Larbi
Itsasoan ibili naizen galdetu dit, hura bai gogorra, itsasoa. Kostako herri txipi batekoa dela. Urrun, bai, urrun, Espainia baino urrunago. Inoiz arraun egina ote naizen. Pentsatzen geratu da, edo niri behintzat hala iduritu, pentsatzen geratu dela. Ilunabarrari beha, geldirik, ez baitut zigarroaren kea jaurtitzerakoan egiten duen ziztu mehe hori nabaritu. Gero berak egin dio bere buruari ezetz, ni ez naizela txalupa batean ibili, ez dakidala zer den egarriak egon eta inguruan dena ur gazia izatea. Eta kulunka haiek enbatak jotzen duenean. Eskuetako azala ondo zaildua daukala arraun egitez. Ukitzeko esan dit, ukitzeko, luzatzeko nire eskua. Ez diot luzatu baina ukabilak estutu ditut uko eginez, gorra izaten ikasi behar dut. Konturatu dela uste dut, algara egin du. Biziatua da, kifia erretzen du, inguratu zaizkidan gainerakoen antzera. Okerragoa da edaten dutenean, bere onetik ateratzen dira hauek denak. Herenegun Akabatu eginen haut, tximinoaren ipurtzuloak botatako moroa! norbaitek nire atzean, hitzak alkoholetan. Eta gero Cetmearen seguruaren hotsa, egia zela pentsatu nuen, akabatu eginen nindutela, eta ez nintzen gauza izan hatz bat mugitzeko, putzuko harria bezain geldirik geratu nintzen. Alde hemendik, moro hau neurea da, jabego pribatua! erantzun zion beste honek, eta beraz moritoak gustatzen zitzaizkiola egin baitzion iseka gerturatuak, borrokan hasi ziren. Lurrean kuzkurtu nintzen, tiroren baten zain. Birao batzuk bota zizkioten elkarri, kolpeka eta mehatxuka bidali zuen mozkor hura. Haserre zegoen. Bazekiela dena ulertzen dudala, bazekiela gaztelaniaz dakidala. Hori bera esan zidan instruktore militarrak, ekarri ninduten hurrengo egunean egindako galdeketan. Hari ere ukatu egin nion hitza, pareta bati bezala egon nintzen paperei beha. Soldadu honek ez dit galdera zuzenik egiten, nire konfiantza irabazten saiatzen da. Berak badaukala inork ez ulertzeko hizkuntza bat, hango hassania, zaharra eta ederra. Kantari ekin dio orduan, doinu malenkoniatsu bat. Eta egia izan liteke, ez diot ezer ulertu. Ez du gaizki kantatzen. Hunkitu egin nau, urrun dauzkadan lagunak oroitarazi egin dizkidalako, eta galdutakoak. Patiotik barrura eraman nauenean, kaputxa kendu eta lehengoa errepikatu dit despedida gisa: itsasoa gogorra dela, txol gogorra, basamortua baino galgarriagoa. Eta gurasoen leloa etorri zait burura, Ez du axola sinesgabea baldin bazara ere, basamortuan ikasiko duzu otoitz egiten. Gu ohituak gaude bakardadera. Kaputxa kendutakoan lurrera edukiko ditut beti begiak, ez diot aurpegira behatuko. Ez dut jakin nahi nolako aurpegia daukan. Jon duela izena esan dit, Jon kaboa. Inork molestatzen banau jakinarazteko berari.
Madrilen ezagutu nuen nik, Getafeko aerodromoan, hegazkinean sartzeko arranpara gindoazela. Zelako hotza, Gaztela Zaharreko lur galdu hartan! Hegazkineko eskusadua matxuratua zegoela eta premiarik baldin bagenuen pistaren bazterreko zelai izoztu haiek hantxe ei geneuzkan libratzeko.
— Orain dugu azken aukera!
Gora samar jaurti zuen erronka inguruko guztiak jakinean egon gintezen. Gaztela Zaharreko berbetan, noski. Inork ez genion jaramonik egin, ardiak lez hurreratu ginen upel huts handi hartara. Izen-abizenen oihuei Presente!, hegazkinera egin eta heldueran katetxo bana ezartzen ziguten samatik. Pelikuletan marineek ageri dituzten iduneko horiek, bakoitzari zegokion zenbakiarekin. Ez aulkirik edo antzeko jesarlekurik barru hartan, parakak garraiatzeko loneta luze batzuk baino ez alboetan.
— Orain berandu da. Ez niri deus eskatu, nik ez dakit pilotatzen.
Alboan neukanak, ahapetik, tontopalo hark gure kirioak ateratzeko egiten zuela hori komentatu zidan, beteranoren bat zela gu oilotu guran. Nik lehen aldia nuen hegan eta ezin nasaitu, on egin zidan ernegatzaile baten ahotsa entzuteak gure buru makurtuek sortzen zuten giro baltza apurtzen. Horixe belarrira esateko nengoela bonba itzel batek errementau zuen, itzulika hasi ziren Hercules C-130aren lau helizeak eta dardaran ipini ziren lama errematxatu haiek denak. Oraindino lurrean aurrera gindoazen tramankulu hark gurpilpean harrapatzen zituen harri kozkor guztiak triskatzen, non eta aitaren egin zuen frenteko errenkadako batek, sinatu egin zen, aitaren, semearen eta espiritu santuaren izenean amen, erpuruarekin eta arinarekin egin zuen gurutzeari musu emonik. Hura ikusita, denok egin genuen lotsatzeko aitaren bana oinetakoei begira. Geure amek hala egiten zuten trenean edo trolebusean sartutakoan Jainkoak onik eroan zitzan egun hartako destinora. Eta zirikante hura izan zen aitaren egin ez zuen bakarra, samatik txingilizka zeroan txapa zerabilen hatzen artean olgetan, eta orduan kontuan jausi nintzen txapa haiek gure gorpu kiskaliak identifikatu ahal izateko probak zirela, geure hezurrei egokituko zitzaien izena. Gertuko gauza genuen heriotza jadanik, kalekoz jantzian gindoazen arren gerra edozein unetan posible zen estrategia batean harrapatuak gengozen, horretaz jabetu nintzen txapa hartaz erreparatuta, eta hatz hezurtsu haietan egiten zuen dantzak nahastu egin zizkidan hesteak. Begiak jaso eta gogor begiratu zigun guztioi, gu aztoratzeko hurrengo urtenaldia burutantzen ziharduen noski. Ez horraitiok, luki hark Boga-boga kantatzeari ekin eta Bai Indietara, bai Indietara pasartera iritsitakoan Berriz! animatu ninduen, eta hasieratik hartu zuen ostera, Boga-boga... euskaldun bila, eta kantatzen hasi nintzen harekin batera, beste batzuk be bai inguruan eta urrunagotik, abesbatza osatu genuen euskaldunok, hegazkina bahitu egin genuela esan ahal zen. Han bazen kantatzen zekienik, bigarren ahotsarena egin ziguten, eder, eta azken Boga, marinelaaaa! luze eta in crescendo hartan nik uste dut, asko putzitu barik, errematxe pare bat eten geniola hegazkinaren fuselajeari. Hura poztasuna euskaldunona, hura isilunea espainiarrena! Ikaratu egin zirela zirudien, luze egon ziren mutu. Baten batek La Loren tenia un conejo... saiatu zuen. Inor ez zitzaion batu mozkor kantu sastar hartara. Artean, lukiak blok bat atera zuen maletatxotik eta marrazten hasi zen. Jauzi eta dardara zihoan gure tramankulua, oker eginikoa urratu eta barriro marraztu egiten zuen gure artistak biraorik edo hasperenik egin gabe, amaitu zuen beharra halako batez. Seriotasunez luzatu zidan, zeremonia izan zen erakutsi hura, hegazkinaren albo batetik bestera gure eskuek egin zuten zubia dokumentua transferitzeko. Algara sano jaurtitzekoa zen. Beteranoak orduan egin zuen barre, egiazko barre. Eskumara neukan espainiarrari pasatu nion eta hark be barre egin zuen... Horrela ibili zen paper hura eskurik esku, denek barre egiten zutela: hegazkin bat kaka egiten, mokordoak bonbardatzen, lurra metatxo ketsuz betetzen. Algara haietan joan zitzaigun beldurra tutuluko estratara, eta nahiz jauzika eta dardaraka joan, lo kuluxkak egin ahal izan genituen hiru orduren buruan Al-Ayyun jo genuen arte.
— Zeinen bariatua den Espainia, ezta? Ongi pasatuko diagu!
Ipar polotik desertura, gozamena izan zen beroaren zartatekoa. Iduneko haiek kendu zizkiguten jaitsieran, beste artalde batzuk markatzeko erabiltzearren.
— Zer egiten du hemen artista batek?
— Aberriak dei egin zidak eta auxilioa ematera etorri nauk, hi bezala!
Ahuntzaren algara egin zuen, gaiztoa salatzen duen hori. Bostekoa luzatu zidan oraingoan, eta estutu sendo batean egin genituen elkarren presentazinoak.
— Jon Larrea Calafel, marrazkilaria.
— Gregorio Azkarate Larrinaga, eibartarra.
Soldadutza Afrikan egitea egokitu zitzaidala jakin zutenean amak osaba izendatu zuen, alegia, bere neba, Francoren armadan abade ibilitakoa. Ez dakit teniente gradua ez ote zeukan. Ez deitzeko hari esan nion, txingartuta. Ez deitzeko inori. Aitak ondo hartu zuen nire ukoa, begiko zakarra beste maite zuen mesedeak egitetik jauntxo lez bizi zen koinatu lotsabako hura. Gero zorretan bizitzeko? Horregaitik heldu nintzen Saharara, horregaitik eta harrotasun puntu bategaitik be bai, kokoteraino nengoelako aitaren kontuez, Oraingo gazte txoro hauek edo Intxortan egon izan balira lako murmuxetez. Ama, urrun noa aita gerrara joan zen lez. Eta aitak Urrun bakarrik ez, Francoren aginduetara! erantzuteko narrua eduki zuen sukaldearen erdian, eta berba haiek bultzatu ninduten soldadutzara ezerk baino areago. Zaflada bat emoteko gogoa etorri zitzaidan orduantxe, aitari zaflada, bai, baina latzago jipoitu nuen Gerra sortzen bada ikusiko dut zer egin, zu bizirik etxeratu zinen eta ez zinen horren balientea izango. Min hartu zuen gizonak, eta ni damutu ez. Afrikara heldu bitarte osoan neure kautan ibili nuen ez nintzela aita lez etxetik gudari urten eta koldar bueltatuko, soldadutzan zer edo zer ikas nezakeela, gero inoiz bestelako kausa baten zerbitzuan ipintzen ahal nuena. Gaztetxotako begitasunak edo.
