2
Izeba Ireneren etxea Mendi jatetxearen gainean zegoen. Zerraldo erori zen Luis balkoi aldeko logelan. Martin, berriz, lo handirik egin gabe zebilen. Seietarako Komandantziara joan, eguneko aginduak eta hornikuntzarako paperak hartu eta etxean zen bueltan argitu zuenerako. Mugimendua sumatu zuen sukaldean.
— Goiztiar ala heldu berri? —izebak ez zuen ilobaren erantzunik ere espero.
— Galtzak bete lan —Martinek ogi zati bat hartu zuen mahai ondoko arasatik—. Zoratuko gaituzte egunotan.
— Gosaldu al duzu?
— Ez dut betarik izan —Martinek lapiko barnean zen burruntzalia baliatu zuen kafea katilura isurtzeko—. Nagi hori esnatzera noa.
— Luis al da balkoi aldeko gelan dagoena? —bazekiena galdetzeko ohitura zeukan izebak.
— Bai.
Martinek zutik hartu zuen kafea eta izebari adio lehor bat esanez alde egin zuen.
Zazpi urte zeramatzan Iruρean Martinek, aise moldatu zen izeba Irenerekin; egia aitortzeko ez zen zaila ere, ez baitziren askorik egoten elkarrekin. Martinek ez zuen gogoratzen izebaren gela inoiz zapaldu izana. Hitzetan laburra zen amaren ahizpa gazteena. Hamahiru urte bete berritan Iruρera joan zen prokuradore baten zerbitzuko neskame; Fulgencio Ortiz zuen grazia legelariak, ezkongabea eta osasunez beti makal zebilena, Martin jaio eta handik gutxira hil zena. Dirudienez in articulo mortis esposatu ziren izeba eta prokuradorea, etxea Ireneri utzi nahi baitzion, eta hori gerta zedin ezkontza zen neskamearen aterabidea bermatzeko modu seguruena. Prokuradorearen familiak ez zuen amore eman nahi izan, zalantzan jarri zuen ezkontza agiria, iruzurtzat hartu, baina alferrik, eliza izebaren alde jarri zen, tira, Eliza baino On Castor jarri zen tinko, bazuen aginte makilarik karlisten kapilau izandako ameskoarrak. Izeba Irene tarteka Argarai koloniako txalet neo-basque batean aritzen zen beharrean goiz partean, eta arratsaldez etxean lan egiten zuen, Salon del Visillo oihal dendarako josten.
— Altxa hadi! —Martinek ohetik bota zuen Luis.
— Kaguendios! —zoruan ahoz gora etzanda ukabila erakutsi zion Luisek.
Logelatik irten, korridorea balantzaka igaro, eskailerak arrapaladan jaitsi eta erdi jantzian sartu zen jeepean. Harresien aldeko Atari Berrira iritsi zirenerako lo seko zegoen berriro.
Aitzoaingo kuartel berrian sartu-irten bat egin zuen Martinek, handik ere ibilgailuren bat abiatuko baitzen. Egunero aurkezten zuen Gendulain kapitainak sinatutako ordena Aitzoaingo kuartelean, Urbasara infanteriako zenbat txorta eraman behar zituzten adierazten zuten agiriok. Paperak utzi eta, Urbasa helburu, martxan jarri zuen jeepa.
Arbizu parean eten ziren Luisen zurrungak.
— Egunon, loti eder hori!
Luisek nagiak atera eta, soa jeeparen leihatilan zuela, kontu eske hasi zitzaion:
— Kopon! Esanen didak zer darabilkian buruan?
— Aurrena esna hadi eta gero.
— Gasolinaz enpo egin behar al dugu?
— Gasolinaz eta gasolina ez denaz.
— Mintza hadi garbi behingoz.
— Hi egon hadi lasai, eta utzi niri.
Isilean egin zuten Olaztirainoko bidea. Bazirudien bizitza osoa elkarrekin emana zutela, begirada bakarra aski zuten batek bestea ulertzeko.
