XVI
Herio mehatxuaren atzamarretan nengoen, hats hartzeko ahalmena neukan arren. Begiak, hondarrean, ilunari ohitu zitzaizkidan. Ez ninduen horrek sosegatu. Alderantziz. Beldurraren aho-hezurrak nire gainean ausikika nabaritzen nituen. Eta galdera, lantzinantea: nola izan nintzen harrapatua, kaiolatua, ni hain abila? Nork harrapatu ninduen? Nork zekien Piteier baserrira beharra nintzela? Edo hurbildu orduko norbaitek zelatatu ninduen? Ez nuen erantzunik. Espazioa eskuz haztatzen nuen. Brika gurintsuz inguratua nintzen. Sartzean konturatu nintzenez, guztia aluminio paperez estalia zen. Mahai kantoi batean kuzkatu nintzen. Minak plegarazi ninduen eta erori nintzen. Sudur zuloak emokatu zizkidan errautsak. Ez mugitzea erabaki nuen.
Zulo honetan ahantziko ninduten. Telefonoak ez zuen funtzionatzen, ez nuen gehiago Peio Elizalde eta Fernand ikerketa-lagunekiko harremanik. Galdu nintzela eta ihes egin nuela pentsatuko zuten. Ene bila abiatzeko ideiarik ez zuketen ukanen. Abandonatua sentitu nintzen eta uhin izoztu batek hormatu ninduen, hilotz. Neska txiki nintzen garairako itzulia egin nuen, berehala, eta halako antsia batek hantu zidan bihotza. Izuak malgortu ninduen.
— Ama! Ama! Ama!
— Bakea emadan, zer dun negarrez? Handia haiz orain! Idor itzan malko zikin horiek eta hoa muturra garbitzera...
— Bai, ama, banoa...
Burua apal urruntzen nintzen orduan, ahalketua, haur eskubideez desjabetua. Ez neukan norekin baketu, nork goxatu. Sukalde zokoko ilunpean jartzen nintzen, liburu bat eskuetan. Oroitzen nintzen hamar urteak konplitu arte beti liburu bera irakurtzen nuela: Walter Scotten Ivanhoe... nire egunerokotasunarekin deus ikustekorik ez zuen Eskoziako Erdi Aroko zaldun ausart baten itzaletik nenbilen. Ez nuen orduan negar egiteko indarrik ere. Oraingoan, zulo beltz honetan, ahul, debalde eta ahantzia nintzen bezala.
Banuen, beti, kasko zokoan iltzatua, abandonuaren gurutze latz hori. Min egiten zidan, adibidez, maitaleren batek uzten ninduenean, batere potretik eta arrazoi logikorik eman gabe. Askotan errepikatu zen eskema. Joana Garralda ezagutu arte. Aitor dut hondar hogeita hamar urteotan, gorabehera zenbait salbu, ez ginela beti bikote izan, ez horixe, andregaitzat kontsideratzen nuen emakumeak ume-izu horren menderatzen ikasten lagundu ninduela. Begiak ireki nituen, beltzaren sakona haztatzeko: bertan hilko nintzen, bakar-bakarrik, destino itsuaren altzo lakarrean. Izerdi hotz ttanttak lurreko errauts zikinarekin biltzen eta lokazten ziren. Hari berarekin josi nuen guztia: abandonuak bakartasuna bilbatzen eta hazten zuen, birla lehergarri bihurtzeraino.
Preseski, zintzurrean neukan birla hori. Harrek eta zizare malatsek ustiatzen zuten gorpuzkia nuen garunetan, Joana Garraldaren figurarekin aldizka. Batak suntsitzen ninduen, besteak sosegatzen. Zulo madarikatu honetara ekarri ninduen gertakari autonomoen kateaz ari nintzen pentsamenduka: Maddi, Marie-Cecile, bilatzen nuen emakumea hots, beharbada leku honetan preso eta gatibu egona zena... nork zekien? Maddi, sexu-gose, ausart eta handinahitsua. Bere burua saltzen zuen birtualki... aberasteko. Ezkontza ederra egin omen zuen, intimitatean, bertan egon ez zen amaren ohorea hantu zuena. Nengoen egoera latza jasaten laguntzen ninduen Maddiren malurrak irudikatzeak. Hala ere, ez nuen ulertzen nola atzeman ninduen, ninduten, eskapatzen jakin ez zuen birigarro enul baten manera errebesean!
