Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

III

 

 

Biharamunean Baionako geltokira hurbildu nintzen zero azpiko tenperatura batekin, nerau horma-zutoin. Garazirako eguerdiko trena hartuko nuen eta tunelez tunel, oren bateko bidaiaren buruan, Donibanen aurkituko nintzen. Egia erran, autorik ere ez neukan, eta beribil premian nengoelarik Garralda andereari mailegatzen nion bere 4x4 erosoa. Hiritik atera behar nuenean, halatan, neurri batean, blokatua nintzen, trenak eta autobusak ez ziren beti erraz iragartzen eta hauen ordu kapritxosoen meneko nengoen erabat. Baina garraio publikoak estimatzen nituen, memoria sutzen zidatelako, erroten azantz eta auzoen musika zarata artean.

      Bezperakora itzuli nintzen. Ezki infusio bat prestatu eta ohera joatea erabaki nuen. Gauaren parte handia Joanarekin Skypez solasean higatu nuen. Ene misterioaren berri eman niolarik ez zen belarri prest plantan jarri, alderantziz. Kexatu zitzaidan, ez zuela horrek potretik, hitza jan nuela... Behialako dei bitxiaren giroa, ingurunea eta edukia aipatu nizkiolarik Joana kesotu zen, Zaraitzuko bere euskalki kuttuna baztertuz, ez zen seinale ona, ez nintzen fida:

      — Hitzeman zenidan detektibe lan zikin hori utziko zenuela! Zure hitza ala zakurraren eztul erlatsa... ez dut zugan konfiantzarik ukaiten ahal.

      — Ez larritu, maitea, badakizu nola den, nahi dut ikusi nor den deitu nauena, zer duen kontatzeko. Kuriositate hutsa da. Beharbada ez dut bere eskaintza onartuko...

      — Onartuko duzula, segur naiz, ez dakizu ezezkoan ihardukitzen. Zuzendu ezina zara. Ez eni erran hala ez denik. Elkar ezagutu ginenetik hogeita hamar urte badu orain zutik loak hartzeko istorioak harilkatzen dizkidazula...

      — Hainbeste?

      “Ospatu beharra dago” perpausak burumuina urratu zidan. Zenbat aldiz ez nuen entzun Goenkale telesail mitiko hartan, Leonorren, Maria Luisaren edo Kandidoren ahotsez. Ez nintzen nire erreferentziez sobera harro, erreplika kultuak nituen kasko zokoan dantzari, gehienak Goenkale, Cold Case eta Nit i Dia serie katalanetik idokiak. Isilik geratu nintzen, ez bainuen andregaia mindu nahi:

      — Trenez hurbilduko naiz Garazira —xuxurlatu nion—, autoz etorriko zara bertara zu? Otoi, kuttuna, otoi...

      — Bai, zure aiduru egongo naiz Santiagoko bidean...

      — Muak, muak!

      Aspertua zirudien. Maiteko nuen egundainokoan enekin hain izpiritu zabala zeukan Joana Garralda distiratsua. Iruditzen zitzaidan nehork ez ninduela sekula hainbeste maitatu, ene ama propioak ere ez. Ama zenaren ehortzetan, hain zuzen, Maiana izeba aho idorrak harrapatu ninduen izotz:

      — Jakin ezazu gauza bat: sortu zinenean zure ama ez zen poztu, kontrakoa, aurpegia histu zitzaion burubeltz munduratu zinelakoan eta ez nire alabaren pareko kaskozuri!

      — Zer diozu?

      Irri zakarrez lehertu nintzen orduan, Mendiko etxeko andere xaharrak kudeatzen zituen otoitzen marmarrak geldiaraziz. Doluak eragin malkoez gain, ni ere amaren dezepzio berdinaren ildoan urtzen hasi nintzen, saiatzen nintzela arratsalde guztian izeba hura ez gurutzatzen. Batzuetan ulertzen nuen, nahaspulo erraldoia zebilelako nire baitan, baina besteetan nire izaera miresteraino heltzen nintzen, bereziki aferak eta bizitza hondarrean, tematsu eta iraule gisa eramaten nuen moduagatik, bazterretik marmarikatzen zenaz axolatu gabe.