Martin, batxilergoa egitera Iruρera etorri aitzin Estellerritik atera gabea, hiru anai-arrebatatik gazteena zen, puskaz gazteena. Haurra zelarik hil zitzaien aita, eta anaia nagusiak hartu zuen etxeko ardura; ama Aranaratxera ezkondutako alabarenera aldatu zen. Unibertsitatean hasi baino lehen batetik bestera ibili ohi zen, baina Ameskoara itzultzen zen aldiro. Motxorrosolo fama zuen arren, denek estimatzen zuten familian, ez zen alferkerian arituko ez anaiarenean ez arrebarenean. Kazetaritza ikasketak hasi zituen garaian, arrebaren senarrak Agni enpresan lana topatuta, Lizarrara aldatu ziren, ama herrian bakarrik utzita. Orduz geroztik ia beti amarengana jotzen zuen Martinek.
Luis, berriz, seme bakarra zen, jaio zenetik esne-mamitan hazitakoa. Ama ezagutu gabea, ninia zelarik zendutakoa. Edoskitze zaila eduki zuen eta koxkortu zenetik ezin esan etxe finkorik zuenik, Carlos III.eko aitaren etxean bezainbeste gau ematen baitzituen izeba Paularen Argaraiko txaletean, eta soldadutzan hasita Komandantziatik hurbil egotearen aitzakiarekin noiznahi lo egin zuen Martinen izebarenean. Nagiaren paradigma zen Luis, inork ez zuen ulertzen nola iritsi zen Unibertsitatera, ziur aski Martinek egin ohi zizkion lanek bazuten zerikusirik aitzinatze harrigarri horretan.
Olaztin sartu bezain laster eten zuen isilaldia Luisek:
— Jakinaren gainean egonen haiz...
— Zer jakin behar nikek ba? —sekula ezer eskapatzen ez zitzaiola uste baitzuen Martinek.
— Gendulain kapitainak soldadu baztandar bati galdetu zioan atzo: “Zer sentitzen duk gure nazioaren bandera mastaren puntan zabal-zabal ikusten duanean?”. Eta baztandarraren arrapostua: “Haizea!, Gendulain kapitaina”.
— Luis, hi haiz haizeak nondik jotzen duen konturatzen ari ez den bakarra.
— Joder, Martin, zer gertatzen zaik? Muturtuta habil nirekin azken aldi honetan.
Eta haserre zegoen, bai, kostatzen ari baitzitzaion Uranga tailerraren ondoko orubean aparkatzeko tokia topatzea; Armadako tankeek, kamioiek eta jeepek hartuak zituzten Burundako ingurumariak.
Koipe eta goma lurrinak eman zien ongietorria atea zabaldu orduko. Filmaren grabazioan matxuratutako lau ibilgailu ikusi zituzten tailer barnean.
— Honi beste karburagailu bat ipini beharko zaio —urangatarren artean gazteena ari zen tailerreko lanak zuzentzen.
— Egunon Jainkoak...
— Hara! Goiz heldu zarete gaur.
— Zeregin berriak agindu zizkigutek.
Urangak mekanikarien esku utzi zuen jeeparen konponketa. Bulego moduko estalpe batera gonbidatu zituen Martin eta Luis.
— Matxuratutako ibilgailuak konpontzen laguntzera al zatozte? —Uranga trufariak bazekien Martinek berehala argituko ziola horren goiz agertzearen zioa.
— Datozen egunetan zuen tailerrean lan eginen diagu, bai, hain zuzen ere —erantzun zion Martinek.
— Zuek biok? Bai, to! Zuek ez duzue inoiz eskurik belztu!
— Ezta belzteko asmorik ere. Hemendik aurrera ez duzue horrenbeste konponketa egin beharko eta...
Soila zen bulegoa. Espainiako mapa batek eta Lambretta baten gainean eseritako emakume baten egutegiak janzten zituzten hormak.
— Ba zail daukak. Fuerte ari dituk. Gerrak gogor astindu behar dik Burunda aldea. Filmaziokoek aipatu digutenez, sua ausarki izanen diagu eta ibilgailu guztiak prest eduki behar ditiagu.
— Arrazoia eman didak, beraz —esan zion Martinek.
— Argiago mintzatu beharko duk.
— Lana murriztuko zaizue, baina eginen duzuen apur hori garbia izanen duk. Nire proposamena entzuteko prest?
— Bota.
Bost minutu eskas aski izan zituen Martinek buruan zeuzkan asmoak Urangari ulertarazteko. Luis bera ere aise jabetu zen asuntoaren tamainaz.
— Hi haiz hi alua! —Luis lozorrotik ateratzea lortu zuen Martinen planak—. Ez diat aspaldian hau baino jokaldi hoberik ezagutu.
— Hago isilik, utzi niri.