Batzuetan irratia ekartzen du. Piztu eta eman egiten dit Rabat Irratia hartzeko eskatuz. Amarru bat izan liteke, ez dakit. Badaezpada, Rabat Irratia harrapatzen dudanean itzultzen diot irratia. Agian Espainiako Armadan soldadu dabiltzan anaiei eskatzen die aurrez irratiaren frekuentzia. Otzan portatzea komeni zait. Albisteak entzuten ditugu. Gero irratia isildu eta itzuli egiten dizkit albisteak, hori esaten du berak, itzuli egiten dizkidala nik euskaraz ez dakidalako. Algara egiten du orduan. Hassan II.ak deklaratu omen du laster tea hartuko duela Al-Ayyunen. Inbaditu eginen dutela gure lurra esaten dit, eta espainiarren inbasioa baino gogorragoa izanen dela. Hori ez du Rabat Irratiak eman, hori nire zaintzailearen asmakizunak edo iragarpenak dira. Kolonialismoari buruzko lezioak ematen dizkit. Marokoarrek gure kultura suntsituko dutela, ez digutela nomadak izaten utziko, eskolatu egingo gaituztela eta hassania kenduko digutela ahotik hagin ustel bat kentzen dugun gisan, espainiarrek euskaldunei egin dietena eginen digutela, debekatu eginen digutela hassaniazko izenak ematea gure seme-alabei, Marokoko diktadore odolgiroaren argazkia eduki beharko dugula jaima guztietan Francorena dagoen gisan gotorleku honetako pareta guztietan eta ospitale guztietan eta eskola guztietan eta bulego guztietan eta eliza ugaritan. Horrelakoak botatakoan kantari hasi da berriz, eguneko betebeharra konplituta. Egia izan liteke euskaldunek beren hizkuntza daukatela, ez diot ezer konprenitu hitzen bat harrapatzen saiatzen naizen arren. Nik ez ote dakidan kantari, kantatzeko nire arbasoen kantu zaharren bat. Erraza da ez entzuna egitea kaputxa jantzia daukadanean. Aurpegia agerian baneuka keinuren bat ikusiko lidake, kopeta zimurtzea, ezpainak okertzea. Isilaldi luze baten ondoren Franco hiltzen ari da esan du ahapetik, marmarrean ari zela zirudien, Franco hiltzen ari da eta ez dakigu erregimenak gogorragora eginen duen. Zer iruditzen zaizu zuri, zein da zuen analisia? Ez dut kinkik atera, berak badauka nonbait bere analisia. Francok Afrikan sendotu zuen altxamendurako indarra eta ez du Afrika nolanahi utziko, baina inguruan afrikanista guti dauka, hobe duzue Aljeriaren laguntza bermatu, ez fida espainiarrekin, espainiarrak yankien beldur dira. Algara zoroak egin ditu, eztulka hasi arterainokoak. Barkatzeko eskatu dit gero. Paper hotsa sumatu dut, paper bati pleguak kentzen ari zela sumatu dut. Nire andregaiaren azken gutuna irakurriko dizut. Irakurri dit hizkuntza ulertezin horretan, eta Esadazu mesedez, Xabier, hassaniaz nola esaten da maite zaitut? Erantzun egin diot neure kolkorako, eta beldurtu egin naiz. Buruz erantzuten hasita ahoz erantzutera makur ninteke. Gero ahotsa apaldu du, badakiela ez naizela Xabier, Plana Nagusian inork ez dakiela nire izena adierazteko esan didala Xabier, inork ez dakiela nor naizen, lasai egon nintekeela. Baliteke egia izatea. Eutsi egin behar diot ezer ez sineste honi. Burua trebatu behar dut buruz ez erantzuten. Ez dakit ni nahasteko teknikak ari diren erabiltzen.
Hercules C-130 hura jostailuzkoa izan zitekeen gure batailoia instrukzinoan izerditzen zen patioaren erdian, kuartela hiri bat zen Al-Ayyun hiriaren barruan, galtzeko modukoa zen hura, hainbeste eraikin eta biltegi eta zerbitzutan zehar. Destinora heldu eta armadako jantzia hartzen eroan gintuzten segiduan biltegi batera, algara baten aritu ginen prakak jantzi-erantzi, elkarri trukatzen, Isilik! Arin! aginduei jaramon egin barik. Zelako gerlariak azaldu ginen areto zabal hartara! Entzuteko adi eta gogoan hartzeko: non gengozen, zertara gentozen, nondik norakoa izango zen gure instrukzinoa, aholkuak, horixe emon ziguten abondo, ez joateko bakarrik inora, gutxieneko hiru laguneko taldetan ibiltzeko, ez hurreratzeko natiboen auzoetara, ez hankarik sartzeko haien kanpamenduetan, eta ez berbarik egiteko emakumezkoei, errespetatzeko natiboen ohiturak, eta pentsatu be ez Hata Rambla aldera, bertan sortuak baitziren Al Bassiri eta Al Gali zalapartariak... Euskara jatorrean, inoren ortua zanpatzeko etorriak ginela, baina ortulauarekin onez komeni zitzaigula.
— Begizak, sirokoa zatorrek! Begizak zer edertasuna!
Harearen haztak, zeruaren gardenak, arabiarren janzkerek, emakume sahararren samako abalorioek eta eskumuturreko zidarrek, horrelakoek liluratzen zuten Jon Larrea Calafel, eta nik ez nuen ikusten satsa eta sahararren bazterketa baino, ez neukan begirik natura zoragarri hura eta jende miresgarri hura ikusteko. Lotsatan itoa nengoen okupazinoko soldadu, huraxe nintzen eta. Turista banintz moduan tratatzen ninduen aberriari auxilio egiten etorria ei zen Jon artista, eta, zertarako uka, aukerako laguna zen, bazter guztiak aspalditik ezagutzen zituela esan ahal zen. Aitortzekoa dut, hala eta guzti, arrastiria azkenbako hareatzaren gainean gautzen hasten zenean akordutik joaten zitzaidala hura miseria hura halako edertasunaren aurrean.
— Nora hoa?
Telegrafotik zetorren, dirua libratu barria zioten etxetik, eta Al-Ayyun dirua xahutzeko antolatua zegoen, zokoan denetarik eskaintzen ziguten, zapiak jantziak koloniak betaurreko ilunak eguzkitarako kremak erlojuak irratiak magnetofoiak argazki makinak... Alkoholean, munduko lekurik merkeena zen Al-Ayyun, eta kuarteleko kantina ez zen txarrena mustratzako. Horixe ikasi nik, whiskya ura bezain erraz edaten. Ez dakit zertan izan litekeen hori kausa noble batean lagungarri, baina ikasi nuen. Eta Venus edo Oasis edo Las Mimosas fanekeretako atean azaltzeaz batera arrimatu egiten zitzaizkigun atsoen umorea pazientziaz hartzen be ikasi nuen. Horretan ona zen Jonen laguntza, paper mutur bat atera eta lau marra eginik horra aurpegi politak. Garrasi alaietan alde egiten ziguten lagunengana barregarriak erakusten. Jonek sarritxo zeuzkan matrakak polizia militarrekin, eta Black Label bati erdia ganoraz kendua geniola galdetu nion, alkoholak sortzen duen nasaitasun gandu horretan, armadatik kanporatzeko merituak egiten ete ziharduen zoroarena joz. Harrituarena egin zidan bilauak.
— Zoroetxea ez duk kuartela baino gozoagoa izango.
Bezperan, tente ipintzeko agindua hartuta, gorra balitz moduan jarraitu zuen erpuru biak gerrikoan eta bizkarra paretaren kontra kuartelean bertan. Tente ipintzeko kaboak sutan, eta tente ipintzen zitzaion tramankulua nagitua zeukala Jonen osterakoa. Belarrezkinako bat emon zion orduan kaboak gogor, eta mugitu barik, zegoen letxe, Akabatu egingo haut! esan zion Larreak tenplau. Kaboak ez zekien zer egin, ez zuen horrelakorik uste, eta horixe baliatu zuen Larreak ezkerrarekin gerreratik oratu eta eskumako ukabila erakusteko.
— Txikitu egingo haut sekula berriz ukitzen banauk, txuskero zikina!
Olgetan baldin baziharduen, arriskuak hartzeko olgetak zituen gustuko. Ez zen harroarena jotzen zuen kakatia, ezinegona zeukan, zinezko lukia zen, beti artega batetik bestera, amorru bizian, helburu zehatz barik, burua irakiten. Marrazten baretzen zen. Iharra eta baltzarana zenez, arabiartzat hartu ohi zuten. Kaboak, onenean, moroa zela usteko zuen, halako apaldua jasotzeko. Ez zuen salatu. Moroz inguraturik gengozen, ez da gezurra.
— Errementau egingo diagu hemen laster!
Neure burua ikusi nuen eguna joan eta eguna etorri presondegi hartan, diziplina zurrun hartan eta Sahara ezagutu barik. Soldadutza zer edo zertarako izatea gura banuen, ez nezakeen huts egin Afrikan sartzeko abagunea. Afrikaren ertzean egon eta kuarteletik tabernara, tabernatik faneketara, faneketatik sendategira, sendategitik kuartelera bizi? Lehenago ez pentsatuak lotsarazi egin ninduen. Getafeko lur galdua baino mortuagoko zabaldi haietan, agian, kendu ahal izango nuen akordutik zapaltzeko botak jantzita zetorren mertzenario bat nintzela. Arruabarrenagana jo nuen, destinoak antolatzen zituela jakinarazi zigun bigarren egunean, eta eskatzeko.
— Hik zelan aguantetan duk hemen?
— Jarriko haiz, pazientzia eta begia.
— Harearen gainean egin nahi diat lo, ez gorotzaren erdian.
— Villa Cisneros leku ona duk, han ez zagok horrenbeste ofizialik.
Arkitekto ikasketak egiten ari zelako genuen alferez. Arkitektoarena dirudunen karrera zen, baina euskaraz egin zigun lehenengo berbatik, etorri barri ginela.
