Franco hil zuten egunak
Franco hil zuten egunak
2016, narrazioak
256 orrialde
978-84-92468-91-1
Azaleko argazkia: Itzala (AHM fototeka)
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Irauntza

 

 

Ez du esan Zer egiten duzu horrela jantzita igandean edo Hori al da itxura zu bezalako gazteen artean modan dagoena edo Lotsa ematen didazu. Baina lotsatu egin da inondik ere, denak ez dira turistak hirian eta karrikan dabiltzanek, honezkero, antzemana izanen didate Adelaren semea naizela, Adelaren semea espaloian eskeko baten pare, Adelaren semea espaloian mozkor baten pare, Adelaren semea espaloian jonki baten pare. Eta inor ez da ausartzen noski amari galdetzen Aizu, barka ezazu, Adela, zer gertatu zaio zure semeari? Animoak ematen dizkiote, Zaindu zaitez Adela, Laguntzarik behar baduzu hementxe gauzkazu Adela, horrelakoak egun oroz igogailuan ezkaratzean dendan anbulatorioan. Edo ez. Interpretazioak baino ez dira, bada denbora puska bat ez ditudala aurpegiak identifikatzen ahal, gero eta jende gutiago ezagutzen dut. Hitz egiten dutena 75 itzuliko disko bat 33 itzulitan entzunen banu bezala iristen zait. Boladak izaten ditut. Uste dut oraino ez ditudala zeharo galdu gizakia izan nintzeneko arrastoak. Oroimena, adibidez. Eguzkitan ikusten dut nire burua, umetan, hankak zabal, gimnasia eginez beso luzaka eskuin eskua ezker oinaren puntara eta ezker eskua eskuin oinaren puntara. Mini Cooper bat ikusten dut, gidariak Lasai Xabier, berehala helduko gara! esaten dit, horrelako zer edo zer. Gela zabal bat ikusten dut, ni bakarrik ohean. Fisherman’s Friend karameluen lana eztarrian. DDTaren lurrin susmagarria. Sabairen batetik nire gainera jausten diren araknido amorragarri batzuk ikusten ditut. Eta gauza naiz iraganeko iduri horiek eta soinu eta usain eta gustu horiek istorio batean kokatzen. Horregatik nago hemen egonean. Zer egiten dudan honela... Egon. Ikasi. Azkartu. Neure burua erakutsi. Eraldaketa garatu. Materialismo dialektikoa gauzatu. Hartza neguan sartzen den gisan sartua naiz itxarote luze honetan. Guztizko artropodoa bilakatu arte, lurraren erraietan gorde ahal izateko. Ez naiz hemendik mugituko. Ederki nago Iraeta tabernak daukan aterpe honetan, ia espaloi osoa hartzen du eta euriak ez nau bustitzen. Tarteka, kontsumitu gabe geratu zaizkien ogigainekoak ekartzen dizkidate. Batzuetan jaten ditut, beste batzuetan ez. Garapen prozesuan nago eta aldiak izaten ditut. Atzo labezomorro bat jarri zitzaidan aldamenean, izterrez izter. Horrelaxe egon nintzen ez dakit zenbat, izan zitezkeen hiru ordu. Ongi. Ez al nuen maitasuna egin nahi galdetu zidan, maitasuna egin berarekin. Zer pentsatu ez nekiela geratu nintzen, garapen prozesuan nago eta ez naiz ezertaz seguru. Sumatzen dut molekulak aldatzen ari zaizkidala, baina ez dut uste feromonarik sortzen dudanik, bestela ez zidan horrelako galderarik eginen, gainka eginen zidan. Neronek ere ez dut lurrin berezirik aditzen nire gorputzaren txokoetan. Zikin samar nago, ezin uka.

 

 