      Baina bego horretan.

 

 

Karroinak setiatu eguna zen. Lapurdiko paisaiak eder kausitzen nituen eguzki ahularen pean. Itsasun, Errobi ibaiko zubi herdoiletatik pasatu zen beti kenduko zutela aditzen ematen zuten trena. Luhusotik landa Iparla tontorra zehaztu nuen eta bihotza sosegatu zitzaidan Garazira heltzerakoan. Zeharkaldia eginik edozertarako prest nengoen. Hitzordurako tartea turismo apurraz beteko nuela erabaki nuen: oinez iritsi nintzen herriko plazara eta handik bisitariak ikusi nituen elkarri potretak ateratzen edo autoargazkiak egiten Errobi gaineko zubi famatutik.

      Misterio bat banuen argitzeko. Hausnar arin batean iragaten nintzen dendetako bitrina batetik bestera, plastikozko ardi txikiak, ilez egindako paltoak, gazta borobil galantak eta “xumonte” bixkotx espektakularrak begietsiz. Denbora astiro zihoakidala iruditzen zitzaidan, karrika nagusia borbor elkor batek itotzen zuen: negu minean izanagatik Garazin husten ziren hirugarren adinekoz hantu autobusak, udan baino urriago hala ere, baina baziren saldoak. Elizan sartzen ziren, saltokietan, oroitzapen kitxak erosten zituzten, Txinan edo Korean eginak, prezioak eztabaidatzen zituzten eta Baxenabarreko hiri nagusia beren marmarrez kartzelatzen zuten.

      Garateneko ostatuko terrazan kafetxo bat hurrupatu nuen. Aldameneko mahaian, hitzetatik Ezterenzubikoak zirela asma nezakeen bi gizon ari ziren eleka:

      — Eta bildotsak?

      — Ba, ongi joan dituxu, atzo hogeita lau eraman ditixugu kooperatibara. Tira ona dixie.

      — Gure gazteek ere gauza bera erraiten dikuxie. Aurten aferak ontsa biribilkatzen dituxu iduriz... eta bardako pilota partida?

      — Ikaragarria. Sosa galdu dixit. Ez erran koinatari, sutuko lukexu!

      Zapartaz lehertu ziren biak. Bat-batean haztatu ninduten soaz. Bazekiten arrotza nintzela. Begitartean iltzatua nukeen ikurra, emazte bat bakarrik kafetegiko eguteran, kanpotarra baizik ez zatekeen. Garaziko emakume eta neskatxek ohore gehiago zuten, ez ziren horrela erakusten, bereziki gizonezkoen esparru agerietan, nola ziren ostatuak, karrikak, plazak edo merkatu lekuak. Gizon elekarien begirada ez nuen luzaz jasan. Zutitu nintzen, zuzenka turismo bulegoaren atarira hurbiltzeko. Oraindik hutsik zegoen. Nire solaskidearen hatzik ez zen. Lasaitu nintzen eta itxaroten nengoen beste uneetan bezala Book of Mercy jalgi nuen bizkar zakutik, ingelesez trebatzeko.

      Orrialde horituekiko liburuko pasarteak nahieran irakurtzen nituen. Idazleak arima apokaliptikoa zuen eta ageri zen Talmudaren erabiltzaile ohitua zela. Parterik parte pentsamendua txirikordatzen zen, ilun eta argi aldi berean, eta baketzen ninduten ingelesezko Leonard Cohen zenaren hitzek. Beti liburu bera eskuetan bihurdikatzen ikusten ninduenean, nitaz trufatzen zen Joana Garralda.

      — Ez zu bestrik ala?

      — Kalitate/prezio harreman hoberena duen obra da.

      — Ba’zu arrazoi latza...