Kotoizko pilota bat neukan eztarrian. Ez nuen inoiz bakartasunaz gaur bezainbat sufritu. Normalean erraz jasaten nuena, hor, ezin neurtuzko dolore baten pare, hedatzen zihoakidan molekula bilduen zabaleran. Zelula bakoitza garrasiaz entzuten nuen eta, eskua minak iraizten zuen lekura eramaten baldin banuen, erredurak nabaritzen nituen eta larru kiskalduaren usainak burua nahasten zidan. Ez nintzen fida. Bakartasunaren onurak preziatu nituen momentuak zerrendatzen nituen, nirekiko, erraiak baketu aldera. Irri karkara obszenoa askatu nuen oroitu nintzenean zenbatetaraino gozatu nuen ene bakartasun berriaz Tatxo izeneko neska-lagunak utzi ninduenean...
Irri algarak alta ez zidan bakartasun itsuak eragin izua ezabatzen, behialako kotoizko pilota trabes neukan kolkoan. Ez nezakeen pentsa arrazoi bidez, gogoeta hutsalaren puntan beti beldurraren harresia aurkitzen nuelako. Gela itxian, etzana nengoen, mugitu gabe, hilotz jadanik. Aski nuen herioaren urrina irudikatzea, lurreko ene ibilaldiaren azkena usnatzeko. Ardi trapatua nintzen, larruaren eta haragiaren artean buhaka, kanpoko azala iradokiko zidaten laster. Odoletan utziko ninduten eta ez nintzen salbatuko. Une hartan, mugikorreko bateria hutsa zela ohartzeko astia ukan nuen.
— Puta zikina!
Laidoaren desegokitasunaz konturatu nintzen. Putak ez ziren zikinak, aluak ere ez. Ohiturak likitsak ziren eta zin egin nion neure buruari, ataka gaitz honetatik bizirik ateratzen baldin banintzen, ez nuela gehiago horrelako irainik marmartuko.
— Mendea badin hemen haizela, zutituko haiz, hormak kuzkatu bitartean hara-hona ibiliko bahaiz ere.
On egin zidan egitekoak ahots goraz ahoskatzeak. Zainak dardaraz neuzkan, are gehiago etsipenaren mugetan, ene salbatzera inor ez zela etorriko errepikatzen nuelarik nire baitako. Baina ez ote zen denentzat berdin? Bizitzak aitzina eramaten genituen, eta zulo beltzaren hegian ginelarik, oreka nekaitzean, bagenekien ordura arte gurekin kalakan ausatu aingeru zaindariak ihes zihoazkigula, eta ez zigutela leizetik onik jalgitzeko aukerarik utziko. Guztion destinoa zen, ezta?
Bizkitartean, Peio Elizalde eta Fernand barrandari zebiltzan Piteier baserriaren inguruan, desagertu berri zitzaien Amaia Ezpeldoi detektibearen bila. Lurrak irentsi zuela ematen zuen. Hiru minutu lehenago elkarrekin ziren oraindik, iker bideak nondik nora eraman deliberatzear. Eta hara, ez zuten gehiago lagunaren hatzik. Kanguru jauzilarien moduan zebiltzan etxaldearen itzaletatik, begiak eta belarriak zabal-zabalik, baina deus, pilixkarik ez: non sartu ote zen beren etxeko anderea? Zer zen bakarrik aitzinatzeko behar itsu hori? Ez ote ziren talde bat? Hiruko bat? Ez zutena hori erabaki Aturri gaineko autopistako zubi gorriaren zutoinen maldako suaren berotasunean?