Zer diziplina mota da hau! Zer ari zara zeure gilborrari beha? Ez nengoen neure gilborrari beha. Gezurra zen. Altxa hadi, gaznápiro! agindu zidan ondoren, eta algaraz hasi zen klase osoa. Ez nintzen altxatu. Beste gauza bat guztiek zekitena eta nik ez. Zer esan nahi ote zuen? Errinozerontearen antzeko abere astunen bat, alferrak diruditen horietarikoa, izterrak zabal besoa luzatuz eskuin eskua ezker oinaren puntara eta ezker eskua eskuin oinaren puntara izerditzeraino aritzeko talenturik ez daukana. Gafotas esan izan balit ez ziren barrez hasiko, Gafotas klaseko ergelenek bakarrik esaten zidaten, gainerakoon gorrotoa eta beldurra biltzen zuten harro haiek, nota onenak jasotzeaz gain klaseartekoetan basketean ibiltzen zirenek gure ostikoak ez hartzearren. Gaznápiro. Antzinako dinosauroren bat. A zer memelokeria, dinosauro guztiak dira antzinakoak. Baita gaur egun bizirik daudenak ere. Zer ote? Nik ez nion ezein irakasleri entzun horrela iraintzen inor. Labezomorro baten izena, apika? O, ez! Nola zen posible labezomorro baten izena mespretxu egiteko erabiltzea? Gaizki hartu nituen Don Sebasen epiteto hura eta klasekoen algara labezomorroengana. Aurreko astean arrebak esan zidana etorri zitzaidan gogora eta haren isilekoa agerira ateratzea bururatu zitzaidan, denak jabe zitezen nik bestek ez zekien sekretu beldurgarria. Ez nintzen ausartu. Aizu Don Sebas nik, burua makur, begiak arrakalatxo batetik irten eta zementuaren lakarrean barrena ikerketa patxarosoan zebilen labezomorroari emanik, Ez niri burlarik egin, eta burua jaso nuen, Nik badakit zu zer zaren. Hori besterik ez, arrebak hain zehatz esan zidan hitz hura aipatu gabe, lanbidearena, benetako lanbidea ez baitzuen gimnasiako irakasle. Lehen aldia zen inork kontestatu egiten ziola, diziplina akats larria zen. Une horretan ez nuen ezertan pentsatu, aho zabalik geratuak ziren gelakideei egin nien irri, eta ondoren, ez baitzetorren ez ostikorik ez belarrondokorik, Don Sebasengana jiratu nuen burua. Izoztua zegoen, besoak zintzilik, eskuak hilik: labezomorro bat argi zabalean eta patioko zementuaren gainean! Eta behakoa hartan emanik zeukala Zutik, lasterketa, hiru itzuli, dosifikatuz! oihukatu zuen, Bukatutakoan aldatzera, amaitu dugu klasea! Lasterkak hamar minutu irauten zuen, beste ordu erdia geneukan oraindik. Jaikitzen hasi nintzenerako Don Sebas zuzendaritzarako bidea hartua zen. Prefektuarekin hitz eginen zuen, edo zuzendariarekin. Kondukta txarra, punturen bat kenduko zidatela pentsatu nuen. Edo bi. Axola zitzaidan! Nik ez neukan inolako interesik gizon garratz bat izateko, eta Don Sebasek hori zeukan helburu, guztiok gizon garratzak bihurtzea gimnasiaren bidez. Gaznápiro. Ez nintzen Don Sebasek agindu zuen moduan alferren pelotoira iristen saiatu, gelara hartu nuen zuzenean, ez dut balio lasterketarako. Aldatu eta neure pupitrean jesarri nintzen natur zientzietako liburua zabaltzeko. Nik labezomorro bihurtu nahi nuen, labezomorroa izan zelako patio gorrotagarri hartan algara egin ez zidan bakarra.

 

 

