Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

VIII

 

 

Ez nion eskapatzeko betarik utzi. Gibeletik hartu nuen eta ikusi ninduenean izialdurazko jauzi bat egin zuen:

      — Mentsa zara ala? Ez duzu kontuan hartzen adinekoa eta bihotz ahuleko emazte bat naizela...

      — Barkatu. Ez zintudan beldurtu nahi.

      — Helburua lortu duzu, ezin uka... mintza gaitezen gutxi, baina mintza gaitezen ongi: ene alabaren desagertzeaz zerbait berri ikasi duzu?

      — Goazen aterpera eta hitz egin dezagun lasai.

      Begitarte kezkatua luzatu zidan. Bere gorputz unatua dardaraz nabaritzen nuen, haize meharrean udaberriko hosto ahul baten antzera. Bere urratsa, atzetik, herrestan entzuten nuen. Tabernaren barnean, leiho ondoko mahai bat erakutsi nion. Bitxia zen: gal erakundeak, gerra likitsa deklaratu ziolarik euskal munduari, gure eskualdean eramaten zituen eraso morbidoen eraginez, beti, leihoaren maldan eta atearen saihetsean jartzen nintzen iparraldeko ostatuetan. Ohitura horiek ez nituen erraz galtzen. Joana Garraldak barregarri aurkitzen ninduen eta nitaz trufatzeaz ez zen sekula aspertzen. Egia erran garaiak aldatu ziren, bakeaz gozatzen ikasi ere genuen denborarekin.

      Kafeak manatu nituen. Elkarri so geratu ginen istant batez. Maddiren amaren muturra misterioz hantua nekusan: begiak zuloetan igerika jarraitzen nizkion, arrainenen pare, mugitzen ez zirela eta larrua arroila finez zimurtua zeukala. Hortz bi eskas zituen gaineko hezurrean eta ileak nahas zebilzkion, aurpegi biribila setiatzen. Sorgin bat zirudien. Eta hori ez zen hain ona, fama garbia atxiki nahi zuen batentzat. Ezpainak higitu zituen:

      — Zer atzeman duzu?

      — Maddiren adiskideekin egon naiz Baigorrin eta Baztango Azpilkuetan. Ez ziren aingeruak. Lizunkeria eta pornografia maite zuten, arraiki, erran nezake, merkatu galanta eraikiz hainbat urtez, Bordelen.

      — Errazu! Ez duzu eskubiderik! Gure haurrak ez ziren uzki-beroak! Nehondik ere ez! Fede kristauan heziak izan dira. Igande oroz meza eta asteazkenetan katixima. Banoa, ez dut gehiagoren entzuteko gogorik...

      — Zaude, zaude, anderea. Ez dut epaitzen. Ez zaitezela eskapa!

      — Zikinkeria isurtzen segitzeko ideiaz baldin bazara, ez dut hemen egoteko arrazoirik. Maialen eta Pantxoa jeloskor hutsak dira. Trunkilo parea! Urdeak! Zer ez lukete asmatuko Maddiren ospea iluntzeko?

      — Ho Pette ho! Emeki... ez zait irudi elkarren artean haserre zirenik... zure hitzek ez dute errealitatea finkatzen. Alderantziz. Uste dut konplize trinkoak zirela.

      — Gezurti hutsak dira. Eta bekaitzak.

      — Ez dakidan zer edo zer badakizu?

      Kopeta apaldu zuen. Ahalkez bezala. Minutuak eta minutuak eman zituen isilik, kikara hutsaren hegietan koilara inguruka kuzkatuz, bortuetako ardi zintzarrien soinuak imitatzeko. Ez nuen bildutasun artegaren dorpetasuna nahasi. Algoritmorik ez neukan emaztearen elasturia sustatzeko eta akuilatzeko. Igurikatu nuen. Arte horretan mugikorra jalgi nuen sakelatik: banku gosetiaren mezu bat neukan, Egunean Behin jokoaren notifikazioa partida egiteko eta Joanak, wasap bidez, Baionan zegoela jakinarazten zidan. Berria-ko aplikaziora joatear nengoen, Maddiren amak ahoa zabaldu zuenean:

      — Maddiren anaiarekin egon beharko zenuke...

