Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

TXORIAK, HOTZA
ETA HEGAL HAUTSIAK

 

Hotz egin du egunotan. Teilatuaren karelean izotz-gingilak eratu dira, eta lurra zapaltzean antzigarra ozen kraskatzen da. Haize zakarrak alderoka narabil uneka. Otabarrak ere askatuko dituela ematen du.

        Buelta eman diot Port d'Albreteko itsas lakuari oinezkoentzako bidexkatik. Zati batean tamarizak daude. Sahatsarekin batera, tamariza dut zuhaitzik gogokoena, adaburu korkoxak euri-lanbro berde mehea dirudielako. Arbola biok ala biok ez gora ez behera izaten dituzte adarrak, gora-nahian makur eginda (gutako askoren antzera). Esku artean igurtzi ditut hostoak, nerbiazioak azalean markatuz, eta usaindu. Lagin bat sartu dut bizkar-zorroan neraman liburuan.

        Inoizko txori gehien ikusten ari naiz. Zail dute jana aurkitzea, eta horrexegatik hurbiltzen dira hainbeste bidera. Hotzak kikilduta, ez dute ikaratzeko indarrik ere. Zozo arra ikusi dut lehenengo. Aurrerago, birigarroa barraskilo bati mokoka, oskola zartatu nahirik barrukia jateko. Begira geratu zait, zirkinik egin gabe, tita nabardun bular zuria erakutsiz. Ez du ihes egin bere erronkari eutsi behar ziolako (nik neureari bezala). Ibaiadarrean kurlintak zeuden. Ez dabil arimarik.

        Pasa den udaberrian, txantxangorri gosetu bat Karraspiora jaitsi eta M.ren autoan sartzen zen, fidakor. M.k intxaur-birrinak ematen zizkion.

        — Zeure antza dauka —esan zidan telefonoz—. Adi-adi egoten zait, eta baketsua da.

        — Neure totema izango da, Bilbotik bidali dizudana, zeu zaintzeko.

        — Baliteke: zeure kolorea dauka, eta ipurdira begiratzen dit uretan sartzeko biluzten naizenean.

        Gero, hotsitz bat xuxurlatzen zidan... txit, txit, txit. Busti egiten nintzen entzute hutsarekin. Piztu, besterendu, birloratu.

        M.k eskilasoen lumak ekartzen zizkidan basotik. M.k zapelaitz bikotearen habia erakutsi zidan Endaiko labarrean. M.k irlako pinu batetik jausitako belakumea bueltatu zion amari. M.k aparailu batean nahastuta ia itoan zegoen kalatxori bat libratu zuen, pitaria hortzekin ebakita. M.ren besoak bi hego iruditzen zitzaizkidan altzoan hartzen ninduenean eta, orain, bakoitza geure zerupean gabiltzala, hotzak elbarritzen dizkit hegalak. M.k ez daki ezer Janisi buruz. Ni ez naiz M.ren eskuan apurrak jango dituen txoria.

 

 

Dunen goialdean kartel bat argitu da. Haraxe jo dut porlanezko aldapa batean gora. Gazte jendea zegoen barruan. Bertan afaldu dut, lehen aldiz hona etorri nintzenetik: muskuiluak landatar erara. Alde egiteko zutundu naizenean, nor edo nork agurtu nau bazter batetik. Hasieran ez dut ezagutu.

        — Zer moduz kalendulak? Bizi dira?

        Simonek boneta jantzi du eta elkarrekin atera gara. Ia ama-alabak ematen dugu.

        — Non sartu zara? Ez zaitut inoiz ikusten.

        Lagunak bagina bezala hitz egiten dit.

        — Liburu bat idazten ari naiz.

        — Hara! Zeri buruz?

        Izenburua esan diot. Damutu zait, esan eta batera, egoera esperpentikoa sortu baita.

        — Magiari buruzkoa da? Pitonisaren bolak ez dira kristalezko begiak?

        Purrustada mingatza atera zait. Ezin jakin serio zebilen.

        — Esan dezagun self-imitation bat dela.

        — A, bon!... Ez zaizu asko igartzen... Zeuk esan didazulako...

        Baina urduri jarri da, eta argazki-kameren lenteak eta Gabonetako bolak eta ur-burbuilak, batek daki zenbat asoziazio egin dituen tropelean. Ideia erabilgarriak. Hobe apuntatu banitu. Nire etxe parera heldu garenean, patxo bat eman dit ezpainetan. Gero, bere zigarretaren distira ikusi dut zuhaixken artetik urruntzen.

 

 

Bost dei nituen telefonoan: hiru aitaren etxetikoak, beste biak Bizkaiko prefijodun zenbaki batetik eginak. Beste dei bat. Osaba.

        — Baina non zabiltza?

        Errietaka hasi zait. Behar nautenean eskuar ez egoteagatik egin dit agiraka. Bere senetik irtenda dago. Ez du ulertzen zertan nagoen halako bolada luzean kanpoan, areago semea utzita. Eta eurak, neure zaharrak.

        — Aita jausi egin da kalean. Anbulantzian eraman dute.

        — Nor dago berarekin?

        — Nor? Inor ere ez. Neure burua gobernatzearekin nahikoa daukat nik.

        Arropa batzuk eta koadernoa sartu ditut poltsa batean, erremuskadaka, Galdakaorantz abiatzeko. Janis ere hartu dut, Simonek zainduko zukeen arren, eskatuz gero.

        Sukaldeko paper-erroilua ia amaitu egin dut bidean, malkoz eta mukiz bete ahala. Alboko jarlekuan nekarren. Praktikoa da zelulosa, inorena ez den esku leuna. Amorruaren erretena izan da negarra, eta neure buruarekiko penarena. Ez litzateke zaila istripu bat izatea, otu zait autopistan, logurak menderatu nauela itxuratzea. Baina ez, aita nire zain dago. Eta etzi semea besarkatuko dut. Hamabost urte baino ez ditu.

        Irratia entzuten etorri naiz. Albiste handia gaur, urriaren 20an: ETAk behin betiko utzi du borroka armatua.

        Goizaldeko ordu bietan iritsi naiz ospitalera. Besoa apurtu du aitak. Buruko traumatismoa da kezkabidea, hala ere. Odola atera omen zaio belarrietatik, eta alerta egon beharra dago barne-isuriren bat dagoen argitu arte. Zurrungaka ari da, kalmanteak hartuta. Gorroto ditut agurearen zurrungak (eta zer ez, batzuetan). Sentimendu hori itotzea dagokit orain.

        Heldu da Dena Egiten Dakiena, ez dakit nork esan zuen bezala. Hogeita lau ordutako erizain, idazkari, gidari eta sukaldaria. George Eliot etorri zait gogora aitari bekokian musua eman diodanean: «Emakume baten zoriona pastel baten modukoa izatea da, errezeta fijo baten arabera egina». Sekula ez naiz gari-metako txoria izan, baina zakutik ematen dit inor nire pentzudan hartu behar izateak, noiz eta neu ere hegala hautsita nagoenean, hezur guztiak osorik izan arren.