24
Anitz jende biltzen zen larunbat arratsaldeetan Tres Reyes hoteleko kafetegira. Sartu eta batera, Martini atentzioa eman zion mahai luze batean zegoen gorbatadun taldeak, algara batean ari zirelako. Unibertsitatekoak begitandu zitzaizkion, Medikuntzakoak edo. Ez zekien non eman arratsaldea, garagardo bat eskatuko zuen. Iluntzean Maisonnavera hurbilduko zen, Pete Domezainek izanen zuen zer kontatua Ultzamako filmazioaz, baina bitartean zer egin ez zekiela zebilen. Atseden pixka bat ez zitzaion gaizki etorriko.
— Garagardo bat, mesedez.
Luisekin gogoratu zen; hura arras deskantsaturik egonen zen gau parterako, eta seguru ez zuela ezer aitzinatu Bigarren Mundu Gerraz Don Lucianok agindu zien lanarekin. Biek zuten ahaztuxea unibertsitateko martxa Patton aferarekin zebiltzanetik. Ez zen estutzekoa ere, laster akituko zituzten filmazioarekikoak eta ikasketei berriz ekiteko tenorea helduko zitzaien. Sanferminen aurretik lizentziatuko zituzten, alferez graduarekin.
Unibertsitateko ikaskideen artean baziren kazetari plantak egiten hasitakoak, Radio Popular eta Radio Requetι irratietan kolaborazioak egiten zituztenak. Luisi ere eskainia zion aitaren lagun karlista batek El Pensamiento Navarron idaztea; Martini ere proposatu zion elkarrekin zerbait egitea, baina honek ez zuen bere burua inongo erredakziotan ikusten. Funtsean, ez zekien zer dela-eta hautatu zuen kazetaritza. Bazen Lizarrako ezagun bat, Samuel Pardo, bera baino zaharragoa, aurretik saiatua horretan. Bai Iruρean bai Lizarran noiznahi ikusten zuen delako Samuel hori parrandan. Itxuraz ez zuen kolpe zorririk jotzen, baina tarteka han edo hemen argitaratzen zuen Estellerriko kronikaren bat. Hartaz oharturik, ez zuela zaila izan behar pentsatu zuen bere artean. Etxean ez zioten inolako eragozpenik jarri, eta garrantzitsuena, lotuagoak ematen zuten gainerako ikasketek. Ibaiak berak eraman zuen murgildu orduko.
Giselerengana joan zitzaion akordua. Bete ote zuen bezperako mandatua? Ezer esan ote zion Joanari? Ikusi ote zuen honek Fonseca?
Garagardoaren aparra apaldu zenean, periodikoa hartu zuen barra bazterretik. Maρana en Montejurra todos juntos en uniσn leloa zekarren azalak. “Ez ditek gaizki aukeratu eguna” pentsatu zuen. Edaria ahitzerako erabaki zuen Casa Marinatik pasatzea. Bisita eginen zion Giseleri.
San Lorenzo kalean gazte multzo batek paperak banatzen ziharduen, biharamuneko ospakizunari buruzkoak. Jurramendiren magalean elkartu ohi ziren karlistak lehendabiziko igandean. Ez zen makala izanen Estellerrirako trafikoa maiatzaren 4 hartan, foruzainek zein guardia zibilek lan franko izanen zuten txapelgorrien jarioa bideratzen. Bai, ongi aukeratu zuten eguna Gendulain kapitainak eta Goρi lotinant-koronelak.
Jarauta aldera jarraitu zuen eta hortik Oinutsik kalera, Casa Marinara.
— Goiztiar habil. Kokoen tenorea duk hau —zirtoa egin zion andereak.
— Gisele?
— Okupaturik zagok. Nagusia heldu zaiguk. Hoa gora nahi baduk.
Bilogorriaren lurrina nabaritu zuen ganbarako gelan. Ohean etzan zen, atseden hartzeko betarik izanen zuela iruditu zitzaion Martini. Casa Marina esaten bazioten ere, ez zen anderea etxeko jabea, guardia zibila izandako merkatari bat baizik, mugaldean aritua zena. Hilean behin etortzen zen Iruρeko negozioaren martxa aztertzera eta bestelako traturen bat lotzera.
Ezaguna zuen lozorrotik esnatu zuen eskuaren leuna.
— Segi pausan —aldamenean etzan zitzaion Gisele.
— Elkartu al haiz Joanarekin?
— Eguerdian.
— Aipatu al dion Fonsecari esan beharrekoa?
— Bai.
— Eta ikusiko al du?
— Ez zakiat. Eltzetzu hori ez duk habia bakarrekoa.
Martin leiho ondora altxatu zen, gibeletik besarkatu zuen Giselek. Pareko etxean arropa esekiak biltzen ari zen emakume bat.
— Gendulain kapitainarengatik galdetu zidak nagusiak.
— Zer interes du horrek militarren artean?
— Marinak esan ziok Gendulainen kuadrillakoen bisitak maizko bihurtu direla azkenaldian.
— Eta?
— Niregana jo dik gero argibide eske. Dakidana kontatu zioat, gaur direla Argaraiko txaletean elkartzekoak...
— Garaziko bankaria ere aipatu al dion?
— Hori ere interesatu zaiok.
— Eta berak ezer kontatu al din?
— Aztoratuta omen zabiltzak mugaldean. Gure nagusiak ez dik sekula lotura eten aduanazainekin. Tira, txapelokerren batzuek oraindik berari bakarrik egiten ziotek kasu, Fonsecak konparaziora.
— Alde egin al du zuen nagusiak?
— Ez diat uste. Begiratzea diat.
— Oraindik hemen bada, emaion herorrek Fonsecari pasatu beharreko informazioa. Hitzez hitz: “Mendiz igaroko dute muga jeep batean”.
— Baina, nola dakidan galdetzen badit?
— Esaion Gendulaini entzun hiola Goρiri halako zerbait esaten: “Muga mendiz igarotzeko horniturik daukagu jeepa”. Iradoki iezaion ez huela esaldia ulertu, baina orain gogoratu zainala. Bizkor, hoa.
Martin ohean etzan zen berriro, armiarma baten ibiliari begira. Arriskutsua zen mugaldean eltzetzu oro militarren arrastoan jartzea, baina, bestalde, kilikagarria zitzaion bi talde armatuen arteko etsaigoan sakontzen laguntzea. Patuaren kiribilak: hainbatetan bera eta Pedrotxo xaxatu zituen Fonsecaren laguntzaile ari zen.
Ordu erdi baten buruan itzuli zen Gisele ganbarara. Dirdai zegiten haren belarritako txikiek, iaz Martinek urtebetetzean oparitan ekarriak.
— Harrapatu al dun?
— Bai. Interesatu zaiok. Eskerrak eman zizkidak.
— Egin al din beste galderarik?
— Ea toki izenen bat aditu ote nuen. Ezetz esan zioat.
— Ongi egina. Alde egin beharra dinat orain.
— Noiz arte? —alkandoraren lepoak tenkatu zizkion Giselek.
— Ez zakinat.
Berriz elkar ikusi behar ez balute bezala besarkatu ziren.