Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

6

 

Zortziak irian sartu ziren izeba Ireneren etxera, aurretik Gendulain kapitainarekin solastatu baitziren Komandantzian. Hurrengo egunetan Urbasan burutu behar zen batailaren nondik-norakoak azaldu zizkioten bertan. Kapitainak begirik kendu gabe jarraitu zituen bi alferezgaien azalpenak. Ordurako Martin bezain kartsu mintzo zen Luis filmazioaren ikusgarritasunaz. Pelikulan egiazko gerraren itxura behar zutela azpimarratzen zion behin eta berriro kapitainari.

      Luisek aski ongi ezagutzen zituen Gendulainen harropuzkeriak. Aitak ezer gutxi kontatzen zuen gerrako kontuez; “hura beste garai bat izan zen”, zerbait ezkutatu nahi balu bezala aritzen zen, arrangura isil batek erretzen ziola barnekoa ez adieraztearren. Gendulainek, aldiz, atzo gertatu izan balira bezala kontatzen zizkion Ebroko batailakoak. Luisek aitaren gerrako ibileraz ezer bazekien Gendulainek kontatuta zekien.

      Kapitainaren karrera militarra oparoa baino mugitua izan zen. Gerra ondotik Dibisio Azulean ibili zen. Errusiatik itzuli eta, Guadalajarako eta Toledoko Infanteria akademietatik igaro eta gero, AEBetako Fort Leavenworthera bidali zuten 50eko hamarkadaren erdian urtebeteko ikastaroa egin zezan; han ikasi zuen zekien ingelesa. Martinek gogoan zuen filmazioa hasi aitzin Gendulainek Komandantziako liburutegian erakutsi zizkion aleak. Ia gehienak ingelesezkoak ziren. 50eko hamarkadako bigarren erdian itzuli zen Nafarroara. Zeuzkan ikasketak eta maila kontuan harturik, lasai egin zezakeen karrera Armadan, baina Iruρeko kuartelean geratu izanak ez zion eskalafoian aitzinatzen lagundu. Halakoak izaten ziren alferez bidean zeuden bi gazteei Gendulain kapitainak bere ibilbideaz eman ohi zizkien azalpenak.

      Gisa guziz, arratsalde hartan ez ziren sobera luzatu, kapitainarekin solasean ari zirela soldadu bat agertu baitzen.

      — Kapitaina, zure zain daude.

      — Segituan noa.

      Arriskatu beharra zegoen, Gendulainen bulegoa eta bilera gela elkarren aldamenean zeuden. Ahal zela, Martinek edo Luisek, bietako batek bilkura zelatatu behar zuen, nortzuk ari ziren jakin bederik. Kapitainaren idazkaria makinan jotzen ari zen Luis bulegoan sartu zenean. Bizkor ibili zen Luis. Berehala ohartu zen mahaiaren eskuineko erretilua hutsik zegoela.

      — Ze gisa? Parteen inprimakiak akitu zaizkigu.

      Idazkariak burua altxatu gabe paratu zuen eskua erretiluan.

      — Hemen ez daukat gehiago. Biltegitik ekarri beharko ditut. Presatuta al zabiltza?

      — Hala nabil, bai.

      — Zatoz nirekin.

      Idazkaria eta Luis biltegirako bidean zirela, Martin bulegoan sartu eta bilera gelaren ate aurrean makurtu zen. Gakoa atera eta behatxulo gisa erabili zuen sarraila. Bost lagun: Gendulain kapitaina zutik mahai-buruan, ezkerrean Pete eta errodajeko bat, Gendulain mintzo zen eskuinean zirenei begira, Goρi lotinant-koronela eta Komandantziakoa ez zen beste militar bat. Martinek gakoa sarrailan irristatu eta ziztu bizian alde egin zuen bulegotik.