— Ondoan eduki eta munduko basamorturik ederrena ez ezagutzea, bidaia alferrik galtzea duk, ezta?
— Ez diat esango arrazoirik ez daukaanik. Desertua bestelakoa duk. Zeharo bestelakoa!
Sahara espainiarraren mapa zegoen paretara hurreratu ginen. Makilatxo bat ipini zidan eskuan Nire jenerala! antzeztuz, bizkarra apur bat makurturik. Smara, Hagunia, Haussa, Bir Lehlu... Mauritaniako bidean zegoen puntu txikian ipini nuen makilaren muturra.
— Zergatik aukeratu duk hori, izenagatik?
— Destakamendu bat dela igarri diodalako. Han ez diat sahararrik zapalduko.
Ospe iluneko lekua zen Edchera armadarentzat, Legioak sarraski lotsagarri bat jasan zuen inguruko trokazulo batean, Ifniko Gerran, 1958an. Hamazazpi urte geroago be, beldurtxo aipatzen zuten militarrek berek Edchera. Hildako larregi Plana Nagusi guztietan enboskadarako ezinezkoa ei zen lekuan. Tropa Nomadetan sartuko ninduela, natiboekin batera ibiltzeko. Karrerako ofizialek ez ei zuten gura, eta kapitain batek egiten zuela buru. Huraxe nik behar nuena. Dudabako eduki nezala jendea falta zutela esan zidan Arruabarrenak, laster bidaliko nindutela. Safariak egiteko leku zoragarria zela esanez despeditu ninduen bromoso.
Zuk belarri ona daukazu eta entzun, entzun zertan ari naizen... Ez zenuke asmatuko. Fosil bat jaso dut patruilatzera irten naizenean, eta orain paper zuri bat gainean ezarrita kalkatzen ari naiz lapitzez. Arraintxo bat, txol polita. Nire emaztegaiari bidaltzeko. Hiru dromedario eskatzen dizkit bere aitak... Eta algara egin du berriz, algara amorragarri hori, faltsua delako. Nire onetik ateratzeko egiten du, isiltzeko esan diezaiodan, zer edo zer esan diezaiodan. Guri berdin zaigu, ez gara elizatik pasatuko elkarrekin bizitzeko, ez dugu ezkontzarik ospatuko, zer iruditzen zaizu? Amaitu du arraintxoa kalkatzen, ez dut lapitzaren herresta sumatzen. Gaur posta heldu da Al-Ayyundik eta nire emaztegaiaren gutuna jaso dut. Lau aldiz irakurri dut, buruz ikasia daukat. Txol polita da... Tira, itzuli eginen dizut, euskaraz idatzi dit eta. Akatsez betea dago eta ez zenuke konprenituko. Ez dakit aipatu dizudan, gure hizkuntza debekatua dauka Francok, ezin dugu eskolan ikasi... Eta noizbait, emaztegaiak idatzi diona itzultzen hasi zait: bihotzeko Jon, ez dakit ondo zaudela sinetsi edo ez, hemen ez da gauza onik entzuten eta irakurtzen Saharari buruz. Kezkatua nago, eta kalean besterik ez didate galdetzen, ea zer moduz zauden. Azken asteburua etxean eman dut zure marrazkiak ikusten. Azken gutunean bidali zenizkidanak asko gustatu zaizkit, putzutik ura ateratzen ari den neskatoarena batez ere. Izugarri ederra da, koadro batean ipini dut nire gelan, txalupan gauden argazkiaren ondoan. Herri horrek independentzia merezi du, eta lortuko du. Sahara Askatua Komitea sortu ahal izan dugu azkenean, hamabi lagun gara herrian. Datorren astean diapositiba emanaldi bat antolatu dugu, basamortua erakusteko. Soldadutzatik zatozenean, erakusketa bat eskegiko dugu arraun elkartean zure marrazkiekin. Eta gu nire amonarenean jarriko gara bizitzen, ez dauka luzerako gaixoak. Hitz egin dut amarekin eta konforme dago. Ez da handia baina konponduko gara. Nik ondo irabazten dut eta biona egiteko emanen du. Zuk, bitartean, marrazkiak eginen dituzu, hori da zure bokazioa eta bilatuko duzu moduren bat horretarik bizitzeko. Zu lasai. Etxearen planoak egiten ari naiz erregela eta kartaboiarekin, eskolan egiten genuen moduan. Pareta bat botako dugu eta estudio eder bat geratuko da. Ezin dut nire bizitza idurikatu zu ondoan ez zaitudala. Lotuagoa naukazu sahararrak bere dromedarioa baino... Hasperen egin du, kifia piztu du. Isilaldi luze baten ondoren, Edcheran nagoela esan dit, edo zehazkiago, Chacal gotorlekuan. Ekarri nindutenean konturatu ez banintz bezala. Badakiela beraiek, europarrak, ez direla denboraren jabe erlojuak eduki arren. Sahararrak bai, zuek denboraren jabe zarete. Baina ez lurraren jabe. Eta euskaldunok ez gara ez denboraren ez lurraren jabe. Horregatik antolatzen ditugu komiteak gure auzo guztietan halako jakinduria duten herrietarik ikasteko. Ikasteko eta laguntzeko. Eta hori esanik eskua bizkarrean ezarri dit, eta Ni, zu gabe, Xabier, ez nintzateke gauza izanen ezertarako desertuan. Zu eta biok, desertuan, bi beduino izan gintezke. Gehiago kezkatu nau eskua bizkarrean ipintzeak entzun ditudan hitzek baino. Ezerez bat izan da nik ez erreakzionatzea, bizkarra astindu nahi nuen eskua nire gainetik ken zezan. Esku zuria nire sorbaldan, Frantz Fanonen titulu bat ematen du.
Bularreko josturak tarratatu behar zizkidan poz batek eroan ninduen Jon Larrea Calafeli abisatzen Tropa Nomadak izeneko kuadrilla ankerrera destinatua nengoela, desertu barrura nindoala dromedario gainean beduinoekin batzera. Haserretuaren papelada egin zidan. Traidore zikina oihuka hartu zuen Plana Nagusirantz behingo baten.
— Inork ez dik hara gura, trankil!
Eta Al-Ayyundik hanka egitea hobe genuela gomuta genezan, hiru bonba lehertu ziren gau hartan bertan gure kuartelarenak izandako biltegi zaharretan, kapitaniatik urrun, lolekuetatik hurre samar. Jenerala jo zuen kornetak, etzanda gengozenok be zafarrantxora batu ginen eta kargadoreak hutsitu genituen bentana haien kontra. Tiro egiten amaitu nuenean ez nintzen gauza inori betondoa erakusteko. Hotzak dardaraka eta gorputz osoa izerdiz mela eginda nengoen. Tiro haiek Al-Ayyungo sahararren fusilamendu sinbolikoa izan zen, okupatzailearen egitada zibilizatzaile bat. Ikarak hartuta sakatu nion katuari, zeinen erraza zen inor hiltzea! Berbatza sutsua egin zigun eguerdian teniente koronelak kuarteleko patioan, goragailuek hirira zabaltzen zutela.
— Arruabarrenak esan zidak bihar bertan goazela Edcherara. Zimitarrak eta gura dugun dena, samaraino armaz!
Chacal mitikora apuntatzeko adorerik izan ez zuten lagunak tutuluko estratara bidalita urten genuen goizabarrean Al-Ayyundik, nik behintzat gaua ezin lo eginik emonda. Sahara, harea, sahararrak, gure anaia gerrilariak...! Eta ni neure mertzenario botak jantzita. Ikara zer den ikasiko nuen, baina ez nintzen etxera koldar itzuliko. Esan ziguten laurogei bat kilometrora geneukala Edchera, ordu biko bidea baino ez. Azkenerako hiru ordu luze gastatu genituen. Telebistako dokumentaletan ez azalduagaitik, desertuan badagoz harrizko eremuak be, antzina ibaiak edo itsasadarrak izanikoak. Horietariko batean trabatu egin ginen esnea zekarren kamioiak arazoak zeuzkalako erradiadorearekin, gerrilariek estrategikoki ipinitako harriren bat jota, antza.
— Erne guztiak!
Bezperako dardara bera Cetmeei segurua kendueran! Kamioi azpitik zelatatu eta Land Rover bat. Hotza, hotza basamortuaren erdian.
— Zer egin lezake Land Rover batek? Lau kamioi gaituk!
— Ez fida suge hauekin!
Gero eta hurrerago moroak. Ez ei zen Espainiako Armadako makina. Eta sarjentua batera eta bestera katalejuekin, bizkarretik erasango ote ziguten.
— Noiz hasiko gaituk tiroka?
— Tiroa jotzen duen aurrenekoa bertan fusilatuko diat!
— Orduan zertarako oihukatu duk armetara?
Erdi frantsesez erdi gaztelaniaz jakin eragin ziguten lekutan genbiltzala, Edcherara joateko beste bidea zela.
— Ikusten? Ez zagok fidatzerik! Nola dakite Edcherara goazela?
— Ez zakiat.
— Infiltratuak dauzkagulako armada barruan, arraioa!
— Transmisiokoak, hona!
Ez nuen bape konprenitu, mapak nahastu egin zitzaizkidan begi bistan. Aljeriako Armadako patruila bat inguru hartan?
— Sinetsi egin diek? Horiek gu galtzea nahi ditek!
— Ez diat esan aljeriarrak direla? Gure etsaia Maroko duk, ergela!
Jon Larreak bere analisia azaldu zion karabanako buru zen sarjentuari: aljeriarrek Polisarioko gerrilariak entrenatzen zituzten, laster pasatuko zieten gure posizinoa erasoren bat antolatu ahal izateko bidean. Baina ez genuen moro anker gehiagorik ikusi Ifniko gerra jarraitzeko, eta bizirik heldu ginen Edcherara, Chacal gotorleku mitikora. Bizirik, sosegaturik, kuku jota eta dutxa baten premian, ea bustialdi batek argitzen zigun zer egiten zuen patruila aljeriar batek Espainiarena zen mugapean. Aldea zegoen teoriatik praktikara, bai. Non eta Polisariokoak ez baldin baziren, kamuflatuak, Arruabarrenak bromoso aipatu zidan safarian.
— Gregorio Azkarate? Juan Jose Larrea?