Arditegia eta oilategia, biak, hutsak ziren. Kakaila pikorrak zapata zoletan eta oilo lumak sorbaldan itsatsirik zeuzkaten, baserriko sukaldean sartzean. Pistola arautua atera eta lanpara txikiaz bazterrak argituz aurrera zihoan Peio Elizalde, urratsez urrats, polizia telesail amerikarretan bezala. Sukaldean: ezer ez, ezkaratzean: ezer ez, ostiko finkoz ganberetako ateak bulkatu zituen: ezer ez, hor ere. Non ziren jendeak? Alta, hemen, gizon bat, emazte adindu bat eta sei-zazpi urteko mutiko bat bizi ziren. Haien aztarnarik ez zegoen eta zerbitzu sekretuetan zohitu Peio Elizalderi egoera bitxia zitzaion. Ezkerreko eskua biloetara ekarri zuen eta kasko gaineko larrua karruskatzeari ekin zion, odoleraino kasik.
Baina min horrek ez zuen aterabiderik ematen. Bilatzen jarraitu behar zuen, behar zuten, Fernanden laguntza ere garrantzitsua zelako. Landetako herritar plaxenta, hain zuzen, ezkaratzeko borta apalean zegoen, hausnar laino batean galdua.
— Non dira etxe honetako jendeak?
— Ez dakit —erantzun zion Peiok—, autoak hemen dira. Ez daitezke urrun, zer diozu?
— Zepoa da agian?
— Tranpa? Uste duzu...
Galdera ez zuen bukatu Peiok, Fernanden gibelean, sasitzar bat higitzen zehaztu zuenean. Behatz erakuslea ahoaren aitzinean gurutzatu zuen, keinua lagunari luzatuz. Besoaz, besuinaz bestaldera pasatzeko abisua eman zion. Landestarrak hirurogeita hamalau urte zituen, baina oihaneko orkatz zainart bat zirudien, aldi berean zoli eta isil. Harrigarria zitzaion. Zelularra jalgi eta adinekoaren zenbakia marraztu zuen. Kontaktua bederen atxikiko zuten. Beste mugikor batetik Amaia Ezpeldoiri deitu zion milagarrenez, arraposturik gabe. Zer pasatzen zen? Egoera larria zen.
Sasia higitzen ikusten zuen. Haizerik gabe. Bazen norbait haren gibelean gordea. Horretaz ziur zegoen. Ardi bat izan zitekeen. Edo agian Jason Moreau. Fernanden ahotsa entzun zuen telefonoan:
— Begi bistan daukat...
— Nor?
— Piteierreko etxeko jauna edo Jose Camy, bilatzen ditugun birigarroak. Bietatik bat. Bizkarrez ikusten dut.
— Iguriki nazazu. Lanjerean jar zaitzakeen ezer ez egin, otoi, zaude beha, ongi egiten dakizun bezala...
Peio Elizaldek, japoniar samurai baten antzera, hatsa sakon hartu zuen. Huts egitea ez zitzaion zilegi. Pistola eskuan zetxikan, airea ebakitzeko eta bizitza salbatzeko ezpata zilarra bailitzan. Erroreak ez zuen humanoa izan behar, aldi honetan, are gutxiago. Fernandek Peioren boz xuxurlaria entzun zuen:
— Banago...
— Bai, zuregana heldu naiz, ikusten nauzu?
— Ikusten zaitut. Ederki.
Aldaketa egin orduko, ikaratzen nabaritu zuen sasiaren atzeko izakia. Bazekien norbait zeukala, nonbait, hurbilean. Peio ehiztaria zen eta dardara horiek haragian sentitzen zituen, bereak bailiran. Fernandi galdegin zion etxeko sarrera zaintzea. Eskakizuna egin baiko, iratze fura-fura arina hauteman zuen, eta gizon bat ihesean, konkortua eta, irudiz, biziki presatua. Saltoka zihoan, belar tustak eta lur mokorrak ekiditeko moduan. Belaunak airean ageri zen. Peiok abere izutuaren bihozkadak sumatzen zituen. Beldurraren izerdi urrintsua. Azken minutuetako ezinbesteko hatsanka. Harrapatuko zuen, harrapatuko zuela. Dudarik ez zeukan. Baina nor zen harrapatuko zuena?