      — Maddiren anaia? Ez didazu sekula zenik ere aipatu...

      — Xabi, Miarritzen bizi da. Gizon batekin. Jainkoak begira nazala! Zer egin diot Jainkoari horrelako haurrak munduratzeko?

      Histeriko jartzen ari zen. Eskuaz, ahotsa mendra zezan aholkatu nion. Taberna mukuru zegoen, bazkaltzera hurbildu bisitariz eta, etxera joan aitzin, trago bat edo beste zintzurreratzen zuten herritarrez. Bakarrek sudur gorri potoloak zeuzkaten. Ez nuen ezer ebazten. Ez ziren ene aferak. Gobernuak, nahi baldin bazuen, tabakoarekin bezala, berdin egin zezakeen alkoholarekin, prezioak emendatuz eta edatea osasunarentzat kaltegarria zela zioten publizitate kanpainak antolatuz. Baina ardozale eta egileen lobbyak indartsuak ziren, Euskal Herritik bertatik haste. Alkoholik saltzen ez baldin bazen, ez zen ikastolako haurren egunerokoa hobetzeko baliabiderik, are gutxiago mugimendu abertzalerik ere ez. Nik, halaber, ura hurrupatzen baldin banuen gaurkoan, ene ardo, garagardo, sagardo, txakolin eta Jameson markako whiski kantitateak sabeleratuak nituen. Barran zeudenei ez nien nik, beraz, erruduntasunaren harririk botako.

      — Bi gizon elkarrekin? Bazauzu?

      — Gertatzen diren gauzak dira, anderea. Ez dute nehor hil. Jendeak dira, kalma zaitez! Xabiren helbidea baduzu?

      — Itsas Museoaren aldameneko etxebizitza horietatik batean daude, bekatuan!

      — Internetekin aurkituko dut. Ez zaitezela arrangura. Zerbait erran behar diot zure partez atzemanen dudanean?

      — Ez, ez, ez... Utz nazazu orain...

      Zutitu zen, emakume lehertu baten moduan. Greziar tragedietako marmolezko pertsonaia bat zirudien, handios eta, aldi berean, amildua. Jantzi beltzek egunerokotasun ankerra azpimarratzen zioten: bi umeak, itxuraz, galduak zituen, bekatuan bizi bata, eta bestea desagertua edo hila, hiru hilabeteotan berririk eman gabe ziharduenez. Anderearen urrats astuna jarraitu nuen karrikara lehiatzen saiatu zenean, bisitari anonimoen saldoetan urtu zen arte. Aulkitik altxatzea erabaki nuen. Mugikorrari azken behako bat eman nion. Joana Garraldaren 4x4ko giltzekin jostatu nintzen. Pista bat gehiago banuen argitzeko, Maddiren anaia Xabirena. Autora zuzendu nintzen, hausnarrean, Errobi gaineko zubitik pasatzean pentsamenduak oro uretara aurtikitzen nituela: zer zen familia hori?

 

 

Euskal Herrian familia, sendia, sakratua zen. Tribua hitza erabiltzen ahalko genukeen. Abar anitzetakoak ziren familiak, belaunaldiz belaunaldi garatzen zirela, abarrez abar handitzen zihoala arbola genealogikoa. Narrazio finkoak eraikitzen ziren fikzioaren mugetan, hainbat biografiatako hutsuneak estaltzeko, eta harritzen ginen, ororen buru, noizbehinka elkarrekin biltzeko antolaturiko oturuntza erraldoietan arazo bitxiekiko kideak agertzean: baten bat, edanaren eraginez, gontzetatik erauzten zen, zernahi kontatzen hasteko, gertakizun gorde eta ilunenak plazaratuz, aho izkinan lerdea zeriola! Momentu ikusgarriak ziren. Momentu horiez baliatzen ziren bakarrak, urteak isilik geratu ondoren, aiten, anaien edo osaben partetik jasan eraso sexualak salatzeko. Intzestua eta bortxaketak agitzen baitziren, igande oroz, lerroan, mezara zihoazen euskal familia santuetan ere.