Eskuak tinkatu, lepokadak emon eta erreskadan zegozan arrautzerdiko teilatuko etxetxoetara eroan gintuzten garagardo hormatu bana eskaintzen zigutela. Euskaldunak! Dutxarako egun bi itxaron behar, hiru egunean behin izaten ei zen. Ez zegoen agoantatzerik, hondarra gorputzaren txoko guztietan sartzen da, sekulako azkura.
— Hiru egun? Errementau egin behar diagu berton!
— Busti nahi baduzue, mila pezetana!
Algara egin zuten, dutxa klandestino bat zeukaten montatua berrogeita hamar kiloko tomate eta melokotoi latak edukitzeko erabiltzen zen arrautzerdiko etxeetariko batean. Isilka sartu, arropa erantzi eta, mangera batekin, bustialdi ederra hartu ahal izan genuen Jonek eta biok.
— Azkarate, nora arraio ekarri nauk?
Gazia, dutxa hartakoa eta hango beste dutxetakoa. Putzuaren azpian petrolioa dagoela adierazten ei du. Bu-Craan ustiatzen zuten espainiarrek desertuaren altxorra, fosfatoa eta enparatuak. Ez geneukan hain aparte, ordu eta erdira hor nonbait.
— Non zagok oasia hemen?
Tropa Nomadak izango ginen, ederto Arruabarrena, izenak harrotasuna emoten zigun, afrikartu egiten gintuen zelanbait. Erdi eta erdi ginen espainiarrak eta sahararrak, eta horrek be halako ilusinoa egiten zigun, sahararrak ez baitziren fidatzekoak, denak Polisarioko infiltratuak zirela jakinarazi ziguten beteranoek, kontu izateko moroekin, moroa azpilaria zela sortzez. Paranoiaren eta ideologia kolonialaren nahaste interesgarria. Jon Larrea marrazkiak egiten hasi zen aida batean: dromedarioak zutik, dromedarioak jesarrita, dromedarioak jaten, dromedarioak martxan, dromedarioak lotan... Geu Polisarioko fellaghak izan gintezkeela begitantzea larregizkoa zen arren, haien aldekoak izan gintezkeen Marokoren aurka. Jantzian be, narras antzean ikusten zen jendea, sandaliak, durbanteak, mahuka bako alkandorak, praka motzak... Gerrilarien itxura burutik behatzetara, ez armada erregular bateko soldaduena. Halako taxua hartuko genuen lasterrera hegazkinean kaka eginda etorritakook!
Ni zaintzeko Cetmea beti tiro egiteko prest daukatela argitu dit, inor hurbiltzen baldin bazait asmo zatarrez, zimitarraren batekin edo, bertan tiroka josteko agindua omen daukate. Jesartzen garenetan niregana apuntatuz edukitzen duela magalean. Eta algara zoro hori egin du. Haizeak ekartzen dit jaimetako usaina, horregatik dakit norantz hartu beharko nukeen. Honezkero ikasia izanen du hori. Debekatu egin omen diote niri irratia entzuten uztea, eta ezin izanen didala itzuli Hassan II.ak deklaratutakoak Rabat Irratian. Algara berriz. Horrelakoetan eskerrak ematen dizkiot neure patuari eskuak loturik dauzkadalako. Burla hori egiten duenean, algara zoro faltsu hori, eztarria estutzeko gogoa etortzen zait, ezin dut burla hori jasan. Uste nuena baino ahulagoa naiz. Xabier esaten dizut inork ez dakigulako zure izena, hasi zait, Lasai egon zintezke. Esan nahi dut okupatzaileok ez dakigula zure izena. Zure atzamarren arrastoak ikertu dituzte eta ez dute zure fitxarik aurkitu. Hemen zure izena dakiten bakarrak zure anaiak dira. Ez dakit nola, baina ni seguru nago badakitela nor zaren. Urduri daude ez diegulako uzten dutxetara etortzen. Agian ez zara sahararra, agian aljeriarra zara. Kamioi eta Land Rover hotsa besterik ez dut sumatu gero. Beha ezazu, kamioi hori meloiz betea dator, bihar fruta freskoa edukiko duzu. Barka ezazu behatzeko esan izana, ohartu gabe atera zait. Aljeriarra zarenez, frantsesez eginen dizut, hobeto ulertuko didazu. Ahalegin handi bat eginen dut zuregatik, nire frantsesa ez da ona. Egia bada, esatekoak buruz ikasiak ekarri ditu, erraz aritu da. Emaztegairik ba ote daukadan galdetu dit aurrena. Eta ondotik barkamena eskatu dit berriz, zenbat emazte daukadan galdetu dit. Hori espero duzue zakur kristau batek galdetzea, ezta, Zenbat emazte daukazun. Ez du algararik egin. Isilera egin du, norbait hurbildu zaigulako. Ulertu ez ditudan hitz batzuk egin dituzte, euskara edo hori. Hau Xabier da, erantzun dio gaztelaniaz. Kaixo Xabier agurtu nau etorri berriak. Ez da Xabier, alferrik ari naiz torturatzen, gerrilari gogorra da, argitu dio nire zaindariak, ez digu izena emanen torturatu arren, eta graduazioa ere ez. Klandestinitateko izena du Xabier. Zertara etorri haiz solasean lasai ari ginenak molestatzera? Al-Ayyunera joatekoa nauk kapitainarekin, zer edo zer egitea edo ekartzea nahi? Ezetz, goraintziak emateko faneken erreginari. Ongi zagok. Agur Xabier! Mutua al da? Moro hau euskalduna duk egoskorrean! Zu ez zara moroa, gure arteko tontakeriak dira, Xabier. Gure inguruko inork moro hitza erabiltzen badu sahararra aipatzeko, bota egiten diagu gure gizartetik, hori espainiarren hizkera duk, jakinarazi dit. Eta handik jarrai, ahazteko beldurrez, edo gaia bat-batean aldatzea ni desorekatzeko teknika izan litekeelako, atzoko festaz gozatu ote nuen galdetu dit. Festa ederra, ezta? Aalisalemen ezkontza izan zen, bazenekien noski. Gure tropa nomadetako buruetarik bat. Seguru ezagutzen duzula, zure kontaktua da. Ez esan ezetz. Hitzon ondoren benetako galdeketaren unea heldu dela iruditu zait. Lagunarena egiteari utzi eta tortura gogorra helduko dela pentsatu dut. Eta harritu egin naiz zeinen lasai geratu naizen. Amai dadila jardun merke hau eta has daitezela elektrodoak lanean, europar hauek Aljerian egin zuten gisan. Kolonialistaren onbera pairatzea baino arinagoa izango da.
Afalostean, kamainetan etzanda irakurtzen edo lotokiko zokoetan tximutxen aurkako gerra galdutakoan, Garatek, gotorlekuko barberuarena egiten zuen gernikarrak, ezpainetara ekartzen zuen ahosoinua. Astrapala sortzen genuen kantu, irrintzi eta dantza Edcherako bost euskaldunok. Azkenean, argia amatatzen zutenean, kantari jarraitzen genuen ohean, ilunpean, barrua gero eta hartuago Isil-isilik dago, Euskalerri nerea, Boga-boga... Espainiar batzuek be ikasi zituzten zatitxoak, eta guri letxe etortzen zitzaiela malkoa eduki izan dut ustea beti. Denok geneuzkan adiskideak, neskak, leku maiteak handik urrun, bestelako zeruen azpian, bestelako lurren gainean. Gau batean jazo zen inork ez kantatzea, ez builaka jardutea, Garateren Hohner txikerra isilik egotea. Egun hartan, erretretan formaturik geundela, hurrengo eguneko manamenduak hartzeko bandera erriatu eta gero, zerrenda irakurri zuten betiko lez, eta Juan Jose Larrea oihukatu zutenean haren Presente! non, gure artista inon ez. Elkarri begiratu eta inork ez zekien ezer. Dromedario gainean ikusi ote zuten. Kezkatuak abiatu ginen euskaldunok afaritara, baina Al-Ayyunen erosiriko Grundig bikain hura ez zegoen tomate eta melokotoi lata handiek ezkutatzen zuten txokoan, eta burutanzinoa izan nuen Al-Messeiedeko oasian gaupasa egiten ariko zela, izarrak edaten, etxetik ekarri zituen kaseteak sugeei ikasarazten bolumen gogorrean...
Bai, bazegok bide bat
gure herrira heltzeko, bai.
Hik eta nik bazekiagu
nora dihoan, anai...
Jon disfrutatzen ari zen Afrika, ni ordea Plana Nagusian kateatua nengoen, egun osoan paperak begiztatzen eta posta ordenatzen errementau behar baten, kontablea nintzela aitortu nuelako. Kontablea ez, mozoloa. Biharamunean, armosura nindoala, zorro zarratu bat luzatu zidan tenienteak.
— Kapitainaren ohar bat oasiak marraztera etorri den hire lagun horrentzat. Kalabozoan dago.
Horrelako gauza txokanteak jazotzen ziren Chacal gotorlekuan, kapitainak isileko mezu bat pasatzen zion tenienteari, kapitainak berak egunero alboan edukitzen ninduen honi entregatzeko, kalabozoan morroiloa emonda zeukaten soldaduari eskura eman niezaion. Kapitainak ezer hutsean zeukan tenientea extremeñua zelako, eta ostikopean ibiltzen zuen. Orpo jokoa egin nuen bada kalabozora eta hantxe zegoen nire laguna, tenplau, lurrean luze kolkoan barrena eta prakapetik gora zebilzkion tximutxen ardura barik. Zertan ibili zen eta uzteko bakean, arnasa domatzeak kontzentrazinoa eskatzen zuela.
— Mezu bat dakarkiat, kapitainaren mezu sekretu bat.
— Utz ezak hor eta utz nazak hemen.
Bi edo hiru egun geroago, gehiago ez, Jonek marrazteko zeuzkan lamina haietariko batean zeukan murgildua kapitainak burua. Mahaiaren ertzean laga nion kafesne katilua egun onak emanez.
— Begira ezazu hau, Azkarate.
Aurpegi ederra zeukan emakumezko hark, baina gorputzak, gorputzak bihurritutako odoloste meta bat emoten zuen, titiak beso eta besoak zango eta zangoak belarri, eta potxorra izan zitekeena eskumako galtzarbean zeukan, lau mailubi gorri txirbil berdez osaturiko habiaren erdian
— Esadazu, Azkarate, zuk uste duzu hau andra hau kristaua izan litekeela? Zuk uste duzu marrazki honek iratzartzen ahal duela soldadu nekatuaren libidoa?