Lurrezko bidezidor batera iritsi zen bere harrapakinaren atzetik. Berrogei metrotan zeukan. Lasterketaren abiadura biderkatu orduko, urteetako entrenamenduari esker, gorputzak ihardesten ziolako pozten zen Peio Elizalde. Makina bat zen, xendrako errautsean, burua huts eta aitzinean ihesean zebilkion mamua esku artean lehertzeko irrikaz. Distantzia laburtzen zihoakion. Gizakiaren usaina usna zezakeen. Besoa aski zuen luzatzea eta, sai lerdenaren pare, moko puntan zeukakeen.
— Geldi, gizon! Galdera zenbait egin nahi dizkizut, besterik ez. Nora duzu horrelako presa? Zaude, zaude...
— Ez dut deus gaizkirik egin...
Ahoaren ixteko astirik ez zuen ukan. Peio astun erori zitzaion gainera. Beso biak bizkarrera bihurtu zizkion, gizonkia dolorez orroaz ari zen bitartean. Fernandek garrasiak entzuten zituen, baina ez zen mugitzen, mugitu zena adineko emaztea izan zen: ezkaratzaren ilunpetik jalgi zen izutua, bilo gorriekiko mutikoa zeramala bere gona beltz eta lodiei loturik: aski zen ura sator zulora isurtzea eta satorrak oro jalgitzen ziren tarrapataz aire bila. Piteier baserri inguruan halaber. Fernand ama-haurrengana hurreratu zen. Elkar ezagutzen zutela ageri zen. Lehen begi bistan bertan, jabaldu ziren. Loiro kantoi batean zegoen mahaiko aulki batera eraman zituen, atseden har zezaten.
— Lasai, ez dizuegu minik egingo, egon hemen, higitu gabe...
Peio Elizaldek menderatu zuena belauniko zetxikan, tinko, eskuak buru gibelean gurutzaturik. Fernand harritu zen, horrelakorik ez zuelako sekula ikusi, salbu telebistako berrietan edo narko film zirraragarrietan. Peiok berea ongi egiten zekiela iritzi eta menean zeuzkan ama-haurrengana zuzendu zuen arreta. Egoera larrian zeuden eta Amaia Ezpeldoi, etxeko anderea, desagertua. Nondik zebilen? Izutu al zen? Zer gertatu zitzaion? Kezkatzen zihoan. Baina ez zuen deus erakusten eta sentsazio txarrak gordetzen saiatzen zen. Begia Peioren soinean itsatsia zeukan fermuki, istorio honen segida iragartzen saiatzeko.
Zerbitzu sekretuetako kidea berean tematzen zen, pentsamendu likitsek bere egikerak trabatzen utzi gabe. Keinu bat egin zion Fernandi, zaintzen zituen pertsonekin hurbiltzera gonbidatuz. Anartean, zutitzeko ordena eman zion eskumuturrak lotuak zituen gizonari, boz neutral batekin:
— Hara... zure nortasun ezaugarriak! Izen-deiturak hasteko!
— Abokatu bat nahi dut!
— Amets egizu, jauna, mintza zaitez lehenik, argiki. Ez naiz polizia eta zu ez zara ene presoa. Nehork ez daki hemen zer gertatzen den. Eta edozer gerta daiteke...
— Abokaturik gabe ez naiz mintzatuko...
— Hori, ageriko.
Mugikorra atera zuen sakelatik. Gizonaren argazkia aztertu eta irriz lehertu zen. Bazekien nor zuen aitzinean. Maisua zen, bortizkeriarik ez zuen baliatu. Norbait zen hala ere.
— Jason Moreau zara, pornografo handia, Jainkoaren aitzinean...
— Deus ez dakizu!
— Alderantziz, gauza asko dakit, zuk uste duzuna baino gehiago, katu-sagu joko horrekin aspertzen nauzu, ez zara hain abila: erradazu non datxikazun Amaia Ezpeldoi...
— Ez dezagut!
— Aditz trinko sobera, zintzoa izateko...
— Ez dudala ezagutzen!
