Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

32

 

Gauza gutxi izanen dira kafe urrinak esnatzea baino ederragorik, baina Martinek ez zekien esnatu ote zen urrinarengatik edo asteko loaldi luzeena eginagatik gorputza ohitu gabe zuelako. Maiatzaren 5eko goizeko zortziak ziren, astelehenarekin.

      — Kalera al zoaz?

      — Estherri lagundu behar zioat. Ea nagusiak nola utzi duen txaleta, arroparik ba den garbitzeko, eta halako kontuak... Etorriko al haiz bazkaltzera?

      — Baliteke. Gaur ez da filmaziorik.

      — Gero arte orduan. Prestatuko diat espero ez duan zerbait.

      Martinek piper-opil bat busti zuen kafetan. Bizkorturik sentitzen zen, astebete zeraman zazpi orduko loa gozatu gabe. Zoko batean zeuden botei distira ateratzeari ekin zion gero. Zartaturik zeukan lokarri bat, eteteko zorian.

      Komandantziarako bidean anbulantzia bat ikusi zuen eraikinaren ondoko eremutik irteten. Gainerakoan, ohiko mugimendua zebilen sarrera aldean. Atariko guardiakoei aginduzko agurra egin eta bulegora joan zen zuzenean. Baina han, ezustekoa.

      —Zer egiten duk hik hemen horren goiz? —Martinek ezin zuen sinetsi Luisek aurrea hartzen ahal ziola—. Arazoak ala?

      — Itxi atea eta eseri hor.

      — Ezer onik ez...

      — Atzo izebarenera iritsi eta, hik agindu moduan, leihotik txaleta zelatatzen jarri ninduan. Argi guztiak piztuta zeudean.

      — Bai, Zabaletaren kotxea ikusi genian.

      — Tarteka oihuren bat aditzen zuan, baina ez nian deus ere entelegatzen. Horretan nengoela, izeba zetorrela ikusi, leihoa itxi eta eskailerak jaitsi nitian. Izeba Paula bere gelan sartu zuan.

      — Labur eta aratz, mesedez —Martin gaixotu egiten zuten Luisen detaile ezdeusek.

      — Hago, hau da-eta garrantzitsuena. Etxeko txirrina jo zitean. Izeba arropaz aldatzen ari zenez, nik zabaldu nian atea.

      — Eta?

      — Esther zuan. Bestelakotuta zegoan. Izeba Paulaz galdegin zidaan. Itxaroteko esan eta egongela txikira lagundu nioan. Almandoztik heldu berria ote zen galdetu nioan, eta berak baietz. Baina gaur edo atzo? Eta berak: arratsean. Monosilaboekin ari zuan, garbi zegoan arranguraren bat zuela barnean...

      — Esan ezak behingoz esatekoa, Luis!

      — Izeba Paulari galdetu zioan ea larunbatean txaletean ezer arrarorik sumatu zuen. Izebak ezetz. Almandoztik heldu eta nagusia bere onetik aterata kausitu omen zian, txaletean lapurrak ibili zirela errepikatzen omen zian Zabaletak behin eta berriz. Izeba Paulak zerbait faltan ote zuten galdetu zioan, baina Estherrek ez zian erantzuten jakin.

      — Ez al zekien ba?

      — Auskalo. Agian bazekian, baina ezin ezer esan.

      — Eta hori al da dena?

      — Bai.

      — Hor bukatu zen bisita?

      — Ez. Estherrek alde egin aurretik, aipatu nioan larunbat iluntzean tiroak izan zirela, esnatu egin nindutela desarrek, El Pensamientok atzo bazekarrela albiste txiki bat...

      — Bizkor ibili hintzen. Bikain, Luis.

      Baina orduan Martini ere bizkortu egin zitzaizkion kezkak. Arrastoren bat topatu ote zuten sinfonierrean? Ohartu ote ziren koadroak ere desagertu zirela sototik? Nola jakin?

      — Joan hadi Gendulain kapitainaren bulegora, ea zer giro duten.

      — Akort.

      Luisek alde egin eta hausnarrean segitu zuen Martinek. Bazekien nora deitu behar zuen gertatutakoaren berri izateko. Zabaletaren etxeko zenbakia bilatu zuen telefono-gidan.

      — Bai esan? —Estherrek hartu zuen.

      — Egun on. Martin naiz, Ireneren iloba. Izeba hor al da?

      — Bai, segituan jarriko da.

      Martinek bazekien zer nahi zuen Irenerengandik, baina ez zekien nola esan.

      — Zer gertatzen da, Martin?

      — Ezer ez. Komandantziatik deitzen dizut.

      — Zerbait bai, hona hots egiteko.

      — Fabore bat eskatu behar dizut. Eta ez dut inor enteratzerik nahi. Estherrek ere ez du ezer sumatu behar. Izan ere, Estherrek zerbait kontatuko zizun atzo hor gertatutakoaz...

      — Nola ez ba!

      — Zeren falta nabaritu duten enteratu behar duzu. Eta ezer arrarorik sumatu ote duten ere bai.

      — Ongi da.

      — Eta azkenik, disimuluan sukalde ondoko biltegira joan eta ikus ezazu ea zoruan dagoen tapiza bertan ote dagoen.

      — Saiatuko nauk.

      — Mila esker.

      — Orduan bazkaltzera etorriko haiz, ezta?

      — Bai. Gero arte.

      Arriskutsua zen egindakoa. Bazekien Irenek ez zuela irrist eginen, ez zuela soberazko hitzik esanen, ez zela behar ez zuena galdetzen hasiko, eta era berean bazekien ez ziola eskatutakoarengatik kargurik hartuko. Baina arriskutsua izan zitekeen.

      Bien bitartean, Gendulain kapitainaren bulego inguruan zer giro zegoen aztertzetik itzuli zen Luis, albiste bereziekin.

      — Gendulainen arrastorik ez —esan zuen—. Baina Goρi lotinant-koronela ikusi diat. Gendulainen bulegotik atera duk ni heltzen ari nintzela. A ze matxura duen! Burua bendaz estalita zaramak. Istripua izan zitean mendialdean!

      Beraz atzokoa handia izan zela pentsatu zuen Martinek. Zabaletaren haserrea, Goρiren kasko hautsia eta... Gendulain falta Komandantzian. Puzzlea osatu behar zuen. Ez baitzuen ahaztuta Fonseca guardia zibilak Lizarran esandakoa: muga ez omen zen militarrentzako eremua. Garbi zegoen Fonsecak bazuela mugaldean gertatutakoaren berri. Arrainak ongi heldu zion amuari. Ez alferrik erabili zuen Gisele Joana ohartarazteko. Eta La Campanatik Martinek berak egindako telefonoa deia.

      — Gendulain ospitalean zagok! —argitu zion Luisek—. Bere bulegoko idazkariak kontatu zidak: laino itxia zegoan, bidetik atera zituan eta enbor baten kontra jo zitean. Istripuan Gendulainek izan dik parte txarrena. Oraintxe iritsi duk garabi bat patiora, haien jeepa mailaturik dakarrela.

      — Badaezpada Goρi zelatatu behar duk, hori ez da-eta geldirik egonen. Gera hadi bulego ondoko korridorean. Norbaitek ezer galdetzen badik, esaiok aste honetako aginduen esperoan hagoela. Eta batez ere Gendulainen osasun egoerari buruzko kezka adierazi beti. Inork ez dik susmorik hartuko, azken batean kapitaina duk gure agintari zuzena.

      — Konforme. Baina iluntzean berriz elkartuko al gara?

      — Maisonnaven edo Campanan, zortziak aldera.