Zorionez puskatxo bat haserre zegoen inoren erantzunik jasotzeko, telefonoa hartu zuen eta kalabozoko mameluko hura bertara ekartzeko segiduan agindu zuen.
— Eta dutxatu dadila honakoan.
Telefonoa eskegi, kafesne katiluko whiskyari hurrupa luze bat eman, gozamenezko hasperena egin eta orria begietara jaso zuen barriro.
— Nire kapitaina, nik ez dut arte modernoa ulertzen...
— Azkarate, ez naiz arteaz ari, libidoaz ari naiz! Zuek euskaldunek, ez duzue libidorik?
— Barka ezazu nire kapitaina, nik esango nuke, zure baimenarekin, horrelakorik ez dela ikusten altzari dendetan. Gauza artistiko bat egin dizu.
Akaso, akaso... errepikatu zuen lauzpabost aldiz marrazkiari begira, pentsakor.
— Azkarate, laster ikasiko duzu nola leziatzen diren tropako larjakinak. Inoiz kapitainaren maila hartzen baduzu zuen armada euskotarrean, ondo etorriko zaizu.
Poza ezpainetan zuela sartu zen Jon Larrea Plana Nagusiko buruarenean, eta halaxe begiratu zion, barrez, kapitainak krimen baten froga moduan erakutsi zion marrazkiari.
— Zuk uste duzu hau nire emaztea izan litekeela? Zuk uste duzu nire emaztea, larru gorritan, horrelakoa dela?
Jonek besoak luzatu zituen irudi aldera, eta eskultura bat laztantzen ariko balitz moduan mugitu zituen eskuak marrazki bihurri haien lerroak segituz, Labirintoa eta Oasia berbak aipatuz, Erotismoz betetako koadroa da. Kapitainak itxaroteko adierazi zidan eskuarekin ezpainak zimur eta begiak zorrotz, laster ikusiko nuela lezioa.
— Eskatu zenidana egin dut, nire kapitaina. Seguru nago asko gustatuko zaiola zure emazteari. Sekula egin dudan lanik ederrena da. Labirintoko Oasia du izena.
— Kontua niri gustatzea da ordea! Niri! Isildu zaitez, Larrea! Erotismoz betea, mamarratxo hori? Zuk adarra jo didazu, nik harpa joko dizut.
Eta mahai gainean laga zuen lamina, ahuspez.
— Oasian gaupasa egiteko adorea behar da, baina adorea ez da nahikoa militar ona izateko, eduki behar da irudimena be. Beraz, ikusirik bietatik ondo hornitua zaudela, kabo izendatzea erabaki dut.
Hori bai ez zitzaiola burutik pasatu Joni. Ezta niri be. Kapitainak barre anker bat egin zuen, garailearena, burua niregana jiratuta.
— Badakit ez dakizula gidatzen, ez dakizula idazten, ez dakizula irakurtzen, ez dakizula batuketak egiten... Marrazten be ez dakizu, antza denez. Espainiako Armada inozoz betea dagoela esan badizute, informe txarrak dauzkazu. Galdera bat egingo dizut, errazagoa ezin, eta asmatzen baduzu, ez zaitut kabo izendatuko. Zuk ez dakizu ezer, eta eskatuko dizudana jakiteko ez duzu zertan ikasia izan. Zer iruditzen?
— Barka ezazu nire kapitaina, hain zaila baldin bada ez asmatzen, tranparen bat edukiko du galdera horrek.
— Ikusten, Azkarate?
Luze samar geratu zen kapitaina Larrea kabogai larrituaren berbak hausnartzen.
— Larrea... Lagun kutunik, emaztegairik edo antzekorik ba duzu?
— Badakizu baietz, astero iristen zait gutuna.
— Akaso... Bai, akaso, zer iruditzen zaizu, egin didazun mamarratxo horri neure emaztearen aurpegia kenduko bazenio, beste bat ipiniko bazenio, zure emaztegaiarena adibidez, agian, zer iruditzen zaizu, hartuko ote nuke, zelan esan... kalentura erotikorik?
Hurrupa batean hustu zuen whisky hondarra inon diren patrifiliorik mardulenak murmuxetan ziharduen Jon Larrea Calafeli ez entzuna ez ikusia eginik, eta altxatuta, aurrean zeukan senargai irainduaren inguruan itzulika, galderaren atarikoa egin zuen honakoan niri begiratzen zidala eta harakoan hari begiratzen ziola.
— Destino hau eskatu baino lehen, Bilbon egon nintzen urte batzuk, hango Komandantzia Militarrean, isileko lanak egiten. Ulertzen duzue, ezta? Ez naiz partea emoten hasiko, beraz. Ezagutzen zaituztet zuek biak, badakit nondikako ezpaletatik zatozten. Zuek biak eta harmonika jotzen duena eta laugarrena be bai, lesakar hori, eta bosgarrena ez naiz gogoratzen, apuntatua daukat. Derrigortuta etorri zarete eta ez diozue gure banderari zin egin eta hori guztia. Galdera bakarra egingo dizut... Zure ustez, une honetan bertan, bederatziak eta hamabietan, alegia, penintsulako hamarrak eta hamabietan, nolako eguraldia egiten ote du Bilbon?
Ezpainak estutu, burua sabairantz jaso, eskuak ukabil itsutu: horra ba lakioa, izan zitekeen haizea, elurra, txingorra, euria, zirimiria, hozkirri edo sargori, kapitainaren azpiko zegoen eguraldia. Jonek ez zeukan urtenbiderik.
— Ez diozu lagunduko zure adiskideari, Azkarate? Zer konpañerismo mota da hori?
Baina nik Bilbon kutsadura itzela izaten zela eta eguraldia be ez zuela ikusten uzten erantzuteko astirik emon barik jaurti zuen Jonek, etsita, kostaldean eguraldia txol aldakorra izaten dela. Niri begira geratu zen kapitaina ezpainak barre eginda.
— Ikusten, Azkarate, zelan harrapatzen diren larjakinak? Ipini ezazu makinan izendapenen paper ofiziala eta hasi betetzen.
Eta berak eskua ipini zion sorbaldan Jon lagunari.
— Gainditu duzu azterketa!
Jon, hura entzunik, tentetu egin zen, kokotsa harrotu zuen, niri begira, zurrun, lakioan harrapatutakoa kapitaina izan balitz moduan.
— Juan Jose Larrea Calafel, Armada Espainiarren Tropa Nomaden kaboa izendatzen zaitut Kanarietako Kapitain Nagusiaren izenean. Lau gizon izango dituzu laguntzaile, lau euskaldun gudari, eta neure aginduetara egongo zara zu-ze-ne-an. Ados?
Kaboaren Kartila atera zuen tiradera batetik, buruz ikasteko emon zion txingarretik irri maltzurrera aldatua zen Jon lagunari, nik Una Grande Libre zioen arranoaren pean idatzitakoa uzten niola mahai gainean, Canarias Juan Larrea Calafel R. 1.975-3º llamamiento Agrupacion de Tropas Nomadas del Sahara vacante reglamentaria nombramiento Cabo.
Beste zaindariek ez dute hitzik egiten, aginduak ematen dizkidate, isilik egoten dira eta noizean behin Ez zaukaat ezer hire aurka, baina ihes egiten saiatzen bahaiz arrafaga batekin frijituko haut. Kaputxa kentzeko imintziorik txikiena ikusten badiat, frijitu eginen haut berdin. Edo burla. Nahi, urdaiazpikoa ogi tartean? Alkohola eskaintzen didate, sudur azpian ipintzen didate whiskya, kaputxan barrena sumatzen dut. Ipurdia eskuarekin edo harriarekin garbitzen ote dugun. Beti kontu berdinak, ez naute behartzen erne egoten, berdin zait, europarren arrazakeria zabarraren katalogoa errepikatzen dute, gizajo hauen obsesio sexual guztiekin. Aspertu egiten dira eta isilik geratzen zaizkit ondoan. Huts ematen dut euskaldunaren jarduna, kantuen malenkonia hori, algara zoro hori, niri baino bere buruari eskaintzen diona. Batzuetan barre eginarazten dit. Ez dakit plan baten pieza den edo libreki diharduen. Maila politikoa du, eta baliteke euskaldunen herri horren borrokan inplikatua egotea. Gaur Aalisalemen ezkontzaz aritu zait berriz. Ez nekien Aalisalemek hainbeste morroi zeuzkanik, lau mauritaniar dauzkala esan dit, dirua daukala eta otutzen zaion guztia erosten ahal duela. Eta paper batzuk irakurri dituela, paper batzuk azaldu direlako kuartelean barreiatuak, gure paperak, horrelaxe, zuen paperak, Polisariorenak. Batetik Maroko, besterik Polisario, hemen denak kaka eginda zaudek, Xabier, Kaka eginda dauzkazue espainiar harro horiek. Oraintxe dela une egokia kolpe on bat jotzeko. Burutik dago, zer uste du. Edo tanteatzen ari da. Ez dut uste Indar Nomadetan dabiltzan gure anaiek gotorlekua hartzea pentsatu dutenik. Gero eta maizago gertatzen zait zaindari honen hitzak nire pentsamenduaren jarraipena izatea, ez dakit zertara iristeko asmoa duen. Irakurri dut panfletoa, esan dit, Eta Mendebaldeko Sahararen independentzia aldarrikatzen duzue. Guk sozialismoa batu diogu independentziari, euskaldun guztiak berdinak izateko izanen da Euskal Herria libre. Eta Aalisalemen ezteietan egin zen festaren musikaz eta kantuaz gozatu ote nuen galdetu dit ostera. Noski gozatu zenuela. Baina ez dakizu biharamunekoa, hori ez dizute jakinaraziko. Izugarri tristea izan zen. Ez dakit egia den ondoren kontatu didana. Gure antzinakoen kontuak zirela horiek uste nuen, agian nik uste dudana baino europartuagoa nago. Aalisalemek neskato bat erosi du hirugarren emaztetzat, eta ez da gauza izan emaztetzeko, ez da gauza izan maitatzez menderatzeko, bortxatu egin du ohorea ez galtzearren, urratu egin du neskatoa, garrasitan eta odolusten utzi du eta medikua eskatu dute familiakoek, kapitain medikua, eta neskatoaren egoera ikusi duenean anbulantzia bat eskatu du Al-Ayyungo ospitalera eramateko... Neskatoak aurre egin zion eta borroka egin zuen. Nik ez nuen neskatoa ikusi, Aalisalem ikusi dut gaur goizean, begi bat gal dezakeela ematen du. Zure anaiek, gure tropa nomadako gerlari horiek, mespretxuz behatzen diote orain. Ez hamabi urteko neskato bat bortxatu duelako, larrutara errenditzen jakin ez duelako baizik. Zer pentsatzen duzu horretaz, Xabier?