Larritzen zihoan ordu laburra. Biolentzia erabili beharko zuen Peio Elizaldek Jason Moreau zitekeena mintzarazteko. Damutzen zen egiazki, baina besterik ezin: lehen kolpeak Jasonen matelezurra jo zuen, gizona oinetan trebukatu zen, bigarrenak urdaila zapaldu zion berehala, gizona plegatu zen kanabera ahul baten gisa, eta hirugarrena berriz aurpegian lehertu zitzaion, gizona lurrera aurtikiz, ogi zaku putzuka bailitzan.
— Eta orain? Mintzatuko zara, ezta?
— Ez dakit nor den Amaia Ezpeldoi andere hori!
— Bai zera, uste duzu mistifikatuko nauzula? Maddi edo Marie-Cecile zure emaztea aipatzen badizut, memoria agian harrotuko zaizu?
Lurrean zetzana urtu bezala zen. Landetako oihanean noizbehinka gurutzatzen ziren urmael beltz eta ilun horietatik bat zirudien. Hondorik gabekoa, benetako kloskoa, mamuz eta piztiaz habitatua. Putzu larri horretan aurkituko zituen Peiok bilatzen zituen erantzunak, eta lehena, Amaia Ezpeldoi gordea edo preso egon zitekeen tokiari buruzkoa. Hipotesiak anitzak ziren eta Jason Moreau misterioaren gakoa zen.
— Hitz egidazu Marie-Cecile zure emazteaz... eztei ederrak egin omen zenituzten?
— Bai, egia, dirua gastatu genuen eta, urtea urtu aurretik, alde egin zuen semea gurekin abandonaturik. Geroztik, ez dugu berririk. Ene ama axolatu da semeaz, eta ni sosa irabazten zinpurtu naiz familia aitzina ateratzeko.
— Istorioaren hari hunkigarria iruten badakizu, Jason... kontalari biziki ona zara!
Jasonek belar eta errautsak kendu zituen soinetik, berriz altxatu zenean. Fernand eta ama-semeak zeuden kantoira begiratu zuen. Etsitua. Ihes egiteko gogoa piztu zitzaion, baina arma baten meneko izanki, erabaki zuen hobe zuela mikorik ez higitzea. Bat-batean, irudi bereziz hantu zitzaion garuna, migraina jauzteraino: bideo erotikoak biltzen zituen Jose Camyren laguntzarekin, sarean salgai jartzeko; egunero bulegoetara lanera aspertzera eta gaizki tratatua izatera joan ordez, bizitza handiosa eramaten zutela ezin uka. Sedukzio indarraz harrapatu emazte deabrua eskapatu zitzaien arte... horixe, eskapatu zen, eta ez zuten gehiago haren berririk ukan, nehondik. Arraroa zitzaion: ez zen horrela desagertzen ahal, lurraren azaletik.
Ondoko segundoetan, Marie-Cecilerengana egin zuen bidearen laburpena zebilkion kasko zokoan baltsan. Kilika.eus gunearen erabiltzaile sutsua zen, konektatzen zen aldi oroz Maddi eskatzen zuen eta, pantaila espermaz ziliportatzen zuela oroitzean, berriz ere zakila gogor nabaritu zuen. Denbora pasatu ahala, bideo-konferentziazko hitzorduetatik landa, junta fisikoa egiaztatzea lortu zuen, hilabeteak amoinaka pasatu ondoren. Bordelen elkartu ziren Saint-Michel auzoko jatetxe herrikoi batean, italiarra zen, chianti spumante eta spaghetti al dente... neurri batean, ez zuen ulertzen une gozo haiek nola bilakatu ziren hain sordidoak. Non huts egin zuten? Nork huts egin zuen? Marie-Cecilek? Josek? Berak?
Amaren begitartearen tristura irakurri zuen, justu, pistola zeukan gizonak ahoa zabaldu zuenean:
— Orduan? Zertan ginen? Bai, zure emaztea genuen aipagai... erran duzu umea hemen utzirik joan zela: bere etxera itzuli zela uste duzu?
