Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

22

 

Lozorrotik atera zen Martin, katedraleko kanpaiak bostak iragarri zituenean; bestek esanda etzana zen lo kuluxka egitera. Joxemiel eta Salvatore lanean utzirik, Pedrotxo jeeparen bila joana zen; zurrunga batean aurkitu zuen Luis artean, ibilgailuarekin itzuli zenean. Martin begiak igurtziz hurbildu zen lan mahaira. Han ziren, zurginaz gain, Pedrotxo eta italiarra, beharrean. Tramankulua itxura hartzen ari zen, uhalen hiru muturrek berunezko bola bana biltzen zuten. Italiarrak polearen uhalak tinkatzeko agindu zion zurginari.

      — Dov’è la valigia?

      Maleta pasatu zion Pedrotxok. Tramankulua probatzeko unea heldu zen. Salvatorek prest zeukan billeteen estalkia.

      — Horrez gain —proposatu zuen Martinek— beste zerbait sartu beharko dugu pisua har dezan, ezta?

      — Zerrautsa edo txirbila sartuz gero, non egon garen salatuko zieagu —gaztigatu zion Pedrotxok—. Orain edozerekin kalkulatuko diagu pisua. Gero gerokoak.

      — Zaudete pixka batean —Joxemielek egunkari meta bat ekarri zuen, ale guztiak El Pensamiento Navarro—. Pentsa dezatela karlistak direla amarrugileak.

      Pedrotxok egunkariak sartu zituen maletan, eta gainean hamar billeteko estalkia ezarri zuen Salvatorek tentu handiz.

      — Baina... zenbat pisatzen du milioi bat pezetak? —zurginaren galderak ezustean harrapatu zituen denak.

      — Zenbat? —esan zuen ametsetatik esnatua zen Luisek.

      — Milioi bat, kilo bat —Joxemielek berak eman zion erantzuna.

      Burdinazko pieza bat hartu eta beheko oholean paratu zuen. Mekanismoa ez zen mugitu.

      — Bi kilo nahi al dituzue? —Joxemielek burdinazko beste pieza bat erakutsi zien.

      Eta orduan Salvatorek eskutik kendu zion pieza. Denek ikusteko moduan ezarri zuen burdina erdiko oholean. Mekanismoa martxan jarri zen, astiro jarri ere. Uhaletako bolak gora igo ziren eta behera aldatu zen maleta.

      — Eccolà!

      — Baiki, hauxe da behar genuena! —Martin berpiztu egin zen—. Egunsentia gainean dugu. Bizkor denok. Argitzen duenerako Argaraiko txaletean behar dugu.

      Baina Pedrotxok, estreinakoz, zalantza egin zuen:

      — Kasualitatez, maleta sartu aurretik edo ondoren, bigarrena ez den tiraderaren bat zabaltzen badute, orduan zer?

      — Akabo! —esan zion Martinek, zurginak esan ohi zuen bezala.

      Italiarrak eta Joxemielek sinfonierraren atzean jarri beharreko egituraren sendotasuna probatu zuten. Martinek kalean inor ba ote zebilen begiratu zuen. Pedrotxoren eta Luisen artean kargatu zuten tramankulua jeepean.

      Autoa abiarazi eta, Biargietatik pasatzean, egunsentia iragartzen hasi ziren hodei laranja batzuk. Frantziako Atarian barna gidatzea hobetsi zuen Martinek. Labriteko maldan aginduak eman zituen:

      — Luis, hik izebaren etxera joan behar duk, honezkero altxaturik egonen da-eta. Lan bikoitza daukak, izeba Paulak ez dik ezer sumatu behar, ahal delarik egin ezak gosari legea berarekin, baina kalerako asmoa badu, lagun iezaiok atariraino, ez dezan han inguruan ezer igarri. Salvatore eta biok ate nagusitik sartuko gaituk Zabaletaren txaletean. Pedrotxo, hik atea giltzaz itxiko duk gu barnean gaudenean, giltzak loreontzi txikiaren azpian utziko dituk, eta gero jeepean geratuko haiz, kalea zaintzen. Salvatorek instalatuko dik tramankulua. Albait azkarren aterako gaituk.

      — Nondik, ordea? —galdetu zion Luisek.

      — Sototik.

      — Konforme.

      — Libre bahaiz, izebarenean jar hadi goiko leihoan, handik zelatatuko duk dena. Arazoren bat badela konturatuz gero, egin keinua leihotik Pedrotxori, eta berak jeepeko bozina hiru bider joko dik guri gaztigatzeko, sotoan ezkuta gaitezen. Baina ez duk halako premiarik izanen, dena ongi aterako duk.

      Ez zuten trafikorik izan Generalisimo etorbidera iritsi arte, handik Argaraiko Baztan kalerantz jo zuten eta, azkenik, Luisen izebaren txaletera heldu baino zertxobait lehenago aparkatu zuen Martinek. Salvatorek eta Pedrotxok tramankulua atera zuten jeepetik. Martinek, maleta eskuan, Zabaletaren etxeko atarira gidatu zituen. Loreontzitik giltzak hartu eta zailtasunik gabe ireki zuen atea.

