Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

NATURA HILA

 

Simone eta biok gustura ibiltzen gara elkarrekin. Atzo erakusketa bat ikusi genuen Baionan. Lan klasikoak eta garaikideak, nahastean, guztiak natura hilak.

        Natura hil bat konposatu behar banu, zein izango litzateke elementu zentrala? (edo nor?).

        Margolanetan agertzen den guztia hilda dago, edo galdu egingo da. Alferrik galduko da? Hildakotik ez da bizia sortzen. Edo bai, batzuetan. Inoiz jaiotzen da zerbait, hazi ustelduetatik eta.

        Halaxe, amodio hil batetik zer sortzen den, esku artean duzu emaitza. Gauza batzuk ez dira galtzen alferrik, ez alferrik galtzen.

        Eta pintura batetik poema bat sortu da. Horra sorkuntza sorrarazten duen sorkuntzaren katea.

 

 

Argia ez dator iturri jakin batetik, ertz batetik, goialdetik.

        Argia koadroko irudietan sortzen da.

        Parpaila xingledun zapi batek aldare-itxura ematen dio mahaiari.

        Rimbaudek esan zuen: «Bada Jainko bat barreka aldareetako zapi damaskatuetan, urrezko kalizarretan, intsentsuan, hosannen kulunkan lokartzen dena...».

        Kristalezko loreontzi batetik larrosak amiltzen dira ostraz beteriko azpil batera.

        Petaloak nahasi egiten dira maskor latz grisekin eta mami hori umelekin.

        Txolarre-bikote bat txortan pinporta morez gainezka den adar batean.

        Habia bat arrautza eta guzti, saski bat ziza eta guzti, sare bat izokin eta guzti.

        Itsas kurkuilu bat, tarta baten apaingarri.

        Angurri bat, mahatsa, mingranak, madariak, gereziak ispiluan, ispiluaren islan.

        Guritasuna. Leuntasuna. Zaporea.

        Barraskiloa narras laute baten zur arrosaxkan.

        Beldarra tulipa baten korola mamurtzen eta inurria ogi-birrina garraiatzen.

        Hatz-markak aizto baten ahoan.

        Tximeleta pausaturik kopa baten hegian.

        Kopa bat, iraulita, ardo isurika. Ardoak zapia tindatu du.

        Kandela itzali berri bat, kea askatuz.

        Zimeltasuna. Hauskortasuna. Iheskortasuna.

        Pinturaren argilunetan, ongizate-giroa hautematen du nire begiak.

        Plazeren katalogo bat dirudi.

        Janarekiko kezka adierazten du.

        Bizi-tankera bat islatzen du.

        Izadiaren joritasuna erakusten du.

        Gizakiak izadiaren gain duen boterea azaltzen du.

        Bada, halaber, poltsiko-erloju bat, saten urdinezko xingola batekin.

        Tik-tak. Memento mori. Gogoan izan hilkorra zarela.

        Artistak giza izatasunaz duen ardura ere agertzen du.

        Multzoak —etxetresnen sendotasunak, izakien dotoreziak, fruituen azalak, usaimenak ia sumatzen duen lurrinen bafadak— aztoratu egiten du nire begia.

        Errealitatearen kopiaren perfekzio hori da txanponaren aurkia.

        Multzoak —tretxuaren geldiak, animalia hilek eta zomorroen afanak, usteltzear den frutak, usaimenak ia sumatzen duen lurrinen bafadak— jabaldu egiten du nire begia.

        Azpitestu artegagarri hori da txanponaren ifrentzua.

        Txin-txin. Juste milieu. Bi aurpegiko lan baten batez besteko neurritsua.

        Lanaren sinbolismoa moralizatzailea da.

        Bizitzari buruzko ikuspegi bikoitza iradokitzen du.

        Atsegina eta galerak. Oparotasuna eta gabeziak.

        Argiak eta itzalak elkarri eragiten diote.

        Liburu bat, zientzia. Partitura bat, artea. Igeltsuzko apaingarri bat, herren, aisia.

        Natura lasaia da. Baretasun hori faltsua du baina.

        Bodegoi nekropoli bat da.

        Amen. Vanitas vanitatum omnia vanitas. Banitateen banitatea, dena da banitatea.

        Ez garezurrik, ez burbuilarik, ez paper nahasirik egon ez arren.

        Bizitzaren handiera eta heriotzaren ziurtasuna gomutarazten ditu.

        Bada zer bat, zertarako bat, eta batez ere, nola bat. Bada prozesu bat.

        Prozesuak lotu ditu botanika, zoologia, arkitektura, musika, erlijioa.

        Amaituta al dago pintura? Kolorea, testura, harmonia, konposizioa, perspektiba.

        Osatuta al dago begia? Betazala, betilea, esklerotika, irisa, ninia.

        Zehaztu al da ideia? Alegoria, arrazoia, ametsa, emozioa, gogoeta.

        Balantza. Gravitas. Obra bat artelantzat hartzeko behar adinako pisua.

        Neure lepoko zapia haztatu dut. Txorien eta loreen marrazkiak ditu, koadroko tonu berberak.

        Neure zapatei begiratu diet. Hebilla zilarkara bat dute, koadroko distiradura bera.

        Berokian sartu ditut eskuak. Poltsikoak ditu, nolabaiteko sakonera, koadroaren atzealdeak legez.

        Atzealdean baratze bat ageri da, arkupe sotila, lorategi idealizatu bat.

        Lenteak. Trompe l'oeil. Iruzurra begiarentzat.

        Zer dago pinturatik kanpo? Zer urtaro da?

        Girlandak malko zuridun heliotropoen antzeko. Laster Gabonak.

        Pauso bat luzatu, bestea gero, pauso bat luzatu, bestea gero.

        Letra bat jarri, beste bat gero, letra bat jarri, beste bat gero.

        Ibili-ibilian, hondartzara heltzen da bat: paisaiak aldatu egiten du nire begia.

        Itsas belarrak mordoka, itoriko triku erraldoien antzeko.

        «Heriotza, asko jota, fruitu eder bateko har xaloa da» esan zuen Yourcenarrek.

        Argia, pintzel bat. Itzala, haren paleta. Hitza, nire begi mugikorra.

        Itzalak munduko irudiak imantzen ditu.

        Itzalak ez du uzten xehetasun guztietara iristen.