      Pentsamenduaren hariak Ortzaizeraino eraman ninduen. Baionako norabidean nintzen, udaberri goiztiar honetako euri lantzurda pean. Elizetako intsentsu usainak zapalkuntzarena irensten zuela irudikatzen nuen eta oroitu nintzen behialako lankide batek kontatu zidanaz:

      — Gazteak ginenean, terriblea zen neskatxa izatea! Etxean, gurasoak kanpoan zeudenean, Aljeriako gerratik zangoetatik paralesiatua itzuli osabak bere altzoan hartzen ninduen, arraileriaz bezala, eta esku lakarraz pottotta lardaskatzen zidan. Ezpainak ene papoan pausatzen zituen. Sentitzen nuen plazer likitsaz ahalke nintzen eta agian horregatik, gaur arte, ez nuen horretaz deus erran... Eskolako lagun batek halaber, azaldu zidan autoko gida-baimena ateratzeko kurtsoen denboran txofer-irakasle kuskuilatuak bere esku ibiltaria hanka-artera zuzentzen ziola, balakari zikin! Hark berdinki ahalkea sufritu zuen, asma dezakezunez.

      Antzeko istorioak harilkatzen zizkidan lagunak, geldirik gabe, #metoo traola agertu zen garaietan. Nihaur gogoratzen nintzen, Amikuze aldean, herriko bestak bukatzean izan zen bortxaketa oldeaz: gauaren azkena itxaroten zuten hemezortzi-hogei urteko harrapariek eta neskatxona bakartiak, bakartuak, igurikitzen zituzten pilota-plazaren gibelean. Egoera larria zen eta, une horietan, hobe zen ezagunak inguruan edukitzea. Eta ez zuen balio jendarmeriara kexuz hurbiltzea, irri karkara gordina askatuz, kereilarik hartu gabe, etxera bidaliko zintuztelako. Bortxaketaren hobenduna edo erruduna neskatxa baizik ez zen, aski zuen ez molde deigarrian janztea, aski zuen goizago etxeratzea, aski zuen ez ateratzea, aski zuen ez neska izatea... bazen beti arrazoi on bat gizonen indarkeriak kolpatua ez entzuteko, pairamen hori aintzakotzat ez hartzeko.

      Luhusoko bihurgunera heltzen ari nintzen, Joana Garralda maitaleari behin gertatu zitzaionak muinak inarrosi zizkidanean: Baionako ospitalean laido homofobikoak jasan zituen paziente zakar baten partetik. Ordu osoa iraun zuen erasoak, emakume mozkorrari artamenduak egiten zizkion denbora hots. Komisariara joatea aholkatu zion bere arduradunak eta han aurkitu zen, gizonezko polizia muturtu baten aitzinean, denuntzia pausatzeko, ez zuen gogorik eta hitz baten bihurgunean, pazientea atzerritarra zenez, funtzionarioak joera arrazista leporatu zion. Negarrez lehertu zen eta orduantxe konprenitu zuen telebistetako gaiari buruzko erreportajeetan ikusten zituen emazteek polizia-etxeetara salaketak egitera joaterakoan sufritutakoa.

      — Handik atera nintzen hautsia, umiliatua, ahalketua... badakizu, Amaia, ez naizela arrazista, badakizu, ezta?

      — Ba bai, badakit ongi... alta poliziak berak ez du kanpotarrekiko samurtasun eta errespetu famarik. Gauza jakina da. Egitura maskulino eta maskulinista horretan, ez da etorria emazte zaurituak, bortxatuak, zapalduak ulerkorki hartuak izanen diren eguna!

      Besarkadaz eta musuz lasaitu nuen ene bizikide xifritua.

      Kanbon nintzen jadanik. Maddiren irudiak kasko zokoa bete zidan. Desagertua, bere amaren arabera. Maddi, behar bezalako familia bateko alaba: zertan zebilen gizonak amainatzen, hasieran zuzenki eta beranduago, Bordelen, interneteko kilika.eus plataformaren bidez? Maialen, Pantxoa eta hiruren artean sortua zuten baliabidea, dirua erraz irabazteko, agian. Ez ziren lotsa, ez horixe... pantaila tarteko iruten zituzten sexu-harremanak. Egiazko sexu ekitaldiak baino, kasu honetan, distantziak hazitako fantasma uholde bat hantzea zen beren zeregina: desira sustatu, desira garatu eta bezeroa deitzen zutenaren banku-txartela sutan jarri. Pantxoaren aburuz, ederki lortzen zutena.

