Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

19

 

Ostirala izaki, hartuta zeuden ostatuko mahai guztiak; gehienetan basoerdiak ziren nagusi, bakarrean ari ziren afaltzekoa eskatzen. Martinek, garaiz iritsitako Pete Domezaini eskua tinkatu eta, berehala, sukaldean zen Josefaren begirada bilatu zuen.

      — Itxaron egin beharko duzue —esan zion zartaginak gobernatzen ziharduen emakumeak.

      — Eta... ahal balitz...? —gibeleko atea seinalatu zion Martinek.

      — Bai, segi aurrera —Josefak ameto eman zion soa sutatik aldendu gabe.

      — Esker mila. Bostok izanen gara.

      Jarraitzeko keinua egin zien Martinek Salvatore, Domezain, Luis eta Pedrotxori; barraren bestaldera pasatu aurrena, erdiko suteen eremua ezkerretik igaro gero eta sukalde atzeko jantoki pribatuan sartu ziren azkenik. Italiarrak ez zien lapikoei begirik kendu sukaldea zeharkatu zutenean, usainak gozatzen atzeratu zen doi bat.

      Txikia zen gela hura, asko jota zortzi lagunentzako tokia mahai karratuaren bueltan. Paretetan bi irudi: Osasuna futbol taldearen argazkia duela hamar bat urtekoa eta Javier Zigaren koadro baten imitazio nolanahikoa. Albo batean arasa bat zegoen plater eta kristalezko edalontziak bistan, kazeta multzo batez zamatua beheko partean. Egunkarietako bat hartu zuen Martinek. Publizitate orri bat hautatu zuen krokisa egiteko. Salvatoreri begira zirriborratu zuen tramankulua.

      — È posibile? —galdetu zion Pedrotxok.

      — Si può fare.

      Krokisaren gainean marrazten hasi zen italiarra. Uhalak eta tiraderen beheko oholak egin zituen, behean hiru bola zituztela. Marrazketak iraun zuen bitartean argibideak ematen zizkion Pedrotxori. Txunditurik segitzen zituzten napolitarraren azalpenak Martinek eta Luisek.

      — Eta? —Martinek itzultzailea behar zuen.

      — Lehen ere esan diat, pisua duk afera —adierazi zion Pedrotxok—. Beheko bola horiek maleten pisuari eutsi behar ziotek, eta diruz betetako maleta sartutakoan jarriko duk martxan polearen mekanismoa. Bi maleten pisuaren arabera betiere.

      — Bolak gora eta maletak behera?

      — Horixe bera.

      Martinek mahai gainean zabaldu zuen maleta.

      — Egunkari orriz beteko dugu geurea. Eta gasolindegian kobratutako dirua paratuko dugu multzo bakoitzaren gainean, egiazko billete bana egunkari paperak estaltzen. Horiexek ikusiko dituzte maleta ustela zabaltzen dutenean, ez dira berehala konturatuko gure iruzurraz. Eta ohartzen direnerako urrun izanen gara.

      Erretilu bete tripaki zekarrela sartu zen Josefa jantoki pribatuan.

      — Mola hartuko al duzue?

      — Atera itzazu Bargotako bi botila.

      Salvatorek dastatu eta estimatu zuen ardoa:

      — Ummm... Voi sapete da vero come si fa il buon vino.

      Tripakiak akitu, ondotik gibel xerrak jan, eta segituan desagertu ziren kafearekin batera etorritako piper-opilak ere, filmeko aktoreen eta makillatzaileen inguruko pasadizoez eta apetez maiseoan ari ziren bitartean.

      Luis eta Salvatore izan ziren mahaitik altxatzen lehenak, italiarrari kontatu baitzioten hiriko bi neska alaienak ezagutuko zituela Casa Marinan. Pedrotxo, berriz, Joxemielen zurgindegira abiatu zen maletarekin, lana ahalik eta gehien aitzinatzeko asmotan. Josefak armagnaca zerbitzatu zuenerako Martin eta Pete Domezain baino ez zeuden jangela pribatuan.

      Zigarreta piztu zuen amerikarrak.

      — Kontent geratu dituk zuen agintariak. Akaberan Patton jeneralaren autoan eman zieagu itzuli bat denen aurrean.

      — Aipatu al dute ezer Ultzamako grabaketari buruz?

      — Bai, berriz ere bihar goizeko egitekoen iraupenaz galdetu zidatek. Urduri dabiltzala zirudik.

      — Ez dago dudarik diru kontuak dauzkatela bihar Argaraiko txaletean. Hala ere, beste asunto batek eman dit atentzioa: gasolindegitik bi bidoi eraman ditu gaur Goñi lotinant-koronelak. Zertarako behar ote dituzte?

      — Horretaz ez diat deus ere jakin. Baina ez hadi keztatu, ongi aterako duk dena. Esadak, nolakoa duk txalet hori?

      — Luis eta biok sartu gara. Txalet arrunta da, soto handi bat duena traste zaharrekin, utzi samarra. Antzinako uniforme militarrak, kaskoak, gas-maskara bat, nazienak ematen duten gauzak... Armagnac botila batzuk ere topatu ditugu zuretzako modukoak. Eta maindirez estalitako koadroak ere badira, txikiak eta ez hain txikiak.

      — Arte kontuak Salvatoreri interesatzen zaizkiok. Badakik italiar horiek denetik dutela beren herrialdean. Salvatore aditua duk. Uste diat errestaurazioa edo halako ikasketak egindakoa dela, horren aitzakiarekin hasi zuan zineman eta attrezzo gauzetan maisu bilakatu duk.

      — Zer esan nahi didazu, koadro zaharren batekin ordaindu behar geniokeela ematen ari zaigun laguntza?

      — Gustuko zerbait aurkitzen badu, zergatik ez?

      — Baina soto horretan antigoaleko zaborra eta anabasa besterik ez dago-eta!

      — Artea, Martin, ez duk gure gisakoentzat sortua. Jende praktikoa gaituk gu, eguneroko bizimoduaren gurpilari begiratzen dioguna. Baina beste batzuek plazer hartzen ditek artearekin, harri bitxiekin, liburu zaharrekin. Bildumazaleak dituk, guk ezagutzen ez dugun gozamena sentitzen ditek iragan txatalak esku artean edukita. Desira moduko bat duk, grina, garra, baina ez perbertsio bat, hire eta nire adimenetik aparte den zerbait baizik. Arteak eta musikak bihotzak hunkitzen ditik. Baina gure kasuan, aldiz, zinema negozio bat duk, neskekin dantza egiteko besterik ez diagu behar musika, albisteak emanez ogibide bat izateko idatziko duk hik.

      — Dagoeneko damututa nago Kazetaritza ikasten denbora alferrik galdu izanaz.

      Martinek hiru billete eman zizkion Josefari kalera bidean sukaldetik igarotakoan. Maisonnave hotelaren atarian Pete Domezaini gabon esan aurretik galdetu zion Martinek:

      — Zer plan duzu bihar?

      — Ultzamako lanak bukatu eta hotelera joanen nauk zuzenean. Atseden pixka bat behar diat.

      — Egin nahi al zenuke gurekin azken afaria?

      — Nahiko ez diat, ba! Dotore jantziko gaituk Salvatore eta biok.

      — Salvatore ere bai?

      — Bai. Jai eman zioat biharko, ez dik Ultzamara hurbildu behar izanen. Gisa horretan osotoro zuen zerbitzuko arituko duk gaur gauean, biharko filmazioaz arduratu gabe.

      — Esker mila.

      — Eta amaitzeko, ea denon artean ospatzeko moduan garen. Ongi merezia diagu.