      Urrutitik entzun zuen Luisen ahotsa, “Iruρean ez dago neska ederragorik!, Esmeralda izena du niri gehien gustatzen zaidanak, eramanen zaitut egunen batean...”, Komandantzia osoan aditzeko moduko kalakan zetorren idazkariarekin.

      — Zer arraio, mundu guztiari kontatu behar al diok non ibiltzen garen?

      — Larruko laketak aipatzea baino hoberik ez zagok edozer gauza lortzeko. Erregimentu bat martxan jartzeko adina inprimaki eskuratu diat —paper multzoa erakutsi zion Luisek.

      — Bikain. Goazemak izebarenera.

      Telefonoa korridorean zegoen izeba Irenerenean. Martinek dei bat egin zuen Eulateko telefono publikora: hots egiteko mandatua utzi zuen osaba Jeronimorentzat. Ez ziren bost minutu igaro honek deia itzuli zionean, tabernatik telefono publikora joateko behar izan zuen denbora, hain juxtu. Ez zen luze mintzatu osabarekin. Luis balkoi aldeko gelatik korridorera hurbildu zenean Martin despeditzen ari zen. “Ostegunean behar du!” esaldia izan zen Luisek Martini entzun zion bakarra.

      Jarraian Zudairiko Irigoyen hostalera deitu zuen. Pedrotxoz galdetu zuen. Luisek ezaguna zuen Martinen lehengusua. Aste Santuko baimena probestu zuten Artatzara, haren sorterrira joateko. Ez zuten erraz ahaztuko Ostiral Santuko gaua, zeharo arrailduta bukatu zuten egun hura Pedrotxoren etxean. Baina, aurretik, egun argiz, lehengusuaren jeep zaharra baliatu zuten Urbasari itzulia emateko, eta otarrea ez zen hutsik heldu etxera. Goiztiarra izan zen udaberria, perretxikoz enpo egin zuten egun hartako afari legea; tira, eta dena esaten hasita, ez ziren egun hartan perretxikoez gozatu zuten bakarrak, etxera bidean gelditu zituen guardia zibil pareak ere eraman baitzuen bere partea.

      Martinek berehala gakotu zuen telefonoa, nonbait Pedrotxo ez zen une horretan hostaleko tabernan. Luisek begiratu batekin zerbait galdetu nahi ziola igarri baitzuen Martinek, aurreratu egin zitzaion:

      — Hi lasai, geroxeago kontatuko diat.

      Kalerako ibiltzen zuen jaka grisa telefono ondoko esekitokitik hartu eta jantzi egin zuen Martinek.

      — Goazemak bizkor Maisonnavera, han egon beharra zaukaagu Domezain kafetegian agertuko orduko.

      Baina kalerako prest zirela, ate hotsa aditu zuten.

      — Berandu zabiltzate, mutilak —izeba Irene atalasean, poltsa bana eskuetan—. Gaur ere gerra al duzue gau partean?

      — Gau eta egun ari dira pelikulakoak...

      — Eta zuek haien moldera egokitu behar, ezta?

      — Halaxe da, beti badugu zerbait.

      Andreak pasilloko esekitokian zintzilikatu zuen berokia, sukalderantz abiatu aitzin. Martin atzetik jarraitu zitzaion. Maite zuen gazteak zoru argizariztatu berriaren usaina.

      — Arestian Pedrotxok deitu dizu —izebak mahai gainean utzi zituen bi poltsak.

      — Bai, badakit, Irigoyenen utzi diot mandatua. Ez dut uste hona berriz deituko duenik.

      — Eta deitzen badu? —izeba Irenek arasan utzi zuen arroz paketea.

      — Esaiozu nik hots eginen diodala.

      — Ez badu deituko, ez diot ezer esanen.

      — Tira, izeba, alde egin beharra dugu.

      — Gaur ere biak etorriko al zarete lotara?

      — Nork daki!

      — Orduan ez zarete etorriko?

      Bihurria iruditu zitzaion emakumeari Martinen begirada.

      — Zintzo ibili.