Esan ote nion ba nik ezer? Hitz egin nion, ez kontestatu. Errespetu falta, puntu eta erdi gutiago portaera eta urbanitatean. Atsekabe handia hartu zuten gurasoek. Nolako lotsa, Adelaren semea institututik botatzen bazuten! Besterik ez zidaten galdetzen, zergatik eta zergatik. Ez nien ezer kontatu. Fredi, zu ergela zara, ezta? Ez nion aitortuko Don Sebasek denen aurrean esan zidala Gaznápiro eta oraindik ez nekiela zer zen Gaznápiro izatea. Klase osoak egin zuen barre eta, beraz, litekeena da ni operatu ezineko ergela izatea. Sekretua zela esan nizun, sekretua, Fredi!, gero eta haserreago arreba. Nik ez nuela ezein sekreturik hautsi, nik Aizu Don Sebas, ez niri burlarik egin, nik badakit zu zer zaren besterik ez nuela esan, hori bai, denek entzuteko moduan. Bere setan jarraitu zuen. Institutuko guztiek omen zekiten orain sekretua, eta arriskutsua zela denek jakitea ni izan nintzela Sebastian Gaston zer zen azaldu zuena. Merezi zuen arren, ez nion galdetu ba ote zekien gaznápiro baten arreba zela. Petralago jarriko zen eta Fisherman’s Friend karamelurik gabe edukiko ninduen. Eta bera egon zitekeela orain arriskuan aurpegiratu zidan azkenik. Haserre baino ikaratua zirudien. Segurtasun neurriak aipatu zituen. Hori ere berria zen niretzat. Ikasteko asko neukan. Azken kurtsoko Agirregomezkortarekin ateratzen hasia zen. Kankailu bat, errepikatzen ari zela uste dut, zientzietako batxilerra zeukan eta Filosofian matrikulatu nahi zuen Madrilgo Autonoman. Beti zebilen grezierazko gramatika galtzarbean hartuta. Trikuharri mendi elkarteko eskurtsioetan ezagutuko zuten elkar noski. Arrebak errierta emandako biharamunean Agirregomezkorta bera hurbildu zitzaidan. Besoa bizkarrean ipini zidan ume bat banintz bezala eta Zorionak! esan zidan, zorionak Don Sebas izutu nuelako, fatxo bat gutxiago institutuan. Pozik zegoen Agirregomezkorta, bere nobiaz bestera. Ez zidan aurpegiratu ez nuela sekretua gordetzen jakin izan. Isilik geratu bainintzen, institutuan dinamika iraultzaile bat ezarri behar genuela aipatu zidan belarrira makurtuta. Agirregomezkorta izan zen nire lehen kontaktua, eta huraxe izan zen luzaz nire kontaktu bakarra milaka kontaktatzaile zeuzkan munduarekin. Haren berri, mundu ezkutu eta liluragarriaren berri, Agirregomezkortaren bitartez jakiten nuen, Madrileko Unibertsitate Autonomako Filosofia eta Letretako Fakultatean matrikulatzea lortu baitzuen, ikasle matxinada guztien arragoan. Batzuetan ez zetorrela fakultatetik aitortzen zidan, astea hor nonbait eman zuelako. Hobe nuen, hobe genuen ez jakitea, horrela zioen, hor nonbait haiek non ziren, zer ziren. Segurtasun neurriak! nioen nik neure kolkorako. Eta mundua ongi ala txarto zebilen galde niezaion baino lehen berak jakin nahi izaten zuen nola, zertan hemengo egoera. Uste duzu masak batuko zaizkigula? Agirregomezkortaren gomendioz, batxilerra amaitu nueneko hasi nintzen lantegi guztietan lan eske, masek guregana ez bazuten egiten guk egingo genuenez pausoa masetara, bere nobiak, nire arrebak egina zuen dagoeneko, botikako lana utzita. Jesarrian egin zitekeen zer edo zer hartuko nuen pozik nik. Bulegari postuak eskaintzen zizkidaten. Berogailuak edukitzen dituzte bulegoek, izan litezke labezomorroen bizileku. Urrun samar masetarik. Hauts artera komeni zitzaidala jakinarazten nien. Orduan betartea ilundu eta ez zeukatela niretzako lanik. Susmagarria nintzaien, bazterrak nahasten dituzten horietarikoa.

 

 