      Gure arteko joko lizun eta burlakoietara pasatzen ginenean, euskalkiei uztartzen gintzaizkien. Plazer bat zen, jolasaren erdian, ghost bilakatzen ari ziren sintaxietan barna galtzea, eleari sapa emateko, corpusak iratzarrarazteko, Euskara Batuaren Eskuliburua aldamenean edukitzea edo, sabelpeak ausikika harrotzeari ekiten genionean, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologiko mardularen gainean bermatzea. Ez nekien erraten nondik genituen liburu horiek, ez baikenuen euskaltzainik ezagutzen eta euskararen ikerketaren mundua ez zelako arras gurea. Irri zozo batek zirrimarratu zidan ezpain izkina. Garaziko herriaren bihotzean nintzen, bezperan deitu ninduen pertsona baten zain, abentura berrietarako prest.

      Zinez.

      Telefonoaren puntako ahotsaz gogoratzen nintzen. Boz sakona, hotza, mekanikoa. Larderiatsua. Ezinegona areagotu zidala aitortzekoa nuen. Ene etxe barneko segurtasuna zalantzan ematen zuela iruditu zitzaidan. Dardara nabaritu nuen a posteriori, baina lasaitzeko bezala, jende mutuen eta okupatuen erdian urtua, jargia zapal batean eseri nintzen, mugikorrez goraki mintzo zen emazte puska baten saihetsean:

      — Badakit Kevinek mila bostehun euro badituela bere kontuan, eta erran dit hamar euro baizik ez dituela hartzen ahal, nire mistifikatzen ari da, hatsa gezurra du, zer diozu?

      Ez bide zuen hizlariaren erantzuna aditzen, boza azkarki lodituz jarraitzen zuelako:

      — Ikusiko du, Donibane Lohizuneko bere egoitzako atean agertuko natzaiolarik, ene haserrearen dasta ukanen du orduan, eta beharko dit egia erran... zuk uste egia dela, hamar euro baizik ez dituela bankuan eraikitzen ahal?

      Ez nuen sekula jakingo.

 

 

Ametsetako lukainkak txirikordatzen ari nintzen, Garaziko eguzki ikaratiak begitartea balakatzen zidala. Betazalak apal. Sudur mazela uzkur. Matelak sutan. Negu betean geunden. Laino eta distira artean higatzen ziren egunak, aspertuak, nagitsu. Inguruko mendi kaskoak elurrez zeuden, azal zuri arin batez jantzirik, beroketa klimatikoaren erruz. Tenperaturak, negu minean, ez ziren gehiago zero azpira sekula jaisten, natura erotzen ari zela nabarmenki, muskilak jazartzen ziren urtats gauean eta hegaztiak noraezean desbideratzen otsaileko zurrunbiloetan. Pentsu debaldetan barreiatzen nindoan, kolpe pisua hartu nuelarik ezkerreko sorbaldan. Soa bihurdikatu nuen eta ahur zatar bat sumatu. Eskularruak urrin zizkolatsua zeukan. Botatzear nengoen: ene solaskidea zena?

      Inguratu nintzen arras. Hortzik gabeko aurpegia zehaztu nuen, molde zaharreko betaurrekoz apaindua, zimurrak eta bizitzak utzitako tatxak gordetzeko adina. Traka urriko emaztea, hala baitzen, trapuz jantzia zen, biltzen zuen zigarreta bat zeukan ezpain izkinetan, baina urguilu hantu larderia batez zegokidan beha. Haren ustez ez nuen pilixkarik ere balio. Ohitua nintzen. Ene baitako sineste ahalmen guztia metatu eta aitzinean, zohar, bermatu nintzaion:

      — Zuk nauzu deitu barda?

      — Bai... Arazorik ala?

      Kikiltzear egon nintzen. Andere txarpoilak izugarria zirudien. Ahotsak berak zirrara hazi zidan bizkarrezurrean gora. Ohartu bide zen, bortitzean jarraitzen baldin bazuen, elkarrizketa honen bideari uko egingo niola. Eztitu zen:

      — Amaia Ezpeldoi zara, ezta?

      — Zure zerbitzuko.

      — Hori gero ageriko... lehendabizi mintza gaitezen zuzen eta argiki... altxa ezazu buru hori... hainbesteko nazka eragiten al dizut?

      — Ez, ez da nazka, lanerako kontzentrazioa baizik.

      — Goazen leku trankilago batera. Plaza betea ez da egokia aipatuko dizudana azaltzeko.

