Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

16

 

Diruz gizendutako maleta bat feriatuko zutela azaldu zion Martinek. Perlesiaturik entzun zituen Luisek aldameneko txaletean gertatuko zirenak: Dibisio Azulekoen juntadizoa, diru beltzaren kontua, azken amarru bat gehiago, dena ebatsi eta...

      — Arazo bat diagu, ordea. Nola sartu txaletean. Sinfonier hori ikuskatu beharra zaukaat. Baina ez hori bakarrik, Zabaleta horren etxean noiznahi sartzeko modua topatu behar diagu.

      — Hi burutik hago.

      — Hor barrura sartzeko moduren bat egonen duk, ezta?

      — Bai, bazagok, baina ez zakiat ez ote den arriskutsuegia. Estherrek giltza-joko bat gorde ohi dik etxetik kanpo.

      — Non?

      Luisek goiko eskailburuko leihora eraman zuen laguna, Zabaletaren txaleteko atea erakutsi zion handik.

      — Ikusten duk ezkerrean den loreontzi handi hori?

      — Horretan al daude?

      — Ez, horretan ez, ondoko txikian baizik. Baina espero dezagun Zabaletak ez ahaztea bereak Madrilen eta loreontzikoak ez hartzea.

      Giltza-jokoak etxean sartzea erraztuko zuen, baina noiznahi sartu ahal izateak konponbidea behar zuen. Giltzak loreontzi txikian baleude, sinfonierrari begiratu bat eman eta ordu txikietan molda zitekeen amarrua, baina ondoren ere txaleterako sarbide zuzena beharko zuten derrigorrez, maleta handik ateratzeko. Nola sartu eta nola irten giltzarik gabe? Urduritzen hasia zen Martin.

      — Luis, hi gera hadi hemen. Pedrotxo eta biok joanen gaituk Estherrengana.

      Lehengusua jeepean zeukan zain, elektrika kableetan pausatu ziren bi txolarreri beha, edo agian hegaztiak ziren Pedrotxori beha zeudenak. Maleta erosi berriarena agudo eginen zuten, Esther berantetsi gabe, baina batez ere hark bidea lehenbailehen libre utz zezan. Autobusa hartu beharra zuen familiarengana joateko.

      — Maleta emanen zioagu. Gero hik geltokira eramanen duk anderea. Nik zereginak ditiat hemen —esan zion Pedrotxori—. Geltokitik etor hadi zuzenean; ahal baduk hementxe berean aparkatu eta itxaron Luisi eta bioi.

      — Taxista ona nauk.

      Ateko txirrina jo zutenean loreontzien aldera begiratu zuen Martinek. Berehala zabaldu zen atea, kaleko jantziz zegoen Esther.

      — Egun on, bikote. Espero baino lehen heldu zarete. Pasa, pasa. Ezer hartu nahi al duzue? Eta izeba, zer gisa? A ze kolpea hartu duen! Hori al da maleta?

      Ez zuen arnasa hartzeko betarik hartzen solasean ari zenean, ez zekien isilik. Bi gazteek sukalderaino jarraitu zioten.

      — Salda prest daukat, nagusiak gustuko du-eta; hozkailuan kausituko duzue. Egia errateko presatuta nabil, arratseko lauretarako geltokian behar dut. Almandozen pasatuko dut asteburua. Nagusiak ez du hemen inor nahi.

      — Lasai, Esther, bazkalduta heldu gara. Eta ez arduratu autobusarengatik, Pedrotxok eramanen zaitu geltokira.

      — Bai? Ez dago zuek bezalakorik! Ekar ezazu maleta hori, nagusiak logelan uzteko agindu dit.

      Estherrek eskutik kendu zion maleta Martini. Logelaraino lagundu zion honek, eta beha egon zitzaion. Oheen artean paretaren kontra zegoen sinfonierraren bigarren tiraderan sartu zuen maleta Estherrek. Gero gelako leihoa itxi eta atearen atalasean zen Martinengana hurreratu zen:

      — Zatoz sukaldera, hartuko duzue kopatxo bat behinik behin.

      — Ez arduratu guregatik. Orain geltokira eramanen zaitu Pedrotxok eta han kafe bat hartuko duzue aldameneko tabernan. Ez al da hala? —Martinek begi kliska bat egin zion lehengusuari.

      — Ongi da, leihoak itxiko ditut. Nagusiak arrunt ongi egurastua nahi izaten du etxea, baina joan aurretik itxi beharko ditut —Estherrek eskaileretan gora ere hizketan segitzen zuen—: Zaindu izeba Irene, ukendu bat emanen dizut, honezkero ubelduraren bat izanen du...