Ez lo hartu, mutil! behin eta berriz, horrela bide guztian. Ez lo hartu!, eta zaflada batzuk ematen zizkidaten masailetan, esna jarrai nezan. Aspergarria zen. Ez neukan hitz egiteko gogorik. Gidariaren eskua ikusten nuen palankaren gainean martxa aldaketak egiten. Ez dakit zergatik, abiadura bizian gindoazen, klaxona joka, Kendu hortik, ergela! egin zion gidariaren aldamenekoak furgoneta bati besoa leihatilatik atereaz zapi zuri bat inarrosten zuela. Gidariak okerreko norabidea hartu zuen nonbait, Nora zoaz ordea! egin baitzion oihu, Ospitale Militarrera, gizona!, eta nire ondokoak Ospitale Zibila baino gertuago daukagu! erantsi zuen. Ospitale Militarraren hurrena Atotxa zegoen, futbol zelaia. Ederra izanen zen Atotxako tribunan jesartzea, tribunan jesarri eta bakartasun hura dastatzea, belarra hutsik, harmailak hutsik, burua hutsik. Milaka milioi labezomorro zoko guztietan gorderik gaua noiz etorriko. Baina ez nien Atotxako tribunan uzteko eskatu. Ez naiz izugarri hiztuna, eta ezagutzen ez dudan jende artean ez dut ahoa irekiko ezer galdetzen ez badidate. Edo Gaznápiro esaten ez badidate. Abiada hartan, une batzuetan, kolore multzoak ikusten nituen gure inguruan. Hobe nuen halako batean betaurrekoak graduatzera joan. Niri berdin zitzaidan lo ala esna egon, nik jesarrita jarraitu nahi nuen, autoa ez zikintzea zen nire kezka orduan, ziur nengoen auto handi batean sartu eta etzan izan banindute odola isurtzen hasiko nintzela eta ez nuen gizon jator haren tapizeria inola zikindu nahi. Esateko modua da, aulki haiek tapizatuak ez zirenez, sasilarrua zuten. Mini Cooper bat zela uste dut, ezin kabiturik gindoazen han eta sabaia jotzen genuen ia buruarekin, sekulako beroa izan behar zuten, izerditan zeuden Ez lo hartu mutil! eskatuz zaflada maitekorrak ematen zizkidatenak, bat biboteduna, bestea kaskamotza. Aldian behin, betazalak goratzeko indar eginda, gidariaren aurpegia ikusten nuen atzerako ispiluan. Hura ere izerditan zen. Beldurtua zegoela iruditu zitzaidan. Horietako batean berari beha nengoela ikusi ninduen eta Lasai, Xabier, berehala helduko gara! esan zuen euskaraz, barre txipi bat egiten zidala animoa ematearren. Beste biek ez zuten hitzik atera, ez zioten isiltzeko agindu. Bero hartan lurruntzen hasi zitzaizkidan betaurrekoak. Abisa iezaiozue neure amari, mesedez! esan nuen nola edo hala, eta Ederki, mutil! burusoilak, Ez lo hartu! bibotedunak. Abisa iezaiozue... Lasai, abisatua dago, honezkero bidean egonen da. Zapia atera eta garbitu egin behar nituzkeen betaurrekoak, baina ezin nituen eskuak mugitu. Kateatu egin zizkidatela pentsatu nuen, beti kateatzen dizkizute eskuak. Atzamarrak inurrituak neuzkan behintzat. Nire atzamar politak, potolo samarrak oraindik labezomorro batenak izateko. Auto barruan denak izerditan eta ni hotzak, arrebak botikatik ekarri ohi zizkidan Fisherman’s Friend karameluen pakete osoa batean xurgatu eta irentsi izan banu bezala, gorputza eukalipto zukuz betetzen ari zitzaidan, dena garbitzen, babesten ninduen muki eta gantz guztia kentzen, zer hotza. Zorionez jesarria nindoan eta bihurguneetan kulunka gozoak egiteko aukera izan nuen, mozkortuarena eginez.

