Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

5

 

Etxekoek mahai gainean jarritakoa jaten zen Irubiden, hainbeste jakinen zuen Pete Domezainek, horrexegatik eskatu zuen ardorik onena ekartzeko, eskuak garbitzera komunera joan baino lehen. Martini iruditu zitzaion aktoreen antzeko pausajea zeukala, Hollywoodekoen artean ibiltzetik ikasitakoa.

      Efektu berezien arduraduna mahaian ez zegoela probesturik, Luis galdekatzea izan zen Martinek egin zuen aurrenekoa.

      — Alvarez sarjentuarekin egon zarete?

      — Bera aritu duk. Ni ez nauk hurreratu ere egin.

      — Ongi egina. Baina hi ikusi al hau Alvarezek?

      — Ez diat uste, jeeparen atzealdetik zelatatu ditiat. Bazirudik trabaren bat ipini diola. Badakik, zorrotz plantak egiten ditik beti morroiak, zain-zakurra zirudik. Ez ziguk erraz jarriko.

      — Pete gure alde jarriz gero egina zagok.

      Domezain eskuak igurtziz etorri zen komunetik.

      — Armada erasorako prest, ezta? —esan zion Martinek, Alvarezekin izandako solasari buruzko zerbait ehizatu nahian.

      — Hori arratsaldean jakinen dut, Goρi lotinant-koronelarekin hitz egindakoan. Alvarez sarjentuak ez digu bidea erraztu. Nonbait beldurra diote sasiari, kamioiaren eszena tailerraren ondoko orubean filma dezagun nahi du.

      — Baina hona etorriko al da ba Goρi? —Luisek ardoz bete zituen edalontziak.

      — Ez, ez, hura Iruρeko Komandantzian izanen dut zain.

      Alvarez sarjentua Goρi lotinant-koronelaren morroia zen. Goρi gutxitan hurbilduko zen Urbasara, filmatze garaian besterik ez, denek ikus zezaten zein zen han arrain handia. Produkzio lanen jarraipena Alvarezen esku utzita zeukan, sarjentu hura zen Patton filmekoen eskaerei bide ematen ziena Armadan, nahiz eta trabak ipintzeko trebatuago zeukaten beste ezertarako baino. Bazkalaurrekoa ez zen produkziokoek sarjentuarekin izandako desenkontru bakarra, gogoangarria izan baitzen ibilgailuak Olaztira iritsitakoan efektu berezien buru Alexekin izan zuen kalapita. Fox etxearen eta Armadaren arteko kontratuaren arabera ibilgailu oro erabil zezaketen, bestela zertarako garraiatu trenez horrenbeste tona material militar, baina horren guztiaren azpian aseguru kontuak ere bazeuden, eta Domezainek esan zienez ez ziren munta txikikoak sinatutako poliza eta diruzko beste kontu batzuk.

      — Aseguru polizaren atzean ere haiek daudela ulertu behar dugu?

      — Bai, sosa den artean...

      Luis ulertzera iristen ez zen konplikazioez ohartu zen Martin, beraiek gasolinarekin iruzur egin bazezaketen, berehala jabetu baitzen zenbatekoak izan zitezkeen Gendulain eta Goρi bezalakoen jukutriak.

      — Diru beltza!

      — Hori da. Eta sosak non kokatu, orain horretan ariko dira.

      — Hain fuerte al dabil Alvarez ergel hori? —Luisek ezin zuen sinetsi.

      — Goρi da izapide horien gobernatzailea —argitu zion Petek—, eta Alvarez txorimalo bat, gure aurrean zaunka egin dezan paratu dutena.

      — Arazoak desblokeatzeko, beraz —Martinek Domezainen hurrengo urratsen berri jakin nahi zuen—, Goρirengana joanen zara.

      — Bai. Eta behar dudan baimenaren ordainetan hark beste zerbait aterako dit mahai gainera.

      Irubideko alabak babarrun gorriz beteriko ontzia ekarri zuen, ez zen sakramenturik falta lekarien tartean.

      — Baina orduan, zer zaunka klase egin dizu Alvarezek?

      — Makularik gabe itzuli nahi ditu ibilgailuak.

      — Eta zuk zer erantzun diozu?

      — Gerran gaudela, ez antzokian.

      Platerak zerbitzatzen hasi zen Pete Domezain. Berea betetzen zuen bitartean Martinek ez zuen besterik buruan, nola zelata zitzakeen amerikanoaren eta Goρiren arteko elkarrizketak. Komandantziako dependentzietan nahi gisara ibiltzen ziren Martin eta Luis, beren bulegoa ere bazuten beheko solairuan, baina negoziazio hura aditzearena gehiegitxo izanen zen. Kosta ahala kosta elkarrekin afaldu beharko zuten gau hartan, ganorazko zerbait jakin nahi bazuen.

      Txilindron erara prestatutako arkumea babarrunak baino goxoago zegoela iruditu zitzaion Domezaini. Eta Irubideko alabak arroz-esne ontzia mahaira ekarri zuenean, Martinek egokiera probestu zuen zerbitzariari keinu bat eginez adierazteko ekar zezala botila bat ere jantoki erdiko armairutik.

      — Hara! Hemen ere ezagutzen dituzte nire gustuak —Pete ez zen batere harritu armagnaca ikustean—. Uste dut zuekin urrunago iritsiko naizela Goρirekin eta Alvarezekin baino.

      — Osasuna! —topa egin zuen Luisek.

      Likorea ahoan erabili eta astiro irentsi ondotik, bi gazteak aztoratuko zituela igarrita zeukana bota zuen Domezainek:

      — Zuen kapitainak ere parte hartuko omen du Komandantziako bilkuran.

      — Gendulain kapitainak?

      — Ez dit abizenik aipatu.

      — Bilkuran ez duzu zertan esan gure proposamena izan dela ezpondan grabatzea.

      Ez entzunarena egin zuen Petek.

      — Bostetarako egon behar dut Komandantzian.

      — Oraintxe eramanen zaitugu.

      — Alex nire nagusia ere agertuko da bilkurara. Ea geure neurriko ikusgarria egiten uzten diguten behingoz.

      Pete Domezainek ordaindu zuen hiruren bazkaria. Eta esker oneko azaldu nahi izan zuen Martinek:

      — Plazer baduzu afaltzera gonbidatuko zaitugu. Ezagutzen dut leku bat sekula ahaztuko ez duzuna.

      — Ez nuen gutxiago espero —irri egin zuen amerikanoak, efektu espezialik gabe.

      — Zein tenoretan?

      Domezainek ez zuen berehala erantzun. Armagnac kopari azken musua eman eta zigarreta bat piztu ondotik mintzatu zen:

      — Bederatziak aldera Maisonnaven.

      — Han izanen gaituzu.

      — Dotore jantzita joan behar nuke?