11
—Ikusten nago gaur ez dugula bazkaldu behar —gosetzen ari zela adierazi zuen Pedrotxok.
— Horrek badu konponbidea —esan zuen Pete Domezainek—. Kamioi-jatetxea aparkalekuan da, hor noiznahi emanen dizuete zeozer.
— Filmaketakoentzat izanen da, ordea. Utziko al digute sartzen? —Luis amerikanoarekin ez fidatzen hasia zen.
— Trankil, ni ez nagoenetan Salvatore izanen duzue lagun.
Orubera iritsi baino ehun bat metro lehenago, Petek jeepa gelditzeko agindu zion Martini. Bi mika aireratu ziren uralitazko teilatu batetik.
— Zoazte estalpearen gibelaldera. Segituan naiz zuekin —Domezain jeepetik jaitsi eta teknikariak zeuden aldera joan zen.
Pedrotxo kopilotuarenean eseri zen. Luisek egokiera probestu zuen eta ahalik eta luzeen etzan zen ibilgailuaren atzealdean.
— Amerikanoak bazakik agintzen! —esan zuen Pedrotxok, lehengusuaren aurpegiera igarri nahian.
Martinek ez zion erantzun, ezta begiratu ere. Estalpera iritsi, motorra itzali eta une batez isilean geratu ziren hiru gazteak. Urrutian kanpai-hotsak entzun zituzten Araba aldetik. Berriz ere Pedrotxo izan zen isiltasuna urratu zuena:
— Angeluserako prest?
— Bukatu dira tentelkeriak —bota zion Martinek—. Hemendik aurrera erne!
— Doike! Guardia zibilak nonahi egon litezkek Urbasan —gaztigatu zion Pedrotxok—. Albertoren tabernan baleude, tira, baina litekeena duk ibilian kausitzea. Ezer bururatu al zaik hori gertatuz gero?
Pedrotxo serio ari zen. Martin begirada galdurik hausnarrean. Luis modako kantu bat txistukatzen.
— Hauxe da plana —astiro mintzatu zen Martin —: Opakuatik joanen gara.
— Zer dela-eta Opakuatik?
— Guardia zibilekin edo beste inorekin topo eginez gero ez dira harrituko; azken egunotan inguru horietan ere filmatzen jardun dute, eta Cromwell pelikulakoek ere ez gaituzte salatuko. Gure errodajeko inorekin ez elkartzea da kontua.
Pedrotxok baiezkoa egin zion buruarekin. Luisek txistua jotzen segitu zuen.
— Opakua igo eta Arrizuriko bidea hartuko dugu. Gure txabolaren inguruan utziko ditugu bi jeep ebatsiak, eta gero handik Aranaratxe aldera; Remigioren estalpean kamioia sartu eta buelta berriro.
— Eta bide beretik itzuli?
— Ez dakit, igual Urbasatik hobe. Jeep bakarrean bueltatuko gara, filmazioko lau morroi larraitza zeharkatzen ibiltzea gertagarriagoa da, ez da horren susmagarria. Portua jaitsi eta zabalgunera joanen gara. Salvatore delako italiar horren laguntzaz ibilgailu zaharrei ikurrak egoki ipini, dena txukundu eta berriz aparkalekura.
— Eta nire tresnak? —galdetu zion Pedrotxok—, non sartuko ditugu nire erremintak?
— Jeep honetan. Gau osoa zaukaagu joan-etorria egiteko. Norbaitek eramanen hau herrira.
— Ai, zenbat jira-buelta traste berri bat feriatzeko! —kexara iristen ez zen hasperena egin zuen Pedrotxok—. Gehiegi, gauza guztiak ongi ateratzeko.
Horretan ari zirela, Pete Domezain ikusi zuten estalpearen atzealdean, gizon txaparro bat zuen ondoan. Luisek She loves you kantua txistukatzeari utzi zion, baina etzanda jarraitu zuen, kieto. Martin eta Pedrotxo ibilgailutik jaitsi eta bi gizonengana hurbildu ziren. Delako Salvatoreri mintzatu zitzaion Pete Domezain:
— Questi sono i tuoi nuovi amici. Sei pronto?
— Certo! Sono pronto —Salvatorek eskua luzatu zien; aurrena Martini, ondotik lehengusuari.
— Buongiorno! —esan zion Pedrotxok.
— Hara poliglota! —harrituta geratu zen Martin.
— Oihanaren mintzoa... —txantxa egin zuen Pedrotxok.
— Eta Luis? —galdetu zien Domezainek.
— Autoan, etzanda. Nagiak, badakizu, beti amoroski etzanda.
— Altxarazi, agudo! Ez dago denbora galtzerik. Salvatorek aukeratuko ditu hartu behar dituzuen ibilgailuak. Ni orain Alvarez sarjentuarekin elkartuko naiz, zuengandik aparte mantenduko dut azkonar hori. Azkar egin behar duzue joan-etorria, ilundu baino hiru bat ordu lehenago hasiko gara zabalgunean filmaketa prestatzen, baina aurretik hemen aparkalekuan nahi zaituztet, Gendulain kapitainarekin eta Goñi lotinant-koronelarekin elkartzen naizenerako.
Domezain aparkalekuaren erdigunera abiatu eta lau gizonengandik aldendu zen. Pedrotxo eta Salvatore aurretik zihoazen oinez, ibilgailuen tokira heldu baino lehen italiarrak txaleko bat hartu zuen karpa batetik.
