34
—Hiru patton, mesedez.
Grand Marnier, William Lawson eta Smirnoff botiletako likoreak irabiatu zituen Lizarbe barmanak, laranja azal eta gerezi banarekin dotore zerbitzatu aitzin.
— Gure osasunari! —topa egin zuten hirurek.
— Salvatore falta da, ordea.
— Ez da gurekin izanen, bukatu dira haren egitekoak —argitu zien Petek—. Esan dezagun bere artelanak leku seguruan uztera erretiratu dela.
— Salvatoreren eta Pedrotxoren alde orduan! —esan zuen Luisek.
— Baiki. Denok ikasi dugu zerbait eta denontzat izan da onuragarria.
— Zer atera duzu ba zuk honetatik? —galdetu zion Martinek, jakin nahi baitzuen zein izan ziren Pete Domezainen xedeak astebete hartan.
— Deus ez eta gauza garrantzitsuak, aldi berean zuen eskumenetik kanpo daudenak. Kontu batzuk ez esatekoak direla jabetu zarete zuek; nik, berriz, helburuak bazter bidez lortzen ikasi dut.
— Zeure gisara gobernatu gaituzu —protesta egin zuen Martinek—. Belatz begiz kontrolatu gaituzu lehen egunetik. Eskubidea izanen dugu ba ez dakiguna galdetzeko!
— Esan dezagun zuei dagozkizuenak soilik ezagutu behar zenituzketela. Bestelakoak ez.
— Kopon! —Luis gogaitzen ari zen—, espioiek bezala mintzatzeko modu horrek ez digu onik egiten. Zakurra eta katua ematen duzue. Uste nuen ospakizun bat zela hau!
— Eta halaxe da. Kontent gaude hirurok garbi atera dugunarekin.
— Baina oraindik zerbait aditzeko ere bagaude, ezta? Militarrek auto istripua izan zuten atzo...
Martinen errezeloak eta kezkak uxatu zituen Pete Domezainek:
— Guardia zibilek prestatu zuten segada, istripu itxura izan zezan. Enborra paratu zieten bidean eta militarrek huraxe jo zuten lainopean. Maleta ebatsi zieten, baina hura irekitakoan egunkari paperak besterik ez zituzten aurkitu. Gendulainek eta Goρik ziria sartu dietelakoan daude guardia zibilak egunkariz betetako maletaren kontu horrekin, amu bat izan dela, eta beraz diruak mugako beste bide batetik iritsi direla Donibane Garazira.
— Biribila! —poztu zen Martin—. Baina zuk nola dakizu hori guztia?
— Iturriak ura dakar beti, goiz edo berant.
— Ados, ez esatekoen multzokoa da hori...
— Hain zuzen ere. Baina beste iturri bat ere zabaldu zait —segitu zuen Petek— ospitalean Gendulain kapitaina bisitatzen izan naizenean.
— Zer moduz dago? —galdetu zuen Luisek.
— Gerritik behera igeltsua besterik ez du. Morfinaz lokartuta daukate.
— Ezin izan duzu harekin solas egin...
— Baina Goρi lotinant-koronelarekin bai. Hantxe zegoen bere benda eta guzti. Alvarez sarjentuak eraman du Gendulain ikustera.
— Eta?
— Suak hartuta dabil. Sinetsita dago ez dela istripua izan, bide hura ongi ezagutzen dutela jakinarazi dit, ez dela zuhaitz erori baten enborra izan, berariaz botatakoa baizik. Halako batean Zabaleta lodikotea ere agertu da ospitalean, eta eztabaidan aritu dira aparte batean. Baina hori La Campanan kontatuko dizuet, dagoeneko Josefak prest izanen baitu afaria.
— Tokia hartzera joan al zara ba?
— Atzo sobera gelditu zitzaizkion itsaski batzuk jarriko dizkigula ulertu diot. Txipiroiak aipatu ditu. Baietz esan diot, berari egokien iruditzen zaiona. Egia esan, ez dakit zer diren.
— Kalamarak. Plateraren aurrean zer aurpegi ipintzen duzun ikusi nahiko du.
Maisonnaveko kafetegian aurreko egunetan baino sosegatuagoa zegoen filmazio taldea, dena zen atseginezko tratua eta festarako giroa, lanak ongi burutu izanaren ordaina merezi dutenen fribolitatea, nekearen nagiarekin nahasian. Makillajeko Margareti azken agurra egitera joan zen Luis. Losintxaka jardun zuten bazter batean, beste batzuk ari ziren antzera. Martini iruditu zitzaion, haiek biak larrutan ibiliak zirela inoren begietatik landa, nahiz eta maitaketa haien berri ziur aski jakinen zuen Pete Domezainek. Margaretek despedidako musua eman zion Luisi, Warren Beatty eta Natalie Wood balira bezala, eta Giseleren laztanen premian zegoela sentitu zuen Martinek ere.
Bien bitartean Domezain hiru gizon helduren eskuak estutzen ari zen ate ondoan. Laukotearen elkarrizketa atal bat entzun zuen kalerakoan, zinegotziren bat ustelkeria urbanistikoan harrapatu zutela, eta alkateak ez zuela osasun itxura onik, edo halako zerbait; Martin harrituta geratu zen, nolatan Petek beti topatzen zuen modua horrelako solasaldietan egoteko.
— Zuk toki guztietan dituzu ezagunak. Nortzuk ziren horiek?
