Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

8

 

Jarautan norbait kantari ari zen etxeren batean, garbi heltzen zitzaien gitarra hotsa. Oinutsik kalean sartzean, Luis ate urdinkarara aurreratu orduko Martinengana jiratu zen Pete Domezain.

      — Hemen ez da tabernarik! —amerikanoak atzera egin zuen.

      — Baina ez da mama gozorik faltako —Martinek besotik tiratu zion.

      Konturatu orduko eskaileretan gora zihoazen hirurak. Lehendabiziko pisuan egongela handia zegoen ezkerraldean. Inor ere ez. Altzari eta dekorazio urria, moketa zoruan eta paper tindatua hormetan, paretaren erdian kuku-erlojua, ertz batean mostradore moduko mahaia eta horren atzean errezel morea, beste gela batera ematen zuena. Errezela doi bat zabaldu eta emakumezko heldu bat ikusi zuten.

      — Gabon, Marina.

      — Gabon, bai. Goiz heldu zarete!

      — Goizago nahiago nik, baina eginbeharrak agintzen du.

      Luisek eskutik oratu eta musu bat utzi zion emakumeari hatz-koskorretan.

      — Ezer edan nahi al duzue?

      — Ba al daukazu armagnacik?

      Emakumeak eskua eraman zuen eskuineko belarritakora eta errezelaren atzetik desagertu zen.

      Hiru gizonak mostradore ondoko sofan eseri ziren. Pete Domezainek ez zuen deus ere esaten. Erretilu batekin itzuli zen Marina anderea, hiru kopa eta brandi botila zekartzan.

      — Ea armagnacaren parekoa den.

      Independentzia! —Luisek brandi botila jiratu eta etiketa irakurri baitzuen—. Honek debekua dakar.

      Emakumeak purrust egin zuen.

      Martinek hiru kopak bete zituen independentzia hartatik.

      — Nahi al duzue inori deitzea? —galdetu zien Marinak.

      — Gisele... —eskatu zion Martinek.

      — Esmeralda eta Chela bai.

      — Eta Gisele?

      — Begiratuko dut —Marina andereak purrust egin zuen berriz ere.

      Handik gutxira bi emakumezko azaldu ziren aretoan. Bata blonda, bestea beltzarana.

      Blonda Luisen ondora hurreratu zen.

      — Atzo hire falta izan nian —Esmeraldak Luisen sorbalda ferekatu zuen.

      — Nik ere bai hirea.

      Pete Domezainek musu eman zion kopari, Luisek gerritik heldu zion Esmeraldari eta ia airean aterarazi zuen egongelatik.

      — Hau presa! —irri egin zuen Esmeraldak.

      Chelak zigarreta pakete bat atera zuen sofaren ondoko sinfonierretik, eta bi gizonei eskaini. Biek hartu zuten. Ameskoarra baino azkarrago ibili zen aetza metxeroa ateratzen. Zippoak ezantza usaina barreiatu zuen egongelan.

      Eta orduan, errezela berriz ere zabaldu eta bilogorri bat agertu zen.

      — Hau edertasuna! —Martinek silaba guztiak nabarmen ebaki zituenean, ezpainak okertu zituen Chelak.

      — Ez al da Luis etorri? —Giselek adats gorriak orraztu zituen eskuaz.

      — Luisek utzi egin gaitin, hemen dun gure lagun berria, Ameriketatik ekarri dinagu. Hitz gutxikoa dun, baina ziur naun ongi konponduko zaretela.

      Giselek eskutik heldu zion Pete Domezaini eta honek libre zuen eskuarekin hustu zuen brandi kopa. Egongela utzi aurretik begirada konplizea bota zioten elkarri Giselek eta Martinek. Chelak bizkarra eman zion Martini eta errezel morearen atzean desagertu zen.

      Sofan luze etzanda zegoen Martin, Marina anderea egongelara itzuli zenean. Kopak erretilu gainean biltzean sortutako txilinak atera zuen lozorrotik.