      Baionako sarrerak autoz hanpatuak ziren. Edozein tenoretan. Geldika aitzinatu nintzen, kasik Maubec karrikara iristeraino. Astia neukan kexatzeko eta gero ene gogoarekin baketzeko. Maddi non bide zegoen mila bider galdatzeko. Amak ez zidala dena kontatzen susmatzeko. Arratsaldean, Xabi anaia kitzikatuko nuen. Ahoan bilorik gabe. Halaber, aspaldian erabakia neukan, Nolwen Kergelen maitale ohiari deituko nion, ea Enez Eusatik ikusten ahal zuen Frantzia mailan ba ote zen desagertze esku-arrunten bat pausaturik. Betikoa zen: familiak desagertzea seinalatzen zuenean, poliziak edo jendarmeriak desagertuaren eskubideak azpimarratzen zituen, hemezortzi urtez gorakoek dretxoa bazuten naturaren minean urtzeko. Kopeta apal itzultzen ziren etxekoak, etsituak beraien erraietan, bazekitelarik kidea ez zela nahitara eta nahieran aldendu. Haur eta umeentzat, neurri batean, ezberdina zen, egitura berehala mugitzen zelako: eskerrak. Antza zenez, Maddi ez zen behatz potoloak murtxatzen zituen ñiñi bat. Nolwen Kergelen kuttunak, segur aski, arrapostu zehatza emango zidan.

      Unatua iritsi nintzen etxera. Joana Garralda ordenagailuko pantailaren aurrean zegoen, Itziar Ituñok distiraz argitzen zuen Netflixeko La Casa de Papel telesaila ikusten. Bizkar zakua mahaira aurtiki nuenean, ez zen mugitu ere egin. Irriz lehertu nintzen:

      — Hauxe ongietorria!

      — Zer uste dun?

      — Musurik ere ez daukan?

      Atzetik makurtuz, pott trinko, heze eta kasik etsitua utzi nion ezpainetan. So bustiaz behatu zidan. Baina ez zen pantailan zekusanetik urrundu. Arrazoia zuen. Atentzioa den mendrenean aldentzen baldin bazuen, Riok edo Berlinek egingo zituzten zakarkeriak huts eginen zituen. Ene gelara ernatu nintzen, Nolwenekin solastatzeko intimitate premia nuelako.

 

 

Borta giltzatu nuen: ez nindezala nehork traba! Ordenagailua piztu eta, Zoom bideo baliabidea akuilatu ondoren, Enez Eusa uhartean aurkitu nintzen, Nolwenen bulegoan, behiala maite nuenarekin bekoz beko:

      — Entzuten dituzu isla bretainiar honetako galernen xuxurlak?

      — Hemen dena lasai dago, eguzkia amultsu, haizea arin eta Ansoteko ordokiko txori hiritarrak kantari. Zeltiar aireak on egiten dizula dirudi, eder-ederra zara...

      Trugarez... milesker! Baina segur naiz ez nauzula nola naizen jakiteko deitzen? Tronpatzen naiz?

      — Harritzen naiz zein neurritaraino ezagutzen nauzun! Honatx, zerbitzu bat behar dut... ea esplikatzen naizen: emazte gazte baten bila nabil, bere amaren kontura. Hamar mila euroko diru aurrerapena egin dit, beraz ez dut huts egiteko eskubiderik...

      — Eta?

      — Ba, bon, hauxe: erraten ahal didazu, Frantzia mailan, ba ote den Maddi izeneko desagerturik, zehazkiago, norbait polizia-etxe batera lehiatu zenez, desagertu zelako, azken hiru hilabeteotan? Laguntzen ahal nauzu?

      — Zeren trukean?

      Irriz lehertu nintzen. Nolwen ez zen aldatu. Burumuinak karruskatu eta, bat-batean, Enez Eusara bisitaz joango nintzaiola erantzun nion. Gogoa are alegerago nabaritzen nuen.

      — Bikain! Leku handiosa da. Ez dut hemendik alde egiteko gutiziarik ere, nagusiek bilkuretara Brestera deitzen nautelarik, bihotza haustear daukat Penn Ar Bed konpainiako ontzian sartzean...

      — Noizko?