      Ahurraz bulkatu ninduen eta karrika nagusia trebesatuz, eliza kantoitik lerratuz, harresietako harmaila batzuen oinetara iritsi ginen. Igotzen hasi eta berehala halako harrizko borobil batean gelditzeko keinua egin zidan. Leiho hertsitik, Errobi ibaia eta argazkilarien leku preziatua zen zubia ikusten ziren beherean. Eskualdeko hipermerkatu ospetsu baten izenaz markatu zaku batetik kanpineko bi aulki jalgi zituen. Ireki nituen biak, emazte zohitua laguntzeko. Ibilaldi osoan isilik egona zen. Trapuz apaindu emaztea hatsanka zebilen, zainetan bezala. Egokiro jarria zela iritzi zuenean, zigarretak horitu behatz erakuslea luzatu zidan:

      — Hemendik at, entzun nazazu ongi, ez dut errepikatuko.

      — Mugikorrarekin grabatzen ahal dut?

      — Mentsa zara ala? Idatzirik eta grabaketarik ez. Ahozkoa soilik. Besterik ez dizut zilegituko. Ulertu?

      Hutsean atzeman haur mukizu baten antzera sentitu nintzen. Alta aitzina behar nuen. Erraietan ustez neukan indarra borobildu eta nik ere ekin nion, boza kemenez hantuz:

      — Hara, zein da zure problema? Denbora gutxi dut. Goazen harira. Eta hasteko erradazu zenbat diru idokitzeko prest zauden afera honen argitzeko. Sosarena trenka dezagun behingoz...

      — Ho Pette ho... orgak idien aurretik jartzeko duzun ohitura likits hori... trankil. Lasai. Horretara noa... ez zaitezela hain presatua izan, neska!

      Aho zokoa erakutsi zidan. Gingilaren balantza antzematen nion zintzur zokoan eta erraiak nahasi zitzaizkidan. Ez nintzen ongi, baina dirua maite nuenez, jada interesatua nintzen. Parean neukan mamu-parpaila hitz egiten hasi zen eta ez nuen luzaroan haren elasturia ebaki:

      — Deitu zaitut... laguntza behar dudalako. Arazo larria badugu... guk, familiak... utz nazazu esplika diezazudan. Alaba bat banuen, Maddi zuen izena eta haren berririk ez dut hondar hilabeteotan... orain arte, lau asteetatik behin, gutun bat eskuratzen nuen, makinaz izkiriatua, ez baitakit zein lekutatik postatua! Bazauzu! Arranguratua naiz osoki. Segur naiz zerbait gertatu zaiola...

      — Zergatik ez zoaz polizia-etxera? Maddiren bilaketa haien lana da. Nik ardiak, behiak eta ostatuetatik bueltan, gas-hodietan mozkorrik galtzen diren zaharkilak ditut bilatzen eta aurkitzen... zeronek erran didazu.

      — Zaude isilik!

 

 

Kopeta makurtu nuen. Emaztearen kexuak hormatu ninduen. Begi izkinan dilinda zegokion malkoa zehaztu nion. Denbora gelditu zen, fosildu. Akuilatu nuen, jarrai zezan, eleak aska zitzan, hor geunden mintzatzeko eta ez elkarri begira geratzeko:

      — Neskato gozoa zen Maddi, ene alaba maitea. Bizi-bizia eta abila. Denak jakin nahi zituen. Oroitzen naiz hiru urte bete zituenean, haurrak nola egiten ziren galdegin zidala eta ni afruntatua, ezin erantzun! Eskolan aise ari zen, nahi zuena ikasten zuen, aski zuela behin aditzea edo bietan irakurtzea, buru zokoan gelditzen zitzaion ikasia oro. Irakasleek erraten zidaten ez zutela nehoiz horrelako fenomenorik ezagutu. Eta ni harro, gure etxean izpiritu hain argirik ez zelako sekula agertu... Eskolan zelarik, bere logelara joaten nintzen, liburu apalen aitzinean ametsetan galtzeko: bazen hauta, bazen alha, bazen bazka... hunkidura epel batek kateztatzen ninduela aitor dut. Urguilutan urtzear nengoen gela ilun hartan sartzen nintzen aldi oroz, batetik debekatua zitzaidan mundu batean nengoelako eta bestetik alabak misterio uhergarri zerbait ekartzen zuelako gure artera...