      Pedrotxok Esther zelatatu zuen bitartean, etxeko nagusiaren logelan sartu zen Martin, sinfonierra helburu. Maleta zegoen tiraderari heldu eta erabat atera zuen altzaritik. Erraz mugi zitekeen beheko ohola. “Primeran” murduskatu zuen. Berriro bere tokian sartu eta altzariaren atzealdea aztertu zuen, paretatik doi bat bereiztea otu zitzaion, baina altzaria mugitzean sor zezakeen asotsaren beldur zen. Eta horretan ziharduela, “Poliki jaitsi, emakumea” entzun zuen, Pedrotxoren abisua. Martin logelatik itzuli zenean, Estherren takoi baxuen hotsa entzun zuen korridorean.

      Andereak zetazko zapi batez apaindu zuen bere burua halleko ispiluan.

      — Dena prest, joan gaitezke.

      Arrazoi zuen Luisek, Esther etxetik irtendakoan loreontzi txikiaren aurrean makurtu zen giltzak uzteko.

      — Ongi pasa asteburua Almandozen —agur egin zion Martinek.

      — Zu ez al zatoz ba gurekin?

      — Ez, ni ez, kapitainak agindutako zereginetara noa.

      — Zuek gazteak mandatuekin beti okupatuta. Adio, Martin, eskerrik asko. Ez ahaztu izeba Ireneri ukendua eramatea.

      Martin ezkerreko espaloitik zihoan oinez jeepak aurreratu zuenean. Autoa Baztan kalearen akaberara iritsi zela ziurtaturik, atzera buelta egin zuen. Zabalik aurkitu zuen Luisen izebaren etxeko atea. Laguna sukaldean zen zezina ogitarteko bati hozka.

      — Konturatu al haiz? Loreontzi txikian ezkutatu ditik giltzak.

      — Ohiko tokian utzi ditik. Hori banekian nik.

      — Goazemak oraintxe bertan!

      — Baina zer presa daukak? —Luisek klikol bakarrean hustu zuen baso ardoa.

      — Sinfonierra aztertu behar diagu. Hire izebak izanen dik jostun metro bat...

      — Zertarako behar dugu metroa?

      — Goitik behera eta ezker-eskuin neurtu beharra zaukaat altzari zahar hori. Goikoak behekoa ordezkatuko dik, bigarren tiraderakoa behera pasaraziko diagu.

      — Ez diat entelegatzen...

      — Hik ekar ezak metroa eta azalduko diat barnean gaudenean.

      Aise pasa zitekeen bi etxeen arteko hesi gainetik. Erdialdean zuhaitz baten adarrek ematen zieten babesa hobetsi zuen Luisek Zabaletaren txaleteko lorategira disimuluan igarotzeko.

      Loreontzi txikiaren azpitik jabetu zen Martin hiru giltzako jokoaz. Etxeko nagusiaren gelara jo zuten segituan. Martinek sinfonierraren bigarren tiradera ireki, errailetatik atera eta Estherrek bertan utzitako maleta atera zuen. Arestian egin gisara, tiraderaren beheko ohola erauzi zuen.

      — Lagun iezadak!

      Altzaria paretatik zertxobait aldendu zuten bien artean. Martinek atzeko partea ikuskatu zuen: ohola errailetan sarturik zen, eta beheko partean bi tope zituen, erraz mugitzen zirenak.

      — Bikain! Hasi apuntatzen.

      Martinek tiraderetako beheko oholen eta errailen sakoneraren neurriak hartu ahala, Luisek esku ahurretan apuntatu zituen zenbakiak. Gauza bera egin zuen sinfonierraren atzeko piezarekin.

      — Orain zurgin bilakatu haiz, ala? —adarra jo zion Luisek.

      — Zurgina bakarrik ez, ingeniaria duk guk behar duguna. Eta artisaua bada, hobe.

      Neurriak hartzea bukatu ondoren, Martinek bere tokian paratu zuen bigarren tiradera, maleta eta guzti.

      — Tira, Martin, esplikaidak behingoz zer daukaan buruan...

      — Maletak trukatuko ditiagu.

      — Bai, hori lehen ere esan didak. Baina hemen maleta bakarra zagok.

      — Bi maleta erosi ditiagu, igual-igualak biak. Sinfonier honetan maleta hori sartuko ditek diruz mukuru, baina aterako duten maleta ez duk preseski hain beteta egonen.

      — Hara! Orain mago bilakatu haiz!

      — Magoa bakarrik ez, artisau bat duk guk behar duguna, eta Iruρeko onena bada, hobe.

      — Zorakeria bat zirudik.