Birritan apurtu zuten Polisariokoek Bu-Craako fosfatoa Al-Ayyunera eroaten zuen zinta luzearen katea gure soldadutzaldian. Espainiarren interes ekonomikoei erasanez, estrategia garbi bat adierazten zuten, Espainia egon zitekeen Marokoren aurka baina horrek ez zekarren Sahara ustiatzeko eskubidea zeukanik, okupatzailea zen. Fellagha sahararren ekintzek politika kolonial bat ipintzen zuten argitan. Jonek aipatu izan zidan Espainia diktadura bat izatea komeni zitzaiola Polisariori nazioarteko erakundeen onespena jasotzearren.
— Horrek esan nahi dik Franco bizi den bitarte egin behar dutela gogor.
Euskara sanoan adierazteko, aberriarekikoa amaitzeko geratzen zitzaizkigun zazpi hilabeteetan ez genuela gogaitzeko astirik izango. Handik astebetera fellaghetara batu ziren gure Tropa Nomadetako patruila bi, desertatu egin zuten arma batzuk lapurtuta. Geroago, Smaran, lau patruilak desertatu zuten, ofizial batzuk bahituta Aljeriako mugapean zeuzkaten kanpamenduetara eroanez. Hala eta guzti, Polisariori ez zitzaion enfrentamendu zuzena komeni, gerrila joaldiak egiten zituzten, odolik isuri barik, eta hori nasaigarria zen guretako. Haiena zen orain danbolina, eta atsedenik hartu ezinda genbiltzan Chacal gotorlekuan, munduko tximutx guztiak oldartu izan balitzaizkigu ez ginen halako dantza zoroan ibiliko: laster tankeak azalduko zirelakoak, helikoptero hura zertara etorri ete zen, natiboak nagi zegozela aginduak betetzeko, aginduak edonora, kontraginduak edonoiz, ariketa taktikoak, guardia indartuak, nomadeoak, alarmak... Eta segurtasun neurri haiek guztiek ez zekarkiguten sosegurik, Cetmea alboan geneukala egiten genuen lo. Asko bakandu ziren kapitainak emaztearekin eta Al-Ayyungo fanekekin egiten zituen telefono tertulia erotikoak, eta asko ugaldu ziren hango kuartel nagusiko deiak. Transmisinoetakoek be nobedadeak ekarri eta ekarri ziharduten. Egun haietariko batean, inoiz jazoko ez zitzaidala uste nuena jazo zen.
— Azkarate, ez dezatela esan zu ez zarela gudari bat!
Egundoko arinen abiatu nintzen kanpainako arropa jantzi eta nire Cetmea hartzen, bizi arriskuan sartzen ahal nintzelako pozak zoratzen. Armategian Jonekin egin nuen topo, munizinoa kargetan nire laguna.
— Fellagha bat harrapatu ditek!
Ahora berbarik ez zetorkidala geratu nintzen, zer operazino mota ete zen gurea?
— Lagundu kargatzen, arraioa! Espainiar hauek deskuidu batean akabatu dezaten baino lehen iritsi behar diagu!
Berak marraztutako mapa erakutsi zidan, desertuaren mapa puntuz betea, eta iparrorratza ipini zuen gainean. Arruta markatu zuen lapitzez.
— Geronek egingo diagu transmisioa.
Kapitaina heldu zen irrati probak egiten ari ginela.
— Ederto, Larrea. Adorea eta irudimena, baina dena neurrian, batez be irudimena. Prisioneroak ez dezala jakin nora datorren, eta datorrenean ez dezala inork ikusi. Konfiantzazko misinoa da hau, euskaldunek egitekoa.
Gezurrezko eztultxoa egin nuen, eta kapitainak bekokia zimurtu zuen ohi zuen lez.
— Azkarate, gurago duzu ekonomatoaren kontuak errepasatzen geratu, gerrako bataiora barik?
Bulegoko takoitu-tentetu-agurtu hura barritu nuen.
— Entzun ondo, Azkarate. Larrea kaboa bere graduari ez dagokion portaeraren batean jausten bada, degrada ezazu bertan eta ekar ezazu lotuta.
— Barka ezazu, nire kapitaina, Larrea kaboa da eta ni soldadu soila...
— Bizkorragoa zinela uste nuen, Azkarate. Larrea da operazino honetan komandoburu, zu patruila honetako komisario politikoa zara. Ulertzen? Fronte militarra, fronte politikoa. Transmisino postuan egongo naiz zuek etorri arte, ordu laurdenetan egingo dugu kontaktua. Pasoko berba, barrenkale.
Kaiser heldu zen, zoko guztietan usain barriak asmatzen ibiltzen zen artzain alemana, tenplau, ilea luze samar, jabearen ondora.
— Presonerak ez du jakin behar nora datorren. Horretarako dauzkagu euskaldunak Espainiako Armadan. Hitzik ez gaztelaniaz haren ondoan! Ulertzen?
Kirtenkeriaren bat erantzutekotan egon nintzen euskaraz.
— Zaindu zeuen burua! Su egitekotan, izan dadila ezinbestekoa zaizuelako. Babesteko sua baino ez.
Eta alde egin zuen bizarra Chacaleko bazter guztietan erakusten zakur leiala lagun zuela, gaua emoten Al-Ayyunera joaten ez zen bakanetan egiten zuen lez. Garate gernikarra azaldu zitzaigun ezerezera, hura be gerrarako gertu.
— Lesakari beherakoa eman dio, ala?
Trepeta guztien errepasoa egin zuen Jonek Petrirena azaldu bitartean, ura, munizinoa, gasolioa, linterna... Aginterako sena zeukan, komandantea zen hura, bai!
— Orain gerraren erotismoa ezagutuko diagu.
Hori esan ei zion kapitainak, eta kapitainaren larjakinak leziatzeko hura etorri zitzaidan akordura.
— Bost euskaldunak Land-Rover batean... Mina bat jota errementau, horixe gertatuko zaiguk, planifikatua zagok!
— Azkarate, hik zer uste duk, komisario politikoa haizela edo?
— Hi komandoburua haizen bestekoa.
Inork kalterik egin gura bazion atxilotuari, neurririk gogorrenak hartzeko, atxilotua gotorlekura onik ekartzea zela gure helburua, kapitainarenak errepikatuz.
— Arranopola! Onik geuk heldu behar diagu!
— Guk soldadu heldu behar diagu, oraindik erreklutak gaituk. Bataiora goazak!
Ordu erdiren buruan alto egin eta bigarrenez egin genuen kontaktua Chacalekin. Ura edan, samak busti. Garagardo batzuk hartzea gogoratu ez.
— Okerragoa duk lefaren kontrapozoia ez ekartzea.
— Arranopola! Gerrara urten eta sugearen haginkadak hiltzea galanta litzateke gero!
Itsaspeak zoragarriak direla aipatu ohi zidan sarritan Jon Larreak. Nik ez dakit zelakoa izango den itsasoaren hondoa, zoragarria izango dela sinesten dut, dena haitz eta bedar eta mendi eta troka eta bafora ugertu eta marinel hezur, baina badakit Sahara zelakoa den, eta Sahara daukadanez beti gogoan, itsasoaren azpi hori egiten zait hotza eta iluna eta tristea eta abandonatua, horixe, abandonatua, hilerri zahar bat. Saharan egon zintezke bakarrik harearen gainean kaburik ez daukan zeruertzean hondar garaurik mugitzen ez dela, eta ez zara sentituko inoiz bakarrik, Sahara ez delako abandonaturiko basamortua, Saharan eguna beroa da eta gaua hotza, epelkeria bako lekua da, leuna batzuetan, garratza bestetan, erreka sikuaren ostean oasia topatuko duzu, eta ilundutakoan galaxia osoak datozkizu begietara eta eskuko hatzak be ez dituzu ikusi ahal izango iretargi bako gauetan. Bestelakoa da Sahara, bai, ez zidan gezurrik sartu Arruabarrena alferezak, patruilan nindoan samaraino armatuta zimitarra eta guzti isileko maniobra batean eta bihotza zabal nindoan, zoragarria zen beroa, zoragarria sirokoak zekarren hareak estali ahal gintuela jakitea. Denboraren jabe sentitu nintzen desertu barruan, Jonek behin esan zidan lez. Absurdu zentzuduna, gozamena, betetasuna. Orduan, une hartan, mundua tutuluko estratan zegoen niretzat.
