Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

AHO BIKO AIZTOAK

 

«Inoiz ez dizut ezer eskatuko, zaude lasai» esan nion hasieran.

        Historia baten lehen zedarria jar dezakeen esaldietako bat da, azkena gertaeren bilakaerak landatu ohi baitu. Neureganatu nahi izan ditudan gizonak ez ikaratzeko astinduriko bandera zuria, premisa estrategiko bat, hurrengo kapitulurik izango zen ala ez axola ez, eta itzulingururik gabeko eskaintza egiten nienekoa (koltxoi gainean elkarrekin buelta batzuk emateaz ari naiz). Baina, izatez eta egitez, norberaren debozioa errail artean sartzea nekosoa da; eta inorena gobernatzea, aldiz, ezinezkoa. Esan nahi dut iristen dela une bat non burujabetasuna eta berezko joerak ados jartzea borroka abailgarria bihurtzen den.

        Aho biko aiztoa da esaldi arranditsu hori, zintzoa izanda ere. Esan izan dut, harremanaren noranzkoa bideratuko zuelakoan, eta hutsaren truke saia nintekeela sinistuta. Melodramaren xarmak harrapatu, eta heroi izendatzen nuen neure burua Mon style de vivre film partikularrean. Protagonista erdipurdikoa izan naiz, baina, gidoia behar besteko duintasunez jokatzeko ezgauza (duintasunez edo koherentziaz, hitz bi horiek sinonimotzat har balitezke).

        Hitzak eskatu nizkion M.ri. Horrela egin nion traizioa neure buruari. Horregatik utzi nuen M. Horregatik utzi zidan joaten.

        «Sekula ez nizun maitasunik agindu» esan zidan amaieran.