— Questa il tuo novo uniforme.
— Grazie mille! —Pedrotxok segituan jantzi zuen.
Tankeak aparkatuta zeuden eremura ailegatzean, Martin eta Luis batu zitzaizkien haien jeepean. Pedrotxo eta Salvatore ibilgailura igo ziren. Lau gizonek isilean egin zuten tankeen artekoa. Horiek igaro eta italiarrak gelditzeko agindu zion gidari ari zen Martini, besoak astindu eta inguruko ibilgailuak seinalatzeari ekin zion.
— Quella è la tua macchina —jeep handi bat zen Salvatorek Pedrotxori erakutsi ziona, tamainaz errodajean erre behar zutena baino zertxobait handiagoa.
Luisi jeep txiki bat egokitu zitzaion. Italiarrak kamioitzarra hartu zuen.
Martinek zabaldu zuen segizioa. Jarraian, hurrenez hurren: Pedrotxo, Salvatore eta Luis, azkena beti Luis. Alde ederra goiz partean egin zuten bidaiarekin, ez alferrik Domezainek eta Salvatorek ibilgailu berrienak aukeratu baitzituzten. Bikuña parean utzi zuten errepide nagusia. Ursus traktore bat ari zen lanean Okariz pasatu eta ondoko sailean. Segizioari begira geratu zen une batez traktorekoa.
Ez zuten trafiko handirik aurkitu portua igotzean. Goiko larraitzera iritsi eta ezkerreko bidea hartu zuten. Ordu bata jo hurren Nafarroako langa igaro eta azkar batean bistaratu zuten Arrizuriko txabolen eremua. Txerri pintadunak eta behorren bat izan zituzten ordura arteko lekuko bakarrak.
Martinek bazter batean utzi zuen jeepa eta gainerakoen zain geratu zen. Salvatoreri kamioia pistan bertan uzteko eskatu zion. Luisek Pedrotxoren arrastoa segitu zuen. Txabolaren ondoko kortan sartu zituzten bi jeepak. Eremuak bazuen estalpe moduko bat, baina agerian zen puskarik handiena.
— Non daukak lona hura? —galdetu zion Martinek lehengusuari.
— Barnean zagok.
— Atera!
— Hago pixka batean, aurretik ikurrena egin behar dugu-eta.
— Egia! —Martin ahaztuta zegoen erre beharreko ibilgailuen apaingarriak hartzeaz.
— Kamioiaren ikurrak ere bai? —Pedrotxo Salvatorerengana joan zen.
— Bai, noski.
— L’attrezzo! —kamioiaren aurrealdekoak seinalatu zizkion italiarrari.
— Subito!
Salvatorek giltza zabalgarri bat atera zuen txalekotik. Lau gizonak apaingarriak kentzearen lanari lotu zitzaizkion. Ibilgailuen aurrealdeko metalezko banderak hobetsi zituzten.
— Ahal dela eranskailuren bat ere hartu —Martinek gogoratu zuen lekeda pote bat bazuela jeepean.
Lanak amaiturik, atzealdean sartu zituzten apaingarriak. Lonaz bi jeepak estali eta enbor batzuk paratu zituzten gainean.
— Har ezak hik orain kamioia —agindu zion Pedrotxori.
— Motel, ezpainak bustiko ditiagu sikiera —Pedrotxok zahatoa zuen eskuan—. Non è un chianti ma va bene —italiarrari pasatu zion.
— Non ikasi duk hik hitz-jario hori?
— Oihana duk poligloten paradisua...
— Zer oihan eta zer otxokuarto, gauza bera esan didak lehen.
— Iruñeko Apaiztegia oihanaren gisakoa zuan garai batean.
Gaztetan lehengusuak apaizgai igarotako hiru urteez gogoratu zen Martin. Ordutik geratu zitzaion Pedrotxori liburuekiko grina. Handik ihes egitea lortu zuen behintzat azkenean, eta egia esatera, hari esker libratu zen Martin bera ere Beloso aldeko mintegi erraldoian sartzetik.
Zahatoa eskurik esku ibili zen. Luisek ere txinpartak atera zizkion. Bidaia jarraitzeari ekin zioten. Martin eta Luis aurretik zihoazen Armadako jeepean; atzean Salvatore eta Pedrotxo, azken hau kamioiaren gidari.
— La pendenza è grande —Pedrotxok bidea erakutsi zion.
— Capisco!
Remigioren estalpea basoaren mugan zen, pistatik hurbil baina aldi berean aski ongi ezkutaturik. Pedrotxo kamioiarekin iritsi zenerako zabalik zuten atetzarra. Martinek barnetik egin zizkion seinaleak maniobra egin zezan. Ozta-ozta sartu zen kamioia. Trukea eginda zegoen. Operazioa bukatuta.
Atea itxi eta jeepera igo ziren laurak.
— Nondik barna itzuliko gara? Limitacionestik edo bestela, nahiago baduk, Bioitzara ateratzeko moduan?
— Ez zakiat —zalantza egin zuen Martinek.
Limitacioneskoa zen biderik azkarrena, baina aldi berean agerikoena. Errepide nagusia hartuz gero denen bistan egonen lirateke. Eta litekeena zen Albertoren tabernan guardia zibilak pausan egotea.
— Tira, goazen Bioitzatik.