 

 

Etzanik baldin bazaude euliren bat ikusten ahal duzu sabaian edo fluoreszentearen gainean bista ona edukiz gero, zokoak garbi ez badaude armiarma txipiren bat agian. Armiarmak geldoak dira eta euliak arinak, sobera arinak. Betaurrekoak kendu zizkidaten gainera, ohean lasaiago egotearren. Leihoko loreetara inurriren bat azaldu ote den ikustea ez da erraza lepoa gogortua daukazula. Jesarrian ez daukazu horrelako arazorik. Hemengo leihoan ez dago lorerik, baina zeure eskuak ikus zenitzake, azkazalak kolorea galtzen, ubeltzen. Hiltzen ari zarela pentsa zenezake. Edaten ematera etortzen baldin bazaizkizu hobe duzu jesarrita ohea ez bustitzeko. Edo txizagura etortzen bazaizu ontzitxoren batera egiteko. Etzanean bazaude zundaren bat ipiniko dizute zakilean barrena aitari ipini zioten moduan giltzurruneko harriak kendu zizkiotenean. Egia esan, leiho hark ez zeukan lorerik, ez mardulik ez iharturik, haga batzuk baizik, burdinazkoak. Gotorleku bat ematen zuen Ospitale Militarrak, horrela zegokion noski. Atea zaintzeko soldaduak zeuzkaten eta ohekoak zaintzeko moja amorragarriak. Abisa iezaiozue neure amari, mesedez! eskatzen nien ahal nuen bezain argi. Alferrik zen ezer eskatzea haiei. Jesartzen laguntzeko, altxa nintzatela apur bat, ipiniko nuen neuk burukoa bizkarrean eta ederki egonen nintzen ezer zikindu gabetarik, nire brankia sistemak errazago hartuko zukeen arnasa. Ixo, ixo, ez indarrik galdu hitz egiten! esaten zidan batek. Mesedez, abisa... saiatzen nintzen ostera handik puska batera, eta haiek errepika berdina Ixo, ixo, ez egin hitzik, hobe duzu isilik! Hasi nintzen esplikatzen filobrankiek ez zidatela funtzionatzen eta arnasketa zuzena nuela erabiltzen, altxa nintzatela apur bat jesarri ahal izateko. Alferrik zen, momia haiek ez ziren erizainak, ez dakit zer ziren, sabai txokotik jausitako araknido motaren batekoak. Sarean harrapatua nindukaten behintzat. Medikuren bat behar nuen, hark konprenituko zuen nire arnasa hartzeko sistemak samurrago eginen zuela lan jesarri egiten banintzen. Han ez zen medikurik ageri, edo erdi lo nengoen aldiren batean azalduko zen nire tenperaturarik eza nire taupadarik eza nola zebilen ikustera. Labezomorroek nahi adina apaltzen ahal dute bihotzaren erritmoa. Ba ote zekiten. Gaueskolan izena eman nuelarik, aurreneko klasea baino lehen Blatellaren eta Blattodearen euskarazko izena ikasi nuen, Labezomorroa. Halako izen politik! Harro azaldu nintzen, haren jabe, euskara ikastera. Lasai, Xabier, berehala helduko gara! esan zidan Mini Cooper horiaren jabeak, horia zela uste dut, eta ni ez naiz Xabier, izatez Alfredo naiz, arrebarentzat Fredi. Ikasgelan ahoskatu nuen lehen esaldia Ni Labezomorro naiz izan zen, euskaraz bota nuen aurreneko esaldia, Ni Labezomorro naiz. Horrelako kontuetan pentsatzen ari nintzela han egiten zuen hotza burutik kentzeko, moja bat hurreratu zitzaidan eta Egin ezazu otoitz! erregutu zidan, Egin ezazu otoitz! Horixe izan zitekeen nire gaixotasunaren aurkako erremedio bakarra, DDTaren lurrin susmagarria heldu baitzen laster nire antenen usnamenera. Ezpainak mugitzen hasi nintzen. Mojak, berriro hurreratzen zitzaidanean, otoitzean ari nintzela ikusiko zuen. Orduan, begiak malkotan, Belauniko mesedez, belauniko...! eskatuko nuen, eta hori moja batek ez zidanez ukatuko, altxatzen lagunduko zidan belauniko jar nendin oheburuan zegoen gurutzearen aitzinean. Nengoen gisan etzanda ez nuen ikusten ahal, baina hanka bat emanen nukeen gurutze bat zegoela han, Ospitale Militarrean nengoen! Eta horrelako damua ikusita hunkiturik, mojak nire azken borondatea zelakoan lagundu eginen zidan belauniko jartzen, eta bizkarra tentetutakoan hantxe geratuko nintzen jesarririk Don Sebasen aurrean geratu nintzen patxada berean. Heldu zen moja, lehengoa edo besteren bat, ez dakit, belauniko jartzen laguntzeko eskatu baino Ireki atea! eskatu nion, Nire arreba ate joka ari da! eskatu ahal izan nuen arnasa inoiz baino larriago. Ireki zuten atea halako batean. Ez zen arreba.