      Emaztearen zirrara palpagarri zitzaidan. Bere erranak ahalik xehekien memorizatzeko lanetan hertsatzen nintzen, grabatzeko edo ene kaier txikian notak hartzeko eskubiderik ez zidalako eman.

      — Bizitzako urrats guztietan goiztiarra izan da, eskolan bistan dena, bai eta mutikoekin nerabezaro nahasi hartan. Gau oroz ateratzen zen, anaiak konpondua zion scooter zurbilarekin, lanjera maite zuela ezin uka, ezen gauaren minean kaskorik gabe ibiltzen baitzen, hedexurien eta gurasoen gordean... Behin, senarrarekin erabaki genuen ganberan giltzapetzea baina, zer den irudimena bestenaz!, mihiseak txirikordatuz soka bat moldatu eta leihotik ihes egin zuen. Ezinegona zuen, zainetan eta odolean.      Ez genuen deus egiten ahal, anaia zaharragoaren gomendioan utzi arren... Unibertsitatera joan zen eta han egiazki nahi zuena egin zezakeen, besta, drogak dasta eta gizonezkoekin arraiki ibili. Jakin ezazu profitatzen zuela, profitatzen zuenez! Ttapoeneko Elena ere Bordelen zen denbora haietan eta zurrumurruak hedatzen zituen herrian: kontatzen zuenaren arabera gure Maddi eskort-neska lanetan ari zen, ilunpeak hiria setiatu orduko. Sinetsezina enetako. Bihurria zen baina bere gorputzaren errespetua zeukan, ez zuen lau arditen trukean edonori salduko, ez horixe! Ez zigun sekula zentimorik galdatu ikasketak ordaintzeko...

      Isilune baten ondotik enborrari aizkoraka jarraitu zuen:

      — Ez dakit zer ikasten zuen unibertsitatean, badakizu, gu jende ezjakinak gara, ez dugu deus konprenitzen horrelakoetan! Zena zelakoa, ongi zela errepikatzen zigun, gozoki mintzo zitzaigun, bere lagunekin erabiltzen zuen zuka handia abandonatuz, gurekin xuka aritzeko... gure artean ederki zebilelako seinale... zer deritzozu? Zergatik ez digu gehiago idazten? Zerbait gertatu zaio? Ala bere baserritar erroak ukatzen ditu? Beharbada ez gaitu ikusi nahi, gizon aberats eta eskolatu batekin handizki ezkondu zelako? Zer diozu zuk? Zertako zaude satorra bezain mutu? Errazu zerbait... Non dago Maddi? Non dago ene alaba maitea?

      Hitzik ez nuen errun eta zalantzak ezpainak oilo-ipurdi gisa borobiltzen zizkidan. Ahurraz inarrosi ninduen. Bulkatu, elea aska nezan, zer edo zer ahoskatzeko, isiltasun pisuak giroa lehertzen zuelako. Harresietako dorreko harmailetan gora jende hatsantuak bazebiltzan, gaineko gazteluko lautadara heltzeko presaz. Ez ziguten begirik botatzen, izango ez bagina bezala. Emazteak harrien kontra tinkatzen ninduen. Sentitzen nuen ez zuela bere kontakizuna bukatua. Birformulatu nuen, hiru eurotako psikologo trakets baten antzera:

      — Eta orduan?

      — Bitxikeria bat agitu zen duela zazpi bat urte. Soldadu saldo bat etorri zen gure herrira maniobrak egitera. Cecile haietarik batez amorostu zen...

      — Nor da Cecile ?

      — Ez dizut erran, ala, Maddi Cecile ere deitzen zela paperetan? Barkatu, ahantzi dut... ez da estonagarri nahasmendu hauekin guztiekin burua arrunt pekoz gora edukitzea... segi dezaket?

      — Bai, anderea, segi dezakezu...