— Zer dakit nik?
— Bere amak xerkatzen du... Hiru hilabete hauetan ez du haren gutunik jaso, zerbait dakizu horretaz?
— Badu sei urte, semearen adina, eskapatu zela...
— Eta Amaia Ezpeldoi? Non daukazu?
Peio Elizaldek ohitura txarrak zeuzkan. Atxilotzen zuenari beso muturrak estu estekatzen zizkion eta sokaz aulki bati lotzen. Eskapatzeko tentazioak ezeztatzeko alabaina. Gerla ezberdinetan ikasiak zituen teknika bortitz horiek, baina pertsonaletik deus ez zeukaten. Begi bat atxikitzen zion, hala ere. Fernandengana hurbildu zen, jauzika:
— Eta hauek badute zerbait errateko?
— Mutikoa izutua da eta emaztea mutua. Zer nahi duzu horiekin egitea?
— Zirikatuko ditugu, urrikirik gabe.
— Baina ama-haur soilak dira! Ez duzu bihotzik ala?
Ez, Peio Elizaldek, Nolwen Kergelenen lagun minak, behialako haltzaren pare, ez zuen bihotzik. Lan bat bazuen egiteko, zehatza, eta jakin nahi zuen Amaia Ezpeldoi non zegoen. Ororen gainetik. Betazal kliska batez, bestaren hasierako joaldia eman zion Fernandi. Loiroaren kantoi batean zegoen ama adinduaren ondora jo zuen:
— Eta zuk, zer duzu kontatzeko?
— Ez dakit ezer.
— Familia honetan beste lelorik ez duzue ala? Zer agitu zitzaion Marie-Cecile edo Maddi gaizoari?
— Ez dakigu, umea munduratu eta ihes joan zen, geroztik berririk ez dugu. Zin degizut. Dakidan guztia da.
— Ziur? Dakizun hori guztia hain gutxi iruditzen zait...
Atorraren mahukak arrabiratu zituen. Izuaren uhina altxatzen nabaritu zen gatibuaren soan. Behartuko zituen, torturatuko ere komunki erraten zen bezala. Emazteak umearenganako geriza jestu bat egin zuen:
— Jauna, otoi, haurra ez hunki!
— Ez dut hunkiko jakin nahi dudana ematen badidazu. Marie-Cecilez hitz egidazu eta bakean utziko zaituztegu. Ez gara salbaiak. Jendeak gara, lasai. Fernand ezagutzen duzu betidanik, Labriteko herrikidea duzu...
Peiok mutiko izutuaren ilean pasatu zuen esku zapala, amultsuki. Haurra ikaratu zen. Erraz suma zezakeen lanjerean zela, sei urte soilik ukanagatik. Beharbada, indarkeria oldeak jasaten zituen etxean, amonaren eta aitaren partetik. Betikoa, badakizu, irakurle, haurrak hezi behar dira, zaflakoak eta ukabilkadak onak direlako beti, etorkizunean gazte prestu eta gizon plantako larderiaduna izateko. Idiak ere hezten ziren, gogorki, akuilu zizta eta orroka. Peiok pentsamendu zitalen bidea ahitu zuen, orainera eta errealitatera itzultzeko.
— Arren, emakume, ez da pasorik, mintza zaitez...
— Minik ez!
— Zuri, eskua.
Hitzari ekin zion, duda askorekin. Behereko ezpainaren dardarak ageri zitzaizkion. Ele bakoitzaren artean uzten zuen hutsuneak edozein aditzek baino erranahi handiagoa zukeen. Isiltasuna urrezkoa baldin bazen, zama ilunekoa ere izan zitekeen.
— Semeak eztei ederrak egin zituen eta bikotearen zoriona ikusgarria zen, Marie-Cecile haurdun suertatu zen bitartean. Ospakizun aire batek hartu zuen Piteier baserri hau, jakizu, ez genuen deusen faltarik. Jasonen adiskidea den Jose Camyk bestaren sua bazkatzen zuen etengabe... Errainak Garaziko familiari uko egin bezala zion, ez zuen harremanik nahi haiekin, influentzia txarra zutela errepikatzen zigun, bereziki ama egiazko sorgina zela, ez zioen besterik!