 

 

Badakit ez nauzula begi puntan ikusi nahi, badakit ez duzula nire mezua ulertu nahi, horrelakoak dira nire lanbidearen gaitzak, hari zor natzaio eta hemen nator zure ohe ondora, atean hainbat aldiz jo izan arren irekitzera jaiki ez zaren labezomorro ez bestea. Albiste Txarra nauzu. Txit albiste ona diat hik niri Labezomorro esatea, Gaznápiro baterako prestatua nengoan. Eskua luzatu zidan. Albiste Txarra, bai, inork bere gain hartzeko adorerik ez duen zama ekartzen duen horixe nauzu. Hi bai ergela, zer uste duk, zama erantsi ahal izanen duala hik gainean daukadanari? Alkohol kiratsa zerien gizonezko ahots haren hitzei. Atean sumatu nuen bezain arin itsutu nituen begiak, horregatik esan zuen hilik banengo ere jakin beharra neukala, berdin beteko zukeela nire zeregina, berdin etorriko zitzaidala egunkaria irakurtzera. Bizkitartean egunkaria zabaldu zuen, orriak pasatu zituen, jesarri egin zen ohean, neure belaunen parean. Horixe adierazi zidaten paperaren hotsak eta ohearen lastaira metalikoaren kurrinkak. Ez neukan eskura Fisherman’s Friend karamelurik emateko, eta eztul batzuk eginez leundu zuen eztarria. Irakurtzen hasi zen bere ahots-hari desafinatuak dardararaziz. Atzo, arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera, igandea disfrutatzen ari ziren gizatasunezko hiritarren artera azaldu ziren, ustekabean, berrehunen bat lagun osatu zituzten zenbait talde, makilaz eta ganibet automatikoz armaturik, kutsu marxista-maoistako pankarta ugariren artean. Makilaz eta ganibet automatikoz entzun nuenean halako barregura eman zidan non uzker txipi batek egin zidan eskapo. Uste dut Albiste Txarra ez zela konturatu, edo konturatu baldin bazen, agian, barkatu egin zidan egoera kontuan harturik. Usnatu ere ez zuen eginen gainera, alkohol kiratsak gela osoa hartua zuen. Une hartan, Carquizano karrikan errutinazko lanean ari ziren kalekoz jantzitako hiru polizietarik bat ezagutu zuen asaldatuen buru zetorrenak. Inguratu egin zituzten hiru poliziak, eta zeramatzaten tresna mingarriekin jazartu zitzaizkien. Eztul egin zuen, lehen bezala, pasarte honetan. Zirkinik egiten ote nuen behatzeko zen, zalantzarik ez. Izararen azpian ezkutatu nahi nukeen nik uzker eta barre lasaitasunez egitearren, makilak eta ganibet automatikoak: gerrilari maoistak mendira bidean iraultza kriminala egiteko asmoz. Manifestariek zeramatzaten pankarten makilekin eraso zieten poliziei. Noski, ganibet automatikoak ez zirelako ganibet hegalariak! Jazartuek, egoera arriskutsu hartan, arauzko armak atera eta uzkurrarazteko tiro batzuk egin beste baliabiderik ez zuten izan, tiro batek, damurik, erasotzaile bat joz. Polizia Armatuaren indarrak iritsi ziren zalapartariak sakabanatzeko. Mesedez ganibetak entregatzeko eskatu gabe? Zauritua osasun zentrorik hurbilenera eraman zuten, non... Une honetan Albiste Txarrak ez zuen eztularen jukutria erabili pausaldia egiteko, besoa laurogeita hamar graduko angelu zehatzean ipinita eskumuturreko erlojuari behatu zion, ez niri. Berunezko medikua zirudien orduantxe nire taupadak kronometratzen. Zurruntasun militarra, eraikin ilun hari zegokionez, nire bizia kronometratzeko ere. Ederki, esan zuen ahapetik, eta jarraitu egin zuen. Zauritua osasun zentrorik hurbilenera eraman zuten, eta bizia salbatzeko eginahalak arren, ingresatu zenetik hiru ordu laurdenera hil zen. Hildakoaren zamarran ganibet automatiko bat aurkitu zuten. Eztul txipia egin zuen, Ados, labezomorro alaena? galdetzeko. Paper hotsa, egunkaria tolestatzen ari zen. Kurrinka egin zuen nire oheko lastairak, zutitu egin zen. Gobernadoreak ohar interesgarri bat argitaratu du, egoeraren azterketa politikoa eginez. Ez daukazue etorkizun gozorik. Besoa laurogeita hamar graduko angelu zehatzean ipinita eskumuturreko erlojuari behatu zion ostera, eta Ederki! esan zuen ostera ahapetik. Horra hiru ordu laurdenak beteak sartu nintzenetik. Bazoazke lasai, Albiste Txarra, ongi konplitu duzu nirekikoa. Eskerrik anitz. Ate soinua. DDTaren lurrin susmagarri hura nagusitu zitzaion berandu gabe alkoholaren kiratsari. Jesarririk banengo, DDTa oxigeno bihurtuko nukeen agian. Oraindik ez nintzen zeharoko labezomorroa, zalantzak neuzkan.

 

 