      — Zer?

      — Zure ikerketaren emaitzak...

      — Hemendik bi ordutara. Presatua zara ala?

      — Maite zaitut!

      — Amaia, ez ireki gure arteko zauri zizkolatsu hori! Utzi haurkeriak! Eskerrak arku atlantikoa hedatzen dela zure eta ene artean...

      Nolwenen irri algara entzun nuen. Erraiak inarrosi zizkidan. Nahasmendu emozionalaren sumendia iratzartzen nabari nezakeen nire baitan. Bretainiarra hitzeko emakumea zen, euskaldunok baino gehixeago agian, baina bekaitza arras. Oroitzen nintzen nola begiratzen zidan beste emazte batekin solastatzen nintzenean edo baten bat gozotasun apurrarekin aipatzen nionean. Autoan entzuten ari ginen Max Richterrek birmoldatu Vivaldiren diskoa birundaka aurtiki zidan behin. Lau Urtaroetako Negua zatiaren bigarren mugimenduak norbait gogora ekartzen zidala salatu niolako! Gauza batzuk ez nituen ulertzen, fin-fina ez nintzelarik ere, egia erran.

      Espero nuen Maddiren hatzak aurkituko zituela Nolwenek, ofizialki, poliziaren fitxategietan. Espero nuen, halaber, bere egunerokoan, emakumea maitatua izan zela eta horregatik senarra, edonor, atzetik ibiliko zitzaiola. Igurikitzea erabaki nuen, ohe gisa erabiltzen nuen kanapearen samurrean luzaturik. Egongelatik La Casa de Papel telesailaren harramantzak hautematen nituen, pairamen orroak, misil jaurtiketa eta tiro hotsak. Zertan ari zen humanitatea, errealitatean hain ankerra zen munduari krudeltasun eta indarkeria are haboro gehitzen bizieraren zirkulu birtualetan? Lurra lur zenetik hala izan zen gainera, mamuak, ingumak, tortura sotoak eta pandemia sinbolikoak asmatu ziren, hiltzeko oinarrizko temari aterabideak eskaintzeko. Sortzetik beretik pizten baitzen herioaren izua, ahultasunaren sentsazio itogarria, abandonuarena, eta uste zen beharbada, beldur birtualak gainditzen baldin baziren, prestago geundekeela errealitatean zartatuko ziren mehatxuen aitzinean. Infernurako joan-etorrian genbiltzan, baina aldi honetan, Ulisesekin ez bezala, egun argira gidatuko gintuen Tiresias itsurik ez zegoen.

      Ordenagailuaren soinu-txintxila entzun nuen. Nolwenen aurpegia zehaztu nuen, bihotza banbaka. Barre erakargarriak pantaila sutzen zidan:

      — Zerbait atzeman dut...

      — Hori, hori berri ona!

      — Akitania Berriko herri batean, beraien erraina eta andrearen desagertzea seinalatu omen dute ama-seme batzuek. Baina ez dut ez haien izen-deiturarik, ez eta haien zuzenbiderik. Bitxia da.

      — Jarraituko duzu ikertzen enetako?

      — Bai, kuttuna. Sarri arte.

      Sabelpea dardaraz ari zitzaidan eta izpiritua zutun neukan. Hara, zerbait bazen Frantziako Poliziaren artxiboetan, ez nintzen beraz fantasma baten atzetik ibilki. Maddiren amak erran zidan ez zuela Garazi aldeko jendarmeriak afera horretan sudurrik sar zezan desiratzen. Nolwenen agerpenen arabera, bazen beste norbait Maddiren gibeletik zebilena. Alhatu ondoko behien hausnar astun moduko batean sartu nintzen, nirekiko bakarrizketa elkorrean:

      — Gurutzatzen baldin baditut Maddiren amaren erranak eta Nolwenen partetik erdietsi indizeak, halaber, Azpilkuetako Maialen yoga irakaslearen eta Baigorriko Pantxoa dandyaren agerpenak, gelako leihoan, harreman sare moduko bat marraztu dezaket. Herenegun solastatu nuen emazte xifrituak ez ote dit kontatu alaba tipus-tapas ezkondu zitzaiola, ez zuela bestara joateko gonbitik ere ukan eta hilabetean behin eskuratzen zuen gutuna salbu, ez zeukala Maddiren berri zuzenik.