      Bakoitza bere tokian zen.

      Sinfonierra non zegoen erakutsi zion Martinek italiarrari. Paretatik urrundu zuten altzaria, Salvatorek atzeko ohola aiseago ken ziezaion. Martinek, bitartean, Estherrek sartua zuen maleta hartu, goiko bi tiraderak errailetatik atera eta maletarekin batera paratu zituen ohe baten gainean.

      — Adesso mi dai la valigia —Salvatorek prest utzi zuen tramankulua.

      Maleta zegokion tiraderan ezarri zuten.

      — Bello da paura! —esan zuen, nahiz eta Martinek ez ulertu—. È molto bene.

      Irri egin zuten biek mekanismoak pisuari eutsi egiten ziola ikustean. Martinek burdinazko bi pieza jarri zituen bigarren tiraderako maletaren gainean. Berunezko bolek gora egin zuten orduan, eta maletek behera.

      — Finita comedia! —italiarrak bostekoa eman zion Martini.

      Tramankulua eta maletak iruzurrerako pronto zeudela, paretaren kontra itzuli zuten sinfonierra, arestian aurkitu bezalaxe uzteko. Altzariaren goiko moldurak baino ez zuen ukitzen horma, arreta handiz begiratu beharra zegoen ezertaz ohartzeko. Gainera, kakorratzez eginiko mahai-tapiz batek edertzen zuen sinfonierraren gainaldea. Zaila zuten ikusteko.

      Martinek sukalde ondoko biltegiko tranpola zabaldu eta sotora jaisteko keinua egin zion Salvatoreri. Miretsita geratu zen anabasa harekin. Koadroen eremura hurbilduta, maindiretako bat altxatu zuen.

      — Una Madonna! —ama birjina bat ageri zen koadroan.

      Sototik lehenbailehen irten behar zutela adierazi zion Martinek bultzaka.

      — È italiana! È nostra! —begiak irten beharrean zituen.

      Bortizki atera zuen Salvatore kanporantz. Sotoko atetik begi-bistan agertzen zitzaien izeba Paularen etxea. Han zen Luis leihoaren bestaldean barrandari.

      — Lasai, mandatuak egitera joana duk —esan zien Luisek—. Gu bakarrik gaudek hemen.

      — Ez hadi hortik mugitu ni agertu arte —agindu zion Martinek—. Ez zakiat noiz helduko naizen, ziur aski gau itxia izanen duk ni iristerako. Para ezak zapi berde bat goiko leihoan etxerako bidea libre bada. Bestela ez nauk sartuko.

      — Ongi zagok.

      Lasterka batean joan ziren Martin eta Salvatore Pedrotxok abian jarria zuen jeepera. Italiarra haserre bizian zegoen atzealdean eseri zenean.

      — Non du zauria horrek? —Pedrotxok kargu hartu zion Martini—. Liskartu egin al zarete hor barnean?

      — Erotu egin duk koadro bati begira —Martinek garrantzia kendu nahi zion Salvatoreren aldarteari—. Bultzaka atera behar izan diat sototik. Horregatik muzinduko zuan. Kasurik ez.

      Mola plazatik Alde Zaharrera gidatu zuten autoa. Eguzki izpiek min egiten zuten begietan. Denda batzuk zabaltzen hasiak ziren. Gosetuta eta akituta zihoazen hiru lagunak, urduritasuna gainetik askatu ezinik lehengusuak eta ernegaturik italiarra.

      — Hau hotelera hurbilduko diagu. Gero autobus geltokian jaitsiko haiz hi. Zer asmo daukak gaurko?

      — Lizarrara noak. Hartzarenetik pasatuko nauk, ea jeeparen paperekin ezer aitzinatzen dudan —erantzun zion Pedrotxok—. Gaur hasi eta bihar amaitu nahi diat haren itxuratzea.

      — Eta Luis eta bion jeepa zer?

      — Lasai egon hadi, nire kontu.

      Tabako paketea aterata jakatik, zigarro bat eskaini zion Pedrotxok Salvatoreri. Honek ez zion errefusatu, baina ez zuen bisaia mudatu.

      — La voglio questa Madonna —esan zion jeepetik jaitsi baino lehen.

      — La Madonna? —Pedrotxok ez zuen ezer entelegatzen.

      — Sotoa koadroz beterik zagok. Ama birjina batekin aztoratu duk...

      — Devo salvare la Madonna! —tematu zen Salvatore hotelera zihoala.

      Gazteluko plazatik autobus geltokira abiatu ziren lehengusuak. Aurreneko estellesa iritsia zen, baziren esperoan zeudenak ere. Pedrotxok errieta egin zion:

      — Italiarra gozatzea komeni zaiguk. Gehiegi zakik.

      — Gauza bakoitza bere tenorean.

      — Ausarki lagundu ziguk.

      — Bazakiat.

      — Jeepak lapurtzen lehenik eta orain tramankuluarekin.

      — Ez nauk ergela.

      — Zaindu ezak gizon hori.

      — Gaur gurekin afalduko dik ziur aski.

      — Kasu egiok ba.