Ene...! Zer egiten duzu hor horrela, eskale bat ematen duzu! Neronek baneki... Hala ere, ezagun dut esperoan nagoela, ez dut dirurik eskatzen, ez dut malabarrik egiten, ez dut txirula jotzen, ez dut zakur ahuldu bat aldamenean. Esperoan egonik memoria luzatzen dut, espaloian dabilen jendearena, apurka hiltzen ari zitzaizkigun lekukoena, galde egiten duten gazteena, auzoko guztiena. Edo beha geratzen zaizkidan turista galduena. Zatoz etxera! erregutzen zidan amak, ez umetzat hartzen ninduelako, ez lotsa ematen ziolako semea labezomorro bihurtuak. Egunero solastatzen gara erosketak egitera jaisten denean. Ez du etsiko. Ez du esperantza galdu, semea altxa dadila behingoz dagoen jarrera zarpail horretarik, esperantza hori, eta ni hankak zabal, enborra eskuin aldera, burua okertua, nekatua, ezindua besoa luzatuz eskuin eskua ezker oinaren puntara eta ezker eskua eskuin oinaren puntara aritzeko. Kamaradak lagata gurasoenera azaltzen nintzen aldian behin, ez egun zehatzetan. Segurtasun neurriak. Zer da itxura hori, neguko trenka soinean eta kiroleko zapatilak? Zapatak baino erosoagoak zirelako janzten nituela. Eta hori entzundakoan, aitak Bai, oraingo gazteek eroso bizitzea maite dute! botatzen zuen zakar, Lanik ez egiteko makina asmatuko dute hauek! Gizona, mesedez...! ama beti seme-alaben alde, bere papera ongi betetzen. Aita ere bai noski, baina molde mandoan. Txinan lana galanki egiten dute horratio! Arreba eta bion belaunek elkar jotzen zuten mahaiaren azpitik, batera egiten genuen barre burua arrain zopa platerera makurturik. Gizonak izugarri disfrutatzen zuen topiko produktibistak errepikatuz. Uste duzu ez nekiela zertarako ziren erosoagoak? esan zidan atzo amak. Behin behar eta zu bestelako zapatekin! Ez diot ezer kontatu, ez daukat indarrik hitzak biriketarik ateratzeko. Alegia, brankietarik. Baldin eta hitzak biriketan eta brankietan metatzen badira. Badut unetxo bat natur zientzietako liburua ikuskatu ez dudala, ez nago ziur zertara joko duen hurrengo garapen faseak. Adelaren semea espaloian jesarria! zabaldu zen auzoan. Ama jaitsi zenerako eramana ninduten Mini Cooper hartan. Gidarian pentsatzen dut sarri. Eskerrik asko zerbitzuagatik esan ote zioten, edo atxilotu egin ote zuten Lasai, Xabier, berehala helduko gara! errepikatzen zidalako. Berak ez zekiela Ospitale Militarrera eramanarazi zuten gazte hura Xabier zen edo Periko zen argudiatu ahal izanen zuen. Inozoa. Galdeketaren maila zorrotzagoetan lehiaraziko zuten orduan: klandestinitatean ni Xabier nintzela jakinaraziko zioten behin, bitan, mila aldiz, makilarik eta ganibetik gabe hilduratzen zuten bitartean. Sentitzen dudala esan nahi nioke, barkamena eskatu nahi nioke. Dena dela, uste dut ez niola atzeko aulkia zikindu odolarekin eta gaitz erdi. Nik orduan Abisa iezaiozue neure amari, mesedez! eskatzen nien eta morroi haiek lasai egoteko erantzuten zidaten, abisatua zegoela. Ez beraiek. Atetik pasatzen utzi ziotenerako lekutua nindukaten Ospitale Militarretik. Neure puskak eman zizkioten: alkandora, galtzak, erlojua, betaurrekoak... eta kiroleko zapatilak, bai, kiroleko zapatiletan nintzen jauzi hartan, baina ez nuen laster egin ahal izan, masa guztien burdinazko ordezkaria banintz bezala geratu nintzen bakarrik, labezomorro, hondamendiaren azpian bizitzeko prest gimnasia saioan jesarririk geratu nintzen patxada berean. Alkandorak tiroaren errea zeukala zulotxoaren inguruan kontatu zidan amak, bertarik bertara egina zela. Hori da guztia, anderea!, kapitain medikuaren despedida. Eta ganibeta? Zer ganibet? Ganibet automatikoa, manifestari guztiek zeramatena ordena indarrei erasotzeko! Kapitainak laguntzaile bati egin zion dei. Lagun ezazu emakume hau ateraino!

 

 