— Zergatik aldatu zen, orduan, haurdun zela jakin zuenean?
— Jason edateari eman zitzaion, biolentoa bilakatu zen. Lasaitzea aholkatzen nion, baina debaldetan. Neskatxak, egun oroz, bazuen uspel bat hemen, kaska aztarna bat hor, ez nuen ulertzen, amodioz ezkondu zirela uste nuelako...
— Ardia, otso larruz...
— Semearen haserrealdietan sartzen nintzenean, ni ere mehatxatzen ninduen. Ene kuskuan gordetzea zegokidan, besterik ez.
— Haurra munduratu, abandonatu eta desagertu zen beraz...
— Hori da.
— Nola esplikatzen duzu agitu zena?
Burua makurtu zuen. Umeari begiratu zion. Fernanden abagunean zegoen eta sosegatu zen nolabait. Etxe saihetseko leku bitxi batera luzatu zuen behatza:
— Jason han ezkutatzen zen, ate haren gibelean, bere penaz husteko. Bazeneki zenbat sufritu zuen, baina haurra hor genuen, doi batez kontsolatzeko. Umeak ama deitzen nau... baina bere amatxia naiz.
— Hauxe nahaspuloa mutiko horren garunean, arazoak ukanen ditu egia ikasiko duenean.
Emazteak erakusten zion etxe kantoira joatea galdatu zion Peiok Fernandi. Lur belartsuz estali ate antzeko bat bazegoen bertan. Amarekin hurreratu zen Peio:
— Zer dago borta honen atzean?
— Jasonen zuloa... etxean bada beste gela itsu bat. Debekatua zaiguna. Barbari bau bau piztiaren aterpea dela erraten diot Julien txikiari. Beldur da. Leku hori ez du batere maite...
Haurra negarrez hasi zen. Landetako oihan zoko horren isiltasun dorpea uhertu zuen oihuak. Fernandek zuloaren sarrera aztertu zuen eta Peiori garrasi egin zion:
— Leku berezi batean dagoen zerbaitekin irekitzen dela iruditzen zait. Sorginkeriarik ez da...
— Ederki. Jasoni eskatuko diot.
Bulta hartan bakean uzten zuten gizonaren aldamenera ernatu zen Peio. Papotik lotu zuen, bortitz.
— Borta hori zabalduko didazu, bestela kalitzen zaitut, zu eta zure familia, ez zait damutuko.
Lokian pausatu zion pistola, sokak askatzen zizkion bitartean. Gizonak, zuzenean, baserriko ezkaratzeko altzari elektriko batera eraman zuen eta bertan hormatu zen:
— Botoi gorria saka ezazu eta zabalduko da.
— Zergatik ez zuk?
Peiok galdatzen ziona egin zuen Jasonek, gaizkia egiten harrapatu mukizu bihurria bezain ahalke. Kanpoan zegoen Fernandek ate hidraulikoa altxatzen ikusi zuen, astiro-astiro, eta bertan, lurrean etzana, Amaia Ezpeldoi, katatonia egoera latz batean. Lasterka hurbildu zitzaion:
— Ezpeldoi anderea? Bizirik zara orduan? Iratzar zaitez...
— Nor zara? Non nago?
Lurrean eseri nintzen. Begiak torratu nituen baina ez nuen nehor ezagutzen. Nor zen esku ahurraz eztiki balakatzen ninduen adineko hori? Peio izeneko batek ur baso bat ekarri zidan eta handik gutxira, uste gabetarik bezala, Nolwen Kergelenen figura jazarri zitzaidan. Emakume maskaratu batek tentsioa hartu zidan, sukarra, eta zein egunetan ginen eskatu. Egunaz eta orduaz ez nintzen gogoratzen. Bost axola, iruditzen zitzaidalako urteak eta urteak pasatu nituela zerragia horren ilunpean:
— Bizirik naiz ala?