      Argitasun ttakak baziren ilunpe garratzean. Laburbilketa agudoa egin eta kanapetik altxatu nintzen. Ordenagailuan berriz xerkatu nuen Xabiren telefonoa, aurkitu eta deitu nion, hitzordu baten finkatzeko. Ordubete eman zidan. Tranbusarekin joango nintzen Miarritzera. Egongelatik pasatzean, konturatu nintzen La Casa de Papel berean ari zela, baina Joana Garralda lotan zegoela. Ez nuen iratzarri eta oin puntetan atera nintzen apartamentutik, txirla baten hondoan zeuden etxeko gakoak hartuz, axolagabe.

 

 

Irizar enpresak diseinaturiko Baionako autobus beltzarekin iritsi nintzen Miarritzeko udaletxearen atzeko plazara. Suge garraiolarian mugimendua bazen, betiko legez: alimaleko emazte puskak telefonoz erasiatzen zuen semea, postara diru bila joan eta hamar euro baizik ez zituelako eraiki.

      — Puta zikinak! Zer uste dute langile funtzionario kakatsu horiek, diru hori beraiena dela ala? Ikusiko dute hurbilduko natzaienean! Malurra barreiatuko dut beren artean! Odola isuriko da, masakre bat eraginen dut, ez dut huts eginen, redios...

      Eztul gordinez hausten zen bere erretzaile inpenitente ahotsa. Auzo batek eskua aho aitzinean ematea gomendatu zion, baina ondoan zeukan kidera bideratu zuen postariarentzat zen laido uhina:

      — Zerbait galdatzen dizut nik zuri? Beldurtzen nauzu? Zutaz bi ahamen egin eta porroskatzen zaitut! Untxi pitutsa! Isil zaitez, bestela...

      bab zentro komertzialeko geldialdian, autobuseko txoferra altxatu zen eta kanpo eman zuen emazte opulanta, bere herra eta haserrearekin. Iskanbilaren denboran mugitu ere ez zirenen belarriak urratu zituen bat-batean egin zen isiltasunak. Nik ere ez nuen keinurik egin. Kopeta apal geratu nintzen, alegia deus ez. Aitortuko dut ez nintzela sobera fida. Horrelakoak askotan gertatzen ziren garraio publikoetan; azken finean nobela bat izkiriatzeko mamia bazela iruditzen zitzaidan, humanitatez hanpatua, izerdiz itoa. Humanitatea, bere itzal eta argiekin!

      Xabi ikusi nuen urrunetik. Miarritzeko Bellevue kasinoaren ondoko parkean zegoen, prestuki jarria. Esku nagi batez Oteizaren burdinazko tailua ferekatzen zuen eta bestea ezkerreko belaunean zeukan. Obserbatu nuen: ile zurbilekiko gizon zohitua zen, handia, zardaia, so zohar batez itsasoari begira iltzatua. Karrika izkinatik jauzi egin eta bere aldamenean aurkitu nintzen, bostekoa luzaturik:

      — Hitzordua dugu, ezta?

      — Amaia Ezpeldoi baldin bazara, bai... Zertaz hitz egin behar dugu?

      — Maddiz...

      — Berririk gabe nago aspaldion, ez dakit zer gehiago erraten ahal dizudan, gure bideak bereizi ziren arreba ezkondu zen egunean...

      — Bere ezteietan zinen?

      Ahoa itxi zuen. Begia uhinetan zetxikan. Mekanikoki, Oteizaren Euskal Baserriari izeneko tailua balakatzen zuen, herdoilaren erresumatik salbamena etorriko balitzaio bezala. Gizona mutu zegoen bitartean, oroitu nintzen, 2018ko abendu gris batez, Macronen bisita eta G7aren antolakuntza salatzeko, zenbait hilabete lehenago desegin zen erakunde armatuaren omenez, horiz tindatu Gora eta eta g7: aizkorak zorroztu lema bitxiak irakurririk. Arte garaikideak ez zuela baitezpada errespeturik eskatzen pentsatzen nuen arren, Oteizaren obra bat lohitzea, arrazoi politikoengatik, ignorantzia kultural eta txikikeria hutsa iruditzen zitzaidan. Xabiren ahotsa hauteman nuen:

      — Espero nuen inoiz ez horrelakorik ezagutzea, norbait niregana hurbiltzea alegia, arrebaz galdezka.

