo horrelako berria begitartean zaflako baten antzera hartzea, konprenitzen ahal duzunez... Maddi mutiko bitxi horren eragin pera erori zenean, aitak ez zuen bere alaba airosa ezagutzen eta arranguratu zen! Jason aberatsa zela errepikatzen zion amari, jabal zedin, ama aingeruetan zen bistan dena, zein amak ez luke alaba aberats ondo batekin ezkontzen ikustea maiteko?

      Hala baitzen. Arrazoia zuen Xabik. Kanpoko eltzea beti urrez ikusten genuen, esku menekoa aldiz lurrez, edo buztinez. Beste behin, familia plantako bat harrapatu zuen ilusio sozial distiratsuaren xederak. Amek baldintza horietan baizik ez zuten onartzen alaba maiteekiko harremana ebakitzea. Suhi idealaren sindromea. Eta amek onartzen badute, aitak ondotik dabiltza, fazoinik egin gabe.

      — Utz nazazu orain!

      — Milesker, Xabi, eman dizkidazun argitasun urri horiekin zerbait egiten ahal dut. Ez dakit ordea Maddi aurkituko dudan, eta aurkitzen badut, bizirik izango den ala ez.

      — Ahal duzuna egizu, ama lasaitzeko. Ez da emazte txarra, batzuetan mutur eta zakar baldin bada ere! Espero dut gure bideak ez direla berriz gurutzatuko...

      — Ageriko!

 

 

Capbretonera beharra nintzen. Derrigor. Banuen denbora itsas bazterreko hiri munttoko udaletxera joateko, bertako ezkontza erregistroak kutzukatzeko. Maddi eta Jasonen eztei urteak eta egunak banituen, ez zitekeen hain difizila, gure bertsolariek lerraketen moduan. Gauza zailagoak banituen eginak ene bizitzan. Ideia hori buruan, Joanari deitu nion, Baionako geltokiko autobus geralekuan igurika nintzan. Bere 4x4 erosoan joango ginen, gaua baino lehen itzultzeko. Anartean Mikel Altzamendiren telefonoa saiatu nuen. Eskatu zenbakian abonaturik ez zela errepikatzen zidan ahots sintetiko larderiatsu batek. Banekien, pista hutsala zen.

      Pentsatu, erran eta egin. Ez genuen denborarik galdu. Joana pozik zegoen ene laguntzeaz, hitzemana niolako ene azken ikerketa zela, gero, Atharratze gaineko Erratzü baserrian aterpetzeko, gure amodioa, gurbil eta aberats garatzen uzteko. Eta ez bakarrik amodioa, bizitza bere osotasunean baino: gutxirekin jardungo genuen, hitzak neurtuz eta samurtasun keinuak isilean biderkatuz. Hiritartasuna gure oinarrizko baserritar bihotzetan errotuko eta landuko genuen.

      Berehala heldu ginen eta Capbretongo Herriko Etxeko andere langileak gogo onez ekarri zizkidan errautsez perdukatu estatu zibileko kaierak. Zazpi urte lehenagoko irailaren 20a ostiral zuri bat zen. Arratsaldeko seietan egin zuten zeremonia. Katiminian. Gordeka. Hor ziren izen-deitura bakanak. Egiazko altxorra. Mugikorrarekin orrialde bakoitza hartu nuen argazkitan, premian, Maddiren amari erakusteko. Ahots goraz irakurtzeari ekin nion:

      — Marie-Cecile Kardaberatz, Baionan sortua, psikologoa ofizioz... Jason Moreau, Bordelen jaioa, nekazaria lanbidez... bikotea antza senarraren egoitzan kokatu zen... Maddi? Psikologoa? Ez nuen uste Pantxoak ironiaz errana egia izan zitekeenik. Baina, irudiz, hala zen, psikologoa. Ez zagon hoberik...

      Tua irentsi nuen.

      Ordenagailua erabiltzeko baimena galdatu nion udaletxeko langile patinatuari. Jason Moreau izena gugeltu nuen. Emaitzarik ez. Zorigaitzez. Galdua nintzen. Larry Pagek leize hegian uzten ninduen, erortzear. Bat-batean oroitu nintzen galernek astindu Eusa uhartetik kontaktatuko ninduela Nolwen Kergelen ene polizia-andrerik kuttunenak. Bai, badakit, euskaldun suhar eta zintzoak ez ditu horrelako hitzak baliatzen indar errepresiboetako kideez mintzatzeko. Errazue nahi duzuena, amodioak ekarri ninduen diskurtsoa errotik aldatzera. Damurik gabe. Ixo. Mezu bat bidali nion, Jason horrez bilaketak abia zitzala fitxategi ofizialetan. Eskerrak eman eta ez nintzen Capbretongo udaletxetik aterea, Nolwenen partetik baiezkoa jaso nuelarik. Bihotz bat zen... Ez nion deus erran Joanari, baina Marie-Cecile eta Jason aipatu nizkion, nahieran, detaileak asmatuz.

