Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

18

 

Izeba Ireneren etxean gazta bati labanaz zatia kentzen ari zitzaion Pedrotxo, lagunak iritsi zirenean. Bi euli borrokan bezala zebiltzan sukaldeko mahaiaren ertz batean, baina Luisi iruditu zitzaion beste zerbaitetan zihardutela. Martinek ez zuen lehengusua agurtu ere egin, harira jo zuen:

      — Ba al dugu tailerrik?

      — Hik zer uste duk? —Pedrotxok gazta zatia irentsi zuen.

      — Zer esan dik Nabarreriakoak?

      — Utziko digula.

      — Orduan laguntzeko prest zagok...

      — Hori ez diat horren garbi. Aldapa tabernan egonen duk gau partean.

      — Han izanen dugu zain?

      — Zain, zain, ez zakiat gure zain egonen den. Tabernan afaltzen dik, eta ez duk mahaitik erraz altxatzen den horietakoa, mus partida bat tartean denean zailago.

      — Txantxa gutxiago. Lagunduko al digu, bai ala ez?

      — Bai, lagunduko ziguk. Hori bai, hobe duk sobera arrailtzen ez bazaigu.

      Martin lasaiago geratu zen. Arasatik edalontzi bat hartu, harraskan txorrota ireki eta, ura korritzen utzi ondoren, trago luzea eman zion.

      — Eta diru konturik aipatu al diok?

      — Dirua ez duk afera Joxemielekin —erantzun zion Pedrotxok.

      — Izanen ez da ba! Zurgindegia utziko ziguk, tresneria eta materiala ere berak jarriko ditik.

      — Utzi niri —Pedrotxo betiko patxadaz mintzo zen—. Hik ez al duk deskantsatu behar? Ia ez duk lorik egin.

      — Nitaz ez kezkatu.

      — Ez gaudek atseden hartzeko —gaztigatu zion Luisek Pedrotxori—. Salvatorerekin elkartu behar diagu segituan.

      Italiarraren izena entzun zuenean gillotina bat balitz bezala itxi zuen labana Pedrotxok.

      — Orduan napolitarrak ere baietza eman ziguk.

      Martin harraska ondoko altzarira hurbildu zen. Bertako tiraderak baliatu zituen Pedrotxori sinfonierraren trikimailua azaltzeko. Lehengusuak arretatsu jarraitu zituen Martinen asmoak.

      — Ikasi al duk? Hi haiz hau guzti hau Salvatoreri azaldu behar diona.

      Pedrotxok zehatz-mehatz errepikatu zuen dena:

      — Ongi entelegatu badut, bigarren tiraderan egonen duk diruz betetako maleta. Gainerakoan, oihalez dagoela eman behar dik sinfonierrak. Eta balizko tramankuluak bi maleten pisuari eutsi behar liokek.

      — Hori duk.

      — Eta kasualitatez goiko tiradera irekitzen badute? Ez al dute gure amarruzko maleta aurkituko?

      Martinek ez zion berehala erantzun. Zalantza egin zuen. Edalontzia berriz urez bete eta osorik edan zuen:

      — Ba, ez zakiat. Ezer bururatuko zaiguk. Zer uste duk, Zabaletak edo dena delakoak oihalei erreparatu nahi izanen diela? Horrek maleta besterik ez dik ikusiko, Estherri bigarren tiraderan uzteko agindutakoa, besterik ez.

      — Halabiz!

      Pedrotxoren ondoan eserita, isilean jarraitu zuen Luisek lehengusuen solasa. Aharrausi artean hitz egin zuen:

      — Tira, argi dagoen bakarra da gaur ere gaupasa dugula. Baina zein da hemendik aitzineko ibilbidea?

      — Aurrena Salvatorerekin elkartu Mendi pentsioan. Hortik La Campanara, afari-merienda egitera.

      — Beraz, gaur ez ditiagu Maisonnaveko neskatikoak ikusiko...

      — La Campanan ahalik eta kontu gehien lotu behar ditugu Salvatorerekin. Geuk eramanen dugu Casa Marinara gero.

      — Libertimendurik ez niretako? —kexatu zen Pedrotxo.

      — Hi ez haiz besamotza erremintekin. Afari garaian jakinen diagu zer material eta tresneria beharko dugun. Hire kontu horien feriatzea eta prestatzea. Zuzenean joanen haiz Joxemielen zurgindegira, eta gu iristen garenerako zerbait prest badaukak, hobe. Lana aitzinatzea duk kontua. Tramankulua, maleta barne, bihar goiz partean paratu behar diagu Zabaletaren txaleteko sinfonierrean.