      — Zuen amak erran dit hiru hilabeteotan ez zuela haren gutunik ukan...

      — Bizitza arraroa zeramala ezin uka. Neska sotila zen, bizia maite zuen izugarri. Bere hautuak ez ziren zuzenak izan, hori ez, gizonak zituen bilatzen, ikasketak ordaintzearen aitzakian, ele gordinez nerrake prostituitzen zela. Maialen eta Pantxoa lagunak ere ausart zituen bide horretan. Ez ziren lotsa. Ez nuen deus konprenitu arratsetik goizera ezkondu zenean. Familia ez zuen gonbidatu. Bitxi zen. Bahiketa ofizial bat ematen zuen, sektek bideratzen duten emprise edo esku-hartze bortitz baten ondorioa. Zoriontsu zirudien, baina ez zuen ihes egiteko ahalmen izpirik. Komentu larderiatsu batera sartuko balitz bezala. Konbertitu baten ibilerarekin. Sinetsezina zitzaidan.

      — Eta gero?

      — Ez nuen gehiago ikusi. Amarekin ere ez nuen harremanik, badakizu, gizonkoietatik naiz eta ez dit sekula barkatu. Kanpotik, sendi perfektuaren itxura eskaintzen dugu, baina afera xehekiago ikertzean, alderantziz dela ohartuko zinateke... zorri zaku bat gara, suge habia, koronabirusa zainart haziko lukeen saguzar multzoa...

      — Ez dut nehor jujatzen...

      — Ongi egiten duzu... burua kurruskaz ari naiz hor, zure aitzinean, eta bai, bazen gizon bat, Maddiren adiskidea zena, Maialen eta Pantxoaz aparte bistan dena. Serial hiltzaile begirada bat bazuela gogoratzen naiz eta bere gurasoak kalitzeagatik preso egona zen Paris aldean!

      — Izen-deiturak bazenituzke?

      — Famatua zen, adina bazuen, bai, Ethan Leyris deitzen zen eta Maddi ezkondu aurreko urteetan kartzelatik harreman telematikoa zeukaten biek, bere maneran bad boy guztiak bereganatzen zituelako arrebak. Ethan Leyrisek biziki gaizki hartu omen zuen Maddi eskapatuko zitzaiolako berria. Beharbada bere maitale ohia ohiltzeko helburua lortu du?

      — Zuzenbiderik badu gizon horrek?

      — Bordelen bizi da, zaude...

      Mugikorra jalgi zuen paltoko sakelatik eta Ethan Leyrisen telefono zenbakia eman zidan. Detektibe bati esker erdietsia zuela salatu zidan, baina susmoa neukan ez ote zituen berak ere gizon letal horren bilaketak abiatu, arreba ezkondu zitzaion udazken hartan bertan.

      — Justiziarik ez da. Gurasoak eta haurridea hiltzeagatik hamabost urte presondegi ukan eta pena murrizketarekin hamar egin zituen egiazki... Zazpi aldiz hamabi hilabete pasatu nituen nik itzalean etaren azpiegiturako kide izateagatik. Justizia al da hori?

      — Iritzi politikorik ez dut.

      — A bai, preseski, euskaldun txepel batzuk horrelakoak zarete, apolitikoak, apolitiko lakarrak. Koldarrak, malguak, aldakorrak. Zuengatik euskara eta euskal kultura galduko litezke, ez duzue kemenik, ahulak zarete...

      — Lasai, Xabi, biziko dira bai euskara eta euskal kultura, gu munduaren azaletik desagertuko garenean ere...