Bi aste egon naiz beherakoarekin eta egundoko tripako minarekin zuen erruagatik, hasi zait gaur. Inspekzio bat egitera irten zela gida natiboetarik batekin eta bi soldadurekin. Karabana batekin egin zutela topo Al Masseiedeko oasian. Kalaxnikovak zeuzkaten, eta tiro lehiaketa egin genuen, denok gure Cetmeekin lehenik, eta denok haien Kalaxnikovekin ondoren. Zeinen tresna onak, Kalaxnikovak. Zuek ez daukazue horrelako armarik, komeni zaizue tratua egitea tuareg horiekin. Eta lehiaketa berak irabazi zuenez, dromedarioa jatera gonbidatu zutela. Ez da zuen errua izan, neure errua izan da, ekarri nituen soldaduek ez baitzuten jan usandua zegoen haragi hartarik. Nik jan egin nuen errespetuagatik, haien eskainia eskertzeagatik. Oraindik ez naiz erabat sendatu. Hondarpean ondutako haragia omen zen. Guk gatzetan ontzen dugu, edo ketan. Herri bakoitzak bere ingurura egokitzeko modua egiten du, Polisarion hartuko banindute, ni saiatuko nintzateke dromedario usandua jaten. Animalia ederra da dromedarioa, marrazki bilduma bat daukat dromedarioena. Zurea ere bai, zure bildumak Xabier nire presonera dauka izena, eta kaputxarik gabe zaude, eta lamina guztietan aurpegi desberdina daukazu, zu presoner eredua zarelako, espainiarren presonera euskaldun batek zaindua, ulertzen duzu? Inoiz baino berritsuago etorri da. Zalantzan egon nintzen soldadutza egin ez egin. Egitea erabaki nuen, inposaketa hori bete eta libreago itzultzeko nire herrira. Abisatu zidaten desertuak liluratu egiten duela, eta ez nuen sinesten. Baina Saharak bereganatu egin nau. Atzo kapitainak permiso bat eskaini zidan, hamabost egunekoa, nire herrira joan ahal izateko. Ezetz esan nion. Saharak bereganatu egin nau ni hemen nagoen bitartean, ez pentsa. Etxera joanen banintz permisoarekin, ez nintzateke hona berriz azalduko, Euskal Herria izugarria da, ezagutu behar zenuke, ezagutu behar zenuke zer den itsasoa eta zer den mendia, bereganatu eginen zintuzke, egitan ari naiz. Ez dut exiliora joko soldadutza ez betetzeagatik, Ez da arrazoi sendo bat Euskal Herria uzteko, ulertzen duzu? Paper hotsa, gutunen bati pleguak kentzearena. Nire emaztegaiari idatzi diodan gutuna irakurriko dizut. Amaia laztana, Sahara edertasun gardena da, zure kopeta bezala. Amaia laztana, Sahara arrain eta karakola fosilez josia dago, zure eskuak dirudite. Amaia laztana, Sahara izar guztiek beren burua ikusi nahi duten putzua daukan gaua da. Amaia laztana, Sahara munduko maitaleen gorputzak estaltzen dituen urrezko izara da. Amaia laztana, Sahara egunsentiaren garbitasuna da. Amaia laztana, Sahara eguzkia gozoen xukatzen duen hondartza da. Amaia laztana, aurreko astean lefa suge gaiztoak lagun bati heldu zion hondar gainean etzan zelarik, eta bizia salbatu nion jeepean beti eramaten dudalako ziztadaren aurkako kontrapozoia. Amaia laztana, Sahara herri bat askatasunean bizi litekeen zelai handia da. Amaia laztana, kanpamenduren batetik igarotzen garenean, umeek harrika egiten digute. Amaia laztana, ez zenezake idurikatu nolako edertasuna den Sahara. Paper hotsa berriz, gutuna tolestatzen. Eta gero, ahapetik, Amaia laztana errepikatu du azken aldiz, Zure bularrak baino zuriagoak dira hildako dromedarioen hezurrak.
Armak tarteko direnean, inork desio ez duena gertatu ohi dela. Behin eta birritan gogorarazten zidan hori kapitainak, Polisariokoek ezin izango zutela luze iraun odolik isuri barik, beraiena eta inorena. Bu-Craatik Al-Ayyunerainoko ehun kilometroetan bazutela nahi beste aukera, ausartu nintzen esaten, fosfatoa garraiatzen zuen zinta apurtzeko inor zauritu barik.
— Azkarate, goiz edo belu, arma egiten da eskuaren jabe.
Eta hala gertatu, gure patruila batek, hartara barik, topekada jo Polisarioko batekin. Kapitainak igarria zeukan lez, tiroketa sortu zen eta fellagha bat harrapatu. Burkideek ihes egin ahal izan zuten, eta patruilakoak gure zantzuan zegozen presonera jaso genezan, beraiek iheslarien atzetik jarraitu ahal izateko. Land Rover zahar bat laga zuten, hondatua, eta seguru zeuden harrapatuko zituztela ilundu baino lehen.
— Ez zagok inolako presarik!
Ahoa ireki nuen, eta Jonek barritu egin zuen ez geneukala hitzordu zehatzik. Lesakarrak, Petrirenak, moteldu egin zuen abiada. Ikaratu egin nintzen apur bat, larria izan zitekeen, etsaiarekin kolaboratzea edo.
— Ez zaiguk komeni gure gotorlekuko natiboek beren anaien atzetik gabiltzala pentsatzea. Kapitainaren oharra.
Dezepzionatu egin ninduen argibideak, nik ulertu nuen fellaghei nonbait ezkutatzeko astia utzi behar geniela. Gero usmatu nuen Petrirenagaitik zela, ez zeukan maila politikorik eta hobe zela inozo mantentzea usteko zuen. Horretara zetorren seguruenik kapitainaren oharra zelakoa be. Adiskidetu egin ninduen Jonekin, lukia zen. Ni, karramarroa.
Harkaitzezko mendilepo baten orpoan zeuden Chacaleko legionarioak, barrandari bat zeukaten ipinia gailurrean. Begizko kontaktua egin genueneko, soseguz hurreratu ginen. Ehunen bat metrotara, gelditzeko, Land Roverra trabeska ipintzeko babesgarri moduan eta irteteko armak eskuan. Burua estaltzeko zapi bat atera zuen kolkotik.
— Zuek hemen geratu. Ez zakiagu nola edukiko duten gizajo hori.
— Prismatikoetatik lurrean daukatela zirudik.
— Zer nahi duk edukitzea, tapiz baten gainean eserita tea hartzen ala? Kaputxarik gabe baldin badaukate, neuk ipiniko zioat. Ezin gaitik ikusi eta ezin dik aztarrenik atera nora goazen. Ez kendu zeuen zapiak aurpegitik badaezpada ere. Chacalerakoan, Petri, noraezean ibiliko gaituk jiraka, fellagha desorientatzeko. Azkarate, hik segi nazak prismatikoekin, eskua altxatuko diat zuek bila etortzeko.
Pauso bi egin zituen Polisariokoa inbaditzaileen atzaparretatik libratzeko eta, halako emozinoak hartu ninduen, halako ez dakit zer erregarri batek ze, Jon! jaurti nuen marranta baten, eta burua itzuli zuenean besarkada estu bat emon nion, beste horrenbeste egin zuen Petrirenak eta Lawrence de Arabia! esan zidan Garatek bazihoan Jon Larreari begira, Lawrence de Arabia! Irratia zarataka hasi zen, baina ez genuen zirkinik egin, lotuko genuen geuk kontaktua, operazinoaren gaitzenean gengozen. Altxatu zen lurrekoa. Jonen tamainakoa zen, ez luzeago. Zapian bildu zion burua eta guregana hartu zuen, eskua altxatu barik. Ke eta hondar hodei batean ezkutatu zitzaizkigun legionarioak mendilepoa zeharkatzeko moduren baten bila. Ezin dut berbetan adierazi zer sentitu nuen Polisarioko gazte hura hurreratzen zitzaigula. Al-Ayyunen neukan mindura bardina sortu zitzaidan urdailaren zuloan, gu nagusi Saharan, desertuko umeak arlote, ez geneukan lotsaren arrastorik. Jonen sinu bat nahikoa izan genuen aditzeko: eskuak askatu genizkion aurrena, gero, kontu handiz, ez zuen bonba bat hobeto manipulatuko, zapia kendu zion Jonek, ura eskaini zion lesakarrak. Eta mutilak hartu ez. Begiratu be ez zigun egin, zeruko punturen batera zeuzkan begiak, gu harri kozkorrak ginen. Une hartan dena konprenitu genuen, aurpegi hura geure bizi guztian gomutatuko genuela, begiratu hark gure azalak, gure izenek, gure hizkuntzak, gure kantuek, gure Espainiaren ukoak, gure borondate onak ezti koloreko begi gorritu haientzat suposatzen zuten guztia edukiko genuela lepo gainean hil arteraino. Jonen ondoan zetorrela, fellagha hari eskua tinkatuko niola pentsatu nuen. Aurrez aurre neukala, ukitu hutsarekin zikindu egingo nuela jausi nintzen kontuan. Orduan Jon Larrea Calafelek saio desesperatu bat egin zuen, Entzun esan zion gaztelaniaz. Bere hartan jarraitu zuen fellaghak. Eta Jonek, astiro, samur, elkar ulertzeko saioa egin zuen.
— Operazio berezietako patruila gara. Tropa Nomadetan gaude. Ez gara espainiarrak. Ez gara mertzenarioak. Euskaldunak gara. Euskal Herria Espainiaren eta Frantziaren mende dago. Presonerak gara geu ere Saharan Espainiako Armadan. Bat egiten dugu Saharako herriaren borrokarekin. Ez dizugu kalterik egingo. Inork ez dizu minik emango.
Aditu al zuen galdetu zion azkenik. Baginenik ere harentzat, begiratu galdu hartan jarraitu zuen. Gu baino gazteagoa zen arren zaildua zirudien, latzenerako entrenatua Aljeriako FLNko fellaghekin. Nire herria liberatzeko borrokan ari naiz, zioskun mututasun hartan. Jonek hasperen egin zuen, Entzun esan zion frantsesez, eta gure esku leialetan jausteko adur baltza eduki zuen gaztea sirokoak higatu ezin izango zuen estatua bihurtu zen ostera be.
— Frantsesek Aljeria okupatu zuten. Aljeriarrak altxatu egin ziren frantsesen aurka. Frantsesek gure herria okupatzen dute, Euskal Herria. Espainiarrek...
Belarrietara eroan nituen hatzak, nik ez neukan fellagharen tinkotasuna, ezin nuen barriro eroan Jonen alferrikako erretolika, urdaileko mindura harea zen, Saharako harea nire poroetatik zehar bola bat osatzen, oka egitekoa eta ezin, ezaguera galtzeko zorian.
— Heldu mutilari. Oratzeko mutilari, ostia! Lurrera!
Gero, barkamena eskatu antzean, apaldu egin zuen ahotsa.
— Mutila lurrean etzateko esan dizuet. Ahoz gora ordea, ahoz gora!
Erraz lurreratu genuen, ez zuen indarrik egin, baina gure kaboa bidoi batekin zetorrela ikusi zuenean, askatzeko ahalegina egin zuen, hotzikara lako bat. Su emonik erreko genuela uste izango zuen. Bustialdi on bat emon zion Jonek, eta tarteka, ahoa zabaldu barik edan zuen ezpain artetik hurrupatuz. Burua bildu genion. Bidean ez genuen izan berba bakarra be ateratzeko ganorarik. Bostok higuin bardina geneukan barruan, nik uste. Geldialdi bat egin genuen Chacalera guztiro ilunduta iristeko. Bolanteari esku bat lotu eta meloi laurdena ondoan zeukala laga genuen fellagha, zapia kenduta. Aldendu egin ginen apur bat mutilak gura zuena egin zezan guk ikusi barik. Garate ahosoinua ezpainetan, Petrirena eta Lasa txizaginean, Jon eta biok fosil bila.