      Umore bipilean zegoen Joana. Biharamunean Lasturrera abian ginen biok, Dora eta Mangoren ezkontza ospatzera. Dora iparraldeko gure adiskideetatik zen eta Mango hegoaldekoa: amodiotan urtu zirenez geroztik mugarik ez zegoela murmuratzeko ohitura genuen. Doraren istorioa bederen ongi bukatzen zen. Alabaina, hogei urte zituen aurrenekoz senarra hartu zuelarik. Gizona, hasieran gozoa zen arren, aski laster gaizto eta bortitz agertu zen. Dora ikusten genuen, kolpez konkortua, izutua eta ohekidearen menpe amildua. Etxetik ihes egin eta solasean ari ginelarik honela erantzuten zigun:

      — Haurdun nintzen eta etxekoek, ohoreagatik, ezkontzera behartu ninduten. Baina haurra galdu nuen. Bikoteko estresarengatik, zioten medikuek. Karga mentala, badakizue... Ene senarrak gaizki hartu zuen. Urguilua zauritu banio bezala. Umiliatzen nau bere lagunen begietan, bizitza sozialetik baztertzen... ez dakit zer egin...

      — Ihes egizu, ez galdu istant bat ere!

      — Zato gurekin —erraten genion aho batez, baina kopeta apaltzen zuen, malko bat idortuz.

      — Ezin dut, edonon harrapatuko nau, hilko nauela errepikatu dit hainbatetan. Egingo duenez? Bai, egingo du, aitzakia beharrik gabe.

      Maddiren istorioarekiko parekotasunak bazituen Dorarenak. Baina Dora emazte pulpos eta maitagarri batekin uztartuko zen, happy end bat beraz. Maddi, bizkitartean, desagertua zen eta espero nuen bizirik zela nonbait oraindik. Zena zelakoa, asteburua Lasturren iraganen genuen. Maddiren destinoa ahantziko nuen, edo alderantziz, ez nuen besterik edukiko garunean dantzari.

      — Dora... gizon batekin zebilen eta dagoeneko emazte bat hartuko du bizi laguntzat... Bazauzu?

      — Amaia, ez erran haurkeriarik, badakizu bizitza ez dela zuria ala beltza, koloreak nahasten direla, ostadar perfektuetan bukatzeko.

      — Joana, ez nuen uste hain izpiritu zabala eta poetikoa zenuenik...

      Irriz lehertu ginen une berean.

      — Eta gu? Ezkonduko bagina?

      — Amaia!

      — Potentziala erabili dut. Ez dut baitezpada eredu heterosexualaren atzamarretara erortzeko gutizia izpirik: ezteiak, etxea, bi auto eta igerilekua.

      Algara ozenak Joanaren 4x4aren barnea nahastu zuen. Txantxetan ari ginen arraiki. Joanak erantsi zuen, sarkasmoz itoa:

      — Ereduari egokitzeko bide onean gaude! Erratzün ez zaigu askoz gehiagorik falta, zure hiru ordenagailuak kontuan hartu gabe, bistan dena.

      Arrazoia zuen. Beti bezala.

 

 

Ene bulego-logela pertsonalean entzerratu nintzen. Zerrailua bi inguruz giltzatu nuen. Joanak nire nahikundea errespetatuko zuen, Netflixen Fargoren hirugarren sasoiaren aitzinean iltzatua zelako jada. Eramangarria piztu nuen. Kasik berehala, arratsaldean hitzartu moduan, Nolwen ikus nezakeen pantailan, irriz eta zoriontsu:

      — Berriak baditut... ez da erraza izan...

      — Entzuten nago! Mintza!

      — Norbait bada nonbait desagertu zaion emazte baten bila ibiltzen dena. Bordele ondoko herri txiki bateko jendarmerian denuntzia bat pausatu du. Marie-Cecile baten izenean.

      — Zer da Marie-Cecile? Desagertua ala kereila egin duena?

      — Desagertua, naski...

      Hara, sugeak sugeari ausiki egiten ziola! Maddiren izen-deitura ofiziala halakoxea zen. Azken hamarkada hauetan, gutariko anitzek frantses ortografia eta santutegiko izenei uko egin eta gureak euskaldundu genituen arraiki. Bidenabar, nortasuna erabat aldatuz. Hainbat Amaia, Maddi, Patxi eta Josujon agertu zen euskal lurrean, aitzineko identitateekin loturarik ez zutela. Munduak egiazki bereiziak ziren. Azken hausnar-bala tiratu nuen nirekiko: ziur zen kereila egilea ez zela Xabi, are gutxiago Maddiren ama, argiki erran zidalako poliziarekin ez zuela harremanik nahi.