      — Eguerdia baino lehen Giselerekin egon nauk, Tres Reyes hoteleko kafetegian. Han nintzela bururatu zaidak. Baditek igogailu moduko bat platerak sukaldetik barrara garraiatzen dituena. Halakoxe bat prestatu behar diagu.

      — Igogailu bat! Hik burua galdu duk.

      — Utzi niri. Eta entzun: zakur horiek maleta diruz bete eta berriro bigarren tiraderan sartuko ditek, hementxe. Guk beste maleta bat paratuko diagu goiko tiraderan, igual-iguala, hortxe. Beraz, haiek maleta diruz betea sartu eta tiradera itxitakoan, pisuarekin igogailuak behera eginen duenez, trukatuta geratuko dituk. Goikoak erdikoan dagoena ordezkatuko dik eta betea dagoena behera joanen duk.

      — Kopon!

      — Orain ikusi duk, ezta? Haiek maleta sinfonierrean sartu bezain laster galduko ditek altxorra.

      — Ez diat oraindik entelegatzen.

      — Bai motel! Esadak... nola topatu dugu sinfonierra?

      — Arropaz eta oihalez beterik; bigarren tiradera izan ezik, hor Estherrek utzi duen maleta baitago.

      — Hori duk! Haiek maleta bat sartuko ditek hor, itxitakoan bere pisuarekin behera etorriko duk, eta goiko tiraderan guk jarriko duguna joanen duk bigarrenekora. Kito. Tramankuluak eginen dik trukea, itsuan egin ere, haien bistatik kanpo.

      — Tramankulua?

      — Bai, atzeko ohola kenduko zioagu altzariari eta bertan jarriko diagu.

      — Ostia! Magoa badiagu, baina orain ingeniaria eta artisaua beharko ditiagu —mekanismoaren bihurriak irri eginarazi zion Luisi.

      — Eta sarrailagile bat! —Martinek eskuan zuen giltza-jokoa erakutsi zion.

      — Zertarako behar dugu sarrailagilea?

      — Maleta trukeak sinfonierraren barnean ongi funtzionatuz gero, hala eta guztiz berriz sartu beharko diagu txaletean. Maleta diruz betea eskuratuko diagu eta altzaria aurkitu dugun bezalaxe utzi, oihalak eta arropak barne. Estherrek ere ez likek ezer sumatu behar.

      — Kopon! Asko pentsatu duk.

      — Hiru giltza zaudek hemen. Zer irekitzen dute?

      Martinek Luisi eskaini zion giltza-jokoa. Itxuraz zaharrena zirudienari erreparatu zion lehendabizi.

      — Izeba Paularenean antzeko bat zaukaagu. Sotokoa duk.

      — Txalet guztiek al dute sotoa?

      — Gureak bederen bai. Bi sarrera ditik, sukalde ondoko biltegitik bata eta kanpoaldetik bestea.

      Esan zuenerako, Martinek egiaztatua zuen. Zabaletaren txaletean ere biltegi bat zen sukalde ondoan. Tapiz maiztu batek babesten zuen zorua. Luisek alfonbra erretiratu eta tranpol bat azaldu zen, albo batean helduleku bat zeukana, eta handik tira egin zuen.

      — Hementxe zagok, izeba Paularenean bezala.

      Zurezko eskaileratik behera jaitsi zen Martin. Eutsiko ez ote zioten beldur, tentuz zapaldu zituen mailak. Sotoa ez zen sobera altua, zabala bai ordea, etxearen planta osoa hartzen zuen. Itxuraz ez zen argindarrik, lorategira ematen zuen atearen eta sabaiaren zirrikituetatik iragazten ziren izpi batzuk. Martinek txiskeroa piztu eta zutabeetan aspaldi laketua zen armiarma sare bat desegin zen. Hautsa edonon, anabasa ez zen nolanahikoa. Sotoa ezker-eskuin argiztatzen aritu ziren Martin eta Luis. Ezkerreko pareta maindirez estalita ageri zitzaien, koadro batzuk babesteko paratuak. Altuena erantzi zuen Martinek. Txiskeroa hurbildu zuenean militar baten erretratuak begiratu zion parez pare: On Karlos VII.a, inondik ere.

      — Karlistak beti karlista —Martinek irudia erakutsi zion Luisi.

      — Nekez ikusiko dituk hauek Jurramendin. Aitak dioen gisan, aspaldi utzi ziotean karlista izateari. Gendulain kapitainaren partidakoak kargistak dituk orain.