— Zapia kenduta taxua hartuko ziok non gagozen.
— Berarekin alde egin behar genian Tindufera. Ez zidatek gasolio gehiago hartzen utzi, kakazaharra.
Meloia bere hartan zegoen, ukitu barik. Kontaktuak egin genituen kapitainarekin eta eskuak lotu genizkion gotorlekura baino lehen.
— Lan bikaina, mutilak!
Garajean aldagarritarako geneuzkan Barreiros hondatu haietariko baten llanta bat ekarri, katea pasatu eta soldatu egin zuten, antza. Katearen azpitik lotu genizkion eskuburdinak. Tomate lata bat zeukan gorputzekoak egiteko.
— Larrea, nekatua? Ederto, hasi zaitez presoneraren zainketa antolatzen. Azkarate, ekintzaren informe zehatza nahi dut. Petrirena, Garate, Lasa, astebete zerbitzutik libre.
Biharamunean, kapitainak aitortu zidan Kanarietatik heldu zen eskaria atzeratzen saiatua zela azken asteetan, goi samarretik ei zetorren, berba horiek berak erabili zituen, goi samarretik, eta men egin beste aterabiderik ez zuela edukiko.
— Pena hartzen dut, Las Palmasera aldatuko zaituzte.
— Nire kapitaina, nik dut ezer eskatu! Edcherara etortzeko eskatu nuen nik trasladoa. Hemen egin gura dut soldadutza.
— Nik be ez dut horrelako laguntzailea galdu gura. Ez didate jaramonik egin.
Osabaren zapokeria, euskara sanoan esanda. Semearen hoberako eskatuko zion amak, irratietako eta periodikoetako albisteek ikaratuta. Telefonatu nuen etxera eta negarrez laga nuen. Ulertzen dut baina ez nion sekula barkatu. Ez zuen onartzen nik neuk eduki ahal nuela erabakitzekoren bat nire buruaz. Seme bakarra. Onenean, sarriago idatzi banio, argazki batzuk bidali... Horretan amaitu zen nire istorioa Chacal gotorlekuan.
— Marokoarrek hiru unitate gehiago ekarri dituzte mugaraino, presinoa handitzeko. Gure jeneralak ipurdia ezin garbiturik bizi dira egunotan. Yankiak dagoz saltsa honen azpian, badakizu, eta Hassan II.a aliatu estrategikoa dute. Uste dut Kanarietan amaituko dugula denok.
Helbide batzuk apuntarazi zizkidan Las Palmasekoak, fanekerak, jatetxeak, dekomisaturiko gauzen saltegirik onenak, hotel garbiak neskak eroateko eta tarjeta bat, baliatzeko edo deitzeko ei zen, erreparo barik. Hilabete edo aguanta nezala aholkatu zidan, eta Edcherarako trasladoa eskatzeko barriro. Egon zitekeela aukeraren bat.
— Ez zaitut konpromisoan ipiniko, ez dizut bostekoa luzatuko.
Adinonez erreprimitu nintzen, neuk luzatzekotan egon nintzen eta. Eskerrak emon nizkion. Jonen bila nindoala alto egin nuen erdibidean. Pasatu zitzaidanean, malkoak xukatu eta jakinean ipini nuen. Lotsa gorrian.
— Ikusten? Presonerarekin alde egin behar genian Tindufera!
Estutu sentidu bat emon zidan.
— Hi hoa lasai, ni ez niotek hemen errementauko!
Eta arin baten urrundu zitzaidan lotokietara Jon Larrea Calafel adiskidea, bihotz artega hura.
Hainbeste egun horren isilik egoteko gauza dena goi mailako militantea izaten dela bota dit gaur hitzetik hortzera. Ez dut zalantzarik egiten isiltzeko ugari dauzkazula. Horixe adierazten omen du nire isiltasunak. Eta horrek arriskua dakar, jarraitu du. Isilune bat utzi du konklusioa atera baino lehen. Hassan II.aren morroiek harrapatzen bazaituzte ez duzu ongi pasatuko. Atxiloketaren hurrengo fasera heldu gara, hemendik harat Marokori entregatzeko mehatxua eginen didate. Bestelako bidea hartu du gero, betikoa, internazionalista dela, munduko herri zapaldu guztien alde dagoela, eta halako batean Euskal Herriak Sahara zapalduko balu, Sahararen alde egonen zela Euskal Herriaren aurka. Lehengo batean esan nizun ni zu gabe galdu eginen nintzatekeela basamortu honetan, baina zu eta biok izan gintezkeela Saharako seme bi. Gogoratzen zara, ezta? Ez neukan gogoan, hainbeste gauza kontatzen dizkit. Nik ere badaukat zertan pentsatua, ez dakit kontzientea den. Neure barruan sartzen saiatzen da hitzen bitartez, neure hitzei lekua kenduta bere hitzen zerbitzura jar nadin. Batzuetan iruditzen zait ez dela kontzientea. Ez dizut esan eta zuk galdetuko ez didazunez, kezka edukiko duzu zer gertatu zen zure lagunekin. Larbi odoletan. Ba... berandu heldu ginen zu jasotzera eta ihes egin ahal izan zuten, ezin izan zituzten harrapatu, ilundu egin zitzaielako. Larbi odoletan. Berandu heldu ginen, ulertzen? Planifikatutako berandu. Eta ezezka hasi da, ez daukadala deusen kezkarik dena dakidalako, gotorleku inguruan jaimetan bizi direnek jakinaren gainean naukatela antolatzen dituzten festetako kantuen bitartez. Ezin informatu izan dizutena da trasladoan aterako zarela laster, ez dakit noiz eta ez dakit nora, Al-Ayyungo epaile instruktoreak informe berri bat abiatu duelako. Plana Nagusian omen diote alferrik ari dela kapitaina ahaleginak egiten instruktorea hona etor dadin. Ez dakit egia den, egia izan liteke kapitainak ni hemen bertan edukitzea hobe dela pentsatzea, anaiek ondo nagoelako segurtasuna izan dezaten. Ez zaio komeni haserrerik Tropa Nomadetan, beldurtuak daude honezkero Sahara zapaltzen duten mertzenario hauek denak. Zu, bai, zu, mertzenarioa. Nazka ematen dit zure diskurtsoak, alde egin ezazu hemendik zeure malkoekin, preso egon nahi dut, ez duzu ulertzen, ez dakizu Larbi sabelean zauritu zenutela eta odoletan eraman zutela, odolusten ari zela ikusi nuen azken aldi hartan, odolusten ari zela eta zuek ura edanarazi egin zenidatela, ez duzu inoiz konprenituko, ez naiz inoiz izango zure beduinoa, alferrik antolatu duzu ihesa, alferrik egin dituzu mapak, segi ezazu desertuko haizea eta dromedarioen pausoa eta sahararren kantuak eta Sahararen beraren isiltasuna grabatzen zure Grundigean, ez etorri gaur gauean ni askatzera, presoa izan nahi dut, ez dut fellagha izan nahi, Aljerren ikasi nahi dut, Parisen ikasi nahi dut, psikiatra izan nahi dut Frantz Fanon bezala... Bai, gaur, edo bihar, eskuburdinak askatu eta Land Roverrera igotzeko agintzen didanean, hil egin behar nuke, ez dakit zerekin. Ni baino indartsuagoa da, gauza zorrotzen bat eskuratu behar dut... Ez da konturatuko. Ez du sufrituko. Nik ere ez dut sufritu nahi, Larbi.
Santa Barbara izeneko bafora bat sartzen zela bera bizi zen portuan esan zidan behin Jonek, eroan barriak ginela, Al-Ayyungo kuartelean. Fosfatoa deskargatzen zuen. Sarritan ikusten zuen, hilabetetik hilabetera. Al-Ayyun izeneko portutik etortzen ei zen. Album batean marrazten zituen moiletako baforak. Laster jausi zen kontuan beste ontzi askok ekartzen zutela fosfatoa. Eta ikasi zuen non zegoen Al-Ayyun, zelan sortua zen Al-Ayyun, zer zen Al-Ayyun. Harrapatu ahal izan zuen guztia irakurri zuen hartaz. Horregaitik eskatu zuela Saharara. Euskal Herrian ez daukagu fosfatorik, Euskal Herrian ez daukagu gasik edo petroliorik, pentsatzen nuen itsasoari begira eta Jonen ametsak gogoan. Euskal Herriak ez dauka inolako balio estrategikorik, eta agian, noizbaiteren baten lor genezake, gure eskasia horri esker, askatasunaren antzeko zeraren bat. Aza jaten biziko bagara be. Zenbatetan aipatu ohi zidan Jonek Espainiak Marokori buru egiten bazion gerra batean, independentzia proklamatzeko abagunea zabaltzen zitzaigula!
— Estatua ahuldu egingo duk.
Itsasoari begira, akordura etorri zitzaidan fosil bat nekarrela zakutoan. Saharan ondrau dagoz fosilak. Itsas zalditxo batena nirea. Inoiz nire herriko pottoka gustagarri haietarikoren batek baietza emoten zidanerako hartu nuen, zu bazinenik ez nekiela jaso nuen zuretzat. Eguzkiak olatuetan sortzen zituen bristadak gozatzen, horretara, zakutoan neukanaz gomutatu. Lodikote bat ipini zitzaidan ondoan, ukalondoak barandan ni letxe. Berba batzuk egin genituen. Ginea Ekuatorialean oihana esplotatzen zuen enpresa bateko zuzendaria ei zen, egurra batez be. Bilbotarra gizona. Afrika gustetan bazitzaidan, konfiantzako jendearen premian zeudela. Polito irabazteko aukera. Tarjeta emon zidan honek be. Zigarroaren mutxikina jaurti zuen uretara. Ez nituen berehalatik orduan ipini neure buruko orratzak. Zakutoa askatu, fosila arropa artetik atara eta harrika jaurti nuen baranda gainetik. Eta itsaso haren hondoa haitz eta bedar eta mendi eta troka eta bafora ugertu eta marinel hezur baldin bada, itzel ederra izango da. Laztana, esan ahal nion, Saharako itsas zalditxo bat zara.