Bildu ginen beraz jauzi bat antolatzeko aurreko astean eman zituzten heriotza zigorren aurka egitearren, sakelan ideia automatiko bana geneukala eta pankartatxoak eskuan fusilamendura kondenatu zituztenen argazkiekin eta zenbait esloganekin. Francok hiltzen nahi zuen hil, guk ez genuen bizi nahi besoa luzatuz eskuin eskua ezker oinaren puntara eta ezker eskua eskuin oinaren puntara aritzeko burua makur. Gaznápiro. Eta berak, hamar urte geroago, betaurrekoetarik aise ezagutuko ninduenak, Hara, hementxe daukagu Don Sebas, gimnasta garratza! entzun behar izan zuen Fisherman’s Friend karameluek leundutako eztarriak zeukan ozentasunean. Norvegiako neguan izoztua geratu zen, besoak zintzilik: labezomorro bat argi zabalean eta karrikaren erdian berari hizketan! Tximoso bat bera identifikatzen! Nik uste nuen Zer diziplina mota da hau? galdetuko zigula sakabanatzeko oihukatu aitzin. Ez zuen murtik atera ordea. Izoztua geratu zen, besoak zintzilik. Eskuak hilik ez, eskuak ez: eskuina jaso zuen palanka baten antzera Albiste Txarraren zurruntasun militar berdinean. Orduan ohartu nintzen palanka hark pistola bat zeukala muturrean, pistolaren muturrak aho beltz bat zeukala, aho beltza niregana zegoela noraturik egia esan ez baitzeukan besterik nora, bakarrik nengoen, mundutik deskonektatua Agirregomezkortarik gabe, orduan ohartu nintzen aho hartarik DDT dosi hilgarri bat jaurtiko zidala, oraindik ez nintzelako artropodorik garatuena. Sebastian Gaston, polizia sekreta, faxista zikina, zer zabiltza zu hemen? egin nuen galde isiltasun beldurgarrian zen karrikaren erdian. Gaznápiro! iraindu nuen ahotsak eman ahala, Gaznápiro! Gaznápiro! Gaznápiro! neure buruaren oihartzuna orroka. Eta barrea galanki egin niolarik, jesarri egin nintzen, akitua. Hementxe nago geroztik zeharoko labezomorroa izateko bidean, ondoko tabernakoek azpian daukate sukaldea eta kebidearen epeltasuna sentitzen dut bizkarrean horman barrena. Zakur gorotzetara datozen euliak ikusiz eta leku misteriotsuetarik azaldu eta leku misteriotsuetan barrena ezkutatzen diren inurrien lana beldurrak miretsiz, katabutetik aterata epaiketara ekarri izan banindute bezala, horrela, akusatuen aulkian jesarririk, epailearen zain, epailea ez baita azaldu, ez baita inoiz azalduko, berrogei urte daramat honelaxe. Ez da sobera luze labezomorroontzat, iraunen dut, iraunen dut arreba berriro bisitan azalduko ez balitz ere. Haserretu egin ginen orain hurrengoan, bakarrik etorri baitzen eta Agirregomezkorta ez dudala berriz ikusi nahi jakinarazteko profitatu nuen. Besoa bizkarrean ipintzen dit umea nintzenean zigarroak erretzera joaten ginen komunen atzealdeko lorategian ipini zidan gisan Zorionak! esaten dit, Nolako ekintza egin huen, nolako ekintza egiten jarraitzen duan esaten dit, pazientzia da gakoa dinamika iraultzaile bat sortzen hasteko. Horrelakoak beti orduaz arduratzen dela, ez besoa laurogeita hamar graduko angelu zehatzean ipinita, ez soldaduaren zehaztasun metalikoan, zeharrez baizik, ni ez mintzeko gisan, segapotoa tarteka atereaz eta mezuak jaso-bidaliz. Presa dauka Agirregomezkortak, bisita mordoa dauka egin behar du, zorionak hartzeko zain dago munduaren erdia, Albiste Ona jauna baitugu. Francok lotua eta ongi lotua utzi zuena askatzen ari omen da masen presiopean eta asanbladaren papera indartzen. Bere laguna pairatzen ez banuen bera ere ez nuela zertan pairatu eta ez zela gehiago azalduko informatu zidan arrebak. Eta baditu aste batzuk azkena etorri zela, egoskorra da. Atotxa futbol zelaiko tribunan nagoela pentsaturik kontsolatzen naiz, bakartasun hura dastatzen dudala, belarra hutsik, harmailak hutsik, burua hutsik, milaka milioi labezomorro zoko guztietan gorderik ordua noiz helduko. Hauxe da nire istorioa, etxetik halakoren bila irten gabetarik karrikan topatu eta hil egin ninduela nire gimnasia irakasle ohiak, Don Sebasek, arrebak inori ez esateko baina polizia sekreta zela argitu zidan Sebastian Gastonek. Hark tiro bat niri. Nik bizia izorratu hari. Gaznápiro! Alde hemendik! Gaznápiro! Agudo! oihukatu nion bere lankideen aurrean karrikaren erdian Palestinako labezomorroek bezain harro. Eta egunean baino egunean urrunago nengoenez gizon garratza izatetik, barre egiten nekatutakoan jesarri egin nintzen espaloian zangoak zabal, bizkarra izena oraindik Iraeta duen taberna honen ondoan bermatua, lasai, arrunt nekatua, ikusten nauzuen bezalaxe, ordena eta bake zibikoa hautsiz espaloiaren gainean parkatua zegoen Mini Cooperraren horiak zorabiatzen ninduela. Aizu, zurea al da auto hau? galdetu zion polizia batek tabernatik ezagutzen ez nuen irten berriko gizonezkoari. Ireki ezazu atea mutila erietxera eraman dezagun. Jesarririk izanez gero, ni konforme nengoen. Polizia tabernaren izenari beha geratu zen ezpainak higituz deletreatzen. Azalduko da, azalduko da berriz nire arreba egoskorra, neu naiz orain sekretu handi baten jabe. Ohartu da nire begiok omatidioz beteak daudela, nire inguru guztia ikusten ahal dudala burua geldirik daukadala, liluratuta geratzen zait bekoz beko. Bai, ziur naiz laster azalduko dela kilo bat Fisherman’s Friend karamelurekin. Dena beharko dut iraultza zientifiko hau bururaino eraman ahal izateko.