      Martinek beste koadro bati erantzi zion maindirea. Ezustean harrapatu zuen emakume biluzi baten erretratuak; etzanda zegoen, aurpegia ezker eskuarekin estaltzen zuela, bolizkoa zirudien gorputzaren azalak. Sinaduraren aldera eraman zuen txiskeroa, J.C. letrak irakurri zituen.

      — Martin, heldu hona, mesedez —erregutu zion Luisek.

      — Zer topatu duk? —Martin koadroetatik aldendu zen.

      — Dozena erdi kutxa. Zurezkoak. Trastez beteta. Eta paretaren aldean, esekitoki batetik zintzilik, hamar bat uniforme.

      — Banoak.

      — Hauek... jakaz baino uniformez aldatzeko prest zeudek! Aitari ikusia zioat hau bezalako bat, karlistadaren garaikoa duk.

      Martin ere jantzien artean araka hasi zen. Bazen gerra zibileko soingaineko nacional bat, bi tabarda eta elurretako jantzi bat.

      — Errusiako Kolpinotik ere ez zituan esku hutsik itzuli —Martinek mahukako esbastika erakutsi zion Luisi.

      Zurezko kutxetako batean kapeluak aurkitu zituzten. Beste batean bi kasko, horietako bat nazien garaikoa; eta gas-maskara bat ere bai, hau ere alemana. Komandantziako liburutegian inoiz aztertutako liburuetan ikusitako irudiak ekarri zizkieten gogora jantziok.

      Luisek kristal txintxina entzun zuen uniformeak ziren eremutik aldentzean. Zerbait ukitu zuen, antza, eskuineko oinaz. Apalategi baxu bat zen, botilaz betea. Gerri lodiko bat hartu zuen ilunpean.

      — To! Armagnacak, Pete Domezaini oparitzeko modukoak!

      — Utz ditzagun denak bertan. Denbora galtzen ari gaituk —Martin sotoko sabaiari begira ari zen—. Nola arraio sartuko garen etxe honetan, hori asmatu behar diagu ahalik eta lasterren. Joan hadi gora, eta itxi ezak tranpola. Sototik irekitzerik ba ote dagoen jakin nahi diat.

      Eta Martinek sototik aise zabaldu zuen tranpola.

      — Baina nola sartuko gara giltzarik gabe? —galdetu zion eskaileretatik.

      — Sotoko atea zabalik utzita. Badik bere arriskua, baina horiek ez dituk armagnacaren bila hor behera jaitsiko. Hau duk hau kuxidadea! Hiru giltzetatik txikiena sotoko atekoa ote den probatuko diat.

      Luisek sarrailan irristatu zuen giltza. Ez zuen aurrenekoan ireki. Atea kanporantz pusatu eta giltza jiratu egin zuen.

      — Egina! Orain zer, zabalik utziko al dugu... edo sarrailagilea?

      — Zabalik utzi! Bizkor, Pedrotxo zain izanen diagu kalean.

      Luisek loreontzi azpian kokatu zuen giltza-jokoa, Estherrek utzia zuen bezala. Pedrotxo jeepean zegoen, egonarri betikoarekin, txotx batez azkazalak garbitzen, baina noizik behin atzean gerta zitekeena ispilutik barrandatzen.

      — Dena prest? —Pedrotxok martxan ipini zuen autoa.

      — Hik baduk lagun zurgin bat, ezta? —gogoratu zen Martin.

      — Nor, Joxemiel?

      — Bai, Maρuetakoa. Non du tailerra?

      — Nabarrerian.

      — Lagunduko al liguke?

      — Galdetuko zioat.

      — Agian gauez lagundu beharko ziguk.

      — Hori zailagoa duk —Pedrotxok hasperen egin zuen—. Gautxori bat gauez lanera gonbidatzea ere!

      — Fidatzekoa al da?

      — Dirua tartean denean ba al dago fidatzerik?

      Martinek ez zion erantzun.

      — Kale edo bale! —erabaki zuen Luisek—. Dagoeneko bostak dituk eta Komandantzian behar diagu.

      — Akort. Hi joan hadi zurgin horrengana. Baina lagundu nahi ez badigu, lortu ezak behintzat tailerra erabiltzen utziko digula.

      — Eta zer esan behar zioat ba, nahitaez altzari bat egin behar dugula gau honetan berean?

      — Zerbait bururatuko zaik. Edozein gisaz, tailer hori gure lantegia izanen duk gaur gauean.

      Semaforoa gorriz topatu zuten Olite kalearen parean. Jeepetik jaitsi zen Pedrotxo eta Martinek hartu zuen bolantea.

      — Non elkartuko gara?

      — Afari-merienda egiteko asmoa diagu Salvatorerekin La Campanan.

      — Eta Domezain?

      — Hori ere ez duk urruti ibiliko.