      — Segi ezak lotan nahi baduk, ez zirudik gaur mugimendu handirik izanen dugunik. Egongela txikia ere libre daukak, nahi izatera.

      Martinek eskuak aurpegira eraman zituen agontzerakoan.

      — Presarik ez amerikanoarekin.

      — Horraino entelegatu diat.

      — Kontuak egin ditzagun —diru-zorroa atera zuen Martinek.

      — Hiru zerbitzu.

      — Ugaldu egin al dira ba goian?

      — Amerikanoak kanonigoaren txanda hartu dik, beraz doble.

      Martinek sei billete utzi zituen mostradore gainean.

      Gauerdirako bost minuturen faltan bueltatu zen Luis. Moda aldizkari bat leitzen ari zen Martin.

      — Hau ere zor didak.

      — Jakina! —Luisek patrikan sartu zuen eskua.

      — Trankil, operazio osoa amaitutakoan eginen ditiagu kontuak.

      — Luzerako al du amerikanoak?

      — Hoa, nahi baduk. Baina hemendik zuzen-zuzen etxera.

      — Bai jauna! —soldadu agurra egin zion Luisek.

      Aldizkariko nesken arropei begira jarraitzen zuen bitartean, Domezainez berantetsirik, planaren hari-muturrak lotzen ahalegindu zen Martin. Ahalik eta informazio gehien bildu nahi zuen Peterengandik. Alvarez sarjentuak ez zuen deus ere sumatu behar, eta hala gerta zedin aski lanpeturik eduki beharko zuten Goρi lotinant-koronelaren zakurra.

      Horretan ziharduela, arin sartu zen Marina anderea, ez zuen txintik ere esan eta eskuaz egongela txikira pasatzeko agindu zion. Bi minutu eskasera solasaldi baten zurrumurrua aditu zuen Martinek egongela txikitik. Giselek ez aspaldi erakutsi zion trikimailua gogoratu zuen: bi egongelak banatzen zituen paretan zintzilik zeramikazko plater bat zegoen, hura jiratu eta ondoko logela ikus zitekeen. Martinek ez zion tentazioari eutsi, berak berriki utzitako sofan hiru gizonezko ari ziren solasean, Goρi lotinant-koronela zuen hurbilen, urrutien Gendulain kapitaina, eta hiruretatik dotoreena erdian eserita.

      — Nor da erdian dagoen begi urdin hori? —galdetu zion Marinari.

      — Ez diat ezagutzen.

      Ez zen ohikoa Gendulain kapitainak Marinaren etxea bisitatzea, bestelako zuloetarako joera zuten. Guardia zibilen eremutzat zuten Iruρeko militarrek. Etxeari Casa Marina esaten bazioten ere, mugaldeko merkatari bat zen jabea, gazte zelarik guardia zibil aritutakoa eta orduan ere kide izandakoekin estuki lan egiten zuena.

      Hiru gizonak kontu-kontari ari ziren Marina errezelaren bestaldetik agertu zenean. Zerbait eskaintzeko keinua egin zien andereak, hirurek buruarekin baiezkoa eman zioten.

      Egongela txikiko atea ireki zenean Martinek bi eskuekin eutsi behar izan zion zeramikazko platerari eror ez zedin. Gisele bilogorria sartu zen.

      — Eta amerikanoa? —Martinek ezin zuen urduritasuna ezkutatu.

      — Lo geratu zaidak. Beste horiek despeditutakoan esnatuko diat. Horren gozo geratu duk!

      — Nolatan hauek hemen? —gaitziturik zegoen Martin.

      — Gendulain ez duk arrotza gurean. Lotinant-koronela, berriz, aurreko asteburuan ezagutu nian. Hirugarrena zaidak arrotza, baina lepoa eginen nikek... hori bestaldekoa duk.

      — Nola dakin?