— Bai, Amaia, bizirik zara, baina ahul, hain ahul, alta hiru oren baino ez dituzu bertan pasatu. Sintoma bitxiak dituzu... imintzioak eta gorputzaren malgortasun hori...
— Eta?
— Txoke psikologiko bat jasan duzu, nabarmenki. Pausatu beharko zenuke. Ospitalera eramango zaitut, kontrolak eta azterketak egiteko... Sabresko osagarri etxeko langilea naiz, Fernanden adiskidea.
Ez nuen batere gutiziarik medikuen eskuetan geratzeko. Seinale txarra zen. Herioaren atarian ote nintzen? Agian ez zen hainbesterako ere, erantsi nuen enekiko, zuriz beztitu andere bikainari begira. Irri batez lasaitu ninduen:
— Egitekoa duzuna bukatzean etorri ene kontsultara, ikertuko zaitut. Tori nire karta...
Akize, Sabres eta Baionako bere bulegoen zuzenbideak irakurri nituen. Bat-batean errealitatera itzuli nintzen, lagunak ene kartzela tepua izan zen gela miatzen begiz jarraitzeko. Banekien zertarako nengoen toki izugarri eta arrotz honetan. Fernandek eta Peiok, argizaiolekin, hormetako aluminio estalkia iluminatzen zuten, ohe deseginak, pantaila eta kamera ugariak. Grabaketa estudio bat zen, dudarik gabe. Pornografia gogorra filmatzen zitekeen hemen, hard zeritzona, biolentoa, gerizarik gabea. Gelaren ingurua soaz haztatu nuen nik ere eta irudiek disgustua hazi zidaten, nahiz eta ez nintzen alor horretan herabeetatik.
usb giltza gotor batekin azaldu zitzaidan Peio. Motxilan zeraman ordenagailu txikia piztu eta bere kodea sartu zuen. Berehala itxura larriak azaldu ziren, zakilak eta aluak izerdi, gorputz tolestuak, pairamenez edo atseginez, ezin jakin, azoteak eta tortura tresnak airean, oihuak, intziriak, auhenak, hirunaka, binaka, taldeka. Pantailan ikusten nuenak ez zuen indiar Kama Sutrarekiko loturarik, are larriagoa zen, beltzagoa, hil ala bizikoa. Ohartzen nintzen neska eta mutiko aski gazteak zirela gidoi urineztatuaren arabera kameraren aitzinera zetozen pertsonak, estudianteak menturaz, behiala Maddi, Maialen eta Pantxoa bezala, ikasketak ordaintzeko diru adina irabaztearren.
Baina hor zegoen, Maddi hor zegoen, espermaz ito mihiseetan, behatza klitorian gora eta behera, masturbatzen, begiak oihal lilitsuz tapatuak zituela. Buru bat hurbiltzen zen sumendiaren bihotzera, mihi mamitsua luzatu eta emaztearen eskua baztertuz, milikatzeari ekin zion, falangatsu, goseti, inpudiko. Kamerak une guztiak gatibatzen zituen, beraz, Maddi eta milikariaz gain, beste norbait bazen.
— Jose, Maddi eta Jason...
— Hirukote diabolikoa —erantsi zidan Peiok, hobera nindoalako irri lasai bat ezpainetan.
— Joseren bila joan behar dugu. Baina uste dut berenaz jinen dela guregana, mendekatu nahiz. Amaren galdekatzeko astia har dezagun. Deitu ezazu Nolwen Kergelen...
— Gure laguna?
— Aldamenean neukan, lo-komatik esnatu naizenean. Ala agerinde hutsa zen?
Pozez hantu zitzaizkidan molekula guztiak, bozkarioa zurkaitz. Mugikorraren hotsa entzun nuen eta konturatu nintzen ehunka dei galdu banituela, haietatik asko Joana Garraldarenak. Maitasun olde berritzailea sentitu nuen igotzen, ihardukitzeko kemena: hirukote zatarra, eta amarekin beharbada, laukotea lokalizatu genuen, baina Maddi falta zitzaigun oraino. Urmael lerros eta infektatuan barna tematzekoak ginen...
Zer nuen buruko min puta hori?