      Sortzear zeukan malkoa idortu zuen esku-gibelaz, aski zakar:

      — Amorostu bazen, betiko amorostu zen gure neska ausarta. Gauez eta egunez ibiltzen zen herriko sasietan barna bere ofizieraren konpainian. Jendea hasi zen erran-merranka. Ez genekien non ezkuta. Hondarrean, biak etorri zitzaizkigun etxera, elkarrekin bizitzen plantatuko zirela, mutikoak Landetan zeukan etxe batean, zaldiak hazteko eta hezteko. Erabakia hartua zuten, guk ez genuen deus eransteko betarik ukan. Alabaren zoriona lehen, pentsatu nuen, zer egin behar dut, ez dut ezkaratz zokoan estekatzen ahal! Adina zuen, txertatua zen eta menturaz bazekien zer egingo zukeen... Handik gutxira eztei argazki bat heldu zitzaigun postaz. Bikotea hor zegoen, irria ezpainetan, arropa karioz jantzia, lore sorta erraldoiak oinetan. Ekarri dizut, aspaldikoa baldin bada ere. So egiozu, zein ederra zen Maddi, bere begi bizi eta ile horiekin. Ez nuke imajinatu nahi norbaitek min egin diola, zerbait latz gertatu zaiola edo lur hotzaren azpian hilik dagoela! Hipotesiak oro kontuan hartzekoak, ez?

      — Telesail amerikarretan hala da bai...

      — Nitaz trufatzen zara ala?

      — Ez, bakarrik, jakin gabe, ez garela mintzatzen ahal istripu bat agitu balitz bezala. Maddiren zuzenbidea baduzu?

      — Nondik? Ez didate sekulan eman, Landetan dira nonbait... satiro edo maniako sexual baten eskuetara erori balitz? Amesgaiztoak egiten ditut eta loa ihes dabilkit.

      — Zergatik deitu nauzu?

      — Hauxe ttettelina...

 

 

Argi zegoen. Bere alaba bilatzeko ekarrarazi ninduen Donibane Garaziko harresietako gune zokoratu honetara. Onartuko nuen ala ez, hor zetzan koxka. Mintzatzen utziko nuen oraindik. Eta bereziki ene lanen ordaintzeko eskainiko zidan diruaz. Ez zuen gaia oraino aipatua. Sosarena garrantzitsua zen niretzat, langabezia zuhurrean nintzelako eta deabruaren buztan lakarra zafrari nabaritzen nuelako ene egunerokotasunean. Ez neukan gehiago aski nire bizibide arruntaren ziurtatzeko. Pobreziaren mailan nintzen, miseriaren atarian. Joana Garraldaren pentsioari esker, muturra zepotik at atxikiko nukeen.

      Emaztea, Maddi gaizoaren ama, fermuki so geratu zitzaidan. Arrapostu baten aiduru. Ez nuen hitzik erran, diruarena argitzen ez zuen bitartean. Ausartu nintzen:

      — Ikertuko dut zure afera, baina ordaindu beharko nauzu, ausarki gainera...

      — Ez zaitezela kezka. Gutun azala hemen dut, bostehun euroko hogei billete arrosekin.

      — Asko da...

      — Sobera?

      — Ez, ez dut horrelakorik erran.

      Trapuen azpira eraman zuen eskua. Lurraren magmaraino luzatzen zuela zirudien. Bihotza zirikatzen zukeen. Zoko mutxitu hartatik kafez tatxatu gutun potoloa atera zidan.

      — Hortxe. Kontatu. Nehork ez gaitu ikusten hemen. Arren, erna zaitez, ez dut astirik galtzeko...

      Behatz punta tuaz busti nuen eta, ohitura banu bezala, hogei billeteak berehala zenbatu nituen. Hamar mila euro bazen urtebete deus egin gabe bizitzeko adina, bereziki decreixent bilakatua nintzenez geroztik. Ez nintzen inoiz diruaz axolatu, lanaren kostuz etortzen zitzaidan pirta-pirtaka, baina orain, zahartzen ari nintzela, arazoa bihurtzen zihoakidan. Oroitzen nintzen gure auzoko Batita Eiheraz, bi Mundu Gerretan parte hartu zuen, Hamalaukoan doietatik salbatu zen; bigarrenekoan, Maginot linea defenditzen ari zela, preso hartu zuten alemanek eta Bavaria eskualdeko baserri batean iragan zuen gerra garaia, azken aldera lagun frantses batzuekin ihesari eman zen arte. Kartierreko laborari etxe handi batean higatu zen mutil, jan eta lo-leku trukean, selauruan ohatzen baldin bazen ere. Erretretara iritsi zenean, Caporal tabako grisez bildu zigarreta ezpainetan, espantuz zebilen:

      — Bizi guztia pobre higatu, aberats finitzeko!

