Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

NAHIZ ETA...

 

Maite izan ditudan gizonei dagokienez, laburrean, hauxe: bati eman nion hogei urterekin ematen dena, beti hitzaren inozentzia; senarrari, nire urte ederrenetan neure definizioa izateko borondatea, eta geure semea; beste hari, sekretupean, ordu ahaztezin batzuk; M.ri, aire zabala, eta orrialde hauetan guztietan barnebiltzen dena eta ez dena.

        Ez neurri berean, baina beraiek ere eman didate berenetik: aldi aberatsak bizi izan ditut denekin. Eskertsua izan beharra dago. Eta dotorea. Bukaera nolakoa, aurreko guztia edertzen duelako; eta bestela, izandako eder guztiak itzaltzen, Karmele Igartua parafraseatuz.

        Zenbat bider zirimizkatu ditut hortz artean eta mukia zeridala esaldi hauek: «Nahiz eta gizakien eta aingeruen hizkuntzan mintzatu, maitasunik ez badut, brontze soinulari eta ezkila tintinlari besterik ez naiz. Nahiz eta profezia-dohaina izan, nahiz eta misterio guztiak eta munduko jakintza guztiak ezagutu eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik ez badut, ez naiz ezer»? (Korintoarrentzako gutuna nahitaez zaio ezaguna sakristauaren bilobari). Ez ditut berriz esaldi horiek ahoskatuko.

        Neure buruari galdetu izan diot ea zer falta nuen «nire» gizonek ni osoro ez maitatzeko, ezen bat bera ere ez da kapaz izan nire bularraren tamaina neurtzeko (eskuekin izan ezik). Sobera izan dut, ez falta, bihotza, hirurehun gramo haragi xehatu, porexpanezko erretiluan, betiro merkezurrean.

        Baina ez. Ohartu berri naiz oker egiten nuela itauna. Orain badakit ezein amodiok ez nauela sekula asebeteko: bada bakardade mota bat ezerk uxatzen ez duena.

        Egon daitezela harro gizonok: beraiei zor diet, partez, poeta izatea.

        Baina zer diot? Betidanik izan naiz eta. Konpultsioz idatzi dut arkatza erabiltzen ikasi nuenetik.