      — Bada Maddi bilatzen duenaren inguruko xehetasunik?

      — Agian bai.

      — Zer diozu?

      — Ez dakit ordea gizonezkoa ala emakumezkoa den... hori da... deitura baizik ez dut: Moreau. Labrit ingurukoa. Gehiagorik ez dugu...

      — Bide onean gabiltza, maitea! Moreau... Jason izan daiteke, Maddiren senarra. Edo senarraren familiako norbait. Xerkatzen segituko duzu?

      — Bertako hedexuriekin harremanetan jarri beharko dut, eta opilik gabe, ez naiz ausartzen!

      — Baina egingo duzu, niregatik...

      — Ageriko... zer emango didazu trukean?

      Irri barnekoiaz lehertu nintzen. Neska txiki baten gisa ihardesten zidan. Bihotza beraztu zitzaidan. Begiak heze nabaritu nituen:

      — Musu-truk... ez da gaizki.

      — Enez Eusara etorriko zarenean, espero dut ez duzula hitzemana ahantziko. Baina, pentsatzen hasten bagara, ohartuko gara, ardurenean, emazte baten bila ari dena gizona dela, non ez den bi gurasoetatik bat.

      — Moreau horren sexua eta izena argituko dituzula segur naiz.

      — Labrit herria Landetan da, ezta?

      — Bai, Bordeletik hiru ordu laurdenera, hegoalderantz.

      — Gaur, Amaia, ezin dut baina hemendik bi egunetara berriz kaptatuko zaitut sarean.

      — Musu-truk beraz?

      Klik ozen batez ezabatu zen Nolwenen begitarte amultsua. Pantaila beltzaren aurrean ttattit geratu nintzen. Iruditzen zitzaidan Creac’hko itsasargiaren maldako uhin salbaiak aditzen nituela marrumaz eta gauaren ilunpe izugarria urratzen zuen zirlinga itsuaren garrasiak. Ari nintzen ari, ttuku-ttuku, aitzina. Dora eta Mangoren ezteietatik landa, Labritera zuzenduko nintzen, Moreau izeneko norbaiten atzetik, oihanaren minean jardungo zukeen basapiztia baten moduan. Tematia nintzen, eta ez zen baitezpadako kalitate bat enekin. Kasko gogor, itsusi, mukizu, marimutiko, santsana, zozola eta horrelako izenlagun parrasta bat banuen ene bizitzan zehar hautemanik. Ez ninduen horrek arranguratzen, anitzetan konplimendu horiek merezi nituelako.

      Joanaren behatz potoloen klaska ozendu zen gelako bortan. Hurbildu nintzaion. Ahots sukratuz ari zen:

      — Zato afaltzera!

      — Banoa... —eman nion arrapostu, etbko telesailetan bezala, doinu nardatuago batekin berretsiz: banoala!

      — Bihar Lasturrera joateko zakuak prestatu behar ditugu. Erna zaitez, ez dut denborarik nik... Eta Fargo aiduru daukat...

      Mahaian plantatu nintzen. Zangoak luzaran. Joanak lursagarrez eta mihilu errez bete zidan platera. Eskerrik eman gabe hasi nintzen naka-naka jaten. Maite nuen emazteari begira, isilik, pasatutako egunaren bilduma negien: trenik goiztiarrenarekin Bordelera lehiatu nintzen, Xabiren pista funtsik gabea eta faltsua zela ohartzeko, berriz Xabirengana itzultzeko eta Capbretongo udaletxean bukatzeko. Gauza zenbait finkatu nituen hala ere, izen-deitura batzuk egiaztatu eta, Landen muinetan, herri bat neukan ikuskatzeko: Labrit. Noizbait, Aimar Olaizola jolasten mirestea espero nuen Iruñeko pilota plaza mitikoaren izen bera zen, Nafarroako Joana azken erreginarena. Kointzidentzia historiko eta poetiko distiratsuak gustatzen zitzaizkidan.

      Ametsaren xendra ebaki zidan Joanak.

      — Eta erran nahi nizun, ez dut errepikatuko, espero dut zure arma puta hori etxean utziko duzula! Bestela arazoak ukanen ditugu mugan. Nazkatzen nauzu zure Calamity Jane itxura mentsarekin, zangoak bulegoan eta pistola hatz erakuslean biribilka... beldurra eragiten didazu!

      — Lasai, bihotz, lasai, Sig Sauer hau ez da kargatua... Egia duzu, ez dut eramango, Lasturren, gainera, ase, edan eta lo baizik ez dugulako eginen! Ongi horrela?

      — Xarmanki...