      — Hemen ez zarete usatuak horrelako dotoreziatara.

      Giselek platera eskuetatik kendu Martini eta paretan zintzilikatu zuen.

      — Libre daukak ganbarako nire gela, hoa deskantsatzera, utzi niri —masailean pot bat eman zion neskak.

      — Eta zer eginen dugu amerikanoarekin?

      — Lo segituko dik horiek alde egindakoan ere.

      Giselek egongela txikia utzi zuenean Martinek ezin izan zion eutsi berriro platera jiratzeko tentazioari. Hiru urde haiek tente jarri ziren bilogorria agertzean, ordurako han ziren Chela beltzarana eta Esmeralda blonda. Eta azkenik Marina andereak, mostradoretik, eskua goraka astindu zuen bi egongelak erdibitzen zituen hormako kuku-erloju aldera, Martini adieraztearren aski barrandatu zuela behatxulotik.

      Giseleren gelako ohean etzan zen Martin, goiko ganbaran, neskaz zekienari errepasoa ematen begiak itxita. Inoiz kontatua zion nolatan heldu zen Iruρera hamabi urte bete berritan; gero hemendik, Itsasuko izeba bat tarteko, Bordelera joan zen merkatari aberats baten zerbitzuko. Hiru urte eman zituen Garona ertzeko etxe handi hartan, baina zaharra hildakoan herriko etxearen ondoko hotel batean hasi behar izan zuen lanean. Han ezagutu zuen hondamendia ekarriko ziona: Piarres izeneko maitreak begiz jo zuen bilogorria eta ibiliaren ibiliz haurdun utzi. Sabelaren handitzea ezkutaezina zenean desagertu zen Piarres. Orduan sartu zuen hoteleko nagusiak komentu batean Gisele. Hilik jaio omen zen haurra, hori esan zioten bederen. Monjek Clermont-Ferranden zuten etxera bidali nahi izan zuten, baina Giselek argi zuen hura ez zela bere tokia. Gau batean, atabakako dirua ebatsi eta hartu zuen trena Bordelen. Frantzian bere bila hasi eta aise topatuko zutela jakinda, muga igarotzeko deliberoa hartu zuen.

      Trenez heldu zen Baionako geltokira. Itsasun gelditzea otu zitzaion Garazirako trenera igo zenean, berehala uxatu zuen ideia burutik, ordea. Iluntzean heldu zen Garazira. Iraila zen eta eguraldia lagun egin zuen Arnegirako bidea; han zen Joana, Luzaideko benta batean ari zen herriko adinkidea. Joanak hasieran ez zion harrera berorik egin, baina errukituta, segituan asmatu zuen gezurra bentako nagusiarentzat. Zuberoatik heldutako lehengusu txikia zuela; bistan zenez, honek ez zion sinetsi, baina neska liraina zela ikustean bentan aritzea eskaini zion.

      Giselek Joanarekin ohe berean lo egin zuen lehendabiziko bi gauetan, hirugarren egunerako gela txiki bat atondu ziotela esan zion nagusiak, eta menturaz bizitzan lehen aldiz, gela propioan egin zuen amets. Laugarrenean, lokartzeko puntuan zela, atea ireki zen. Konturatu zenerako gainean zuen gizona. Bosgarren gauean errepikatu egin zen bisita, eta bide beretik zihoan seigarrena sekulako iskanbila sortu zenean pasilloan. Berehala ezagutu zuen norenak ziren oihuak. Gisele ohetik jaiki eta korridorera atera zen: andrea zutik burruntzali bat eskuan, gizona zoruan luze, ahaleginak eginda ere ezin altxaturik. Gau hartan bukatu zen Giseleren egonaldia Luzaideko bentan. Biharamunean Joanak lagundu zion autobusera, eta agur egitean paper bat eman zion, helbide honekin: Marina Espoz, calle Descalzos 7, Pamplona, azken bi urteetan Giseleren abaroa izan dena.