      Ingurukoak irriz lehertzen zitzaizkion eta baten batek ardo gorri mikatzez arradatzen zituen basoak. Batita zenaren egoeran nintzen ni neu ere dagoeneko. Emaztearen sosa ongi zetorkidan. Bizkarrean neraman zakutxoan ezkutatu nuen gutuna, gutunean sartu zuen behialako Maddiren eztei argazkiarekin batera. Ene telefonoak jo zuen. Adineko andrea sugegorria bailitzan bermatu zen, begi-niniak sutan:

      — Zer? Grabatu duzu ala?

      — Ez, ez, emaztekia. Ene lagunaren deia da. Garazira dator...

      — Emadazu tresna zikin hori!

      Eskutik hartu zidan eta kexuaren kexuaz lurrera aurtiki, koleraz zangopilatu aitzin. Nire baliabide baliosa pusketan ikusi nuen. Pena larri batek kateztatu ninduen, urrutizkinaren erraietan bizitza osoa netxikalako, kontaktuak, argazkiak, orrialde beroak, egunkarien sarrerak, meditatzeko aplikazioak... Hainbeste indarkeriaren aurrean mututu nintzen, harritua, horrelakorik posible al zen galdezka. Bizkarra eman zidan, alde egin zuen harresietan geneukan aizolbe hotzetik arropak boleran. Harmailak klaskaraziz jaitsi zen bideraino, eta ni haren atzetik, astiro, erortzeko beldurrez. Burua itzulikatuz eta ahapez kasik, “elkartuko gara, zure berriak hartuko ditut, molde batez edo bestez, dena jakiten dut!”. Ahoa bete hortz abandonatu ninduen, zubi puntan, nora jo erabaki ezin. Urduri.

      Pista bihirik ez neukan bistakoa zenez. Ezer zehaztu gabe eskapatu zitzaidan emaztea. Ez zebilen agudoegi eta haren gibeletik jarraitzea deliberatu nuen galdera lauak egiteko. Parera heldu nintzaionean, jabaldua zirudien:

      — Zer nahi duzu oraino?

      — Maddik bazuen lagunik, eskolan edo unibertsitatean? Izen bat bazenuke, nondik hasi finka dezadan. Hatz bat. Detaile bat. Edozer. Eskertuko nuke.

      — Bazuen adiskide bat Baigorrin, Pantxoa, askotan ateratzen ziren elkarrekin, bestetara edo gaueko eginkizunetara. Garai batean eri zela entzun nuen. Pantxoa Hiribarne... beharbada bizirik da oraino.

      Begitartea zimurtu eta hertsatu zitzaion eta zanpa-zanpa urrundu zen nigandik. Tragedia horren oihalaren desiruteari ekiteko elementu bat baneukan bederen. Hortik abiatuko nintzen. Paltoko sakelan neukan bigarren mugikorra piztu nuen.

 

 

Garaziko karrikak jendez mukuru zeuden. Neguko eguzki zurbil batek argitzen zituen bazterrak. Soak halaber. Maddiren ama merkatu plazaren gainaldean urtzen jarraitu nuen. Bizkar zakua ahurraz panpatu nuen, dirua bertan zegoela ziurtatzeko. Herriko Etxe maldara jo nuen, Joanak han igurikatuko ninduela esperoan. Gazta, ardi larru, iledi eta bixkotx artean urratu nuen bidea, hirugarren adineko saldoak erdiz erdi moztuz, batzuen irainak jasanez:

      — Herritar hauek zeinen gaizki ikasiak diren, ez dute barkaturik marmartzen ere. Zer egin behar da euskaldun traputzarrokin? Dirua uzten diegu eta eskerrik ez dute!