      Maddiren anaia elasturi txepel batean lerratzen zihoan. Ethan Leyrisen estakuruan, ene euskalduntasun flakoa leporatzen zidan, bere militante suhar bidea azpimarratuz. Ez nuen astirik, baina beha egon nintzaion, Xabik ere, askok bezala, etaren eta berunezko abertzaletasunaren garaiaren dolua egin behar zuelako:

      — Bagenekien orduan, zuzen, zergatik genuen hatsa hartzen, taldean genbiltzan, gora gu eta gutarrak oihukatuz ostatuetatik ilkitzean, eta prest ginen herriaren alde bizitza emateko, gutxi batzuek dena eman behar baitzuten gehiengoa, zure antzekoa hots, trankil ibiltzearren. Hegoaldeko anaiak laguntzen genituen muga pasatzetik apartamentu seguruak bilatzera eta haietatik zenbait gure etxeetan gerizatzera ere heltzen ginen, Frantziako Polizia hurbilegi zeukaten uneetan. Egunerokotasun pilpiratsua generaman. Adrenalinaz mukuru... horregatik giltzapetu ninduten 2006ko apirilaren bostean, kartzelako anaitasuna, bai hori, ez dudala egundainokoan parekorik dastatu, sufritzen genuen baina elkartasuna pil-pilean zegoen... orain aldiz...

      — Xabi, joan beharra naiz. Ez daukat denborarik galtzeko...

      — Eiii, uste duzu ene predikua entzun gabe eskapatuko zarela? Begira, orain... urte epikoak ahanzten ari gara, nehork ez ditu aipatzen, eta aipatzen direnean, huts handi eta erroreak bailiran plazaratzen dira, etarenak ez omen zuen sekula gertatu behar baina, maleruski, gertatu zen eta kontuan edukitzekoa dela iruditzen zait, presoak, errefuxiatuak eta gerra zikinen ondorioz erail burkideak hor dira, beti justizia eta libertate eske... gaur egun, zuek ez duzue kemenik, ez dakizue Euskal Herri hau merezi duen bezala maitatzen.

      — Bai jauna, baiki, baina banoa...

      Zutitu eta besotik lotu ninduen, zainetan. Askatzea lortu nuen eta, atzerako begiradarik gabe, Oteizaren altzairuaren eremutik aldendu nintzen. Banuen aski entzunik.

 

 

Baionarako bidean, sugea bezala isilik aitzinatzen zen T1 lineako autobusean, bi ardatz nituen ikertzeko. Batetik, Xabik errana bihikatzen nuen. Zorigaitzez, ez zidan Maddiren ingurukoek zekitenaz haragoko xehetasun askorik eman. Bestetik, alhatzeko bezala, Ethan Leyrisen izena bota zidan, bereganako amultsutasun gutxi zuela nabarmen utziz. Mugikorrean, gizon malefiko horren izena gugeltu nuen eta pantailan agertzen zitzaidana ez zen baitezpada agradagarria: bere familia kalitu zuen nerabezaroan eta, hamar urte presondegian eginik, libre atera zen, justu, amak Maddiren hatza galdu zuen garaian. Anaiak bazekien bere arrebarekin harremanetan izan zela, kartzelatik, internet dela medio. Hondar berrien arabera, Bordelen bizi zen, gizon prestu baten plantan, bera baino itxura askoz gazteagoko emazte baten konpainian.

      Bordelerako treneko billetea hartu nuen. Etxera zuzendu nintzen emeki, karrika izkinetan azken modan apaindu mutiko zutun zelatariak zehaztuz. Aiduru zeuden, ez nekien zeren... Bizpahiru urte bazen auzoko leku publiko zabaletatik neskak arras desagertu zirela edo azaltzen zirenean burutik oinetara beltzez belatuak ziren. Geruza sozialaren zamak hor ere indar erraldoia zeukan, familien arteko erran-merranek, nor zer eta nori nork baino gehiago. Mutiko horiek oro, gauaren atarian, elkar joka lehiatzen ziren, borrokari, poliziak ziztuan etorri artean. Txori txepelen gisa barreiatzen ziren gero.

      Joana Garraldaren hitz bat aurkitu nuen egongelako mahai apalean. Telebista pizturik abandonatu zuen, lagun batengana joateko. Nahi gabe agian. Ganberara ernatu nintzen, ordenagailua martxan eman eta autobusean abiatu ziber-ikerketarekin jarraitu nuen. Ethan Leyrisen telefonoa aurkitu eta deitu nion. Hitzordua biharamuneko finkatu genuen:

      — Ez dut ulertzen zer nahi didazun? Gizon prestua naiz gaur egun...

      — Dudarik ez dut. Zurekin hitz egin gogo nuke, besterik ez.