— Jauntxo batzuk. Euliak kakaren inguruan bueltaka.
Eta Martinek ez zuen jakin zer pentsatu. Aste hartan Luis eta biak izan ote ziren euliak?; edo, alderantziz, Domezain bera?
Lehendabiziko egunean amerikanoa kafetegian hurbildu zitzaienean, Martin liluratuta geratu zen haren kontuekin: Aezkoako izeba, Kaliforniako osaba artzaina, gerrako pasadizoak Europan. Ez ote zen dena gezurra eta abarra, attrezzoa eta efektu espezialak? Eta honaino helduz gero, zalantza egin zuen Martinek: ba ote zen mundu osoan Pete Domezain izeneko inor?
La Campanan bakarrik zeuden afaltzeko, astelehen buruzuria izaki. Josefak krispillaz beteriko erretilu bat ekarri zuen aurrena, ahate errota zatiekin eta perrexil xehatu ugariz. Erdi hutsik zen botila batetik ardo zuri gozo sorta bat zerbitzatu zien sukaldera alde egin baino lehen.
— Kontatu egiguzu, Pete. Zertan izan da Zabaletaren eta Goρiren arteko ika-mika?
— Zatika baino ez dut aditzerik izan. Edozein gisaz, Goρik esan dio Fonsecaren taldeko guardia zibilek atxiki dutela maletako dirua, eta laster izanen dutela mendekua hartzeko parada. Zabaletak ez du bere burua horretan katramilatzeko batere gogorik, agian galtzeko gehiago izanen duelako irabazteko baino. Eta, aldiz, tematuta dago Goρi; uste baitu Alvarez lapiko-txikia denez, guardia zibilek haren bitartez antzeman zutela maleta mugaz bestaldera pasatzeko militarren asmoaren arrastoa.
— Horrek esan nahi du —lasaitua hartu zuen Luisek— gure susmorik ez dutela. Arriskutik libre gaude.
— Bai eta ez.
— Zergatik ez? —asaldatu zen Martin.
— Argaraiko txaletean koadro batzuk falta direla esan baitio Zabaletak Goρiri. Lapurreta izan dela sotoan, orain ez diola maletako diruak axola, benetan garrantzia dutenak artelanak direla, eta horien peskizan jarri behar dituztela indar guztiak. Goρiri ez zaizkio koadroak inporta, hark diru freskoa besterik ez du buruan, eta orduan izan da bien arteko eskatima.
— Baina koadroak Salvatorek eraman ditu...
— Basianoren mihise bat duzue. Esan dezagun leherkari bat daukazuela esku artean. Kontuz ibiltzen ez bazarete, koadro horrek sala zaitzakete eta, orduan, finita comedia! Gogoratu nola harrapatu zuten Miarritzeko martxant hura.
— Zeuk eman zenigun leherkari hori —kexatu zen Martin—, guk eskatu gabe.
— Nik ez zaituztet sekula engainatu. Leialak izan gara denok.
— Erdizka mintzo zarenez, gaizki ulertu ez badizut —esan zion Martinek—, Basiano aldi baterako zure eskuetan uztea da zure proposamena. Ez da hala?
— Hemen! Badatoz Josefaren txipiroiak —moztu zuen Domezainek.
Plater beltzak ipini zizkien aurrean. Burlaizezko imintzio bat egin zuen Luisek, baina Petek espanturik gabe dastatu zituen, Josefak espero ez zuen deliberamendu biziz.
— Arrunt onak. Nola prestatzen dituzu?
— Pazientzia handiarekin. Tipula gorri franko, oliba olioa, baratxuria, piper berdea, ardo zuria, tomate tanta batzuk eta txipiroiaren tinta.
— Hori da dena?
— Sukalde bakoitzak baditu bere sekretuak, zurean ere izanen dira.
— Honek inork baino sekretu gehiago ditu, Josefa —irri egin zuen Martinek—. Amerikanoek inork baino gehiago beti.
— Sekreturik gabe ez dago leialtasunik —esan zion Domezainek.
— Baina zein da lehena? —galdetu zuen Luisek—, arrautza ala oiloa?
— Biak dira bat, eta bat bitan erditzen da —bota zuen Josefak, sukaldera aienatu aurretik—. Ez ahantzi, leialtasunak traizioa ekar lezakeela.
Martinek pentsatu zuen astebetean sekretu truke ikaragarria agitu zela, baina handik geroetan parada izanen zela beste hainbatentzat.
— Traizio guztiak dira leialtasunaren aldean mendreak —nabarmendu nahi izan zuen Domezainek—. Zeuek ere engainatu dituzue zuen agintariak...
— Zeure laguntzarekin, dena esan behar baldin bada —ohartarazi zion Martinek.
— Eta bidenabar geure arteko leialtasuna finkatu dugu. Horrela bilakatu gara indartsuagoak, konpromisoa hartu dugu elkarrentzat lan egiteko, konfiantza horrekin erdietsi du nork bere onura.
— Esan dezagun, zuk ohi duzun gisan —zehaztu zuen Martinek—, beste botere baten alde lerrokatu garela. Ez gaitezen tronpa!
— Baina zer arraio da hau? —Luis aspertuta zegoen—, xake partida bat ala ospakizuna?
Zigarreta bat piztu eta zutitu egin zen Pete Domezain.
— Azken gaua da —esan zuen ke bafada bat botaz batera—. Goazen Casa Marinara!