      Madarikatze hitzak hegaldarazteko gogoa pizten zitzaidan. Baina isilik eta temati nindoan, egoeraz hausnarrean, Maddiren amaren pertsonaiaz pentsaketan eta inkestaren balizko nondik norakoak mentalki marrazten. Herriko Etxeko plaza autoz mukuru zegoen eta Joanarena begiz bilatu nuen. Debaldetan. Itxaroteko prestatu nintzen, hurbileko okindegian gateau basque puska bat erosi ondoren.

      Turismo bulegoaren hegoaldeko hormari berme nengoen, Joanaren 4x4 garbitu berria aparkatzen begietsi nuelarik. Zutitu eta autoaren aldamenera lehiatu nintzen. Gidariaren leihoan tokatu nion eta andregaiaren aurpegi distiratsuak irribarre are urrezkoagoa eskaini zidan. Erraiak sumendi neuzkan, beso-zangoak dindilaz, izpiritua airean eta bihotza jauzika, larrazkeneko oihanetan orein eta orkatz desbideratuen moduan. Kotxetik jalgi zenean mirakulua egiaztatu zitzaidan, ez nintzen bakarrik, nahiz eta ez nekien oraindik ikerketa hau nirekin eramatea onartuko zuen ala ez. Briu-brau ihardetsiko zidala, ez neukan duda izpirik.

      Bat-batean hor neukan, zutik, irriz, irudiz zoriontsu, Joana Garralda, maite nuen emakumea. Ileak zuri zituen, antzinako gorputz liraina tapalakatzen zihoakion, urte oroz zentimetro batez laburtzen bailitzan. Gerriondoak mardul zeuzkan, bularrak eroriak eta matelak, halaber, flako. Adinak markatzen gintuen guztiak, nire gorputzaren bilakaera propioa ikusten ez nuen arren. Amodioa ez ote zen itsua? Ez ote zihoan itxura fisikoez harago? Ez ote zen egoera zen bezala onartzeko bidea? Galderak ahitu zitzaizkidan, Garaziko herri bedeinkatuaren erdi-muinean, Joanaren ezpainak nireen gainean astun nabaritu nituenean.

      — Etorri zara?

      — Bai, deitzen nauzu eta etortzen naiz. Hain arraroa al da?

      — Ez, batere. Mila esker. Maite zaitut...

      — Ez zaitez erromantikoa jarri, ez dut horren beharrik —erran zuen Joanak begi luzeekin beha zegokion gizontto bat kokotsaz seinalatuz—. Hemen nago. Kontatuko didazu?

      Maddi aipatu nion. Desagertua zela edo, behintzat, bere amak hilabete hauetan ez zuela haren berririk. Pasaiako soldadu batekin eskapatu eta ezkondu zela zazpi-zortzi urte lehenago. Eskuan neukan Maddiren ezteietako argazkia hartu zidan bortizki:

      — Hau da?

      — Bai, Maddi da, zoriontsua eta aldi berean zoritxarrekoa. Baigorrira joateko zure autoaren beharra badut, non ez zaren zu ere enekin etortzen, duela hogeita hamar urte Zuberoako gasoduktuaren afera elkarrekin argitu genuenean bezala!

      — Erratzün ere norbait behar da.

      Arrazoia zuen. Baratzeaz eta etxezain egokiena zitekeen Txumi zakur gosetiaz arduratzekoa zen.

      — Har ezazu ene 4x4a, baina kasu bide horietan eta ez ahantz Dora eta Mangoren ezteietara gonbidatuak garela, Lasturrera, hiru egun barne. Aiduru egongo natzaizu zure Baionako apartamentuan.

      — Kartoiez mukuru dago.

      — Badakit.

      Ez zuen hitzik erantsi. Garaziko geltokira zuzendu zen, mendiko beribileko giltzak ene ahurrean pausatu baiko. Nahi baldin bazuen, gero, Baionatik Atharratzerako 811 autobusean sartzen ahal zen, Erratzüraino oinez itzultzeko. Bi euro soilen trukean.

      Ez nekien nondik has. Baina berriz ere bakarrik nintzen, dagoeneko on the road, egundainoko inguma zohituen gibeletik.