      Arrunt txikia zen goiko ganbarako logela: ohea, aulkia, komoda zahar bat eta egurrezko mahaia leiho bakarraren ondoan. Giseleren urrinak iratzarri zuen Martin.

      — Ze tenore dugu?

      — Amerikanoak lo segitzen dik eta militarrak joanak dituk. Tira, militarrak eta militarra ez dena.

      — Nor zen ba begi urdin dotore hori?

      — Garazikoa omen.

      — Nola dakin hori?

      — Galdetzea ere...

      — Berak esan din?

      — Esmeraldarekin egon duk. Niri Goρi egokitu zaidak.

      Martinek besarkatu egin zuen Gisele, eta hala egon ziren isilean une batez. Ameskoarrak ipurdi mazelak igurtzi zizkion, itsasuarrak gizonaren bularra bilatu zuen ezpainekin. Ez zen izanen Giseleren ohean gaua igaroko zuen lehenbiziko aldia.

      Agerikoa zen zerk erakartzen zuen, zailagoa zitzaion bien artean sortutako konplizitatea azaltzea. Bilogorria puskaz rameganteena zen Casa Marinan. Martinek, Luisek ez bezala, ez zien sobera erreparatzen Bigarren Zabalguneko kafetegietan arratsaldeak ematen zituzten neska pinpirinei, inoiz ere ernegatu eta guzti ere egiten zen Luisek gorteiatze-toki horietarako zuen joerarekin. Tontodromotik kafetegietara heldu berriak ziren neska horiek gora eta behera ibiltzen zuten aurretik Carlos III.a etorbidea. Gora abiatu eskuinetik eta ezkerretik hogei bat metrora behera zihoan neska kuadrillako ausartenari begiradaren bat lapurtzea zen bi mutilek erdiets zezaketen zirri bakarra. Inoiz esana zien izeba Irenek, hobe zuketela eguerdiko mezatara joan, elizan bederen bertatik bertara edukiko zituztela, eta argi-ilunen jolas batean, gainera.

      Tontodromoko neskak sobera argiztaturiko Bigarren Zabalguneko kafetegietan esertzen ziren. Giselek ez zuen harako joerarik, Genelarisimo etorbidea igarotzea eskandalua zatekeen. Bere gisakoak bestelako txokoetan laketzen ziren, Tres Reyes hoteleko kafetegian, konparazio batera. Martin eta Gisele elkarrekin egonak ziren han, bezeroen joan-etorriak nolabaiteko intimitatea bermatzen baitzien.

      — Zertan ote dabil Garaziko gizon dotore hori militarrekin nahastuta? —esan zuen Martinek lau orduko loaren ondotik.

      — Auskalo. Goρik ordaindu dik dena.

      — Arrain handia dun hori.

      — Ez harritu ostiralean berriz hemen badira.

      — Ze ba?

      — Antza denez, gose geratu dituk. Jaisten ari zirenean, aurki itzuliko direla bota dik Goρik.

      Martin ohetik altxatua zen eta leihotik begiratzen zien teilatuetan gora dirdiraka ari ziren izarrei. Ke-hari bat zerion tximinia bati ez oso urrun.

      — Berandu dun, laster argituko din. Amerikanoa esnatzen lagundu behar didan.

      — Bai, oraintxe —Giselek bata loreduna jantzi zuen—, baina gera hadi gero nirekin eta gosaria ekarriko diat ohera.

      — Gaur ez, Gisele. Amerikanoa entregatu beharra zaukanat Komandantziara abiatu aurretik.

      Esnatzen ari zen hiriko karrika hutsetan barrena gidatu zuen Domezain Maisonnaveraino. Erlojuari eman zion begia. Seiak eta hamar ziren hoteleko atarian utzi zuenean. Bakarrizketan eman zuen bidea Martinek. Tartean behin Petek ameto keinuak egiten zizkion, hain ongi mamitua ikusten zuen lapurretaren plana.