Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

PLUSAREN TENTAZIOA

 

Lagun batek deitu dit. Ez daki non nagoen; galdetu ere ez dit egin, eta nahiago. Norbait behar du bere drama aditzeko, eta entzule adeitsuaren ospea daukat.

        Azaldu dit goizean jausi egin dela, ez dakiela nola, bat-batean belauniko zegoela lurreko odola trapu batekin garbitzen.

        — Badakizu, dena txukun lagatzearren irten baino lehen —esan du ironiaz, eta irribarrea atera dit—. Baina hori ondoren izan da, konortera etorri naizenean, eta pentsatu dut: «Zer koño egiten ari naiz?». Zonbi baten moduan joan naiz gelara eta esan diot gizonari: «Eman xukadera bat, odoletan nago eta! Bizkor!». Asaldatuta esnatu da, aurpegira balde bete ur bota izan banio lez.

        Trapua aipatu didanean, auzoko espaloian agertu zen andreaz gogoratu naiz. Bata arrosa zeukan soinean, eta glassex poteak putzu urdina eratua zuen haren buru lehertuaren ondoan.

        — Ez da bakarra —esan zuen kafetegiko bezero batek—. Trapua eskuan dutela botatzen dira, kristalak garbitzean jausi direla antzeratzeko. Familiak asegurua kobra dezan, bai.

        Bista beheratu nuen azalpen arrazional hark eragindako dartada disimulatzeko, eta kikararen ipurdian kafeak utzitako biribil zentrokideei behatu nien. Bide itxi baten itxura hartu nien, izen mitikoz beteriko labirinto batena. Adibidez, Sylvia, burua labean sartu zuena, seme-alaben gosaria prest utzi eta gero; Alfonsina, itsasoan barneratu zena irratira bere agurra bialduta; Virginia, berokiaren poltsikoak harriz beteta ibaian behera; Anne, garajean, autoaren karbono dioxidotan itota; Alejandraren seconal pilulak; Marina eta lepo-bueltako soka; Ingeborgen kandelak; Karin Boyer harkaitz baten gainean lo, xiringaren gozotan; Ana Cristina Cesar, eskopeta izan zen, ala saltoa gurasoen terrazatik?; Tove Ditlevsen, eta somniferoak berriz; Reetika Vazirani, hemorragia zain irekietatik; Florbela Spanca, Amelia Roselli, Danielle Collobert, Nilgun Marmara. Emakume horien heriotzek harribitxiek bezala egiten dute diz-diz: beren buruaz beste egin izanak gainezko eranskinez gabetzen ditu beren biografiak. Ondorioz, zertzelada orok hartzen du garrantzia.

        — Esan diot ekartzeko xukadera bat komunetik, zorabiatuta nengoela... Eskerrak alabak lo zeuden. Zazpiak eta hamar ziren oraindik.

        Lagunak hizketan jarraitu du. Zehatz irudikatu dut egoera: komuneko armairutxoan bikarbonatoa, ilerako gantxoak, ekzemaren aurkako pomada. Senarrak konketaren alboko xukadera hartu du. Ordurako, odolak orban nabarra utzi dio lagunari kamisoian, lehentxeago sukaldeko baietan utzi duen moduan (neuk gaur konpresan utzi dudan legez; baziren bost hilabete hilekorik gabe).

        Hitz egiten ari zen bitartean, zorakeriak pentsatzen aritu naiz, ea suizidioak balioko lukeen nire biografia edota obra goratzeko, batari nahiz besteari plus bat emateko. Zorakeriak ba. Miseria, erbestea, gosea, norberaren kumeak umezurztegian utzi beharra, kontzentrazio-esparrua, ospitale psikiatrikoak, minbizia, estatuaren izugarrikeriak... benetan hutsik eta biluzik geratzea zer den bere haragian probatu ez duen fanfarroiaren simulazioak. Haiei ez zitzaien ezer geratu bizitzen jarraitzeko. «Bitik bat», dio Joumana Haddadek, «edo zure heriotzari ihes egiten diozu, edo bezatu egiten duzu». Edo ez.

        Zein dira bizitzari eusteko jaseko irizpideak?

        Zer heriotza aukeratuko nuke nik? Tren bati itxarotea tunel batean, errailen artean kuzkurtuta, fetu baten gisa. Titiko haurra lez jokatzen baitut min hau, patari erpedun baten antzekoa, sorbaldetara aupatzen zaidanean.

        Igor Estankonak, Anemometroa liburuko poema batean, metafora argitsu bat eskaintzen du maitasun etsia deskribatzeko. Esaten du fulanita maitatzea azukrezko dorre batetik salto egitea bezalakoa dela. Azukrezko dorrea, maitasun dultze baina apurkorraren irudia, gailurra hartzen zaiona norberak garrez eraikitako aldamioaren bidez eta koldarkeriarekin bateraezinak diren arnesak erabiliz.

        Bata arrosadun andreak (akitutako ama txit maite eta gupidetsia izango zen apika) Zabalbide kaleko bederatzigarren solairu batetik utzi zion amiltzen bere buruari. Ziega bat, edo eskailera kiribil amaibako bat zeukan hark bere baitan, inola ere ez eztizko pinakulurik. Nondik ateratzen du leihoaren ertzera ateratzeko kuraia, bizitzeko bultzadarik ez duenak? Nortasunez ezegonkorra izango zen agian. Edo gaixotasun sendaezinen bat izango zuen. Edo adin arriskutsuaren labirintoetako batean katigatuta geratuko zen. Bizitzak zentzua galduko zion. Edo hari aurre egiteko behar besteko kalipua izatearen kontzientzia zen galduko zuena.

        Lagunak ez nau ikusten adigalduta, bere sinkopearena baino erakargarriagoa den istorio paralelo bat asmatzen.

        — Hamabi puntu, neska. Zabalik zegoen kaxoi bat jo dut, antza. Ospitalean esan didate tentsio-beherakada izan ote den, baina sinistu, tumoreen dokumental bat pasatu zait burutik. Pentsa, egiteke dauzkadan zereginak apuntatzen hasi naiz paper batean, notarioaren telefonoa bilatu dut agendan, alabentzako gutun baten zirriborroa ere egin dut...

        Zergatik emakumeon antolamendurako bokazio hori, eta norberetarrak babesteko sena beti ere beti?

        Neure oinei begiratu diet. Malkar horizontal batean irristatzen ari nintzela iruditu zait. Aldi berean, pentsatzen hasi naiz ea zer bururatuko litzaidakeen niri garbitzea: kristalak, lanparak, edo ganbara. Ordenagailuaren disko gogorra, hori bai hustu beharko nuke.

        Gezurra diot: sekula ez dut idatzitakorik botatzen. Gorde egiten dut dena, noiz edo noiz lerro noragabeek kokaguneren bat topatuko dutelakoan. Idazkera metamorfiko horrek jabaldu egiten nau, orri zuriak botatzen didan demari baietz esatera adoretzeraino.

        — Sartu zaitez ohean aldizkari batekin, hartu atseden, mimoak erreklamatu... —aholkatu diot lagunari.

        Badakit lelokeria bat esan diodala. Badakit tontakeria ugari pentsatzen ari naizela. Badakit ezdeuskerian nabilela kontakizun bat gauzatu nahi izateagatik oinarria neure gaitzak izanik.

        Agur esan diogu elkarri. Ingurura begiratu dut. Gero neure oinei behatu diet berriz. Izoztuta dauzkat. Lurra jo dut orpoekin, segurtatzearren, beste behin ere, dagokidan tokian nagoela.