Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

NIRE PERLAREN PREZIOA

 

Ezker begia kristalezkoa dut. Begi eriak begi osasuntsua kutsa ez zezan ipini zidaten, oftalmia sinpatikoa deritzona saihesteko. Jakinarazi zidatenean begia erauzi behar zidatela, izuak hartu ninduen: ez da ariketa samurra betidanik izandako atal bat baztertu eta zeure aurpegia irudikatzea bertan begi postizoa duzula, txilioka bezala.

        Ezin nituen burutik ezabatu txikitako irudi bi: bata, parkeko lorezainarena, eta bestea, aitaren parteko osaba batena, haien bien kristalezko begiak ituak lakoxeak zirelako, finkoak, higigaitzak, hilak. Alabaina, azaldu zidaten, begia zelan galdu den (istripuz ala gaixotasunez) eta erauzketan orbain garbia geratu den ala ez, bestelakoa izaten dela betondoaren itxura.

        Lorezainari perdigoiek atera zioten begia ehiza-kontu batean; nire osabari, petardo batek umetan, lagun baten amarrua tartean. «Begiratu hormako zulo horretan» esan zion, «ogerleko bat dago, baina ezin dut atera... Ea zeuk». Osabak begia arrimatu zuen hormara.

        Glaukomaren ondorioz galdu nuen nik. Puxtarri gorri okerra bilakatu zitzaidan begia. Deformazio hori aldean eman nuen nerabezaroa. Inoiz edo behin esamesak heltzen zitzaizkidan: «Hain neska polita... Errukia ematen du». Horratik, gauzak zer diren, ernegazio handiagoak eragin izan dizkit gerri-bueltak.

        Ikasketak amaitu eta ikastola batean lanean hasi bitartean kontserbatu nuen begi endekatua. Ikasle batzuek ipinitako izengaiztoaren berri izan nuenean, disgustua hartu nuen, baina zer itxaron ikasle gaiztoengandik.

        Kezka bat izan nuen lehenengotan, aintzat hartzekoa sentibera izanez gero: ea posible ote zen negar egitea benetako begirik izan ezean. Negartia naiz eta. Lantua beharrezkoa zait neure buruari erakusteko pertsona zintzoa naizela. Halaber, dagozkidan gertaerei transzendentzia emateko ere balio izaten dit. Neurkera fidagarria iruditzen zait.

        Lehenbiziko begi faltsua janztea kalera biluzik irtetearen parekoa iruditu zitzaidan. Lotsak, baina, ez zuen iraun.

        Aurreikuspenen eta emaitzaren arteko bataz bestekoa eginik, nago zortea izan dudala nire perlarekin, egungo protesiak, indibidualizatuak izanik, natural samar geratzen direlako, ez antzinakoak legez.

        Dena den, gizon batekin lehen aldietan oheratzen naizenean, kontuz ibiltzen naiz begia dela eta. Betazalen presioa ezin denez erabat kontrolatu (gura ez izan arren, ezker begia erdirekita geratzen zait, baita lo nagoela ere), larrua jotzeko orduan kontzientzia izaten dut alerta, begiak ganoraz ixteko. Ohituta ez dagoenari txundigarria gerta dakioke nire begi biek uneoro bikien moduan jokatzen ez dutela konprobatzea.