      — Dena egiteko astirik izanen ahal dugu! —Pedrotxo zutitu egin zen mahaitik.

      Martin eta Luis kalerako janztera joan ziren balkoi aldeko gelara. Martinek atorra, prakak eta jaka bat utzi zituen eskuineko ohearen gainean.

      — Ez duk blaiser bat, baina tira.

      Jaka marroiari erreparatu zion Luisek. Eta eranzten hasi aurretik Martinek gutun-azal bat atera zuen patrikatik.

      — Gasolindegiko diruak? —harritu egin zen Luis.

      — Bai. Eguerdian Moises Estonbari kendu dizkiodanak.

      — Dena egitera iristen haiz, ba!

      — Zerbait bitxia gertatu zaidak han. Goñi gasolindegian egon omen duk, hala esan zidak Moisesek. Bi bidoi bete gasolina eraman ditik, antza.

      — Zertarako? Horiek nonahi eta doan feriatzea ditek erregaia.

      — Ez zakiat, motel. Igual hori duk asuntoa, ez dutela inon feriatu nahi. Beharbada ez ditek nahi inork ikus ditzan.

      Esperoan zuten Pedrotxo pisuko atearen ondoan. Zapaten lokarriak estu lotu eta atzamarrez orraztu zituen ileak. Martinek maleta bikia eman zion eskaileretan behera zihoazela.

      — Hik eramanen duk maleta zurgindegira.

      Eta hirurak kalean zirelarik Pedrotxori agindu zion berriro:

      — Hi moldatuko haiz Salvatorerekin. Garbi daukak tramankuluarena, ezta?

      — Beharko! Lehenbizikoan entelegatu diat dena—burlaizez esan zion lehengusuari—. Lasaitu hadi behingoz!

      Mendi pentsioan sartu ziren. Zigarroen keak girotzen zuen ostatua. Ez zen italiarra errodajeko bakarra hiru gazteak barraren hasieran kokatu zirenean. Erdialdean ingelesez mintzo zen dozena erdi bat gizonezko. Barra gainean errenkadan paratu edalontzi zabalak whiskiz betetzen ari zen zerbitzaria. Haietako bat eskuan zuela hurbildu zitzaien Salvatore.

      — Buona sera!

      Trago bakarrean hustu zuen edalontzia. Barra gainean ehun pezetako bat utzi eta errodajekoak agurtu gabe irten zen kanpora gazteekin. Kale Berrian Martin eta Luis aurretik zihoazen; gibeletik, ez sobera urruti, lehengusua eta italiarra tar-tar batean. Umeen algarek eta uso batzuek hartua zuten San Frantzisko plaza. Antsoleaga kalean sartu zirenean, atzera begiratu zuen Martinek, eta Pedrotxo eta Salvatore urruti zirela iritzirik, Bilbao ostatuaren aurrean zain egoteko keinua egin zion Luisi.

      — Zer gerta ere, ni ez nauk txorta-giroan ariko gaur gauean —gaztigatu zion Martinek—. Casa Marinan heu arduratuko haiz Salvatorez eta neskez. Ni egongela txikian edo ganbaran egonen nauk. Diruaz ez kezkatu, nik lotuko diat Marinarekin. Baina, hori bai, tokatzen zaion neskari esaiok ez ibiltzeko luzamendutan.

      Martinen aginduak bukatu zirenerako, Kontuen Ganberaren parean ziren italiarra eta Pedrotxo. Salvatore ari zen hizketan, tarteka eskuak higitzen zituen alde batera, gero gora sorbaldaren parera, ondoren behera ia belaunetaraino.

      — Capito? —esan zion Luisek italiarrari.

      — Si, ha capito —erantzun zion Pedrotxok Luisi.

      — Egin al dezake? —galdetu zion Martinek Pedrotxori.

      — Bai. Uhalak erabilita, txirrika moduko bat eginen dik.

      — Edukiko al du Joxemielek hori guztia zurgindegian?

      — Doike. Gisa guziz...

      — Zer?

      — Pisua diagu afera.

      — Pisua?

      — Kalkulatu beharra diagu zenbat pisatuko duen diruz beteko duten maletak. Horrexek baldintzatuko dik mekanismoa.

      Martinek kokotsera eraman zuen eskua.

      — Goazen La Campanara. Han eginen ditiagu kalkuluak.